Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Heriotza albiste

Heriotza albiste

2007-03-02 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal - EiTB   HIZKUNTZA

Lan-istripuak, eutanasia, sarraskiak... Zoritxarrez, heriotza eguneroko gaia dugu albistegian. Eta sinonimo edo ordezko esaerak bilatzen ditugu horren berri emateko. Zuzen? Oker? Hori argitzen ahaleginduko gara, heriotza adierazteko darabilzkigun aditzak aztertuta.

HIL

HIL

Aditz hau dugu oinarrizkoa. Hainbat esapide hartzen ditu:

  • Gutxienez 121 lagun hil dira Bagdaden, bonba-kamioi bat lehertuta.
  • Langile bat hil da eta beste bat larri zauritu gaur Mutiloabeitin.
  • Basozainak Fagoko alkatea hil zuela esan dio epaileari.
  • "Nagusi askoren astoa goseak hil" dio esaerak.
  • Egarria urak hiltzen du hobekien.

ZENDU

Asko zabaldu da aditz honen erabilera, baina baditu muga batzuk:

1. Zendu forma burutua baino ez du onartzen:

  • EZ: Egunero 28.000 haur zentzen dira* gosearen eta pobreziaren eraginez
  • BAI: Omenaldia egin diote herriko alkate zendu berriari.

2. Ez da erabiltzen heriotza istripu edo ezbehar batek ekarri duenean.

  • EZ: *Bi lagun zendu dira auto-istripuan

3. Norbaiten datu biografikoak edo emateko erabili ohi da, eta horretara mugatu beharko genuke zendu aditzaren erabilera albistegietan.

  • Urteak dira herriko medikua zendu zela, baina herrian gogoan dute oraindik.

PAUSATU

Batez ere Iparraldean darabilte aditz forma hau. Zendu aditzaren esparru bera hartzen du.

  • Jean Biscay pausatu da 90 urtetan. Ehorzketa jendetsu eta hunkigarria ukan du.

ERAIL

Beste aukera bat dugu hau. Ez dago oso argi aditz honen jatorria: Iparraldeko hizkeretan gaur egun oraindik bizirik dagoen ero, eho formatik datorrela diote batzuek, eta hil aditzari -ra- marka "arazlea" itsatsita asmatutakoa dela beste batzuek.

  • ETAk bi guardia zibil erail zituen Donostian martxoaren 10ean.
  • Fikziozko erailketa bati buruzko dokumentala aukeztu dute zinemaldian.

Pare bat ohar, aditz hau dela eta:

  1. Kontuz idazterakoan. Hitz honek ez du h-rik: erahil, erahilketa...
  2. Batzuetan egin izan diren bereizketa batzuk (hilketa vs. erailketa / homicidio vs. asesinato) ez dira errealak.

AKABATU, TRAGATU, GARBITU...

Aditz hauek animaliekin erabiltzen dira. Pertsonekin erabiltzekotan, oso lagunarteko esapideetan baino ez. Ez dute lekurik albistegietan.

  • Hesiko alanbrean, irten ezinik, tragatu zen behia.
  • Sasiz beteriko arloari su emanda akabatu ziren hango sagu eta sugeak.
  • Mendian behera erorita galdu zen astoa(1).
  • San Martin bueltan txerria(2) hiltzen dute Euskal Herriko baserri askotan.
  • Katuak sagu guztiak garbitu zituen.
  • Meskita honetan kolono batek 29 bederatzi palestinar akabatu zituen.
  • Erresistentziakoek 50 zibil manejatu dituzte Bagdad erdialdean.
  • Oso tankera txarrean erori eta hantxe garbitu zen.

BESTE AUKERA BATZUK

Heriotzaren berri emateko, aditz soilez gainera, esapideak ere baditugu, batzuk fin edo poetikoak, beste batzuk neutro samarrak, baita zatarrak ere. Lagunartekoak baztertzekoak dira albiste testuetan.

  • 179 lagunek galdu dute bizia iaz errepidean.
  • Ehun urterekin utzi zuen bizia.
  • Agonia luzearen ondoren, azken arnasa eman zuen bart.
  • Sentitu zuen hertsi zela haren azken orena.
    • Afganistanen, emakume bati bizia kendu diote harrika.
    • Desobedientzia bizia kosta zitzaion soldaduari.
    • Dirua iristen ez zela ikusita, bahitzaileek heriotza eman zioten gatibuari.
    • Heriotza bat eginda, Ameriketara joan zen ihesi.
      • Hil da Juan errementaria: balbeak jo du. (Lgart.)
      • Medikuak artatu izan ez balu, azkenak egingo zituen. (Lgart.)
      • Horrenak egin du, laster itzultzen ez bada. (Lgart.)
      • Hark ez du gehiago kukuaren hotsik adituko. (Lgart.)
      • Munduaren jabe zelakoan, eta hor, pot egin du. (Lgart.)
      • Lapurrek labana sartu eta satorren tartera bidali zuten zaintzailea. (Lgart.)


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN

Oin-oharrak

  • (1) Lekuan-lekuan abereenganako pertzepzioa aldatu egiten da. Hona hemen zer zioen Jose Migel Barandiaranek: "Ez astoazaz, ez erleazaz eta ez beiezaz akabatu diranik ez da esan behar; galdu egin dirala baņo. Akabatu suga, zapo eta beste pizti txarrentzat bakarrik da [ ... ]".
  • (2) Txerriak eta okelatarako animaliak, galdu barik, hil egiten dira.


Inprimatu


Erantzun

 
Eufemismo batzuk
2007-03-06 / 12:03 / Jesus Mari Makazaga

Elgoibarren jaso ditudan eufemismo batzuk ekarri nahi nituzke hona, Asier, ondo iruditzen bazaizu:

  • Hegoak ipini:
    • ... bittarte horretan zenbatek heguak ipiņiko zittuan!
  • Hankak luzatu:
    • Oiņ aprobetxau, hankak luzatu eta gero alperrik dok eta.
  • Arnasa gastatu:
    • Arnasia gastau jako azkenian.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus