Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Antzeman

Antzeman

2007-05-04 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal - EiTB   HIZKUNTZA

«Antzeman» aditzaren erabilera zeharo nahaspilatu da euskarazko albiste-testuetan, interferentzia birengatik. Lehen interferentzia euskara barrukoa da: «atzeman» aditzak eragiten duena. Bigarrena, euskaratik kanpokoa: «detectar» aditzarena.

<b>«Antzeman»-en erregimena</b>

«Antzeman»-en erregimena

«Antzeman» aditzaren osagarriak NORI kasua hartzen du nahitaez.

  • Nekatuta antzeman nion, eta ez nion ezer esan.
  • Beren fruituetatik antzemango diezue. (Mateo, 7:15)

«Atzeman» aditzak, ostera, joko normala dauka.

  • Auzokoak erasotzaileen atzetik joan dira, baina ez dituzte atzeman, auto bat erabili baitute ihes egiteko.
  • Ezustean heldu zen etxera, eta senarra maitalearekin atzeman zuen ohean.

Lehen nahastea erregimenean gertatzen da, «antzeman» aditza «atzeman»-en jokoarekin kutsatu da eta.

  • EZ
    • Pistola eta guzti azaldu arren, lapurrarengan berehala antzeman zuten beldur zela.
  • BAI
    • Pistola eta guzti azaldu arren, lapurrari berehala antzeman zioten beldur zela.

«Antzeman»-en esanahia

Itxuraz hain antzekoak izanda, jokoak ez ezik, esangurak ere nahasi dira.

«Antzeman» aditzak igarri, itxura hartu, zelakoa den konturatu esan nahi du. Erraz gogora daiteke, «antz» eta «eman» hitzetatik datorrela jabetuz gero. Izan ere, ezezko erabileran osagai biak banan ager daitezke.

  • Hala jantzita, inork ez zion antzik eman.

«Antzeman» aditzak hainbat sinonimo ditu.

  • Hitz egiteko moduan ezagun du / antzematen zaio ez dela herri honetakoa.
  • Ben Wallace NBAko defendatzailerik onenak talentu handiz igartzen ditu aurkariaren eraso eta mugimenduak / antzematen die aurkariaren eraso eta mugimenduei.
  • Giro politikoan nabari da / antzematen da hauteskundeak laster direla, politikariak hasi baitira kanpaina egiten.

«Atzeman» aditzak, berriz, hartu, harrapatu, eskua ezarri esan nahi du. Hau ere erraz gogora daiteke, «hatz» (atzamar) eta «eman» hitzetatik dator eta. «Atzitu» sinonimoa ere «hatz» hitzetik dator.

  • Bi erbi atzitu / atzeman dituzte basoan.

Adieraz ezberdinak izan arren, kasu batzuetan aditz bat zein bestea erabil dezakegu gauza bera aditzera emateko.

  • Gezurretan atzeman dute.
  • Gezurra zioela antzeman diote.

Horrek guztiak anabasa handia eragin du. Albiste-testuetan «antzeman» gailendu da, eta aditz bien adierak bereganatu ditu. Horrez gain, kazetariek esanahia apur bat zabaldu diote, eta «detectar» gaztelaniazko aditzaren ordain automatiko bihurtu dute.

Baina «detectar», moduren batean, harrapatzea da; alegia, hurbilago dago «atzeman» aditzaren adieratik.

  • EZ
    • Austriako albaitaritza arduradunek gaur jakinarazi dutenez, gutxienez bi katutan antzeman dute H5N1 birusa.
  • BAI
    • Austriako albaitaritza arduradunek gaur jakinarazi dutenez, gutxienez bi katutan atzeman dute H5N1 birusa.

Nolanahi ere den, «detektatu» baztertu barik, kasuan-kasuan beste aditz batzuk erabil ditzakegu.

  • EZ
    • Itsas Salbamenduak patera bat antzeman du Tenerife hegoaldetik zazpi miliara, zortzi pertsonarekin.
  • BAI
    • Itsas Salbamenduak patera bat ikusi du Tenerife hegoaldetik zazpi miliara, zortzi pertsonarekin.
  • EZ
    • Maria San Gili tumore bat antzeman diote, eta, guztiz sendatu arte, zeregin politikoetatik aldenduko da.
  • BAI
    • Maria San Gili tumore bat aurkitu diote, eta, guztiz sendatu arte, zeregin politikoetatik aldenduko da.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus