Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Pedagogoa Batzar Nagusietan. Hizkuntzen azterbideak, Iturriagaren argitan

Pedagogoa Batzar Nagusietan. Hizkuntzen azterbideak, Iturriagaren argitan

2007-06-08 / 09:00 / Mikel Zalbide   BESTELAKOAK

Mikel Zalbide euskaltzain osoak 2007-6-2an Donostian irakurri zuen sarrera-hitzaldia oso-osorik daukazue jarraian.

Aldun nagusi jauna, agintari agurgarriok, euskaltzainburu jauna eta euskaltzain-kideok, etxeko eta familiarteko senide maiteok, aspaldiko eta lanbidezko lagun preziatuok, jaun-andreok: egun on digula guztioi.

Atseginez nator zuengana. Atsegin handiz eta begitarte arraiz. Euskaltzain-kideoi eta entzule guztioi zor dizuedan hitzaldia eskaintzeko eguna iritsi da azkenik. Eginbidea aurre-aurrean izanik, atsegina izan ohi da aurrez emandako hitza behingoz bete ahal izatea. Atsegin berezia dut, horrezaz gainera, aspalditxoan buruan darabildan gai bati heldu ahal izateaz. Hizkuntzaren beraren gibel-erraiak alde batera utzita, hizkuntza-soziologiari eta ele biko hezkuntzari helduko diogu gaurkoan. Euskalgintzaren alorrean bide-urratzaile izandako hernaniar handi bat aztertzen saiatzeko aukera dugu gaurkoan: Agustin Iturriaga.

Kezka-beldurrez eta lotsa apur batez nator, halere, zuen artera. Burutik kendu ezinik nabil, ekitaldi eder hau gehiegizko aitortza dela nire merezimendu ahulentzat. Norberak jakin ohi du ongien, barne-muinen bakardade isilean, bere hutsegiteen eta ahulezien berri. Jakite horrek eragina duzue nire kezka-beldurra. Horrek bakarrik ez: hitzaldiari hain entzule adituen aurrean behar duien tornuia ematen asmatuko ote dudan ez jakiteak, horrek ere lotsa ematen dit noski. Bide bakarra izan ohi da, nolanahi ere, lotsa-beldur horiek uxatzeko: lanari ekitea. Eskerrik asko beraz, eskaini didazuen aukera paregabe honengatik, eta natorren harira.

Gaiari heldu aurretik esker onezko aitormen bi egin nahi ditut berariaz, labur-labur izango bada ere(1). Eskerrak eman nahi dizkiot, batetik, Henrike Knörr euskaltzain eta adiskideari. Azken urteotako gizarte-giro zurrunbilotsuan, bestetarako tentaziorik falta izan ez denean ere, gizalegezko jokabide garbia aldarrikatu izan du Henrikek, hitzez eta egitez. Zenbaiten ustean kazetaritzazko artikulu xume diren bere gogoetak, hori dela medio, gizabidezko jarrera zabal baten lekuko irmo ditugu: ur bizia bezain beharrezkoa dugu, nire ustez, gogoeta horietariko asko. Elkar hartuzko lan-giroan jarduteko gonbita izan ohi da, askotan, bere mezua. Gure etorkizuna, hizkuntza eta kultura kontuei dagokienean ere, errespetuz eta buru argiz oratu nahia. Atsegin gertatzen zait, zeharo, Henrikeren ikuspegi eta jokamolde hori. Horregatik, eta beste hainbat motiborengatik, poz ematen dit bere erantzunaz aurkeztu ahal izatea zuengana. Eskerrik asko, Henrike, nire sarrera-hitzaldi honi erantzuna ematea zeure gain hartu zenuelako, bi aldiz pentsatu gabe, joan den otsailean-edo hala eskatu nizunean. Eta esker mila anitz, adiskide, unerik deserosoenean erantzun-idazkia prestatzeko astia hartzen, eta benetako adorea azaltzen, jakin duzulako. Sutan jartzean jakiten da, eltzea nolakoa den: hala erakutsi zigun Xenpelar handiak. Halaxe diot nik ere, Henrikerenganako esker onez.

Eskerrak ematerakoan oso gogoan izan nahi nuke, bestetik, gure guztion Patxi Altuna. Bere ordez sartua naiz Euskaltzaindian, dakizuenez, eta ohore handia da hori niretzat. Azpeitiar argia orain urte t’erdi joana bada ere, gure artean dugu gaur Manuel Altuna, Patxi zenaren anaia. Eskerrak eman nahi dizkizut, Manuel, gaurko ekitaldi honetara etorri izanagatik. Hitz bi esan nahi nituzke, zuen guztion baimenaz, Patxi Altunaren alde. Maisuarenganako begiruneak narama gorazarre xume hau egitera. Euskarazko alfabetatze kontuan, aditz-jokoaren ezagutzan bereziki, Patxiren zordun naiz ni inoren zordun izatekotan. Orain ahaztu samarrik dagoen bere liburu bat (Euskal Aditza) izan nuen nik, artean hogei urte bete gabea nintzelarik, aditz-jokoaren alorreko bide-erakusle. Euskal aditzaren egitura nagusiaz, bere atalez eta barne-joskeraz, Patxiri eskerrak dakit orain ere, dakidan gehiena. Gauzak argi eta taxuz azaltzen zekien Patxik. Pedagogo trebea genuen bera, ikertzaile zorrotz izateaz gainera.

Euskara ikasteko metodoen alorrean ere trebetasun handia erakutsi zuen Patxik. Ez dut inoiz ahaztuko bere Euskera Hire Laguna. Metodo haren bidez euskaldundu zen gure arteko hainbat erdaldun. Hori bakarrik ez: etxetik nola-halako euskaldun ginenok alfabetatzen hasteko ere, ez zen lagungarri eskasa gertatu. Metodo hura zela medio hasi nintzen ni, artean euskaraz ia alfabetatu gabe nengoelarik, ikasle erdaldunak euskalduntzen. Ondo gogoan dut noiz eta nola hasi nintzen, ikaskideei euskara-klaseak ematen. Klaseak ematen eta, hori eginaz, neure burua euskaraz alfabetatzen. Bide-erakusle izana dut beraz, alde horretatik ere, Kanpaxa handia, eta halaxe aitortzen dut gaurkoan, esker onez eta atsegin handiz.

Esker onezkoak aitorturik, gatozen harira. Iturriaga dugu, ondo dakizuenez, gaurko protagonista. Agustin Iturriaga edo, bataio-agiriari hitzez hitz helduta, izenez Agustin Ignacio María eta apeliduz Pascual Ugalde Iturriaga Amitesarobe(2). Hiru ponte-izenetatik bakarra erabili zuen berak normalean, eta bakar horretaz da orain ere ezaguna: Agustin. Apelidu kontuan, aldiz, gauzak ez daude argi: izatez eta jaiotza-agiriz Pascual zuen Agustinek lehen abizena. Iturriaga hori ez zuen ez lehenengoa eta ez bigarrena, hirugarrena baizik. Euskal literaturan, ordea, Pascual Iturriaga edo Iturriaga esan izan zaio, aspaldidanik, Agustini. Amaren Ugalde deitura oso goiz galdu zuen(3). Gero, une batetik aurrera, aitaren Pascual ere galduz joan zen. Agian ez bere erabakiz, edo berak hala nahita, baina hala gertatu zen hainbat dokumentutan(4). Nolanahi ere, 1851ko bere heriotza-agirian Agustin Iturriaga esaten zaio huts-hutsik: ez aitaren Pascual apelidurik aipatzen da bertan, eta ez amaren Ugalderik. Geroztikako idazle askok, gehienek(5) agian baina ez guztiek(6), horrela deitu izan diote: Agustin Iturriaga(7). Nik ere horrela jokatuko dut gaurkoan.

Bazuten kidetasunik Agustin Iturriagak eta Patxi Altunak. Apaiz genituen biak; apaiz eta irakasle. Pedagogo ona izateagatik dugu Iturriaga batez ere ezagun(8). Antz handia du Hernaniko benefiziaduak, horretan ere, Patxi Altunarekin. Hiztun ederrak ziren biak: hiztun ederrak eta ikasketa-lanera emanak, zeharo. Bide beretik zebiltzan, beraz, honetan eta hartan.

Ez dugu esango, haatik, hernaniarra eta azpeitiarra denean bat zetozenik. Ezin esan liteke, bereziki, gizarte-iritzietan gogaide zirenik erabat. Ez da harritzekoa: jaiotzaz eta bizialdiz mende t’erdiko aldea dute elkarren artean, eta horrek berak muga sendoa ezartzen du. Kasu honetan badago, gainera, gehigarrizko motiborik, halako kidetasun estu-esturik ezin aurkitu ahal izateko. XIX. mendeko bi iritzi-joera handietako batetik, pentsaera ilustratu-liberaletik, zetorren Iturriaga: hori zuen etxeko giroan eta lagunarte jasoan gidari, eta bide horri eutsi zion, bere gorabeherekin, bizi izan zen artean(9). Euskaldunon artean hain indartsu izandako beste pentsabide nagusitik, tradizio-zaletasunetik, zetorren Patxi. Hain iturri diferenteetatik edandakoak izanik ere bata eta bestea, begirune osoa eta errespetu handia zion azpeitiarrak hernaniarrari. Estimu handitan zuen Patxik Agustin. Hain zuen gogoko non, Iturriagaren berrargitaratzaile eta sarreragile izan zen. Berak prestatu zuen, orain dela hogei urte, Iturriagaren Dialogo-jolasen argitalpena(10). Badu horrek ere zer erakutsia, bien arteko kidetasunak zehazterakoan. Patxiren interes handi horrek berekin du, nire ustez, Iturriagaren esan-eginak zehatzago ezagutzeko gogoa eta bere pentsaera hobeto entenditu nahia.

Banuen nik ere, atrebentzia onartzen bazait, Iturriaga ilustratu-liberala hurbilagotik ezagutzeko eta bere ibilerak xeheago entenditzeko gogoa. Esango dizuet zergatik. Etxetik jasoa dut umetan, beste askoren moduan, apaiz-jendea eta gizarte-aurrerakuntza bateragaitzak direlako ikusmoldea. Aitak esango zukeenez, "Lapitzak ez dik artorik ematen, Zalbide!" Zenbat aldiz entzun ote genion aitari etxean, bere gaxtetako gertaerak aipatzen zituenean, esaldi hori gogoratzen. Aitak herriko apaizarekin egin nonbait topo, Hernaniko kalean, eta honek zorrotz galdetu: "nora hoa, Zalbide?" Baita berak ere, erdi-lotsaz, erantzun: "gau-eskolara, jauna, regla-de-tresa eta aritmetika gehixeago ikasiko ote degun". Apaiz jaunaren epaia, berriz, ozena bezain etsia: "Zertan ari haiz gero, baserriko lanak alde batera utzita? Ez al dakik lapitzak ez duela artorik ematen?"

Aspaldiko kontuak dira horiek: Primo de Rivera-ren garaikoak, oker ez banago(11). Aspaldikoak izanik ere, beti gorde izan ditut gogoan. Aitaz akordatzen naizen bakoitzean, bere uste-sinesmenak, amets-gorrotoak eta jokaera entenditzen eta gure gizarte honen eten-urratze sakonetan kokatzen ahalegintzen naizen bakoitzean, ezin alboratu izan dut Hernaniko apaizaren ateraldi hura. Berekin daraman mundu-ikuskera hertsia garrantzitsua da, nolanahi ere, gure lehena entenditzeko. Baserriko semea baserritar izateko jaioa zen, ez bestetarako, eta hartarako ez zuen kultura idatziaren behar handirik.

Alfonso Maria Zabala, ipuin- eta antzerki-idazle ezaguna, Hernaniko erretore izana zela jakin nuen halako batean, Kizkitzaren Ereintza irakurriz. Baita neure buruari galdetu ere, ez ote zen bera izango aitari kargu hartu ziona(12). Laster ikusi nuen, ordea, oker nenbilela: 1901etik aurrera Hernaniko erretore izana zen Zabala. Gure aitak, 14an jaioa izaki, ezaguna izango zuen beraz, umetan. 1919an hil zen ordea Alfonso Maria, Donostiako zenbait gazterentzat hainbat antzerki-lan irri-eragile prestatu ondoan. Ateraldi hura ezin zen, hortaz, berea izan. Apaiz hura nor zen jakitea, hori da gutxiena. Bestea da garrantzitsua: Gipuzkoan orain dela laurogei bat urte gertatzen ari zen gizarte-aldaketa begien bistan izan, eta horren aurrean lehenari loturik, beti-bateko ordena zaharrean estekaturik, geratu izana. Horrexek sortua zidan niri, nolanahi ere, lehenaldiari iltzaturiko apaiz-prototipoaren irudia. Irudi hura zela medio, Hernaniko herria eta bertako apaizak loturik nituen gogoan.

Lotura hura eten egin zitzaidan, euskal kontuen berri izaten hasi eta Agustin Iturriagarekin topo egin nuenean. Hernaniarra genuen hau ere, eta apaiz. Iturriaga ezin nezakeen, ordea, arto-lapitzen pasadizo harekin uztartu. Oso urruti zegoen Agustin, aitagandik iritsitako apaiz-prototipoaren iruditik: justu beste punta-muturrean. Agustinen eta beste apaiz-idazle batzuen bizia arakatzen hasi, eta besterik ere ikusi nuen: denetik zegoela hor ere(13). Historiak beti aurrera egiten duela pentsatzen ohiturik gaudelarik, horra non, Hernanin behintzat, itxuraz atzera egin zuen. Iturriagaren biziak bazuen beraz, pedagogo gisa diogun itzalaz gainera, bestelako interesik ere. Hori guztia nuen hortaz, Iturriaga arakatuz eta biografia orori zor zaion begirunez, argitu beharrekoa.

I.- Iturriaga eta bere garaia

Askotan aipatzen dira Iturriagaren nortasun-printzak. Ondotxoz gutxiagotan saiatu izan gara, ordea, gizona bere gizarte-giroan txertatzen. Beharrezkoa da bigarren hori ere, biografiari bere zukua aterako bazaio. Beharrezkoa da hori biografia gehienetan eta, ene ustez, ezinbestekoa dugu Pascual Iturriagarenean(14).

Aldaketa sakon eta bizkorren garaian bizi izatea suertatu zitzaion Agustini. Lau gerra-aldi bizi izandakoa dugu Iturriaga: Konbentziokoa lehenik (1793-95); Independentziako gerra (gure artean Frantsestea esan izan dena) gero (1808-13); "Trienio Liberal-konstituzional"-ean (1820tik 23ra) erregezaleek egindako altxamendua hurrena; eta, azkenik, gure herriaren historia hain sakon markatu duen Karlistada: Lehen Karlistada (1833-39). Hamasei urte luze bizi izan zen Agustin, era batera edo bestera, ekintza armatuen erdian(15).

Aurrez aurreko gatazka-giro hori ez zuen, gainera, plano militarrean bakarrik bizi izan. Antzera gertatu zitzaion beste hainbat sailetan ere. Alor instituzionalean, batetik: mendeetako foru-sistema jatorra arrailtzen, ahultzen eta, partez, desegiten ikusi zuen bere bizi-denboran. Antzera gertatu zitzaion, ekonomian eta teknologian ere: burdingintza-molde zaharra gainbehera larrian erortzen ikusi zuen, itsas merkataritzaren txepelaldi sakona oso gertutik bizi izan zuen, eta Donostia(16) erre eta kiskali egin zen erabat. Aldaketa handiak eta gogorrak, belaunaldi bakarrean.

Guztia ez zen gainbehera izan. Enpresa-molde berriak sortzen hasi ziren han-hemen, bide asko berritu edo zabaldu zen, eta abar. Antzera gertatu zen plano soziokulturalean ere: aldakuntza nabarmenak agertu ziren janzkera-orrazkeretan, dantza-musiketan, ezkontza-ohituretan eta gizabidezko arau nagusietan. Baita erlijio-sinesmenari eta eliz kontuei zegozkienetan ere. Fraideen esklaustrazioak eta desamortizazioak, baita apaiz liberalen ibilera berezia ere, zurrunbilo horren osagai nagusi izan ziren. Horiek guztiak, eta ondotxoz gehiago, ikustea eta nozitzea tokatu zitzaion Iturriagari.

Hori bakarrik ez: aldaketa batzuetan, testigu ez ezik eragile ere izan zen bera. Iturriagaren izaerak berak bazukeen horretan bere eragina. Ekintza-gizona zen hernaniarra, bete-betean. Aldaketa-giro bortitz hark eta Agustinen ekintzarako joerak esplikatzen dute, hainbatean, Iturriagaren biografia: horren guztiaren argitan ulertu behar dira hizkuntza alorreko bere esan-eginak(17).


I.1.- Gizonaren zenbait ezaugarri

1778an jaio zen Agustin, Hernanin, eta herri berean hil zen handik 73 urtera, 1851n. Etxe onekoa zen Agustin: "zezakeen jendea" ziren Pascual Iturriagatarrak(18). Zezaketenak eta, herrian zein Probintzian, zezakeen jendearekin harreman estua zutenak(19). Iturriagatarren lanbide nagusiek horren berri ematen dute, halako neurri batean(20).

Gizon apala zen: buruan ez zeukan harrokeria handirik(21). Ez zen diruzale amorratua ere. Hitzez eta egitez, pobreen maitale zela esan izan da(22). Bere eskutitzetan ere, erraz da Iturriagaren hurkoarenganako esku-zabaltasuna eta zinezko gizalegea antzematen(23).

Hiztun ederra, alaia eta jakituria handikoa zen Agustin. Jakintsua izateaz gainera, zekiena oso ondo erakusten zuena(24). Hernaniko eta Donostiako lagunarte jasoan ere gizon atsegin eta alaia zen Iturriaga(25). Hizketarako atsegina eta gogoetalaria(26).

Izaeraz ez zen odol-beroa. Bere hitzetan esanik, "berotasunak eta errabiak ez dute beiñere gauza iraunkorrik egiten". Buru-hotza eta kalkulatzailea zen, ordea, kontu grabeetan: gizakion desio-irriken eta ahuldadeen jakitun, eta muga horiekin jokatzen ohitua. Apala izanik ere apalekin, bazekien bere ustez kontrako bidean aurrera samar zebiltzanei gogor egiten: beldur emateko neurrian ere bai, inoiz(27). Horrekin batera, gizarte hobea eraikitzeko esperantza ilustratuaren seme genuen Agustin. Aurrera begirako itxaropen horrek indar berezia zuen bere baitan. Konbentzitua zegoen hernaniarra, esperantzari eskerrak eskuratzen duela gizonak bere goi-maila, itxaropen horren bidez erdiesten duela bere izaera betea. Aitortu ere horrelaxe aitortu zion, behin batean, bere lagun Iztuetari: "Esperantzak gizona bizi du; ken bekio esperantza eta da kriaturarik kupigarriena".

Azkenik, euskaltzale zen gure Agustin. Euskaltzale porrokatua, batzuen ustez(28). Aski berezia, beste zenbaiten iritzian. Baina euskaltzalea, guztien esanean. Bide batez, eta hitzak hizpidea emanik, galdera bat egin nahi nuke hemen, guztion aurrean eta gero esango ditugun kontuen argigarri: zer da, funtsaren funtsean, euskaltzale izatea? Zer da euskaltzaletasuna? Hitzaren axalera bagoaz erraza genuke, Orotariko Euskal Hiztegia lagun, bere agerpen goiztiarrena kokatzea: Iturriagaren lagun Iztuetak erabilia da lehenengoz, itxuraz, idatziz. Erraza genuke, era berean, bere jendarteko eztanda eta zabalkundea egiaztatzea: Azkueren 1897tik 99ra arteko Euskalzale aldizkaria izan genuen, noski, hedapen zabala eman ziona. Aurrez aurreko definiziorik ematen ez bazaigu ere lehen agerpen haietan, ezaugarri zehatzez hornitua agertzen da hitza hasiera-hasieratik: euskararen alde, ez kontra, dagoen jendea dugu, batetik, euskaltzalea: hitzez eta egitez hizkuntza bizirik ateratzen eta indarberritzen saiatzen dena. Hitzez eta idatziz euskara garbian egiten saiatzen dira, bestetik, euskaltzale gehienak(29).

Gatozen gurera, eta egin dezagun proba. Saiatu al zen Iturriaga euskara indarberritzen? Bai, ahalegin bizian eta ondo jakinaren gainean saiatu zen horretan, aurrerago ikusiko dugunez. Saiatu al zen euskara, idatzizko lanetan bereziki, mordoiloegi ez erabiltzen? Horretan ere saiatu zen, nahiz eta eragozpenik falta izan ez, gero ikusiko dugunez. Ez dago dudarik, hortaz: aski neurri zabalean bete zituen Iturriagak baldintza biak. Euskaltzale argi eta goiztiartzat hartzekoa dugu, beraz, Hernaniko benefiziadua.


I.2.- Harreman-sarea: lagunak, ezagunak eta etsaiak

Geure baitarik eman ohi dugu gizakiok, duguna eta dezakeguna. Egia da hori, baina ez egia osoa. Biltzen gaituen gizarte-giro zabalak eta inguruan dugun lagunarteak ere garrantzi handia dute, gure esan-eginetan. Hala gertatzen zaigu egungo gizakioi, lautatik hirutan, eta halatsu izango zen Iturriagaren garaian ere. Saia gaitezen, beraz, Agustinen berezko ezaugarriez gainera bere harreman-sarea kontuan izaten(30). Zer lagunarte zuen Iturriagak?

Bazuen Agustinek, batetik, lagunarte jasoa, goi-mailakoa, nahi izanik ere gipuzkoar gutxik izan zezakeen modukoa. Gipuzkoako jende ikasiarekin, Hernaniko eta Donostialdeko jende ilustratu eta, oro har, liberal famakoarekin bildu ohi zen sarri Agustin(31). Gipuzkoako gizarte-hierarkian goi-mailan zegoen jendea biltzen zen Hernaniko eta Donostiako bilera horietara. Jende ikasia, ilustratua; gizartearen esparru instituzionalean, ekonomikoan edo kulturalean goi samarrean zegoena edo gorabidean zihoana: horrelakoak ziren bere solaskide jantziak, guztiak edo gehienak.

Iturriagaren lagunartea ez zen, ordea, jende ikasi eta goi-mailakoen alorrera mugatzen. Hizkuntzarekiko kezka bizia zuen Iturriagak: Hernaniko eta Donostiako bilera horietako kide gehienek baino biziagoa. Euskaltzale eragilea zen Agustin, eta bere moduko kezka-gogoak ageri zituzten gipuzkoar eta euskaldun gehiagorekin harreman estuak izan zituen. Goi-mailako bileren kontua beti aipatzen den bezala, beste kontu hau alde batera utzi izan da maiz. Iturriagaren nortasuna bere osoan aztertu nahi bada, ordea, bestelako harremanok ere oso kontuan izan behar ditugu. Deigarriak dira, alde horretatik, Juan Inazio Iztuetarekin(32) izandako harremanak, bai gutunez eta bai aurrez aurre. Aieteko parean, "Oriyamendiko gañean" egin ohi zituzten elkarrizketak, zenbaitetan behintzat(33). Euskara aurrera nola atera, hori izaten zen itxuraz "goi"-bilera horietako solasgai nagusia(34).

Lagunarte dotorea eta euskaltzale-taldexka bizia: horiek izan zituen bere harreman-sarearen oin biko oinarri. Horrezaz gainera, gauzak hobeto zehazte aldera, kontuan izatekoa da Iturriagak norekin harremanik izan ez zuen. Badirudi, horrela euskara kontuan aski aurrera zebiltzan Zarauzko frantziskotarrekin ez zuela Agustinek traturik izan: ez tratu handirik, behintzat. Konbentzioko gerra, Frantsestea eta Trienioko gertaerak zirela medio kontrako punta-muturretan suertatuko ziren, sarri, Zarauzko fraileak eta Hernaniko benefiziadua: Iturriaga liberal berritzaileen artean, eta besteak erregetiar absolutisten sailean. Horregatik izango da, seguruena, elkarren artean harreman handirik ez izatea(35). Badirudi, orobat, Tolosako Juan Inazio Mendizabal inprimatzailearekin eta Abandoko Jose Paulo Ulibarri euskaltzale bezain tradiziozale sutsuarekin ez zuela zuzeneko harremanik izan(36). Ideologiazko zati-banatzeek eragindakoa izan liteke, kasu horretan ere, Iturriagaren eta bere garaiko zenbait euskaltzaleren artean antzematen den distantzia hori.

Horietan guztietan badago, nolanahi ere, esplikaziorako oinarria. Harrigarriena, esplikazio argirik gabea, beste hau da: Luis Astigarragarekin ere ez zuela Iturriagak, itxuraz, harremanik izan. Hori bai dela harritzekoa. Biak gipuzkoar ezagun eta gailenak izaki; adinez ez hain diferenteak(37); pedagogo handiak biak: ikuspegi didaktikoz aski antzekoak, ele biko metodologiari dagokionean; biak ama-hizkuntzaren printzipioaren aldeko sutsu; biak eskola banaren sortzaile; biak euskaltzale zintzo eta saiatu; biak hizkuntza askoren jabe(38); biak ekintza-gizon eta biak liberal aurrerazale(39). Hori guztia pare-pareko izanik(40), zergatik ez da bien arteko harreman-izpirik inon ageri?

Gatozen, azkenik, Iturriagaren etsaietara. Horrelakorik ere askotxo izan zuen Iturriagak bere bizian. Ezagunenak, agian 1820-23 garaikoak. Eta denetan agiriena, jasotako datuak zuzenak baldin badira, Hernaniko "beste" irakaslea: Mariano Arizmendi(41). Etsai okerrenak badirudi, halere, paperetan ageri ez direnak, edota hala seinalaturik ez daudenak, izan zituela. Herrian bertan izan zituen, itxuraz, etsairik gogorrenak. Uste izatekoa da, apezpikuak herritik desterratu zuenean erabaki horren xaxatzaileak ez zebiltzala batere urruti. Iturriaga oso jakitun zen, bere muga horiena. Hortik eratorritako eragozpen larriak konformidadez hartzen ohitua zegoen, bestalde(42). Zuhurtziak hala agindurik, hori bai, isilik lan egitearen zale zen Agustin, zenbait egitekotan(43). Ondo eskarmentatua zegoen, inondik ere, jendearen ahotan ibiltzearen kalteez.


I.3.- Bizi-ibilera: aldiak eta gertaerak

Bost aldi nabarmen bereiz litezke Iturriagaren bizian: a) ikasle-garaia; b) apaiz- eta pedagogo-garaia; c) ikastetxea itxi eta karlistada artekoa; d) karlistada-garaia; eta e) azken hamar urteak. Ikus ditzagun bost aldiok, hurrenez hurren.

  • a) 1778-1805: Ikasle-garaia

    Hernanin izan zuen Agustinek, seguruenik, bere lehen eskola. Latin-ikasketa ere bai, itxura denez (Lasa, 1978: 124). Gero(44), apaiz-bidea aukeratu zuenean, Andoaingo seminario txikian egin zituen hartarako lehen ikasketak. Azkenik, Oñatiko Unibertsitatean matrikulatu zen 1797an goi-mailako estudioak egiteko(45). Han amaitu zituen apaiz-ikasketak (Lasa 1968: 130), 1804an edo 1805ean(46). Apaiz egin eta berehala, 1805ean, herrira itzuli zen eta Parrokiako benefiziadu izendatu zuten(47). Benefiziadu-lan horretan jardun zuen, gero esango diren gorabeherekin, 1851n hil arte.

  • b) 1805-1823: apaiz eta pedagogo

    1805 eta 1817 bitartean, zenbait urtez eta gotzainaren aginduei men eginez, apaiz- eta irakasle-lanean jardun zuen Iturriagak aldi berean (Alberdi, 1990: 2). Urte horietan irabazia (edo irabazten hasia) izan behar zuen Agustinek pedagogo onaren fama.

    1817an, gizarte-giroan aldarte politiko egokia izanik hartarako, bere anaia Cayetanorekin eta herriko maisu eta organo-jole Manuel Larrarterekin "casa de educación" edo ikastetxea zabaltzea pentsatu zuen Agustinek(48). Ikastetxe pribatua zen berea, herri-kaskoan lehendik zabaldurik zeuden beste biak(49) osatzera zetorrena(50). Tramite guztiak amaitu eta 1818an zabaldu zuen Iturriagak ofizialki, bere ikastetxea(51). Berritzailea zen ikastetxe hori, alde batetik baino gehiagotatik(52). Zigorra debekatua zegoen eskolan, eta ikasgai osagarriak eskaintzen ziren: kultura-giro osoan txertatuz erakusten ziren hizkuntzak, bere hutsean irakatsi ordez. Famatua egin zen ikastetxea, eta ikaslez gora egin zuen berehala. Hernanitik ez ezik Gipuzkoa osotik, eta are Nafarroatik, etortzen omen zitzaizkien ikasleak(53).

    Lan horretan hasi eta handik gutxira, Gipuzkoako eskoletan hizkuntza kontuan gaizki jokatzen zela konturatu zen Agustin: gaztelaniaz erakusten zitzaien irakurtzen, erdaraz ezer gutxi zekiten edo tutik ere ez zekiten umeei. Etxetik euskaldun izanik ikasle gehienak (eta horietariko asko elebakar), irakasle-lanak probetxu onik aterako bazuen alfabetatzea lehen-lehenik euskaraz egin behar zela ikusi zuen Iturriagak. Euskararenganako maitasun beroa baino motibo pragmatikoagoak izan ziren, beraz, Iturriaga sinesmen horretara eraman zutenak(54). Haurrek ez zuten, bere esanean, erdarazko ikasbideaz ezer asko ikasten. Hori ikusten zuen berak bere eskolan, behin eta berriro. Egoera hori hobetu nahirik ikasbide berria eratu nahi izan zuen, eskola-umeek ikasi beharrekoa (gaztelania eta beste hainbat ikasgai) errazago ikas zezaten. Ikasbide berritu horretarako ikasmaterial xumeren bat ere prestatzen hasia izan behar zuen, bere eskolan(55).

    1820an, Madrilen gobernu-moldea aldatu eta liberalek agintea eskuratu zuten. Eskola-sistema berritu nahian hasi ziren Probintziako agintari berriak. Eskola kontuan eredugarri zelakoan, Iturriagarekin akordatu ziren 1821ean eta beregana jo zuten. Eskola kontuetarako aholkulari hartu zuten berehala. Gehiago ere bai: Gipuzkoa osorako ikasmaterial egokiak presta zitzan eskatu zioten(56). Agustinek ontzat eman zuen eskea, 1821eko urte-amaieran(57). Handik berehala, bere apaiz- eta irakasle-lanak alde batera utzi gabe, Aldundi liberalaren enkarguz ikasmaterial elebidun egokiak sortzen hasi zen buru-belarri.

    Ez zuen luze iraun, ordea, kontuak. 1823an erori egin zen aginte liberal-konstituzionala, burrundara bizian, eta gauzak asko itsustu ziren Iturriagarentzat. Bai beretzat eta bai bere eskolarentzat. Hasteko, ikastetxea itxi edo itxiarazi egin zen kolpean. Bestetik, susmagarrien zerrendara pasa zen Agustin(58). Liberala edo liberal kutsukoa zela-eta, Hernaniko bere apaiz-postutik apartatua izan zen. Zestoako herrira bidali zuen eliz aginteak(59), eta han egon zen hainbat hilabetez(60). Hurrengo urtean Hernanira itzultzeko baimena lortu zuen, eta herrira etorri zen berehala(61). Istiluak ez zitzaizkion, ordea, hori eta horrenbestez amaitu. Herrira itzuli eta handik gutxira bere kontrako epaiketa hasi zen(62).

    Saiatu zen Iturriaga bere burua zuritzen. Kontu bat baino gehiago bere onera ekartzea ere lortu zuen. Ez erabat, ordea. 1824ko sententziak, izan ere, zera erabaki zuen: errege-indultuaren barruan gelditzen zela Iturriaga eta, beraz, 206 errealeko kostak ordainduta libre gelditzen zela eta bere apaiz-lanean jarrai zezakeela Hernanin. Baina debekatua zuela, handik aurrera, irakasle-lanean jardutea. Hori izan zuen Agustinek bere biziko kolperik larriena: 1823tik aurrera ez zuen Iturriagak irakasletzan jarraitu ahal izan(63). Bere anaia Cayetano saiatu zen beren ikastetxea izandakoa berriro martxan jartzen, Agustin gabe, baina alferrik. Ez zen horrela ere baimenik lortu, Hernanin eta Hernanitik kanpora hain entzute handia izandako ikastetxeari jarraipenik emateko(64).

  • c) 1823-1833: ikastetxea itxi eta Karlistada arteko garaia

    Tribunaleko kontuak pasa ondoren, bide berriari heldu behar izan zion Agustinek. Eskola emateari utzi egin behar izan zion, esan bezala(65). Hezkuntza-gaiekin kezkaturik jarraitu zuen ordea(66). Horiekin bakarrik ez: euskararen gizarte-egoerarekin, batez ere bere etorkizunarekin, gero eta kezkatuago agertu zen handik aurrera. Loturik ikusi zituen berak, une batetik aurrera, eskola-molde egokia eta euskararen bizia.

    Bere burua euskaraz janzten hasi zen. Erraz eta jator hitz egiten zuen Agustinek, itxura denez, baina ez zen euskaraz idazteko gai. Lan handia zeukan horretan egin beharra, eta berrogeita hamar urte inguru bazuen ordurako. Ez zen adinik egokiena, euskaraz alfabetatzen hasteko. Horretan hasi zen ordea, eta ez probetxurik gabe. Eskutitzak euskaraz, edota erdi erdaraz eta erdi euskaraz, idazten hasi zen Iztuetari. Konturatzen zen dorpe zebilela idatzizko jardun horretan, baina bazuen itxaropena bere burua ondo alfabetatzekoa. Iztuetari zera esaten zion, eskutitz batean: "Jaincoac naico du sartze (zahartze?) luce neque eta quezca gabeco bat berorri eman, eta neri bitarteco osasuna berorrequin batean dembora igaro dezadan zurdapillatzen cien (?) guztiz autzez (hautsez) eta sisas (sitsaz) beteric arquitzen degun gure jaiotzaco izcuntza. Asi naiz pisca bat au ezagutzen eta uste det denbora guchiren barrenen escribatuco diodala neque aundi gabe.” Denbora gutxian neke handirik gabe euskaraz eskribatzen jakitea espero zuen Iturriagak. Baikorregi jokatu zuen uste horretan(67). Iztuetaren eskua behar izan zuen gero ere, euskaraz idatzitakoa behar bezala orraztu eta dotoretzeko(68).

    Meza eman eta baratzea zaintzea ez zuen aski, itxuraz. Jauntxo-jende buru-jantziekin eta diruz edo aginpidez zezakeen jendearekin bilerak egiten segitu zuen, horrezaz gainera, Hernanin eta Donostian. Ez dirudi, ordea, epaiketaren ondorengo lehen urte horietan bederen, goi-mailako gizarte-bizitzan bereziki nabarmendu zenik. Iztuetarekin, berriz, gero eta harreman estuagoa izan zuen. Badirudi Karlistada aurreko urtealdi horretan euskaltzaletu zela, gogor euskaltzaletu ere, Iturriaga(69). Euskararen etorkizunaz kezkaturik zegoen: burua astintzen saiatzen zen, hizkuntza ahula indarberritzeko biderik egokiena zein izan zitekeen antzemateko.

    Une batez, 1830ean, deia jaso zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietatik. Zehatzago esanik, Batzar Nagusiek azken uztailean eratu berria zuten Sustapen-batzordetik. Euskara gainbehera zetorrela, zerbait egin beharra zegoela ikusten zutela Batzar Nagusietan, eta euskara indarberritzeko plan bat egitea erabaki zela. Plan hori idatzi eta aurkeztea eskatzen zitzaiola berari, Agustin Iturriagari(70). Ez zaio edonori horrelako eskaintza etortzen noiznahi. Are gutxiago konstituziozaleen lagun eta lankide izateagatik herritik desterratua eta irakasle-lanean jarduteko betiko indargabetua izandako bati. Aurreragoko puntu batean ikusiko ditugu Batzar Nagusien enkarguzko lanak, xeheago. Esan dezagun baiezkoa eman zuela Agustinek eta, Iztuetari garai horretan egindako idazki ugarien argitan, Batzar Nagusien enkargu horri erantzun nahirik joan zitzaizkiola Iturriagari bizpahiru urte. Iztuetarekin eskuz esku jardun zuen horretan. Horretantxe ari zen, 1833an Lehen Karlistada lehertu zenean. Han bukatu ziren, aldi baterako, Herri-aginteen enkarguak eta enkargu-ondoak.

  • d) 1833-39: Karlistada

    Gerra luzea eta gogorra izan zen Lehenengo Karlistada, 1833an hasi eta (gure artean) 1839an, Bergarako Besarkadaz, amaitu zena(71). Istilu haien artean ez zuten Agustinek, bere anaiek eta beste zenbaitek beren burua batere seguru ikusten. Hori dela-eta herritik alde egin zuten Agustin Iturriagak, anaia Cayetanok eta zenbait lankide zaharrek, 1834an: Donostiara joan ziren lehenik eta Agustinek Iparraldera jo zuen hurrengo urtean(72). Han egon zen bost bat urtez, harik eta 1840an Hernanira itzuli zen arte.

    Iparraldean izan zen artean, saio bat baino gehiago egin zen gerra lazgarri hari amaiera "adostu" bat bilatzeko. Muñagorri eskribauaren gidaritzaz, eta Madrilgo zein Londresko gobernuen babesez, "Paz y Fueros" mugimendua sortu zen. Iritzi deigarriak agertu zituen Muñagorrik: bere esanean, dinastia kontuak alde batera utzi eta geure burua zaindu behar genuen euskaldunok; beste interesen gainetik zeuden euskaldunon interesak; horretarako, berriz, bake on bat lortzea komeni zitzaigun lehenbailehen, karlista buruzagien interesak eta gureak ez omen zetozelako bat. Hala zioen Muñagorrik, besteak beste(73). Ideia horiek zabaltzen saiatu zen Berastegiko eskribaua, Iturriagatarren aspaldiko laguna. Bere ideia horien zabalkundean, publizitate-lanean, proklamez gainera pisu handia izan zuten euskal kantuek eta bertso-paperek(74). Muñagorriren aldeko bertso batzuen egilea Agustin Iturriaga izan zela uste da(75).

    Non bizi izan zen, Iparraldeko urte horietan? Badirudi hasieran, 1835etik aurrera, Hendaian bizi izan zela lehenik, Zuaznabartarrek bertan zuten etxean, (Ana Batistaren) kapilau moduan(76). Gero, Ana Batista hil ondoan eta Hernanira itzuli aurretik(77) Milafrangan bizi izan zen, Arrangoitzeko markesaren Larraldeko jauregian (Lasa, 1968; Alberdi, 1990: 4). Ana Batistaren iloba zen Arrangoitzeko Bernat, Iturriagaren hitzetan esanik "Iruburuko alkate, Baionako Batzarre andian esertzen dan Bernardo jauna". Larraldeko jauregi horretan ondu zituen Agustinek, azken ukitua behintzat hor eman zien Bernaten beraren laguntzaz, bere Fabula-ipuin famatuak(78).

  • e) 1840-51: Azken urteak

    Pozik hartu zuen Iturriagak, dakigun neurrian, gerra-amaieraren berria. Begi onez ikusten zuen Agustinek, Bergarako Besarkadak ustez berekin zekarren irtenbidea, Estatuaren goi-agintea eta euskal Probintzien burujabetza uztartzekoa(79). Ez dakigu Gipuzkoara, gerra amaitu ondoren, juxtu-juxtu noiz itzuli zen. Jakin badakigu 1840an Hernanin zela berriro(80). Etxeratu orduko lanean hasi zen. Orduan ere ez, ordea, herritar guztien gogo onez. Baten batek honela idatzia izan behar zion apezpikuari: "se ha presentado aqui ese hereje consumado, con el descaro que acostumbran los herejes" (Arozena 1952 in Altuna, 1987: 24). Urteetako odisea zurrunbilotsua zeraman gainean, eta ibilbide horrek faktura pasatzen zion. Herentzia horrekin kontatu beharko zuen, aurrerantzean ere.

    Eliz lanak egiteaz aparte bere ikasliburuak argitaratzen saiatu zen Iturriaga, herrira itzuli bezain azkar. Hamar bat urte lehenago, Batzar Nagusien enkarguz, prestatu zituen ikasliburuak argitaratzeari ekin zion buru-belarri(81). Ez zen lan erosoa. Batetik, baimen ofiziala behar zen horretarako, eta hori ez zen batere lan erraza(82). Bestetik, baimena izanik ere liburuak nork argitaratua behar zen. Hartarako astirik zukeen eta abentura horretan sartzeko prest zegokeen inprimategia behar zen. Jakin badakigu, liburuak Donostiako Baroja etxean argitaratzen saiatu zela Agustin, baina hirutik bat bakarrik lortu zuen horrela argitaratzea: Fabula-ipuinen liburua, euskal letretan fama eta oihartzun zabala eskainiko ziona. Beste biak, bai Arte de aprender la lengua castellana eta bai Dialogo-jolasak, bere kontura argitaratu behar izan zituen(83). Ideia ez zitzaion hain gaizki atera. Eskoletarako bi liburutxo, behintzat, lortu zuen Hernanin bere kontura argitaratzea: 1841an lehena, Artea; hurrengo urtean bigarrena, Dialogo-jolasak. Horrezaz gainera, bere Fabula-ipuinak argitaratu zizkion Donostiako Baroja etxeak 1842an. Urteetako lana horra, etxera itzuli eta berehalako batean, argitara emana azkenik. Bazuen, beraz, zertaz poztu.

    Baina-rik ere ez zitzaion falta izan, ordea. Hasteko, berak buruan zuen material-multzo osoaren zati bat, ez multzo osoa, argitaratu zen 1841ean eta 1842an. Aldiz 1830-31ko bere planean badakigu bi liburuxka horiezaz gainera besterik zuela buruan: "Seguirá a los dos libritos susodichos un compendio de gramática basco-castellana (...) y al fin del arte se pondrán la tabla pitagórica y las cuatro reglas de aritmética en ambas lenguas"(84). Hiztegia ere argitaratzeko asmoa zuen: bai eskoletarako eta bai, aurrerago ikusiko denez, apaiz-jendearentzat, sermoi hobeak idatzi eta pulpitutik txukunago, jatorrago eta dotoreago hitz egin ahal izateko. Horiek ez zuen argitaratzerik izan, dakigun neurrian(85).

    Ez zen hori izan, ordea, ustekabekorik larriena. Liburuen kopurua murrizteaz gainera, enfoke-aldaketa ohargarria izan zuten bere bi material horiek. Iturriagaren langintza osoak helburu bi zituen: lehenik euskara indarberritzea, neska-mutilak beren ama-hizkuntzan alfabetatuz eta garaiko jakituria oinarrizkoaz euskaraz hornituz. Bestetik, umeak gaztelania errazago eta probetxu hobez eskuratzeko bidean jartzea(86). Hori zen Iturriagaren 1830-31ko asmo bikoitza. 1841-42an, berriz, bere lehen asmoa gabe argitara ziren Hernaniko ikasliburu biak. Euskara indarberritzeko asmoz sortuak ziren horiek, 1830etik 32ra artean; eta orain, lanak argitara ematerakoan, isilpean utzi zen erabat euskara indarberritzeko asmo hori.

    Badirudi, azkenik, hirugarren ustekabea ere izan zuela Agustinek: lehenengo bi liburu horien salmenta uste baino okerrago atera zitzaion itxuraz(87). 1844an, Azpeitian egindako Batzar Nagusietan, bere bi liburuen launa ale aurkeztu zituen Iturriagak, Herri-aginteen babes eske. Liburu horiek gaztelania errazago ikasteko helburuarekin idatzi zituela zioen. Diputazioak, lanak aztertu ondoren, Gipuzkoako herriei liburu horiek gomendatzea erabaki zuen (AGG-GAO: JD AJI 115). Foru Aldundia egin zen liburuen (guztien edo mordo on baten) kargu. Bera arduratu zen Probintziako herri guztietara liburu bakoitzetik ale bana bidaltzeaz, udal bakoitzak herriko maisu-maistren esku jar zitzan materialok, eskolan erabiltzeko(88).

    Arazoak arazo, aspaldiko bere ametsik goxoena, euskaldun neska-mutilentzat euskaraz eta erdaraz irakurtzen ikasteko bidea, hezurmamiturik ikusi zuen Iturriagak. Partez bakarrik, ordea, eta iragaitzaz bezala. Lekutan gelditzen zen hasierako asmo nagusi eta esplizitua, euskarari bizirik eutsi eta, ahal zelarik, indarberritzekoa. Gaztelania hobeto ikasteko metodoa: kalera begira, hori izan zen bere langintza osoaren azken emaitza publikoa. Administrazioaren akta ofizialetan, behintzat, hala gelditu zen gorderik. Zuri-gorrizko ametsetik eguneroko errealitate nabarrera zenbateko aldea dagoen frogatzeko aukera ederra izan zuen, horretan ere, Hernaniko benefiziaduak(89).

    Suerte hobea izan zuen, nolanahi ere, bere hirugarren liburuarekin, fabula-ipuinei buruzkoarekin. Ez dago dudarik hirugarren hori gertatu zela, luzarora, Agustinen produkzio osoan erakargarriena. Bere sarrerako bertsoa, euscal errico gasteriari eskainitakoa, gertatu zen orobat bere filosofia soziokulturalaren azalpenik adierazgarriena. Euskarari bizirik eusteko, preserbazio-bide hutsa ez zen aski bere ustean. Espezialistek language spread(90) deitu ohi duten prozeduraz, hizkuntza apala funtzio berri eta jasoetara hedatuz indartu behar zen euskara. Ordura arte erdara jaun eta jabe izandako goi-mailako esparru batzuetara sarbidea eskaini behar zitzaion baserritarren euskara jator baina mugatuari. Kultura europarra euskaraz eskuratzeko apustua egiten zuen Agustinek, bere Fabula-ipuinen eskaintzazko bertsoan:

    Nere euscal errico / Gazteri ederra,
    Ez det uste derala / Eguin lan alferra,
    Ipuiac ifintzean / Gure zorcicoan.
    Cantatceco, nai bada, / Arturic gogoan.
    Badirade latiñez, / Badira erderaz;
    Ez alditugu bear / Guc ere euscaraz?

    Ez zen horretara mugatu, bestalde, Iturriagaren 1840tik 1851ra arteko jarduna. Donostiako lagunarte jasoan parte hartzen segitzeaz gainera, euskalari-lanetan ere aurrera egin zuen, zezakeena emanez. Juan Mateo Zabalaren aditz-liburuaren onespen-azterketan jardun zuen batetik, Iztuetarekin batean, garaiko dokumentazioak argi aditzera ematen duenez(91). Eta, hori bezain garrantzitsu dena, euskarari jendaurreko ekimenetan ordura arte izan gabeko lekua eskaintzen saiatu zen eskolatik kanpora ere. Horrela etorri zen San Inazioren martxa, ordura arte gaztelaniaz kantatu ohi zena, euskaraz jartzea eta errotulazio publikoan euskarari presentzia argia ematen hastea. Hernaniko hilerriaren sarreran dagoen goiburua ez zen, oker ez banago, bere saio horren lekuko bakar gertatu.

    1851ko martxoaren 30ean hil zen Agustin Iturriaga, Hernanin, 73 urterekin. Hil baino sei urte lehenago egina zuen testamentua, burua argi zuelarik artean. Erabateko kristau katoliko aitortu zuen bere burua(92).

II- Iturriaga eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak (1830-33)

Iturriagaren 1830eko planaz hitz egin ohi da normalean, urte horretako Batzar Nagusietan, Arrasaten, eman zitzaiolako ideiari hasiera. Prozesu luzea izan zen ordea, ez egun bakarreko edo urtealdi bakarreko lana, egun hartan martxan jarritakoa. Hiru urte iraun zuen kontuak, dokumentazio ofizialaren argitan: 1830etik 1833ra (hots, gerra hasi arte). Oso giro nahasia gertatu zen parean: gertaera soziopolitiko bortitzek gogor erasan zioten bere ibilerari, bai eta azken emaitzari ere. Beste kontu horien berri ere eman beharko da beraz, gain-gainetik bada ere, Iturriagaren 1830eko planaz hitz egiterakoan.


Abiaburuak

1819an huts egindako(93) eta 1829an berriro planteaturiko asmoa berpiztea lortu zen 1830ean, Arrasaten egindako Batzar Nagusietan: XVIII. mendeko Real Sociedad Bascongada famatua berpiztea. Izena aldatuz, halere, berpiztu nahi zen Bascongada hura. Izen berria honako hau izango zuen: Sociedad de fomento de artes de Guipúzcoa. Egitasmo zabal honekin sortu nahi zen Elkarte hori: "fomentar la agricultura, artes y comercio del distrito de la Provincia, estendiéndolas á cuanto creyese susceptible de concurrir á la mayor prosperidad del pais".

Hori zela-eta, beste elkarte bat ere sortzea komeniko zela esan zuen, Arrasateko batzarraldi horretan, Zumaiako Joakin Frantzisko Barroeta Aldamarrek. Euskara indarberritzeko Elkarte ofizial bat. Asmoa ez omen zen berea: Juan Bautista Erro euskalari eta politikari erregezaleak, une horretan Erregeren "Consejo de Estado"-koa zenak(94), bultzatu omen zuen horretara. Asmo jakina zuen elkarte honek, Barroeta-Aldamarren esanean: "una Sociedad que procure la conservación é ilustración de la lengua bascongada". Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Erroren euskaltzaletasuna kontuan izanik eta gaiaren garrantziaz jabeturik, ontzat eman zuten proposamen hori ere. Gauza bat esan zuten, halere: elkarte bi sortu ordez hobe zela dena batean egitea. Hobe zela Sustapen-elkarte bakarrak, Sociedad de fomento de artes de Guipúzcoa delakoak, enkargu biak jaso eta lan biak berak egitea(95). "Euskara bizirik gorde eta ilustratzeko neurriak" proposatzea eskatu zitzaion beraz, industria eta merkataritza kontuez gainera, 1830eko Batzar Nagusietan sortutako Sustapen-elkarte edo Sustapen-batzordeari(96).


Erabakiaren garrantzia

Hau da lehenengo aldia, dakigularik, Gipuzkoako goi-agintariek euskararen aldeko hizkuntza-politika esplizitu eta orokorra egitea erabaki zutena. Hizkuntza-politikazko erabaki asko harturik ziren aurreko mendeetan, partzialak eta inplizituak gehienetan(97). Oraingoan, ordea, euskararen aldeko politika egin nahi zen, batetik, eta politika orokorra bestetik: euskara bizirik ateratzeko eta ilustratzeko neurriak planteatzea eskatzen zitzaion Sustapen-batzordeari. Euskararen bizia arriskuan zegoela onartu zen, beraz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Euskararen gizarte-dimentsioa garrantzizko gai bihurturik agertu zen, lehenengo aldiz, Probintziako herri-agintearen organo gorenean. Garrantzizko gaia zen agintarientzat, posizio argia eskatzen zuena. Erabaki ere hala egin zen: euskara arriskuan zegoenez, eta bizirik eutsi nahi zitzaionez, hartarako neurri praktikoak hartu beharra zegoela erabaki zen. Erabakiak hartzeko, berriz, proposamen bat egin beharra zegoen eta Sustapen-batzordeari eman zitzaion horren enkargua. Ez, ezinbestean, euskara indarberritzeko plana berak idazteko, lana adituren bati enkargatu eta hurrengo urtean Batzar Nagusira ekartzeko baizik. Ez dago konstantziarik, halako plangintza-saiorik egin izanaz 1830a aurretik. Ez dirudi, era berean, hain erabaki zabalik hartu zenik berriro XIX. mende osoan. Euskararen aldeko plangintza instituzionalean garrantzizkoa izandako une batez ari gara, beraz, hizketan.

Horrekin batera, beste zerbait ere eskatu zitzaion Sustapen-batzordeari: euskara ilustratzeko neurriak plantea zitzala. Behar bezala argitu gabe dago gure artean, orduko Gipuzkoan euskara ilustratzea zer izan zitekeen(98). Nolanahi dela ere, erronka handia zen plangintza hori, bai proposamen konkretua egin behar zuen batzordearentzat eta bai, bereziki, proposamena onartuz gero neurri konkretuak aplikatu beharko zituzten Batzar Nagusientzat eta Foru Aldundiarentzat.


Sustapen-batzordea martxan jartzea

Lau alor nagusi berezi zituen Sustapen-batzordeak, 1830ean bertan, bere lana aurrera eramateko: batetik Hazienda, bestetik Nekazaritza, hurrena Merkataritza eta Industria eta, azkenik, "Literatura". Literatura-atalean sartu zen, hain zuzen, Barroeta Aldamarren proposamenez onarturiko ekimena, euskara indarberritzeko planarena. Sustapen-batzordearen beraren hitzetan esanik, literaturako batzorde-atalaren egitekoa honako hau zen: "Disposiciones dirigidas a conservar nuestra lengua bascongada, nativa de estas Provincias" planteatzea.


Enkargua nork nori noiz

Plana idatzi eta Batzar Nagusietan aurkezteko erabakia hartua zegoen, beraz. Orain, urtebeteko epean, bete egin behar zen erabaki hori. Adituren bat behar zuen Sustapen-batzordeak, literatura-ataleko lana garaiz eta zuzen egiteko. Aditu gisa Agustin Iturriaga aukeratu zen(99). Baliteke enkargua lehendabizi Iztuetari eman izana, Villafuertes-ko kondeak edo dena delakoak, Iztuetak enkargua onartu ez eta, honek hala aholkaturik, enkargua azkenik Iturriagari pasa izana(100). Baliteke, orobat, eskaintza zuzenean Iturriagari egin izana. Kontua da berari enkargatu zitzaiola eta, eskutitz pertsonaletatik dakigunez, 1831ko urtarrilaren 1erako prestatua zuela bere oroitza-idazkiaren lehen zirriborroa. Badakigu hori baino gehiago ere: Zabalari erakutsia ziola eta honi "txit gustatu" zitzaiola. Badakigu, jakin, hortik aurrerakoetan ere lanean ari zela Iturriaga: bere txostenean esaten ziren ikasmaterialak prestatzen ari zen buru-belarri, Iztuetaren laguntzaz(101). Eskutitza 1831ko urtarrilaren 1ekoa baldin bada, eta hori ia segurutzat eman liteke Probintziaren artxibo ofizialetako beste dokumentuen daten argitan, enkargua 1830eko udan (uztailaren bigarren hamabostalditik aurrera) edo udazkenean egin zitzaion Iturriagari, eta honek 1830ean bertan prestatu zuen planaren lehen idazkuntza, eta Zabala batzordekideari bidali. Bere planaren kopia bat Iztuetari bidali zion 1831ko urtarrilaren 1ean, eskutitzez hari ere.


Tramitazio-lana eta liburu-prestakuntza

Badakigu, 1831ko ekainean egindako deskargutik eta artxiboetan ondo gorderik agertu diren lau oroitza-idazkietatik, lanean gogor jardun zutela Batzorde-atal guztiek. Lanean eta ilusio handiz. Ekonomia aldetik oso egoera tristean zegoen Probintzia, burdingintza gainbehera bizian zetorren eta Donostiako eta Pasaiako merkataritza burua jaso ezinik zebilen. Horrezaz gainera aparteko larrialdia sortu zen 1830eko urri-azaroetan, txostena egiteko enkargua eman zen ia une berean: Frantziatik bertaratzen hasiak ziren espainol errefuxiatuak, eta errefuxiatu haiei(102) aurre egiteko tertzioak eratu behar izan zituen Probintziak. Tropa-eratze horrek ohiz kanpoko gastu handiak ekarri zituen. Ekonomia eta industriako txostenak, horregatik besterik ez balitz ere, aparteko garrantzia zuen une hartan.

Bestalde, euskaltasunaren inguruko gaietan ere pizten ari zen giroa, eta "la questión bascongada" gorpuzten. Lasalaren esanean "una questión más dolorosa y sangrienta por sí misma, como si no fueran suficientes las que existían". Estutasuneko egoera horretan, euskara indarberritzeko txostenari ere garrantzi handia ematen zitzaion: oinarri egokiak gerta zitezkeen bata eta bestea, Gipuzkoako egoera sozioekonomikoa eta soziokulturala hobetzen hasteko. Txostenak ez ziren gogoeta teoriko huts moduan enkargatu, Gipuzkoako arazo sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalentzako konponbide gisa baizik. Ez zebiltzan Batzar Nagusiak teoria sakonen bila, bertatik bertara aplikatzen hasi ahal izateko neurrien galdezka baizik. Proposamen konkretuak eskatzen zitzaizkion Sustapen-batzordeari, problema konkretuei gerora gabe erantzun egokia eman ahal izateko.

Iturriagaren proposamenak, esana dugunez, eskola-elebitasuna izan zuen helburu. Ez nolanahiko elebitasuna, full bilingualism edo elebitasun betea baizik(103). Ordura arteko eskola-eredu elebiduna, Astigarragarena bereziki, bere osoan onartu zuen Iturriagak hainbat puntutan. Hori bakarrik ez: hura onartu eta harantzago jo zuen: eskolaren azken xedeak zeintzuk ziratekeen, eta begiz jotako gizartean euskara-erdarek izatekoa zuketen moldaera, ordura arte inork ez bezalako zorroztasunez planteatu zuen Iturriagak bere txostenean(104). Aurrerapen handia zen hori, eskolaren jarduna gizarte-giroan txertatu beharra baitzegoen aurrera eraman nahi zen hizkuntza-politika orokorra eztabaida didaktiko antzuetan galduko ez bazen.

Formulazio teoriko eta planteamendu programatiko hori ez zen, ordea, aski. Helburu-finkapena eta inplementaziorako zehaztapena ez ziren aski, hizkuntza-plangintzazko proposamen hura benetako ekimen bihurtu ahal izateko. Baliabideak ere behar ziren horretarako. Plana aurrera aterako bazen, besteak beste, elebitasun beterako material sorta zabala prestatu beharra zegoen. Norbaitek prestatu behar zuen material sorta hori ere, bere oroitza-txostena proposamen hutsean geldituko ez bazen. Agustinek berak hala deliberaturik, Iztuetaren akuiluz edo Zabalak espresuki eskaturik, materialak prestatzeari ekin zion Iturriagak, oroitza-idazkia entregatu eta berehala.

Badugu ikasmaterialen sortze-lan horren berri. Badakigu korrika eta presaka jardun zutela hurrengo hilabeteetan Iturriagak eta Iztuetak, material-sorkuntza horretan(105). Iturriagaren izenean joan baziren ere materialak, jakin badakigu Iztuetaren parte-hartzea ez zela hutsaren hurrengoa izan: Agustinek euskaraz prestaturiko liburu-atalen hizkuntza-orrazketa egiten zuen Iztuetak, batetik. Beste zenbaitetan, berriz, Agustinek erdaraz prestaturiko zati batzuen euskal itzulpena berak egiten zuen zuzenean(106). Liburuak, kartilla eta bi dialogo- edo jolas-liburutxo, prest izan nahi zituen Iturriagak 1831ko uztailerako, Batzar Nagusiak Donostian biltzen zirenerako(107).


1831ko Batzar Nagusiak

Donostian izatekoak ziren Batzar Nagusiak, uztailean. Aurretik, ekainaren 6an, Sustapen-batzordea bildu eta Iturriagak egindako lana aztertu zen. Hernaniarrak (Iztuetaren laguntzaz) egindako lana ikusi eta ontzat eman zen. Eskabide konkretuarekin joan zen Sustapen-batzordea Donostiara, Batzar Nagusietara: "Pedimos a V. S. se sirva dictar en la materia las disposiciones que juzgue convenientes, para llenar los interesantes fines propuestos". Hots, plana onartu eta berehala aplikatzen hasteko neurriak hartzeko.

Donostiako Batzar Nagusietan ez zen giro izan, 1831ko uztailean. Ez Iturriagaren txostenagatik, Merkataritza eta Industria alorreko idazkiak astindu zituen hautsengatik baizik. Dirua falta zitzaien Herri-aginteei, bestalde, ezertan hasi ahal izateko. Aurreko urtean, urri-azaroetan, Frantziatik bueltan zetozen errefuxiatuen auzia sortu zenean tropak deitu eta eratu behar izan zituen Probintziak, bere kontura noski, eta gastu handiak ekarri zituen horrek(108). Diruen jestioaz ere baziren zalantzak.

Giro horretan aztertu zen, beraz, Iturriagak idatzi eta Sustapen-batzordeak bere egindako proposamena. 1831-VII-12ko data daraman aktan zera esaten da:

  • a) euskara indarberritzeko plana Joakin Frantzisko Barroeta Aldamarrek eta beste hiru batzordekidek aurkeztu zutela(109). Batzar Nagusietako kideentzat deskargua eman zutela, eta azken hauek eskerrak eman zizkietela lau batzordekideei.
  • b) Ez zen dudarik egiten, batzordekideak oso pertsona egokiak zirela, jakitez eta eskuartez, eta, beraz, haiek esandakoa kontuan hartzekoa zela: "Los señores que componen la Junta de fomento son de las principales ilustraciones del Pais, y sus primeros capitalistas."
  • c) Eskerrak ematen zitzaizkien, urtebetean egindako lanagatik: "Opinamos que V. S. debe manifestar su gratitud á los Caballeros que componen la Junta de fomento."
  • d) Aurrerabiderik, ordea, ez zen ematen. Probintzia ez zegoen, une horretan, erabaki sendorik hartzeko egoeran. Horra esplikazioa, Batzar Nagusien egun horretako aktan jasoa: "Doloroso es que la penuria de fondos no permita á V. S. destinar algunos para cooperar á los mismos fines. Pero el déficit grande, que se observa en los presupuestos aun para cubrir los atenciones corrientes y perentorias, y los gravámenes harto crecidos, de que se quejan los pueblos de V. S., se oponen á sus bien decididos deseos en esta parte"(110); eta, azkenik,
  • e) Esker onezko aitormena egin zitzaien, azkenik, txostengileei. Sustapen-batzordeak berak ez hainbat, baina aditu konkretuek bai buru-belarri, lan handia egina zuten hainbat txostenetan. Aditu horiei ere zerbait aitortu nahi izan zitzaien, eta Sustapen-batzordearen kide izendatu zituzten. Horra garaiko dokumentua "declarando su aprecio particular á los señores D. Domingo Iribe, D. Agustin de Iturriaga Presbíteros, D. Antonio Ramon y D. Miguel de Azcarate, que por sus esfuerzos han merecido el honroso título de Sócios de mérito. La Diputacion, examinando detenidamente los trabajos, que han presentado, podrá hacer lo necesario, á fin de que el pais reciba en cuanto se pueda el resultado de lo que tengan de útil, y practicable sus proyectos." (131. or.). Ezezko biribilik ez zuten jaso, ez Iturriagaren planak eta ez gainerakoek. Egoera hobetu arte ez zegoen, ordea, zer eginik.

Kontu horien berri eman zion handik gutxira Tolosako Zabala batzarkideak Iturriagari, egia esanez baina esperantzari leihoa itxi gabe. Batzar Nagusietan gauzak ez zirela nahi bezala atera, baina bazegoela aurrera egiterik. Iturriagak behar zuen dirua, liburuak inprimatu ahal izatekoa, ez zela berez hainbatekoa, eta nondik edo handik aterako zela. Horren berri eman zion Iturriagak Iztuetari, oraingoan erdaraz, abuztuaren bian: "el Conde no estaba contento del descargo de la comisión y decreto de las Juntas en que parece se dice que la provincia no se halla con medios para proporcionárselos a la Junta de Fomento de la Industria del País. Me añadía que para nuestros libritos no se necesitarán muchos y que podrá proporcionárselos regularmente la Junta." (ikus VI. eranskina, 13. dokumentua).

Ordurako erdi hitz egina zegoen Iturriaga Donostiako Baroja etxearekin, liburuak inprimatzeko. Liburuen zuzenketa-lana Iztuetaren esku jartzeko asmoa-edo zuen Agustinek. Baita zertxobait ordaintzeko ere. Iturriagak berak sosik kobratu gabe egin zuen lan guztia, eta halaxe jarraitzeko asmoa zuen(111).


1832ko Batzar Nagusiak

Lanean jarraitu zuten Iturriagak eta Iztuetak, beren eskola-liburuekin. Zain zeuden, dirua noiz etorriko. Sustapen-batzordea ere bai. Denbora aurrera zihoan, ordea, eta diru-itxaropena ez zen hezurmamitzen.

Berariazko bilera egin zuen Sustapen-batzordeak 1832ko ekainaren 28an. Kexu gogorra egin zien Batzar Nagusiei: dirurik gabe alferrikakoa zela hain Sustapen-batzorde dotorea: "negándose los precisos medios para llenar los objetos indicados, la influencia de esta Comision en el pais es de ninguna consideracion". Jarraitu behar bazuten, emateko baliabideak. Hordagoa jo zuen Sustapen-batzordeak, bestela esanik(112).

Etorri zen Batzar Nagusiak egiteko eguna. Egundoko eskandaloa sortu zen bertan, Donostiarrek atera zuten txostenarekin: Memoria justificativa de los que tiene expuesto y pedido la Ciudad de San Sebastian para el fomento de la industria y comercio de Guipuzcoa. Argudio-bide argia zuen donostiarren txostenak: a) pasatzeko aduanak Ebrotik kostara eta Bidasoara, Donostia eta ingurua bizirik aterako bazen; eta b) beraiek ez zeudela foruen aurka, bizibidea ukatzen zien zenbait foru-xedapen birmoldatzearen alde baizik. Gipuzkoako herri gehien-gehienetako ordezkariak oso kontra agertu ziren. Batzarraren ustez, txosten horrek "ofende á los Fueros, privilegios buenos usos y costumbres de Guipuzcoa", eta aktan jarriarazi zen "la completa y pública desaprobacion de esta junta general al expresado folleto". Donostiarren erantzuna: "que ha sabido y sabe dar pruevas de su adhesion á las instituciones forales que ama y respeta (...) pero protesta el decreto que acaba de hacer la Junta". Aurreko urtean bere ordezkariek Azpeitian esandakoari eusten zion Donostiak. Pasaia bere alde agertu zen oraingoan.

Ez zegoen girorik, Iturriagaren bi liburuekin zer egin behar zen ganoraz eztabaidatu eta erabaki argi bat hartzeko. Edozein hasten zen, foruen automutilazioa eztabaida-gai bihurturiko bilera batean, umeentzako kartillak eta dialogo-jolasak xehekiro aztertzen... Zerbait erabaki zen halere, geroko paperetatik jakin ahal izan denez: Sustapen-batzordeari diru bat jarriko zitzaiola eskueran, Iturriagaren eta gainerakoen planak aplikatzen hasi ahal izateko.


1833ko Batzar Nagusiak

Agindutako dirurik ez zitzaion, ordea, Sustapen-batzordeari iritsi. Erabakimen handia bai, baina dirurik ez: hori zen, itxuraz, Probintziako agintearen une hartako egoera. Beste urtebete itxaron behar izan zen, ganorazko pauso bat aurrera eman gabe.

Sustapen-batzordea 1833ko maiatzean bildu zen azkenik, zer egin deliberatzeko. Maiatzeko bilera horretan, Iturriagaren txostenaren azalpen laburtua eman zen. Alde batetik laburpena, eta bestetik berrikuntza ohargarria. 1831ko txostenean, euskararen gaitza eskolan zegoela esaten zen. Eskolan bakarrik. Orain, berriz, gaitzaren bigarren fokoa identifikatzen zen: pulpitua. Sustapen-batzordearen hitzetan esanik, "Buscando las causas de la corrupcion y desaparecimiento progresivo del Bascuence, ha parecido que se encuentra en las Escuelas de primeras letras y en el Púlpito. En aquellas por la falta de medios auxiliares para enseñar a los jovenes la lengua castellana, sin perjuicio ó mas bien con ventaja de la nativa, y en éste por falta de un Diccionario manual del Bascuence al Castellano y del Castellano al Bascuence. Se ha tratado en consecuencia de atajar estos dos inconvenientes ó suplir estas dos faltas".

1833ko Batzar Nagusietan ere bere kexua agertu zuen Sustapen-batzordeak: "un año sin que se haya plantificado ninguna de las ideas reclamadas por todas las personas ilustradas del pais, e interesadas en su prosperidad." Beharrezkoenak edo egingarrienak ziren zazpi egitasmo hautatu zituen Sustapen-batzordeak, denak gehiegi izango zirelakoan, eta zazpi horiek azaldu zizkien Batzar Nagusiei(113). Lehentasunezko zazpi horien tartean, euskara indarberritzeko argitalpenena. Lengua Bascongadaren batzorde-atalak honela zioen, bukaeran: "Por estos dos medios es de esperar que se logre el efecto deseado y se perfeccione la enseñanza de primeras letras del pais, poniendo á los jóvenes en disposicion de leer con fruto los libros de asignatura de las Escuelas de esta clase."

Ez da begi-luzeegia izan behar, konturatzeko diru-eskasiaz gainera bestelako arazorik ere bazegoela tartean. Batzordeko lanak, eta Iturriagaren enkarguak, helburu zehatz eta jakina izana zuen Arrasaten, 1830ean: euskara bizirik ateratzeko eta ilustratzeko neurriak planteatzea. Orain, berriz, zera esaten zen: planaren asmoa "perfeccionar la enseñanza de primeras letras del pais, poniendo á los jóvenes en disposicion de leer con fruto los libros de asignatura de las Escuelas de esta clase" zela. Jauzi handia zegoen, 1830eko erabakitik 1833ko aplikaziora. Jauzia are handiagoa zen, Iturriagaren elebitasun beteko xedea eta materialgintza osoa kontuan hartzen bada. Norbaitek murriztu egin zuen jatorrizko xedea, aplikatu beharreko neurriak minimora ekarriz eta helburua bera nabarmenki desitxuratuz. Proiektuetatik aplikazio praktikora maiz egon ohi diren murriztapen ohargarrien eredu argia da, dudarik gabe, Iturriagaren planarekin 1830-33 epean gertatua. Horixe da hizkuntza-plangintzaren teoria-azalpen askotxok, batez ere zenbait azalpen sinplifikatuk, errazegi ahaztu ohi duena(114).

Ez zen aukerarik izan, nolanahi ere, hasierako planaren murriztapen eta desitxuratze horren zenbatekoaz jabetzeko. Batzar Nagusiak egin eta handik gutxira hil egin zen erregea, eta gerra piztu zen: Lehen Karlistada. 1839ra arte ez zen girorik izan, hezkuntza elebidunaren gaiari berriro aurrez aurre heltzeko. Eta gerra amaitu zenean, beste Euskal herri bat zegoen begien bistan: beste aginte-ahalmen, beste Zeitgeist eta beste lehentasun batzuk. Iturriagak laster ikusi zuen, gerra aurrean bukaturik utzitako bere liburuak argitaratuko baziren bere kabuz jokatu beharko zuela. Euskara aginte-babesez indarberritzeko saioa, 1830eko ilusioa eta ekimena, bultzada eta aupada pasata zegoen. Une egokiagoen zain egon beharko zen, gaiari aurrez aurre eta aginte-mailatik heltzeko.

III.- Euskara-erdarak, Iturriagaren garaian

Hain gaizki al zegoen euskara, 1830ean, goitik beherako plan bat aplikatu behar izateko? Hain nabarmena al zen euskararen gainbehera, Probintziako jauntxoek gaia beren agenda politikoan txertatzeko? Hainbatekoa al zen beharra? Badakigu, jakin, bertako protoeliteek euskararen atzera-martxaz kezkaturik zeramatela ehun urte inguru(115). Hizkuntzaren (hobe: euskara-erdaren) erabilera handiaz edo txikiaz eta erabilera horren gizarte-moldaeraz ezer gutxi esan ohi zuten. Gutxi esan izanik ere, han-hemen idatzita utzi zigutenetik badago batezbesteko deskribapen soziolinguistikoa egiteko behar adina lehengai. Lehengai horietaz baliaturik eskaintzen da hortaz, lehen hurbilpen moduan, Iturriagaren garaiko egoeraren azalpen saioa(116).

Zenbat gipuzkoar ziren euskaldun, eta zenbat erdaldun, Iturriagak bere txostena aurkeztu zuen garai inguruan? Ahozko jardunean zer hizkuntza zen nagusi, eguneroko gizarte-bizitzan? Zer hizkuntza zen nagusi hitzez, eta zein idatziz? Euskararekiko jarrera eta jokabideak nolakoak ziren? Hiztunen hitz-etorria eta erraztasuna zenbatekoa zen hizkuntza batean, eta zenbatekoa bestean? Elebidunen euskara hura nola ageri zen, erdaratiko interferentziez eta euskara-erdaren konmutazioz?


a) Zenbat gipuzkoar euskaldun, eta zenbat erdaldun?

Har dezagun, hasteko, Iztuetak Gipuzkoako Probintziaz 1845erako prestaturiko azalpena(117) (Iztueta, 1847: V): "Provincia labur onetaco mugapean contatcen dira eun ta oguei milla arima bezalatsu; oetatic eun milla bederic izango dira Euscara beste itzcuntzaric ezdaquitenac: gañerontzeco oguei milla-etan beguira izan ezlitezquean erdiac baño gueiago, Euscararen ugazume etorqui arrotz, nongoak eta noren odolecoac diran berac ere ezdaquitenac; eta azquenengo amar milla-etan ere izango dira guichienaz sei millaraño, Euscaraz charqui, eta gaztelaniaz, gaizqui itzeguiten dutenac, beren buru arroac guizon andi ta jaquintsu eguiteagatic."

Antzeko bidetik dabil Madoz, honako hau dioenean: "Se habla el vascuence en toda la prov. Es el lenguaje que en su niñez aprenden todos sus naturales, y el único que saben los que por su educación ó con el trato de gentes no han aprendido el castellano" (Madoz, 1847: IX. iburukia, 113. or).

Azalpen horiek bat datoz, funtsean, handik hogei bat urtera Eguren eskola-ikuskariak egindako baieztapenarekin: "en los pueblos rurales, que son los que forman la mayor parte de la Hermandad guipuzcoana, solamente se habla el vascuence, con muy cortas escepciones, y aun en las poblaciones de más importancia no es todavía habitual la lengua castellana sino entre las personas cultas y de más instrucción. Así es que la masa general del pueblo guipuzcoano habla usualmente el vascuence" (Eguren, 1867). Bereizketa garrantzitsu bi ezarriak dizkigute Iztuetak, Madozek eta Egurenek: a) kalea gauza bat da, eta baserria bestea; b) baserrian euskara da jaun eta jabe; aldiz kalean, handikien eta jende ikasiaren artean, eguneroko hizkuntza da erdara: ez bakarra, inola ere, baina bai egunerokoa.

Hiztun-kopuru eta banaketa molde horiek kontuan izanik argi dago euskarak oso leku zabala duela eguneroko mintzajardun arruntean, Iturriagaren garaiko Gipuzkoan. Erdara ere etxekotua dago, ordea. Nola? Zer neurritan? Ikuspegi xeheago batetik begiratu behar diogu, horretarako, gaiari. Hizkuntza-soziologia deskriptiboaren ohiko analisi-bideetatik. Nork dihardu norekin hizkuntza batean, ahoz ari delarik, gai honetaz edo hartaz diharduela? Eta nork norekin erdaraz, idatziz edo, bakanago, ahoz? Honako puntuok, bederen, argi samar daude Iturriagaren garaiaz ari garelarik oro har, eta 1830 inguruko egoeraz dihardugunean bereziki.


Ahozko jardunean, euskara nagusi

Euskara zen 1778an, Iturriaga jaio zenean, gipuzkoar gehienen eguneroko hizkera(118). Euskaraz(119) egiten zen familia gehienetan. Euskara zen neska-mutil horien ama-hizkuntza(120). Euskaraz ikasten zuten haurrek gurasoekin eta senideekin, aiton-amonekin eta neskame-morroiekin. Hizkuntza horretan hazten ziren umeak, beraiek bezala euskaraz baizik ez zekiten anai-arreben eta inguruko lagunen artean: giro horretan hazten eta hezten ziren, eskolatu artean eta are handik aurrera. Euskara zen gizarte-bizitzaren esparru arrunt, ohikoenetan nagusi. Horrela egiten zen etxean, auzoan eta kalean, lagunarte hurbilean eta ohiko lanbide gehienetan. Orobat herriko plazan, merkatuan, azoka-ferietan, festa-egunetako erromerietan, hileta-elizkizunetako sarrera-irteeretan eta ezteietan. Beraien moduko euskaldun-jendearekin ezkontzen ziren gazteak, eta euskal familia berriak osatzen. Hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena segurtaturik zegoen horrela, neurri zabalean.

Gero, une batetik aurrera, eskolan lehenik eta gizarte-giro batzuetan ondoren, gaztelaniarekiko kontaktua izaten zuten gazte horietariko askok. L2 gertatzen zen gaztelania, normalean, gazte horientzat. Berez L2 izanik ere, gaztelania hori ez zen askorentzat atzerri-hizkuntza baten pareko. Iturriagak argi dioenez, urteen poderioz eta erdarazko harreman-sareetan txertatu behar izanaren ondorioz elebidun bihurtzen zen hainbat gipuzkoar: gaztelania ere beren hizkuntza zuten hortaz, hainbatean(121).

Horrezaz gainera, jende jantzi eta ikasiak erdaraz egin ohi zuen, maiz, bere artean. Distintzio-seinale eta status sozial baten adierazgarri zen erdaraz ongi jakitea eta parez pareko status soziala, zer esanik ez goragokoa, zuten handikiekin hala egitea(122). Donostian eta Bergaran, Tolosan eta Azpeiti-Azkoitietan, Hernanin eta Hondarribian, ez zen halako harreman-sarerik falta. Aparteko lekua eta lehentasuna zuen, zirkulu horietan, erdarak. Gaztelaniak eta are, zenbaitetan, frantsesak(123). Elebidun funtzional ziren, horrelako harreman-sareetara irispide arteza zuten gipuzkoar gehienak. Goi-mailako jardunbide formaletan gaztelaniaz (inoiz, frantsesez) egiten zuten, eta gainerako harreman gehienetan euskaraz: hots, kaleko hizkuntza arruntean, kaletar zenbaitek eta herri txikietako edo baserrietako gehienek zekiten hizkuntza bakarrean. Horrela ziren gauzak, ahozkoan(124). Aski bestela ziren kontuak, aldiz, idatzizko zereginetan.


Idatzizko jardunean, erdara nagusi

Hizkuntzaren erabilera formala eta jasoa eskatu ohi duten esparru askotatik baztertua zegoen euskara, esan berri denez. Eta esparru horietan behar izaten zen, bereziki, idatzizko jarduna. Latina eginkizun sakroklasikoetarako(125), gaztelania goi-mailako bizibide laikoaren zeregin gehienetarako (administrazio-esparrurako erabat, merkatarien eguneroko komunikazio-lanerako eta lagun arteko korrespondentziarako ia erabat) eta frantsesa, gutxitan ingelesa, jakin-iturri formalizatuetara zuzenean iristeko edota urrunagoko merkatari-lanetarako.

Eskola-munduan oso leku mugatua zuen euskarak. Dotrina euskaraz eta erdaraz erakutsi ohi zen normalean, 1600. urte inguruko sinodaletan hartutako arau-erabakien ildotik. Arau horiek zirela medio bazuten neska-mutil gehienek euskara idatziarekiko kontaktu minimoa: euskaraz eta erdaraz irakurtzen zuten ikasleek dotrina, eskolan egunero eta elizan aste-bukaeran. Dotrina-irakurtze hori ez zen, ordea, egungo irakurketaren pareko. Buruz ikasten zen liburuan idatzirik zegoena, eta kantuz "irakurtzen". Bide horrek ez zuen, gehienetan, egungo irizpideen araberako belaunaldi alfabetaturik sortzen. Hortik aurrerakoan, oso kasu mugatuetan erabiltzen zen euskara eskolan. Gutxitan erabiltzen zen eta, kasu gehienetan, espresuki debekatua zegoen. Ez zen euskaraz irakurtzen eta idazten erakusten; ez zen euskaraz irakasten. Are gehiago: debekatua zegoen ikasleek eskola-orduetan hitz bat euskaraz egitea(126). Leku guztietan ez zen horrela(127), baina hori zen arau nagusia, eskueran ditugun datuen argitan.


Euskararekiko jarrera eta jokabidea

Hiru eratako gertakariak antzematen dira aldi berean, euskararekiko jarrerei eta jokabideei dagokienean(128): jende xehearen euskal giro bizi eta lasaia batetik, status sozial batetik gorakoek euskararen bajeza-estigmatik ihes egin nahia bestetik, eta protoelite euskaltzaleen gorabidea azkenik. Hirurak ikusiko ditugu, labur-labur.

Beren etnizitatea, beren herritartasuna, aparteko elaborazio teorikorik gabe bizi zuten gipuzkoar gehienek, Hernanin eta Hernanitik kanpora: euskaldun-jendea ziren beraiek, inolako tatxarik eta, dakigun neurrian, aparteko harrotasunik gabe. Euskal giro lasaian bizi ziren, hizkuntzaz eta herritartasunaz aparteko buruhauste handirik gabe. "Horrela ziren gauzak", belaunez belaun etorriak, eta horrela bizi ohi zituzten. Bazekiten L hizkuntza zela txikitan ikasitako euskara, eta H hizkuntza erdara(129). Adierazpide arrunt, zalu eta erraz zuten beren ama-hizkuntza, ez bestelako gizarte-xedeen ikur edo adierazgai. Aktibatu gabeko etnizitate-giroan bizi ziren euskaldun gehienak (antzeko kontestuetarako ikus Fishman, 1972, 1985)(130).

Jende ikasi askotxok, batez ere kale-giroan bizi eta erdi- edo goi-mailako lanbideetan ziharduen hainbat kaletarrek, epeltasunezko edo arbuiozko jarrera ageri zuen euskarari buruzkoetan. Baziren hor ere euskara beren nortasun pertsonal eta kolektiboaren osagai preziatu sentitzen zutenak, eta euskaraz egiteaz inola ere lotsatzen ez zirenak. Baina ez ziren gutxi euskaldun-jende xehearen euskal giroko gizarte-arau horiek xaharkitutzat jotzen zituztenak eta erdarazko gizarte-arau berrien ildotik jo nahi zutenak. Lotsatu egiten ziren horietariko asko, euskaldun izateaz. Euskaraz ez zekitela esatera ere iristen ziren inoiz, euskarak berekin zekarren bajeza-estigma hura begien bistatik (hots, beren status soziala definitzen zuten atributuen sailetik) uxatzearren(131).

Baziren, azkenik, beren ama-hizkuntza "gipuzkoar jatorraren" edo euskaltasun betearen ezinbesteko osagai eta ikur nagusi kontsideratzen zutenak. Beren artean, herritar xeheen ohiko erabilera-arau nagusien arabera euskaraz egiten zuten ahoz, eta zenbaitetan (oso gutxitan) idatziz. Bazen horien artean, halako neurri batean, euskaltasunaz eta euskararen ubikazio sozialaz gogoeta egiten zuenik. Gutxi ziren halakoak, eta oro har indar handirik gabeak. Are gutxiago gai horien araberako gizarte-helburu esplizituak ezartzen zituztenak. Larramendiren segiziokoak ziren, normalean, horrelako bakanak(132). Giro horretan hasten dira, protoelite euskaltzale horiek, euskaltzaletasun-gurpilari jakinaren gainean eragiten. Hizkuntzarekiko jarrera orokorra aldatzen hasi da Larramendiz geroztik, eta Iturriagaren bizialdian, batez ere 1830 inguruan, inarrosaldi bizia izango du giro-aldaketa horrek(133).


Hizkera pobretzen ari da

Mende-hasieran, 1800 inguruan, horrela ikusten du Mogelek euskararen pobretzea: "la lengua bascongada está tan alterada y desfigurada, que no la conocería la Madre que la parió. Si resucitaran los antiguos bascongados, no la entenderian". Mogelek hori dioenean, buruan beste zerbait duela pentsa liteke berez: ez dela ezinbestean bere bizi-denborako interferentziaz ari, hizkuntza orok mendeen joanean pairatu ohi duen aldaketaz baizik. Egiaren zati bat bakarrik da, ordea, lehenaldi urruneko perspektiba hori. Markinako parrokoak Peru Abarkan azaldu nahi duena bere belaunaldiko gertaera da, batez ere: Mogel ez da aldi joanetako bilakaera pausatu baina etengabeen balorazio hutsa egiten ari, bere bizi-denborako fenomeno ongi ezagunaren testigantza ere ematen baizik.


Erdal interferentzia ugaritzen ari da

Hitz egiterakoan gero eta ugariago baliatzen gara euskaldunak erdararen makuluez: erdarazko hitzak hartzen ditugu, bere doinu-era eta hots-ebakera ezpainetaratzen zaigu, joskeraz eta hitzen adieraz ere gero eta erdararen mendeago gaude,... Oraingo kontuak direla iruditzen zaigu hori. Ez dira orain-oraingoak ordea, aspaldidanik datozenak baizik. Horra 1854an, Iturriaga hil eta handik hiru urtera, zer zioen Alejo Azpeitiak, Zestoako bikarioak: "El transcurso de los siglos, las continuas guerras y trastornos, en especial de medio siglo aca, han dado el triste resultado de adulterar nuestra primitiva lengua Vascongada con la adopcion de multitud de vocablos tomados de otros idiomas, en terminos, que se hace ya notable el desaliño é incorreccion con que aun los mismos naturales del pais hablan su propia lengua".

Batez ere "de medio siglo aca" gertatzen ari omen diren fenomenoez ari da Alejo Azpeitia. Ez nolanahiko interferentziaz ordea. Interferentzia lexikalez ari da bera, huts-hutsik. Euskalari, euskaltzale eta euskal detraktore askok aho batez dio galtzen ari dela euskara garbia, euskara jatorra, "betiko" euskara. Galtzen ari dela eta, bere ordez, euskaldunek hitzetik hortzera (are, bertso-papera lagun, hitzetik lumara) egiten duten "oraingo" euskara hori euskalgaiztoa dela. Beterik dago Iturriagaren garaiko dokumentazioa, XIX. mendearen lehen erdian, ikuspegi ezkor horrekin. Iturriaga bera da, bere buruaz ari dela, arazo horren lekuko: "Nola guc ez degun icasi eusquera gueren gaste demboran icasi izan guer(n?)ezaquean (...) la lan andiari narraizquio, esagutcendet ceren itz bacoitcian diccionarioa escuan artubear"(134). Horra arazoa: hain interferentziaz beterikako euskara erabiliko ez badu Diccionarioa eskuan hartu behar, umeentzako ikasliburutxoak prestatzeko eta Iztuetari eskutitz bat txukun antzean idazteko. Hori Iturriagak. Hortik atera kontuak.

IV.- Hizkuntzen azterbideak, Iturriagaren argitan

Bat ote dator aurreko atalotan emandako deskribapen xume hori, Iturriagak 1830-31n dioenarekin? Noraino dira han-hemen barreiaturik dagoen informazio soziolinguistikoa eta Hernaniko benefiziaduak Gipuzkoako Batzar Nagusiei aurkeztutako azalpena bateragarri? Zertan gelditzen da Iturriagaren azalpen hori motz? Non dakartza aldiz ekarpen ohargarriak, ordura arteko iturrietan jaso gabeak edota kontzeptualki landu arinak? Hori ikusiko dugu, hizkuntza-soziologia lagun, hurrengo atalean.

Jakintza akademiko gisa eratu berria da soziolinguistika, eta bere atal nagusien sailkapenean nekez bila liteke egituratze-maila handirik, edonork onartzen duen modukorik. Nolanahi ere, eta Iturriaga gogoan dugula, sei azterbide bereiz litezke hizkuntza-soziologiaren alorrean(135).

Gauzak nola dauden begiratzen du, batez ere, lehenengo azterbideak: hizkuntzen erabilera aldetik (bai eta jarrera aldetik ere) gauzak nola dauden, gizarte osoan edo hiztun-talde jakinetan; hizkuntza-gaitasunaren aldetik gauzak nola dauden, banakako hiztunen artean; eta hiztun elebidunen hizkuntzak ukipen horren seinalerik ba ote duen (interferentzia edo kommutazio moduan), eta zer-nolakoa. Azterbide deskriptiboa esan ohi zaio horri guztiari.

Gauzak nola aldatzen ari diren begiratzen du(136), bereziki, bigarren azterbideak. Gauzak aldatzen ari diren ala ez, eta aldaketa hori zer-nolakoa eta zenbatekoa den. Aldaketaren ubikazioak, bere kokapen fisikoak eta soziofuntzionalak, aparteko garrantzia du azterbide honetan. Azterbide zinetikoa esan dakioke honi, soziologia zaharraren ildotik(137).

Gauzak zergatik aldatzen (ari) diren begiratzen du, nagusiki, hirugarren azterbideak. Zergatik indartzen edo ahultzen da hizkuntza baten erabilera? Zergatik ahazten edo atzentzen zaio zenbait hiztuni hasierako hizkuntza, eta beste bat nagusitzen? Zergatik sortzen dira interferentziak eta konmutazioak? Zein prozesu psikologiko, sozial eta kultural daude gertaera horien atzean, edota horiekin nolabaiteko loturan? Azterbide dinamikoa esan ohi zaio, ia aho batez, hirugarren lan-ildo honi.

Goazen bidetik goazela, non bukatu behar dugun kalkulatu nahi izaten du, batez ere, laugarren azterbideak. Hemendik epe batera (hurrengo belaunaldian, hemendik berrogeita hamar edo ehun urtera,...) hizkuntzaren erabilerak aurrera edo atzera egitea espero izatekoa den, zein lekutan, zer funtziotan eta zer neurritan: hori da azterbide prospektiboaren muina.

Hiztun batzuek edo besteek hizkuntza kontuak nola izatea nahi luketen, eta beraz egungo egoera (eta aurrera begirako proiekzioa) gogoko duten ala ez analizatu ohi du bosgarren azterbideak. Herritarrek ba al dute beren hizkuntzari eta hiztun-herriari buruz kontzientzia argia eta hura aurrera atera nahia(138)? Ba al dute herri-gogorik? Nola loturik joan ohi dira herri-gogoa eta hizkuntza-leialtasuna? Galdera horiei eta antzekoei erantzuten saiatzen da bosgarren azterbidea(139).

Egungo hizkuntza-egoera honetan edo hartan desegokia dela uste bada, bestelako egoera bat lortu nahi bada hortaz, zer egin behar da? Iritsi nahi den helburura iristeko zer egin litekeen analizatzen du seigarren azterbideak, Fishmanek RLSren ildotik azterbide preskriptiboa deitu izan duenak(140). Hizkuntza-plangintza esaten zaio gaur egun, maizenik, atal honi. Hizkuntza-soziologia aplikatua ere esan izan zaio inoiz(141).

Gatozen beraz, Iturriagak 1830-31n prestatu eta Batzar Nagusiek 1831-33an mahai gainean izandako planera, euskara indarberritzeko proiektura. Zer leku zegokien, egitasmo hartan, goiko sei azterbide horiei? Zer neurritan izan genuen Iturriaga, azterbide horietan bide-urratzaile? Ikus ditzagun seiak, banan-banan.


IV.1.- Euskara-erdaren erabilera

Zer leku dagokie euskara-erdarei, Iturriagaren garaiko gizarte-bizitzan? zer neurritako euskaldunak dira, oro har, gipuzkoarrak? Zer-nolako euskara egiten dute, hitzez eta idatziz? Zer moduko erdara? Zer jarrera modu eta zer jokabide gailentzen dira garai hartan, bere esanean, hizkuntza eta hiztun multzo biei buruz? Aukeran gutxi landua dago deskribapen kontu hori, Iturriagaren txostenean(142).

Euskara-erdarek gizarte-bizitzan duten lekuaz jarduterakoan, eskola-mundura mugatzen du Iturriagak bere analisia: eskola-munduan, eta bereziki, ikasleen artean, euskara-erdarak nola erabiltzen diren, edo ez diren, adierazten du berak. Bere esanean, dotrina kontura mugatzen da euskararen presentzia eskola munduan(143). Gaztelaniaren lekuaz, berriz, honako hau dio: "La lengua castellana es lengua viva, pero no lo es respecto a la mayor parte de los bascongados y especialmente respecto a los niños." Baina "hablando muchos el español entre nosotros, tampoco se puede llamar a esta lengua enteramente muerta".

Mintzatzeko eta idazteko gaitasunei dagokienez ere, ikasleetara mugaturik dago Iturriagaren azalpena. Gaizki egiten dute ikasleek gaztelaniaz, bai eskolan dabiltzan urteetan eta bai gero(144). Euskara-mailari dagokionean ere aski aitormen etsia egiten du: "Apenas han aprendido algunas palabras sueltas en castellano se les obliga á hablar en esta lengua y por consiguiente a que vayan olvidando su corto diccionario bascongado". Hitz-altxorra aberasteko eta hizkera molde jasoan egiteko aukera, beste hizkuntzetako haurrei eta gazteei eskolak eman ohi diena, debekatua dute Iturriagaren garaiko gipuzkoarrek beren ama-hizkuntzan. Hori dela-eta, beren hizkera-sorta osoa aldaera informalera, elaborazio kontzeptual laburrenekora, mugaturik dute sarri, eta aldaera horietan ere erdararen interferentzia nabaria da.

Zer dio Iturriagak, azkenik, bere garaiko gipuzkoarrek euskara-erdarei buruz pentsatzen dutenaz? Ezer gutxi dio hernaniarrak horretaz ere. Ikasleen autogorroto linguistikoa aipatzen du une batean. Horra nola: "En otra edad, en que sienten más la necesidad de poseer el castellano, se aperciben de las dificultades, que para aprenderlo les pone el vascuence, y este conocimiento junto con el recuerdo de los fatales anillos y los castigos, que a ellos se siguieron, hace que aborrezcan su lengua nativa". Horrela bukatzen da, oker ez bagaude, azterbide deskriptiboari dagokionez Iturriagak bere txostenean dioena(145).


IV.2.-Euskararen eta erdararen gure arteko bilakaera

Hizkuntza kontuak aldatzen ari al ziren Iturriagaren garaian? Eta, aldatzen ari baziren, nola? Iturriagarentzat, bere garaiko guztientzat bezala, ez zegoen dudarik: aldatzen ari ziren gauzak Hernanin, Gipuzkoan eta Euskal herri osoan. Atzera zihoan euskara. Gero eta jende gutxiagok hitz egiten zuen euskaraz, eskualde osoak euskaratik erdarara pasa berriak zirelarik Bizkaian, Araban eta Nafarroan(146). Gero eta euskaldun gehiago, elebidun ziren. Euskaldun elebidun haiek egiten zuten hizkera, berriz, gero eta mugatuagoa zen hitz-altxorrez, esapideez eta joskeraz. Gero eta interferentziaz beteago zegoen beren hitz-altxorra, hots-ebakera eta joskera. Kommutaziorako joera ere sentitzen hasia zen han-hemen. Ondo begien bistan zuen hori guztia Agustin Iturriagak. Iztuetarekiko elkar-idazketan halako aipamenik falta ez bada ere, 1830-31ko txostenean ez zuen bilakaera horretaz azalpen zehatz handirik eman. Gauza jakinak iruditzen zitzaizkion horiek, Batzar Nagusietako jaun aldunei esan beharrik ez zeudenak.

Hori guztia horrela zela jakinik ere, Iturriaga ez zen berehalako mintzaldaketaren beldur. Argi zuen hori Agustinek, eta denborak arrazoi eman zion: Hernanin eta Gipuzkoako herri-herrixka gehienetan euskara ez zegoen berehala galtzeko arrisku bizian. Ondo zekien, ordea, etorri bazetorrela arrisku hori, luzera edo ez hain luzera, eta halakorik gerta ez zedin garaiz hartu nahi zituen neurriak. Bere bizialdiko arrisku nagusia ez zen luze-zabaleko mintzaldaketa, ez zen language shift edo proceso de substitución lingüística deitu izan dena. Egon ez zegoen 1830 inguruan, Hernanin eta Gipuzkoa gehienean, etxean ikasitako euskara alde batera utzi eta bere ohiko eskulanean, kaleko tratuan eta, bereziki, etxean euskaldun-jendea erdara hutsean jarduten hasteko arriskurik. Ez erdara hutsean eta ez, askotan, ele bietan. Euskarak bere-bereak zituen oraindik, Gipuzkoako eskualde eta herri-herrixka gehienetan, etxea eta familia, auzoa eta kalea, herriko plaza eta feria-eguneko merkatua, herriko jai-giroa eta, oro har, aurrez aurreko mintzajardun biziaz oratu ohi den eguneroko bizimodu arrunta(147).


IV.3- Zergatik ari dira gauzak aldatzen?

Iturriagaren txostenaren muinera hurbiltzen hasi gara, azterbide honekin. Gorago esan dugunez, oso interes txikia agertu zuen Iturriagak begien bistako gauzak azaltzeko: bai une hartako hizkuntza-egoera deskribatzeko eta bai azken hamarkadetako bilakaera azaltzeko. Oraingo galdera-sorta, aldiz, maiteago zuen. Zergatik doaz hizkuntza batzuk aurrera eta beste batzuk atzera? Zergatik egiten da euskaraz gero eta gutxiago? Zergatik dira euskaldunak beren hizkeran gero eta mordoiloago? Zergatik dago euskara gero eta erdararekin nahastuago? Lau galdera zorrotz dira horiek, eta laurentzat du Iturriagak erantzuna. Goazen pausoz pauso.

  • a) Zergatik doaz hizkuntza batzuk aurrera eta beste batzuk atzera?

    Zenbaitentzat, euskara eta beste hainbat hizkuntza desegokiak dira berez, gizarte berrirako. Horregatik, beren baitako tatxa horregatik, doaz atzera(148). Berez hala sortuak dira, tatxadunak, edota aldi berriek eskatzen duten garapenik ez dute izan eta, horrexegatik, atzeraturik gelditu dira: kasu batean zein bestean, ez dute gizarte berrirako balio. Beñat Oiharzabalek argi azaldua digunez egia da ikuspegi naturalista edo linguo-darwinista XIX. mendearen bigarren erdian garatua dela gehienik. Baina Iturriagak badu "berezko orban"-aren arrazoi-bide klasikoaren berri, eta hura hartzen du ahotan. Agustinek ez du berezko (edo garapen-ezak betiko erantsitako) orbanean sinesten. Hizkuntza batzuk barrutik ahulak direlako, orbandunak direlako, galtzen ari balira, orbangabeak lirateke indar betean ari direnak. Eta jakina, orbangabeak balira ezingo lirateke galdu, ez gaur eta ez gero. Galdu egin dira, ordea, behinolako hizkuntzarik indartsuenak ere.

    Iturriagaren aburuz, hizkuntza bat ez da belaunez belaun eta menderik mende bizirik gordetzen bere barruan aparteko birtuteak dituelako, gizarte-moldaerarekin zerikusia duten motiboengatik baizik. Bere hitzetan esanik, "Si el mérito intrínseco de una lengua pudiera bastar para su conservacion, vivieran aun con todos los atavios, que las engalanaban, las hermosas lenguas, en que hablaron Demóstenes y Ciceron." Gizarteko nagusitasun-moldaera da Iturriagaren ustez, ez berezko balio intrintsekoa, hizkuntzen bizi-iraupena edo galera determinatzen duena.

    Beste zerbaitek erabakitzen du, Iturriagaren ustean, hizkuntzen atzera-aurrera hori: "la dominacion es la árbitra de todas ellas, y mas tarde, ó mas temprano, tienen que ceder á su irresistible imperio; asi es que la lengua bascongada va esperimentando la suerte comun de todas las demas. (...) Si los paises o provincias, en que las lenguas son diferentes, pasan á ser partes integrantes de un estado ó una nacion, la lengua que adopta por suya el gobierno será la dominante, porque todos los intereses y ventajas se reunirán para cultivarla y generalizarla. Prevalecerá pues sobre todas las demás, enriqueciéndose cada dia, y quiza en mucha parte á costa de las otras, y acabará por eclipsarlas hasta hacerlas desaparecer totalmente. Tal es desde algunos siglos á esta parte la posicion de la lengua bascongada con respecto á la castellana, y tal la suerte final, que irremediablemente le va á caber."

    Berea da, azkenik, honako azalpen hau ere: "La continua é íntima comunicacion, en que estamos con ella (hots, erdara), y la necesidad, que tenemos de poseerla, si hemos de conservar nuestras relaciones politicas con el govierno, dedicarnos á diferentes profesiones, y hallar colocacion en la peninsula, y ultra mar, han hecho que nuestra lengua nativa esperimente los efectos de la accion, que la castellana egerce sobre ella trabajándola de continuo y arrastrandola hacia su total desaparecimiento. Y, como no ha de ser asi, si, consultando nuestras ventajas, procuramos nosotros mismos con todo el empeño, que ellas nos aconsejan, exterminarla de su suelo natal?"

    Nondik edan ote zuen Iturriagak, formulazio teoriko horietara iristeko? Berak ez du halakorik esaten, eta kontuz ibili beharko da beraz. Oker egiteko beldur handirik gabe, iturri bitatik behintzat ugari edan zuela pentsa liteke: Nebrijaren 1492ko Arte edo Gramatica-ren hitzaurretik(149) batetik, eta Gregorio Mayansen 1737ko Orígenes de la Lengua Española-tik bestetik(150). Hortik edandakoa izanik ere, bistan da ondotxoz urrunago joana dugula Iturriaga, bere formulazio jeneralean. Hizkuntza nagusian jarduteko beharra (ez gogoa) izan ohi dute hizkuntza ahuleko hiztunek, bizian aurrera egingo badute; behar horrek sortzen du hizkuntza batzuen gorabidea eta besteen gainbehera. Lotura nabarmenak ditu Iturriagaren ikuspegi horrek, hizkuntza-soziologiaren XX. mendeko postulatuekin. Luze-zabaleko mintzaldaketaren iturri nagusietariko bat justu hor dagoela esan izan du hizkuntza-soziologiak, azken hamarkadetan: social dependency relationship deitu izan dio gertaera horri Fishmanek(151), eta harreman-bide horren haritik doaz egungo esplikazio landuenak.

    Oso azalpen zehatza da, nolanahi ere, hernaniarrak azterbide dinamikoaren alorrean eskainitakoa: bere aurretik inork egin gabea zuen horren parekorik gure artean(152). Iturriagaren ondoan, beste urte askoan, inork berriro egingo ez zuen modukoa. Aurrerapen argia zekarren Iturriagak, azterbide horrekin. Bazituen mugak ere, ordea: plano makro hutsean ari zen Iturriaga, honetan eta beste zenbait puntutan, bere oroitza-idazkian. Generalizazio-maila handiko, normalean hamarkada askoren (zenbaitetan, mendeen) buruan antzematen diren gertakariez ari zen bera(153). Hori baino plano hurbilagora jaitsiz ere bazegoen, ordea, zer esanik. Zerk eragiten du, konkretuki, euskararen gainbehera?

  • b) Konkretuki zergatik egiten da euskaraz gero eta gutxiago?

    Konkrezio horretara iristean, bete-betean sartzen da Iturriaga bere mamian. Bere ustez erdal eskolagatik ari da euskara galtzen. Hori du bere txosteneko argudio-bide nagusia. Horra bere hitzak: "Hechese una ojeada sobre nuestras escuelas de primeras letras y en ellas se tocará de lleno esta triste verdad. Allí se verá tramada una conjuracion sistemática, y permanente contra la lengua bascongada: allí formadas las oficinas, en que se forjan constantemente armas para destruirla (la lengua bascongada), haciendo de los niños otros tantos titanes destinados á destronar á su madre. Estas no son figuras retóricas, no son exageraciones, ni espantajos, son la pura y exacta verdad, y la palparemos, si pasamos á examinar la práctica introducida en dichas escuelas de tiempo inmemorial, para enseñar á los niños el castellano.(154)"

    Argudio-bide hori eraman zuen Iturriagak, esan bezala 1831ko Batzar Nagusietara. Eskola zen, bere esanean, euskararen gizarte-arazoen iturburu eta eragile. Hori zen euskararen gainbeheraren motiboa. Eskola moldea aldatzea eskatzen zitzaien hortaz Batzar Nagusiei, euskararen gainbehera eragozteko. Gauzak luzatuz joan ziren ordea, gorago esan dugunez, Batzar Nagusietan. Literatura-batzordekoek, berriz, lanean jarraitu zuten eta, une batetik aurrera, bigarren motiboa aurkitu uste izan zuten, euskararen atzerakada esplikatzeko. 1833ko beren txostenak hau zioen: "Buscando las causas de la corrupcion y desaparecimiento progresivo del Bascuence, ha parecido que se encuentra en las Escuelas de primeras letras y en el Púlpito. En aquellas por la falta de medios auxiliares para enseñar a los jovenes la lengua castellana, sin perjuicio ó mas bien con ventaja de la nativa, y en éste por falta de un Diccionario manual del Bascuence al Castellano y del Castellano al Bascuence". Ikusten denez, euskararen atzerakadaren analisi dinamikoan bigarren aldagaia sartu zen, erdal eskolarenaz gainera: euskal gaiztoko edo erdara hutsezko eliz jarduera publikoa. Euskara jasoaren eta herri giroko talde-bizitzaren erreferentzia-gunetik aski euskara okerra (edo erdara hutsa) iristen zen. Jarduera hori, berriz, herritarren mintzajardunaren norma kolektiboetan eragiten ari zen: euskal erabileraren kontra eta erdal erabileraren alde(155).

  • c) Zergatik dago gero eta euskaldun garbi gutxiago?

    Eskolengatik: hori da Iturriagaren erantzuna. Hemengo eskolen hizkuntza-trataera okerra da, eta umeak horregatik ateratzen dira gero eta euskara aldetik pobreago.

  • d) Zergatik dago euskara gero eta erdararekin nahastuago?

    Erantzun egituratua, ordura arte gure artean inork eman gabeko koherentzia kontzeptualez eta oinarri objektiboz hornitua, ematen dio Iturriagak galdera horri: "Una lengua mantiene su primitiva pureza, y se conserva ilesa, mientras está aislada. Desde el instante en que, saliendo de su aislamiento, se pone en comunicacion con otras, empieza á corromperse y perderse. Tal es desde algunos siglos á esta parte la posicion de la lengua bascongada con respecto á la castellana, y tal la suerte final, que irremediablemente le va á caber. La continua é íntima comunicacion, en que estamos con ella (...) han hecho que nuestra lengua nativa esperimente los efectos de la accion, que la castellana egerce sobre ella trabajándola de continuo y arrastrandola hacia su total desaparecimiento".


IV.4.- Nora goaz, hizkuntza kontuan?

Nora goaz, gauzak horrela segitzen badu, euskara-erdaren kontuan? Non bukatu behar dugu, hemendik 50 edo 100 urtera? Galdera horiei ere erantzun zien Agustinek, bere idazkian. Ilun ikusten zuen Iturriagak euskararen eta euskaldunon etorkizuna. Gindoazen bidetik gindoazela, ez zegoen atarramentu onik. Alferrik zen euskararen ederra eta euskararen argia goraipatzea. Alferrik zen garai bateko bere hedadura zabala eta nagusitasun erabatekoa argudiatzen saiatzea. Bere hitzetan esanik, "lo que veo es que mientras nuestros filólogos están haciendo la anatomía de esta lengua, se nos va escapando de las manos, digamoslo así y (...) si nos descuidamos, nos vamos á quedar como el cuervo de la fabula hinchados de vanidad y sin queso. Que importa (...) todo esto, si cada dia camina con mas celeridad ácia su perdicion, y se nos va á desaparecer totalmente?"

Iturriagaren ustez, ezer egiten ez bazen galdu egingo zen euskara. Eten handia gertatua zen Hernanin, eta seguruenik Gipuzkoa osoan, bi belaunaldiren buruan. Bera baino bi belaunaldi zaharrago zen Kardaberaz, eta harentzat ez zegoen dudarik euskarak bizirik iraungo zuela (Kardaberaz, 1761)(156). Kardaberazentzat bakarrik ez: oso diferenteak dira, oro har, "nora goaz?" galderari diglosiaren iraunkortasunean oinarritzen diren autore zaharrek (Kardaberazek eta bere kidekoek) ematen dituzten erantzunak, batetik, eta Wilhelm Von Humboldt-en eskutik ari diren pentsalari eta idazle gazteagoen ikuspegia, bestetik. Azken hauetakoa zen Agustin Iturriaga(157). Ez ordea bera bakarrik: Erro batek euskara indarberritzeko berariazko elkartea edo batzordea eratzea proposatu bazuen, Barroeta Aldamarrek proposamen hori Mondragoeko batzarraldira eraman bazuen eta bertan bildutakoek euskara ez galtzeko neurriak aztertzea erabaki bazuten, seinale da arriskuaren kontzientzia aski zabaldua zegoela jendearen (gipuzkoar jakitunen eta zezakeen jendearen) artean.

Luze-zabaleko mintzaldaketa(158) zergatik gertatzen zen azaltzen saiatu izana: hori da Iturriagaren ekarpen nagusia. Iturriagaren pasarterik etsigarriena eta kopetilunena dugu hori, dudarik gabe. Generalizazio-maila handienetako bat ere bai. Pasarte batean badirudi Iturriagak ez duela ikusten, ezer eginaz ere euskarak salbaziorik duenik: "tal la suerte final, que irremediablemente le va á caber". Euskararenak ez du erremediorik, itxuraz, Iturriagaren ustean(159). Bigarren puntu horretan, Ilustrazioaren eta harrez geroko progresu-paradigma mekanizistaren oihartzun bortitza ageri da Iturriagaren hitzetan. "Egiten duguna egiten dugula, gureak ez du konponbiderik".

Gero, ordea, txosten berean, aurrez aurre gezurtatzen du Iturriagak hasieran esandako hori. Ba omen dago modurik, euskara bizirik ateratzeko: ez, beharbada, nahi litzatekeen neurri osoan; baina bai behar adinako neurrian. Hori bakarrik ez: horrela jokatuz gero, galdutako eremuak ere berreskuratu ahal izango omen dira euskararentzat, tentuz eta elkar hartuz, indarrak bilduz egiten badira gauzak.(160)


IV.5.- Asmoak, interesak eta ikuspegiak

Euskara-erdarak direla-eta, galdezka ari da jendea: nora joan nahi dugu, hizkuntza kontuan? Zer leku dagokio euskarari, gizarte berrian? Posible al da, hori? Merezi al du? Bide onetik al goaz, joan nahi dugun lekura garaiz eta zuzen iritsi ahal izateko? Era honetako galderak dira, atal honetan ikustekoak. Has gaitezen puntuz puntu

  • IV.5.1.- Zein da Iturriagaren helburua?

    Hiru zatitan emanik dator Iturriagaren erantzuna: gizarte-perspektiban, hiztunen mailan eta hizkuntzaren barne-egituran. Ikus ditzagun hirurak:

    • a) Zer egin nahi dugu euskara-erdarekin, gizarte-bizitzako erabilerari dagokionez? Zer egin nahi dugu, konkretuki, euskararekin? Bizirik gorde nahi al dugu? Indarberritu egin nahi al dugu? Lehenengo galdera multzo honetan, erantzuna partez emana aurkitu zuen Iturriagak: euskara bizirik gorde nahi zen. Hori baino gehiago ere bai: ilustratu egin nahi zen euskara, bizirik gordetzeaz gainera. Labur esanik, bere atzera-martxari frenoa jarri nahi zitzaion, eta lanketa bidez indarberritu. Hori zen Gipuzkoako Batzar Nagusien posizio ofiziala, 1830. urteko akta ofizialetan jasoa. Horretan ez zuen beraz, Iturriagak, burua nekatu beharrik izan. Airean gelditzen zen, ordea, puntu horretako lehen galdera: "Zer egin nahi dugu euskara-erdarekin, gizarte-bizitzako erabilerari dagokionez?"

      Galdera hori erantzun gabe zegoenez, aurrez aurre heldu zion Iturriagak. Ikus dezagun nola: "Destruyamos pues desde luego esta práctica tan perniciosa a la lengua bascongada, y sustituyámosle otra, que la hermane con la lengua castellana haciendo que se auxilien recíprocamente, y que de enemigas, que eran hasta aquí, se hagan y sean en adelante íntimas amigas y compañeras. ¿qué pretendemos, o qué necesitamos nosotros en nuestra posición actual con la lengua castellana? Aprenderla y llegar a poseerla con la mayor perfección posible. (...) Y ¿qué han hecho con nosotros para enseñárnosla, y qué hacemos nosotros para enseñar a nuestros jóvenes? Erizarla de dificultades, haciéndola chocar de frente con nuestra lengua nativa y poniéndola en pugna con ella, pero en una pugna tan encarnizada como perjudicial a nuestra lengua nativa. Ya que por la naturaleza de las cosas esta lucha es desigual, y el triunfo ha de quedar para la lengua castellana, salgámosle al encuentro, recibámosla de paz, introduzcámosla como amiga en nuestra casa,..."

      Lehen begiratuan argia dirudi, bere asmo nagusiaren berri ematen duen testuak: ele biko marko instituzionala sortzea planteatzen du Iturriagak. Bi hizkuntza izango dituen gizartea(161). Kontua ez dago, ordea, nahi bezain argi. Lastima handia da, horixe baita txosten osoaren eztabaida-gune nagusietako bat.

    • b) Zer egin nahi dugu ikasleekin? Elebakarrak sortu nahi ditugu: euskal elebakarrak?; erdal elebakarrak?; elebidunak?; nolako elebidunak? Galdera-sorta honek erantzun argia zuen, Iturriagaren asmoan: euskaraz eta gaztelaniaz ondo irakurtzen (eta, seguruenik, baina ez erabat seguru, ondo idazten) jakingo zuten gazteak sortu zahi zituen Iturriagak. Hori baino gehiago ere bai: gramatika, eragiketa aritmetikoak eta, jolas bidez, natura-zientzien oinarrizko informazio tekniko-profesionala euskaraz eta erdaraz eskaini nahi zitzaien ikasleei. Horrekin guztiarekin, euskaraz eta erdaraz ondo moldatuko ziren gazteak prestatu nahi zituen berak.
    • c) Zer-nolako euskara zabaldu nahi da? Euskara ona nahi zuen Iturriagak: ahal zen neurrian txukuna, gaztelaniaren morrontza handiegirik gabea. Baina entenditzen erraza eta erabiltzerakoan eroso sentitzeko modukoa. Larramendiren hiztegiarekin bakarrik bazekien berak jai zegoela, terminologia teknikoa sartzerakoan. Dialogo-jolasetan, bereziki, "se ha tenido mucho cuidado en la introducción de voces vascongadas, poco o nada usadas, para que no hagan ininteligibles las frases y se vayan adoptando y generalizando paulatinamente."

    Euskararen atzera-martxari alto ematea espero zuen bere planarekin, lehenik eta behin, Iturriagak. Hizkuntzak azken mendean galdutako lur-sailak berriro eskuratu ahal izatea ere ez zuen begien bistatik kentzen. Hots, euskara indarberritzeko plana zen berea, language acquisition eta guzti. Fishman-en eta Lovas-en 1970eko sailkapen famatuaren arabera full bilingualism edo elebitasun betea eragin nahi zuen Iturriagak, bere metodoaz, Gipuzkoako ikasleen artean. Erabateko elebidun funtzionalak sortzen lagundu nahi zuen. Gipuzkoako gazte guztiengan pentsatzen ari izango zela uste izan liteke. Eta agian hala izango zen. Jakin badakigu, ordea, bere barne-asmo maiteena zein zen: baserrietako ume eta gazteentzako eskola-molde elebiduna sortzea(162). Batez ere haiek atenditzea: hori zuen bere xede nagusia.

    Hizkuntza bera txukundu, hainbatean bateratu eta terminologia aldetik elaboratu egingo zela horrela espero zuen Agustinek. Hizkuntza-plangintzaren munduan batere arraroa ez den bidetik, cultivation eta implementation bidetik lortu nahi zuen berak euskararen corpus-plangintza aurrera eramatera.

  • IV.5.2.- Posible al da helburu hori? Merezi al du saiatzea?

    Nola ikusten zuen kontu hori Iturriagak eta bere lankide-taldeak? Eta nola ikusten zuten kontua Batzar Nagusiek? Nola ikusten zuten asmoa, azkenik, berrikuntza horien hartzaile izan zitezkeen instantziek eta pertsona jakinek?

    • a) Iturriagaren ikuspegia eta ekarpena. Entusiasmo handiz egindako saioa izan zen Iturriagarena, 1830etik 33ra artean. Entusiasmo horrek bere ikuspegia ere markatu zuen, hainbatean. Bai lehenengo galderari eta bai bigarrenari baiezko erantzun espresua eman zien Iturriagak, oroitza-idazkian bertan.
    • b) Batzar Nagusien jarrera eta deliberamendua. Hasieran, kontua mahai gaineratu zenean, baiezko betea eta babes sendoa izan zuen proiektuak. Hiru urteko ibilian gesalduz eta epelduz joan zen ordea, gorago esan den gizarte-giro bihurrian, euskara indarberritzeko asmo hura.(163)
    • c) Gainerako instantzia kolektiboen eta norbanako jakinen interesak. Hain berrikuntza zabalak interes eta ikuspegi kontrajarri asko jar zitzakeen airean, eta interesdun horiek garbi jokatuko zuten: kontrako interesa zutenek plana ahultzera joko zuten, ez indartzera.


IV.6.- Azterbide preskriptiboa: zer egin behar da, helburua lortzeko?(-)

Hizkuntza-soziologia aplikatuaren esparrua da, bete-betean, orain ikustera goazena. Azken mende-erdiko terminologia teknikoan izen bat baino gehiago jaso izan duena baina, nagusiki, hizkuntza-plangintza esan ohi zaiona. Hizkuntzaren gizarte mailako problemei irtenbide antolatua bilatzeko saioen azterketari esan izan zaio, beste zenbait definizioren artean, language planning edo hizkuntza-plangintza.

Asmoa aurrera ateratzeko zer arazo ikusten zituen Iturriagak, aztertua daukagu aurreko atalean. Arazo horiek konponbidean jartzeko zer neurri hartu nahi zituen ikusiko dugu orain, Iturriagaren eskutik azterbide preskriptiboen alorra hurbilxeagotik arakatuz. Planaren oinarri teorikoak aztertu behar dira horretarako, batetik, eta bere aplikazio praktikoa ikusi bestetik. Ezagunena bigarren zatia bada ere Iturriagaren kasuan, soziolinguistikaren aldetik bere oinarri teorikoen ikustaldia da, dudarik gabe, erakargarriena. Has gaitezen hortik, beraz.

Zer egin behar da gero eta jende gehiagok, gero eta jardun-gune eta harreman-sare gehiagotan, euskaraz egin dezan? Galdera horri erantzuten saiatu zen Iturriaga, bere garaiko inor baino zehatzago eta esplizituago. Horixe du bere meriturik handienetakoa: galdera on bati erantzuten saiatu izana. Erantzuna bilatzerakoan, bere irizpide nagusiak bi eratakoak izan ziren. Batetik, "zerk ez du balio?" Galderari erantzun zion. Bestetik, berriz, "zerk balio du edo balio luke?" galdera argitzen saiatu zen. Goazen gu ere, puntuz puntu, galdea biak bereiz lantzera.

  • IV.6.1.-Zerk ez du balio, euskara indarberritzeko?

    Azterbide proskriptiboa da hori, ez preskriptiboa. Halere, teoria aldetik hain landu arin egonik azterbide preskriptiboa, ikuspegi proskriptibo hori ez da gauzak argitzen hasteko hain puntu okerra. Hiru argudio-oinarri eskaini zituen Iturriagak, ikuspegi horreatik. Hirurak ere aski berriak ziren: ordura arteko ikuspegi nagusiak auziperatzen zituztenak. Ikus ditzagun Iturriagaren hiru argudio-oinarriok.

    • a) Euskara ez da apologiazko lanen bidez indarberrituko

      Hori da Iturriagaren abiaburua. Hortik ekiten dio bere planari. Segurutzat ematen du abiaburu hori, eta hortik aurrera hasten da gauzak xehetzen. Horra bere hitzak: "lo que veo es que mientras nuestros filólogos están haciendo la anatomía de esta lengua, se nos va escapando de las manos, digamoslo así y que si nos descuidamos, nos vamos á quedar como el cuervo de la fabula hinchados de vanidad y sin queso. Qué importa que el bascuence sea proprísimo en la significacion dé sus voces, muy cortes en sus fórmulas y expresiones; ordenadísimo en sus reglas, conexo y consecuente en su construcción, armonioso sin par; rico y copioso en vocablos, la mas antigua lengua de España, universal por un tiempo en la Península, primitiva, si se quiere, y como tal inspirada por el mismo Dios á nuestros primeros padres?. Qué importa, digo, todo esto, si cada dia camina con mas celeridad hácia su perdicion, y se nos va á desaparecer totalmente?" Astarloa, Erro eta konpainia egiten ari diren lana entenditzen du Iturriagak, eta begi onez ikusten ere du agian. Baina burua hotz dauka, eta oso garbi ikusten du Iturriagak hortik ez dagoela irtenbide onik. Euskararen aldeko hitz ederrekin jai dagoela, besterik egiten ez bada. Bide-berritzaile da Iturriaga, horretan. Mendeetako tradizio bati etxe barruko kritika mingotsa eginez ikuspegi egokiagoen aldeko apustua egiten ari da.

    • b) Hizkuntzen etorkizuna ez dago beren barne-egituran

      Ez da egia, hizkuntza batzuk berez direnik hobeak bizirik irauteko eta beste batzuek, euskarak adibidez, beren baitan (bere barne-egitura desegokian) daukatenik bizi ezinaren gaitza. Hizkuntza guztiek balio dute, berez, aurrera egiteko. Hizkuntzaren galbidea ez dago bere barne-egituran, beste nonbait baizik. Modernoa da Agustinen ikuspegi hori ere: XX. mendera itxaron behar izan da, linguistikan eta hizkuntza-soziologian, gertaera horretaz osorik jabetzeko. Iturriaga ez zen batere esentzialista. Ikus bere hitzak: "Si el mérito intrínseco de una lengua pudiera bastar para su conservacion, vivieran aun con todos los atavios, que las engalanaban, las hermosas lenguas, en que hablaron Demóstenes y Ciceron." Argi eta garbi bereizten da Iturriaga, horretan, euskal apologistengandik. Ez horiengandik bakarrik ordea. Baita euskal detraktore esentzialistengandik eta, oro har, hizkuntzen atzera-aurrera beren barne-egituraren arabera planteatu izan duten guztiengandik(164). Azken muturreraino eraman izan du jarrera hori Iturriagak. Hizkuntzen geroa ez ezik hizkuntza bat L2 moduan ikasteko erraztasuna ere nagusiki ez dela bere egituraren mendeko: hori ere idatzia dauka argia asko: "Eraqueria da uste izatea iscuntza bat bestea baño gaitzagoadala: beguira cein laster eta ederqui itceguiten duten eusquera chorrosquille, paarguille eta chiquiratzalleac. Eusquerac ez du beste cer esanic autsez betea beti vici izatea besteric. (Iturriagak Iztuetari idatzitako eskutitza in VI. eranskina).

    • c) Corpus-plangintza hutsak ez du balio, euskara indarberritzeko

      Iztuetari egindako eskutitz batean aurrez aurre heltzen dio gaiari, bere ikuspegi pertsonaletik abiatuta. Horra zer dioen Iturriagak: "Nic ecusten derana da eun urtes onontz arimbat eusquera ezdala moldizquiratu, eta alaere ez dala gure itzcuntza euscaldunen beren artean ere obetoago icasten eta mintzatzen. Ez det ere uste hitzteguinaquin zaitiraunducodala." (Ikus VI. eranskina, 2. dokumentua). Esan nahi duena ondo ulertzen bazaio (kasu honetan, adiera ez dago batere argi) hiztegigintzak ez du lortuko euskarari belaunez belaun bizirik eustea. Bere baitarik eta bere hutsean ez du hartarako eragimenik. Ikuspegi modernoa da hori ere, inon halakorik bada. Hizkuntza-soziologiak eta hizkuntza-plangintzak aski berrikitan asumitu duten ikuspegia(165).

    Zer egin behar ez den, edota ordura arteko moduan zertan denbora pasatzea aski alferrikako den, esana digu argi. Hori ez da ordea, berez, jarduera preskriptiboa. Jarduera proskriptiboa, zer egin behar ez den azaltzen duena, da hori. Esan al digu Iturriagak, horrezaz gainera, zer egin behar den? Bigarren hau da, izan ere, benetako jarduera preskriptiboa. Bai, esana digu. Horri erreparatuko diogu, hortaz, hurrengo puntuetan.

  • IV.6.2.- Zer egin behar da, euskara indarberritzeko?

    Iturriagaren ustez, alor batean baino gehiagotan jardutea komeni da. Alor fisiko-demografikoan batetik, soziokulturalean bestetik eta eskola bidezkoan hirugarrenik. Are gehiago: eskola bidezko jardunak bigarren alorrean ere eragin onuragarria izango zuela espero zuen berak.

    • a) Ahal bada, isolamendu fisikoa eta konpartimentazio soziofuntzionala mantendu

      Garrantzitsua da, oso, isolamenduaren edo konpartimentazio fisikoaren puntu hau. Iturriagaren idazkia ez da gai honetan, zoritxarrez, batere argia. Kontuz aztertzea komeni da, hortaz, ondorio okerrera ez iristeko. Has gaitezen, horretarako, Larramendiren ikuspegitik. Isolamendu fisikoaren alde agertua zen Larramendi, bere garaian, Gipuzkoako errepide-sare nagusia berritzeko eta urruneko joan-etorria ugaritzeko planak eratu zirenean. Iturriagaren beraren esanean Larramendi ez zegoen bide-berritze horien alde. Bide berri horiek jendearen (bertakoen eta arrotzen) joan-etorria areagotuko zuten, eta euskaldunen erdaldunekiko kontaktua indartuko. Horrek guztiak, ezinbestean, ondorio jakinak izango zituen euskara-erdaren erabilera-molde nagusian: euskarazko jardunguneak murriztuko zituen bideberritze horrek, hainbat euskaldun elebakar elebidunduko eta elebidun horien euskara erdal interferentziez beteko.

      Iturriaga, 1830-31ko bere txostenean, bidegintza dela-eta Larramendiren kontra agertzen zen une batez. Kalte horrek ba omen zuen bere alderdi ona. Hala zioen Iturriagak: "miraba con ceño y desaprobaba (Larramendiz ari da) la abertura del camino real para Castilla y Francia. Lo que no vió, y hubiera visto acaso, á haber vivido mas, ó haber tenido mas tiempo, es el medio de convertir en ventaja de la lengua bascongada". Horrren arabera, kalte hori mesede bihur zitekeen. Bazirudien, hortaz, Iturriagaren iritzian isolamenduari eustea, eta bere bidez euskara-erdaren ordura arteko konpartimentazio fisikoa eta soziofuntzionala zaintzea, ez zela hizkuntza txikiak indarberritzeko orduan hain garrantzitsua. Egokia ere ez, agian. Ordura arteko eta geroztikako azalpen gehienen kontra zetorren Iturriagaren baieztapen hori. Badakigu Iztuetak kontra egin ziola Iturriagari, iritzi hori zela medio.

      1831?-VI-16ko eskutitzean, ordea, Iztuetaren kritika zela-eta honako hau zioen Iturriagak: "Adisquidea: berorrec dionez eta On Manuelec esan diranez ez nau ongui iracurri. Ez det nic esan aita Larramendic arrazoiric ez daucala bide berrien gañean. Lembicico alcar ecustean, berorrec ustebaño urbillago arquituco guera alcarren gai onetan beste ascotan bezela." (Ikus VI. eranskina, 12. dokumentua).

      Are gehiago: 1830-31ko txostenean bertan, beste pasarte batean, honako hau esaten da: "Una lengua mantiene su primitiva pureza, y se conserva ilesa, mientras está aislada. Desde el instante en que, saliendo de su aislamiento, se pone en comunicacion con otras, empieza á corromperse y perderse". Isolamendua lehen mailako eragiletzat hartzen du, hortaz, Iturriagak.

      Azkenik, eta hori guztia aski ez bailitzan, kolera-izurritearen arriskua zela-eta berak Iztuetari esandakoa oso kontuan izan behar da: "Los males físicos como los morales tienen su origen en la acumulación de la gente. Nos podrimos unos a otros como se pudren los huevos o las manzanas, y este nuestro dichoso suelo lleva en el esparcimiento de su población el principio de todo género de felicidades. Nos faltan para nuestra dicha poblaciones grandes y ojalá no lo fomentaran esa (Donostiaz ari da) y alguna otra del país". Ikus VI. eranskina, 19. dokumentua.

      Ondorioa oso argia da: Iturriagak ez du konpartimentazio fisikoaren garrantzia ukatzen. Lau kasutatik hirutan, konpartimentazio horren garrantziaren alde mintzo da. Hiru horietariko batean, gainera, zera dio: isolamenduaren kontra hitz egin duela uste dugun laugarren kasuan gaizki ulertu diogula. Gauza ona da beraz konpartimentazio hori, Iturriagaren ustean, gurea bezalako hizkuntza txikientzat. Ona da eta, ahal izanez gero, zaindu egin behar da: "ojalá no lo fomentaran (deskonpartimentazioa)" Donostiak eta bestek. Nahi izatea ez da, ordea, aski. Behinolako isolamendu-maila galtzen hasia da Gipuzkoa, Mendebal Europa gehiena bezala, eta euskara-erdaren konpartimentazio soziofuntzionala ere pitzatzen hasia da joan den mendetik.

    • b) Isolamendu hori osorik atxiki ezin denez, "beste zerbait" egin behar da

      Posibilista da Iturriaga, inon halakorik bada, eta ondo asko daki esaera zaharrak zer dioen: "ahal denean ahal dentxoa". Isolamendu zaharrari bere osoan ezin eutsi zaio: gizarte-urak beste bide batean barrena doaz. Ezintasun horregatik dio berak, gertatzen ari den gizarte-berrikuntzarekin ezin litekeela konpartimentazioa antigoaleko moduan mantendu. Badaki errepide berriak, jendearen joan-etorria eta merkatu-zabaltzea etorri badatozela: factum horrekin kontatuz egin nahi ditu berak euskara indarberritzeko planak, ez berrikuntza horien aurrean begiak itxiz.

      Ilun samarra da Iturriagaren argudio-bidea, puntu honi buruzkoan. Iluna izanik ere badago modurik, argudio-bide horren arrasto nagusiei heltzeko. Honelatsu doa bere arrazoi-bidea, nire ustez: "maila bateko deskonpartimentazio fisikoa onar dezagun, gainean baitugu gustatu edo gustatu ez. Gaztelania onar dezagun, euskararen galgarri izango ez den gizarte-moldaera indartuz". Hori da, funtsean, Iturriagaren oinarrietako bat. "Egunetik egunera nabarmenago den isolamendu-galera ezinbestekoa denez, eta horrekin datorren deskonpartimentazioak etxeraino sartuko digunez gaztelania, onar dezagun esku-zabalik eta presta dezagun gure gizarte-bizitza hizkuntza biko eszenario horretarako. Orain arte etsai izandakoak adiskida ditzagun(166), aurrera begira". Hori da Iturriagaren ikuspegia, isolamendu-galerari eta deskonpartimentazioari dagokienean. Hizkuntza biko eszenario horretan euskara-erdarei egokituko litzaiekeen funtzio- eta esparru-banaketa berriaz ez da, ordea, ia ezer esaten. Eskola-munduko leku-banaketaz bakarrik mintzo da Agustin, halako zehaztasun-maila batez. Gainerakoaz, eta gainerakoak osatzen du gizarte-bizitzaren % 95 baino gehiago, ez du ezer esaten. Konforme "beste zerbait egin beharra" dagoela. Baina zer? Hori du bere azalpenak ahul-gune nagusietarikoa. Ez, halere, erabatekoa. Soluzio modu bat buruan du berak, izan ere, eta hori azpimarratzen du bere txostenean.

    • c) Hizkuntza lantzea, indarberritze-saioaren giltzarri

      Bere hitzetan esateko, "Las lenguas dominantes prevalecen sobre las que no lo son porque se cultivan con prefencia a ellas. Cultivemos el vascuence, y veremos que la misma causa produce el mismo efecto. Pero ¿cómo hemos de cultivarla, si hemos visto que todos nuestros intereses y ventajas están en contra de ella? La cultivaremos convirtiendo estos interéses y ventajas en favor suyo. Ahí está la imposibilidad, se me dirá. Pero yo responderé que esta imposibilidad no es absoluta, o total, sino que es posible en parte, y que esta parte posible es suficiente par la conservación de nuestra lengua nativa, para hacerla más generalmente inteligible en todo el país bascongado, y para detener su marcha retrógrada, que es el objeto del decreto, sobre que versa este escrito". Hori da, funtsaren funtsean, Agustin Iturriagaren giltzarri-ideia. Lantzen diren hizkuntzak aurrera ateratzen dira, lantzen ez direnak ez. Landu dezagun euskara, behar adinako neurrian bederen, eta bizirik aterako da. Are gehiago, horrela lortuko da "hacerla más generalmente inteligible en todo el país bascongado".

      Nola "landu" behar da, ordea, euskara? Zer da, hasteko, "cultivar el vascuence" hori? Aurrerago dioena ongi ulertzen bazaio: hiztunen euskarazko aldaera-sorta zabalduz, hitzezko jardunari idatzizkoa erantsiz, belaunaldi berriei ahalik eta hizkera-molde bateratuena bideratuz eta beraiekiko jardunean estilo-lanketa jasoa (eguneroko hizkeran sortu ohi dena baino jasoagoa, bederen) indartuz. Pausoz pauso eta inor behartu gabe, baina hizkera bateratuagoa (euskalkiei dagokienez izen- eta aditz-jokoa bakarrik atxikiko dituena) indartuz. Ehun eta berrogei urte aurreraturik dabil Iturriaga, partez, bere terminologia horrekin. Hizkuntza-plangintzaren teoriak, Haugen-en, Das Gupta-ren, Jernudd-en eta gainerako bidegileen garaitik, language cultivation deitzen dio hizkuntza-plangintzaren atal bati. Hizkuntza bat Kultursprache (Kloss, 1952) bihurtzearekin loturik dago hori, eta Lizardiren ametsarekin, larreko hizkuntza noranahiko bihurtzearekin alegia, bete-betean uztartzen da. Horretan ere aurrelari izana dugu Iturriaga, ahazturik bagaude ere. Zer egin behar da, ordea, hizkuntza lantzeko? Iturriagaren erantzuna argia da: eskolara eraman behar da.

    • d) Ele biko eskola eratu, haurrak erdal itsasora eramanez

      Gauza jakina da, ele biko hezkuntza gertakari zaharra dela mundu zabalean. Ez hainbat gure artean, eta are gutxiago bertako hizkuntza ahula salbatzeko xedeaz. Hizkuntza indarberritzeko tresna bihurtu nahi izan zuen Iturriagak eskola. Baziren lehendik, Larramendirekin hasi eta Kardaberaz tarteko, eskola molde euskal-etsaia gogor salatu zutenak. Iturriagaren meritua da ordea, ordura arte idazle eta pentsalari bakan haien buruan ibilitako, eta idatziz oso noizbehinka adierazitako, iritzi hari formulazio operatiboa ematen saiatu izana, hartarako plan konkretua idatziz(167), ikasmaterial konkretuak sortuz eta Probintziako aginte-maila gorenean aztergai eta erabaki-gai bihurtuz. Iturriagak bakarrik egin zuen hori, bere bizi-denbora osoan. Horrelakorik egina zuen zenbaitek, partez. Egiten ere ari zen halako zerbait, pedagogo bat baino gehiago: Astigarraga, Hiriart, Archu eta, geroxeago, Eguren.

      Bere plana ez da, bestalde, euskara hutsezko eskolak sortzekoa. Nahi izan balu ere, ez zeukan hori egiterik. Goi-agintetik argi esana zegoen, erdara erakustea zela bertako eskolen zeregin nagusietako bat. Debekurik izan ez balu ere ez dago garbi, hartara joko zuenik. Kontua ez zen juridiko-penala, soziologikoa baizik: gizarterako ongi prestaturiko gazteak heziko zituen eskola nahi zuen Iturriagak, eta gizarteak zeraman martxan erdaraz jakitea ezinbesteko baldintza bihurtua zegoen, bizian aurrera egin ahal izateko. Hori zen giltzarria, eta hortik abiatzen zen bera.

      "A este fin empezemos a derramar al enemigo desbaratando las oficinas, donde forja sus armas. El lector entiende ya que hablo de las escuelas de primeras letras. (...) Destruyamos pues desde luego esta práctica tan perniciosa a la lengua bascongada, y sustituyémosle otra, que la hermane con la lengua castellana haciendo que se auxilien recíprocamente, y que de enemigas, que eran hasta aquí, se hagan y sean en adelante íntimas amigas y compañeras. (...) Haciendo en nuestras escuelas de primeras letras todo lo contrario de lo que hasta ahora se ha hecho, habremos conseguido el doble objeto, que nos proponemos, es decir, la destrucción de la práctica perniciosa a nuestra lengua, y la introducción de otra, que le sea favorable. Enséñeseles a leer en bascuence, ¿Se le ha obligado a hablar el castellano sin preparación alguna anterior? No se les obligue a hablarlo hasta que tenga copia suficiente de voces y frases castellanas. (...) ¡Quién sabe si de esta hermandad, buena correspondencia y armonía, en que pusiéramos a las dos lenguas, que hasta ahora han sido enemigas irreconciliables, resultará que entrando la castellana por todo este país a paso franco sin inconveniente de ningún género, y sí con muchas ventajas de la bascongada, hará también ésta por su parte la reconquista de aquellos pueblos, donde hoy se halla agonizando, y en momentos de expirar? A este fin sería preciso invitar a las Diputaciones, a que corresponden aquellos pueblos, a adoptar el método de que se trata acomodando el bascuence de los libritos referidos a sus respectivos dialectos y teniendo cuidado de conservar la misma terminología, para que fuese generalizándose en las diferentes provincias y haciéndose de este modo más inteligible nuestra lengua en todas ellas. Si la experiencia, como es de esperar, correspondiese a nuestros deseos, se podría ir, como se ha dicho, multiplicando sucesivamente los diálogos, y haciéndoles girar sobre puntos de agricultura, economía doméstica, etc., y por este medio se lograría que se enriqueciese la lengua, se extendiese la instrucción de los jóvenes y se perfeccionase la enseñanza primaria de nuestras escuelas."

      Amets handiak, neurri gabeak ia, jartzen zituen Iturriagak ele biko eskolaketan. Oker zebilen noski: eskola gizarte-gaitz guztien osatzaile deneko ikuspegi hura, Iturriagari Ilustraziotik zetorkiona, aspertzeraino ikusi da oso dela ahul, hanka-mehe eta badaezpadako. Jakin badakigu, orain, gizarte-zigorren eta ordainsarien itsasoan igeri eginaz doazela hizkuntza batzuk gora eta besteak behera, eta eskolaren eragina txikia, benetan txikia, dela eskola-umeak adin batera iritsi ondoan, eta beraz mintzajardunaren gizarte-moldaera eskolatik kanpora dagoela nagusiki.

      Oker zebilen, orobat, euskara-erdaren bizikidetza eskola-formula egoki batek eskuratu ahal izango zukeela uste izanik. Hala nahi genuke askok, gehienok ere bai agian. Baina biziaren erdia hartan eman dugularik badakigu ongi, eta gezurrik ez esatea da gizonaren lege nagusietako bat, gauzak bestela direla. Behar-beharrezkoa da eskolak euskara-erdarei lekua eskaintzea, haur elebidunak eratzeko. Horrek ez dakar ordea berekin, urrundik ere, euskal-galgarri izango ez den hizkuntza bien arteko funtzio-banaketa egonkor eta itxaropentsurik gizartean. Bestelako neurriak eta bestelako formulazio teorikoak behar dira horretarako.

V.- Zenbait ondorio

Bada motibo argia, Iturriagaren hizkuntza-jokabidea azaltzea nabarmen zailtzen duena. Gurea da arazoa, funtsaren funtsean. Eragozpen-muga larriak ditugu oraingo euskaldunok, garai hartako esan-eginak orduko baldintzen arabera entenditu eta baloratu ahal izateko. Iturriagaren esan-eginak eta bere ekarpenak, batez ere eskola-mundukoak, ezin uler litezke bere osoan Gipuzkoako garai hartako egoera soziolinguistikoa nolakoa zen jakin gabe. Erresumako goi-agintearen filosofia soziokultural eta politikoa kontuan izan gabe ere ezin dira bere jarrerak eta jokabideak argi epaitu. Maizegi egiten dugu halakorik. Argitu ordez ilundu egiten dugu, horrekin, gure lana. Txosten honetan esandakoak, eta amaierako hitzak, argitze-lan horretarako ekarpen gisa eratu dira. Aurrez adierazitakoak hamar bat ondoriotara bilduz eman nahi nioke gaurkoari akabera. Goazen beraz, puntuz puntu. Zer esan dezakegu, labur bilduz, Iturriagaren egitasmoaz, jokabideaz eta ekarpenez?

  • V.1.- Soziolinguistikaren gaurko markoan txertatu behar bagenu Iturriagaren 1830eko lana, non txertatuko genuke? Hizkuntza-soziologia aplikatuaren esparruan sartzen da, bete-betean, Agustinen lana. Gaurko hitzetan esateko, hizkuntza-plangintza diseinatu zuen Hernaniko benefiziaduak. Top Down planning edo Goitik Beherako plangintza zen berea: Herri Aginteek eztabaidatu, adostu eta erabaki bezain azkar Gipuzkoa osoko eskoletara zabaldu beharrekoa.
  • V.2.- Absolutismo ilustratuaren iturrietan edandakoa izaki, ez zuen Agustinek Bottom Up edo Behetik Gorako plangintza-biderik begien bistan. Bideak erakutsiko zion, beste askori bezala, plangintzaren zati osoak behetik gorakoak direla. Behetik gorako bultzada gabe ilaundu egin ohi direla, sarri, planik dotoreenak ere.
  • V.3.- Zer plangintza modu, ordea? Eskola-mundura mugatua zegoen, lehenik eta behin, Iturriagaren plana. Proiektu hura ez zen acquisition planning delakoaren multzoan sartzen: ez bete-betean, behintzat. Iturriagak ez zituen Gipuzkoako ume erdaldun bakanak euskaldundu nahi, gehiengo zabala osatzen zuten ume euskaldunak elebidun funtzional bihurtu baizik. Ume euskaldunek erdaraz ondo ikastea nahi zuen berak, batetik, eta beren ama-hizkuntzan ganoraz alfabetatzea bestetik. Inondik hurbil ibiltzekotan, ele biko alfabetatze-programatik zebilen Agustin hurbil.
  • V.4.- Inoiz edo behin besterik esan izan badugu ere, Agustinen asmoa ez zen pasabideko elebitasuna hedatzea. Berak ez zuen, alegia, egungo terminologian transitional bilingualism esan ohi dena bultzatu nahi. Estabilizatu egin nahi zuen berak euskara-erdaren presentzia, Gipuzkoako gizarte-bizitzan. Bateraezina da hizkuntza biren konpartimentazio soziofuntzionala egonkortzeko asmo hori, pasabideko elebitasunarekin.
  • V.5.- Iturriagaren hizkuntza-jokabidea azaltzen ez da lan erraza. Arrisku handiegia dago, berari buruz txuri edo beltzeko ondorioak ateratzea. Horrek badu esplikazioa. Hirurogeita hamar urteko odisea pertsonal luzean, posizio bat baino gehiago izan zituen Agustinek. Oraingoz eskuartean ditugun argibideen artean, 1823 eta 1833 artean euskaltzale zintzo agertu zen. Hori baino lehenagoko egoeraz ez dago informazio zehatzik, baina baliteke bere euskaltzaletasuna, liburuetatik baino gehiago, bere ikastetxeko ikasleekin 1817tik 1823ra artean bizi izandako esperientziatik eratorria izatea.
  • V.6.- Iturriaga ez zen gizon isolatua, bakardadez josia. Langintza horretan ez zen inorekin kontatu gabe sartu. Harreman-sare trinkoa, askotarikoa, zuen Agustinek berekin. Horri eskerrak ongi samar ezagutzen zituen bere gizartearen goien-barrenak. Goiko harremanei dagokienez eskueran zituen, oso, Donostialdeko zirkulu ilustratu-liberalak (Lasala, 1884) eta, harreman horien itzalaz, herri-aginteekiko harremanak ere aski eskueran zituen. Gipuzkoako jende ikasia eta Probintziako agintariak hain hurbileko izanik ere, bere bidetik jo nahi izaten zuen Agustinek, euskarari eta euskal kulturari zegozkienetan bestelako lagunarteetan bilatuz sormen-iturria eta edertasun-sena. Lagun handia izan zuen, euskalgintza horretan, Juan Inazio Iztueta.
  • V.7.- Europako hainbat lekutan XIX. mendearen lehen erdian plazaraturiko buru-langile berrien adibide argia dugu Agustin. Herria, hizkuntza eta ohiko gizarte-bizitza beste era batera antolatu nahi zuen protoelite jakitun baten adibide. Ez gizartearen kontserbazioa zuen lekuan lekuko protoelite horrek lehentasunezko xede, are gutxiago bere preserbazio mimetikoa. Gizartea aurrera zihoan. Ezinbestean aurrera jarraitu beharko zuen, gainera, gizalegezko bizimodu hobea eskainiko bazitzaien herritarrei. Bizimodu hobea eskaini nahi zieten izan ere, hiritar jantziei ez ezik baserritarrei ere. Jatortasunaren eta modernidadearen arteko ezkontza modua bilatzen zuen protoelite horrek. Planteamendu horretatik abiatu ziren Astigarraga, Iturriaga eta beste zenbait gipuzkoar, euskarari egoera buru-jasoagoa ekar ziezaiokeen eskola-moldea berrantolatzen. Euskara bizirik gordetzea, eta gizarte-bizitzan goi-mailako funtzioetara (funtzio batzuetara bederen) zabaltzen laguntzea: hori zuten xede.
  • V.8- 1800etik 1833ra arte, ilustratuen (eta, nahiago bada, haien oinordeko ziren frantsestuen eta liberalen) esku joan zen euskara-debekuaren paradigma zaharra apurtzen hasi eta ele biko irakaskuntzari ateak zabaltzea: haiek izan ziren aitzindari. Batez ere Astigarraga eta Iturriaga, Gipuzkoari dagokionez. Intxaustik (2007) Astigarragarentzat esan berri duena orpoz orpo egokitzen zaio Agustin, hainbat puntutan. Hori ere kontuan hartu behar genuke, Iturriagaz eta XIX. mende hasierako bere kideez hitz egiterakoan. Gure guztion ondare intelektualaren iturburu dira: iturburuetariko bat.
  • V.9.- Zertan huts egin zuen Iturriagaren planak, egungo ikuspegitik? Lotsa ere eman behar du, ura joan eta gero errotari eragin nahi izatea. Maisukeria merkea izan ohi da, gainera, erantzun ezin duenari zertan oker jardun duen esaten hastea. Ez nuke halakorik egin nahi. Kontrakoa ere ez ordea: ez da itxurazkoa, inoren lanaz izan litezkeen iritzi kritikoak isilpean gordetzea, itxura txarra ez emateko aitzakian. Hel diezaiogun gaiari, hortaz. Honako muga hauek ageri ditu, egungo begiekin ikusiz, 1830-31ko planak:
    • a) Baikortasun handia. Nahi izate hutsarekin euskara-erdaren konpartimentazio berri bat, euskara bizirik gordetzeko adina ahalmen berekin izango zuen moldaera berria, egingarri dela uste izatea. Ez dago munduan adibiderik, ordera, gizarte-aldaketa onez onean, inolako arazorik gabe, gertatzen denekorik. Horretaz ez zen Iturriaga jabetzen. Asmoaren ederrak liluratzen zuen, seguru asko.
    • b) Eskolaren neurriz kanpoko balorazioa. Mundu berriaren iturburu bailitzan ikusi nahi izaten dugu, sarri, eskola. Berez eman dezakeena asko da, eta ez genuke hori gutxietsi behar. Dezakeena eman dezake ordea, ez gehiago. Dagokion baino leku zabalagoa aitortzen zion eskolari, gizarte-bizitzaren berrikuntzan; bere plan ausart hura herren jaio zen hasieratik, hori zela medio.
    • c) Ez zuen, azkenik, euskara-erdaren konpartimentazio soziofuntzional berrirako inolako eredurik agertu. Erdi erorian dagoen etxeari pikatxoiaz ekin aurretik komeni izaten da, noski, etxe berria egiteko planoak, baimena eta baliabiderik eskueran izatea. Motx gelditu zitzaigun, horretan ere, bere plan famatua. Euskarazko bizia erdararen presentziaz "aberasteko" prest zegoen. Baina erdararen hedapenari (language spread delakoari) mugak nola jarri, luze-zabaleko mintzaldaketa edo language shift ez bihurtzeko, hori landu gabe utzi zigun.

    Orain erraza da, jakina, hori eta gehiago esatea. Orduan ikusi behar, nork hartuko ziokeen Iturriagari argudio-bide landuan, trinkoan eta argian aurrea. Orduan ikusi behar, Gipuzkoako Batzar Nagusietara nork plan zehatzagorik, landuagorik eta erakargarriagorik prestatu eta agintarien aurrean defendatu ahal izango zukeen.

  • V.10.- Aurrerabideak azal ditzagun, hortaz. Goiko muga-eragozpen horiezaz gainera aurrerabide argiak zekartzan berekin, izan ere, Agustin Iturriagaren planak. Horregatik dugu orain ere, mende eta hiru laurden pasa berri diren honetan, bere plan hura aipagai. Ikus ditzagun aurrerabidezko ezaugarri horiek ere, labur-labur:
    • a) Gipuzkoako eskoletan eraztunaren bidezko euskara-debekua kentzeko pausoa izan zen, dudarik gabe, Agustinena. Ahaztu egiten dugu hori, orain. Errazegi noski. Aldaketa ohargarria zekarren berekin, jokabide berri horrek. Euskararekiko begirunea eta errespetua berreskuratzeko bidea zen hori, besteak beste.
    • b) Euskara-erdarei sarbide osoa eman nahi izan zitzaien lehen letretako eskoletan. Erdarak hasieratik lortua zeukanez hori, euskarari sarbidea ematea esan nahi zuen horrek. Gipuzkoako eskola guztietan zabaldu nahi zen eskola molde berria, oro har, eta baserritarren artean bereziki. Iraultza osoa zen hori, aurrera eramanez gero.
    • c) Ama-hizkuntzaren printzipioa ezarri zen, horretarako: oinarri teorikoak baino areago ebidentzia enpirikoak eraman zuen Agustin irizpide horretara. Etxean ikasitako lehen hizkuntzan alfabetatu behar ziren Gipuzkoako neska-mutilak: ama-hizkuntzan (beraz, normalean euskaraz) ikasiko zuten irakurtzen, lehenik. Beste hizkuntzan (normalean, gaztelaniaz) gero. Latinerako jauzia ere erraztu egingo zen horrela.
    • d) Berariazko ikasmaterialak sortuko ziren, asmo horiek aurrera eramateko. Ikasmaterial horien hizkuntza-trataera kontu handiz zainduko zen. Iztueta zen orrazketa-lan horren buru. Gipuzkoan une horretan zegoen autoritaterik handienetakoa.
    • e) Alfabetatzeaz gainera, informazio profesionala ere jasoko zuten mutilek (apenas neskek). Informazio profesional hori dialogo-jolasen bidez eskuratuko zen, hizkuntza bietan.

Plan oso baten egile dugu Agustin Iturriaga: euskarari bere garaiko Gipuzkoan leku hobea eskaintzeko asmoz egindako planaren asmatzaile. Horretarako, elebitasun beteko formula sozioedukatiboa aukeratu zuen, aukeran zeuden beste bideak alboratuz. Ez zen hori, egia da, Agustinen asmo bakarra: erdal itsasora ere eraman nahi zituen berak Gipuzkoako haurrak. Haur guztiak: baita baserrietako umeak ere. Ahalik eta erarik lasaienean (ez ahalik eta azkarren), baina erdal itsasora nolanahi ere. Euskara hutsezko Gipuzkoa joaten, galtzen ari zen bere begien bistan, eta hizkuntza biak, ez bakarra, beharrezkoak izango ziren ingurumen baterako prestatu nahi zuen Agustinek bertako gazte-jendea. Hori zen bere bigarren asmoa.

Azken hitz

Txuri eta beltz arteko gizarte-giroan, askoren atseginez eta beste hainbaten ezin eramanez, elkar hartuzko konponbideak bilatzen saiatu zen Agustin Iturriaga, Hernaniko apaiz euskaltzale eta argitasun-zalea. Lapitza ez zen beretzat dotrinaren etsai. Bata eta bestea elkartuz eratu nahi zuen berak gizarte berria: erlijioa eta entziklopedia, kale-giroko bizimodu berria eta aspaldiko baserritar-legea, euskara eta erdara.

Bere ilustrazioa eta ikuspegi liberala, gizona eta gizarte-aurrerakuntza dialektika jakinean biltzen zituena, argi agertu zen 1830an, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako idatzi zuen txostenaren zenbait pasartetan. Ez gutxienik, ene irudiko, honako honetan: "Lo que (Larramendi) no vió y hubiese visto acaso, a haber vivido más, o haber tenido más tiempo, es el medio de convertir en ventaja para la lengua bascongada la fuerza de la acción, que la castellana estaba ejerciendo sobre ella, no de otra manera que convierte el hombre en bien suyo las fuerzas físicas, dando a las leyes naturales la dirección correspondiente al objeto que se propone".

Pasarte hori lehenengoz irakurri nuenean, eta badira urteak, deigarria egin zitzaidan oso: horra herri koskor bateko apaiz benefiziadua, Gipuzkoako herri-agintariei esplikatu nahian nolatan "convierte el hombre en bien suyo las fuerzas físicas, dando a las leyes naturales la dirección correspondiente al objeto que se propone". Aparta iruditzen zitzaidan esaldia, apaiz baten lumatik jasoa izateko. Ez zen, ordea, hain aparta: bertako ilustrazioak, Azkoitiko jauntxoekin identifikatu ohi dugunak, erro zabalak zituen eta elizgizonak ez ziren, inola ere, gogo-giro hartatik kanpora geldituak. Gero konturatu nintzen, urteen joanean, ez genuela Iturriaga hain salbuespen huts, hain egun bakarreko lore. Lehendik zetorren kate luzea, gero ere ondorengo ugari izan dituen katea, eta hari loturik bizi izan Agustin. Geroztik ere Agustin asko izan ditugu gure artean. Bakar bat aipatuko dizuet, gustu baduzue, "dar a las leyes naturales la dirección que se propone (el hombre)" horren lekuko. Ez naiz, aipamen horretarako, filosofiaren edo gizarte-zientzien osin mamitsuetan murgilduko, olerkien mundura hegaldatuko baizik. Xabier Lete handiak, nire ustez azken mende erdiak eman digun poetarik sakonenak, ez dakit Iturriaga irakurri ondoren idatzi zuen, eta kantuz eman, izarren hauts zirraragarria:

"Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia,
borroka hortan bizi da eta hori du bere egia.
Ekin ta ekin bilatzen ditu, saiatze hortan ezin gelditu,
jakintza eta argia: bide ilunak nekez aurkitu,
lege berriak noizpait erditu, hortan jokatuz bizia.

Gizonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea.
Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea.
Eta indarrak ongi errotuz, gure sustraiak lurrari lotuz,
ukazioa legetzat hartuz beti aurrera joatea".

"Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia (...). Gizonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea". Horra hor Agustinen "la manera en que convierte el hombre en bien suyo las fuerzas físicas, dando a las leyes naturales la dirección correspondiente". Horra hor olerkari-kantariaren ezpainetan, pentsalari argituaren mende t’erdiz lehenagoko gogoeta sakona. Agustinen estilokoa da, hainbatean, Izarren hautseko bizi-programa: "Gure sustraiak lurrari lotuz, ukazioa legetzat hartuz beti aurrera joatea". Errealitateari bizkar ez ematea eta aurrera begirako ikuspegia sendotzea: xede bikoitz hori zuen Iturriagak, dakigun neurrian, bere eguneroko bizi-poz eta oinarri. Horretan saiatu zen, deblauki, Hernaniko pedagogoa. Hori dela-eta, guztion esker onezko aitormena merezi du bere saio zintzoak. Gaurko ekarpen xume honek ezer gutxi erantsiko badio ere lehendik jasoa duen sonari, gizona eta bere ingurumena hurbilagotik ezagutzeko balio izango ahal zigun. Hori nuen behintzat jomuga eta, horretara iritsi banaiz, banengoke pozik.

Eskerrik asko, jaun-andreok.


(MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zerbitzuaren burua eta euskaltzain osoa da)

Oin-oharrak

  • (1) Oin-ohar xumez baizik izango ez bada ere, eskerrak eman nahi dizkiet orobat, ahaztu baino lehen, hitzaldi hau prestatzeko hain laguntza ederra, eta hain eskuzabalik, eskaini didaten Ana Otegiri, Iñaki Azkuneri, Txomin Peilleni, Joseba Intxaustiri eta Juan Joxe Agirreri. Haiei eskerrak baliatu ahal izan naiz, garaiz eta oparo, bestela nekez edo oso nekez eskuratu ahal izango nuen bibliografia prestuaz eta dokumentazio aberatsaz. Eskerrik asko bostoi, bihotz-bihotzetik.
  • (2) Errioxako Autol-etik Errenteriara etorritako Andres Pascual eskribauaren eta Mikaela Iturriagaren iloba zen Agustin, aitaren partetik. Bigarren deitura, amarena, Ugalde zuen. Migel Antonio Ugalde eta Maria Agustina Amitesarobe zituen amaren aldetik aitona-amonak. Iturriaga hori hirugarren deitura zuen beraz, ez lehenengoa eta ez bigarrena: aitaren aldetiko amonaren deitura zuen hori.
  • (3) Agustin bera baino lehenagotik zetorren nahastea, nire ustez. Lehenengo bi abizenekin apelidu bakarra egina zuen Agustinen aita Juan Josek: zehazki esateko, Juan Joseph Pasqual Iturriaga ageri da 1804ko dokumentuetan. Hots, aitonaren Pascual eta amonaren Iturriaga haiek deitura bakar bihurtu zituen: Pascual de Iturriaga. Hala sinatzen zuek aitak, une batetik aurrerako dokumentuetan. Horren ondorioz nonbait, "Pascual de Iturriaga y Ugalde izenpetzen hasi ziren Agustin eta bere anai-arrebak, hirugarren lekuan behar zukeen Iturriaga hura bigarren lekura aurreratuz. Horrela egin zuten adibidez 1804an, "Autos de entroncamiento de hidalguía, nobleza y limpieza de sangre" direlakoetan (ikus AGG-GAO, SS 187, 5). Gutxitan erabili zuten, ordea, hain deitura luzea: Ugalde hori alde batera utzi zuten, gehienetan, Agustinek eta bere senideek. Agustini dagokionez, ezagunak ditugun dokumentuen arabera Pascual (hasieran Pasqual) Iturriaga edo Pascual de Iturriaga erabili zuen maizenik, Ugalde gabe. Hori ere ez beti: lehenengo atala murriztera jotzen zuen inoiz, Agustin Pasq. Iturriaga sinatuz. Hots, lehentasuna bigarren atalari ematen zion berak ere.
  • (4) Horrela ageri da 1817an lehenengoz, eskola eraikitzeko baimen kontuetan: gauza bera 1821eko urtarrilaren 4ko eskutitz ofizialean, Liberalen garaiko Diputazio probintzialak Iturriagari egindako enkargu-idazkian. Horrela ageri da, orobat, 1831ko ekainaren 16an, zientzia-tekniken eta euskararen sustapenerako elkarte ofizialak Gipuzkoako Batzar Nagusiei aurkezturiko dokumentazio teknikoan. Baita uztailaren 12ko Batzar Nagusien aktetan ere. Horrelaxe ageri da, berriro ere, Sustapen-elkartearen 1833ko maiatzaren 15eko txostenean. Horietan denetan Agustin de Iturriaga edo Agustin Iturriaga aipatzen da espresuki. Bestalde, 1841eko eta 1842ko bere ikasliburuetan D. A. P. I. P jarri zuen aurreko azalean, ia era anonimoan adieraziz bere nortasuna: Don Agustin Pascual Iturriaga, Presbítero.
  • (5) Oker ez banago Jose Manterola izan zen, 1880ko bere artikuluan, Agustin Iturriaga deitu zion lehena. Arzak-ek, bere aldetik, A. P. Iturriaga erabili zuen 1887an, lehen bi letrak izen-adierazle bailiran. Zehatzago esateko, Pascual Iturriaga edo Pascual de Iturriaga esaten dio hainbatek, sarrerakoan, eta gero Iturriaga soil-soilik, artikuluan zehar. Ikus, adibidez, L. Villasante(1979) J. M. Setien (1978).
  • (6) Euskal gaiez baina erdaraz ari direnen artean baliteke gehiengo zabala izatea Pascual (de) Iturriaga deitura bikoitzaz baliatzen dena. Ikus, esate baterako, Lasala Collado, Mandasko dukea (1884), Jose Ignacio Lasa (1964, 1965, 1968, 1978) Tellechea Idígoras (1978) eta De Benito (1994). Lasalak berak ere Agustin Iturriaga darabil ordea, inoiz edo behin.
  • (7) Horrela ageri da Euskal Literaturako lan gehienetan. Patxi Altunaren esanean, "Urteen joan etorrian aitaren lehen deitura ere kendu egin zion askotan eta Agustin Iturriaga-tzat ezagutzen dugu komunzki” (1987: 22).
  • (8) Datu bat baino gehiago dago, Agustinen trebezia pedagogiko horren berri ematen duenik.
  • (9) Horretaz jabetzeko ikus, bereziki, Fermín Lasala Collado 1884 eta Madariaga 2005. Filosofia soziokultural eta politiko liberala Iturriagaren baitan gidari izateak ez du esan nahi, ezinbestean, bere jokaera osoa pentsaera bakar horren gurpilera lotua zuenik huts-hutsean. Egunen batean Iturriagak eta Iztuetak Aieteko gainean, euskara eta euskal kultura indarberritze aldera, maiz izan ohi zituzten elkarrizketak zehazterik lortzen bada, esate baterako, bere iritzi-zabaltasuna ere azaldu ahal izango da seguruenik. Badaude hori uste izateko motiboak. Ikus, esate baterako, Lasala 1884.
  • (10) (1987) Jolasak. Euskal Editoreen Elkarteak (konkretuki Kriseluk) kaleratua da Altunak prestaturiko berrargitalpena. Patxik ez zuen jatorrizkoa berrargitaratu, Bonaparteren 1857koa baizik. Ikus, orobat, berrargitalpenerako Patxik prestaturiko hitzaurrea, 21-9 or.
  • (11) Inoiz datu hori galdetu ez banion ere aitari, bere aipamenak kontuan izanik 1926-28 inguruko gertaera izan behar zuen.
  • (12) Ezkion jaio eta Zegaman hazia, apaiz-ikasketei ekin zien. Karlistetan kapilau ibili ondoan Hondarribian, Zegaman eta Donostiako Artzain Onean izan zen apaiz, eta 1901etik aurrera Hernanin erretore. Zamarripak asmaturiko zarrontzale terminoa, bete-betean egokitzen zitzaion, oso oker ez banago, Alfonso Maria Zabalari. Gutxiegi dakigu ordea bere biziaz, azalpen zehatzegirik egiteko. Orain ahaztuta badago ere, Gipuzkoako integrismoak euskal idazle eta euskalari ezagun askotxo izana du bere baitan: Etxaide aita batetik, Orkaiztegi tolosarra bestetik, aipatu berri dugun Zabala hurrenik eta, agian, Mitxelena oker ez bazebilen, Txomin Agirre bera azkenik. Mereziko luke, nolanahi ere, Alfonso Zabalaren ezagutza zehatzagoa eskuratzea, bere idazlan guztiak bilduz eta, bide batez, ahalik eta bizi-zertzelada gehienak jasoz. Egiteke dago lan hori, oker ez banago.
  • (13) Gaia behar bezala aztertu gabe dagoela esango nuke, dakidan apurretik. Apaiz ilustratuak lehenik, eta liberalak gero, literatura-liburuetan ageri zaizkigunak baino gehixeago izanak dira gure artean. Are gehiago: iritzi-aniztasun eta aurrerazaletasun hori aski nabarmena izan zen Donostialdean eta Gipuzkoako zenbait eskualdetan, XIX. mendearen hasieran.
  • (14) Badu J. A. Fishmanek lan bat, Ideology, Society and Language izenekoa, soziobiografiaren aukera paregabeak eskaintzen dituena. Kontuan izaten saiatu naiz maisu handiaren bidea, lantxo hau prestatzerakoan.
  • (15) Bizi-denbora osoaren zati handia da hori. Gutxitan gertatu izan da Europan, azken mendeotan, herritik atera gabe hamasei urte gerra-giroan bizi behar izatea. Are gutxiagotan, gerra-giro hori barne-konfliktuzkoa izatea hein handi batean. Etsai-giro horren marka-seinaleak bekokian ondo iltzaturik daramatza Iturriagak. Ez da harritzekoa: nor ez luke gatazka-zurrunbilo latz horrek sakon markatuko?
  • (16) Bai eta gero, neurri mugatuagoan, Hernani bera ere.
  • (17) Uste baino landu arinago dauzkagu Iturriagari buruzko azterlanak, eta beraz oso posible da egunen batean orain arte esandakoak errotik aldatu behar izatea, honetan edo hartan. Datu fidagarrien eskasia ohargarria da. Ez noski aita Lasak 1968an aipatzen zituen "muchas lagunas biográficas" haien parekoa (Lasa, 1968: 129), baina bai oraindik ere ohargarria. Lasaren funtsezko ekitaldiaz gero Juan Madariaga Orbearen ekarpena izan da, oker ez banago, aurrerapen handiena ekarri duena (Madariaga, 2005). Gauza asko dira ordea, oraindik, argi-ilunean daudenak. Balegoke tesi on baterako gaia, Iturriagaren eta bere bizi-giroaren inguruan.
  • (18) Agustinen eta bere anaia Joakinen esanean, "vecinos concejantes de esta Villa" izateaz gainera "exercieron en repetidas veces oficios honoríficos y los mas distinguidos de la misma Villa" aita Juan Josek eta amaren aldeko aitona Migel Antoniok.
  • (19) Agustinen harreman-sareari dagokionez ezin alboratuzkoa da, orain ere, Lasala Colladoren 1884ko artikulua: Una Asociación Bascongada de 1820 a 1850. Beste hainbat loturatarako, aldiz, iturri espezializatuagoetara jo beharra dago: Zuaznabartarrekiko harremanez ikus aita Jose inazio Lasa, (1968: 138-46); Iztuetarekikoak argitzeko ikus Garmendia Arruebarrena 1968; Muñagorrirekiko adiskidantza kontuetarako, azkenik, ikus Labayen (1976) eta Madariaga (2005: 324).
  • (20) Aitona eta aita eskribau izan zituen, eta anaia bat ere bai. Beste anaia berriz, bera bezala, apaiz eta irakasle izan zen. Anaietako bat herriko alkate.
  • (21) Bere alde zeuzkan gipuzkoar ezagunenak eta ahaltsuenak. Hala nahi izan balu erraz igoko zen hortaz, haien laguntzaz, goiko mailetara. Ez zuen halakorik nahi izan, ordea. Hernaniko apaiz izatea zen bere nahia eta, dakigun neurrian, ez zuen bere gogoz herriko eliza inoiz utzi izan.
  • (22) Askok dio hori: ikus, besteak beste, Lasa, (1968) eta Setien (1978:121). 1840an, bere gogoz eta inork behartu gabe, kapilau-lanengatik zegozkion diru-eskubide guztiei uko egin zien eta herriko bikarioaren esku utzi zituen, Hernaniko pobreei laguntzeko. Batez ere ospitalean edo ospitaletik kanpora gaixo zeuden pobreei laguntzeko. Behar gorrian zegoen Hernaniko familia pobre bati ere bere dirua utzia izan behar zion (Lasa, 1968).
  • (23) Ikusi, esate baterako, 1831ko eskutitza, Iztuetari egina eta donostiarrak oro har, ez bertako jende xehea soilik, diruz aski estu zebilen garaikoa: "Baroja, que está desocupado, y Vd. habrán de trabajar y yo me alegraría muchísimo de que Vd. sacase alguna utilidad como lo merece. Nosotros que no necesitamos de estos recursos para mantenernos debemos trabajar para los que no los tienen" (Beltxezkoa nirea).
  • (24) "hombre de fácil palabra y de vastísima erudición; había nacido para el magisterio (..) y enseñaba más aun de lo que sabia”, Manterolak dioenez (1880: 40-1). Ikus, orobat, Mujika, (1910: 7).
  • (25) Lasala Collado, 1884; Madariaga, 2005.
  • (26) Manterolaren hitzetan "muy frugal, de caracter suave y afable (...) muy dado al estudio, y eminentemente pensador”. Manterola, (1880: 40-1).
  • (27) Oso deigarria gertatu zait niri, esate baterako, gogaide ez dituenak mendean hartzeko bideez dioena (Garmendia Arruebarrena, 1968: 176). Inguruan pizten zuen etsaitasunaren zati bat ez ote zetorkion ezaugarri horretatik?
  • (28) Hala dio, adibidez, J. San Martinek.
  • (29) Euskaltzale hitza gurea izanik ere, kontzeptua bera aski ezaguna da mundu zabalean: hizkuntza ahul askoren baitan, bereziki, uztarkide zuzena du euskaltzaletasun hitzak. Hori bakarrik ez: hizkuntza-soziologian ere termino tekniko jakina du kontzeptu horrek. Oker ez banago Uriel Weinreich-ek sortua da, eta nazioarteko bibliografia soziolinguistikoan ongi errotua, euskal hitz horren baliokide hurbila: language loyalism. Terminoa sortzeaz gainera, definizio modua ere eman zion Weinreich-ek bere sorkariari: Language loyalism horren ezaugarri bereziak honako hauek dira: a) hizkuntza bizirik gordetzen edota indarberritzen ahalegintzea; b) hizkuntza hori garbi, beste hizkuntzen morrontza handiegirik gabe, erabiltzen ahalegintzea. Ikusten denez, etxeko tradizio soziokulturala eta mundu zabaleko terminologia teknikoa elkarren eskutik doaz kasu honetan.
  • (30) Agustinen harreman-sareari dagokionez ezin alboratuzkoa da, orain ere, Lasala Colladoren 1884ko artikulua: Una Asociación Bascongada de 1820 a 1850. Beste hainbat loturatarako, aldiz, iturri espezializatuagoetara jo beharra dago: Zuaznabartarrekiko harremanez ikus aita Jose inazio Lasa, (1968: 138-46); Iztuetarekikoak argitzeko ikus Garmendia Arruebarrena (1968); Muñagorrirekiko adiskidantza-kontuetarako, azkenik, ikus Labayen (1976) eta Madariaga (2005: 324).
  • (31) Hernaniko bilerak Zuaznabartarren etxean egiten ziren batzuetan, Iturriagarenean ere bai aldian behin. Donostiako bilerak, berriz, Fermin Lasala Collado "Mandasko duke"aren gurasoen etxean egiten ziren, askotan. Lasala aita, Fermin Lasala Urbieta alegia (Donostia 1798-1853), bazen nor: Donostiako alkate, Foru aldun (1844an aldun nagusi), Diputado a Cortes (1846-53), "consiliario del Banco Español de San Fernando" 1848-49an...
  • (32) 1767an jaio zen Iztueta, Zaldibian, eta 1845an hil. Iturriaga baino hamaika urte zaharragoa, eta Astigarragaren zein Humboldt-en edade berekoa. Euskal Erromantizismoaren adierazlerik argienetakoa, nire ustez. Abentura zalapartatsua eta arrazoi-bidezko gogoeta bat eginik ageri dira Iztuetaren bizian, noiz bide batetik dabilen, eta noiz bestetik, esaten erraza ez delarik beti.
  • (33) Hala aditzera ematen da, behin baino gehiagotan, Iturriagak Iztuetari egindako eskutitzetan. Eskutitzez eguna eta ordua jarri, eta Oriamendin biltzen ziren, bata Donostiatik etorriz eta bestea Hernanitik. Giro horretara biltzen ziren, beti edo sarri, Iturriagaren anaia Cayetano eta Manuel Larrarte Hernaniko organo-jolea, biak ere Hernaniko eskolan irakasle-kide izandakoak. Ikus Idazlan honetako VI. eranskina.
  • (34) Formazioz eta status sozialaz aski diferenteak izanik ere biak, euskaltzaletasunean bat zetozen. Iztueta ez zen, ezaguna denez, Iturriaga baino atzerago gelditzen hizkuntza eta euskal etnokultura osoa bultzatzeko orduan. Bide-erakusle zuen Agustinek zaldibitarra, hainbat kontutan. Are gehiago: Hernaniko eskolan jasotako eskarmentuak erakutsi zionaz gainera Iztueta izan zen, itxura osoz, Iturriaga euskaraz idaztera bultzatu zuena. Bera zuen hernaniarrak, euskaraz ondo idazteko orduan, maisu eta eredu. Hori ere garbi ageri da Iturriagak Iztuetari egindako eskutitzetan. Ikus VI. eranskina.
  • (35) Bestela ez da erraz ulertzen, Juan Mateo Zabala batekin (azken hau bizi izan zen artean: 1840ra artean alegia) nolatan inolako harremanik ez zuen izan, edota horren arrastorik gelditu ez zaigun. Baliteke halere, jakina, gure edo nire ezjakintasuna izatea ustezko harreman falta horren iturburu nagusia.
  • (36) Bada hala ere eskutitz bat, eskutitzez bederen Ulibarri ezagutu zuela pentsarazten duena. Honela dio bertan: Bizcaitarra(ren?) izcuntza frances euscaldunena da. Escribatu bezala mintzabada ez da itzucia. Ezaugun da odol beroa duela, eta buru arroa. Aberatza balitz servitzu andi bat eguingo lioque gure itzcuntzari, aimbeste maiteduen ezquero. Ikus VI. eranskina, 14. dokumentua.
  • (37) 1767an jaio zen Astigarraga, Iztueta bezala, eta 1841ean hil.
  • (38) Astigarragak idatzia da hau: "cultivé las lenguas como la Bascongada, Latina, Castellana, Francesa e Inglesa". Jakin badakigu, bere testu-liburua lekuko, euskara ederra zuela.
  • (39) Astigarragaz informazio eguneratuena Joseba Intxaustik dauka. Ikus Intxausti 2006 eta 2007.
  • (40) Inon alderik antzematekotan bien artean, Larramendirenganako atxikimendu-mailan antzeman liteke, agian. Erabateko miresmena zion Seguran jaiotako eta munduan asko ibilitako Astigarragak Larramendiri: negar egitera iristen zen, andoaindarrak idatzitakoak irakurriz. Iturriagaren kasuan ez zen horrela. Ez horrenbesteraino behintzat. Larramendik corpus-plangintzan xahutu zuen bere euskalgintzaren parte nagusia. Pauso hori beharrezkoa zen, bere ustez. Beharrezkoa baina, bere horretan utzita, antzua. Corpus-plangintzak ez zuen ondorio onik ekarri, eta ez ekarriko, bere ustean, eskuratze-plangintza sendo batean txertatu ezean. Hor ere ez dago ordea bien arteko tirabira erabatekorik, maila kontua baizik.
  • (41) Funtsezko pertsonaia da Arizmendi ere, 1800etik 1833ra bitartean Gipuzkoak hezkuntza kontuan, eta are plano instituzioanal osoan, izan zuen bilakaera ongi ulertzeko. Lasaren garaitik aurrera berekin dakarren fama, inori desio ez izatekoa, ez dakit noraino den egia. Egozten zaizkionak egia (eta egia osoa, ez egiaren erdia) izatera bistan da ez genuela Mariano inori laguntzat opa izateko horietarikoa. Horrela al ziren kontuak, ordea? Ez ote gabiltza, honetan ere, onen eta gaiztoen azalpen erraxegian kateatuak, azalpen konkretu horretan halere Agustin delarik ona, eta oihartzuarra gaiztoa? Merezi luke azterraldi on bat Mariano Arizmendik ere.
  • (42) Ikus, esate baterako, Iztuetari esaten dion hau (VI. eranskina, 1832?-V-3ko dokumentua): "Bastará luego que la Diputación o la Provincia recomiende a los pueblos su uso, para que se introduzca en las escuelas y lograremos nuestro objeto sin necesidad de recurrir a la Junta de Inspección de Madrid, donde puede haber enemigos de nuestra lengua, y aquí enemigos de otra especie en la Junta de Inspección del Pais. Vea Vd. cuánto cuesta hacer el bien. A mi nada de esto me admira, porque sin salir de este rincón conozco a los hombres y conozco al mundo. Dijo una gran verdad el que dijo que los hombres somos niños grandes; pero yo encuentro una gran diferencia entre nosotros niños grandes y los niños pequeños, y es que teniendo como éstos mucho egoísmo y mucha envidia no olvidamos, como ellos se olvidan al momento, nuestras ofensas y nuestras aprehensiones".
  • (43) 1830ean euskara indarberritzeko plana egitea eskatu zitzaionean Gipuzkoako Batzar Nagusietatik, Iztuetari erakutsi zion bere plan-zirriborroa, ohar eske. Ikus hori dela-eta Iztuetari egindako eskutitzean zer dioen: "Emen arquituco du Conde Villafuerteari bigaldu deran paperaren copia. Chit gustatuzaio eta naico det berorren gogocoa ere izan dedin. Iracurri eta biurtu(co) dit, iñori ecer esan gabe, ceren berorrec badaqui ez de(te)la maite landare oric, ez iñoren autan ibiltceare ez (..) itorcico (?) e(t)a ez oneraco." (Ikus VI. eranskineko 5. dokumentua).
  • (44) Edota, Hernaniko ikasbidea laburragoa izan bazen, ondotxoz lehenagotik.
  • (45) Apaiztu aurretik, Oñatiko ikasketa-aldi luze samar hartan, badakigu besterik ere egin zuela Agustinek. Hernaniar gazteei latin-gramatika irakasten jardun zuen, gogotik. Bere hitzetan esanik, "desde mucho antes que fuese Presbitero, imitando el exemplo de varios sacerdotes zelosos y beneficos de su Pueblo, se habia dedicado a enseñar la gramatica latina á algunos jovenes, cuyos padres, o carecian de medios para embiarlos fuera del Pueblo o preferian que se habilitasen á vista suya en los principios de la latinidad" (Lasa 1968: 133). Patxi Altunaren ustez, zerbait gertatu zitzaion Agustini horren berandu Filosofia ikasten hasteko: Bere esanean "ez nintzateke batere harrituko gure Agustini latineko edo erretorikako ikaskuntza amaitu eta Filosofia ikastera Oñatira baino lehen zoritxar edo ezbeharren bat etxean gertatua eta bien bitartean bizpahiru urte Ernanin eman behar izana. Beharbada Filosofia ikasten hasi aurreko bizpahiru urte horietan irakatsiko zien Ernaniko gazteei latina." (Altuna, 1987: 23).
  • (46) Jose Inazio Lasaren esanean, 1804ko azaroaren 29 eta 1805eko uztailaren 24 artean apaiztu zen Iturriaga. Ikus, bestalde, Madariaga (2005: 317).
  • (47) Hala agertzen da, dagoeneko, 1805ean (Lasa, 1968: 131; 1978: 127).
  • (48) Idazlanaren I. Eranskinean ematen da eskola berri hori sortzeko pausoen berri.
  • (49) Herriko eskola eta Mariano Arizmendiren pribatua.
  • (50) Iturriaga anaiek eta Larrartek ez zuten, soil-soilik, umeei irakurtzen, eskribitzen, kontatzen eta dotrina erakusten jardun nahi: hortik gora ere jo nahi zuten, mutilak unibertsitaterako bidean jarriz. Manuel Larrartek musika eta irakurketa emango zuen, Cayetanok geografia eta matematika, eta Agustinek gaztelaniazko eta latinezko gramatika batetik, eta dotrina bestetik. Goizeko zazpietatik hasi eta arratsaldeko zazpiak arte, tartean bi ordu hartuz gosaltzeko, bazkaritarako eta atsedenerako, gauza askotxo erakusten zen nonbait ikastetxe berrian. Gauza bat eskas, zenbaiten esanean: dotrinarik ez omen zen aste barruan erakusten; larunbat arratsalderako uzten omen zuen hori Agustinek (Madariaga, 2005: 317).
  • (51) Ikus Manterola (1880: 39).
  • (52) Ikastetxearen izaera pribatua ere ongi ezkontzen zen Frantzian, Iraultzaren ondoren, eskola-mundurako emandako orientabideekin.
  • (53) Barnetegi moduan funtzionatzen zuen, besteak beste, ikastetxeak. Lekuz aldatu behar izan zuten etxea, handik gutxira, hazkundeagatik itxuraz (Madariaga, 2005).
  • (54) Iztuetari egindako eskutitzean, honela dio Iturriagak: "Orain dala saspi urte humechoaquin dempora iragotcen nubenean esagutu nuben cer eraqueria andia eguiten zan emengo escoletan erderas gaztiai iracurtcen eracustearequin, izanic milla bider errasago eusqueraz icastea eta eracustea. Nere paperaren artean beardet izan abece bat eusqueras eta erderas iracurtcen eracusteco eguin nuena". Ikus idazlan honen I. Eranskineko I-2 dokumentua.
  • (55) "Nere paperaren artean beardet izan abece bat eusqueras eta erderas iracurtcen eracusteco eguin nuena. Egunen batean biralduco diot uste det erraslitequean gustia errastua daducadala humetazuneco lanbide andi samintasunez bete, negareraguin garri au. Ala bada, iduritcen zat eusquerasco liburuetan bear litzaqueala gure escoletan eracutzi iracurtcen, erderascoetan asi baño leen. Erraslitzaque liburucho bat eguiten onetaraco gausac chit ones betea. Icasicolitusteque gasteac, cergatic isquidatuco litustequean, eta argatic beragan iracurrico liteque gogos". Ikus VI. eranskina, 2. dokumentua.
  • (56) Kontu hauei buruz, ikus idazlan honen II. Eranskina.
  • (57) Hori bakarrik ez zen izan: 1820-23an diputatu ordezko aukeratua izan zen. "Diputado a Cortes suplente", Lasalaren esanean (1884: 17).
  • (58) Ez zen Iturriaga bakarra izan, gauetik goizera gainbehera etorritakoa: liberal-aldian agintariekin ongi konpondutako hainbat irakaslek eta apaizek arazo larriak izan zituen, Agustinek bezala, bere lanean aurrera jarraitu ahal izateko. Horietarikoa izan zen Iturriaga. Gipuzkoako apaiz eta irakasle liberal edo liberal-kutsukoen kontuan ez dago, dakidanez, era monografikoan aztertua. Azterketa horren faltan ikus De Benito Pascual (1994) irakasleen kasurako, eta Tellechea Idigoras (1984) zein Madariaga (2005) apaizen kasurako. Zaldibiko adibide konkreturako ikus Zalbide eta Muñoa (2006). Orain arte aztertu denetik badirudi, gutxiengoa izanik ere, kopuru ohargarria osatzen zutela Gipuzkoan (ez Bizkaian) apaiz liberalek (ondotxoz kopuru txikiagoa fraileek). Apaiz liberalen multzo nagusiak Donostialdean zeuden batetik (Donostian, Hernanin, Pasaian, eta hortik Hondarribiraino), Bergaran bestetik eta Goierrin azkenik (Segura-Zerain-Mutiloa inguruan, Ordizian, Zaldibian).
  • (59) 1823-IV-1: Hernanitik erauzia. Iruñeko Provisoreak Zestoara desterratu zuen Iturriaga. (Goñi, 1991: 366).
  • (60) Ikus idazlan honen III. eranskina.
  • (61) Ikus idazlan honen III. eranskina.
  • (62) Gorriak entzun behar izan zituen bertan: aurreko agintari nagusien lagun min eta lankide izana zela; hain agintarien lagun min non, hauetakoren bat Hernanira etorriz gero, ez omen zen Agustinen etxera hurbildu eta bisita egin gabe gelditzen; Gipuzkoako jefe politikoari berak markatzen omen zion bidea: bera omen zen gidari, eta agintaria (berak hala nahita, halere) Agustinen egitasmoen betearazle; Hernaniko gazteak bide okerrera eraman zituela, Voltaire-ren aldeko zela, lehen ere zerbaitegatik bidali zuela obispoak herritik kanpora, eta abar.
  • (63) Ikus idazlan honen III. eranskina.
  • (64) Ikus idazlan honen III. eranskina.
  • (65) Eskola-ardurarik gabe gelditu zelarik, eta denbora libre gehiago zuenez, baratzea lantzeari ekin zion gogotik. Baratze bat errentan hartu zuen, eta han sartzen bide zituen ordu libreak (Lasa, 1978: 131). Horretan ere, ordea, eskola-gaiak gogoan zituen nonbait. Bere Dialogo-jolasetan eta Fabula-ipuinetan nekazaritzaz, arbolazaintzaz eta abelzaintzaz ageri dituen zehaztasun askorekin loturik dago baratzezaintza hori, J. I. Lasaren ustean (1978: 131).
  • (66) Garbi ikusten da kezka hori Iztuetari egindako eskutitzetan. Uste izatekoa da 1821ean jaso zuen enkargua, Gipuzkoako eskoletarako testu-liburu ofiziala prestatzekoa, ez zuela erabat bazterturik izango. Ez dago daturik, ordea, 1824tik 1830era bitartean gai hori espresuki lantzen jarraitu zuela esateko. Presarik ere ez zuen kontuak, jakina. Agintari berriak apenas horren eskean zebilzkion.
  • (67) Hala ere maila on baten jabe egin zen, bere ingurukoen begietan: gizarte-ikuspegitik hori da balio duena, inola ere ahaztu ezin dena. Iztuetaren aholku-gidaritza behar izan arren badakigu bere garaiko gipuzkoar alfabetatuen (gaztelaniaz alfabetatuen) batez besteko mailatik gora, aski gora iritsi zela Iturriaga euskarazko idazmen kontuan. Hori dela-eta, leku askotatik etortzen zitzaizkion laguntza eske. Herrietako apaizak, besteak beste, maiz etortzen zitzaizkion beren sermoi-lana hobetzeko-edo argitasun bila (Lasala, 1884: 19).
  • (68) Hori bakarrik ez. Jakin badakigu bere ikasliburuetako zenbait zati erdaraz prestatzen zituela Iturriagak, eta Iztuetak euskaratzen zizkiola. Ikusteko dago, Iturriagarenak direla esaten diren liburu horietan zer den Iturriagak berak euskaraz idatzi eta Iztuetak orraztua, eta zer berak erdaraz idatzi eta Iztuetak euskaraz jarria. Besterik da Fabula-ipuinen liburua. Bertsoak izanik oinarri, posibleago da jatorrizkoak Iturriagarenak berarenak izatea. Orduan ere badakigu, ordea, Arrangoitzeko konde Bernardok eman ziola hainbat bertsori azken ukitua, Larraldeko jauregian. Estilo literariozko ukitua bakarrik izan zen tartean, edo orrazketa osoa, ez dakigu. Litekeena da azken orrazketa-lana Iztuetak egin izana hiru liburuetan, ez lehenengo bietan bakarrik. Lehenengo bietan ez dago duda handirik. Ikus, batez ere, 1831ko eskutitzak, idazlan honen VI. eranskinean emanak.
  • (69) Motiborik ez da falta, Iztuetak akuilu-lana behintzat egin zuela uste izateko. Ikus, esate baterako, Iturriagaren aitorpena, Iztuetari 1831ko urtarrilaren 1ean eginikako eskutitzetik jasoa (zehaztasun gehiagorako, ikus idazlan honen VI. eranskina): "Nere adizquide mamia: ona ni berorren deseori conforme ocupatua, gure eusquera escuetatic joan ez daguigun, nere buruan bideac billatcen“.
  • (70) Eskaintza horren berri ematen duen dokumenturik edo zehar-idazkirik ez da gorde: nik, behintzat, ez dut halakorik eskuartean izan. Gainerako dokumentu ofizialak eta eskutitz pertsonalak eskueran ditugu, ordea, aski esplizituak dira horiek eta, beraz, pentsatzekoa da gutxi gorabehera Iturriagari zer esango zitzaion: Sustapen-batzordeak Agustinen plan hori ontzat emanez gero datorren urtean, 1831n, Batzar Nagusietan aurkeztuko zela, eta ganoraz aztertuko. Hala egingo zela eta, herri-agintarien onespena jasoz gero, plan hori eramango zela aurrera Probintziako eskoletan.
  • (71) Bereziki gogorra izan zen gerra-garai hori Hernani aldean. Bando bien muga ez zegoen herritik batere urruti, eta bando bien arteko aginte-aldaketa ere izan zen tartean. Hasieran liberalen esku zegoen Hernani karlistek hartu zuten gero.
  • (72) Aski dokumentatua dago hori ere. Horrela,
    • a)1835-III-4: "Lista nominal de las personas que han abandonado su domicilio con motivo de la presente guerra". Hernanin, peseteroak kenduta, sei omen dira. Tartean Agustin eta bere anaia Cayetano, 12 hilabete lehenago Donostiara ihes eginak. (AGG-GAO, CA 156,3);
    • b)1835ko abuztua: Gerra Diputazio Karlistaren ziurtagiri-espedientea, Agustin Iturriagak Lehenik Donostiara, eta gero Frantziara alde egin zuela adieraziz. Imposición y ejecución de multas a los enemigos del Rey, comprendidas en las listas nominales confeccionadas por los Ayuntamientos (GAO-AGG, CA 204,1).
  • (73) Ikus, konkretuki, bere proklamaren zati hau: "¿Porqué combatís? ¿Por quien? ¿Paz y Fueros! Tal debe ser nuestro objeto. ¿Si ambiciosos desean el trono, allá se las hayan! La Navarra, las provincias vascongadas, unidas por tantos vínculos de amistad, de sangre, de costumbres, de libertades, son desde ahora independientes. Desde hoy no somos ya los esclavos de esos miserables acostumbrados a mandar como señores y a enriquecerse a expensas de los pobres. ¡A las armas! ¡Viva la independencia! ¡Paz y libertad! ¡Obediencia a las nuevas autoridades!."
  • (74) Garai horretan sortua izan liteke, Karmelo Etxegarairen esanean, bertso-paperen ohitura soziala: euskara ahozko planotik idatzizkora jende xehearen artean zabaldu zuen gertaera berria.
  • (75) Ikus Labayen (1976) eta Lasa (1978: 133). Horrek esan nahi luke, karlisten oinarri sozialean ere aparteko erakarmena eta itzala zuela Iturriagak. Bestela ez zuten Muñagorrik-eta bere izena jarriko. Batzuen eta besteen arteko zubigile moduan ageri da hor, itxura guztien arabera, Hernaniko benefiziadua.
  • (76) Ikus aita Jose Inazio Lasa, 1968: 145-6.
  • (77) Mujikak zehatzago dio, 1839tik 1840ra arte Milafrangan izan zela Iturriaga, hiri hartan Arrangoitzeko markesek zuten Chateau Larralde etxean (Mujika, 1910: 7).
  • (78) J. I. Lasaren esanean ez ziren hain salbuespen huts iparraldeko eta hegoaldeko euskaldunen, are euskaldun handikien, arteko ezkontzak (Lasa, 1968: 146).
  • (79) Saiatu ere saiatu zen, Besarkadaren urteroko oroitza-ekitaldiari aparteko oihartzun instituzional eta jendartekoa ematen. Ikus Iztuetari 1840ko azaroan eginiko eskutitzean zer dioen: "Celebro (...) que haya tenido la satisfacción de disfrutar en el campo del abrazo los días gloriosos de que era Vd. tan digno. He apuntado la especie de que deben las Provincias preparar premios para los mejores bailarines, jugadores de pelota, tiradores al blanco, coplaris e improvisadores, etc., etc, para los años sucesivos, a manera de los antiguos que establecieron los juegos olímpicos y otros. No ha disgustado la idea y seria el mejor medio para llamar la gente y perpetuar la memoria del Convenio." Ikus VI. eranskina, I.19 dokumentua.
  • (80) 1841era arte Iparraldean (Milafrangako Larralden) jarraitu zuela esan izan da inoiz, baina ez da egia. ikus Iztuetari 1840ko abuztuaren 7an Hernanitik egindako eskutitza, in VII. 1 eranskina, I-17 dokumentua. Are gehiago dio Lasak (1968: 145): "hace su aparición en Hernani el dia 16 de junio de 1840". Aurretik Donostian egona zen ez dakigu.
  • (81) Batetik, gerra aurretik bukaturik-edo utzi zituen Kartilla-artea eta Dialogo-jolasen liburuxka. Horrezaz gainera, azken orduan hasitako edo geroko utzitako beste lanak: gramatika, hiztegia eta abar. Honela dio 1840ko azaroaren 30ean: "Yo tengo el mío (hiztegiaz ari da) en limpio en la letra E, dedicándole los ratos que mis ocupaciones me permiten."
  • (82) Kontu horretaz ikus, besteak beste, Zalbide eta Muñoa, 2006.
  • (83) Horra nola: "No habiendo podido conseguir que Baroja, ocupado en la obra de la Revolución francesa, se dedicase por mucho tiempo a la impresión de mis libritos para las escuelas de primeras letras, me he resuelto a hacer aquí mismo una pequeña prensa y a divertirme yo mismo en su publicación, desengañado de todo lo que depende de voluntad ajena. No sé cómo saldrá mi idea." Ikus Iztuetari 1840an eginikako eskutitza, in VII. 1 eranskina, I-19 dokumentua.
  • (84) Ikus J. I. Lasa, 1968: 157.
  • (85) Ez zituen, behintzat, berariaz eta aparte argitara eman. Badakigu, jakin, Fabula-ipuinen bukaeran hiztegitxo bat erantsi zuela: Hori ote zen begiz jotako eskola-hiztegia? Ez dirudi.
  • (86) "Lehenik" diogunean ezin da, inola ere, lehentasun argiaz hitz egin. Bata eta bestea azpimarratzen zituen berak, antzeko enfasiaz.
  • (87) Kontuak horrela izatera, diru aldetik estu ibilia izango zen Agustin bera, non eta dirua lagunen batek aurreratu ez zion: Zuaznabartarrek?
  • (88) Ikus Diputazioaren 1845-II-13ko zirkularra, Gipuzkoako alkateei zuzendua, Iturriagaren bi ikasliburuak bidaltzen dizkietela eta herriko lehen hezkuntzako maisuari entregatzeko esanaz. "La Diputacion ha considerado útiles para la enseñanza pública los dos libritos que el Presbitero D. Agustin Pascual de Iturriaga ha dado á luz con los títulos de Dialogos Basco-Castellanos, y Arte de aprender á hablar la lengua Castellana. Por cuya razon le remite adjuntos dos egemplares, para que se sirva entregar al maestro de primeras letras de esa villa con recomendacion." Ez zen lehenengo aldia Gipuzkoako Herri-aginteek erabaki hori hartzen zutena, eta ez zen azkena gertatu ere. Larramendiren Imposibleaz geroztik, bere Hiztegi handia barne delarik, behin baino gehiagotan jardun zuten herri-agintariek lan horretan. Laguntza-bide hori bereziki zabala izan zen 1828tik 1858ra artean, hogeita hamar bat urtez alegia. Iztueta, Astigarraga, Iturriaga, Juan Mateo Zabala, Lardizabal eta Agirre Asteasukoa sartu beharko lirateke gutxienez, kasuan kasuko laguntza-molde diferenteaz halere, Herri-aginteen laguntza jasotakoen zerrenda horretan.
  • (89) Herri-agintearen babesaz ere, ez dirudi Gipuzkoako eskoletan harrera handi-handirik izan zutenik. Eskoletarako berrargitalpenik ez dugu, behintzat, ezagutzen. Astigarragaren Diccionario Manuala, aldiz, barra-barra berrargitaratzen eta saltzen (inoiz, Herri-agintetik doan banatu) zen. Gutxienez 27 berrargitalpen izan zituen Astigarragaren liburuak, ehun urteko tarte luzean (Intxausti, 2007). Zergatik izan zuen batak hain arrakasta komertzial handia, eta bestea zergatik gelditu zen aurrera atera ezinik? Gaurkoz ez dago erantzun argirik, galdera horrentzat.
  • (90) Bi eratara egin ohi da language spread edo hizkuntza-hedapena: a) hiztun gehiago bereganatuz hizkuntza horrek; b) ohiko hiztunek (sarrrienik, hiztun batzuek) ordura arte erabili gabeko funtzio-esparruetan erabiliz beren hizkuntza hori. Definizio xume baina argi hau Robert A. Cooper-i zor zaio (1982).
  • (91) Labur bilduz esan dezagun, aita Luis Villasanterekin batean, Gipuzkoako Probintziaren kontura argitaratu zela Juan Mateo Zabalaren (1777-1840) El Verbo Regular Vascongado del dialecto vizcaíno, 1848an (Villasante, 1979: 242). Datu xeheagoak nahi dituenak jo beza Iturriagak Iztuetari 1840ko azaroaren 30ean eta 1841eko otsailaren 28an egindako eskutitzetara (idazlan honen VI. eranskinean datoz biak).
  • (92) Jose Inazio Lasaren eta gainerako biografo gehienen ustean, oso nekez izan zitekeen halako gizona Voltaire-ren jarraitzaile sutsu (Lasa, 1978: 132).
  • (93) Hobeto esanik, Batzar Nagusiek onartu bai baina 1820 gertakariengatik aurrera eraman ezineko ekimena izan zen hura.
  • (94) Jakin badakigu, bestalde, antzeko asmoak zerabiltzala buruan, Bizkaiko Batzar nagusietan aurkeztu eta aurrera ateratzeko intentzioz, Abandoko Ulibarrik. Erroren miresle handia zela Ulibarri, hori ere gauza jakina da. Probintzia bietako egitasmoek lotura zuzenik ba ote zuten, eta baiezkotan zer-nolakoa, ezin liteke, gaurko informazioaren argitan, zehaztu. Ulibarriren Gutun-liburuaren irakurketa nekoso eta zehatzak sorpresa bat baino gehiago emango liguke ordea, seguruenik, guztioi.
  • (95) Nolatan hartu zen hain erabaki sendoa, aurrekari ezagunik gabea, Batzar Nagusien bilaldi bakarrean? Garaia oso zen berezia, eta horrek ekarriko zuen, seguruenik, beste erabaki handi eta eztabaidagarri batzuen artean hori ere sartu ahal izana. Deigarria da, besteak beste, asmoa nondik zetorren: Errogandik. Eta deigarria da, bereziki, proiektua idazteko enkargua nori eman zitzaion: Iturriagari. Horra hor erregetiar absolutista nabarmenaren asmoa, liberal bati enkargatua. Gutxi da zinez garai haietako eztabaida soziokulturalez dakiguna, eta gure jakite falta horrek bakarrik esplika ditzake, seguruenik, itxurazko paradoxa horiek.
  • (96) Batzorde hori hasieran nork osatu zuen, hori ere ezaguna da: Joakin Frantzisko Barroeta Aldamar, Manuel Joakin de Igerabide, Jose Maria Zabala eta Francisco de Palacios izan ziren batzorde horren kide. Hots, euskara indarberritzeko proposamena egin zuen Barroeta Aldamarrek eta beste hiru kidek osatu zuten, hasieran, Sustapen-batzordea. Beste hiru horien artean zegoen, hortaz, Iturriagaren aspaldiko lagun eta foru-alduna, Jose Maria Zabala "conde de Villafuertes" handiki tolosarra. Villafuertes-ko konde hori Gipuzkoako jefe politiko izan zen 1820-23an. Berak esana izan behar zuen garai hartan, Iturriagaren burutik pentsatzen zuela. Liberal moderatuen multzora bideratua zegoen Zabala hori, eta badakigu Iturriaga biziki estimatzen zuela.
  • (97) Erabaki partzialak eta inplizituak bai, baina ez horregatik eraginik gabeak. Bertako herri-ordezkarien erabakiz edo onespenez hartu izan ziren neurri horietariko zenbait, eta gogoz kontra edo goitik beherako ezarpen argiz beste hainbat.
  • (98) Hizkuntzak kanpoko eta bertako hainbaten ustean berekin zuen bajeza-estigma uxatzea izan zitekeen, batetik, ilustrazio-lan hori. Euskara, corpus-plangintza egoki batez, handiki-soinekoz janzteko prestatzea (terminologia teknikoan, cultivation eta elaboration stage direlakoen hurbileko eginkizuna) izan zitekeen beste asmo bat. Euskaltzaindiaren moduko aditu-elkarte bat sortzea bestea: jakin badakigu, Erroren eta Ulibarriren buruan bueltaka zebilela ideia hori. Euskarari eskolan sarbide zabala, ordura artekoa baino zabalagoa eta eragingarriagoa, ematea izan zitekeen beste neurria,... Baliteke, azkenik, euskara ilustratzeko asmoaren azpian helburu horiek guztiak eta beste zenbait gehiago egon izana.
  • (99) Ez da dokumenturik ezagutzen, argi dezakeenik nolatan erabaki zen enkargua berari ematea, eta ez enkargua nork eta noiz eman zion ere. Barroeta Aldamarrek berak emango zuen enkargua, agian, proposamena ere berea izan baitzen Batzar Nagusietan. Hori baino seguruago, ordea, Tolosako Zabala handikia, Villafuertes-ko kondea, izango zen enkargu-emaile. Gauza bategatik diot "seguruago": txostena, egindakoan, hari pasa zion Iturriagak. Enkargua eman duenari erantzun ohi zaio, normalean, enkargua egindakoan.
  • (100) Ez da hori asmakari hutsa. Bada urtarrilaren 1eko eskutitza (motiborik bada, eskutitz hori ia seguru 1831ko urtarrilaren 1ekoa dela uste izateko), Iturriagak Iztuetari honako hau esaten diona: "Nere adizquide mamia: ona ni berorren deseori conforme ocupatua, gure eusquera escuetatic joan ez daguigun, nere buruan bideac billatcen. Emen arquituco du Conde Villafuerteari bigaldu deran paperaren copia. Chit gustatuzaio eta naico det berorren gogocoa ere izan dedin." (Beltxezkoa nirea).
  • (101) Iturriagak oso kontuan hartzen zituen Iztuetaren esanak, gero ikusiko denez, eta bere burua ez zuen nabarmendu nahi. Horra 1831ko urtarrilaren 1eko eskutitzean Iztuetari zer esaten dion: "Iracurri eta biurtu(co) dit, iñori ecer esan gabe, ceren berorrec badaqui ez de(te)la maite landare oric, ez iñoren autan ibiltceare ez (..) itorcico(?) e(t)a ez oneraco."
  • (102) 1823an Frantziara ihes egin beharrean gertatutako errefuxiatu frantsestu eta liberal askotxok, une batez, Espainiara itzultzea erabaki zuen.
  • (103) Termino horrekin esan nahi denaz ikus, batetik, aurrerago zehaztuko dena eta, bestetik, jatorrizko definizio-azalpena in Fishman eta Lovas (1970/1979).
  • (104) Aurrerago azalduko da zertan.
  • (105) Badakizu, eskutitz batetik, bere latin-ikasle izandako maisua, une horrretan Hernaniko lehen letretako maisu zena, berarekin ari zela lanean, kartilla prestatzen eta material berriak ikasleekin probatzen. Paperetan halakorik ageri ez bada ere espresuki, baliteke Agustinen anaia Cayetanok eta Manuel Larrarte organo-jole eta maisu-ohiak ere langintza horretan lagundu izana.
  • (106) Honetaz dudarik duenak irakur bitza idazlan honen VI. eranskineko eskutitzak, batez ere 5. dokumentutik hasi eta 15. enerainokoak.
  • (107) Ez zen posible izan: kartilla aurrez bukatu zuen eta ale bat Batzar Nagusira eraman ahal izan zen, baina dialogo-jolasen liburutxoa ez. Lagin bat eman zen hortik, ez liburuxka osoa. Azaroan lanean ari zen Iturrriaga, oraindik, Iztuetarekin. Badago motiborik 1832an ere horretan jarraituko zuela uste izateko. Une batetik aurrera, gainera, bestelako lana sartu zitzaion tartean, hori ere Sustapen-batzordearen enkarguz, itxuraz: euskara-erdara hiztegia.
  • (108) Hernanin eratu ziren Probintziako Tertzioak, eta Batzar Nagusiek bertako alkateari, Agustin Iturriagaren anaiari, pasa zioten gastu-ordaina. Diru-altxortegiaren argibideak, 104. or. (Urretxuko artxiboa). Ohartzekoa da, bide batez, Iztuetari Juan Ignazio Iztuetaren soldata ere han azaldua ageri dela: "Mil ochocientos reales de vellon pagados a Don Juan Ignacio de Iztueta, celador de la puerta de tierra de la ciudad de San Sebastian por su salario de medio año" (107. or).
  • (109) Beste hirurak, gorago adierazitakoak dira: Manuel Joaquin Igerabide, Jose Maria Zabala eta Francisco Palacios.
  • (110) Diru-kontuen 1830eko estutasunak aurrerantzean hobetuko ziren esperantza agertu zuten horretan aditu zirenek, Alejandro Burgek eta Joaquin Antonio Olaziregik.
  • (111) Honela zioen Iturriagak Iztuetari, abuztuaren biko eskutitzean: "Baroja, que está desocupado, y Vd. habrán de trabajar y yo me alegraría muchísimo de que Vd. sacase alguna utilidad como lo merece. Nosotros (apaiz-jendeak alegia) que no necesitamos de estos recursos para mantenernos debemos trabajar para los que no los tienen."
  • (112) Kexu idazkiak honela dio: 1832-VI-28: Esposicion de la Junta de Fomento "Nos apresuramos á instalar esta Comision: celebró algunas sesiones: formó el reglamento para el regimen de ella, y presentó sus primeras tares a á las juntas generales celebradas por V. S. en la ciudad de San Sebastian el año último, pasando al popio tiempo á su consideracion diferentes observaciones dirigidas al logro de sus deseos. La gravedad de la materia y el interes que tiene todo el pais en los ramos que abraza aquella exposicion, nos inspiró una justa esperanza de que se insertaria en las actas del referido congreso, mas bien para que el público tubiese noticia de estas ideas, que por el corto mérito de nuestro trabajo. En tal estado se nos comunicó por la Diputacion lo resuelto por las citadas últimas juntas generales: conocimos a primera vista que sus efectos dejan paralizado el curso del interesante plan prescrito por las celebradas en mondragon el año anterior. Efectivamente, negándose los precisos medios para llenar los objetos indicados, la influencia de esta Comision en el pais es de ninguna consideracion." Jarraituko badute, emateko baliabideak. Izenpetzaile: Marques de Narros, Conde de Monterron, Jose Ramon Mendia, El Conde de Peñaflorida, El Conde de Villafuertes, Gaspar de Aranguren, Ignacio de Zavala. (AGG-GAO, JD AJI 10, 5).
  • (113) Honako zazpiok: a) arbolado; b) extraccion de la lana del pais y de las pelletas; c) Escuelas de Dibujo y Geometria (Industria garatzen laguntzeko); d) Artefactos de lana (fabricación de objetos de lana); e) Lengua Bascongada. f) Carta Topográfica de Guipuzcoa; g) Sociedad Bascongada (promover en union de Vizcaya y Alava la recostitución de aquella insigne sociedad).
  • (114) Jakin badakigu 1831n bertan, Batzar Nagusietan edota handik berehala, hasi zirela Iturriagaren planaren kontrako iritzi kritikoak agertzen. Plan hori ez zen egingarria, zenbaiten ustean: kritikagile horiek ez zuten uste, euskaraz ikastea erdaraz ikastea bezain erraz gerta zekiekenik bertako eskola-umeei (batez ere, ongi ulertzen bada, euskaraz baino erdaraz hobeto zekitenei eta, beraz, euskarazko alfabetatzea ez baina euskalduntze betea behar zuten umeei). Kritika hori Iturriagaren belarrira iritsia zegoen abuztuan, eta honako komentario hau egiten zion berak Iztuetari: "Ez naiz arritcen Cineren (?) izcuntzai, ceren orobat da erdera, non francesa, non latina icasteco. Bestela beguira cein laster eta ederqui itcequiten duten eusquera chorrosquille paarguille eta chiquiratzalleac. Eraqueria da uste izatea iscuntza bat bestea baño gaitzagoadala. Eusquerac ez du beste cer esanic autsez betea beti vici izatea besteric."
  • (115) Gipuzkoari dagokionez 1745etik, Larramendik bere hiztegiaren sarreran dioena aintzakotzat hartuz, eta Nafarroan are lehenagotik (ikus D. Fermin de Ulzurrun, 1662). Badakigu, halere, azalpen gehienak euskararen egituraz eta bere atributu linguistikoez egin ohi zituztela, edota hizkuntzaren behinolako unibertsaltasunaz eta lehentasun kronologikoaz, penintsulako kontestuan.
  • (116) Hizkuntzen arteko ukipen- edo kontaktu-lekua izana dugu Euskal herria, mende luzez. Hala ziren kontuak, Iturriagaren garaiko Gipuzkoan ere. Badakigu jakin, Fishmanek 1966an bere Language Loyalism in the United States handia argitara zuenetik, hizkuntza biren arteko kontaktu jarraiak hiru eratako ondorioak izan ohi dituela berekin, urteen harian: hizkuntza bien erabilera-maiztasuna aldatu egin ohi da sarri; hiztun-elebakar batzuk elebidun bihurtzen dira, eta elebidun horien produkzioak, hizkuntza batean edo bestean (batez ere batean: kontestualki ahula den hizkuntzan) arauz kanpoko ezaugarriak agertzen dira (interferentziak).
  • (117) Jakin badakigu, liburua ondotxoz lehenagotik idatzia zegoela. Oso litekeena da, beraz, hor azaltzen den egoera 1830 ingurukoa izatea orpoz orpo.
  • (118) Bai eta, xehetasun gehiagorekin halere, 1851n hil zenean ere.
  • (119) Euskaraz bakarrik edo nagusiki euskaraz egiten zen familietan. Horri buruzko azalpen zehatzagoetarako ikus, esate baterako, Zalbide eta Muñoa 2006.
  • (120) Eguren eskola-ikuskariaren azalpena goian adierazitakoa baino zabalagoa da berez, eta ikasleen hizkuntza-egoeraren berri ere ematen du.
  • (121) "La lengua castellana es lengua viva, pero no lo es respecto a la mayor parte de los bascongados y especialmente de los niños". Baina "hablando muchos el español entre nosotros, tampoco se puede llamar a esta lengu enteramente muerta". (Lasa, 1968: 155).
  • (122) Aspalditik zetorren kontua: Larramendik argi deskribatua zuen fenomenoa (Larramendi, 1745: Liv): "Los Bascongados (...) salen de su País, y hacen estudio de olvidarla, ni escriben, ni quieren siquiera escribir en su Lengua una Carta" eta (1745:Lvi): "Dicen los 4º y son Bascongados los arguyentes, que el Bascuence es de grande embarazo para aprender, y hablar bien el Castellano, y que assi sería mejor olvidar, ó desterrar del mundo el Bascuence, para lograr la ventaja de poseer bien la lengua reynante. Con este pensamiento es cosa graciosa ver aun en estos países á muchos tan peluquitas de habla como de cabeza, tan emballenados de Lenguage, y tan almidonados de Castellano, que tienen por arrugas, y manchas qualesquiera terminos de Bascuence. Ponen un hociquito muy fruncido, y precioso, oyenlos con desden, y desprecio, afectan que no los entienden, y que se les hable Romance, y hacen vanagloria de aver olvidado su Lengua materna".
  • (123) Kaskoin-hizkera, aldiz, atzeraka bizian ari zen. Pasaia bietan (San Juanen eta San Pedron) eta Hondarribian gelditzen ziren, itxuraz, eguneroko jardunean beren artean kaskoinez egiten jarraitzen zuten azken hiztun-taldeak.
  • (124) Iturri asko dago, euskararen nagusitasuna Gipuzkoako herrietan eta baserri-giroan bereziki, zenbaterainokoa zen aditzera ematen diguna. Har dezagun Iruñeko Severo Andriani artzapezpikuaren eskutitza, erresumako Grazia eta Justizia ministroari egina (1851-XII-13; 1852-II-25). "En la parte de este obispado, que corresponde a la provincia de Guipúzcoa, se halla situada la gran casa de Loyola entre Azpeitia y Azcoitia, ambas poblaciones muy respetables, ya por la gente que se contiene en ellas, como por los muchísimos caseríos que abrazan y varias ante-iglesias que de las matrices dependen. Además hay en la misma Provincia las ciudades de San Sebastián, Fuenterrabía y las villas de Tolosa, Villareal, etc., hasta el número de cincuenta y tantos cabildos eclesiásticos. En todas estas parroquias y en todas (!) que pasan de ciento, es más común la lengua vascongada que la castellana, a tal punto, que los que viven diseminados en los caseríos ni una palabra entienden de esta lengua (beltxezkoa gurea).
  • (125) Eliz liturgiarako eta unibertsitate-esparruko hainbat ikasbidetarako ezinbestekoa zen latinaren ezagutza, halako maila batean. Beharrizan hori atzera hasia zen nabarmen, halere, unibertsitate-esparruan.
  • (126) Eraztuna pasatzen zitzaion eskolan hitz bat euskaraz egiten zuen haurrari, eta aste-bukaeran eraztuna berekin zuena zigortu egin ohi zen.
  • (127) Salbuespenetarako ikus, adibidez, Lasa (1968) eta Zalbide (1990).
  • (128) Erdararekiko jarrera-jokabideak aztertu gabe daudelarik oro har, euskararekikoez jardungo dugu gaurkoan, soil-soilik. Garrantzi bizikoa dugu ordea, garai hura ganoraz entenditzera iritsi nahi badugu inoiz, erdararekiko jarrerak eta jokabideak ere aurrez aurre aztertzea. Lan hori partez egina dagoela esan dezake norbaitek, eta ez zaio arrazoirik falta: euskara bajeza-estigmatzat duenak bistan da prestijiozkotzat duela erdara, eta abar. Hori baino azterketa zentratuagoak behar genituzke ordea, oinak lur sendoan izateko.
  • (129) Normalean gaztelania, gutxiagotan latina edo frantsesa.
  • (130) Ikus, esate baterako, Villasanteren aipamena: "(Aizkibel) no deja de referirse más de una vez a la indolencia y apatía característica que tienen los vascos para con su lengua y para con los libros escritos en la misma" (Villasante, 1979: 264).
  • (131) Adibide gisa, eta Larramendiren goiko pasarteaz gainera, Iztuetaren 1824ko azalpen hau eman liteke: "Jakinduriaren-billa erbesteetan urteac igaroric, joan ziraden aimbatekin, edo guchiagorekin, jaioterrira biribillatu oi-diraden üaunditu oen galanteoric aundiena da, echera sartu bezain laister, beren guraso, eta senidai esatea ezic, Eh, callad, no habléis más esa gerigonza propia sola de salvajes o de un rancho de gitanos: vergüenza he que me conozcan por el acento los castellanos, que yo también soy de turris eburnia. Eta oraindic, are icusgarriagoac eta adigarriagoac dirade oen guraso, eta senide choroac, nola egon oidiran beren auzoetacoai esanaz. Gure seme campoetan guenduena bart etorri zaicu echera, chit galanturic, osasunarekin, eta guztiz jakinduria aundiakicoa. Aztu zaio bada euskera guzi-guzia: ez du itzcho bat bacarra-ere ez-esaten, eta ez endelegatzen edo comprenditzen itzcunza oetan: eta are-guchiago nai-du bestec itzeguitea ere; beragatic, baldin arekin nai badezute itzeguin, erderaz bearco diozcatzute adierazi zuen-esacariac, nola-bait-bederic, bestela aserratuco zaio, portizkiro ala-ere. Oec eta beste onelaco milla astokeria esanarekin, uste dute-eguin chit jakintsun, beren seme eta anaia chori-buru puztua. Jakinduriaren gorde-lecu guziac chit beteric, gañez eguinta, alde guzietatic chirrian badariotela uste duten oec, edozein biltokitan beren erritarrakin batutzean, iraiñtzat daukate itzcho bat-ere euscaraz esatea. Eta iñoiz edo berriz, aguertzen badu norbaitec euscarazco itzcriburic, galanteoric aundiena dute esatea ezic, ezin iracurri-dutela, eta are-guchiago endelegatu edo comprenditu zer esan-nai-deban." Guisa-onetan mintzatzearekin nai-dute eman aditzera ezic, badakitela dana eta dakatean guzia. Egiazki: izan oi-dirade enzuleen artean, ez ala-ere guchi, uste-izaten-dutenac ezen, erausle char beretan arkitzen dana, jakinduriaco putzu ondoric gabecoa dala; baña ez derizkiot nic, euscara ezin-iracurri duena, eta are-guchiago endeglatu esaten-duen euscalduna, izan alditekeala, chit zenzu andico guizona." (1824 in 1968: 96). Beste asko ere eman litezke, Mogelena barne. Leku faltaz, horretan utziko dugu oraingoan.
  • (132) Hor sartzekoak ditugu Iturriagaren aurreko belaunaldian, 1740-50 inguruan, jaiotako Juan Antonio Mogel (1745-1804), Pedro Antonio Añibarro (1748-1830) eta Pablo Pedro Astarloa (1752-1806). Eta hor sartzekoak ditugu, bereziki, 1770 inguruan jaiotako Juan Inazio Iztueta (1767-1845), Luis Astigarraga (1767-1841), Juan Bautista Erro (1773-1854), Juan Mateo Zabala (1777-1840) eta Agustin Paskual Iturriaga (1778-1851).
  • (133) Ibon Sarasolak, alderdi linguistikoari begira, honako hau esana du (Sarasola 1992, 315-6): "Hizkuntzarekiko jarrera orokorra da hemen aldatu eta irauli dena. Hots, Larramendiren eraginez, erdararen mendeko eta morroi huts izateari utzi eta hizkuntzaren berezko baliabideei begira jartzen saiatzen hasi da euskal idazlea." Baita beste hau ere (Sarasola 1992, 318): "Bazegoen desegokitasunik Larramendiren ahaleginean. Baina ez zen hizkuntzarekiko desegokitasuna, euskaldungoaren kultur egoerari buruzkoa baizik." Hizkuntzarekiko jarrera eta kultur giroa ari dira aldatzen, Iturriagaren bizi-denboran. Giro-aldaketaren alderdi soziopolitikoaz ikus, adibidez, Lasala 1884.
  • (134) Ikus idazlan honen VI. eranskina, 5. dokumentua, 1831-I-1ekoa ia seguru.
  • (135) Sei azterbide nagusi, azterbide bakoitzean hiru dimentsio gogoan izan litezkeelarik. Ez da lehenengo aldia, sailkapen honetaz baliatzen naizena (Zalbide, 2006). Berri-berria ez izan arren, elaborazio handiagoaren beharrean dago: litekeena da, elaborazio horren argitan, aldaketa ohargarririk behar izatea oraindik. Nolanahi ere, azterketa soziolinguistikoen alorrean (hizkuntzaren historia soziala barne) argitasun metodologikorik erdietsi nahi bada funtsezkoa dugu nazio arteko formulazioekin ongi txerta litekeen sailkapen bat eskueran izatea.
  • (136) Nola aldatzen diren une honetan edo, esan beharrik ez dago, nola aldatu izan diren beste une jakina batean.
  • (137) Ameriketako tradizioan bestelako izendapena du, ordea, atal honek (eta, partez, hurrengoak) 1966tik aurrera ezagunena: Language Maintenance and Language Shift.
  • (138) Azalpen aberats baterako ikus, adibidez, Bilingual attitudes and behaviors, in Bilingualism in the Barrio, Fishman, R. L. Cooper, Roxana Ma et al., 1968.
  • (139) Ez da erraza, azterbide honen izendapen onarturik bilatzea. Hoberik ezean, azterbide teleologiko-ebaluatiboa esan dakioke.
  • (140) Ikus, adibidez, Fishman-en Reversing Language Shift.
  • (141) Ikus, esate baterako, J. A. Fishmanen Sociology of Language.
  • (142) Azterbide deskriptibo hori eta hurrengoa (zinetikoa) dira, nire ustez, Iturriagaren planean gutxien landurik dauden puntuak.
  • (143) Jakin badakigu beste hainbat iturritatik, Kardaberazen beraren aitormenetik hasita, hura ere ele bietan ikasten dela maizenik. Iturriagaren esanean, "tan pronto como entran en (la escuela de primeras letras), se principia por ponerles en las manos la cartilla castellana. Luego que han aprendido á leer en ella, se les da sucesivamente el astete, el caton, y otros libros, todos castellanos, y si se les hace leer y aprender la doctrina cristiana en bascuence es porque los mas de los párrocos acostumbran preguntarsela publicamente en la parroquia para la instruccion de los fieles".
  • (144) "para salir de la tortura, en que se encuentran, sin incurrir en la pena, que se sigue al fatal anillo, forjan entre sí a favor de algunas palabras sueltas, una especie de germanía o guirigay, tanto más ridículo y extravagante, cuando son diametralmente opuestas las construcciones de las dos lenguas, y esta jerigonza deja tales resabios, que apenas desaparecen del todo, aun después que se haya seguido la carrera de las letras".
  • (145) Zergatik egin ote zuen hain deskribapen laburra, ia kriptikoa? Eguneroko gauza horiek jakinak zirela eta, beraz, horretan denbora galtzerik ez zuela merezi pentsatuko zuen, seguruenik, Agustinek. Jendea ez zetorrela Batzar Nagusietara gauzak nola zeuden entzutera, oker zeudenak zuzentzeko zer egin behar zen eztabaidatu, adostu eta onartzera baizik. Arrazoiz, noski. Eskertuko genukeen halere, geroko euskaldunok, horretaz ere argibiderik eman izan baligu. Beharrezkoa da izan ere, Iturriagaren proposamenak ondo ulertu nahi badira, zein gizarte-girotan planteatu ziren jakitea.
  • (146) Euskararen atzerakadaren jakitun zen Iturriaga. Jakitun eta minbera. Ikus bere txostenean zer dioen: "Pero veamos antes sus perniciosos efectos en aquellos pueblos de Vizaya, Alava y Navarra confinantes con otros, donde tiene ya sentados sus reales la lengua castellana, y está en plena y pacífica posesión de su dominio. En ellos hoy los hijos de padres de familia, que aprendieron a hablar el bascuence, y lo pudieran hablar todavía, no entienden esta lengua, y los actuales párrocos son los que por primera vez han hecho resonar en aquellos templos acentos castellanos". Erdara euskararen etsai gertatzen ari zela argi ikusten zuen; ikusi ez ezik esan ere egiten zuen. Language shift edo luze-zabaleko mintzaldaketa gertatzen ari zen, bere jakinaren gainean, Euskal herriko eskualde eta jardun-esparru jakinetan.
  • (147) Iturri asko dago, euskararen nagusitasuna Gipuzkoako herrietan eta baserri-giroan bereziki, zenbaterainokoa zen aditzera ematen diguna. Har dezagun, adibidez, baikorregia zertan izanik ez duen iturri bat: Iruñeko Severo Andriani artzapezpikuaren eskutitza, erresumako Grazia eta Justizia ministroari egina (1851-XII-13; 1852-II-25). "En la parte de este obispado, que corresponde a la provincia de Guipúzcoa, se halla situada la gran casa de Loyola entre Azpeitia y Azcoitia, ambas poblaciones muy respetables, ya por la gente que se contiene en ellas, como por los muchísimos caseríos que abrazan y varias ante-iglesias que de las matrices dependen. Además hay en la misma Provincia las ciudades de San Sebastián, Fuenterrabía y las villas de Tolosa, Villareal, etc., hasta el número de cincuenta y tantos cabildos eclesiásticos. En todas estas parroquias y en todas (!) que pasan de ciento, es más común la lengua vascongada que la castellana, a tal punto, que los que viven diseminados en los caseríos ni una palabra entienden de esta lengua (beltxezkoa gurea).
  • (148) Beñat Oiharzabalek (2006a eta 2006b) oso argi aztertua du gure artean, Frantziako Iraultzaz geroztik Europako zenbait ingurumen intelektualetan indartuz joandako ikuspegia, guregana indar betean Unamunoren eskutik (baina aurrekari argiz: Hovelaque eta Vinson, kasu) iritsi zena. Badakigu, ongi, arrazoibide horren leloa zein izana den: euskara eta bere moduko hainbat hizkuntza txiki atzera badoaz, ez da kasualitate hutsa; ez eta ere, ordea, gizartearen eraginagatik oro har eta, konkretuki, inork haien kontra duen jarrera edo jokabide galgarriagatik. Berez dute hizkuntza horiek eragozpen larria, beren barne-egituran daramate ezin garbituzko orbana, eta orban horrek ezintzen ditu gizarte berrian adierazbide argi, zalu eta zehatz izan ahal izateko. Beren baitako ezintasunagatik ari dira, beraz, atzeraka.
  • (149) Gogoratu "siempre fue la lengua compañera del imperio" eta abarrekoak. Kuriosoa da zinez, euskaldunoz egiten den aipamen espresua gogoan izanik eta atzerriko soziolinguista aditu batek baino gehiagok hitzaurre horri aspaldi aitortua dion garrantzia kontuan hartuz, Nebrijaren hitzaurreak gure artean ia inoren aipamenik ez jasotzea. Funtsezko diokumentua dela uste dut nik, 1500etik 1700era arteko gure hizkuntza-kontuak hobeto entenditzeko. Iturriaga Oñatin ikasle izan zen garaian ere testu-liburu gisa erabiliko zuen, seguruenik, Nebrijaren Artea.
  • (150) Mayans-en hitzak dira, esate baterako, honako hauek: "así Cantabria como los pueblos vecinos procuraron siempre conservar su lengua (...) Lo que más contribuyó a la conservación del lenguaje fue el haber vuelto a la antigua rudeza y poco trato con las naciones cultas, siendo cierto que donde no hay comunicación con los extraños se conserva más la lengua antigua".
  • (151) Ikus, adibidez, Fishman, 1984: 61-2.
  • (152) Aurrekari asko dago, halere, azterbide dinamikoaren "etxeko" azalpenetan. Azterketa monografikoa eskatzen du horrek.
  • (153) Argudio-bide hori ez zuen Iturriagak bestelako analisiekin behar bezain estu lotu.
  • (154) Egia da aspaldiko ohitura dela, Iturriagak hor azaltzen duena. Larramendik eta Kardaberazek ere izan zuten egoera horren berri, eta zorrotz kritikatu zuten. Kardaberazek, esate baterako, zera zioen (Eusqueraren Berri Onac, 1761: 16-19): "Seme, ta alabak chiquitatic Escolan Erdaraz, ta Euscaraz, edo guztietara oitu beardira, ta arrazoi gabeco lotsa beltz gaistoa pisatu, ta quentcera" (...) "Aldatequean disparateric bidegabeena da, Eusquera gazteai debecatu, ta madaricatua balego bezala castigatu, ta eragoztea. Escolan bertan eracutsi ordu onean, ta Erdaraz jardun dezatela; baña guero libre, naiz Eusqueraz, naiz Gaztelaniaz: orrequin bietara eguingodira. Bestela Gaztelara gazteak badijuaz, an burla, ta lotsa andien costuan badere, Erdaraz icasten dute: ta nola Eusquera quendu cieten, ta jarduten ezduten, beren Erri, edo Echeetara biurtcean, alde gucietara barregarriac oidira: ta eguiaz esan oida: Gaztelania ez icasi, ta Eusquera bai aztu. Guero emen lotsa andiaz dacuscuna: ez itzeguiteco, ta ez alcar aditzeco, Erdarazco, ta Euscarazco naspilla moldacaiz eta nazcagarribat enzunoida. Bedeica nic daquician Maestra estimagarri errespeto andico bat, bere gracia onarequin, ta castigu gabe ume inocente, sei urtecoa ere, Eusqueraz, Erdaraz, ta Latinez berdin, chit trebetasun andiaz, ta ederqui lotsaric gabe iracurten eracasten diena. Ojala ori bera Maisu guciac eguiten balute.
  • (155) Bat dator hori, beste alderditik begiratuta bada ere, Barbageroren 1861eko diagnosiarekin.
  • (156) Baserritarrak bizi diren artean, euskara bizirik izango da. Iritzi horretakoak ziren beste hainbat, urte-garai beretsuan. Are gehiago: Ordóñezek, Donostiako maisuak, ez zuen ikusten euskara Donostiako kalean ere galtzera zihoanik (Ordóñez 1760 ingurua).
  • (157) Euskararen galera ez zen, Gipuzkoan, planteatu ere egiten Mendibururen, Kardaberazen eta gainerakoen idazkietan. Iturriagaren belaunaldiak, berriz, aski gauza probabletzat hartzen du galera-arrisku hori: ez berehalakoan, baina bai belaunez belauneko perspektiban. Eten handia dago, 1700-10 inguruan jaiotako euskal idazleen eta 1770-80 inguruan jaiotakoen artean. Azken hauek, Iturriaga tartean dela, argi ikusten dute euskara galtzeko arrisku bizian dagoela. Araba-Nafarroetan beren begien bistan ikusten ari dira hizkuntzaren galera. Bizkai-Gipuzkoetan ere, hain berehalako kontua ez izan arren, arriskua badagoela ikusten dute.
  • (158) Mintzaldaketaz bazen, lehendik ere, berariaz jardundako aditurik: bai Nafarroan eta bai Araban (Landazuri). Ez, ordea, ikuspegi zinetikoari osagai dinamikoa hain plano generalean erantsitakorik.
  • (159) Hori esan nahi al du? Baliteke hala izatea. Orduan ere, ikusi egin beharko genuke zer epe-moduez ari den: Bizpahiru belaunaldiz? Bizpahiru mendez? Epe luzeagoaz? Idatzita dagoen moduan, epe luzeaz ari dela dirudi. Ilun jarraitzen du, halere, puntu honek.
  • (160) Iturriagaren 1830-31ko testua ez da barne-tentsiorik gabea. Honako hau da, konkretuki, tentsio-punturik handienetako bat.
  • (161) Txostena behin eta berriro irakurriz, halere, duda bat gelditzen da airean: ele biko gizarteaz ari da Agustin, edota soilik ele biko eskola-sistemaz? Diglosia-marko tradizionala apurtzen ari zela eta apurketa hori euskararen kaltean zela ikusirik, erdibideko gizarte-moldaera berria bideratu nahi zuen Iturriagak, pasarte batzuetan dirudien moduan, edota eskola elebidun batez ari zen soil-soilik? Erantzuna lehenengoa izatera, nolako konpartimentazio fisiko eta soziofuntzional berria eratu nahi zuen euskara-erdarentzat, gauza jakina baita konpartimentazio hori gabe erredundantzia funtzionala ezin dela luzaroan mantendu eta ezintasun horrek mintzaldaketara lehenik, eta kontestualki ahula den hizkuntzaren galera osora gero, eramaten duela ezinbestean. Zer konpartimentazio modu zuen Iturriagak buruan, halakorik baldin bazuen? Funtsezko galderak dira horiek, oraingoz airean utzi beharko direnak. Denborarekin, Iturriagaren dokumentu idatzi gehiago eskuratzen bada, litekeena da oraingoz zabalik utzi den galdera sorta horri erantzun konkretuak ematen hasi ahal izatea. Nolanahi ere, Iturriagak egiten dituen proposamenetan hau da gizarte-inpakturik handienekoa eta, zoritxarrez, egileak berak ahulenik zehaztutakoa.
  • (162) Honetan ez dago duda handirik, nire ustez: Iztuetari eginiko eskutitzetan, behin eta berriro dio hori. Ikus, esate baterako, bi aipamen hauek: "Nic sinisten eta esperatcen dedan eran provinciaco Jaunac beguiratcen badie gure lanari, ecusico du cer gausac ateraco ditugun eta cer prochuscoac necazari gendearentzat, eta cer honra andia emango diogun euskalerriari" eta "Laster aci bearra degu irrugarrenarequin gure necazari prestuai itceguiten" (Ikus VI. Eranskina, 11. eta 15. dokumentuak).
  • (163) Hasierako entusiasmo hura ahulduz, indargalduz eta desitxuratuz joan zen hiru urteko tartean. Azken unera arte, halere, eskola-materialak ateratzeko asmoari zutik eutsi zitzaion. Aldaketa handien eta filosofia oso bat hipotekatzearen truk, ordea. Posibilismoaren amildegi-ertzean mugitu behar izan zuten, agian, Sustapen-batzordeak eta Iturriagak berak, zerbait egitea ezer eza baino hobe dela onartuz. Edota beraiek konturatu ziren, hilabeteak eta urteak aurrera egin ahala, begiz jotako xedeak eta hartarako hartu nahi ziren erabakiak ezin uztartuzkoak zirela. Liburuxka batzuekin ezin zen, ametsetan ere, mendeetako eskola-sistema bat gauetik goizera aldatu eta gizarte berri bat eraiki: Ilustrazioaren hoberena eta beldurgarriena berekin zuen Iturriagaren planak, erromantizismoaren txuri-gorrizko amets erakargarrienekin oraturik. Ederregia zen plana, hain erraz eta hain kolpean egia bihurtu ahal izateko: nola espero zitekeen, bere bizi osoan euskaraz irakurtzen ohitu gabeko maisu-maistrak, alfabetatze-eragile sendo bihurtzea kolpean? Zer gizarte-indargarri izan zezakeen euskarazko praktika sozioedukatibo batek, horren aldeko elite formatu, konsziente eta eskudunik gabe? Noraino eraman zitekeen formula berri aurrera, gurasoen eta herritarren gogo bizirik gabe? Hiru urte horietan gauza bat baino gehiago hausnartzeko aukera izan zuten batzuek eta besteek, nolanahi ere, eta litekeena da asmoen beherapena autorregulazio bidez ere sortu izana.

    Elizgizon guztien posizioa ez zen uniformea puntu honetan, eta bistan da elizak berak interes argiak zituela eskola kontuan. Jakin ez dakigu, esate baterako, hiru urte horietan Gipuzkoako artziprestazgo nagusiak Iturriagaren planaz ezer esan zuen. Bestelako interesdunik ere bazen tartean: irakasleen multzo zabala, oro har, eta gidaritza morala berekin zuten irakasle gailenak. Luis Astigarraga, esate baterako. Ez dakigu Astigarragak begi onez edo makurrez hartu zuen Iturriagaren plana. Aurrera ateraz gero, 1825eko eta 1828ko bere liburua airean jar zezakeen plan horrek. Nekez egon zitekeen Astigarraga, bere asmo maitea hipotekatuko zuen formula baten alde. Interes horiek ere kontuan hartu beharko lirateke, azterbide ebaluatiboa bere betean osatu ahal izateko.

  • (164) Gorago, hizkuntzen azterbide dinamikoaz jarduterakoan, jorratu dugu puntu hori eta orain ez goaz, hortaz, han esandako kontuak berritzen hastera.
  • (165) Hizkuntza-soziologiaren eta hizkuntza-plangintzaren ekarpen sendoenak, puntu honi dagokionez, zera dio: oinarri sendoa duen status-plangintza baten altzoan, eta horrekin koherentea den moduan eratzen den heinean, eman ohi du hiztegigintzak eta corpus-plangintza osoak begiz jotako fruitua: bestela ez.
  • (166) Ondo ezaguna da Iturriagaren azalpena, puntu honi buruzkoan.
  • (167) Plana idatziz eta, bide batez, plan hori aurrera eramateko beharko ziren ikasmaterial guztiak prestatuz.


Gai honi lotutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus