Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Globalizazioa

Globalizazioa

2007-03-08 / 07:00 / Arkaitz Zarraga Azumendi   BESTELAKOAK

Denboran zehar hizkuntza asko desagertu dira, arrazoi ezberdinak direla medio. Mundu mailan, historian zehar gertatutako egiturazko aldaketak, Frantziako iraultza, inprentaren asmakizuna, iraultza industriala edota garraiobideen ugalketa besteak beste, txikien kalterako izan dira, hizkuntza indartsuen nagusitasuna ekarri dute. Orain arte biziraun dutenak egoera berrietara moldatzen edo isolatuta egoten asmatu dutelako daude bizirik.

Dakigunez, orain artekoan hizkuntzak galtzeko edo ahultzeko arrazoien artean, politikoak, soziokulturalak, ekonomikoak, demografikoak, axolagabekeria eta abar dauzkagu. Hauen ondorioz, hizkuntza txikiagoek lekua galdu dute, horizontalki nahiz bertikalki, eta hizkuntzarekin batera kultura osoak desitxuratzen joan dira, kultura nagusia asimilatuz.

Geureari dagokionean, arazo hauetako asko pairatu ditugula gogorarazi beharra dago, izan ere egun daukagun egoeran egotea mirakulutzat jo daiteke. Lehenik eta behin arazo politiko-militarrak pairatu ditugu. Argi dago, aurreko erasoen ostean, XX mendearen erdialdean izandako debeku eta jazarpen egoerak izugarrizko kaltea eragin digula, gaur egun oraindik ere sufritzen duguna. Ama hizkuntza euskara zuten askok galdu egin zuten, etxeetan zabaldutako beldurraren ondorioz transmisioa eten zelako edota eskolan pairatutako errepresio egoeraren ondorioz (eraztuna, egurra...) ume askok euskara galdu egin zutelako. Ondorioz, gune jakin batzuetan izan ezik, euskara kaletik desagertu egin zen, eta zeresanik ez lan-mundu, komunikabide, botere-gune, administrazio eta abarretatik. Oraindik ere, asko dira, kendu zietelako edo inoiz izan ez dutelako, euskararik ez duten euskaltzaleak, eta zalantzarik gabe, euskararen normalizazioan pisu handia izan duen gizon-emakume taldea dugu: batetik euskararen normalizazioan zeresan handia izan zuten, ikastolen eta gau-eskolen sorreretan adibidez, baina bestetik, euskaldundu ez direnez, erabilerarako oztopo ere izan dira.

Arazo demografikoek ere berebiziko indarra izan zuten. Gauza jakina da, nahiz eta azken aldian kontu honen aipatze hutsa politikoki ez zuzentzat hartzen den, hemen inmigrazio politiko bortitza jasan genuela. Zonalde batzuetan bereziki, erdal gune zabalak sortu ziren. Honek ondorio ezberdinak ekarri zituen: euskararen desprestigioa baserritar hizkuntzatzat hartzean, erdaldun elebakarren eta euskaldun elebidunen arteko harremanetan erdara gailentzea (errespetuaren izenean), erdara eta modernitatea lotzea, euskara gaitzestea (háblame en cristiano) etab.

Hau guztia dela eta identitate kulturalaren galera gertatuz joan da, batez ere zonalde batzuetan.

Baina oraingoan datorren erronka berria "globalizazioa" da. Oraindik aurreko arazoak konpondu gabe ditugunean, tamaina honetako harriari eutsi behar!

Globalizazioaren aroan gaude. Honezkero mundu guztiak daki. Agian, gehiegi esatea izango da mundu guzti-guztiak dakiela horren berri, baina kontua da teknologia berriek dakartzaten aldaketak eta botereen bakantze hori geldiezina diruditela. Hala ere gehienok kritikatzen badugu ere, ezin uka daiteke nolabaiteko ikusmina ere sortzen digula "aurrerabideak". Internetek eta teknologia berriek ematen dituzten aukerak hainbeste dira...

Batzuek, gutxi dakigunok baina apurka-apurka gauzatxo berriak egiten ditugunok, flipatzen dugu zabaltzen zaizkigun leiho berriekin. Ez naiz ari windowsek zabaltzen dituen leiho birtual horietaz, aukerez ari naiz; lanerako, ligatzeko, jolasteko, ikasteko, sexurako eta harremanak egiteko modu berriez. Gainera gehien harritzen gaituena ez da ikasten duguna, aldaketa honen eraginaren tamaina baizik. Badakigu mundua aldatzen ari dela baina ez dakigu noraino hel daitekeen. Badakigu imajinatu ere ez dugula imajinatzen. Erosketak, lana, dirua kudeatu, lagunekin hitz egin... orain etxetik egiten ditugu.

Beste gauza batzuekin gertatu den bezala, badakigu tresnek berez ez dutela errurik, erabilera egokiak ematen asmatu beharko genukeela. Baina kontuak kontu, orain artekoan txikien biziraupenerako kaltegarriak izan dira, gehienetan behintzat, eta oraingoan enbata gogorra dator. Gauzak horrela, beraz, geurearen alde zerbait egingo badugu, baliabideak azkar eta ganorazkoak jarri behar dira.

Globalizazioa diogunean, beraz, munduan harremanetan jartzeko modu berri batez ari gara, mugez gaindiko erlazioak, azkarragoak eta askoz ere anitzagoak. Gehiago, eta espazioan eta denboran ezberdinak. Zalantzarik gabe Internet dugu fenomeno honen bultzatzaile eta ikur nagusia. Esan dugunez, sare birtual honen bitartez orain arteko harreman guztiak aldatu dira. Edozeri buruzko informazioa jaso dezakegu amen batean. Munduko edozein leku, unibertsitate edo pertsona bisita dezakegu etxetik mugitu gabe. Baina honek, noski, hizkuntzaren arazoa dauka. Interneten zabalduen dagoen hizkuntza ingelesa da, eta seguruenik edozein gairi buruzko informazioa bilatuz gero, ingelesez aurkitu ahal izango dugu. Gaztelaniak ere nahikoa presentzia handia du, eta horrela hizkuntza indartsuenek hurrenez hurren. Argi dago hizkuntza nagusiek askoz ere informazio gehiago sortzeko aukera dutela, eta honek arrisku bat dakar: bakantzeko joera izatea. Punta-puntakoa denak irabazten du eta, noski, momentuz AEB dira nagusi.

Gauzak horrela, gerta liteke ordenagailu bidezko harremanetan hizkuntza batzuek nagusitasuna hartzea besteen kalterako. Ondorioz, hizkuntza guztiak egoera diglosiko batera helduko lirateke (eta seguruenik heltzen hasiak dira), non funtzio batzuetarako beste hizkuntza bat erabiltzen hasten diren (seguruenik ingelesa). Funtzio horiek garatu gabe geratuko lirateke hizkuntza txikiagoan eta nagusiak lekua kenduko lioke apurka-apurka. Esan gabe doa hizkuntza txikiaren erabileran ez ezik kalitatean (edo corpusean) ere eragina baduela, kalkoak eta maileguak etengabekoak izango baitira. Alderdi honetatik globalizazioa eta Internet bera mehatxu bat dira hizkuntza txikientzat. Baina Frantziaren gisako herriak ere hasiak dira neurriak hartzen.

Kontua da, kanpoan geratzen denak alferrik izango dituela bestelako ahalegin guztiak. Beraz, gure hizkuntza egoera berri honetara ere moldatzea funtsezkoa izango da, biziraungo badu.

Positiboan jarrita, informazioa jasotzeko ez ezik sortzeko ere baliabide ezin hobea dira teknologia berriak. Edozein arlotan aurreratzeko aukera ematen du, bai eta aurrerapenak zabaltzeko aukera ere.

Gainera itzulpen automatikoak hobetuz doaz, arlo honetan egiteke dagoena asko bada ere. Jadanik badira berehalako itzulpena egiteko gai diren programak, nahiz eta euskararako itzulpenak arazo ugari ematen dituen. Besteak beste gure sintaxiagatik. Bestalde, itzulpen memorietan oinarritutako programek arrakasta handia dute, eta hobetuz joango dira itzulpen memoriak ugaritzen diren heinean. Zalantzarik gabe urte gutxiren buruan oso garatuta egongo da modu honetako softwarea.

Beste alde batetik, euskararentzat leiho paregabea izan daiteke, munduko hizkuntzarik zaharrenetako honetara hurbildu nahi duen ororentzat. Garai batean euskarari buruz edozer jakin nahi zuenak hona etorri besterik ez zuen, gaur egun, ordea, Argentinatik, Australiatik, Kongotik nahiz Txinatik euskaraz entzun, irakurri nahiz ikasi ahal izango dute.

Azken aukera honetan, ikasteko aukeran, aldaketa handiak gertatu dira, batez ere euskalduntzean dihardugunontzat. Euskara ikasteko modu ezberdinak agertu zaizkigu, bai eta ohiko ikasketa moduan lagungarri gertatuko zaizkigun baliabide ugari ere.

Orain arte euskaltegira etorri izan diren ikasleek gela batean ordutegi batean eta irakasle batekin ikasi dute. Honek, gauza jakina da, ikasle kopurua mugatu egin du. Jende askok ezin du egunean bi ordu euskaltegian eman, are gutxiago euskaltegia etxetik urrun egonez gero. Kontuak kontu, orain arteko bi ardatz nagusiak, denbora eta espazioa, zeharo aldatu dira. Gaur egun, leku berean baina une ezberdinetan ikas daiteke (mediatekak), leku ezberdinetan une ezberdinetan (Internet bidezko programak: Boga, HIznet...), leku ezberdinean baina une berean (web-camen bidez) eta, noski, leku eta une berean (ohiko klaseak). Hirugarren elementua, Irakaslea, irakasle izatetik tutore izatera pasatu da. Ikasleak berak ikasiko du eta gure lana bera gidatzea izango da, gu makulu bat izango gara. Ondorioz, orain arte urrun genituen ikasle potentzialengana heltzeko aukera zabaltzen zaigu.

Baina gainera ikasle mota ezberdinei egokitutako ikas-prozesua bideratzeko aukera irekitzen da. Askok, adibidez, trebetasun hartzaileak baino ez dituzte landu nahi izango (euskarazko informazioa jasotzea helburu dutenak), beste batzuk, aldiz, ordenagailuak ematen duen anonimatuaz baliatuko dira beste egoera batean sortuko ez luketena sortzeko eta jasoko ez luketena jasotzeko.

Sareen sarean, gainera, ezagutzatik erabilerara pasatzeko tresna ugari aurkituko dituzte (txatak, blogak...). Hori gutxi balitz, toki hauetan benetako erabilerarekin egingo dute topo, eta hori izaten da hain zuzen ere sarritan irakasleok dugun arazoa, ikasleei zuzentasunetik egokitasunera pasatzeko erabilera naturala helaraztea hain zuzen ere.

Argi dago arrisku handiak dituela mundu egoera berri honek, baina orain arte, arestian aipatutako mehatxu guztiei aurre egin badiegu, honi ere egingo diogula uste dut. Argi dago bide horretan hasiak garela, behintzat, eta horretan jarraitu beharko dugu, bakoitzak bere arloan, euskara ahalik eta egoera "punteroenean" gordetzen.

Dena dela, esfortzua mundu mailakoa izan beharko litzateke, uniformidadearen mehatxua hor egonda ere, aniztasunaren aldeko jokabidea bultzatu behar da. Hizkuntzak babestu beharra dago ekosistema ezberdinak salbatzeko espezie ezberdinak babestu behar diren moduan. Baina honek azterketa sakonagoa eskatuko luke.


(ARKAITZ ZARRAGA AZUMENDI Aita Villasante Udal Euskaltegiko irakaslea da)


Inprimatu


Erantzun

 
Globalizazioa eta glokalizazioa
2007-03-13 / 10:49 / Laura Moragues Oregi

Globalizazioa ez da fenomeno berria, ideologia tendentziak, arteak, literatura, indarkeria prozesuak,etab. sarritan munduan aldi beretsuan gertatu izan dira. Orain teknologi berriei esker informazioaren abiadura horrenbeste arindu denenan bere indarraz jabetzen ari gara.

Hala ere globalizazioaren barnean kontzeptu gehiegi nahasten dela uste dut, alde batetik badirudi gaur egun ekonomiarekin zuzen lotuta doan kontzeptua dela, enpresa transnazionalekin, diruaren boterearekin, handiak txikia jatearekin; bestetik "global" hori ingelesez munduak puxikaren itxura duelako edo, mundu zabaleko ideia azpimarratu nahi du.

Mundu zabalean aniztasuna da nagusi eta bideak ez dira linealak eta artezak. Informazio trukaketa arin horretan indartsuak indarra gero eta handiagoa du, indartzeko erabil dezake, baina lan nekeza izango du aniztasunarekin bukatzeko. Honekin azaldu nahi dudana, korapiloa handiegia egin gabe, beste hitz bat da, GLOKALIZAZIOA, lehenengoz hirigintzan entzun nuen kontzeptua da, baina mundu zabalean, naturan, etab. aniztasuna eta globalizazioa lotzen duen ideia da. Glokalizazioa ezin dezaket bi hitzetan azal. Lekuan lekukoa oinarritzat harturik eta "puxika" zabal honetan har daitezkeen ideien eta ikas daitezkeen kontzeptuen onurak bertaratzea litzateke, sustraiak galdu gabe, aplikatu komeni denerako eta eboluziorako bidea eman.

Harremanak aldatu egin dira, bai, baina guztiontzat, ez handientzat bakarrik, zenbat eta informazio handiago egon zailagoa izango da manipulazioa, indarkeria...Informazioa ugaria, zehatza, azken muturreraino heltzen dena baldin bada, ezin izango da ezer isilpena eduki, lagunak oso urrun egon daitezke.

Teknologi berriek informazioa oso arin eta oso urrun eraman dezakete, han urrunean beste norbait egon daiteke, nahiz eta beste hizkuntza bateko hiztuna izan, informazioa jaso dezake eta bere iritzia adieraz dezake. Hizkuntzak kodeak baino ez dira, itzul daitezkeenak (era sinplean esanda). Kodeen erabilera gizakiaren borondateari lotuta dago.

Astirik ez dut, atarako banu honi buruz luzeago idaztea gustatuko litzaidake, estereotipoek beldur ematen didatelako eta kontzeptu honek argibide gehiago behar dituela iruditzen zaidalako.

Ondo izan Arkaitz


(LAURA MORAGUES OREGI Bilboko Zazpi Kaleetako Merkatari Elkartearen euskara sustatzeko arduraduna da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus