Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Osakidetzak ematen diguna osakidetzak kentzen digu

Osakidetzak ematen diguna osakidetzak kentzen digu

2007-01-26 / 07:00 / Arkaitz Zarraga Azumendi   IRAKASKUNTZA

Honakoa euskalduntze alfabetatzearen inguruko hausnarketa bat izan nahi luke. Aldaketa sakon baten beharra barruntatzen da, nonbait, eta osakidetzako oposizioa horren adierazgarria da. Artikulu hau idatzi dut nolabait gaia plazaratzen hasi behar dela uste dudalako. HIZNET ikastaroan egindako lanaren ildotik doa. Norbaitek interesa izanez gero, artikuluaren amaieran dago lotura.

Kurtsoa hasi berritan datu baikorrak zabaldu ziren euskaltegietako matrikulazioaren inguruan. Gure harridura handia izan zen, euskaltegietan inoizko talderik gutxien sumatzen baikenuen. Matrikulazioaren tenperatura hartzeko termometro fidagarria gara lan-poltsetan gauden irakasleok. Kurtsoa hasi eta berehala elkarren berri izateko eta egoera neurtzeko kontaktuan jarri ohi gara: Zer, non zaude aurtengoan? Zenbat talde? Irakasle berri asko? Ordutegia? Nolako taldea tokatu zaizu?. Lagunaren egoeraz arduratzeko eta norberarena aurreikusteko balio duten galdera tipikoak dira. Urriaren lehen asteko datuak izaten dira lortutakoak.

Aurtengoan alde handia egon da datu ofizial eta inkesta partikular horien artean. Datu ofizialak geure neurketa partikularraren aurretik agertu ziren (harrigarria). 40.000 ikasle Euskaltegietan! Ez dakit ondo kalkulatzen, ez dakit iaz baino gehiago edo gutxiago diren, baina datuak eman dituzte eta sinistu beharko ditugu.

Dena dela, telefonoa noiz joko egon gara urriaren hasieran. Dei asko izan dira, bai, baina lagun inkestatzaileak izan dira gehienak:

Zer? Nonbaitetik deitu dizute? Tira, badakizu, jendea azken unera arte... Ez dakit non 3 talde gutxiago, hango barnetegian dardarka daude, IRALEko talderik ez eta...

Lankide ohi batek eman zidan klabea: jendea Osakidetzako oposiziorako ikasten dabil, eta perfilak otsailera arte ez direnez. . . Halaxe izan da. Euskaltegietan oso erizain eta zeladore gutxi eduki ditugu urtarrilera arte. Orain berriz ez dakit babestuago sentitzen garen edo hipokondriako hutsak bihurtu garen, baina historiako LEPrik handienean lehen azterketa gainditu duten gehienak euskaltegietan ditugu orain "euskaldundu gurean".

Euskaltegiak ere zurrunbiloan sartu eta hortxe hasi dira talde eta barnetegi bereziak eskaintzen. Neoizko hizkiz eskaintzen dira perfilak gainditzeko metodo marabillosoak?, eskola intentsiboak eta "beharrizanetara" egokitutako ikastaroak. Kasu honetan hilabeteren buruan dagokien perfila lortzea da helburua:

Necesito el 2. Tu crees que si le doy ca˝a... El kloze test ese me tiene loca, o sea que si me puedes dar algunos para que haga por mi cuenta... Tu me los corriges,┐verdad?.

Askotan egoerarekiko ezadostasuna agertzean, ikasleek euren egoera ulertu behar dugula esaten digute, familia dutela eta.... Lan-postua jokoan dute eta horren alde edozer ei da zilegi. Irakasleok, noski, ahalegin handia egiten dugu ikasleei laguntzen, tartean normalizazioaren aldeko mezua uzten eta erabiltzera bultzatzen. Ikasleak, onen-onenean, ikasitakoa erabiltzen saiatuko dira eta ez dute euskararen aurkako mezua hedatuko.

Baina egoera honek zenbait arazo azalerazten ditu. Euskararen normalizazioa perfilen menpe egoteak euskalduntze-alfabetatzearen desegituraketa dakar; ikas prozesua normalizatua izan barik, azterketen araberakoa bihurtzen da, ikasleengan jarrera txarra eragiten du eta lortutako emaitzek ez dute erabileran eragiten.

Hasteko, eta Osakidetzaz ari garelarik, erizainek, idazkari laguntzaileek, tekniko ezberdinek... azterketa bera prestatzen dute eta, ondorioz, guztien ikas-prozesua horretara bideratuta egongo da. Guztiek ikasten dute gutunak idazten eta kloze testak egiten. Ahozkoan monologoak botatzen ikasiko dute, horretarako sarrerak eta abar prestatu eta galdera posibleei nola erantzun aurreikusiz. Baina umeekin arituko den erizainak ez du landuko haurrekin erabiltzen den hiztegia, edo ez dute botiken prospekturik irakurriko. Jakina, erabilera errealak oso tarte txikia izango du (txikiagoa hilabeteko tarte honetan). Ondorioz, Osakidetzan lanpostua lortutakoan bi aukera izango dira, erdaraz aritzea edota berriro euskaltegira joatea.

Esan beharrik ez dago ikasleek oso jarrera txarra hartzen dutela, izan ere, euskara gainditu beharreko beste atal bat bihurtzen da. Azterketa bat. Askok inposatutako zerbait dela uste dute, normalizazio prozesuaz entzun duten bakarra perfilei loturikoa baita, eta mezu hori oso erraz zabaltzen da horrelako presiopean ikasi behar dutenen artean.

Gainera, arestian esan bezala, euskaltegiak erabat desegituratuta geratzen dira: irakasleak kurtso hasierako matrikulazioaren arabera kontratatzen dira, ikasturtea planifikatzeko denbora eskasa egoten da... Askotan irakaslea euskaltegira heldu, ikasleen zerrendak hartu eta hurrengo egunean hasi behar da eskolak ematen. Jakina, ez du ikasleen inguruko inolako informaziorik izaten. Gainera euskaltegian berria bada, ez du ikastetxeko kurrikulumaren (EPK) edo fotokopiagailuaren inguruko inolako informaziorik izango Otsailaren 10ean hasiko diren azterketa horietan gainera, "injustizia" handiak gertatuko dira ezinbestean, hau da, euren lana euskaraz burutzeko kapaz diren askok ez dute perfila lortuko eta, alderantziz, gaixoekin hitz egiteko gaitasunik izango ez duten askok gainditu egingo dute azterketa.

Norbaitek galde dezake ea titulu, maila, azterketa edo antzeko zerbait gabeko prozesua planteatzen dudan eta nire erantzuna ezezkoa izango da. Argi dago nolabaiteko neurgailuak behar direla, baina argi dago, era berean, hauek ez direla egokiak. Batetik arlo didaktikoari begira oso kaltegarriak direlako, bestetik ez direlako fidagarriak, baina batez ere ez direlako batere motibagarriak. Hortxe dago, hain zuzen ere, gakoa. Ikasleak normalizazio proiektu ezberdinetako partaideak izan behar dira. Helburu zehatzak markatu behar ditu euskaraz funtzio jakinak burutu ahal izateko. Osakidetzaren kasuan, ikasleak euskaltegira hurbildu beharrean, euskaltegia bertaratu beharko genuke. Galdakaoko ospitalean euskaltegi bat egongo balitz, gaur egun Euskal Herri osoko euskaltegietan barreiatuta dauden bertako ikasleek, eta seguruenik gehiagok, plangintza baten arabera ikasiko lukete. Bertan sortzen diren beharrizan eta gabeziei begira irakatsiko genuke. Bakoitzari bere testuinguruan dituen komunikazio egoeretan euskaraz aritzen lagunduko bagenio eta sortzen zaizkion zalantzak argituko bagenizkio, zalantzarik gabe erabilera errealean eragingo genuke. Euskaldunak ere animatuago sentituko lirateke euskaraz jardutera.

Beraz, hainbat arinen arlokako euskaltegiak bultzatu beharko lirateke. Herri bakoitzeko euskaltegiez gain, sektore ezberdinetan eragingo duten erreferentzi guneak sortzea oso lagungarria izango bailitzateke normalizazio plan ezberdinentzat.

Legeez eta baliabideez EGA eta Hizkuntza Eskoletako azterketak heltzean hitz egin beharko dugu, sasoi betean egongo gara eta.

Artikulu honen ildotik HIZNET ikastaroan egindako lana irakur daiteke HEMEN


(ARKAITZ ZARRAGA AZUMENDI Aita Villasante Udal Euskaltegiko irakaslea da)


Inprimatu


Erantzun

 
Poz ematen du
2007-01-26 / 12:17 / Pablo Suberbiola

Poz ematen du horrelako artikuluak irakurtzeak. Tonuagatik, mamiagatik, "positive" klabean dagoelako... Artikulua irakurtzean, zeharka, IRALEn urte mordoa irakasle gisa aritutako adiskide –jada jubilatu- bati behin entzun niona etorri zait burura.

Arkaitzek aipatzen duen puntu honekintxe lotua, zeharka burura etorritakoa: "...baina batez ere ez direlako motibagarriak. Hortxe dago, hain zuzen ere, gakoa." Horren harira, horra imajinazio realista/subrealista ariketa bat:

Zer gertatuko litzateke, gaiari pixkat buelta emanda, funtzionario izateko asmotan diren PL 2 eta 3-ko ikasle (potentzial)ei, euskara, ikasi “beharreko zerbait bezalaa” proposatu beharrean (nolabait esatearren), erabat hautazkoa den lorpen bezala planteatuko balitzaie, eta gainera lorpen hori diruz ondo saritu? Alegia; demagun hurrengo lan eskaintza antolatzera goazela, baina ez biharko, baizik 2010 edo 2011 urterako (orduan ere izango dira, noski). Demagun hartzen duela Osakidetzak (edo, zergatik ez, Herrizaingo Sailak) eta halako zerbait proposatzen duela, publikoki: "2010 edo 11ko lan eskaintza publiko batean parte hartzeko orain izena ematen duen edozein euskal herritarri, eta gaur egun euskara batere ez edo gutxi dakien hari, eta hemendik hiru-lau urtera lan eskaintza publikoko probak berriz BECean egiten direnerako, euskara ikasi duenari, ikasteko moldatu denari (klaseetara joanda -lanorduz kanpo-, ezagunekin hitz eginda, EiTB ikusi-entzundaa…) lehentasun majo bat (x) emango zaio lan eskaintza horretan plaza lortzeko (berez euskaldun bazirenei emango zaien adinakoa, edo agian, altuxeagoa, egindako ahaleginagatik). Eta lan eskaintzan lehentasun hori emateaz gain, funtzionario plaza lortzen badu, sari gisa, sartu aurretik euskara ikasteko moldatu delako, adibidez 60.000 € emango zaizkio". Diru hori opari. Opari pertsonala, inzentibo ekonomiko positibo bat, ahalegin handi bat egin duelako, denbora luzez seguruena. Eta ahalegin hori gainera, ustez, herri honen “onerakoo”, bizikidetzarakoo… delako, eta lan eskaintza horretan “sartukoo” den langileen kualifikazioa (linguistikoki) hobea izaten asko lagundu duelako. Nola ikasi duen? "habilidad libre", bizitzan bezala. Epe horretan klaseak nahi dituenari ere, noski, laguntzak; baina sarituko litzatekeena dena delako hizkuntza gaitasunaren lorpena da. Eta ondo saritu. Hori bai, tartean dirutza hori egonda, gero azterketa bakarra ez. Proba ezberdinak, egoera errealetan pertsona hori gaitasun horretan ongi moldatzen dela ziurtatzeko. Mmmmm… Zer pasako litzateke? Hizkuntz gaitasunaren eta ohituren bilakaeraz eta aldaketez + funtzionariadoaz dakigun apurra kontuan hartuta, nahi duenari apustu, modu hortako "saritze" batek eragingo lukeen "euskalduntze" efektiboa, termino “ekonomikoetann” (gure gizartean hori baita, jakina, inportanteena) askoz emaitza hobeak emango lituzkeela egungo sistemak baino! Efizienteagoa litzateke, esaterako, gaur egun Franšois Grin bezelako jendeak egiten dituen azterketa interesgarrien ikuspegitik. Eta gainera, erabat askea litzateke: ez litzateke inor "baztertuko ez jakiteagatik", baizik, ikasten saiatu, eta LORTU duenari saria. Beraz, politikoki kritikatzeko ere, bihurriagoa. Hori bai, itxurakeri hutsa ez: sari potentea, edonoren gustukoa. Eta errekonozimendu soziala ere bai. Zer inpresio? Berriz aipatu, "imajinazio ariketa" (realista edo subrealista, zuek esan) honen mamia ez dela nirea, urte askotan Iralen lanean aritutako adiskide batena baizik. Nik egokitu egin dut okasiorako... Ondo izan!

Pablo Suberbiola Soziologoa

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus