Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Zifrak, balantzak eta zalantzak

Zifrak, balantzak eta zalantzak

2007-02-02 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal - EiTB   HIZKUNTZA

Datuek inguratuta bizi gara, eta hala islatzen da albisteetan. Askotan, zifra biribil baten bidez adierazi beharrean, datuok tarte edo tramu baten bidez adierazten ditugu, eta horrelakoetan, formula bat baino gehiago ditugu eskura. Zein da, baina, egokiena? Zein komunikatzeko aproposena, ekonomikoena?

  • Científicos preven una subida de temperatura de 3 a 5 grados.
  • Les forces de sécurité irakiennes ne seront pas prêtes avant 12 à 18 mois.
  • The influenza pandemic of 1918-1919 killed more people than the Great War, at somewhere between 20 and 40 million people.
  • 18 umek ikasten dute eskola honetan. 3 eta 5 urte bitartekoek gela batean, eta 6 eta 11 bitartekoek bestean.

Oso esapide erraz eta erosoa da «X eta Y (bit)artean», baina batzuetan badaude formula aproposagoak.

Urteekin, aukerakoa da «X-tik Y-ra».

  • Erakusketan bildutako argazkiak 1990etik 2005era ateratakoak dira.

Zifrak hurrekoak direnean, beste barik lot daitezke.

  • XXI. mendean 3-5 gradu igoko da planetaren tenperatura.

Batzuetan, nahikoa dugu datuen ordena aldatzea, hitz-kate samurragoak osatzeko.

  • Milioi bi eta hiru milioi aborigen artean bizi ziren hemen.
    • EROSOAGOA:
      • Aborigen asko bizi ziren hemen, miloi bat eta hiru milioi artean.

Zelan esan hitz gutxitan ahalik eta datu gehien. Hori izan ohi da albistegietan obsesioa. Horregatik, erabiltzekotan, formula guztien artetik laburrena izaten dugu praktikoena.

  • Akusatuak gutxienez 3 urteko kartzelaldia bete lezake, eta gehienez 16 urtekoa.
    • PRAKTIKOAGOA:
      • Akusatuak 3 eta 16 urte bitarteko kartzelaldia bete lezake.
      • Akusatuak 3 urtetik 16ra arteko kartzelaldia bete lezake.

Baina kontuz! Laburraren laburraz, datuak oker aurkezteko arriskua ere egoten da. Dena ere neurriz:

  • OKER:
    • Indusketek erakutsi dute erromatarrak bizi izan zirela hemen, Kristo aurreko I. eta IV. mendeak bitarteko materiala aurkitu dute-eta.
  • ONDO:
    • Indusketek erakutsi dute erromatarrak bizi izan zirela hemen, Kristo aurreko I. mendetik Kristo ondorengo IV.era arteko materiala aurkitu dute-eta.

Hala eta guztiz ere, datu xelebreen dantzan zorabiatu gabe, batzuetan komeni da informazioa beste era batera aurkeztea.

  • Bizitza aseguruen ehuneko 10 eta 20 bitartean kobratu gabe geratzen dira, poliza kontratatu duen pertsona hil eta gero.
    • HOBETO:
      • Bizitza aseguruen ehuneko 20 ere kobratu gabe geratzen dira, poliza kontratatu duen pertsona hil eta gero.
  • Pinochet, 91 urtekoa, larunbat eta igande arteko gauean eraman zuten ospitalera eta angioplastia bat egin diote.
    • ASKOZ HOBETO:
      • Pinochet, 91 urtekoa, larunbat gauean eraman zuten ospitalera eta angioplastia bat egin diote arteriak zabaltzeko.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus