Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Aizkolariak eta zizelkariak

Aizkolariak eta zizelkariak

2007-10-30 / 07:00 / Jean-Louis Davant   BESTELAKOAK

Jean-Louis Davant izan zen Andoni Sagarna Izagirre Euskaltzaindian sartzeko hitzaldiari erantzuna emateaz arduratu zen euskaltzaina. Hona hemen bere hitzaldia osorik.

Donostia ezin izan da leku txarra jaiotzeko, eta zu Andoni hemen jaio zinen 1947an. Ezkontzeko ere nolaz daiteke toki desegokia, baina zu ez zinen hemen ezkondu, emaztegaiak eta biek lagun gehiegi zenutelako Donostian. Ni ere ez nintzen hemen egin, haatik eztei ondoko txangoa bai hiri exotiko honetan pasa genuen, exotiko diot ironiarik gabe, guretzat hala baitzen, eta geroztik Donostiari atxikimendu berezia diogu emazteak eta biok (1). Niretzat Donostia Euskal Herriko Rio de Janeiro da, tontor berdez eta talaia goraz inguratuak diren ondartza bikainez, baita Urguleko Jesukristoren estatua erraldoiaz. Brasilgo Rio de Janeiron ez naiz behinere izan, salbu argazkiz eta irudimenez. Badut beldurra ez naizela behinere joanen. Baina funtsean horrela hobeki da, beti pentsatuko baitut Rio de Janeiro hau bestea baino politagoa dela, txikiago delako, eta niretzat goxoagoa ere bada, beroa ez baitut ongi jasaten. Erregeek zerbaiten gatik udako hiriburu egin zuten.

Baina gaur, Andoni, zu zaitugu hemen errege, gorte ona daukazu inguruan, eta euskara denon erregiña. Segurki Usurbilen bizi zara, baina Usurbildarrak ezin dira kexatu: gipuzkoar asko bezala, gutienetik Realzaleak izango dira nahi gabe guzien gainetik, urtalde hobe batzuen esperantza bihotzean, eta gaur aita-amen etxera hurbiltzea barkatuko dizue noski. Eibarzaleek aldiz niri barka diezadatela behingo.

Zuk bederen, tanto bat ederra markatzen duzu gaur, gol bat esaten omen da. Ez zara honen bila ibili, baina hartze zenuen, zor zitzaizun. Horren lekuko naiz, hainbeste urtez elkarlanean ikusirik egun oso bat edo bi hilabetero, Hiztegi Batuko Lantaldean, UZEIko egoitzan. Halere harritu nau zure curriculumak, berriki eskuratu dudalarik, zure lan ezberdinen zerrenda hain da inpresionagarria: irakasle, ikertzaile, antolatzaile, arduradun lanak batetik, idazlanen joria bestetik, artikulu asko, mintzaldi franko eta sei liburu.

Euskaraz idazteko, ausardia behar da. Nork irakurtzen gaitu? Non ez dugun izen bikaina, hala nola Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Joseba Sarrionandia, Ander Lertxundi, eta norbait ahanzten duta? Zuk lehen liburua 1970ean agertu zenuen: Soziologiaren historia. Zer kopeta! Orain asko gara, baina plomuzko urte haietan, euskaraz nork idazten zuen? Santu batzuek, dozena bat gizon testimonial, apostolu eta profeta bakartik. Zu mutiko normal eta formala izanki oraiko itxuren arabera, hogeita hiru urteetan idazle agertu zinen, eta nondik hasi? Soziologiaren historiatik!

Zailagorik ezin aurkituz duda gabe... Olerkitik hasi bazine bederen, beste guziak bezala. Baina ez, inork ezagutzen ez zuen alor batetik, «soziologia» hitz bitxi hori erabiliz... Eta gero beste hiru liburu araberan, edo zubereraz diogun bezala "sordei" eta "pisago": Energia (1978), Teknologia elektrikoa (1982), Ordenadoreentzako sistema eragileak (1987). Beste bi haatik "paxableagoak", lankidetzan: Hizkuntza minorizatuen soziologia (1987), eta Euskara-irakasleen eskuliburua (1989). Hizkuntzari lotuak daudenez, bi horiek barkatuko zaizkizu.

Halere, hori ote da euskaltzain izan beharra den idazle baten planta? Ez ote zenuen pentsatzen ahal noizbait Euskaltzaindian sartu beharko zenuela? Olerkitik hasiz, zergatik ez zinen beste guziak bezala teologian edo/eta literatura serioan sartu? Edo politikagintzan?

Haatik aipatu berri dudan zure dozierak erakusten dit ez zarela bakarrik goi-mailako industri ingeniaria, elektrizitatean eta elektronikan espezializatua (1971). Letretako doktorego bat ere baduzu (1988), eta hona Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan arrakastarekin aurkeztu zenuen tesiaren izenburua : "Algunos aspectos de la modernización de léxico en diversas lenguas". Erdiz erdi gure gaian gaude hor. Gainera frantsesez badakizu, "s'il vous plaît"! Hemen gaur oso arraroa. Asko balio du hiztegi batua egin behar delarik mugaren bi aldeetako.

Bestalde hiztegigintza horretan, ezin gara sail tradizionaletara mugatu. Teologian aspaldidanik hiztegi aberatsa dugu, eta literaturan ere zenbaitek uste baino hobea. Haatik euskaldunek ez dugu denbora gehiegi otoitzean pasatzen, ez eta olerkian. Politikaz ere gero eta gutiago axolatzen gara, agian ez dakigulako politikarien hizkera non kokatu behar dugun, teologian ala literaturan. Aldiz egunero jaten dugu, eta horretarako lan egiten, beste askok bezala. Hor ere hitzak behar ditugu.

Autoa edonoiz hartzen dugu, edo treina, metroa, motoa, autobusa, hegazkina, itsasontzia. Gainera tresna, makina eta motor batzuk erabiltzen ditugu, baita irrati, telebista, ordenagailu, telefonoa, batzuk sakelekoa eta internet ere; argindarraz baliatzen gara etxean eta denetan. Pana edo matxura bat gertatzen delarik, araberako langileari dei egiten diogu, azalpenak ofizioko hitzez ematen dizkigu, eta hein batean bederen ulertu behar dugu, ahal delarik euskaraz.

Hots, teologiatik eta literaturatik at doan hiztegi bat behar dugu. Alor eta ofizio ezberdinetako adituek beren eremuetako hiztegi bereziak moldatzen dituzte, Euskaltzaindiaren arau eta aholku orokorren laguntza baliatuz. Euskaltzaindiak bere aldetik, hiztun eta idazle onaren kultura zabalean sar daitezkeen hitz tekniko eta zientifiko arruntenak bere hiztegi batura bildu behar ditu. Maiz hitz berriak dira.

Hots Andoni Sagarna bezalakoak behar ditugu gaur Euskaltzaindian. Horrez dago gaur gutartean, euskaltzain osoen konpainian eta kidetzan. Zure doziera gogoan, baina lehenik eta oroz gainetik Hiztegi Batuko Lantaldean urtez eta urtez egin duzun lana ikusirik, hiztegi horri ekarri eta ekartzen diozuna gogoan, Euskaltzaindira deitu zaitugu duda izpirik gabe. Ez da ustekabean, eta ordu zuen.

Hiztegia eta gramatika

Badago halako moda eta joera bat euskaltzaleen artean hiztegiaren pixka bat gutiesteko gramatikaren izenean.

Ez ote dugu bien beharra ber heinean? Badakik, gainera nihauk ere zuzenean entzunik, Piarres Laffite zenak, adinean aurrera zoala, errepikatzen zuela Blaise Pascal frantses pentsalari handiak bere Pensées edo gogoeta sonatuak lau ehun hitz erabiliz idatzi zituela. Baina pentsu dut lau ehun hitz ongi hautatu eta behar den lekuan kokatu nahi dituenak, lau mila erabili behar dituela arruntean, eta berrogei milako bat nolabait ezagutu. Nonbaitik ere, berrogei bat milakoa izango da moldatzen dugun Hiztegi Batuaren heina, tamaina. Eta Lafittek berak, gazteago zelarik, "français-basque" lexiko bat agertua zuen, Tournier batekin elkarlanean. Beraz gizon handienen erranak ere gure muinetako zetabetik pasa behar ditugu.

Hitzik gabe nola hitzegin eta hitzerran? Gehiago ere, Platonek zioen hitzekin, hitzez eta hitzen bitartez pentsatzen dugula. Beraz hizkuntza komunikatzeko tresna bat baino gehiago da: pentsakerak sortzeko behar duen emagina, hazteko behar duen esnea, ibiltzeko behar duen makoa. Zer litzateke hitzik gabeko mintzaira: aingeruena ote? Ala Jainkoarena? Baina hori ere ez. Eskritura Santuen arabera, aingeruek gizon eta emakumeei hitz egiten zieten hizkuntza eta hizkera normaletan, bai Itun Zaharrean, bai Testamentu Berrian, bai Alkoran liburuan. Usaian hitz gutiz mintzo ziren, eta gramatika motzean: "Aintza zeru gorenean..." kantatu zutelarik adibidez. Bestalde Jainkoa profeten ahoz mintzatu zen, hitz eta gramatika gehiagorekin, aingeruek baino ele jario joriagoa baitzuten profeta horiek. Azkeneko Jainkoaren hitza gizon egin zen, Jesus izenez, San Joanek dioskunez, baita Alkoran liburuak frantses itzulpenaren arabera. Artetik ene kezka bat: Alkoran liburua euskaraz itzuli ote da? Behar luke. Egia da Jesus Jainkoaren "aditza" ere izan daitekeela, eta hor gramatikan sartzea genuke... Dena dela bizantinismo hutsa zait hiztegiaren gutiestea gramatikaren izenean. Suaren baitan argia eta beroa nola bada zatitu behar dira? Eta arnasean eguratsa eta hatsa banatu?

Hiztegigileek gramatika errespetatzen dugu gain gainetik. Hitzak hautatzean, esaldietan hartzen ditugu. Esanahiaren argitzeko, frase batzuk etsenplutzat ematen ditugu. Gramatikari lotuak egoten gara beti.

Euskaltzaindian idazleak behar

Euskaltzaindian idazleak behar direla entzuten da barnetik eta kanpotik. Horrekin ados nago. Baina besterik zer gara gaurko euskaltzainak? "Idazle" hitzaren atzetik zer figura jartzen dugun zehaztu behar genuke. Literatura pertsonal eta lirikora mugatuz, haatik "lirika" hitza bere zabalenean hartuz, hona sail horretan liburu sorta bana sortu duten idazle zenbait, euskaltzain izendapen zaharrenetarik hasiz: aita Xabier Diharce Iratzeder, Txomin Peillen, Ibon Sarasola, Xabier Kintana, Patxi Zabaleta, Jose Irazu (Bernardo Atxaga), Aurelia Arkotxa...

Baina literatura pertsonal horretarik at, besteren obrez asko idatzi dutenetan hor daude Haritschelhar, Zavala, Arana Martija, Sarasola, Charritton, Ana Toledo... Kazetaritzan Haritschelhar, Larre, eta guti edo asko euskaltzain guziak... Gramatikako gaiez Goenaga, Arejita, Miren Azkarate... Onomastikaz Iñigo, Salaberri... Linguistikaz Lakarra... Gai ezberdinez Knörr, Salaburu, Oihartzabal, Lizundia, Zalbide, Sagarna, Sagrario Aleman eta noski Andrés Urrutia euskaltzainburua... Gainera, batzuek luma ur edo ardo guzietan busti dute, zikindu gabe! Euskaltzaindian denetarik badago, haatik jende alferrik ez.

Literaturan orokorki geure buruaz mintzo gara, haurtzaroa gogoan: bizi guzian paradisu galdu horren atzetik gabiltza. Gramatikan hizkuntza bere buruaz mintzo zaigu, amore gatik eta hobeki balia dezagun, buruan duguna ederki erranez, Krutwig zenaren arabera hori baita literatura: "Buruan duzuna ederki erratea", berak behin bota zizkidan hitzetan. Hori guzia egiten dugu nik uste hein bat ohorezki.

Orain hirugarren urrats bat eman behar dugu: gaurko munduaren izakera eta berri zehatzak euskaraz erran hitz egokietan. Eta hor zu bezalako adituak eta idazleak, idazle adituak eta aditu idazleak behar ditugu, Andoni, zubigile. Ez gara iduri bezain inozoak: lan horretarako hautatu zaitugu, eta ez domiña bat emateagatik. Hori kanpotik ez da beti ongi ulertzen: Euskaltzaindia ez dela jaun xaharren ohorezko klub elitista bat, ez eta idazle sonatuenen lorategia: Parnasoa hil ondoren izaten da, eta ez dugu presarik. Bitartean Euskaltzaindian lan itzela dago egiteko. Hau laneko talde bat da, euskararen alorrean talde nagusia, ez bakarra. Hemen beharrena, elkarlana da, eta horretan trebe zarela badakigu.

Elkarlana

Elkarlanean egin eta egiten duzun lana zinez azpimarratzekoa zait. Elhuyar Kultur Elkartearen sortaileetakoa izanik (1972an), gero elkarte horretako burua (1981-1992), UZEIko Zuzendari Teknikoa ere izan zinen, eta zuzenean eskua sartu zenuen hiztegi batzuetan: Fisika, Banka, Kirolkidea, Glotodidaktika, Teknologia mekanikoa hiztegietan, azken horretan arduradun nagusi bezala gainera.

Ondoren entziklopediagintzako Eusenor enpresan Zuzendari Tekniko karguan (1992-1999), Hiztegi entziklopedikoan parte hartu zenuen, baita 8 tomoko Euskal Hiztegi Entziklopedikoan, Gazteen Entziklopedian, eta Entziklotik CD-ROMean.

Bestalde Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Aholku Batzordean egona zara (1989-1993), eta ez ustekabean.

Gainera Plazagunea enpresan informatikako proiektu arduradun izan zara (1999-2004), eta esperientzia horrek asko balio du Euskaltzaindiak bere baliabideetan egin beharra duen berriztapenerako.

Ber denbora eta gisa berean, erakunde, elkarte eta enpresa horien ekarpen erraldoia ezkertzekoa zait, baita beste batzuena, bereziki unibertsitariena. Euskaltzaindiak badaki euskararen alde korrika eta lasterka ez dabilela bakarrik, eta "maillot" horia soinean ekartzen badu, besteekin korrituz dela, batzuetan bederen guzien aurretik, baina beti elkarlanean, bai kanpoan, bai barnetik, eta elkarlanerako gai direnak behar ditu bere baitan.

Aizkoraz eta zizelaz

Andoni, zure lan aratz eta oparoaz, hiztegigintzan bereziki, lehenago ere sartzea merezi zenukeen. Orain tokatzen zaizu Euskaltzaindiko araudi berriari esker. Duela urte pare bat, Lizundiaren sarreran, Euskaltzaindiaren garai berri bat iragarri zen. Egiaz, orduko hasten hasia zen, horrela esatea zilegi baldin bada, belaunaldi berrietako euskaltzain batzuk baitzeuden bulta honetan gutartean. Orain aldaketa areagotzen ari da emerituen sistemari esker. Eta zein da oinarrizko bilakaera hori ene ustez?

Adin bateko euskaltzainak, ni barne, idazle orokorrak izan gara, "jeneralistak", maiz poligrafoak, euskalki batean oinarrituak eta sustraituak, gero beste euskalki pare batera zabalduz joan garenak; salbuespenez kanpo, euskararen alorrean autodidaktak izan gara. Euskara batua moldatu dugu, edo hasi bederen, larri larria. Haritz enbor gogorrean estatua baten itxura eman diogu orokorki. Silueta marraztu diogu aizkoraz, Txillardegi eta Mitxelena maisuen diseinutik.

Orain, aizkolarien ondotik, zizelkariak behar ditugu, berezilari zorrotzak, euskara batuaren bozeto sendoari aurpegi fin eta gazte baten emateko, esku polit, arin eta trebeen adelatzeko.

Nire ondotiko belaunaldia formakuntza bereziz eta ofizioz hornitua etortzen hasia zitzaigun bulta honetan, orain zabaltzen ari zaigu eta gaina hartuko digu. Horrela behar du, euskararen aberasteko, egokitzeko, berritzeko, puntako teknikak baliatuz. Gu lumaren arotik boligrafora, idazmakinara eta faxera pasa ginen. Nire ondotikoak informatikara igo dira trebetasun handiz, nor bere kaxa. Orain Andonik erakusten digu nolako abantailak eta probetxuak atera daitezkeen tresna horren erabilera sistematiko eta kolektibo eta publikotik.

Azken bi urteotan, zortzi euskaltzain berri hautatu zaituztegu, lehen lauak zendu diren lagunen ondoko, azken lauak emerituen lauzkatzeko. Zortzietarik hiru andreak zarete, ez arras erdia, baina berdintasunera joaiteko xedea hor dago. Euskaltzaindian, Eliza katolikoan bezalaxe, ez da gehiegi presatu behar, baina hasi gara, eta jo aurrera!

Akademia bat izanez, Euskaltzaindia nahiko gaztea da, bana beste hirurogei urtekoa, Académie Française famatuak laurogei dituelarik. Ez gara inolaz ere horren kopia txiker eta barregarri bat, iparraldean zenbaitek uste bezala. Bakoitzari bere fantasmak. Niretzat hau Akademia militantea da, euskararen egoerak horretara behartua.

Baina profesionala ere bada, eta zientifikoa izan nahi. Euskararen batasuna egin eta egiten du, euskalkiak ere landuz. Eta euskara batuan Akitaniako euskalkiek leku handia hartzen badute, eskualde guzietako euskaltzain guzien militantziari zor diogu, Akitaniako hiru euskal lurralde historikoek orain matematiken arabera hartze luketenari baino askoz ere gehiago. Baina egia da halaber Akitaniako zazpi euskaltzainak beti euskara batuaren alde ari izan garela, eta garai batean horrela doi-doietarik aurrera egin zuela boz baten gehiengoarekin. Goazen bada bakean aurrera. Euskararen zerbitzari bakezaleak gara, ez inoren etsaiak. Hemendik kanpo ere, entzun nahi dutenek entzunen dute. Bestenaz arabeek dioten bezala: "Les chiens aboient, la caravane passe!" Guk eginbidea bete dezagun. Beharra badago.

Eta familia?

Mintzaldi hau ezin dut bukatu zure familiaz bi hitz erran gabe, iturrira iganez handik hasi beharrean. Baina garrantzitsuena bukaeran errateak bere indarra badauka.

Militantzia bat edo ogibidetik at gizarteko edozein elkarlan deraman gizonak bizitza orekatu bat bizi baldin badu, ez dago zalantzarik: horrek atzetik badu intendentzia eta zerbait gehiago segurtatzen dion pertsona bat, edo fraidea delarik talde bat: intendentea izateaz gainera, bigarren kontzientzia, erizaina, lehenago idazkaria ere, baina gaur ordenagailuak azken hau ordezkatzen du... Gutiz gehienetan Indiako jainko batzuen antzo, hiru esku pare dituen pertsona da, hots emaztea. Nahiko lasai ikusten zaitut ibileran, nihau bezalaxe. Beraz bizkarzain segurua badukezu, eta baduzu. Espioi barrandari batek salatu dit Mari-Karmen deitzen dela eta 1972an ezkondu zinetela Zegamako ermita batean, talde txiki baketsuan egotea gatik, Donostiako "Carnaval" horretarik bazter eta goitik, gaur bezalaxe, baina gaurko taldea ez duzu hain txikia.

Gainera, orduan ez bezala noski, hor daude zuen hiru alabak, Ainara (1973), Maialen (1976) eta Oihana (1977), baita biloba txikiak: Ainararen Nikole (hamabost hilabetekoa) eta Oihanaren Aritz (sei hilabetekoa). Zorionak Mari-Karmen, familia osoarekin. Eta zu, Andoni, "ez zaitugu plainitzen", Beñat Mardo barkoxtar bertsolariak Arbotiko prima eijerra kantuan zioen bezala. Zure adinean aitona izatea, munduko gauzarik onen, gozoen eta ederrena da nire jakinean, eta luzaz goza dezazula emeritu mailara igan ondoren, emaztearen konpainian.

Emaztea jaiotzez Olaberrikoa duzu, zeure amaren jaioterri Lazkaoren ondokoa, hain zuzen (1913-1999). Ama, beraz, Jesusa Izagirre Peña. Hari esker, Goierriko euskara zure ama hizkuntza da, amaren euskaltzale senarekin gainera. Goierriko neskei asko zor die nik uste Donostiako euskaldungoak, eta orokorki Donostia guziak, handik asko etorri baitira neskame lanetara eta gero hemen familiatu. Aita, Ascencio (Asintxio) Sagarna Beristain donostiarra zenuen (1911- 1997), mekanikan langile ikasia, eta nolabait ofizioan haren bidetik aurrera joan zara. Euskara gaztaroan galduxe zuela erran didazu, eta gero ezkontzean erabaki familia bat euskalduna fundatu behar zuela zure ama izango zen andregaiarekin. Beraz aitak euskara berriz ikasi zuen eta horretan ongi moldatuz joan zen. Ondorioz gure hizkuntzan eskola ona izan duzu etxean aita-amekin.

Sail horretan egonez, zure birraitona, zapatagina, Avelino Barriola idazlearen langile izan zen. Bere aldian zure aitak Amorebieta/Zornotzan lan egin zuen "Izar" lantegian, hor buruetariko bat zelarik Federico Belaustegigoitia, Euskaltzaindiko idazkaria. Halako predestinazio bat bezala ez ote dago hor? Baina predestinazioan ez dut sinesten, eta genetikan ez gehiegi, hezkuntzan eta ikaskuntzan ordea bai. San Tomasek bezala, "ikusi eta sinetsi", egiten duzun lanean sinesten dut Euskaltzaindi osoarekin, eta instituzio honek geroan ere zure ahalmenez baliatzeko "fitxatu" zaitu, modako hitz hau barkatzen badidazu.

Zure aita-amen bizitza ez zen beti lasaia izan. Hogeita hamaseiko gerraren zama jasan behar izan zuten beste askok bezalaxe, ezkondu aurretik. Ama, Donostiako ostatu batean langile zegoela, 1936ko irailean frankisten aurrean ihes joan zen Abadiñora, bere ahizpa eta horren haur txikiarekin. Durangoko bonbardaketa ikusi zuen, baita nola frankisten hegazkinek hilerrira gorpuak erematen zituzten pertsonak bidean metrailatu zituzten. Gero amak eta familiak Bizkaiko Zailara ihes egin behar izan zuten. Hirugarren aldian Zailatik Santander aldera. Laugarrena Santandertik itsasontziz Bordelera. Amak lortu zuen Donostiara itzultzea. Ahizpa Bordelen egon zen bere bi haurrekin. Alemanak etorri. Azkenean itzuli zen, senarra bitartean Ameriketara joanik.

Aitak Amorebieta/Zornotzan lan egin zuen beraz mekanikan, 1929tik 1936ra, soldadutza bitartean Errepublika denboran. 1936tik armak egiten zituen Euzko Jaurlaritzaren aginduz. 1937ko udaberrian, frankisten erasoaren aurrean, Bilbora ihes egin zuen lantegikoekin, makinak eremanez, eta hor segitu ber lanean. Eraso berri batek Bilbon harrapatu zituen, eta frankistek ber lanean jarri zituzten, baina jakina euren alde.

Aitak kontatu zizun bezala, publikoarentzat hona haren inguruan gertaturiko tragedia berezi bat. Laneko lagun bat zuen Jon Idigorasen aita, Federiko Belaustegigoitiaren kotxe gidaria. Frankisten hegazkinek Durango eraso zutelarik, berehala nagusiak manatu zion hango elizara ereman zezan autoz. Eliza hondatuan sartu orduko, Federikok emakume baten gorpua lurretik altxa zuen eta Idigorasi eman zion, hartu eta ereman zezan. Alaba zuen! Aitak bazekien alaba mezala joana zela...

Holako tragediarik Espainiako Errepublikaren eremu guzian gertatu zela, baliteke, baita gero zapalketa berdina denetara zabaldu zela. Haatik diferentzia bat izan da euskaldunen kalteetan, eta badakizuen bezala hauxe da: Burgosen adibidez, gobernu berriak tokiko hizkuntza ez zuen arlo publikoan debekatu, kalean gazteleraz egiteagatik inor ez kondenatu, hil harrietarik ez hango idazkunik ezabatu, bataioan gaztelar izenik ez debekatu... Aldiz Euskal Herrian hori guzia eta gehiago egin du tokiko hizkuntzaren aurka (2). Ondoriorik utzi duela begien bistakoa da, mugaren beste aldetik behintzat. Niretzat ageri da hemen oraindik bakerik ez dagoela. Haatik historiari begiratuz, ikus daiteke bakea ez dela egoera naturala, ez dela berez datorren eta dagoen zerbait, bakea eginez egiten den oreka bat dela, bakeak prezio bat baduela beti, denetan. Kontua da bidesaria zeinek ordaintzen duen. Iraun behar badu, badut ustea denek ordainduz dela, horretan ere berdintasuna behar dela, eta berdintasuna ez da noski denak ni bezalako bilakatzea. Gehiago erratea, politikan sartzea litzateke, hots gure alorretik ateratzea, eta hemen ez zait komeni.

Jo aitzina!

Bilkura honi buruz, kezka pixka bat izan dukezu, normal denez. Baina lasai, zailena joana duzu, eta zure gorteak ere, bukatzera bainoa. Zure Donostian gaude, Euskal Herriko Rio de Janeiron. Toki eder eta goxoa izateaz gain, bilgune dugu. Ezkerretik hurbil dago mendebaldeko euskalkiaren eremu nasaia. Eskuinetik Lapurdi hortxe, Bidasoan, maratoi erdi bateko bidean. Gure atzetik eta gibeletik, Nafarroako lurralde zabala eta euskal Pirinio katea, Zuberoaz bukatua.

Euskal Herriko erdigunean gaude hemen, euskara batuaren bihotz nagusian, nahiz Iruñea dugun hiriburua, baina itsasorik gabea. Egia da denbora batez Donostia Nafarroako portua izan zela, Iruñeko erregeen poderioz. Gaur holako zerbait gertatzen ari zaio berriz, politikaren gainetik, nafarren ondartza hurbilen eta maiteena delako. Haatik Donostiaz beste sei bihotz baditu euskarak. Gure lana zer den: zazpi bihotz horien sinkrono egitea, amoregatik eta bakoitzak bere doinua emanez, euskararen urrats eta pauso berria ber taupadan marka dezaten, txalapartarena baino lasaiagoa, joaldunena baino arinagoa, horiek biak eta beste musika guziak ezabatu gabe. Hots orkestra buru baten lana da Euskaltzaindiarena.

Miramongo talaia gora eta berde honetarik, begien aurrean dugu itsaso ederra zabalik, zoragarria. Haize ona lagun, eguzkiaren bidetik, mundu zabaleko euskaldunen gana, jo aitzina!


(JEAN-LOUIS DAVANT IRATZABAL idazlea eta euskaltzain osoa da)


Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)

Oin-oharrak

  • (1) DONOSTIA
    Gure Rio de Janeiro,
    golko bulartsua
    Sorgin maitagarria,
    sirena maltzurra.

    Igeldotik Ulira
    esku harrapariz
    Itsasoa bildurik
    altzoan epela
    Xanguruak bezala
    tinki atxikitzen.

    Orientetik uhina
    berriz ukaiten du
    Ekiaren oldarra
    xurgatzen aitzakiz.

    Ni gabe mariñelak
    heda beza bela
    Tiranosa eztia,
    ez zaitut utziko,
    Arbasoen Oiaso,
    Donosti, Donosti
    .

    IHESI, Maiatz, Baiona, 1990 (41. or).
  • (2) Kasu konkretu bat, Bittor Kapanagak duela urteak kontatu zidana: 1936ko gerra ondoan, Bittorren ama Otxandioko karrikan euskaraz egiteagatik isun batera kondenatu zuten agintari berriek. Etxean zegoela, udaltzainak kaletik dei egin zion leihora ager zedin, eta isunaren berri eman zion, euskaraz noski, andreak besterik ez baitzekien, eta «alguazilak» agian ez askoz gehiago. Burgosko biztanleei, tokiko hizkuntzan mintzatuz gero, ez zitzaien holakorik gertatuko.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus