Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskararen ezagutza bitarteko, erabilera helburu

Euskararen ezagutza bitarteko, erabilera helburu

2007-04-17 / 07:00 / Patxi Baztarrika Galparsoro   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Herri Administrazioetako euskararen erabilera planaren (2003-2007) balorazioaren aurrerapena aurkezterakoan eginiko hitzaldia duzue jarraian irakurgai.

1997an onartu zen herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko arauak ematen dituen dekretua. Dekretu horren aplikazio esparrua administrazio hauek osatzen dute: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Udalak, Mankomunitateak, Euskal Herriko Unibertsitatea, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Lan Harremanen Kontseilua, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa eta Eusko Legebiltzarra. Dekretu horrek besteak beste bi obligazio ezartzen ditu:

  • Administrazio horietako bakoitzak bost urtez behin bost urterako euskararen erabilera plana egin beharra.
  • Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak plan horien ebaluazioa egin beharra.

Une honetan 20033–2007ko plangintzaldian gaude. III. Plangintzaldia da hau. Urte honen abenduaren 31n bukatuko da. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egin du dagoenekoz balorazio-txostena, hobeto esanda balorazio-txostenaren aurrerapena. Balorazio edo ebaluazio txostena Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak ezagutu eta aztertu zuen apiril honen 3ko batzarrean. Eusko Legebiltzarrean agerraldia eskatua dugu txostena aurkezteko: agerraldi horretan Kultura sailburuak egingo du txostenaren aurkezpena, Administrazioetako hizkuntza normalizazioko zuzendari Jokin Azkue eta ni neu bertan garela.

Ebaluazio hau, beraz, III. Plangintzaldiaren ebaluazioaren aurrerapena da. Hala egin nahi izan dugu besteak beste 20088–2012 tarterako IV. Plangintzaldia egiteko abiapuntua eduki nahi izan dugulako.

Esan bezala, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren egitekoa eta obligazioa da ebaluazioa egitea, eta hala egin dugu. Baina ez gara bakarrik aritu lan honetan: administrazio guztiak bidelagun izan ditugu. Betiko lez, balorazio hau egiterakoan ere sendo eta fin aritu dira lanean Foru Aldundiak eta Udalak. Horregatik gaude gaur hemen elkarrekin. Erakundeon arteko elkarlanaren eta lankidetza gero eta estuagoaren fruitua ere bada aurkeztera goazen ebaluazioa. Elkarlanean sinesten dugu, eta elkarlana praktikatzen dugu, elkarlana beharrezkoa dugulako euskararen erabilera indartu eta areagotzeko.

Eskerrik asko, beraz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren izenean, ebaluazio hau egiten jardun duten administrazio guztiei, Euskal Herriko Unibertsitateari, Eusko Legebiltzarrari, Foru Aldundiei, Udalei eta gainerako administrazioei.

Berriak eta nobedadeak

Aurkeztera goazen ebaluazioari dagokionez, edukien azalpenari heldu aurretik, baditugu berriak eta nobedadeak diren bi kontu aipatu beharrekoak:

  • Administrazioan euskararen erabilera zertan den jakiteko bi iturri erabili ditugu: alde batetik, hizkuntza eskakizun edo perfilen betetze mailari buruzko informazioa eskuratzeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren datu-basea erabili dugu; eta, bestetik, guztiz berria den tresna bat. Tresna hau da administrazio guztietarako balio duen galdetegia, propio ebaluazio honetarako prestaturikoa. Nobedade hau garrantzitsua da. Izan ere, administrazio bakoitza diferentea izatean, eta mota bereko administrazioen artean ere batzuk gisa bereko euskara planak edukitzean baina beste batzuk ez, orain arte administrazio-mota bakoitzeko ebaluazioak egiten genituen. Guztientzako baliagarri eta aplikagarri den galdetegi bat osatu dugu oraingoan, eta horrek aukera ematen digu herri-administrazio guztietan euskararen erabilerari dagozkion hainbat helburu zein neurritan bete diren jakiteko, eta betetzerakoan zer-nolako arazo azaltzen diren ezagutzeko.
  • Nobedadea da, halaber, ebaluazioa kuantitatiboa eta kualitatiboa izatea. Ez dugu zenbaki hutsetan geratu nahi izan; egin, egin dugu azterketa kuantitatiboa, baina baita ere kualitatiboa. Horretarako bost lan talde osatu ditugu: langileen arteko hiru mahai (lurralde bakoitzeko mahai bat), hizkuntza normalkuntzako teknikarien mahai bat eta arduradun politikoen erakundearteko mahai bat. Arduradun politikoen erakundearteko mahaian joera edo kolore politiko ezberdinetako arduradunek parte hartu dute.

Azken horixe da azpimarratu nahi dugun bigarren kontua: joera politiko ezberdinetako arduradun politikoek elkarrekin azterketa kualitatiboa egin izana. Lehen erakundearteko elkarlana aipatu dut, eta orain joera politiko diferenteetako arduradun politikoen lankidetza aipatzen dut, biak ere ezinbestekoak direlako euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Euskararen etorkizuna bermatzea guztien egitekoa dela benetan sinesten dugunontzat, behar-beharrezkoa da diskurtsoetatik haratago eguneroko praktikan elkarlana eta lankidetza anizkoitza garatzea.

Erronka eta aukera, txanpon beraren bi aurpegiak

Edukietan sartuz: berri onak ditugu, berri positiboak, baina ez gaitezen autokonplazentziaren lozorroan erori. Sekulako aurrerakada eman da azken hogei urteotan euskararen erabilera Administrazioan ziurtatzeko, eta bide horretan aurrerakada handia eman da III. Plangintzaldiko bost urteotan, baina egindakoa baino luzeagoa da egiteko daukagun bidea. Lana ez da amaitu. Abiapuntu onera iristea lortu dugu, baina aurrerantz jarraitzen dugun neurrian izango da arrakastatsu lortu dugun abiapuntua. Ezagutzaren abiapuntua baliatuz erabileraren eremua handitu eta indartu behar dugu. Hori da aurrez aurre daukagun erronka eta aukera. Euskararen ezagutza bitartekoa dugu, erabilera dugu helburu. Erronka eta aukera: biak dira gauza bera, erronka eta aukera txanpon beraren bi aurpegiak dira: erabilera da erronka, eta erabilerarako da hain zuzen ere urteotan egindako aurrerakadak eskura jartzen digun aukera. Emandako aurrerakada hain zuzen ere horixe baita: aukera bikaina euskararen erabileran aurrera egiten jarraitzeko, euskara zerbitzu-hizkuntza ez ezik lan-hizkuntza ere gero eta neurri handiagoan, normalagoan eta naturalagoan izateko.

Datuen eskutik ikusiko dugunez, langile asko dira hizkuntza eskakizuna egiaztatu dutenak urte hauetan, baina hainbat tokitan, urte luzeetako inertziaren ondorioz, gaztelaniaz jarraitzen dugu lanean. Inoiz baino gehiago egiten da euskaraz administrazioan, baina jauzi handia dago oraindik ezagutzaren eta erabileraren artean. Ezagutza gehitzeko egindako lan handiari erabileraren mesedetan ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatu behar dugu ondorengo urteetan: hori da erronka, hori da aukera, hori da egitekoa, hori da egin dezakeguna. Euskal gizarteak nahi du administrazioan ere euskara erabili dadin. Administrazioak gai izan behar dugu eskaera horri erantzuteko. Hori ez da goizetik gauera lortu litekeen zerbait, baina hori da bidea, horretan ari gara eta horretan jarraitu behar dugu: pixkanaka baina etengabe pausoak ematea euskara ere lan hizkuntza izan dadin Administrazioan.


(PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus