Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ordenagailua euskaraz erabili

Ordenagailua euskaraz erabili

2007-06-28 / 07:00 / Josu Waliño   INFORMATIKA

Urteak dira sistema eragile eta aplikazio nagusiak euskaraz daudela, baina, oraindik, jende askok ez ditu erabiltzen, aldaketarako beldurragatik batzuetan, edo programen euskarazko bertsioak nola eskuratu ez dakitelako besteetan. Gaur egun, ordea, egunero erabiltzen diren aplikazio nagusiak euskaraz eskuratu daitezke; inolako arazorik gabe eta doan, gainera.

Software-lokalizazioak euskaraz

Software-lokalizazioak euskaraz

Ez da atzoko kontua softwarea euskaratzearena. Windows95 ere euskaratu zuten bere garaian, eta, harrezkero, Windows98 eta XP ere itzuli dituzte. Laster Windows Vista izango da kalean, baina, horiez gain, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, software ugari euskaratu dituzte: Linux bertsio batzuk, Microsoft Office eta OpenOffice, Panda antibirusa eta abar. Badira urte batzuk Eusko Jaurlaritzak Euskadi.net web gunean euskarazko softwarea eskuratzeko txoko bat erabilgarri jarri zuela, eta handik deskarga daitezke urte hauetan euskaratu diren aplikazio gehienak; baita bestelako laguntza-tresna batzuk ere.

Nolanahi ere, gizarte-eragileek ere egin dute lan arlo honetan. Esaterako, hainbat taldek -Librezale da horietako bat- softwarea euskaraz egotearen aldeko lan ugari egin dute, Firefox, Thunderbird, eta software libreko beste hainbat programa itzuli dituzte, eta egunean mantentzen dituzte bertsio-berritze guztiak.

Euskaraz dagoen software guztia UEUk dauka behar bezala sailkatuta eta eguneratuta Euskarazko Software Katalogoan. Webgune horretan, euskaraz dagoen software guztia kontsulta daiteke, eta nola eskuratu ere azaltzen da.

Sistema eragileak

Ordenagailua piztu orduko oinarri duguna sistema eragilea izanik, hori euskaraz egotea ezinbestekoa da. Gnome eta KDE euskaraz daudenetik, Linux-banaketa gehienetan dago sistema eragilea euskaraz instalatzeko aukera. Dena den, berariaz euskaraz garatutako Linux-banaketa bat instalatu nahi izanez gero, hainbat aukera daude: Eusko Jaurlaritzak argitaratutako EusLinux edo Eskola Diozesiarrek argitaratutako Dinux, besteak beste.

Windows erabiltzen dutenentzat ez da zailagoa euskaraz jartzea. Esan bezala, Windows 95etik dator Microsoft-en sistema eragilea euskaratzeko ohitura, eta orain arte ez bada behar bezala zabaldu, banaketa-politikagatik izan dela esan daiteke. Baina, gaur egun, euskarazko Windows Internetetik eskuratu daiteke, doan eta erraz. Microsoft-ek LIP izeneko paketeak garatu ditu, bere aplikazioak hizkuntza txikietarako erabilgarri egon daitezen. LIP horiek hizkuntza nagusi baten gainean instalatzen dira, eta jatorrizko sistema itzultzen dute. Esaterako, gaztelaniazko Windows-en gainean instalatzen da euskarazko bertsioa, eta edozein unetan desinstala daiteke, jatorrizko bertsiora itzuli nahi izanez gero, arazorik gabe. Windows XP euskaratzeko, Internetetik doan eskuratu daiteke Windows Basque LIP izeneko aplikazioa, eta, hori instalatuta, sistema eragilea berehala agertuko da euskaraz.

Ofimatika eta idazten laguntzeko tresnak

Behin sistema eragilea euskaraz izanda, ofimatika-aplikazioak euskaraz jartzea da bigarren urratsa. Software librearen aldeko apustua eginda, OpenOffice -ren azken bertsioa euskaraz eskuratu daiteke jada. OpenOffice software libreko ofimatika-paketea da, Microsoft-en Officen parekoa, eta erabat doan da. OpenOfficek, gainera, aukera ematen du aldi berean hizkuntza-pakete bat baino gehiago instalatuta izateko, eta, beraz, erabiltzaileak une oro aukeratu dezake zein hizkuntzatan erabili nahi duen aplikazioa.

Microsoft Office erabiltzea nahiago dutenek euskaraz egiteko arazorik ez dute. Windows-en kasuan bezala, Microsoft Office 2003k ere badu bere LIP paketea, eta hori ere gaztelaniazko bertsioaren gainean instalatzen da. Internetetik eskuratzen da doan, eta edozein unetan desinstala daiteke jatorriz instalatuta dagoen Office-ri eragozpenik sortu gabe. Kasu horretan ere, erabiltzaileak badu aukera aplikazioa gaztelaniaz edo euskaraz erabili nahi duen aukeratzeko.

Office-ren zein OpenOffice-ren erabiltzaileentzat, euskaraz idazten laguntzeko tresna erabilgarriak daude Interneten. Ezagunena eta erabiliena Xuxen da, euskarazko zuzentzaile ortografikoa. Baina, zuzentzaile ortografikoaz gain, Microsoft Office-n integratzen diren doako hiztegiak ere badaude Interneten, esaterako, Elhuyar euskara-gaztelania hiztegi txikia, Elhuyar euskara-frantsesa hiztegia eta baita UZEIren sinonimoen hiztegia ere.

Internet eta posta elektronikoa

Behin sistema eragilea eta ofimatika-aplikazioak euskaraz izanda, esan daiteke ordenagailuaren oinarria euskaraz dagoela. Azken urratsa falta da, ordea: Internet. Windows-en kasuan, sistema eragilea euskaraz jartzean Internet Explorer ere euskaratzen da, baita Outlook Express ere. Dena den, gaur egun Interneteko nabigatzaile onena Firefox dela esan daiteke. Eta hori ere eskuratu daiteke euskaraz, Windows, Linux zein Macintosh-eko bertsioetan. Firefox-ek dituen gehigarrien webgunea ere euskaratuta dago, eta badira euskaraz garatutako hainbat gehigarri, hiztegien kontsulta errazten duen EuskalBar ezaguna, esaterako.

Posta elektronikoaren kasuan, beste hainbeste esan daiteke Mozilla Thunderbird posta-bezeroari buruz. Posta elektronikorako aplikazio hori erabat euskaratuta dago, eta, doakoa izateaz gain, gaur egun dagoen posta-bezerorik onenetarikoa dela esan daiteke. Microsoft Outlook erabiltzera ohituta daudenek faltan emango dituzte akaso hainbat funtzionalitate —agenda, esate baterako—, baina horrelakoak gehitzeko aukera ematen du Thunderbird-ek, gehigarrien bitartez, eta euskaraz horiek ere.

Aisialdia ere bai

Ordenagailuarekin euskaraz ere jolastu daitekeela ez ahaztu! Azken urteotan maila oneko produktuak ari dira kaleratzen, bereziki Ikastolen Elkartea eta Elhuyar Fundazioaren eskutik. Horren adibide da Elhuyar Fundazioak oraintxe kaleratu berri duen KAO Sumendiko sekretua euskarazko bideo-jokoa, abenturetakoa, 10 urtetik aurrerako gaztetxoentzat.


(JOSU WALIÑO PIZARRO Elhuyar Fundazioko proiektu zuzendaria da)

  • Artikulu hau Berrian argitaratu zen lehenbizi, 2007-06-20an.


Gai honekin lotutako artikuluak, Josu Waliñok eta Ibon Aizpuruak idatzitakoak, Zibergela izeneko blogean biltzen dira.


Artikuluaren oinarria Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako hitzaldi praktiko bat da, 2007ko maiatzaren 24an emandakoa. Han banatutako apunteak PDF formatuan ikus ditzakezue HEMEN.


Inprimatu


Erantzun

 
Windows sistemaren trakeskeriak euskararekin
2007-07-05 / 12:14 / andoni.sanz@gmail.com

Egunon:

Informatikaria naiz ogibidez, eta euskaltzale porrokatua. Google, Utorrent eta beste hainbat sistema euskaratzen dihardut nire denbora librean, hain zuzen ere, euskararen presentzia Interneten bermatzeari erabat garrantzitsua irizten diodalako.

Aldiz, badira oztopo zenbatsu hizkuntza-paketeei dagokienez, eta, orain aste batzuk, bulegoan gorriak ikusi nituen akats bati irtenbidea bilatu ahal izateko. Izan ere, Windows XP-ren euskarazko paketea ezarri nion garapen informatikoa egiteko erabiltzen dugun ordenagailu bati. Hasiera batean dena fin zebilela ematen zuen, baina, halako batean, programa batek funtzionatzeari utzi egin zion.

Teknikokeriak aparte, sistema barruan web-zerbitzaria zebilen lanean (J2EE teknologiakoa), eta kanpoko Oracle datu-baseko beste zerbitzari batekin ari zen datuak elkartrukatzen. Paketea ezarri eta komunikazioa eten egin zen.

Hamaikatxo ordu eman nituen kabalak egiten. Hau dela, hori izan daitekeela, hura izan litekeela. Alferrik. Sitema-sailarekin harremanetan jarri, eta gertatutakoa kontatu ostean paketea izan zitekeela aipatu zidaten. Nola, baina? Bete-betean asmatu zuten, ordea.

Paketea euskarazkoa izango da, baina kodeketa espainiarra da. Gertatutakoa? Nonbait, sistema nahastu egin zela. Alde batetik hizkuntza bat, bestaldetik hizkuntza horrekin bat ez zetorren kodeketa (Espainiakoa, alegia). Horrexegatik eten egin zen komunikazioa. Java lengoaiak erabiliriko liburutegiak nahastu egin ziren, protokoloa erabat zapuztuz.

Irtenbide bakarra izan nuen: hizkuntza lehengoratzea. Bi ondorio izan nituen: alde batetik, Windows sistema traketsa dela; eta, bestaldetik, euskarak, hizkuntza bezala, gaztelaniatik urrun egon behar duela bere kodeketa propioarekin.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus