Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  -LAKO ez da beti egokia

-LAKO ez da beti egokia

2006-12-01 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Lehengoan, «kausa» eta «arrazoia» gauza bi direla esan genuen. Albisteetan, gertakari, ezbehar, lorpen, gaixotasun eta abarren berri ematen dugunean, kausez mintzatzen gara. Kausa adierazteko, hainbat esapide eta lokuzio erabil dezakegu, aurreko orrian ikusi bezala, bai eta kausazko esaldiak ere.

Kausazko esaldiak sortzeko baliabideetako bat -LAKO da, eta «zergatik?» galderari erantzuten dio gehienetan:

-Asteburuan ez naiz aterako.
-Zergatik, ba?
-Dirurik ez daukadalako.

«Zergatik?» galdera agerikoa izan barik ere, berdin sar daiteke esaldian:

  • Etxean geldituko naiz, eta ez ateratzeko gogorik ez dudalako, dirurik ez daukadalako baino.

Albistegietan, dena den, beste kausal batzuk erabiltzen ditugu sarriago, azalpenezkoak. Argibideak emateko dira, eta ez diote zuzenean erantzuten «zergatik?» itaunari.

  • Ordezko atezaina zelairatuko da, titularra gripearekin dago eta (1).

    (1) Osorik idatzi arren, ahoz zilegi eta gomendagarri da aurreko hitzari lotuta ahoskatzea: «dago-ta», «zeuden-da»...

  • Batzordean tirabirak sortu dira, guztiak ez baitatoz (2) bat zein den konponbidea.

    (2) Gogoratu aditzarekin bat eginda idatzi eta ahoskatu behar dugula, dagokion hots aldaketa eginda: «bainuen», «baikara», «baitzekien»...

Eta -LAKO? Egokia da azalpenetan?

Bai, baina ez da biderik egokiena azalpenezko kausalak sortzeko. Euskaldun gehienek BAIT- edo -ETA erabiltzen dute, eta askori bitxia egiten zaie -LAKO azalpenezko kausaletan. Beraz, honelakoak ez dira bultzatzekoak:

  • Taldea ez dago bere onenean, lau jokalari makalik daudelako.
  • Ilara luzeak sortu dira, istripu ikaragarria gertatu delako.

Gainera, -LAKO erabiltzeak arrisku bat ere badu: bestelako testuinguruetara zabalduz gero, erraza da huts egitea.

-LAKO noiz ez da zuzena?


JUSTIFIKAZIOETAN ETA DEDUKZIOETAN (3)

(3) Dedukzioa, hipotesia adierazteko hitz eta formulekin ematen dugu aditzera: «litekeena da», «ziurrenik», «itxuraz»...

  • EZ:
    • Litekeena da Athleticek gaur garaitzea, aspaldian indartsu dabilelako.
  • BAI:
    • Litekeena da Athleticek gaur garaitzea, aspaldian indartsu baitabil = dabil eta.
  • EZ:
    • Dirudienez, hauteskundeak irabaziko ditu, iritzi-ikerketak alde dituelako.
  • BAI:
    • Dirudienez, hauteskundeak irabaziko ditu, iritzi-ikerketak alde baititu.
  • EZ:
    • Hotz dago, antza, jende guztia ondo tapatuta dabilelako.
  • BAI:
    • Hotz dago, antza, jende guztia ondo tapatuta dabil eta.


AGINDU ETA AHOLKUETAN

  • EZ:
    • Adi datozen orduetan, haize bolada indartsuak iragarri dituztelako.
  • BAI:
    • Adi datozen orduetan, haize bolada indartsuak iragarri dituzte eta.
  • EZ:
    • Premiazkoa ez bada, hobe duzue etxetik ez atera, alertan gaudelako.
  • BAI:
    • Premiazkoa ez bada, hobe duzue etxetik ez atera, alertan baikaude.


LOTURA HUTSA EGITEKO

  • EZ:
    • Realean denek uste zutena gertatu da, Joxe Mari Bakero entrenatzaile kargutik kendu dutelako.
  • BAI:
    • Realean denek uste zutena gertatu da: Joxe Mari Bakero entrenatzaile kargutik kendu dute.

Entrenatzailea kargutik kentzea aurreko esaldiaren azalpentzat aurkeztu da, baina esaldi bien artean ez dago kausa-ondorio loturarik.

-LAKO eta -LAKOAN : arrazoi subjektiboak

Beste mugarri bat ipini behar dugu -LAKO menperagailuaren erabileran, inoren hitzak eta iritziak jasotzean ezinbestekoa baita tentuz ibiltzea. Berriemaileak ezin ditu bere ahoan adierazi inoren esanak, eta sarritan hori egiten du, oharkabean bada ere. Adibide batekin ikusiko dugu.

  • Animalien babeserako elkarteak salaketa ipini du, jabeak bihozgabe tratatzen zuelako txakurra.

Esaldia horrela formulatuta, bi baieztapen egiten ditugu: jabeak bihozgabe tratatzen zuela txakurra, eta elkarteak salatu duela, hain zuzen ere tratu hori emateagatik. Kazetariak, ostera, adierazpen egilearen ahotan ipini behar du hark esandakoa, berera ezer ekarri barik.

  • Animalien babeserako elkarteak salaketa ipini du, jabeak txakurra bihozgabe tratatzen zuelakoan.

Jakina, -LAKOAN ez da irtenbide bakarra:

  • EZ:
    • AHTren aurkako plataformak egitasmoa gaitzetsi du, % 1 baino ez dituelako arinduko errepideak.
  • BAI:
    • AHTren aurkako plataformak egitasmoa gaitzetsi du, errepideak % 1 baino arinduko ez dituelakoan.
  • BAI:
    • AHTren aurkako plataformak egitasmoa gaitzetsi du, errepideak %1 baino arinduko ez dituela iritzita / esanez / argudiatuta...
  • BAI:
    • AHTren aurkako plataformak egitasmoa gaitzetsi du, bere iritziz / ustez / esanetan /... errepideak % 1 baino ez dituelako arinduko.
  • EZ:
    • Egoera larria dela esan du Zenarruzabeitiak, demokraziaren kontrako erasoak gertatzen ari direlako.
  • BAI:
    • Demokraziaren kontrako erasoak gertatzen ari direla eta, egoera larria dela esan du Zenarruzabeitiak.


Erreferentzia

EUSKALTZAINDIA (1999): Euskal Gramatika, Lehen Urratsak - V (Mendeko perpausak - 1).


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

 
Ez da ez komenigarri eta ezta logiko
2006-12-01 / 18:07 / Erramun Gerrikagoitia

Gogoratzen zaigu ze

Batzordean tirabirak sortu dira, guztiak ez baitatoz (2) bat zein den konponbidea.

(2) Gogoratu aditzarekin bat eginda idatzi eta ahoskatu behar dugula, dagokion hots aldaketa eginda: «bainuen», «baikara», «baitzekien»...

Gogoratzen zaigu hori, manu militari -ez baitatoz = "ezpaitatoz"-, baina ez da hori realitate sozialak dioena eta ezta komeni zaiguna eta logikoa eta komenentzia ere behar litzateke kontuan hartu batez ere honako kinka larrian hon euskarea.

Zer txar gertatzen litzateke uzten balitz bakoitzaren esku? Ikusi tendentzia realak hon generatione aktuala?

Zergatik da erabakitzen eta ebakitzen manu militari (kin barniz kultural akademikoa)?


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ erretreta hartutako maisua da)

 
Inseguritate linguistikoan ereiten
2006-12-03 / 12:57 / Josu Lavin Campo

-LAKO, BAIT- eta ETA erabil daitezke kausa nahiz arrazoia adierazteko, ZEREN, EZEN, ZERGATIK, eta abarrekin batera.

ZUZEN / OKER planteamentu hori zeharo okerra da, eta batez ere okerra da zeren inseguritate linguistikoa ereiten baitu kriterio proprio gabeko euskaldunen baitan, hau da, euskaldun gehienengan.


(JOSU LAVIN, PAIDEIA Hezkuntzaren Euskal Akademiako kidea)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus