Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara eta gaztelania ikastea bermatuko duen hizkuntz eredu baten alde

Euskara eta gaztelania ikastea bermatuko duen hizkuntz eredu baten alde

2006-11-28 / 07:00 / Félix Etxeberria   IRAKASKUNTZA

Hainbat arrazoi direla medio -demografikoak, pedagogikoak, profesionalak, didaktikoak, giza eskubideen gainekoak eta abar-, euskarazko irakaskuntzak bilakaera sakona ezagutu zuen Euskal Herriko ikastoletan 1980ko hamarkadaren hasieran. 25 urteren ostean, aitortu beharra daukagu ereduen sistemak garai bateko premiei erantzun ziela, baina gaur garaiz kanpo eta gaindituta dagoela.

Askok pentsatu genuen sistema berri bat behar zela sortzen ari ziren zailtasunei aurre egiteko, eta euskararen irakaskuntza ikastetxe guztietara, hala publikoetara nola pribatuetara, hedatu zenean, irakasleen hizkuntz gaitasunaren argudioak berebiziko pisua hartu zuen: ezinezkoa zen Euskal Herriko haur guztiak euskaraz eskolatzea, hain zuzen ere irakasleria ez zegoelako lantegi itzel horri ekiteko trebatuta.

Egoera nabarmen aldatu da, eta hezkuntzaren munduko pertsona ugari eta elebitasunaren alorreko hainbat aditu aspaldian defendatzen ari gara ezin zaiola hizkuntz ereduen sistemari denbora gehiagoz eutsi. Arrazoiak asko dira.

Ikerketa

Azken 30 urteotan, irakaskuntzari eta euskarari buruzko 50 ikerketa inguru egin dira, proportzioan kopuru handia inondik ere, beste herrialdeekin alderatuz gero. Ikerketa horien arabera, 1970eko urteetan plazaratu ohi ziren kezka eta galdera ugarik erantzun konplitua jaso dute. Badakigu euskara nola ikasten den gehien eta ondoen. Badakigu, halaber, euskara ikasteak ez diola inolako kalterik egiten beste gai batzuen ikaskuntzari, matematika, zientzia-ikasketak eta ingelesa kasu. Badakigu euskara ikasteak ez duela arazo gehigarririk eragiten.

Hitz batean esanda, D ereduan ikasten duten ikasleek besteek bezain ondo ikasten dituzte gainontzeko gaiak eta ez dituzte besteek baino arazo pertsonal, adimenezko arazo, edo beste motaren bateko arazo gehiago izaten. Badakigu D ereduko ikasleek emaitza onak lortzen dituztela selektibitatean, eta ez dutela zailtasunik ikasketak euskaraz jarraitzeko. Dena da abantaila euskaraz ikasten dutenentzat (Etxeberria, F., 2005). Bestalde, badakigu, ondo jakin ere, A ereduan ikasleek ez dutela euskara oinarrizko mailan ikastea lortzen, ikerketak eta esperientzia pertsonalak eguna joan eta eguna etorri erakusten diguten bezala.

Azkenik, eskolako elebitasunari buruz Europan egindako azken ikerketa bat ekarriko dugu hona. 2005ean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak euskal irakas-sistemako ikasleen euskara-mailari buruzko ikerlan baten emaitzak argitara eman zituen (ISEI-IVEI, 2005). Datuak arduratzeko modukoak dira; izan ere, askok zituzten aurreikuspenak gainditu egin dituzte.

Ikerketako proba, ahozkoa eta idatzia, DBHko 4. mailako -16 urteko- 1.191 ikaslek egin zuten. Proba hori ingeleserako "First Certificate" izenekoaren baliokidea da; hau da, zailtasunari dagokionez, maila ertainekoa da. Euskarazko probekin alderatuta, maila EGA tituluarena baino apalagoa da.

Eusko Jaurlaritzaren datu estatistikoen arabera (EUSTAT, 2004), DBHko ikasleak honela eskolatuta daude, hizkuntz ereduei begira: A ereduan, % 29; B ereduan, % 24, eta D ereduan, % 47. Hezkuntza Sailaren esanetan, A ereduko ikasle bakar bat ere ez da proba gainditzeko gai izan, B ereduan % 27,5ek gainditu du, eta D ereduan % 57,2k. Ikus koadroa (Iturria: ISEI-IVEI (2005): Euskararen B2 maila derrigorrezko irakaskuntzaren amaieran (DBH4). Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.):

EAEko IKASLEAK EREDUEN ETA EUSKARA-MAILAREN ARABERA.
DBHko 4. MAILA
EreduaIkasleakProba
gainditutako
ikasleak
ereduka
Proba
gainditutako
ikasleak
guztira
Proba
gainditu
gabeko
ikasleak
guztira
A% 29% 0% 0% 29
B% 24% 27,5% 7% 17
D% 47% 57,2% 27% 20
GUZTIRA% 100
% 34% 66

Guztira zenbat ikaslek ez dute proba gainditu? Datu hori jakiteko, emaitzak eta eredu bakoitzean dagoen ikasle-kopurua kontuan hartu behar dira. D ereduan (% 47), ikasle guztien % 27k gainditu zuen proba, eta B ereduan (% 24), berriz, % 7k. Esan dugu A ereduko ikasle bakar batek ere ez zuela proba gainditzea lortu. Horrenbestez, hiru ereduetako ikasle guztien % 34k (27+7) soilik lortu zuen proba gainditzea, eta DBHko 4. mailako neska-mutilen % 66 gainditze-marraren azpitik ibili zen. Gutxienez 13 urtez euskaraz eskolatuta egon ostean, ikasle gehienak ez dira proba gainditzeko gai; hau da, ez dute euskara menderatzen.

Euskal Herriko hezkuntza elebidunaren inguruan egindako ikerlan ugarietatik atera litezkeen ondorioen artean, honako hauek nabarmenduko ditugu (Etxeberria, 2005):

  • EAEko ikasleen emaitza akademikoak espainiar Estatuko ikasleenak baino hobeak dira ia ikasgai guztietan. Beraz, argi dago eskola-elebitasunak ez duela eragin kaltegarria euskal ikasleen errendimendu akademikoan.
  • A ereduko ikasleen eta D eredukoen emaitza akademikoen artean alde nabarmenik ez dago matematikan, irakurketan, zientzia-ikasketetan eta problemen ebazpenean.
  • Euskararen ikaskuntzari dagokionez, emaitzarik onenak D ereduko ikasleek lortzen dituzte.

Legeak

Europako legeriak norabide argia du 1992an Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Karta onartu zenez geroztik. Karta horren 8. artikuluak, irakaskuntzari buruzko artikuluak, honako hau dio:

  • 8. artikulua. Irakaskuntza.
    • 1.- Irakaskuntzaren arloan, hizkuntza horiek erabiltzen diren lurraldeari dagokionez, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera eta estatuko hizkuntza ofizialaren edo ofizialen irakaskuntzaren kaltetan gabe, agirigileek honako konpromisoak hartu dituzte:
      • a) Eskolaurrea
        • Eskolaurreko heziketa kasuan kasuko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea, edo
        • Eskolaurreko heziketaren zati garrantzitsu bat kasuan kasuko erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea, edo
        • Aurreko bi puntuetako bat betetzea beren gurasoek hala nahi duten ikasleekin behintzat, ikasle kopurua behar bestekoa baldin bada, edo
        • Herri-agintariek eskolaurreko heziketan zuzeneko aginpiderik ez baldin badute, lehen bi puntuetan ohartemandako neurriak bete daitezen lagundu edo/eta bultzatzea.

Ikus daitekeenez, Europako Kontseiluak irakaskuntza erregio edo gutxiengoen hizkuntzan izan dadin lehenestea gomendatzen du.

Euskal Herriko legeei dagokienez, sintesi moduko bat eskainiko diogu irakurleari, hezkuntza elebidunaren alorreko legezko arau nagusiak bilduz. Sintesi horretatik ondoriozta daiteke hezkuntza-sistemak, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan, euskararen garapenean aurrerabide handiagoa egin ez badu, ez dela legezko eragozpenengatik izan, beste hainbat arazorengatik baizik: familien hautu librea, euskaraz irakatsi ahal izateko irakasle gaituen gabezia, ikasmaterialen eskasia, adostasun politikorik eza eta bestelakoak.


Elebitasunari eta hezkuntzari buruzko espainiar eta euskal legeen sintesia

Espainiako Konstituzioa (1978)

  • 3. artikulua
    • 1.- Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainol guztiek jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute.
    • 2.- Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan berauen Estatutuei dagozkien eran.

LOGSE (1990)

  • 1. artikulua: helburuetako bat da "Espainiako hizkuntza- eta kultura-aniztasunean heztea".
  • 4. artikulua: "Gutxieneko irakasgaien oinarrizko edukientzat inola ere ez da eskola-orduen % 55 baino gehiago baliatuko gaztelaniaz gain beste hizkuntza ofizial bat duten autonomia-erkidegoetan, eta % 65 baino gehiago ez dutenetan".
  • 14. artikulua: Lehen Hezkuntzarako derrigorrezko irakasgaiak adierazten dira, eta horien artean "Gaztelania, dagokion autonomia-erkidegoaren berezko hizkuntza ofiziala eta Literatura".

LOE (2006)

  • 6.3 artikulua: "Gutxieneko irakasgaien oinarrizko edukientzat eskola-orduen % 55 baliatuko da hizkuntza koofizial bat duten autonomia-erkidegoetan, eta % 65 ez dutenetan".
  • 17.e artikulua: Lehen Hezkuntzaren helburuak: "Gaztelania behar bezala ezagutu eta erabiltzea eta, halakorik balego, baita autonomia erkidegoaren hizkuntza koofiziala ere, eta irakurtzeko ohitura garatzea".

Autonomia Estatutua (1979)

  • 6. artikulua:
    • 1.- Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera, eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.
    • 2.- Komunitate Autonomoko Erakunde amankomunek Euskal Herriko egoera sozio linguistikoaren ñabardurak kontutan izanik, bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, berorien ofizialtasuna erregulatuz, eta berorien ezagutza segurtatzeko behar diren neurriak eta medioak erabaki eta baliaraziko dituzte.
    • 3.- Hizkuntza dela-eta, ez da inor gutxietsiko.

Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea (1982)

Atariko titulua: "Euskara da Euskal Herriko hizkuntza propioa, eta euskara eta gaztelania dira hizkuntza ofizialak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan".

I. Titulua, 5. artikulua: "Euskal Herriko herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, bai ahoz eta bai idatziz".

138/1983 Dekretua, hizkuntza ofizialen erabilera araupetzen duena

  • 1.- Euskara eta gaztelania derrigorrezko irakasgaiak izango dira unibertsitatez kanpoko irakasmailetako ikastetxe guztietan.
  • 2.- Hizkuntza ofizialek izango duten erabilera A, B eta D ereduen araberakoak izango dira.

Eusko Jaurlaritzaren Curriculum Diseinuaren Dekretua (1992)

  • 4. artikulua: Lehen Hezkuntzak ikasleengan garatzen lagundu behar duen gaitasun bat da "euskaraz eta gaztelaniaz ahoz nahiz idatziz adierazitako mezuak ulertu eta sortzea, komunikazio-asmo eta -testuinguru ezberdinetan".

Euskal Eskola Publikoaren Legea (1993)

  • 18. artikulua: Euskara eta gaztelania nahitaez sartuko dira euskal eskola publikoan gara daitezen irakaskuntza-programetan, bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko ulermena eta adierazmena benetakoa izan eta gutxienez ohizko harremanetarako eta erabilerako hizkuntza gisa erabili ahal izan daitezen.

Laburbilduz, aipaturiko legeek defendatzen dute Euskal Herriko ikasleek bi hizkuntzak ezagutzeko eskubidea dutela eskolatze-garaia bukatzean; aldaera txiki batzuk gorabehera, eskubide hori estatuko nahiz autonomia-erkidegoko lege-testuetan jasota dago. Beraz, lege-esparrua garbia da gure ikasleek bi hizkuntzak ikasteari dagokionez. Are argiago adieraztearren, Hezkuntzaren Lege Organiko berriak honakoa dio 17.e artikuluan: Lehen Hezkuntzaren helburuak: "Gaztelania behar bezala ezagutu eta erabiltzea eta, halakorik balego, baita Autonomia Erkidegoaren hizkuntza koofiziala ere, eta irakurtzeko ohitura garatzea". Hezkuntza Lege berriaren helburu hori nola bermatu, ordea?

1983ko eta 1993ko araudiei bakarrik erreparatuz gero, garbi esan dezakegu arauak ez direla bete. Adibidez, hizkuntz ereduei buruzko 1983ko dekretuak A ereduari buruz aurreikusten zuenez, "Lehen Hezkuntzaren goiko mailetan beste irakasgaietako zenbait gai ere euskaraz landu ahal izango dira, baldin eta ikasleak beren euskara-mailaz nahiko trebaturik baleude".

Bestalde, Euskal Eskola Publikoaren Legeak (Eusko Jaurlaritza, 1993) honako hau dio A ereduari buruz: "Euskara, ... Gutxienez ohizko harremanetarako eta erabilerako hizkuntza gisa erabili ahal izan daitezen".

Bi balizko horiek betetzen ez badira, zergatik eutsi behar diogu Lehen Hezkuntza amaitzean euskara menderatzea bermatzen ez duen ereduen sistema bati? Nor da horren erantzule?

Egoera horren argitan, ez da batere harritzekoa A ereduan eskolatutako gazte batek 2006ko maiatzean Euskal Administrazioaren aurka aurkeztu zuen salaketa. Kalte-ordaina eskatu zion, Bigarren Hezkuntza amaitzean euskara-maila baxua zuela-eta kalteak izan zituelako, euskaltegi batean ikasi behar izan zuelako euskara, eta, ondorioz, gastu batzuk izan zituelako.

Kanpoko esperientziak

1983an Hizkuntz Normalizazioari buruzko Legea (7/1983 Legea, apirilaren 18koa) onartu ostean, Kataluniako Generalitatak, Kanadako eskolen adibidea abiapuntu harturik eta eredu tradizionalei aurre eginez, Murgiltze Programa abian jarri zuen, ikasle guztiek, baita gaztelaniadun elebakarrek ere, bi hizkuntzetan gaitasuna lor zezaten bermatzeko xedeaz. Geroago, 1998an, Hizkuntz Politikako Legea onartu zen, aurreko arauan zenbait aldaketa txertatu zituena. Legea eztabaida-iturri izan da eta behin baino gehiagotan auzitegietara eramana, baina azkenean instantzia guztietan onartua izan da.

Kataluniako Hizkuntz Politikako Legeak (1/1998 Legea, urtarrilaren 7koa) honako hau dio irakaskuntzari buruz:

  • 20. artikulua. Irakaskuntzako hizkuntza.
    • 1.- Katalana, Kataluniako berezko hizkuntza izanik, irakaskuntzakoa ere bada, maila eta hezkuntza-aldaera guztietan.
    • 2.- Ikastetxe guztiek, edozein mailatakoak direlarik ere, katalana izango dute adierazpide arrunta irakaskuntza- eta administrazio-jarduera guztietan, hala barrukoetan nola kanpokoetan.
  • 21. artikulua. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza.
    • 1.- Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan, katalana erabili beharko da komunikazio- eta ikaskuntza-hizkuntza gisa.
    • 2.- Haurrek Lehen Hezkuntza beren hizkuntzan jasotzeko eskubidea dute, hizkuntza hori katalana edo gaztelania delarik ere. Administrazioak eskubide hori bermatu behar du, eta hura egikaritzeko beharrezko diren bitartekoak jarri.
    • 3.- Katalanaren eta gaztelaniaren irakaskuntzak behar besteko lekua izango du ikasketa-planetan, haur guztiek, ikasten hastean haien ohiko hizkuntza edozein delarik ere, derrigorrezko hezkuntza amaitzean bi hizkuntza ofizialak normaltasunez eta modu egokian erabili ahal izan ditzaten.
    • 4.- Derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzan, hezkuntza-administrazioak bi hizkuntzen ezagutza eta erabilera hobetzera bideratutako programazio- eta irakaskuntza-politikak sustatu beharko ditu, gazteek irakaskuntza horrek eskaintzen dituen baliabide instrumental eta kulturalak eskura ditzaten.
    • 5.- Ikasleak ez dira, haien ohiko hizkuntzaren kariaz, ikastetxe edo talde bereizietan banatuko.
    • 6.- Ikasle bati ezingo zaio Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua eman, hark maila horri dagozkion katalan eta gaztelaniazko ezagutzak, ahozkoak nahiz idatziak, bereganatu dituela egiaztatzen ez badu.
    • 7.- Katalanaren ezagutza ziurtatzea ezingo zaie eskatu ikaskuntza-prozesuan zehar edo haren aldi batean aipatu hizkuntza ikastetik salbuetsiak izan diren ikasleei, edo derrigorrezko hezkuntza Kataluniako lurraldetik kanpo egin dutenei, Generalitatak araubidez ezarri beharko dituen baldintzetan.
    • 8.- Kataluniako hezkuntza-sisteman berandu sartzen diren ikasleek katalana ikasteko laguntza berezi eta gehigarria jaso beharko dute.

Itxura batean, gaztelania bidezko irakaskuntza eskatzen duten familiak gutxi dira, eta gai horren inguruan gatazka handirik ez dago. 2006an, Kataluniako Auzitegi Nagusiak Badalonako ikastetxe bat behartu zuen ikasketa-planean astean gaztelaniazko lau ordu sartzera eta familia auzi-jartzailearen semeari hizkuntza horretan klase gehigarriak ematera.

Generalitateko Hezkuntza Kontseilaritzak eta presidenteak azpimarratu dute eredua ez dela aldatuko, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren bermea duelako, bai eta Auzitegi Konstituzionalarena eta Europako Kontseiluarena ere, aipaturiko azken erakunde horrek 2005ean argitara emandako txosten batean ageri denez.

Nolanahi ere, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaiak ez du murgiltze-sistemaren bikaintasuna zalantzan jartzen, eta ezta ikasleak haiek erabilitako hizkuntzaren arabera bananduko dituen hizkuntz bereizketako eredu bat defendatzen ere. Epaiak bakarrik egiaztatzen du Badalonako ikastetxeak ez duela bere programan gaztelaniazko klaserik jaso, eta, horregatik, ikastetxeari agintzen dio ikasketa-planean gaztelaniazko lau orduak sar ditzala, Legeak hori ezartzen baitu.

Euskal Autonomia Erkidegoaren ikuspegitik, planteamendu horrek legez D eredua ezartzea ekarriko luke; hau da, euskaraz irakastea, eta gaztelania ikasgaia izatea. Kataluniako legea are urrunago doa. Lege horren arabera, ikasleak ezingo dira haien ohiko hizkuntzaren arabera bereizi, eta ikasleek bi hizkuntzetan dagozkien ezagutzak frogatu beharko dituzte Bigarren Hezkuntzan graduatu- titulua lortzeko.

Alderdi politikoek -itxura batean ez dute Hizkuntz Politikari buruzko 1/1998 Legearen funtsa zalantzan jartzen-, Kataluniako Auzitegi Nagusiak, Auzitegi Konstituzionalak eta Adingabearen Defendatzaileak, besteak beste, Kataluniako eskolan murgiltze-programaren hizkuntz politika ontzat jotzen badute, zergatik ezin da eredu bera onartu Euskal Herrian?

Arrazoi pedagogikoak

1980ko hamarkadaren hasieran, berebiziko garrantzia ematen zitzaion haurrak eskolatzean haien ama-hizkuntza errespetatzeari. UNESCOk 1953an argitara emandako printzipioen deklarazioa gogora ekarriz eta eskola-elebitasuneko zenbait adituren irizpideei jarraiki (Siguan eta Mackey, 1986; Piaget, Titone, 1976), ikasleak haien familiako hizkuntzan eskolatzeko aukera lehenetsi zen; hortaz, ikasle gaztelaniadunak gaztelaniaz eskolatuak izan ziren. Eskolan ama-hizkuntzan hasi behar dela dioen printzipio pedagogikoa aintzat hartu beharrekoa da, baina hizkuntzen irakaskuntzan beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira: metodologia egokia, familien motibazioa, irakasleen prestakuntza eta gogoa, hizkuntzak gizartean duen prestigioa eta estatusa eta abar (Baker, 1998).

Geroago, Mackeyk eta beste zenbait egilek argudiatu zuten gehiago baloratu beharko liratekeela irakasleen motibazioa, motibazio soziala eta gurasoen motibazioa. Euskararen kasuan, faktore horiek eragin eta indar handia dute, eta, horregatik, beste ama-hizkuntza bat duten ikasle askok ongi ikasi ohi dute euskara. Horren haritik, nabarmentzekoa da, esaterako, euskarazko eskolaren aldeko deialdiek izan ohi duten arrakasta, hala euskal eskola publikoetakoek nola ikastoletakoek: Mugak Gaindituz, Kilometroak, Korrika...

Esparru ez-formalarekin jarraituz, euskararen munduak aparteko aberastasuna ageri du, hainbat eta hainbat jarduera, programa, erakunde, tokiko aldizkari, talde, elkarte, jai eta abar baitaude. Esan liteke, beraz, gure gizartean betidanik izan ditugula euskararen inguruko jarduera soziokulturalak eta hizkuntzaren aldeko herri-babesa. Aipaturiko ekimenetako batzuk dira, esaterako, euskararen aldeko kanpainak, udalekuak, aisialdiko taldeak, euskara dinamizatzeko taldeak, Euskal Txokoak eta euskararen irakaskuntzari lotutako jaiak.

Uda guztietan, astebururo, Euskal Herriko milaka haur eta gaztetxok parte hartzen dute euskararen erabilera sustatze edo akuilatze aldera antolatutako aisialdiko jarduera eta programetan. Gizarte-heziketaren inguruko jarduera horietako asko borondatezko ekimenak dira, eta beste batzuk erakunde pribatuek antolatuak.

Beraz, tokian tokiko ekimen borondatezko nahiz profesional ugari ditugu, aisialdia baliatzen dutenak euskararen ikaskuntza eta erabilera akuilatzeko nahiz motibazioa indartzeko, horretarako haur eta gaztetxoentzat interesgarriak diren bizipen-egoerak sortuz, euskara erabiltzeko gune "naturalak" sortzeko xedearekin. Esperientzia horiek urte askoan egin dira eta oraindik ere hedatuz doaz, sustatzaile pribatuen zein tokiko erakundeen -udalak, aldundiak eta abar- eskutik.

Euskarazko telebista funtsezko mugarria suertatu zen informazioaren eta entretenimenduaren alorretan euskara erabiltzeko motibazioa eta gogoa garatze aldera, euskara hizkuntza normalagoa bihurtzeko bidean.

Eskolaz kanpoko motibazioak eta herriak euskarari eta euskara hezkuntzan erabiltzeari eskaintzen dion babesak erakarmen-indar handia dute. Horrenbestez, hastapenetan ikasle jakin batzuei (euskal hiztunei, gaztelaniadunei, eta tartekoei) zuzendutako ereduek beste era batera jokatu dute praktikan, ikasle gaztelaniadun elebakarrak nahiago izan duten ereduan -A, B edo D- sartu baitira, haientzat taxututako irizpideei jaramonik egin gabe. Motibazio soziala, prestigio soziala, hain da indartsua ezen familia gaztelaniadun elebakar ugarik hizkuntza-mugak gainditu eta euskaraz ikasteko erronkari heldu baitio. Kontraesana badirudi ere, posible da familia gaztelaniadun batean jaiotako ikasle bat euskaraz eskolatzea.

Arrazoi didaktikoak

1970eko urteetan ez bezala, gaur egun euskara eta euskaraz irakasteko material ugari dago, lehen hizkuntza zein bigarren hizkuntza gisa. Zenbait argitaletxek eredu bakoitzean irakasteko testuak prestatzen dituzte, orotariko materiala eskainiz. Metodologiari dagokionez ere, euskara bigarren hizkuntza bezala irakasteko eta ikasteko jarraibideak landuago daude. Irakasleen trebakuntza hizkuntzen irakaskuntzan duela 20 urte baino osoagoa da. Azkenik, euskarazko irakaskuntzari laguntzeko material osagarri ugari dago, eta teknologia berriak euskararen alorrera heldu dira, edo alderantziz.

Hastapenetan, 1982an, irakaskuntzarako liburuen ekoizpena bultzatu zen EIMA programaren bidez, geroago programak ikus-entzunezko materiala (1984) eta software materiala (1985) finantzatu ditu, eta euskarazko materiala ekoizten duten lantaldeak sustatzeko programa bat ere bada (1995)

Arrazoi profesionalak

1975eko egoera ez zen 2006an bizi duguna. Orduan, irakasle euskalduna, edo klaseak euskaraz emateko gai zena, % 5 inguru zen. Gaur egun, ikastetxe publikoetan klaseak euskaraz emateko irakasle gaituak guztizkoaren % 80 inguru dira (Eusko Jaurlaritza, 2006), eta ikastetxe pribatuetan, berriz, % 60-65. Ikus koadroa (Iturria: Hezkuntza Saila. Eusko Jaurlaritza, 2006. Datuak 2002-2003 ikasturtekoak dira; oraingo portzentajeak egiaztatu ez badira ere, apur bat altuagoak dira):

UNIBERTSITATEZ KANPOKO IRAKASLERIA,
2002-2003 IKASTURTEA
MailaSare publikoaSare pribatua
0 HE3.087% 17,413.876% 33,30
1. HE1.250%7,05621% 5,33
2. HE13.390% 75,537.140% 61,35
GUZTIRA17.727
11.637

Gaur egun, garbi esan daiteke 2. HE edo antzeko gaitasun-agiria duten behar adina irakasle edo irakasle-gai ditugula, irakaskuntza osoki euskaraz eman ahal izateko.

Bestalde, 1. HE gaitasun-maila ere bada irakasleentzat, haiek ikasle, irakasle eta gurasoekiko harremanetarako euskara erabiltzeko gaitasuna dutela egiaztatzen duena. Azkenik, HLEA profila (Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria) irakasle ez diren langileak trebatzeko taxutu da, bereziki ikasleekin euskaraz aritu behar dutenak trebatzeko.

Ereduen bilakaera

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

1980ko hamarkadaren hasieran, ikasleen % 25na D eta B ereduetan eskolatuta zegoen, X ereduan % 20 inguru, eta A ereduan (orduan nagusi zen ereduan) % 35. 1983ko Dekretua ezarri eta ereduak ofizialki abian jarri zirenez geroztik, gaztelania hutseko ereduan (X) eskolatutako ikasle gehienak A eredura joan ziren. Nolanahi ere, A ereduaren aldeko joera agudo aldatuko zen, eta luze gabe etengabeko gainbeherari ekin zion.

Azken 23 urteotako bilakaerari begira, Euskal Autonomia Erkidegoan A eredua (gaztelaniako eredua) % 48tik % 7ra pasa da 1983-84 ikasturtea eta 2004-05 ikasturtea bitarte (EUSTAT, 2006). 2003-2004 urteko matrikulazioa honakoa izan zen: A eredua, % 7; B eredua, % 29; D eredua, % 64, eta X eredua, % 0,5.

Hainbat arrazoi direla medio (arrakasta, prestigioa, estatusa, esperientzia, motibazioa eta abar), familia askok eredu euskaldunenak hautatzen dituzte. Sozialki, praktikan, A eredua bazterrean geratzen ari da, eta, itxura guztien arabera, denboraren joanarekin are zokoratuagoa geratuko da, erabat desagertu arte. Badirudi familiek argi ikusten dutela A ereduak ez dituela emaitza onak lortzen euskararen ikaskuntzari dagokionez, eta hezkuntzako aukera gisa aintzat ez hartzea erabaki dute. B eredua, mistoa, bere horretan dago, ikasleen % 30 inguru hartuz.

Politika

Urte askoan, "A eredua bere horretan mantentzearen aldeko" alderdiek gizartearen % 40 inguru ordezkatu dute (2004ko hauteskundeak), baina EAEko familien % 8k bakarrik hautatzen du eredu hori. Horrek agerian uzten du gatazka, hizkuntzaren arloan baino, politikaren plazan eman dela.

2005. urtean, Eusko Legebiltzarrak ekimen bat onartu zuen Alderdi Popularra ez beste alderdi guztien aldeko botoarekin, eta Hezkuntza Sailari premiatu zion alda ditzala 2007ko otsaila baino lehen irakaskuntzaren alorreko araudia eta euskal hezkuntza-sistemako hizkuntz ereduak, ikasleek bi hizkuntza ofizialak bereganatuko dituztela "bermatzeko".

2005eko azaroan, "Euskal Sozialistak" legebiltzarkide-taldeak legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen, Euskal Hezkuntzan hiru hizkuntza barne hartzearen alde, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran eztabaidatua izateko. Proposamenean ikastetxe publikoei zuzendutako deialdi bat zabaltzea defendatzen zen, "hizkuntz trataera berri bat abian jar dezaten, eredu misto eta malgu bakar batean oinarrituta, non bi hizkuntzen -euskara eta gaztelania- presentzia aldakorra izango baita, une ezberdinetan eta curriculumaren zati ezberdinetan baliatuko direlarik". Deialdian gaineratzen denez, "ikastetxeko irakasleek ados egon beharko dute, eta familiek baiezkoa eman". Horrez gain, "ingelesa curriculumean sartzea" aztertuko da.

Jakin beharko litzateke zertan datzan zehazki hizkuntz eredu "misto eta malgu bat, non bi hizkuntzen presentzia aldakorra izango baita". Gure iritziz, ereduekin 25 urteko esperientzia metatu ondoren, garbi dago formula egokiena D ereduarena dela, eredu horrek bakarrik bermatzen baitu eskolatze-aldia amaituta ikasleek euskara nahiz gaztelania menderatzea. Beraz, ez dut uste eredu berriekin "saiakuntzak egiteko" unea denik, euskara ikastea ahalbideratzen duen eredu bakarra aplikatzekoa baizik. Saiakuntzak egin litezke, baiki, Katalunian bezala ikastetxe publikoetan eredu bakarra ezarian txertatzeko era, epe, edota estrategien inguruan, guraso eta irakasleen nahiekin bat eginik.

Nolanahi ere, urte luzez hizkuntz ereduei buruzko eztabaidak eta gatazkak bizi izan ondoren, badirudi egun eredu horien etorkizunaren inguruan gutxieneko adostasuna lortzeko moduan gaudela.

Gizarte-zatiketaren arriskua

Gure ikerlanetan eta beste zenbait egilerenetan (Etxeberria, 1995; Elzo, 2002) egiaztatu dugu bi eskolatze-modu egotea, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, kaltegarria dela ikastetxe barruko bizikidetzarako, batez ere Bigarren Hezkuntzan. Badirudi bi eskolatze-modu horiek bi pentsamolde ezberdin, bi talde bereizi -euskal hiztunena eta gaztelaniadunena- sortzeko bidea eman dezaketela, eta bi taldeen elkarrekiko jarrera eta aurreiritziek neurri batean ikasgelaren hizkuntz ereduan dutela jatorria. Gizarte-zatiketaren mehatxupean bizi den gizarte batean, ez dirudi komenigarria denik eskolan bi eredu bereizi baliatzea.

Hain zuzen ere, Kataluniako hezkuntza eta hizkuntzari buruzko legedian (1983ko Hizkuntz Normalizazioari buruzko Legea eta 1998ko Hizkuntz Politikako Legea) zehazki adierazten da ikasleak ez direla beren ohiko hizkuntzaren arabera bereiziko. Kataluniako esparru sozial eta politiko guztiak horrekin bat datoz, bai eta Auzitegi Nagusia zein Auzitegi Konstituzionala ere. Arrazoibide hori Kataluniako gizartean baliozkoa bada, gure ustez euskal gizartean ere berdin defenda liteke.

Kulturartekotasuna, bestelakotasunaren integrazioa, eta bizikidetza sustatu nahi ditugun heinean, hainbat jatorritako ikasleak egotea eskola- eta gizarte-integrazioaren beste elementu bat bezala ulertu behar da. Planteamendu hori da, hain zuzen ere, ikasle etorkinak eskolatzeko orduan onetsiena. Era berean, ikasleak elkarrekin egotea defendatzen dugu, gela berean eta eredu bakar batean, integrazioaren bidean sakontzeko eta bi pentsamolde edo gizatalde sor daitezen eragozteko.

Jakin badakigu zenbait kasutan hizkuntz eredua kultur curriculum jakin bati loturik doala, eta, horregatik, familia dezentek D eredua errezeloz ikusten dutela, hizkuntzarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik. Horrek eztabaida bat plazaratu du, jada abian dena, gure eskoletan irakatsi behar diren edukien, balioen, eta jarreren ingurukoa. Beharrezkoa izango da curriculumaren gai horretan ados jartzea eta denon artean zehaztea eskola-curriculumean zein eduki eta balio sartu behar diren. Modu horretara, gero eta argudio gutxiago izango ditu euskararen irakaskuntzan intentsitate ezberdineko ereduak egotea defendatzen duenak.

Ikasle etorkinen eskolatze eta gizarteratzea

Jarraian doan taulan, ikasle etorkinen eskolatzearen datu estatistikoak jasotzen dira, haien hizkuntz ereduaren arabera (Iturria: Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, 2006):

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Ikasle etorkinak gizarteratzeko eginbidean, eskolako hizkuntz ereduen sistema hautespen- eta baztertze- bide bihurtzen da. A eredua, leku askotan, gizatalde marjinalak eskolatzeko aukera bihurtzen ari da. Gaur egun, eskola batzuetan A ereduak ijitoak, etorkinak, arriskupean dauden ikasleak eta, oro har, zailtasun sozial eta ekonomikoak dituzten ikasleak eskolatzen ditu, baztertze-prozesuan murgilduta dauden ikasleentzako ghetto modukoa bilakatuz.

Ikasle etorkinen portzentajeak eta ikasleen guztizkoenak oso bestelakoak dira. Datu horiek erakusten dute euskal eskoletan A ereduan eskolatzen diren ikasle etorkinen portzentajea ikasleen guztikoarena baino bi aldiz handiagoa dela. Era berean, ikasle etorkinen % 22,8 baizik ez da D ereduan eskolatzen, eta guztizkoari erreparatuz gero, berriz, ikusten dugu ikasleen % 51 baino gehiago eredu horretan eskolatuta dagoela.


Zergatik hautatzen dituzte ikasle etorkinek A eta B ereduak proportzio handiagoan?

Ez dago faktore eragile bakarra, eta, gainera, zenbait aldagaik indar handiagoa dute leku batzuetan, eta txikiagoa beste batzuetan. Faktore asko daude elkarreraginean. Zenbait kasutan, familiaren nahia da nagusi, beste zenbaitetan ezjakintasuna. Batzuetan ikastetxearen beraren interesa bestelako faktoreei gailentzen zaie, ikasle gutxiegi dituztelako, edo matrikula gehiegi. Batzuetan udaleko edo hezkuntzako arduradunak dira, paradoxikoki, ikasleak aipatu A eredura bideratzen dituztenak. Itxura batean, arrazoi bat baino gehiago egon ohi da ikasle etorkinek azkenean eredu gaztelaniadunen aldeko hautua egitearen oinarrian (Zapata, M. 2005; Septien, J.M., 2006). A eredua aukeratzeko arrazoietako asko hizkuntzaz kanpokoak dira; faktore garrantzitsuak dira, esaterako, ikastetxe jakin batek eskain ditzakeen bestelako abantailak: zerbitzuak, hurbiltasuna, ekonomia eta abar. Gure ustez, hori aintzat hartu beharrekoa da familia etorkinei aholku emateko orduan, kontuan izan dezaten euskararen ezagutzarik gabe beren seme-alabek bazterketa pairatzeko arrisku handiagoa izango dutela. Zer gertatuko da hamar edo hogei urte barru euskara ikasten ez duten haurrekin? Zer-nolako eskola- eta gizarte-integrazioa eraikitzen ari gara? Frantzian berriki gertatutako gatazkek zuhur jokatzera eraman behar gintuzkete.

Ingeles goiztiarra

Gaur egun oso hedatuta dago ingelesa oso gazterik irakastea. Gure haurrak 4 urterekin hasten dira ingelesa atzerriko hizkuntza gisa ikasten. Ingelesa modu bizian irakasten da gainera, ikaskuntza praktikoa eta erabilgarria izan dadin (Aliaga, 2001; Garagorri, 2000).

Ingeles goiztiarra irakaskuntzan sartzea komeni den ala ez -kontuan izanik munduan esperientzia hori ezarri duten apurretakoak garela, eta baldintza desegoki samarretan gainera- eta moden pisua nahiz ikastetxeek ikasleak erakartzeko bizi duten lehia alde batera utzita (Etxeberria, F., Ruiz Bikandi, U. 2002), programa horren baitan, alderdi batzuek gaur egungo ereduen sistema bazter uzteko eta D ereduaren alde egiteko premia indartzen dute.

Ikaskuntza goiztiarreko programa horien defendatzaileen kezka eta interes nagusietako bat da atzerriko hizkuntza irakaskuntza-hizkuntza bihurtzea zenbait ikasgaitarako, Bigarren Hezkuntzan bederen. Zer gertatuko da ikasleak 14 urterekin zenbait ikasgai ingelesez ikasi beharrean direnean? Ekimenaren sustatzaileek ohartarazten dute ilusioz beterik abiatutako programa asko amaieran frustrazio-bide bilakatzeko arriskua dagoela. "Hezkuntza hirueledun goiztiarraren eskaria handia da, modan dago eta asko saltzen da, baina berrikuntza hori onuragarria izan dadin beharrezkoa da antolakuntza- eta kudeaketa-mailan zenbait baldintza betetzea; horregatik, eleaniztasun goiztiarra defendatzen dugu, baina ez edonola".

Berariaz aitortzen da hizkuntza bat irakastean zenbait baldintza bete behar direla, horien artean haren erabilera pasibo izatetik aktibo izatera pasatzea; hau da, hizkuntza hori beste zenbait ikasgairen ikaskuntzan eta eguneroko bizitzan erabilia izan dadila. Hori lortzen ez bada, ikasleak nekez motibatu ahal izango dira Bigarren Hezkuntzan aipaturiko hizkuntza irakaskuntza-hizkuntza gisa erabilia izan dadin. Horiexek dira, hain zuzen ere, D eredua defendatzeko eta A eredua baztertzeko baliatzen ditugun argudioak, azken eredu horrek ez duelako euskararen erabilera normalizatua bermatzen eta ez duelako balio, ezta Bigarren Hezkuntzan ere, ikasleek euskara irakasbide moduan erabili ahal izan dezaten.

Ingeles goiztiarraren irakaskuntza "edonola" ezin daitekeela landu onartzen badugu, oker landuz gero hura Bigarren Hezkuntzan irakaskuntza-hizkuntza gisa erabiltzen jarraitu ahal izatea arriskuan jartzen delako, nola onar dezakegu euskararen irakaskuntza "edonola" lantzea, gaur egun A ereduan egiten den moduan?

Gure proposamena

Arrazoi horien guztien argitan, gure iritziz A ereduak ez du balio ikasleek euskara ikas dezaten. B ereduak ere ez du helburu hori lortzen, D ereduari hurbiltzen zaionean izan ezik.

Laburbilduz, euskara trinkoen lantzen duen eredu bakarraren aldeko hautua honako faktore hauetan oinarritzen da:

  • Euskara modu eraginkorrean ikastea ahalbideratzen duen bakarra da.
  • Hezkuntza-legediak agintzen duenari lotzen zaio.
  • Familien artean joera nagusia da.
  • Behar adina trebatutako irakasleria badago.
  • Ikasmaterial eta testu egokiak badaude.
  • Ikasleen arteko diferentzia soziokulturalak gainditzen laguntzen du.
  • Etorkinen gizarteratzea errazten du.
  • Beste herrialdeetako esperientzien bermea du.

Gure proposamena eredu trinko baten aldekoa da, egungo ereduek baino hein handiagoan bermatuko duena ikasleek euskara nahiz gaztelania mendera ditzatela, baita egoera gaitzenetan ere (familia gaztelaniadun elebakarrak, ikasle etorkinak). Horretarako premiazkoak dira honako hauek:

  • Eskolak beharrezko diren baliabideak izatea: irakasle trebatuak, irakasle laguntzaileak, itzultzaileak, materiala, bitartekoak...
  • Ikastetxeek irakasle, ikasle eta gurasoentzat hezkuntza-proiektu erakargarri eta motibagarriak lantzea.
  • Aisialdia eta eskolaz kanpoko jarduerak euskararen ikaskuntza bizkortzeko funtsezko baliabide gisa aprobetxatzea.
  • Ingelesaren eta atzerriko beste zenbait hizkuntzen irakaskuntza behin euskararen eta gaztelaniaren ikaskuntza bermatu ondoren abian jartzea.
  • Ikaslearen eskola-arrakasta bermatzea.

(FELIX ETXEBERRIA Pedagogiko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean)

  • Azterketa lan hau Kontseiluak antolatuta egin diren Ikasle guztiak euskaldundu: nola? jardunaldien barruan aurkeztu zuen Félix Etxeberriak Donostian, 2006-11-23an)

Bibliografia

  • Aliaga, R. (2001): Ingelesaren sarrera goiztiarra eskola publikoetan. "Hezkuntza hirueleduna Euskal Herrian" udako ikastaroan eskainitako hitzaldia.
  • Aristi eta beste (1979): El lenguaje en la Educación preescolar y ciclo preparatorio. Vasco- Castellano. M.E.C. Madril.
  • Baker, C. (1998): Fundamentos de Educación bilingüe y bilingüismo. Ed. Cátedra. Madril
  • Etxeberria, F. (1995): Análisis de los comportamientos culturales de los alumnos de Enseñanza Media. EAEn egindako ikerketa, Bigarren Hezkuntzako 2.500 ikaslerekin.
  • Elzo, J. (2002): Los jóvenes vascos. Fundación Santamaría. Deusto.
  • Etxeberria, F. (1995): Análisis de las actitudes y comportamientos culturales de los alumnos de Enseñanza Media del País Vasco. Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • Etxeberria, F. (1997): Bilingualism and Biculturalism in the Basque Country. In Educational Review. 49 lib., 2. zkia.
  • Etxeberria, F. (1999): Bilingüismo y educación en el País del Euskara. Erein. Donostia.
  • Etxeberria, F. eta Ruiz Bikandi, U. (2002): *¿Trilingües a los 4 años?*. Ibaeta Pedagogía. Donostia.
  • Etxeberria, F. (2004): 40 años de educación bilingüe en el País del euskara. Revista de Educación, 334. Maiatza-Abuztua. M.E.C. Madril.
  • Etxeberria, F. (2005): Elebitasuna eta hezkuntza euskararen herrian. Erein. Donostia.
  • Etxeberria, F. (2006): Ikasle etorkinak eta euskara. Jakin Aldizkaria. 154. zenbakia.
  • Garagorri, X. (2000): "Eleaniztasun goiztiarrari bai baina ez edonola". In IV JORNADAS INTERNACIONALES DE EDUCACIÓN PLURILINGÜE. Nuevos caminos para la enseñanza plurilingüe. Eusko Ikaskuntza. Ikastaria Cuadernos de Educación, 11. Donostia.
  • Eusko Jaurlaritza (1993): Ley de la Escuela Pública Vasca. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz.
  • HIK-HASI (1999): Euskal Herriko baliabide pedagogikoen gida. Xangorin. Donostia.
  • ISEI-IVEI (2005): Euskararen B2 maila. Derrigorrezko irakaskuntzaren amaieran (DBH4). Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.
  • Lambert, W. eta Tucker, G. (1972): The bilingual education of children: The St. Lambert experiment. Rowley, Mass: Newbury House.
  • Lambert, W. (1981): Un experimento canadiense sobre desarrollo de competencia bilingüe: programa de cambio de lengua hogar escuela. In Revista de Educación. Educación y Bilingüismo. M.E.C. Madril. 268. zkia., 167-177 or.
  • Septien, J.M. (2006): Mugarik gabeko eskola. Ikasle etorkinen irakaskuntza Araban. Arartekoa. Gasteiz
  • Siguán, M. eta Makey, W.F. (1986): Educación y bilingüismo. Santillana/UNESCO. Madril.
  • Titone, R. (1976a): Bilingües a los tres años. Kapelusz. Madril.
  • Titone, R. (1976b): Bilingüismo y educación. Fontanella. Bartzelona.
  • Torrealday, J.M. (1981): Elebitasunaren auzia ikastoletan. JAKIN Aldizkaria. 19-20 zkia. Donostia.
  • UNESCO (1953): Empleo de las lenguas vernáculas en la enseñanza. Paris.
  • UNESCO (2003): La Educación en un mundo plurilingüe. Paris.
  • Zenbaiten artean (1980): La problemática del bilingüismo en el Estado español. I.C.E. Euskal Herriko Unibertsitatea. Bilbo.
  • Zapata, M. (2006): Etorkinak eta hizkuntza-ereduak. Hasierako Diagnostikoa. Kontseilua.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus