Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskeraren normalizazioa eta AHT

Euskeraren normalizazioa eta AHT

2006-12-11 / 07:00 / Roberto Manjón Lozoya   HIZKUNTZA

Euskal komunikabideetan ohikoak dira hizkuntz politikaren inguruko programa-azalpenak eta eztabaida-saioak. Administrazio Autonomikoek beren politika defendatzen dute, jakina, erakutsi nahian zenbat ekimen, neurri eta egitasmo burutu duten edo burutu nahi duten: euskera-planak, funtzionarioen prestakuntzako programak, gastuak, euskera biziberritzeko plan orokorra eta udalerrietakoak, lan-munduan bultzatzen ari diren ekimenak, Hezkuntzako ahaleginak, euskera-teknologia binomioan egiten ari diren inbertsioak...

Kritikoek, batzuetan, ekimen horien gabeziak salatzen dituzte, beste batzuetan, berriz, hizkuntz politika ofizialaren funts falta edo norabide okerra.

Hizkuntz politika eta politika horren kritikak partzialegiak

Begi bistan dago Eusko Jaurlaritza, Diputazio batzuk eta udal asko makina bat gauza egiten ari direla euskeraren normalizazio-bidean, eta hori bezain argi dago administrazio-maila horietan ere zailtasun, oztopo, gabezia, norabide oker, ekimen-falta handiak daudela, hainbat kasutan interes eskas eta marketing hutsaren isla nabaria. Hala ere, konstatazio horrek ez du bermatzen kritikoen salaketak gutiz zuzentasunak direnik, ez eta okerrak direnik ere: bakoitzak du bere arrazoia. Azken finean, hizkuntz normalizazioa, gizarteko gertakari guztien antzera, jokoan dauden indar, interes, ikuspegi eta ideologien esparruan dago kokatuta.

Interesgarria iruditzen zait azpimarratzea kritika horien portzentaje handi samar batean batez ere alderdi kuantitatiboa ukitzen dela. Administrazioak ez omen du behar beste egiten edo egin lezakeena behintzat; Hezkuntzan, antza denez, D eredua baino ez litzateke egon behar, Osakidetzan mundu guztiari eskatu behar litzaioke euskera jakitea, eta abar. Gutxiagotan, alderdi kualitatiboak ukitzen dira, esanez ez direla beharrezko neurriak hartzen hizkuntzaren estatusean aurrera egiteko, alegia, bere funtzio sozialak gehitzeko, sendotzeko, euskal hiztun-komunitatea trinkotzeko, barruko sareak ehuntzeko, bere jardun-guneak babesteko... Hortik zihoan, adibidez, lehengoan argitaratu zen Iñaki Frieraren artikulua.

Nire irudiko, ordea, hala herri-aginteen hizkuntz politikak nola euskaltzaleen kritika asko azalekoak dira, hizkuntz aldaketa eragiten duten funtsak ukitzen ez dituzten neurrian. Izan ere, hizkuntzaren inguruko alderdi erabakigarrienak aldaketa soziala eta kulturala eragiten duten faktoreen ikuspegitik aztertu behar dira. Hiztun-komunitate oro, edozein kultur komunitateren antzera, biziki baldintzatzen dute antolamendu eta sare sozio-politikoek eta ekonomiko-finantzarioek eta, beraz, faktore guztiok, alde anitzeko poliedroa osatzen dutenez, ondorioz, antolamendu horien mesedetan bultzatzen diren teknologiek, azpiegiturek eta lurralde-antolamenduek. Eragile horiek, batasun poliedriko batean, elkarri loturik, elkarri eraginez eta, beraz, haien dinamikaren ondorioz, giza taldeak eta antolamendu motak eraikitzen, eraldatzen eta suntsitzen dituzte: euskal hiztun-komunitatea eta euskera komunikatzeko eta identifikatzeko antolamendu linguistiko-sinbolikoa. Hori guztia kontuan hartzen ez duten hizkuntza politikek zainketa paliatiboak dirudite, eta euskaltzale batzuen zenbait kritikak, guztiz epidermikoak.

Herri-aginteen oinarrizko politikek erabakitzen dute euskeraren etorkizuna

Ikuspegi orokor horretatik, zer esan daiteke herri-aginteen hizkuntz politikari buruz? Herri-aginteek hizkuntz politika ageriko bat dute, esplizitua, "hizkuntz politika" deritzana hain zuzen, horrelakotzat hartuta hizkuntz jokabideetan ondorio jakinak bilatu nahi dituen politika. Politika hori, ostera, ez da herri-aginteen oinarrizko politiketatik bat, horrelakotzat hartuta gure eguneroko bizimoduaren oinarriak eta gure garapenaren nondik norakoa erabakitzen dituzten politikak. Esate baterako, arlo hauek bideratzen dituzten politikak: industria, garraioa, obra publikoak, garapen urbanistikoa. Azken finean, arlo ekonomiko-finantzarioan eta lurralde-antolamenduaren arloko politikak dira. Jakina, hezkuntza eta sanitatea ere garrantzitsuak dira oso, baina aurrekoek baldintzatuak. Hala da; egunerokoa errotik baldintzatzen duten politikok ondorio kultural eta linguistiko jakinak eta nabariak dituzte. Hori horrela, esan daiteke "hizkuntz politika inplizitu" bat daramatela, nahiz eta, agian, "politika" hitzaren erabilera gehiegizkoa izan, "politika" hori guztiz kontzientea ez den neurrian.

Lehentsuago esan dudanez, gure kasuan, hizkuntz politika esplizituaren ondorioak hutsalak dira oinarrizko politiken ondorio linguistikoen aldean. Nahiz eta hizkuntz politika esplizituari eskerrak euskera dakiten herritarren (elebidunen?) portzentajeak nabarmenki igo, ezin da esan euskal hiztun-komunitatea konpaktatu denik, handitu denik, sendotu denik, barruko sareak trinkotu eta indartu direnik, salbuespenak salbuespen.

Inguru euskaldunetan transmisioaren galera gelditu da, antza denez, eta inguru horietako gazte euskaldun askok euskera (batu)aren ikasketa landua egin dute. Aitzitik, hainbat alderditik ikusten da gutxiengo horren kasuan ere hiztun-taldea desegituratzeko arriskuak handitu direla, gero eta hibridazio handiagoa dagoela hala hizkuntzan nola harreman-sareetan. Horrekin batera, nabarmena da gaztelaniaren aldeko ordezkapen-prozesua sakonduz doala euskal hiztun-komunitatea desegituratu eta galtzear dagoen inguruetan.

Kasu paradigmatikoa da, nire ustez, Mungialdean eta, orokorrean, Uriben gertatzen ari dena. Bailara horretan Administrazioek onartu eta bultzatutako "tsunami" urbanistiko eskergak gehiago sakabanatu ditu euskaldunak, Joshua Fishmanek aipatutako "dislokazio demografikoa" handituz eta, horiei loturik, baita "dislokazio kulturala" ere. Eta ez dute asko laguntzen inguru horietan udalek eta Eusko Jaurlaritzak egindako euskera biziberritzeko planek, etengabe narriatzen ari den egoera batean, dekoratu huts eta patetiko samar geratzen dira eta.

Esan gabe doa tsunamia fenomeno orokorra dela, ez Mungialdekoa, eta berdin dela bailara horretan agintari ia guztiak abertzaleak diren ala ez: lehentasunak beste batzuk dira. Esan behar da zeintzuk? Ez dut uste.

Oinarrizko politiken ondorio linguistikoak ez daude inon jasota ez aztertuta, ez dira hizkuntz politikan sartzen. Edozein hizkuntz plangintza erabaki baino lehen, diagnostikoren fasean ez da argitzen udalen, diputazioen eta Eusko Jaurlaritzaren oinarrizko politikek euskal hiztun-komunitateari nola eragiten dioten. Ia gauza segurua da gehienak kaltegarriak direla ahularentzat. Zergatik ziurtasun hori? Hizkuntza gaurko egoerara eraman duen garapen-joera eta motaren ildo beretik datozelako.

Eta horrenbeste esan daiteke tsunami urbanismoaren, garapen ekonomikoaren eta kultura-aisiaren bidegurutzean hartzen diren erabakiei buruz. Zeintzuk dira hiri eta herrietatik kanpo atergabe eraikitzen ari diren denda-aisiarako bilgune eskergen ondorio linguistikoak? Barakaldoko MegaParkek eta Getxoko Arteak mesede eskasa egiten diote edozein herri eta auzotako bizitza komunitarioari. Gaitzerdi, hizkuntz ordezkapenaren ikuspegitik, astindu hori ez dute etxean bertan asko nabarituko euskaldunek. Etxe ondoan bai ordea. Denek, ziur aski, Bilboko eta Barakaldoko erdaldunek barne, nabarituko dute ingelesaren alde. Zeharka ere, ederto sentituko dute euskaldunek inpaktua, haziz eta hedatuz doan denda- eta aisia-gune eredugarria denez gero. Zein inpaktu dute oraindik egituratuta dauden euskal hiztun-komunitateetan Usurbilgo Urbilek, Olaberriako Carrefurrek eta Txingudik?

Tsunami urbanistiko eta aisia-eredu berriekin batera dator garrantzi bereko edo handiagoko beste fenomeno bat: garraio-azpiegitura handien oldarra. Nora daroate euskal hiztun-komunitatea Bilbo inguruko eta Donostialdeko "supersurrek" eta abiadura handiko trenek? Zer ondorio izango dute Jaizkibelgo eta Bilboko super portuek? Natur Gas enpresaren pribatizazioa ona al da euskerarentzat? Zer kontrol edo botere dute gure erakundeek Euskal Herriko jarduera industrial, finantzario eta komertzialaren gainean? Oso txikia, noski, eta gero eta txikiagoa. Botere ekonomiko-finantzario eta industriala bertotik kanpora doa arrapaladan, eta mundu osoan deslokalizatzen ari da, herri-aginteek lagunduta. Erabaki guztiak ez daude nazioarteko koiunturak behartuta, eta batzuek sustatzen dute lurra gure kontrolpetik galtzeko joera.

Antza denez, Euskal Gobernuak herritarrak modernitatearen aitzindaritzan egotea nahi duela-eta, tematuta dabil teknologia informatiko berriak auzo, etxe eta ikastetxe guztietara helarazteko ahaleginetan; horixe omen da lehentasunetatik bat. Agian, ona izan daiteke hirietan, hondorik gabeko itsasoan, barreiatuta bizi diren euskaldunentzat. Ordea, zer inpaktu daukate tresna horiek eta haiei berez lotutako kulturak familian, lagunartean, auzoan bizirik daukaten herrietako euskal kulturan? Ez oso ona. Nola laguntzen dute bideo-kontsolek, txateoek, interneteko berri-taldeek eta topaketek... euskal gazteek geroko euskal hiztun-komunitateak hezurmamitzen?

Herri-aginteen oinarrizko politikak ez dira jasangarriak, ingurumenarentzat bezala, ezta euskerarentzat ere

Hona helduta, argiro hitz egin dezagun. Erakundeen oinarrizko politikak inguru eta baliabide naturalak hondatzen ari diren neurri bertsuan ari dira suntsitzen euskararen kultur oinarria eta euskarri soziala. Garraio-azpiegituren eta lurralde-antolamenduen arlokoak dira herri eta herritarren antolamendua gehien baldintzatzen dutenak, eta egitasmo erraldoien oldarrak ingurumenaren eta euskeraren egoera larriagotuko du laster.

Arestian aipatu ditut hiztun-komunitate ahula desagertzeko bidean jartzen duten dislokazio demografikoa eta kulturala. Oso dislokazio handia jasan du euskerak azken mendean eta, gizartean gero eta arinago geratu diren aldaketen zurrunbiloan, dislokazio horiek ere mugimendu uniformeki azeleratuaz jazo dira. Gure Erakundeen oinarrizko politikek euskara kolapsora eraman duten ohiko politiken ildotik datoz, garapen-eredu berarekin, uniformeki azeleratuz hizkuntz ordezkapena.

Zer lortu nahi dute agintariek 2000-2006 aldian hain nabaria izan den tsunami urbanistikoaz, herri-aginteek babestu eta bultzatuaz, Bilbo inguruko eta Donostialdeko inguru-errepide handiez (super surrak), Jaizkibelgo portuaz eta, nola ez!, abiadura handiko trenaz (TAV)? Ekonomia dinamizatu nahi dute, bertoko eta, batez ere, kanpoko interesei mozkin ederrak irabazteko aukera emanez. Obra handiek aukera pare gabea izaten dira horretarako. Horrekin batera, merkatu-gune indartsuak lortu nahi dituzte hiriburuetan, eta, orobat, erraz lotu Europako eta mundu osoko merkatu-gune eta botere politiko-ekonomikoaren egoitzekin. Azken finean, gure agintariek eta, batez ere, haien inguruan eta, euskarri gisa, azpian dauden interes industrial, finantzario, oro har, ekonomikoek toki nabarmena, arrakastatsua eduki nahi dute ekonomiaren etengabeko hazkundean, librea ez den merkatu globalizatu batean.

Nahi eta nahi ez, bertoko botere politiko-ekonomikoen mendekotasuna handituko dute kanpoko gune boteretsuen mesedetan, eta gure gizartearen autonomia eta autoerregulazio-ahalmena txikiagotu. Gure agintarien erabakiek herri honen etorkizuna galaziko dute.

Jakina, testu-inguru internazionalean, herri-aginteek dagokien kapitalismoaren zatia gestionatu nahi eta behar dute, doktrinak agindu bezala, alegia, ahalik eta etekinik handiena lortuz. Hori da sistema honen xedea: ekonomia etengabe haztea. Bestela esanda, ekoizpena etengabe gehitzea, kontsumo-kontsumismoa mugarik gabe haztea, etekinak gero eta handiagoak izatea, eta gero eta esku gutxiagotan egotea, baliabide naturalak mugarik gabe ustiatzea eta agortzea, inguru naturalak gupidarik gabe hondatzea... Kapitalen eta aginte erreal guztien kontzentrazioa esku eta sare gutxi batzuetan.

Omenaldia egin nahi diot Miguel Delibes idazle ospetsu eta merkataritza-zuzenbideko katedradunari. Miguel Delibesek aspaldian jarri zuen auzitan garapen-eredu hori, espainolaren Akademian sartzeko diskurtso gogoangarrian hain zuzen. Orduan ohartarazi zuen eredu hori ez zela jasangarria izango ingumen naturalarentzat. Lehenengotarikoa izan zen. Osatu dezagun bere aurreikuspen goibela: ezta euskerarentzat ere.

Mugimendu eta ekintza guztiek ondorioak dituzte. Agintarien abiadura handiko trenak, inguru-errepide handiek, portu erraldoiek... biziro sakonduko dute biztanleriaren kontzentrazio metropolitanoa, herriak hustuz, komunitateen arteko sareak deseginez, oraingo guneen metropoliekiko mendekotasuna handituz. Gure lurraldea hain txikia izanik, agian, handitu egingo dira herriak hustu ordez. Ondorioa ez da desberdina izango: ziur aski, herriak ez dira herri izango, gune metropolitano baten auzoak baizik. Euskeraren arnasguneak oso konprometituta egongo dira, gutxienez. Historiaren etengabeko aldaketen datzan, euskal herriek apenas dute gertatzen ari diren funtsezko aldaketen gaineko inolako kontrolik edo autoerregulatzeko ahalmenik, eta gutxiago izango dute. Euskera desberdintasun askoren emaitza linguistikoa da. Euskera zertarako?

Gune metropolitanoek indar zentripetoa dute, uniformeki azeleratuz handitzen ari dena. Azken hamar-hamabost urteotan ezagutzen ari populazioaren leku-aldaketa jendetsuek jarraitu dute eta, agian, haziko. Izango ote dute euskal herriek etorkinen uholdeak integratzeko aukerarik?

Antolamendu metropolitano berri baterako pausoak dira Erakunde publikoak ematen ari direnak, antolamendu sozial eta kultura berri bat ekarriko dutenak, eta hor euskerak nekez izango du legeek eta, antza denez, Erakundeek aitortzen dioten tokia.

Edonork pentsa dezake oinarrizko politikak nekez makurtuko direla hizkuntz politikaren esanetara, Estatuen gaineko botereek baldintzatuak direnez gero. Estatu handietako gobernuek kontrolatzen ez badituzte, are gutxiago Euskal Gobernuak, diputazioek eta udalbatzek. Hala da; Estatuak nazioarteko botere finantzario, espekulatibo eta enpresa trantsazionalen funtzionario bihurtu dira. Gobernuek aurrean daukatena gestionatu nahi eta behar dute, kasurako, XXI. mendeko kapitalismoa. Hala ere, ez da egia sistema horren barruan aukera bat eta bakarra dagoenik, gure agintariek oinarrizko politika nazionalagoa ezin dutela egin, herrien eta ingurumen naturalaren etorkizuna bermatzeari begira, Iberdrolaren, bankuen eta antzekoen hain zerbitzari otzan ez izan. Europan bertan badira bestelako erabakiak hartu dituzten estatuak, garapenaren aldetik ondo estatu sendoak, baina euren gizartearen biziraupenari gehiago begiratzen diotenak.

Beste garapen-eredu baten premia, orain artekoaz oso bestelakoa, aldarrikatu behar du euskeraren etorkizuna ziurtatu nahi duen mugimenduak. Ez da zentzuzkoa bide beretik jarraitzea, politika horiekin bat egitea. Hori ez da eragozpena, maila apalagoko politika sektorialen batekin, partez bada ere, bat egiteko. Adibidez, ados egon daiteke Eusko Jaurlaritzaren hizkuntz politikaren atal batzuekin, eta bere merezimenduak aitortu, baina nekez babestu daiteke beraren helmen murritza eta ikusmen laburra. Arazoa kualitatiboa da.

Norbaitek pentsa dezake euskararen geroa utopia baten zintzilik jartzen ari naizela. Egoera deserosoa eta etorkizun iluna beraz. Arestian esan dudanez, uste dut aukera gehiago daudela. Baina, bestela balitz ere, balio eta ondasun guztiz funtsezko askoren patua partituko luke euskal hiztun-komunitateak, ez baitira garrantzi gutxiagokoak basoak, errekak, landak, gainerako animaliak, biodibertsitatea, elikagai osasuntsuak..., nolabaiteko kontrol-ahalmena eta autorregulazioa duen herritarra izatea, elkartasuna, bakartasunetik askatzen gaituen bizitza komunitarioa.

Dena dela, utopia kontserbadurismoaren hiztegiko hitza da, eta bizi-nahia, errealismoaren hiztegikoa. Utopiaren kontrako sasi-errealismo hori zoramena da, hilgarria, ez baita zentzuzkoa pentsatzea ekonomiaren etengabeko hazkundeak, mugarik gabe, norabait eramango gaituela, zoriontsuagoa egingo gaituela, edo oraingo harrapaketa-gose neurotikoak, bakartasunera kondenatzen gaituen indibidualismoak eta naturaren eta gizakiaren premiekiko mesprezuak orekatu eta asebeteko gaituela.

Lehendakariak berriki esan du aurrerapenak AHTn bidaiatzen duela. Lehendakariak eta bere alderdiak pentsatzen dute ezin dela bestelako aurrerapenik egon: "pentsamendu bakarraren" barruan daude. Ikuspegi horretatik, ebitatu ezin denaren aurrean, Gobernuak esango du etorkizun latz horretan euskerari tokitxo bat bilatzea dela bere hizkuntz politika eta, agian, berdin pentsatuko dute euskaltzale batzuek. Baina mundu horretan ez da tokirik aurkituko euskerarentzat. Bestelako aukerarik ikusten ez dutenak bat datoz, esanak esan, etorkizuneko aukera bat eta bakarra dagoela uste dutenekin, bai eta hizkuntz bilakaerari buruz duten aurreikuspenarekin ere: euskera ez da etorkizuneko hizkuntzetatik bat.

Zer diote euskaltzaleek?

Artikuluaren hasieran esan dudanez, euskaltzaleak, normala denez, oro har, kritikoak izaten dira herri-aginteen hizkuntz politikarekin. Urriak iruditzen zaizkit, ostera, kritika eta deklarazioetan azaltzen diren garapen-ereduaren aipamenak. Hamaika artikulu irakur daitezke udal-biziberritzeko planen gainean, Mungialdeko eta Uribekoei buruzkoak kasu, tsunami urbanistikoaren inpaktua ezertarako ere aipatu gabe, ezta diagnostikoaren atalean ere. Urriak dira oso, abiadura handiko trenaren eta portu erraldoien gaineko aipuak.

Badakit euskaltzaleen artean iritzi desberdinak egongo direla, baina era berean badakit askok ezinegon handi samarra dutela ekimen ofizial horiengatik. Zalantzarik gabe, mugimendu euskaltzaleak gai dira egitasmo publiko horien eragin soziolinguistikoaz ohartzeko, eta ziur aski kezkatuta daude. Zergatik ordea ez da gehiago nabaritzen kezka hori?

Baliteke hutsune hori politika ofizialarekiko mendekotasunaren isla izatea, hau da, Administrazioaren agendaren mendean jarduteko ohitura eta muga: biziberritzeko planak, hezkuntza-ereduak, Osakidetzako oposizioak... Autonomian eskas, eguneroko zertzeladetan sartuta ibili ondoren orokortasunari eusteko zailtasuna. Zuzenak izateko, aitor dezadan hori guztioi gertatzen zaigula, hamaika gai eta kezka baitugu buruan, eta azpiratzen gaituztenak.

Jakina, euskeraren erabilera normalizatzeko mugimenduek ez dute mugimendu ekologistaren tokia hartu behar, ezta hurrik ere, bakoitzak bere esparrua baitu, baina arlo gutxitan dira mugimendu biren langaiak eta arazoak hain komunak eta elkarri lotuak.


(ROBERTO MANJÓN LOZOYA Administrazioko euskara normalkuntzako teknikaria da)



Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus