Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Emozioak, albisteen osagarri

Emozioak, albisteen osagarri

2007-12-14 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal - EiTB   HIZKUNTZA

Albistegietan emozioetarako lekurik ez dagoela pentsatu arren, emozioak sarritan dira albisteen osagarri: mina, amorrua, dolua... Sentitzen duguna gorabehera, esaldian nola txertatzen ditugun izaten da arazobide behin baino gehiagotan.

Aditz gabeko esaldiak, esaterako, gogorrak egiten zaizkigu euskaraz, gaztelaniaz ez bezala:

  • Conmoción en Chile, por el suicidio de una niña de 7 años.
    • ? Samina / zirrara Txilen, 7 urteko neskato baten suizidioa dela eta.

    Pantailako idatzietatik kanpo, erosoago entzuten ditugu aditza sartuta:

    • Zazpi urteko neskato baten suizidioak txiletarrak astindu ditu.
    • Saminez hartu dute Txilen zazpi urteko neskato baten suizidioa.
    • Ezusteko latza izan da txiletarrentzat 7 urteko neskato baten suizidioa.
    • Zirrara eragin du Txilen zazpi urteko neskato baten suizidioak.

Emozioa aipatzeko, normalean aditzak erabiltzen ditugu (haserretu nau, goibeldurik dago...) eta batez ere aditzondoak (haserre naiz, goibel dago...). Izenetara jotzea ahozko hizkuntzan "arraroa" izanagatik (*haserrea eragin dit), albistegintzan bide horretatik jotzen dugu sarriegi. Izenaren protagonismoak arazoak dakarzkigu:

  • Asko mugatzen digu aditz aukera:

    kausak + emozioa + eragin / piztu / sortu / hedatu / zabaldu

    • Hegazkin istripu batek izua sortu du Estatu Batuetan.
    • Arrantza Ministerioaren erabakiak haserrea piztu du kofradietan.
  • Aditzok esaldiaren egitura behartzen digute, emozioaren hartzailea aipatu behar dugunean:

    kausak + emozioa + aditza + norengan? / noren artean? / nori?

    • New Yorken eroritako hegazkin batek izua sortu du amerikarrengan.

      (Baina hegazkinak sortu du izua, ala hegazkina erortzeak?
      Nork esaten du "beldurra sortu du nigan?")

    • Ministerioaren erabakiak haserrea piztu du arrantzaleen artean.???

      (Arrantzaleen artean?
      Arrantzaleak eurak egongo dira haserre, ezta?)

Dena dela, halako esaldiak erraz egokituko ditugu pertsonak barik lekuak edo elkarteak aipatuta, NON sartuta.

  • ? Alkatearen erabakiak haserrea zabaldu du herritar guztien artean.
    • Alkatearen erabakiak haserrea zabaldu du herrian / bazterretan.

    HOBETO

    • Herritarrak haserre daude alkatearen erabakiarekin.
    • Alkatearen erabakiak herritarrak haserretu ditu.
  • ? Imazen artikuluak ezinegona piztu du alderdikideen baitan.
    • Imazen artikuluak ezinegona piztu du bere alderdian.
    • Imazen artikuluak ezinegona eragin die alderdikideei.
    • EAJn ez dute ondo hartu Imazen artikulua.

Eta sarritan jotzen da egitura aldrebesetara eta klixeetara, gauzak normal esan beharrean.

  • Ziurgabetasuna(?) da nagusi Tuteran, ibaiak gora egin duenetik.
    • Tuteran kezkaturik daude, ibaiak gora egin duela ikusita.
  • Partida amaieran, urduritasuna zen nagusi zaleen artean.
    • Partida amaieran, zaleak urduri zeuden.
  • Irujo eta Titinen arteko lehiak ikusmina piztu du pilotazaleen artean.
    • Lehiak ikusmina piztu die pilotazaleei.
    • Pilotazaleak ikusminez daude, lehiak zer ekarriko.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus