Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskararen presentziaz Ipar Euskal Herriko udaletxeetan: ateak irekitzen dituen gutun bat

Euskararen presentziaz Ipar Euskal Herriko udaletxeetan: ateak irekitzen dituen gutun bat

2007-09-10 / 08:35 / Jean-Baptiste "Battittu" Coyos   HERRI-ADMINISTRAZIOA

2006az geroz Euskararen Erakunde Publikoak euskararen aldeko hizkuntza politika beregain hartu du Ipar Euskal Herrian, hizkuntza politika proiektu bat obratuz (EEP, Euskararen Erakunde Publikoa). Egitura publiko horren partaide nagusiak Frantses Estatua (Pirinio Atlantikoetako prefektura eta hezkuntza nazionala), Akitania Eskualdeko Kontseilua eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorra dira.

Giro berri baten gutun bat

Giro berri baten gutun bat

Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefetak eta EEPko lehendakariak Ipar Euskal Herriko auzapez guztiei gutun elebidun bat igorri diete 2007ko maiatzaren 11n. Hona bi lerroalde esanguratsuenak:

«Bizitza publikoan euskararen erabilpenari arau eta legezko esparruari dagokionez, argitu nahi dugu euskara erabil daitekeela frantsesaren parean, dokumentu, zigilu eta komunikazio euskarri ofizial ezberdinetan, balio juridikoa frantsesezko bertsioek bakarrik dutelarik. (...) Sustapen lan hori, euskararen behin behineko erabilpen batentzat edo elebitasun osora heltzeko helburuarekin eraman daiteke, gisa guztiz nahitaezkoa delarik frantsesezko idazketa oso baten egitea».

Iruzkin batzuk

Idazki ofizialetan dena euskaraz ematea, frantsesezko bertsioaren parean, haizu zela jadanik bagenekien. Ildo horretan, 2001ean, Euskal Konfederazioa elkarteak txosten juridiko bat eginarazi zion Yolanda Molina Ugarte abokatuari non, besteak beste, frantses konstituzioaren 2. artikuluari 1992ko emendakina edo 1994ko frantsesaren erabilerari buruzko legea eskualde hizkuntzen kontra eginak ez zirela agertzen zen. Ikus Euskararen presentzia sustatu herriko etxeetan liburuxka (Euskal Konfederazioa, www.eke.org). Berritasuna da gutunaren bi izenpetzaileetarik bat frantses estatuaren departamenduko ordezkari gorena dela. Izenpetu baino lehen baimena gorago eskatu duela pentsa dezakegu. Beraz gutun horrek legezko balizko estakuru denak kentzen dizkie udal-administrazioko buruei euskara baztertzeko beren udal-idazkietan. Orain euskararen alde edo kontra zein den argiago agertuko da.

Soziolinguistek aztertu beharko dute onarpen horrek zer eragin ukanen duen. Ipar Euskal Herriko kasuan euskararen onarpen ofiziala ez bada ere, legeak babesten ez baitu, bide horretarako urrats bat da dudarik gabe. Horretarik landa, testu bat bi hizkuntzetan delarik nola irakurle elebiduna hizkuntza nagusira lerratzen den ala ez egiaztatu beharko da, adibidez. Hari berean, herriko etxeetako idazkietan elebitasunak hizkuntz gutxituaren ahozko erabilera laguntzen, bultzatzen duenez ala ez beste galdera bat da. Hots, zein den elebitasun idatziaren eragina hizkuntza gutxitu batentzat ikergai garrantzitsua da. Noski beste eremu urriko hizkuntzekiko esperientziak kontuan hartu beharko lituzkete, kasu hurbilena Euskadikoa delarik ber hizkuntzarekin, erran nahi baita euskara.

Ondorio nagusiak

Gutun horrek erakusten du:

  • Frantses estatuko ordezkari batzuen jarrera aldatu dela, frantsesaren alde osoki jokatzen duen legegintza indarrean egoten bada ere, eskualde hizkuntzak ofizialtasunik gabekoak gelditzen badira ere;
  • Adierazpen horiek Ipar Euskal Herriko administrazio osoari hedatzea posible litzaiokeela, era guztietan frantses testua beharrezkoa dela jakinez;
  • Adierazpen horiek Frantziako eskualde hizkuntza denei aplika litzaizkiekeela ere eta bai ere udaletxeei ez ezik beste lurralde kolektibitateei.


(JEAN BAPTISTE BATTITTU COYOS hizkuntzalaria da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus