Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hizkuntzaren logokratak

Hizkuntzaren logokratak

2007-03-22 / 08:00 / Jon Sudupe   HIZKUNTZA

Giza Mintzaira bakarra dago, baina hizkuntza partikular asko. Martitzeko biztanle bat gure Lur planetara etorriko balitz, lurtar guztiok hizkuntza bat bera hitz egiten dugula pentsatuko lukeela esan du Noam Chomskyk. Izan ere, hain dira nabariak hizkuntzen arteko antzekotasunak!

Funtsean, hizkuntza guztiak berdinak dira, eta haietaz baliatzen gara geure pentsamendua adierazteko. «Hizkuntza tresna bat da pentsamenduarentzat», dio Chomskyk. Adierazpide ez ezik, ulerbide ere bada, ordea.

Denak ez dira, baina, iritzi horretakoak. George Steinerrek argitaratu berri duen liburuan dioenez, «logokratek» (Maistre, Heidegger, Boutang) hizkuntzaren agintepean ezartzen dute gizakia. Ikuspegi logokratikoarentzat, gizakia baino lehenagokoa da hizkuntza. Gizakia ez da mintzairaren nagusia, bere zerbitzaria baizik. Heidegger dugu doktrina horren adierazgarri nagusia: ez du gizakiak hitz egiten, aitzitik «hizkuntzak hitz egiten dio gizakiari», edo, bere formulazio hotz eta motzenean: «hizketak hitz egiten du». Logokraten arabera, hizkuntza da pentsamendua erabakitzen duena.

Luis Haranburu Altunak kapitulu motzez osatutako Euskararen doluminak plazaratu berri du. Bertan argi eta garbi kritikatzen du logokraten ikuspegi determinista: «Honen arabera, hizkuntzak gizonaren izaera determinatzen du, baina hizkerak, hots, euskarak, ingelesak edo gaztelerak, ez du bere izaera determinatzen. Eragin kulturala du hizkerak gizonarengan, baina ez du determinatzen bere izaera ontologikoa. Hizkuntzak bai, baina hizkerak ez. Gizonaren izaera sakona ez datza hizkera baten baitan; gizonaren izaera kultural eta historikoaren zerikusia du hizkerak, baina ez du bere sakoneko izaera primordiala tankeratzen».

Pertsonek ez dugu euskaraz, ingelesez edota frantsesez pentsatzen egiazki, pentsamenduaren hizkeran baizik (Mentalese edo gogoera deitu dio Jerry Fodor hizkuntzalariak). Hizkuntz ugaritasunaren atzean, «ezkutuko» mintzaira bat dugu, gizateria osoarentzat berdintsua. «Mintzatzen dakigu, euskaraz baino hobe», dio L. Haranburuk. Badirudi sortzetikoa den gogoaren hizkuntza berezi hori norberaren jatorrizko hizkuntzaz ordezkatzean datzala lehen hizkuntzaren ikasketa prozesua.

Steinerrek bere libururik bikainenetako batean, After Babel (Babelen ondoren) izenekoan, hizkuntz aniztasunaren goraipamena egiten du: «Zigorra izatetik urrun, Babel agian oso onura handia da. Hizkuntzak zabaltzen duen leihoak paisaia berdingabea agerrarazten du. Hizkuntza berriak ikastea beste hainbat mundu berritan sartzea da». Erromantikoek elebakar izatea zuten obsesio. Herderrek eta Hamannek uste zuten hizkuntza bakar baten odol eta hezurretan sustraitua dagoela norbanakoa. Hori egia eta gezurra da aldi berean. Poliglota izatea aberastasun mugagabea da. Zoritxarrez, urtetik urtera, ehunka hizkuntza desagertzen dira, eta beraiekin itzelezko aberastasuna.

Humboldt ez zen batere baikor euskal komunitatearen geroaz: Espainiako gobernuaren borondate txarrak eta euskaldunen zabarkeriak euskararen hondamendia ekarriko zutelakoan zegoen. Euskarak atzera ezineko gainbehera bizi zuela iritzi zion («eta hala, aspaldiko hizkuntza hau galduz doa etengabe»). Ehun urteko bizi-esperantza eman zion gehienera jota. Baina hark botatako profeziak huts egin du: euskarak, nahiz eta osasun ona ez izan, bizirik dirau. Gaztelaniarekin batera, hizkuntza ofiziala da euskal komunitate autonomoan, eta inoiz izan ez dituen gizarte eta giza baliabideak ditu aurrera egiteko (horren haritik, inongo zentzurik ez du Euskadi Sariak kentzeak; aitzitik, gehitu egin behar dira, Saiakera Saria besteak beste).

Hizkuntzak egiten al du herria? Nazioa ez dago hizkuntzara mugatzerik, gure artean egiten den bezala. Askok kritikatu dute hizkuntz erredukzionismoa, horien artean Max Weber gailendu delarik. Haren iritzian, nazioa eta «hizkuntzazko komunitatea ez dira berdintzat jo behar», irlandarrek eta ingelesek egin izan duten moduan. Paul Ricoeur filosofo frantziarrak arbuiatu egin du nazioaren kontzeptua hizkuntz irizpidearen arabera soilik definitu nahi izatea. Are gehiago, «hilgarria» iruditzen zaio hizkuntzak identitatea oinarritzeko erabiltzea.

«Euskara asko inporta zait». Hala ematen dio hasiera L. Haranburuk bere saiakera labur bezain heterodoxoari. Euskararen inguruko hainbat gezur, joera irrazional, pentsaera ideologiko eta mito historiko desegiten ditu bertan. Euskal logokrata batzuen esanak gezurtatu nahi izan ditu, euskararen onerako. Bere ustez, euskara erdararekin batera bizi izan da, eta horrela gertatuko da etorkizunean ere.

Luis Haranburu ez da ohi den moduko euskaltzalea. Euskaldunen artean egiazko doktrinatzat jotzen denetik aldentzen da. Pentsaeraz ez da abertzalea (abertzale izena nazionalistek beretu baitute). Politikoki desegokia da, beraz. Hargatik dago hain gaizki ikusia. Haren iritziak aintzat hartuko ote dira oraingoan? Ez naiz batere segur.

Euskal nazionalismoak baztertutako idazleen historia kontatu beharko da egunen batean.


(JON SUDUPE MARTIJA saiakera egilea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus