Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Atapuerca izenaren inguruan

Atapuerca izenaren inguruan

2007-07-10 / 08:30 / Xabier Kintana   HIZKUNTZA

Paleontologia aldetik berri ona izan dugu egunotan: azterlariek Atapuerca-ko aztarnategian gizakion asaba are zaharrago baten hagina aurkitu dute, duela 1.200.000 urte inguru bizi izandakoarena. Guztion zorionak merezi dituzte, noski, hor aspaldiko urteotan lanean diharduten guztiek, eta horien artean, noski, gure herkide Juan Luis Arsuagak ere.

Halere, albiste garrantzitsu horrek, eboluzionismoari ematen dion bultzada berriagatik, agian ez die grazia handirik egingo Estatu Batuetako kreazionistei, ez eta Erromako aita santuari berari ere, aspaldian Vatikanoko galerietan predikatzen diharduenaren argitan behintzat. Baina zientziaren emaitzak hor dira, aurreiritzi erlijioso edota ideologikoak gorabehera.

Norbaitek, presa handiegiaz, Atapuercakoa orain arte aurkitu den europar gizaki zaharrenaren aztarna dela esan duen arren, aurkezleek berek berehalaxe "mendebal Europakoa bederen", erantsi behar izan diote horri. Izan ere, hortxe dago, gure kontinentearen ekialdean, Georgian, Dmanisi herrian aurkituriko giza asaba baten burua, 1.700.000 urte omen dituena. Horren aurkitzaile eta aurkezleak, besteak beste, Leo Gabunia –euskaltzain urgazlea dugun Salome Gabunia georgiar etnografoaren aita zena, hain zuzen– eta David Lordkipanidze paleontologoak izan ziren. Baina lerro hauetan ez dut Atapuercako aurkikuntzaren garrantziaz mintzatu nahi, aztarnalekuaren herriaren izenaz baizik.

Era honetako aurkikuntzak gertatzen direnean, ohikoa izaten da bertakoak harro agertzea, eta beraz, ez gaitu harritu behar beren herriaren nortasuna azpimarratzeko, aztarnategiko gizaki fosil hori hango herritarrik zaharrena balitz bezala aurkeztu nahi izateak, Atapuercan ordutik hona giza segida etengabea izan balitz bezala. Gauza bera egin dugu maiz euskaldunok ere geure haitzuloetako giza fosilekin, haien eta gure arteko lotura, genetikoa ez eze, hizkuntzazkoa ere badela errepikatuz. Horretarako, euskarazko tresna batzuen izenez baliatu gara, (haitzurra, aizkora, aiztoa...) guztiak haitz hitzaren errotik sortuak balira bezala. Harri Arotik helduriko froga biziak nonbait. Ordea, Joseba Lakarra irakasle eta euskaltzainak duela gutxi zuhurki adierazi duen bezala, Linguistikaren gaurko metodologiarekin behintzat, ezin froga genezake ez euskaran ez eta munduko beste ezein hizkuntzatan ere paleolitiko garaiko hitzen aztarna segurik, antzinako tresnak haitzez barik, gehienez ere harriz egiten zirela ahantzi gabe.

Horregatik, Atapuerca-ko aztarnategiaren geografiazko kokagune zehatza jartzeaz aparte, gaurko Burgosko probintzian aurkitzen dela behin eta berriro errepikatzeak, prentsak egin duen bezala, ez du inolako zentzu edo balio historiko-politikorik. Izan ere, hain garai urrunean han bizi izandakoak ez daitezke gaurko burgostarren edo gaztelauen asaba exklusibo izan, antzinako Europako gizaki guztionak baizik. Konparatzekotan, gizaki horiek garai bereko beste gizakiekin erkatu beharko dira, inguruko eta urruneko Homo antecessor eta Homo ergaster zeritzenekin, alegia, horrela gizakion leinua Afrikatik munduan zehar nola hedatu zen jakiteko. Beraz, ondoren Atapuerca-ren izenaz esango dudanagatik, ez dezala inork susma ura euskal errotara ekarri nahi dudanik, zin-zinez absurdoa baita orduko gizakiak gaurko talde konkretu bati atxikiarazi nahi izatea.

Heldu zaizkigun dokumentu zaharrenetan Atapuerca beti honelaxe agertzen da aipaturik. Itxuragatik, dena den, bistan da Erdi Aroko berba dela, eta latinetiko osagai bat daukala. Formaz, ordea, gaztelaniaz oso berba bitxia dugu, ez baita normala hizkuntza horretako hitz zaharretan bokal artean, -t- aurkitzea, -d- baizik. Horregatik, espainieraz *Adapuerca litzateke espero izatekoa. Bestalde, erdal adituen arabera behintzat, ez dago inondik ere garbi hitz horrek zer esan nahi duen. Baina beharbada aldameneko hizkuntzak, euskarak alegia, argi pixka bat eskain liezaguke.

Hitz horrek euskal etimologia ukan zezakeela lehenbizikoz Jose Mari Satrustegiri entzun nion. Eta duela gutxi betiko joan zaigun nafar euskaltzainak horretaz inoiz ezer idatzi ez arren, zinez aitortu behar zaio hor intuizio handia erabili zuela. Izan ere, ata-, (inoiz eta- aldaeraz) euskal toponimo eta hitz askotan aurkitzen da, ate esangurarekin (Atauri, Etaio, Mendata, Etxegarate, ataurre, atari, atarte/etarte...). Berba horretan, bestalde, Hizkuntzalaritzaren hizkeran biki edo geminatu semantiko deitu ohi denaren kasu bat genuke, hau da, esangura bereko bi hitz, euskaraz bata, gaztelaniaz bestea, elkarrekin lotuak. Hortaz, jatorriz *Atapuerta genuke, hots ate-puerta, hitz bakarrean era bereko bi fonema gerta ez zitezen, hasierakoak eraginda, bigarren /t/-a disimilatu eta /k/ bihurtuz. Horretara, *aTa-puerTa-tik Atapuerca-ra iragan bide zen, ondoren, eskualde hartan euskara galtzean, gaztelaniazko puerco/a hitz arruntarekin herri-etimologia faltsua sortu arte.

Toponimiak era honetako adibide ugari eskaintzen dizkigu. Pirinioetan Vall d’Aran edo Valle de Arán dugu, hasierako erdal hitza horri darraion euskal elementuaren itzulpena izanez. Arabaren iparraldeko Rio Bayas (< (i)baia) beste adibide ederra dukegu. Andaluzian ez dira falta gaztelania-arabieraz osaturiko bikiak ere, Malagako Fuente de la Aina bezala, arabieraz 'ain(a) iturbegia da eta. Ba omen da Galesen, gainera, Mount-Pen-Hill deritzon mendixka ere, hiru jatorriko berbaz osatua: latinezkoa, zeltikoaz (galesez) eta ingelesez, hirurek gauza bera adierazteko.

Lexiko arruntean ere aurkitzen dira horretarikoak. Gaztelaniazko perro dogo ezagunak ere argi erakusten digu bere bigarren atalean ingelesezko dog txakurra hitzaren arrastoa. Gauza bera gertatzen da salmenta hitzean ere (saldu eta venta-tik sortua). Denboran atzerago joanda, uso-kolunba zerabilen Joanes Leizarraga artzain protestanteak 1571an argitaratu zuen Testamentu Berriaren itzulpenean (Mat. 3,16), gaurko egia verdaderoa edo antzeko-parecido umorezkoen kideko.

Eta Atapuerca-ra itzuliz, aski da geografiari behako bat egitea, hango paisaia ate, portillo kontzeptuarekin bat datorrela ikusteko, huraxe baita Errioxatik Burgosera mendi artean igarotzeko pasabide naturala. Gogoan izan dezagun, gainera, herrialde oso hori luzaro Nafarroako erresumarena izan zela, euskaldunez populatua, Villaváscones edo Valdevascones gisako toponimoek oraindik ongi gogoratzen duten bezala. Hortxe dago IX. mendean Gaztelako lehen kondea izan zen Fernán González-en omenez, 1250 inguruan idatzi zen poema ospetsuaren lekukotasuna ere: Estonzes era Castiella un pequeño rincón /era de castellanos Montes dOca mojón... Atapuerca ingurua jatorrizko konderri hartatik at gelditzen zela adieraziz. Bestalde, gauza frogatua da, Menéndez Pidalek edota Merino Urrutia errioxarrak aspaldian ongi azpimarratu zuenez, garai hartan eskualde osoan euskaraz mintzatzen zela, Galarde, Ezquerra, Urquiza eta Zalduendo, herri mugakideen leku-izenek argi erakusten digutenez.

Espero dut, etimologia honengatik inor ez haserretzea, eta are gutxiago, geure jatorrizko hizkuntzari orain arte zintzoki atxiki gatzaizkiolako, euskaldunok espainolik jatorrenak garela behin eta berriro errepikatzen digutenak, berek horregatik euskara aintzat hartu gabe segitzen duten arren.


(XABIER KINTANA URTIAGA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)



Xabier Kintanak erabili.com-en argitaratu dituen artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Arrepardo
2007-07-11 / 11:53 / Joxe Aranzabal

Aurreko batean, gure amak "arrepardo" izendatu zuen Elorrio gainean bueltaka zebilen hegazti bat, miruaren antzekoa. Ez nago seguru, baina ematen du hori ere hitz bikia izan daitekeela.

 
Zein txoriri?
2007-07-18 / 11:25 / Xabier Kintana

> Egia aitortuz, ez naiz ornitologian oso aditua, baina, diozunez, hegazti-izen horrek biki semantikoa izateko itxura osoa dauka. Ona litzateke, ahal izanez gero, zein txoriri esaten zaion zehaztea, behar den bezala, adibide gisa besterik ez bada ere, erabili ahal izateko.

Xabier Kintana

 
Arraipardo
2007-07-18 / 19:22 / Txipi Ormaetxea

Uste dut Joxe Aranzabalek aipatzen duen hegazti harrapari hori Orotariko Hiztegian datorren ARRAIPARDO dela. Beste aldaera batzuk ere entzunak ditut (airepardo...). Izagirrek badakar bere "El vocabulario vasco de Aranzazu-Oñate..." hiztegian, eta baita Elexpuruk ere bere "Bergara aldeko hiztegia"-n.

 
Saltacaballos, Saltacaballo, Zaldicaballo
2007-09-11 / 10:03 / Erramun Gerrikagoitia

Aurrekoa irakurririk gogoratu naiz nola hak Federiko Krutwig-ek esaten ohi zuen ze izan ahal zela horrelakoxea, hitz geminatua, Saltacaballos zein aurkitzen da ondoan hon Castro Urdiales, artean Castro eta Onton, biak gaurregun Kantabrian.

Saltacaballos (zaldi + caballo), erantsirik lukeela atzean s plurala. Zaldicaballo (salta + caballo)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus