Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskalgintzan muturka

Euskalgintzan muturka

2007-09-04 / 08:30 / Arkaitz Zarraga Azumendi   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Txarto hartu ditu Jokin Azkuek Kontseilutik Iñaki Lasak plazaratutako kritikak. Modu zatarrean erantzun du gainera, "polizia" eta "fiskal" adjektibo mingarriak bilatuz. Egia esan, ez zait tonua batere gustatu. Kritikei hain erantzun zatarrak emateak (pazientzia galtzen baduzue, eta badirudi puntu-puntuan zaudetela, utzi hizkuntza normalkuntzaren esparrua eta hasi emaitza bizkorragoak ematen dituen beste zerbaitetan) ez du, nire ustez, jarrera onik erakusten.

Neuk ere ez ditut Hizkuntza Politikaren alderdi asko oso garbi ikusten, eta ez dut uste horrelako jarrerekin nire ekarpenak edota kritikak (hala dagokionean) egiteko gonbidatua senti naitekeenik eta une honetan, guztionak bezala, beharrezkoak direla uste dut. Horregatik, gonbidaturik ez denak ohi duen lotsagabekeriaz, Kontseiluaren eta HPSren arteko hika-mika horren erdian muturra sartu eta zenbait gauza komentatu nahi nuke.

Kultur sailean izandako zenbait gertakizun jartzen ditu Lasak eskubide-urraketen adibide. Egia da sail horretan gertatutako urraketak bereziki direla mingarriak, baina "berezitasun" horren errua akats historikoan du jatorria. Zergatik lotu behar dugu hizkuntza kulturarekin eta ez industriarekin? Edo Polizia eta Fiskaltzarekin? Horrek HPS Kultur Sailaren menpe egotean du oinarria eta, seguruenik, Euskara Sail bereizi eta transbersala sortuz gaindituko litzatekeen arazoa da. Sail horren transbersaltasuna Sail ezberdinen "hizkuntza normalizazio" atalekin elkarlanean gauzatuko litzateke. Horrek orain arte "erdalduntzat" jo izan diren administrazio-ataletako eskubide urraketei ere maila bereko sinbolismoa emango lieke.

"Administrazioaren % 50ek ez du plangintzarik”. Botila erdi betearen kontu xelebrea berriz ere. Argi dago euskalgintzan gabiltzanon ikuspegia eta gizarteko zati handi batena oso urrun daudela, izan ere egoera ona delako ustea oso zabalduta dago. Francoren garaikoa baino hobea da, hori onartu beharra dago (hori baino ez genuen behar!) baina egoera ona dela esateak ezjakinaren adorearen inguruko beste kontu xelebre hori dakarkit burura. Nire ustez Lasak emandako elbarrituen adibidea oso adierazgarria da, baina beldur naiz gizarteko zati handi batentzat ez ote den gehiegikeria euskal hiztunen komunitatearen eskubideak elbarrituenekin alderatzea. Euskal hiztun komunitateak, erdal hiztun komunitatearen barnean dagoenez, eskubide bereziak dituela aldarrikatzea intolerantetzat, harrokeriatzat, fanatismotzat... hartzen da. Agian balizko Euskara Sailak hizkuntza eskubideen inguruko diskurtsoaren eta heziketaren arloak landu ahal izango lituzke.

Eztabaida honetan argi eta garbi geratzen da administrazioan, Hizkuntza Eskakizunen egiaztatzetik erabilerara salto handia dagoela. Euskaltegietan lortutako mailari eusteko zailtasunak daude erabiltzeko aukerarik, borondaterik edo gaitasun nahikorik ezagatik. Arazo hori konpontzeko, Helduen Euskalduntze Alfabetatzea EGA eta Hizkuntza Eskakizun ezberdinen zerbitzura jarri beharrean erabileran eragitera bideratuko bagenu emaitzak hobetuko lirateke. Ikasleak euskaltegira (akademiara) joan beharrean euskaltegiak beren ingurunean presentzia handiagoa izango balu, erabiltzeko aukera handiagoa izango litzateke. Salbuetsitakoek ere sentituko lukete hizkuntzaren presentzia euren inguruan. Horretarako, noski, Administrazioak sektore horren berregituraketa sakona gauzatu beharko luke, lurraldekako mapa egiteaz gain arlokakoa ere osatuz eta Curriculuma arloari edo atalari aplikatuz (EPKtik APKra). Honek euskarazko atalak sortzea ahalbidetuko luke eta hauek euskaldun berrientzako eredu eta kabi izango lirateke.

Azkue jaunari, euskaltzale naizen aldetik, beste apuntetxo bat ere egin nahi nioke. III. Plangintzaldiaren balorazio txostenak Eusko Legebiltzarreko alderdi guztien oniritzia jaso zuela gogorarazi du. Eta zer? Argi dago alderdi politikoek ere ezjakintasun eta arduragabekeria maila handia erakutsi dutela euskararen normalizazioaren arloan. Bai, alderdi guzti-guztiek, horregatik euskalgintzan sortzen diren ekimen eta harreman sareak alderdi horien gainetik dagoen errealitatea dira. Euskararen Unibertsotik sortutako Kontseilua bera da horren irudi argia eta ez dut uste bulego batera muga daitekeen errealitatea denik. Administrazioa eta beste arlo batzuk euskalduntzen dihardugun askok, gaiztakeriarik eta maltzurkeriarik gabe, baina Kontseiluarekin guztiz identifikaturik gaude eta administrazioarekin elkarlanean, lanean jarraitu nahi dugu. Beraz, ez, otoi, lerro hauek sermoitzat hartu, ez baitut euskaltzale jardun nahi dutenen artean doktrinarik ezarri nahi, bai ordea eztabaidan parte hartu eta besteen ekarpen eta kritikak entzun eta aztertu.

ARKAITZ ZARRAGA AZUMENDI (Euskara Irakasle langabetua)


Arkaitz Zarragak erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):



Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus