Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)

Asier Larrinaga Larrazabal / Hizkuntza / 2007-06-01 / 08:30


Bizar-moztekoak produktu klasikoak dira telebistako publizitatean. Euskaraz bikoiztutako iragarkietan ere aspaldikoak dira, baina izena ondo finkatzeko premia oraindik orain gertatu zaigu, hain zuzen, emakumeen hankak depilatzeko antzeko tresnak agertu direnean. Gai hori orri honen bigarren atalean aztertu dugu. Lehen atalean, hizkera gordinaz dihardugu.



Erdaretatik euskarara

Erdaretatik euskarara


HIZKERA GORDINA

Telebistan gero eta sarriago entzuten dira behe-mailako hizkerak. Denak ez dira berdinak, eta guk mota bi bereiziko ditugu.

_Hizkera gordina_: biraoz eta sexu-erreferentziaz josita dago. Gauzak bere gordinean esaten dira, leundu barik: «ipurtzulotik (hartu)», «zakila atera gabe (egin zerbait)», «Ama Birjinaren potroak!»...

_Hizkera zatarra_: hitz itsusiak eta adeigabeak erabiltzen dira. Askotan nahikoa izaten da jarrera, itsuskeria eta adeigabetasuna aditzera emateko, eta, beraz, hizkera zatarrean eufemismoak aurki daitezke, baita barregura ematen duten esapideak ere: «popatik (hartu)», «hankarteko isipuarekin (egin zerbait)», «txakurraren bibolina!»...

Euskarazko bikoizketan berrikitan ezagutu dugu hizkera gordin-gordina. Gauza berria izanda ere, euskaraz nahiko erraz molda daiteke bertsio sinesgarri bat, hiru jarraibide hauek aintzat hartuz gero.

1. Lehenengo eta behin, euskarazko bertsioan ez da jatorrizkoan baino gordinkeria handiagorik erabili behar. Litekeena da, berriz, jatorrizkoan baino gordinkeria gutxiago edo ez hain gogorrak nahiko izatea jatorrizkoaren tonua aditzera emateko.

2. Bigarren jarraibidea hizkera-moldeari eustea da. Aukera dagoenean, birao eta gordinkeriekin batera, estilo kolokiala azpimarratzen duten hitzak erabili behar dira: «koxkorrak jo» (eragotzi, nekarazi), «beltza sakatu» (engainatu)...

3. Hirugarren jarraibide gisa, ingeleseko gordinkeriak ez dira hitzez hitz itzuli behar. Harrapatua (Trapped) filmeko pasarte hauetan, adibidez, ondo egin zen egokitzapena.

3.1. Ikusten denez, ingelesez naturaltasun osoz jotzen dute «adjektiboa + izena» egiturara («fucking car», «mother fucking car», «damn car», «goddamn car», «bloody car»). Euskaraz ere pareko egitura aurki dezakegu gordinkeria batzuetan.

Hizkera zatarrean, esapide batzuk ere antzera osatzen dira.

Are gehiago. Hizkera normalean, haserre gaudela adierazteko esapide asko ere berdin osatuta daude.

Euskaraz, beraz, egitura ez da arrotza. Hala ere, egitura horri jarraitzen dioten itzulpen literal askok nahiko faltsuak ematen dute.

Esaldi horiek ez zaizkigu natural egiten, eta sinesgarritasuna galarazten dute. «Madarikatu» zatarkeria, esate baterako, gehienbat bizidunekin erabiltzen da euskaraz: «asto madarikatua», «agure madarikatua». Bizidun ez direnekin ere erabiltzen da, baina erabilera horretan berezko esangura ematen zaio (gutxi gorabehera: "Jainkoak onetsia ez izatea"): «grina gaizto madarikatu batek liluratu ninduen», «hordikeria madarikatua, langilearen eta beste askoren etsaia», «gerra madarikatua»...

3.2. «Izena + adjektiboa» egitura zeharo baztertu barik, beraz, euskarazko bertsioan beste molde batzuei egin beharko genieke leku. Baliabiderik erosoenak bi dira.


Esaldia birao batekin ixtea.


Gordinkeria adizlagun batean sartzea.


Baliabide biok hizkera zatarrean ere balio dute.


Haserrezko esapideetarako ere bai.

Esandakoa, taula honetako adibideen bitartez laburbildu dugu.

INGELESEZEUSKARAZGORDINKERIA GISA DESEGOKIA
You see those fucking assholes?Ikusten zakil / alu horiek?
You got two seconds to get in that fucking car!Sartu behingoan autora, końo / joder!Sartu behingoan auto zikin horretan!
I make the fucking rules, all right?Neuk jartzen ditut arauak, ostia!Neuk jartzen ditut arau aluak, entzun?
You want a fucking fight?Ostia batzuk nahi?
Fuck off!Izorratu! / Izorra hadi!
I don’t want to bloody go there.Potroetatik helduta ere ez noa!Ez dut gogo zipitzik hara joateko.
Bloody hell!Ostia! / Ostia puta!Arranopola!
She fucking overdosed!Gaindosi batek akabatu zuen!Gaindosi madarikatu bat hartu zuen!
Who the fuck are you?Nor ostia zara zu?
No more fucking Abba!Ipurtzuloraino nago Abbarekin!Abba madarikatua berriro ez!

Hizkerak


Bizarra mozten

Bizarra mozteko tresnari «bizar-mozteko» esango diogu iragarkietan. Bigarren aukera gisa «bizarra mozteko tresna» eta «bizar-aitzur» ditugu. Tresna horren parteetako bat ebakitzen duen xafla da. Iragarkietan hala esango diogu: «xafla».

Hiztun askok «labana» hitza erabiltzen dute; batzuek tresnari esateko, beste batzuek xaflari esateko. Iragarkietan ez diogu bide egingo.

«Bizarra mozteko makina» edo «bizar-makina» bizarra mozteko aparatu elektrikoa da. Bizar-moztekoari ez litzaioke «makina» esan behar, tresna soila da eta.

Emakumeek hankak depilatzeko darabilten labanari «bilo-mozteko» esango diogu iragarkietan. Bigarren aukera gisa «biloa mozteko tresna» eta «depilatzeko tresna» ditugu.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

Orain arte argitaratuak

  1. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
  2. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
  3. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
  4. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
  5. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
  6. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
  7. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
  8. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
  9. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
  10. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
  11. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1180511802