Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Marmitakoan, tomatearekin, parrilan... ze gozo!

Marmitakoan, tomatearekin, parrilan... ze gozo!

2007-07-06 / 08:30 / Asier Larrinaga Larrazabal - EiTB   HIZKUNTZA

Ekainaren hamaikan deskargatu zituzten aurtengo lehen atunak gure portuetan, Hondarribian eta Getarian, hain zuzen. Berria arin zabaldu zen, arrantza-kanpaina oparo bat iragarriz. Horrekin batera, nahaste terminologiko txiki bat gertatu zen, argitzea komeni dena, atuna hainbeste bider aipatzen baitugu albistegietan.

<b><i>Thunnus</i> generoa</b>

Thunnus generoa

«Atun», hiztegietan datorrenaren arabera, Thunnus generoko arrainei deitzeko erabiltzen dugun izena da. Horrek esan nahi du atun espezie bat baino gehiago dagoela.

Atunak itsas arrain handiak dira, bi metrotik gorakoak askotan. Bizkarraldea beltz urdinxka dute, eta sabelaldea, gris zilarkara. Atun espezieak hegatsen luzeragatik eta koloreagatik bereizten dira, besteak beste. Euskarazko izen arruntek horixe ematen dute aditzera: hegaluzea, hegalaburra...

Hegaluzea

Teknikoki Thunnus alalunga esaten zaio. Beste atunek baino haragi zuriagoa dauka, eta tamainaz apur bat txikiagoa izaten da.

Hegaluzea atunik estimatuena da gure mahaietan. Kontserban saltzen denean, «atunzuri» esaten zaio.

Hegalaburra

Teknikoki Thunnus thynnus esaten zaio. Ale erraldoiak oso preziatuak dira Japonian sushia egiteko.

Euskaraz «zimarroi» ere deitzen da, eta, kontserban saltzen denean, «atungorri». Inon «hegamotz» ere esaten diote, baina izen horri ez litzaioke biderik egin behar kazetarien testuetan.

Hegal-horia

Izen zientifikoa Thunnus albacares da. Bizkarraldeko hegatsak kolore horia dauka. Oso erabilia da kontserbarako. Latan doanean, «atun argi» esaten zaio.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus