Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskal Herriko Kale Erabileraren V. Neurketa

Euskal Herriko Kale Erabileraren V. Neurketa

2007-12-13 / 07:00 / Olatz Altuna - Lionel Joly   HIZKUNTZA

Soziolinguistika Klusterrak Euskal Herriko Kale Erabileraren V. neurketaren emaitzak aurkeztu zituen 2007ko azaroaren 30ean. Artikulu honetan, alde batetik, 2006ko neurketaren aurkezpen laburra aurkituko du irakurleak, eta bestetik Euskal Herriko Kale Erabileraren V. Neurketaren emaitza nagusien zerrenda. Emaitza guztiak BAT soziolinguistika aldizkariaren 64. zenbakian argitaratu dira, aditu anitzen irakurketa eta interpretazioa lagun dutelarik. Soziolinguistika Klusterreko webgunean ere emaitza guztiak aurkitzen dira, euskararen datu basean.

Aurkezpen laburra

Aurkezpen laburra

"Zenbat erabiltzen da euskara kalean?" Galdera horixe da, bere horretan, hemen aurkezten den ikerketa motibatu duena. Galdera horri erantzun nahiak eraman gintuen kale-erabilera neurtzen hastera, eta halaber ekarri gaitu, neurraldiz neurraldi, honako honetara.

"Zenbat" da, hortaz, hartu den galdetzailea, eta ez "noiz" edo "nola". Izan ere, datu kuantitatiboak jasotzera jo baita ikerketan. Iritziak eta jarrerak alde batera utzita, zenbatekoan jarri da fokua.

"Zenbat erabiltzen da" diogu, nabarmentzeko ezagutzak ez, baizik erabilerak duela garrantzia esku arteko lan honetan. Ahozko erabileraz ari gara, edozein pertsonak edozein pertsonarekin komunikatzeko erabiltzen duenaz.

"Kalean" erantsi diogu galderari bukaeran. Izan zitekeen, noski, eremu mugatuago batean, esate baterako, eskolan, enpresan, etxean... Eta, izatez, gero eta gehiago dira eremu mugatuagoetan egiten ari diren ikerketak metodo hau abiapuntu hartuta. Baina honakoan kalea aukeratu da, bere zentzurik zabalenean: herriko plazan, edo umeen parkean, edo tabernen eta denden ingurunean...

Horiexek dira ikerketaren ezaugarri nagusiak. Horiek eta beste hau: Euskal Herri osoan egindako ikerketa da. Muga administratiboak gaindituta, Euskararen Erabileraren Kale-Neurketak Euskal Herri osora zabaldu ditu behatzaileak, eta Euskal Herri osoko argazkia jaso du objektibo angelu handi batez.

Esan gabe doa, hortaz, zein garrantzitsua den horrelako ikuspegiz egindako ikerlana. Gehiago behar genituzke horrelakoak euskararen egoeraz eta bilakaeraz ezagutza orokorra eduki nahi izatera.

Egoera eta bilakaera, ikuspegi estatikoa eta dinamikoa, biak ala biak dira jakingarriak. 2006an egin den ikerketak ezagutza gertukoa ematen digu, une honetan euskararen erabilera zertan den erakusten du. Baina aukera ematen du, halaber, aurreko edizioak aintzat hartuta bilakaeraz gogoeta egiteko.

2006ko hau Kale-Neurketaren bosgarren aldia da. 1989an ekin zitzaion molde honetako ikerketari. Aldi hartan Siadecok garatutako metodologiaz eta EKBren sostenguaz burutu zen neurketa. Hastapena zen, bide berritzailea, metodologia aitzindaria, beste inon egiten ez zena eta hemen nahiz atzerrian ikusmira handia piztu zuena. Gero, Soziolinguistika Institutuak hartu zuen lekukoa eta azken Neurketa hau Soziolinguistika Klusterraren ardurapean burutu da. Erabilitako metodologiaren baliozkotasuna berretsi egin da edizioz edizio. Urteotako ibilbideak balio izan du metodoa eta ikerketa bera sendotzeko.

2006ko edizioan ezin izan da aurrekoetan adina datu jaso. Ahalegin handia eskatzen du Euskal Herri osoko ehunka udalerritan behaketak egiteak. Ahalegin handia eta baliabide asko behar dira tamaina honetako azterlana taxuz burutzeko. Zailtasunak zailtasun, bosgarrenez ere onik atera da Kale Neurketa eta hasierako helburuak ondo bete dira. Hala ere, aurreko edizioen pareko datu-bilketa osatzeko ez da nahi beste baliabiderik lortu, behaketa kopurua murriztu egin behar izan da eta ondorioz eskualdeko datuak ezin izan ditugu eskuratu. Ez ahal du murrizteko premiak etorkizuneko bidea markatuko!

Ikerketa hau ez zen burutuko hainbat lagunen borondate eskuzabalarengatik ez balitz. Neurtzaileok eta herrialdeetako koordinatzaileok; Rosa Ramos, Xabier Isasi eta Martinez de Luna, batzorde zientifikoko kideok; Nestor Urrestaratzu, datu-basearen egilea; Yosu Yurramendi, estatistika aholkularia: zuei guztioi, mila esker.

Ondorio nagusiak

Ondorengo lerrootan Euskararen Erabileraren V. Kale Neurketaren emaitzak aurkeztuko ditugu.

  • Euskara gero eta gehiago erabiltzen da Euskal Herrian. 2006an Euskal Herriko elkarrizketen % 14,2 euskaraz izan dira.
  • Gehiago erabiltzen da, baina, oraindik ere minoritarioa da euskal gizartearen zonalde gehienetan. Ahaleginak egiten eta neurriak hartzen jarraitu behar dugu, beraz, Euskal Herrian euskara gaztelaniaren edo frantsesaren parera iritsi dadin.
  • Gainera, erabileraren hazkundea nahi eta espero baino motelagoa da, izan ere, hamazazpi urtetan 3,4 puntu igo da.
  • Oraindik ere, elebidun eta elebakarren proportzioak kontuan hartuta, espero dena baino gehiago hitz egiten da, baina, euskararen erabilera indarra galtzen ari da. Hau da, erabilera ez da ezagutzaren erritmo berean hazi, eta gainera, ezagutzaren hazkundearen erritmoa erabilerarena baino bizkorragoa da; beraz, bien arteko aldea, geroz eta handiagoa da.
  • Herrialdeen arabera ezberdintasun handiak daude:
    • Gipuzkoak euskararen erabileraren etengabeko hobekuntzarekin jarraitu du, eta erabilera % 33ra heldu da.
    • Araba, Bizkaia eta Nafarroan ere euskararen kale erabilerak goranzko joera adierazten du aztergai izan dugun 17 urteko tartean; nahiz eta, hiru herrialde horietan, erabileraren igoera trabatuagoa egon eta Gipuzkoakoa baino apalagoa izan.
    • Iparraldean euskararen erabileraren galerak ez du etenik.
  • Adinaren araberako datuei erreparatuz gero, hizkuntza normalizazio-prozesu batean egon daitekeen hurrenkerarik onena lortu da; beraz, zenbat eta gazteago izan orduan eta euskararen erabilera altuagoa dugu. (Hurrenkera: haur, gazte, heldu eta adineko).

    Aurreko neurketatik haurren artean handitu da gehien erabilera (% 20,8), helduek ere puntu batean hobetu dute (% 12,3), eta zaharrek etengabeko jaitsieran jarraitzen dute (% 10,6).

    Gazteen artean, berriz, ez da hobekuntza nabarmenik gertatu, aurreko neurketetako proportzio antzekoa jaso dugu (% 13,8).

  • Haurren presentziak nabarmen eragiten du euskararen erabileran, hau da, elkarrizketetan haurrak tarteko direnean euskara gehiago erabiltzen da haurrik ez dagoenean baino. Dena dela, hiriburuetan, eragin hori ahulagoa izan da 2006ean, 2001ean baino.
  • Sexuaren araberako emaitzei dagokionez, Hego Euskal Herriko hiriburuetan (gainontzeko eremuetarako ez dugu lagin nahikorik) emakumezkoek gizonezkoek baino erabilera-maila hobeak azaldu dituzte.
  • Oro har, zonalde linguistiko guztietan erabilerak gora egin du, batez ere zonalde euskaldunenean, hau da, ezagutza % 75-100 bitarteko zonaldean.
  • 10.000 eta 25.000 biztanle arteko herrietan egiten da euskara gehien (% 26,9) eta ondoren herri txikietan (5.000 biztanletik gorakoetan).
  • Euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera % 2,3koa da.
  • Laburbilduz, argazki estatikoari erreparatuta, euskararen egoera eskasa da, oraindik. Aldiz, dinamikoki begiratuta joera itxaropentsua ikusten da, egoera duin batera iristeko asko falta zaigun arren.


(OLATZ ALTUNA ZUMETA eta LIONEL JOLY Soziolinguistika Klusterraren kide eta Euskal Herriko Kale Erabileraren V. Neurketaren arduradunak dira)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus