Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Hizkuntz ereduei buruzko Euskadiko Eskola Kontseiluaren akordioa

Euskadiko Eskola Kontseilua / Irakaskuntza / 2007-02-16 / 07:00


Euskadiko Eskola Kontseiluak EAEko hezkuntza sarerako hizkuntz ereduen aplikazioaren gainean plazaratu berri duen akordio eta proposamenaren edukia bere horretan irakur dezakezue ondorengo lerroetan.



Sarrera

Sarrera

Hizkuntzak kulturaren euskarria eta haren osagarririk esanguratsuena dira. Halaber, pertsonen artean komunikatzeko eta ikasteko tresna dira. Hizkuntzak aberastasun kolektiboa dira, babestu eta landu behar direnak, interes partikularrak eta taldekoiak alde batera utzita.

Gure hizkuntzak euskara, gaztelania eta frantsesa dira -baita, Amerikako diasporako euskaldun askorentzat, ingelesa ere-. Euskararen kasuan, euskaldunok dugu ondare unibertsal hori hizkuntza moderno eta erabilgarri bihurtzeko ardura eta hurrengo belaunaldiei transmititu behar diegu, bizirik jarrai dezan.

Bestalde, Euskadiko Eskola Kontseiluak irakaskuntzaren euskalduntzea landu du era sistematikoan bere txostenetan eta gaiari buruzko proposamenak egin ditu. Honetan, ekarpen espezifiko bat egin nahi dio Eusko Legebiltzarraren akordioari, irakaskuntzaren esparruan erkidegoko bi hizkuntza ofizialak maila guztietan menperatzea bermatuko duen eredu berri bat berehala aztertu eta lehenbailehen praktikan jartzeko eskaera Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari egiten zionari, irakaskuntzan indarrean dagoen ereduen sistemak euskara behar bezala ezagutzea bermatzen ez duelakoan. Akordioan bertan aitortzen denez, gaztelaniaren kasuan bai aitortzen da ahozkoa ulertzeko eta idazteko egiazko gaitasuna, harremanetarako eta normalean erabiltzeko hizkuntza gisa erabili ahal izateko moduan.

Ondorioak aurkezteko epea hurbil dagoenez, Kontseiluak ekarpen hau egiten du. Horretarako, 2006ko azaroan jardunald batzuk antolatu ditu eta irakaskuntza euskalduntzeko prozesuan adituek, ikastetxeetako zuzendaritzek eta alderdi politikoek, Kontseiluko partaideez gain, hartu dute haietan parte. Jasotako informazioaren azterketaren eta, geroago, zenbait batzordetan eta erakundearen plenoan egin den hausnarketaren ondorioz, Euskadiko Eskola Kontseiluak onartzen du Legebiltzarraren akordioan adierazitako helburua ardatz duen proposamen hau.

Egoeraren diagnostikoa

Hizkuntz ereduen sisteman akatsak ikusten diren arren, Kontseilu honek era positiboan baloratzen ditu eskuratu diren lorpenak. Haien garapen eta aplikazioan tentsioak falta izan ez diren arren, gaurko ereduen sistemaren oinarrian zegoen adostasun sozial eta politiko zabalak zerikusi handia izan du euskal gizartearen euskalduntzean izan diren aurrerapenekin. Gure biztanle elebidunak % 10 gehiago dira azken 20 urteotan eta, gaur egun, 16tik 24 urtera bitarteko bi gaztetatik bat elebiduna da. Aurrerapen hau, neurri handi batean, hezkuntza-sistemari esker gertatu da.

Hezkuntza-sistemaren barruan, ehuneko handiagoan edo txikiagoan euskara irakasteko tresna gisa erabiltzen duten ereduak (B eta D ereduak) hedatu egin dira, familien eskaerari kasu eginez. Bestalde, irakasleek euskalduntzeko ahalegin handia egin dute eta, une honetan, % 70ek badu euskaraz irakasteko gaitasuna. Proportzio hau handiagoa da sare publikoan, hasierako etapetan eta irakasle gazteenen artean. Zalantzarik gabe, aurrerapen handiak izan dira eredu euskaldunen hedapenari begira.

Euskararen hizkuntz normalkuntzaren esparruan aurrerapen hauek izan diren arren, kritikak egin zaizkio ereduen gaurko sistemari, bi aldetatik batez ere. Lehena, ez dituela nahi diren eta Legeak aurreikusten dituen hizkuntz helburuak lortzen eta bigarrena, kohesio sozial eta kulturalaren falta; izan ere, hizkuntz komunitate bereiziei eusten zaie baina gizarte elebidun kohesionatu batean bizitzea dugu helburu.

Hizkuntz helburuei dagokienez, duela gutxi neurtu dira euskarazko ikaskuntzaren emaitzak, Europako Kontseiluko hizkuntzetarako erreferentzia-esparru komunak ezartzen dituen mailetako bati begira, ingeleseko First-en baliokidea den B2 mailari begira zehatzago. Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEI) DBHko 4.eko ikasleei egin zien proba eta heren batek bakarrik gainditu zuen idatzizkoa, pixka bat gehiagok ahozkoa. Emaitza global honetatik, D ereduan matrikulatutako ikasleen bi herenek eta B ereduko ikasleen heren batek apur bat baino gutxiagok gainditzen zuten proba; proba ez zitzaien A ereduko ikasleei egin, aldez aurreko test baten ondoren ezarritako mailara iristen ez zirela uste izan zen eta. Bestalde, laster argitaratuko dira Lehen Hezkuntzako 6.eko ikasleei pasa zaien B1 probaren emaitzak (B2koa baino maila baxuagokoa).

Duela aste gutxi ISEI-IVEIk argitara eman berri ditu Lehen Hezkuntzako 6.eko ikasleei zuzendutako curriculum-arlo desberdinak biltzen dituen ebaluazio-proba baten emaitzak. Euskara arloaren emaitzei dagokienez (ahozkoa sartu gabe), aurreko emaitzak baieztatu eta konkretatzen dira:

Arestian esandakoak ez gaitu irakurketa partzialetara eraman behar, hizkuntz ereduak ez baitira euskalduntzearen arloan oraindik urria den aurrerapenaren eragile bakarrak. Pertsona eleanitzez osatutako jendarte euskalduna eraikitzea prozesu konplexua da, faktore askorekin lotuta. Hezkuntza elementu horietako bat besterik ez da. ISEI-IVEIren B2 txostenak berak ondorengo aldagai hauen garrantzi handia aipatzen du: etxean erabiltzen den hizkuntza, ingurune soziolinguistikoa, familien maila sozioekonomiko eta kulturala eta, neurri txikiago batean den arren, sexua.

Arestian esandakoez gain, euskaldunen kopurua azken urteetan nabarmen hazi den arren, ez du ia eraginik izan euskararen benetako erabilpenean. Hizkuntza bat ikastea faktore pertsonal eta afektiboei, harreman eta motibazioei oso lotuta dago, hala nola praktikotasun-pertzepzioari ere. Elementu horiek guztiak oso gutxitan hartzen dira kontuan baina eragina izaten ari dira ikasleek eta beren gurasoek duten iritzian.

Hitz batean, gizartea era masiboan euskalduntzeko eskola nahikoa zela luzaroan pentsatu arren, gaur ez dugu inolaz ere sinesten pertsona eleanitzez osatutako jendarte euskalduna bermatuko duen tresna denik eta, helburu hori lortzeko, beste gizarte-eragile batzuen lana gehitu beharko zaio eskolak egiten duenari.

Gaurko sisteman antzemandako bigarren akatsari, gizarte-kohesioari, dagokionez, ereduen sistemak nahi ez den ondorio bat eragin du, ikasle etorkinak eta jatorri sozial, ekonomiko eta kultural ahulekoak A ereduko geletan pilatzea, alegia.

Sare publikoan, pilaketa hau, oro har, A ereduko geletan gertatzen da eta, A eredua eskaintzen ez bada, B eredukoetan.

Sare pribatuan, A eredua publikoan baino askoz ugariagoa da: bikoitza DBHn eta hirukoitza Haur Hezkuntzan; ondorioz, proportzioz gorantz doa. Ikasleen osaketan polarizazio nabarmena gertatzen da: mutur batean, eredu horretako publikoen antzeko ikastetxeak ditugu eta bestean, aurrekoa baino talde ugariago bat, goragoko gizarte mailako ikasleek osatua.

Beste plano batean, gaurko ereduen sistemak, familien aukeraketan oinarritzen dena, badu ikasleak hizkuntza bati edo besteari lotutako identitate-faktoreen edo faktore ideologikoen arabera taldekatzeko joera eta horrela bereizketak sortzen dira kokapen geografiko bereko eta ikastetxe bereko ereduen artean.

Hitz batean, ikasleak ereduen arabera sailkatzeak gizarte, ekonomi eta kultur sailkapena eragiten du, eta hori da, hain zuzen ere, ekitatearen aldeko politikek saihestu nahi dutena. Euskal ikasle guztiei aukera-berdintasuna bermatu nahi zaie.

Laburbilduz, orain arte azaldu diren arrazoiengatik, Kontseilu honek bere egiten du hizkuntz ereduen gaurko markoa gainditzeko goranzko joera eta hezkuntzaren munduarekin eta gizarte osoarekin partekatu nahi du jarraian azaltzen den proposamena.

Proposamenaren oinarria

Euskadiko Eskola Kontseiluak gaur egun gure legeek ezartzen dutena ardatz hartuta egiten du bere proposamena. Dauden bi legeak hauek dira: Euskararen Erabilpena Normaltzeko Legea, 1982koa, eta 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legea. Bi legeek helburu generikoak planteatzen dituzte, derrigorrezko ikasketak bukatzean ikasle guztiek eskuratu beharreko hizkuntz gaitasunei begira. Kasu batean, "bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko gaitasuna" planteatzen da eta bigarrenean, "bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko adierazmena benetakoa izan eta gutxienez ohizko harremanetarako eta erabilerako hizkuntza gisa erabili ahal ditzaten".

Azaldutako ebaluazioen emaitzek baieztatzen dutenez, legeen helburu generikoak ez dira betetzen eta ikasle askok ez dute euskara ulertu eta euskaraz hitz egiteko gaitasuna.

Akatsak identifikatu ondoren, proposamen honen helburua hau da: eredu berria garatzen duen arau-markoak ikasle guztien hizkuntz gaitasunen hobekuntza bermatzea eta, batez ere, proposatzen diren helburuetatik eskola-egoera urrunenetan dauden ikasleena. Proposamenaren ardatza euskara da, euskal gizartearen nahi bateratuei begira hizkuntzarik ahulena den aldetik, eta zentratu egiten da derrigorrezko eta aurreko eskolatzearen etapetan, Legebiltzarraren akordioaren esparruan.

Ondorioz, Euskadiko Eskola Kontseiluaren proposamenak legeen helburu hauek operatibo bihurtu nahi ditu ondoren azaltzen den eran.

Proposamena

Egindako diagnostikotik eta aurreko oinarrietatik abiatuz, Kontseilu honek zera planteatzen du: Administrazioak zehaztu egin behar ditu DBHko 4.eko ikasleek euskaraz izan beharreko gaitasunak ebaluatzeko erreferentziako mailak: gutxienezkoa eta gomendatutakoa. Halaber, Lehen Hezkuntzaren bukaerarako gutxienezko mailen erreferentziak zehaztu behar dira, baita Lehen Hezkuntzako eta DBHko ziklo bakoitzaren amaierakoak ere. Era berean, egiaztatzeko sistema bat ezarri beharko litzateke ikasleentzat, hizkuntzan nola aurreratzen duten ezagutzeko erreferentzia gisa baliagarri gerta dakien.

Kontseilu honek zera azpimarratu nahi du: euskara irakasteko hizkuntza gisa erabiltzen ez duen, edo gutxi erabiltzen duen, eredu batek ez du proposatutako helburuak lortzeko balio. Ondorioz, Administrazioak zehaztuko du irakasgaiak euskaraz emango diren eskola-ordutegiaren gutxienezko ehunekoa eta hau bakar eta malgua izango den eredu berriaren oinarrizko elementu bat da.

Halaber, eredu berriak hezkuntza-sistemaren bi alderdi dinamizatzaile, ikastetxeetan eta Administrazioan ondorioak izango dituztenak, garatzea dakar: ikastetxeen autonomia eta ebaluazioa.

Ezartzeko aldia

Araudi berria ezarri aurretik, derrigorrezko hizkuntz ebaluazio unibertsala burutuko da Lehen Hezkuntzako (6.a) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (4.a) azken bi mailetan eta honek emango du behar diren aldaketak dimentsionatu eta sekuentziatzeko aukera. Emaitza hauetan oinarrituz, arautuko da euskaraz irakatsiko diren irakasgaiak sartu edo zabaltzeko aukera eta izango dituzten orduak.

Ikastetxeek hasierako ebaluazioaren emaitzak izan beharko dituzte, haien hizkuntz proiektua egin aurretik. Bestalde, Administrazioak berrikuntzarako teknikariak eta ikastetxeetako zuzendaritza pedagogikoak gaitu beharko ditu, proiektua idaztean klaustroei orientabide eta materialekin laguntza emateko.

Lehen une hau aprobetxatu beharko litzateke, Administrazioak eta ikastetxeek ados ditzaten hizkuntz proiektuak beharko dituen baliabideak eta aplikatzeko epeak, prestakuntzari, aholkularitza teknikoari eta plantilari lotutakoak.

Azkenik, araudi berriak sistema berria ezartzeko faseak zehaztu beharko ditu. Era gradualean ezarri beharko da, etapa bakoitzaren behe mailako kurtso eta zikloetatik abiatuz.

Ondorioak ikastetxeentzat

Hasierako ebaluazioaren mailaren eta ikasleen eta ikastetxeko pertsonal osoaren ezaugarrien araberakoak izango dira ikastetxe desberdinetan sartuko diren aldaketak. Edonola ere, ikastetxeek, beren autonomiaz baliatuz, beren hizkuntza proiektua izan beharko dute, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren barruan. Hizkuntz proiektu honetan ikastetxe bakoitzak jarraitu behar duen ibilbidea jaso behar du, legeak ezartzen dituen gutxienezko helburuak lortzeko, lehentasuna ematen dien helburuak, behar dituen bitartekoak eta egiaztatzeko irizpideak, baita plana ondo doan ebaluatzeko epeak ere, adieraziz.

Ondorengoak dira ikastetxe bakoitzak kontuan hartu beharko dituen beste elementu batzuk:

Ondorioak Hezkuntza-administrazioarentzat

Planteamendu honek araudiaren, antolaketaren eta baliabideen aldetik eragiten dio Administrazioari.

Antolaketa-alderdian, hizkuntz proiektua gauzatzeko ikastetxeen autonomia garatzeak ikastetxeen ezaugarriak kontuan hartuko dituen harreman-mota berri baten arabera jokatzera derrigortuko du Administrazioa. Kontrolerako gizarte-mekanismoek, ebaluazioarekin lotura estua dutenek, ezinbestean osatu behar dute egiten ari den proposamena, malgutasun eta autonomian oinarritua.

Lehenik eta behin, Administrazioak orientabideak emango ditu ikastetxearen hizkuntz proiektua egiteko eta, geroago, proiektu hau erreferentziatzat hartuko du, ikastetxe bakoitzak ezarritako helburuak betetzen dituen ala ez egiaztatzeko. Ikastetxe bakoitzaren autonomia behar bezala errespetatuz, Administrazioari dagokio behar diren neurriak hartzearen ardura, ezarritako gutxienezkoak adostutako epeetan bete daitezen eta hizkuntz proiektuak egiazko gizarte elebidun bat lortzera bideratuak egon daitezen. Zentzu horretan, ebaluazioak eta bere ondorioek proposatzen dugun sistemaren funtsezko atala izan behar dute. Ebaluazioak ondorengo ezaugarriak bete beharko ditu:

Euskaraz eta, hedaduraz, atzerriko hizkuntzez irakasteko gai diren irakasleak hornitu eta trebatzea lehen mailako erronka da. Lehenik eta behin, hezkuntza-sistemak eskaeraren arabera jokatzen jakin duela erakutsi du, bi bide erabiliz: irakasle ez euskaldunen gaikuntza, alde batetik, eta bestetik, kontratazio berrien bidez. Behar bezala eskertu behar diegu euskal irakasle askori euskalduntzeko egin duten ahalegina. Hemen proposatzen den eredua inor ezgaitu gabe gauza daiteke eta, aldi berean, euskalduntze-prozesuan orain arte egin den ahaleginari eutsiz, oraindik ere hazkunderako tartea bai baitago, irakaskuntza pribatuan bereziki. Era berean, irakasle erabat elebidunak lortzeko asmoz, hezkuntza sisteman egingo diren kontratazio berriek HE2 exijitu beharko dute baldintza gisa. Aurreikuspenen arabera, erretiroen erritmoa era gradual eta irmoan haziko da datozen 15 urteetan eta honek erronka horren zailtasuna areagotuko du.

Zonalde erdaldunetan kokatutako ikastetxeetan euskararen ahozko erabilpena indartzeko bikoizketak jarri beharko dira martxan, hasierako etapetan oro har eta, bereziki, ekonomi eta kultur jatorriak eragindako gabeziak dituzten ikasleak, ikasle etorkinak barne, elkartzen diren guneetan.

Prestakuntzaren eta aholkularitzaren esparruan, puntu hauek hartu behar dira kontuan:

Azkenik, Administrazioari dagokio plan eta proiektu horien finantziazioa bermatzea. Gogorarazi behar da azken urteetan nabarmen jaitsi dela hezkuntza-sistema euskalduntzeko aurrekontua eta beronen zati inportante bat ez dela gauzatzen. Bestetik, atzerriko hizkuntzaren hedapenak dakartzan kostuak ere kontuan hartu beharko dira.

Halaber, ebaluazioari, prestakuntzari eta eskolaz kanpoko jarduerei buruzko neurriek Sailaren aurrekontuetan agertu beharko dute.

Beste inplikazio sozial eta politiko batzuk

Hezkuntza-sistema da euskalduntzearen lana aurrera eramateko oinarrizko zutabeetako bat. Baina, diagnostikoan esan den legez, prozesu honek faktore asko hartzen ditu eta gizarte osoaren ahalegin kolektiboa izango da euskalduntze hori lortzeko berme bakarra. Gauzak horrela, gizarte-eragile eta eragile politiko guztiei deiegiten diegu.

Proposamen berri batek euskararen normalizazioa sustatzea eta, aldi berean, gizarte- eta kultur kohesioa hobetzeko baliagarri izatea nahi bada, abian jarri behar da elkarrizketan aritzeko gaitasuna. Zentzu honetan, Kontseiluak adostasunak bilatzen ahalegintzeko eta hizkuntzak gatazkarako tresna gisa ez erabiltzeko eskatzen die ordezkari politikoei; izan ere, komunikazio eta kultur adierazpenerako tresnak dira eta zaindu eta sustatu behar ditugu.

Gizarte eta ekonomiaren esparruan merkatuaren legeek eragina dute hizkuntzen bilakaeran, haien hazkundean edo desagerpenean. Horiek horrela, ekimen pribatuak, eta enpresaren eta lan-munduak bi aspektu orekatzen jakin beharko dute: euren ekonomi helburu zilegiak eta gure hizkuntza minorizatuaren gizarte-ospea hobetzeko neurri zehatzak. Argudio honek indar berezia hartzen du komunikabideen kasuan, sektore hau hezkuntza bezain funtsezkoa baita gizarte elebidun bat lortzeko.

Orain arte egin diren azterketa eta ikerketak oso lagungarri izan zaizkigu hain konplexua den fenomeno hau ulertzeko. Hala ere, askoz ikerketa gehiago behar dugu. Unibertsitateek eta beste eragile batzuek ikerketa-lanak egin behar dituzte, eragina izan nahi dugun errealitatea hobeto ezagutu ahal izateko.

Era berean, gure hezkuntza-sisteman adin horietako hainbat eta hainbat haurrek euskarazko gizarte-erreferentzien urritasuna azpimarratu nahi dugu. Haur eta nerabeek beren esperientziak eta emozioak euskaraz adierazi ahal izateko harremanetarako testuinguruak behar dituzte eta, hau lortzeko, ikastetxeak inguruneari irekitzea lagungarria izan daiteke. Horrela haien esperientzia desberdinetatik abiatuz, kultur eragileek eta familiek ikastetxearen hezkuntza-ekarpena aberasteko aukera izango dute eta, aldi berean, ikastetxeak ingurunean duen eragina areagotuko da.

Instituzioen arloan, udalek indartu behar dute euskararen normalkuntzaren aldeko konpromisoa, ikastetxeekin batera proiektuak bultzatuz, haur eta gazteei zuzendutako kultur, kirol- eta aisialdi-jarduerak euskaraz izatea zainduz, familiak euskalduntzeko erraztasunak emanez, etab... Beste instituzio batzuek, Foru Aldundiek esate baterako, gehiago parte hartzea ere komenigarria litzateke, baita erakundeen arteko koordinazio hobea izatea ere.

***

Eskerrak ematen dizkiogu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari orain ezagutzera ematen den proposamenean erakutsi duen interesarengatik, baita gure aurrean hitz egitea adeitasunez onartu zuten gonbidatu guztiei eta parte hartu duten Kontseiluko kideei ere. Horiei guztiei, hezkuntza-komunitateari eta, oro har, euskal gizarteari zuzentzen diegu idazki hau.


(EUSKADIKO ESKOLA KONTSEILUA)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1171533714