Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hizkuntz eskakizunak

Hizkuntz eskakizunak

2007-09-26 / 08:40 / Arkaitz Zarraga Azumendi   IRAKASKUNTZA

Karrajua.org blogean irakurri dut, Hizkuntz Eskakizunen azterketetan puntuak zenbatzeko dagoen modu berezi baten "erruz", Xabier Imaz izeneko lagun (euskaldun-gai, euskaldun-berri, euskaldun-nahi) batek, ez duela bigarren maila gainditu. Xabier Imaz asko daude egia esan. Baita kontrako milagroak ere. Irakasleok badakigu azterketek ez dutela euskaraz aritzeko (bizitzeko) gaitasuna neurtzen.

Baina izan da honen inguruko kasu lotsagarri bat. Inon ez dut ezer irakurri eta arraroa egin zait. Basauriko Udal Euskaltegiko lan-poltsarako 4. HE lortzeko azterketaz ari naiz. Bertara aurkezteko 85 lagunek eman zuten izena eta hauetatik 52 azterketa egunean (uztailean izan zen, oker ez banago) aurkeztu ziren. Suposatzen da 52 horietatik, gehienak irakasleak zirela, edo gutxienik, horretarako asmoa zutela. 50ek ez zuten idatzizko proba gainditu. Bai, bai, arraroa badirudi ere, 2 pertsona bakarrik izan ziren gai epaimahaikoen (edo jada ez dakit noren) irizpideak gainditzeko.

Azterketan, dakigunez, testu baten laburpena eta gai baten inguruko iritzi artikulu bat dira egiteko lanak. Kasu honetan gaietako bat, nire harridurarako, azterketen inguruan neronek idatzi nuen artikulu baten tartetxo bat zegoen "gai" moduan emanda.

Esan gabe doa azterketara aurkeztu ziren asko lagunak nituela (eta ditut, uste dut). Baina lagun horietako bat nire artikulua zuzendu zuen laguna zen. Zuzendu zentzu guztietan esan nahi dut, ez bakarrik komei eta Euskaltzaindiaren gomendioei dagokienean (hori ere bai), baizik eta ideiak ordenatu eta doitzeko lanean ere.

Ba nire harridurarako, lagun honek ere penkatu egin zuen!!

Askoren kalteak sortzen duen autokonplazentziagatik, atsekabetuta zegoelako edo ez dakit zergatik, azterketa berrikusteko eskaria egin behar zuela konbentzitzen telefono faktura majo handitu zitzaidan, baina zuzenketak debalde egiten dizkit eta barkatuko diot.

Zuzenketa Basauriko Udal Euskaltegiaren bitartez egin behar zuen eta denbora nahikotxo joan da erantzuna jaso arte. Erantzuna Udal Euskaltegiaren bitartez bota zuen HAEEk. Nire lagunari iritzi artikuluaren kopia besterik ez zioten bidali, beraz, suposatzen da laburpena ondo zegoela. Artikuluan zenbait nota agertzen ziren, batzuk zuzenean testuaren antolamenduaren ingurukoak eta besteren bat arlo morfosintaktikoarekin loturikoa. Esan behar dut akats moduan hartutakoetatik bat ere ez zegoela justifikatuta. Akats morfosintaktikoa jartzen zuen lekuan, behin eta berriz begiratuta ere, ezin izan dut ulertu non ikusi duen zuzentzaileak akatsa. Beste zuzenketa batean "ideien pilaketa" jartzen zuen, eta errespetu osoz, baina agian 10. azterketa irakurrita ez zeuzkan neurona guztiak konektaturik, ahapaldi hartan, ederto loturiko ideia bi baino ez baitzeuden. Sikiera ahozko proba egiten uztea zuten!

Euskaltegiko arduradunak esan zuenaren arabera, ez zegoen errekurritzeko aukera gehiagorik. Niri harrigarria iruditu zitzaidan baina, suposatzen nuenez, nire lagunak ez zuen berriro ezer mugituko. Hurrengo batean izango da!

Ikasle maltzurren batek esan lezake: zuek ere jakin dezazuen nolako tortura eta injustizia diren horrelako azterketak! Ez zaie arrazoirik falta!


(ARKAITZ ZARRAGA AZUMENDI euskara irakaslea da)


Arkaitz Zarragak erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):



Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus