Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XII)

Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XII)

2008-01-11 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Bikoizketako hizkerari buruzko orrietan sarri baino sarriago aztertzen ditugu bizidunen izenak. Izan ere, naturaren gaineko dokumentaletan hainbat eta hainbat espezie azaltzen dira, eta bakoitza hamaika bider aipatzen da, zuzenean eta zeharka. Horrek zehatzak izatera behartzen gaitu. Oraingo orri honetan gamelu, aligatore eta kaimanen izenez aritu gara. Lurraz kanpokoei zelan deitu ere aztertu dugu, oraingoz halakorik aurkitu ez den arren. Publizitateari ere egin diogu tarte bat, produktu batzuen izenek arazoak ematen dituzte eta.

ERDARETATIK EUSKARARA

ERDARETATIK EUSKARARA


Gameluak eta kaimanak

Naturaren gaineko dokumentaletan bizidunak modu bitan aipatzen dira. Batzuetan izen orokor bat erabiltzen da, talde bereko hainbat bizidun biltzen dituena. Beste batzuetan, izen zehatza erabiltzen da, dena delako bizidunari bakarrik dagokiona.

Camelus generoari dagokionez, izen orokor gisa «gamelu» erabiliko dugu euskaraz, eta generoaren espezie biak bereizi beharra dagoenean, honela jokatuko dugu.

lat.: Camelus dromedarius
ing.: dromedary
gazt.: dromedario
fr.: dromadaire
eusk.: dromedario

lat.: Camelus bactrianus
ing.: Bactrian camel
gazt.: camello bactriano
fr.: chameau de Bactriane
eusk.: gamelu baktriar

Dokumentaletan, honelako testuak ager daitezke.

  • Bi gamelu espezie daude, dromedarioa eta baktriarra. Dromedarioek pisu handia dute, ostikoka eta muturka hasten dira, eta hozka egiten dute beren hortz handiekin. Horregatik, zelatu egingo ditugu, gizakiarekin harremana izatera ohitzeko. (Krokodilo ehiztariaren egunerokoak II - 24)

Ugaztunetatik narrastietara aldatuta, Alligatoridae familian multzo bi bereizten dira: aligatoreak eta kaimanak. Aligatoreak Estatu Batuetan eta Txinan bizi dira. Kaimanak, Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan.

Bide batez, esan dezagun Australian ez dagoela ez berezko kaimanik, ez berezko aligatorerik. Steve Irwin krokodilo-ehiztariak bere Australia Zoo ezagunean dauzkanak berak eraman zituen Estatu Batuetatik. Beraz, aligatoreak eduki dauzka, eta hala esango dugu Irwinen dokumentaletan.

Aligatoreak:

lat.: Alligator mississippiensis
ing.: American alligator
gazt.: aligator americano
fr.: alligator du Mississippi
eusk.: Mississippiko aligatore

lat.: Alligator sinensis
ing.: Chinese alligator
gazt.: aligator chino
fr.: alligator de Chine
eusk.: aligatore txinatar

Kaimanak:

lat.: Paleosuchus palpebrosus
ing.: Cuvier's dwarf caiman
gazt.: caimán enano
fr.: caïman nain
eusk.: kaiman nano

lat.: Paleosuchus trigonatus
ing.: smooth-fronted caiman
gazt.: yacaré Coroa
fr.: caïman hérissé
eusk.: kaiman kopetadun

lat.: Caiman yacare
ing.: yacare caiman
gazt.: yacaré negro
fr.: jacara
eusk.: yacare

lat.: Caiman crocodilus
ing.: spectacled caiman
gazt.: caimán de anteojos
fr.: caïman à lunettes
eusk.: kaiman betaurrekodun

lat.: Caiman latirostris
ing.: broad-snouted caiman
gazt.: yacaré overo
fr.: caïman à museau large
eusk.: kaiman muturzabal

lat.: Melanosuchus niger
ing.: black caiman
gazt.: caimán moreno
fr.: caïman noir
eusk.: kaiman beltz

HIZKUNTZA GAIAK


Lurretik harago

Bikoizketan Lurretik haragoko gaiak azaltzen direnean, tonua ezberdina izaten da dokumentaletan eta fikzioan. Dokumentaletan, ikuspegi zientifikotik heltzen zaio gaiari, eta fikzioan, berriz, irudimenaren eta fantasiaren aldetik.

Hartara, dokumentaletan «extraterrestrial» / «extraterreste» azaltzen denean, euskaraz «Lurraz kanpo(ko)» edo «Lurretik kanpo(ko)» esapideetara joko dugu.

For the last thirty-five years, scientists have been scanning every star in the sky for signs of alien life. It's called SETI –the Search for Extraterrestrial Intelligence. And they're still doing it today.

Azken hogeita hamabost urteotan zientzialariek izarrak banan-banan aztertu izan dituzte, ea inon bizi-zantzurik ote dagoen. Gaur egun ere, horretan dihardute SETI izeneko egitamuan: Lurretik kanpo izaki adimendunak bilatzen. (Espazioa 02)

Batzuetan, beste aukera batzuk ere badaude: «Lurraz kanpoko zarata» = «zarata kosmiko»; «Lurraz kanpoko biologia» = «exobiologia»... Dena dela, kontzeptuok teknikoegiak dira, eta oso bakanka erabiltzen dira dokumentaletan.

Fikzioan, Lurretik kanpokoa izaki berde antenadunekin egoten da lotuta. Izakioi deitzeko, hitz bat baino gehiago erabiltzen da gure inguruko hizkuntzetan, eta euskaraz ere hitz bat baino gehiago erabil dezakegu:

ing.: alien, extraterrestrial
gazt.: alienígena, extraterreste
fr.: extraterrestre
eusk.: alien, alienigena, Lurraz kanpoko / Lurretik kanpoko

ing.: martian
gazt.: marciano, -a
fr.: martien, -enne
eusk.: martetar

Modak aldatu egiten dira, eta sasoi bateko «ilargitarrak», «artizartarrak» eta abar leku barik geratu dira egungo fikzioan.

Natsumi: Zer da hau?
Fuyuki: Alien bat; zer, ba!
Natsumi: Baina gure hizkuntza egiten du. (Keroro 01)

Momoka: ...!
Fuyuki: Ikusten dudanez, zuk ere Lurraz kanpoko lagun bat duzu. (Keroro 02)

HIZKERAK


Volkswagen Golf

Produktu batzuek euren izenean agertzen dute fabrikatzailea zein den. Horrelako izenek osagai bi izaten dituzte: fabrikatzailearen deitura eta produktuari dagokion hitz espezifiko bat, ordena horretan.

Iragarkien euskarazko bertsioan, izenok bere hartan errespetatuko ditugu: «Kaiku Active», «Vicks Vaporub», «Bacardi Breezer», «Ford Fiesta»...

Batzuetan beste osagairen bat eransten zaio izenari, eta katea korapilatu egiten da: «Nuevo Opel Astra GTC», «nuevas toallitas Dodot Sensitive»...

Euskaraz beste aukera batzuk pentsa daitezke («Astra GTC, Opel berria», «Sensitive, Dodoten zapi berriak»), baina baztertu egingo ditugu, eta «[ fabrikatzailea ] + [ produktua ]» multzoa bere horretan errespetatuko dugu.

  • Nuevas toallitas Dodot Sensitive; las toallitas que cuidan.
    • Dodot Sensitive zapi berriak, zaintzeko zapiak.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Txosten hau ETB eta MIXER-eko euskara arduradunek elkarlanean eginikoa da eta erabili.com-en argitaratu dute edonoren ekarpenak jasotzeko. Beraz, hementxe duzu aukera, irakurle, euskaldun guztion etxeetara iristen den Euskal Telebistaren hizkuntza irizpideetan zure aletxoa jartzeko. Zure ekarpena gaur-biharko euskaldun guztion mesederako izango da, zuretzat eta zure ingurukoentzat ere bai.

Orain arte argitaratuak

  1. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
  2. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
  3. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
  4. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
  5. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
  6. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
  7. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
  8. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
  9. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
  10. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
  11. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)


Inprimatu


Erantzun

 
Extralurtarrak?
2008-01-14 / 09:09 / Pruden Gartzia

>

ing.: alien, extraterrestrial
gazt.: alienígena, extraterreste
fr.: extraterrestre
eusk.: alien, alienigena, Lurraz kanpoko / Lurretik kanpoko

ing.: martian
gazt.: marciano, -a
fr.: martien, -enne
eusk.: martetar

Aizu, eta zergatik ez "extralurtarrak"? Zerbait dago "extra-"-ren kontra?

 
Pruden Gartziari
2008-01-15 / 07:04 / Asier Larrinaga

Hiztegi Batuak «estrapolatu» eta «estrapolazio» dakartza. Iduri du Euskaltzaindiak estra- hobesten duela, eta extra- (x-duna) baztertzen. Iduri du, gainera, Euskaltzaindiak ez diola bidea alderik alde ireki nahi estra- atzizkiari. Horren ustean, hobeto arituko ginateke «eskolaz kanpoko jarduerak» esango bagenu, «jarduera estraeskolarrak» esango bagenu baino.

Hortik aurrera, ez da, ba, «alien» oso hitz polita eta konnotazioz betea?

 
Aukera bat besterik ez
2008-01-15 / 09:12 / Pruden Gartzia

Ondo ulertu badizut:

  • a) Euskaltzaindiak ez du "extra/estra-" aurrizkiari buruz deus esan.
  • b) Baina zuk zeuk bai, zuk zeuk badiozu, zuk zeuk erabaki bat hartu duzu: "extra/estra-" kanpora.

Zinez, uste dut ulertzen dudala zure arazo profesionalak eta guztiz errespetatzen dudala zure aukerak. Uste dut ere horretaz froga bat baino gehiago eman dudala. Ez dudana ulertzen da zure aukera estilistikoak (kasu honetan ez du ematen besterik) Euskaltzaindiaren bidez zuritzeko ahalegina.

"Extra-" ez zaizula gustatzen? Bada, oso ondo. Baina arazo estetiko hutsetan autoritate-argudioa erabiltzea ez zait iruditzen egokia. Martxa horretan alabarentzat nobioa aukeratzeko eskubidea ere baduzula irudituko zaizu.

Bide batez: "x"-aren afera horrek eztabaida luze xamarrak eragin izan du euskal munduan, jakina denez. Jakina denez ere, arazo asko ditugu oraindik testu asko euskaraz idazteko, eta arazo asko izaten jarraituko dugu denbora luzez. Eta batzuen (zu barne?) euskara "plano" horren aukera, aukera bat besterik ez da.

 
Trapu gorrira
2008-01-15 / 10:11 / Asier Larrinaga

Pruden adiskidea ni zirikatu nahian bide dabil, eta ni, konturatuta egonda ere, hor noa, zezena trapu gorrira bezala.

Euskaltzaindiak bai esan du zerbait: extra- baztertzekoa dela, eta, mailegatzekotan, estra- forma mailegatu behar dugula (1984ko uztailaren 27ko erabakia).

Txikikeria hori gorabehera, uste dut garrantzitsuena beste hau dela: Euskaltzaindiak bide bat erakusten du Hiztegi Batuan, eta euskara-erabiltzaileok "irakur" dezakegu bide hori, onartutako eta baztertutako formez ohartuaz, hobespenak aintzat hartuaz...

 
Saia gaitezen naturaltasunez jokatzen
2008-01-15 / 13:21 / Pruden Gartzia

Asier, ez nuen erabaki hori ezagutzen, nire bi mezuak boteprontoan idatzi ditut, inon ezer kontsultatu gabe. Horren berri izan banu, ziur egon zaitez nire lehen mezuan hori aipatuz abiatuko nintzela.

Dena den, susmoa dut zeuk ere erantzuna boteprontoan idatzi zenuela, kontua sakon aztertu gabe... eta gero, hor etorri da Euskaltzaindiaren erabaki hori guztia "garbitzera".

Euskaltzaindiak, jakina, nire erabateko begirunea du eta, erraz ulertuko denez, niretzat ez da batere erosoa haren erabakien gainean baloraziotan hastea.

Baina, beharbada, hori ez da arazoaren bukaera, hasiera baizik, alegia, susmoa dut euskaltzale gehienontzat (guztiontzat?) ez dela erraza izaten Euskaltzaindiaren erabakiak baloratzea. Naturaltasuna falta zaigu kontu hauetaz lasai hitz egin ahal izateko, normaltasunez, inor minduta, desafiatuta edo lekuz kanpo geratzen ari dela sentitzeko beldurrik gabe. Beste hark esan zuen bezala, dantzan egin ahal izatea inor zapaltzeko (edo zapalduak izateko) beldurrik gabe.

Hainbeste eta hainbeste kosta izan zen batasunera heltzea, ezen orain badirudi beldur garela kristalezkoa iruditzen zaigun teilatu bati (gu guztion teilatuari!) harrika hasteko.

Eta ez. Euskararen gaineko eztabaiden muina ezin da izan Euskaltzaindiaren "jurisprudentzia"-ri interpretazio gutxi-asko distiratsuak-edo egitea. Ez da ona inorentzat, ezta Euskaltzaindiarentzat berarentzat ere, nire uste apalean.

Saia gaitezen naturaltasunez jokatzen, normaltasunez. Begirunea aurresuposatu behar zaigu, edo gaizki gabiltza. Eta neurriz joka dezagun, neurriz. Baina hitz egin dezagun.

Dena den, kontu honetaz uste dut neuk dagoeneko nahikoa eta sobera esan dudala, eta bertan utziko dut.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus