Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara 2.0: zer da hori?

Euskara 2.0: zer da hori?

2006-11-21 / 07:00 / Iratxe Esnaola Arribillaga   INFORMATIKA

Behin baino gehiagotan ikusi, entzun, edo irakurri dugu azkenaldian. 2.0 kontzeptua indarra hartzen ari da etengabe. Han eta hemen aurkitzen dugu.

Eta egun, Web 2.0rekin Interneten inguruan sortu kontzeptua testuinguru guztietan aplikagarria dela dirudi: politika, publizitate edo herri. Web 2.0 edo Internet 2.0tik, Politika 2.0, Publizitatea 2.0 eta Euskal Herria 2.0 ere sortu dira. Eta Enpresa 2.0, Kazetaritza 2.0, Hezkuntza 2.0, eta Liburutegia 2.0. Baita Euskara 2.0 ere. Baina, dena izan daiteke 2.0? Eta zer da, berez, 2.0 kontzeptua? Zer suposatzen du? Eta zer darama bere barruan?

2.0: zer da?

2.0 eta gisako zenbaketa sistemak softwaregintzan edo programa eta aplikazioen garapenean erabiltzen dira gehien. Zenbaketak programa baten bertsioa definitzen du. Pentsa dezagun lehen bertsioa 1.0 dela. Jasaten duen aldaketa edo eguneratze bakoitzeko zenbakia gorantz doa. Aldaketa txikia bada, 1.1 bertsioa kaleratu daiteke. Baina aldaketa handiek 2.0 bertsioa ere eragin dezakete, salto bakar batean. Beraz, 2.0 kontzeptuak iraultza teknologiko bat suposatzen du. Jauzi bat. 2.0k egoera eta zerbitzu berritzaileak dituen eremu eguneratu bat dakarkigu. Politika 2.0 politikaren munduan aldaketa definitzen duen kontzeptua da: besteak beste, jendartearen aldaketa, parte hartzea eta sentsibilizazio bideen eraldaketa oinarritzat dituen politikaren bigarren belaunaldia zehazten du. Berdin Publizitatea 2.0. Publizitatea 2.0 kontzeptuak publizitate jardueren eta jendearengana iristeko modu berri eta ezberdinen fasea aurkezten digu. Zerbait aldatu da jendartean, eta ondorioz, zerbait aldatu behar da publizitate estrategian. Kuriosoa gerta dakiguke zenbaketa sistema teknologiko bat bizitzako arlo guztietan aplikatua izatea. Baina ez da kasualitatea. Kausalitatea baizik: teknologiak bizitzako esparru guztiekiko zeharkakoak dira; arlo guztietan aplika daitezke, eta gutxien espero dugun esparruetan ere erabiltzen dira. Teknologia berriak eta Internet gure bizitza eta bizitzeko modua aldatzen ari dira: gustatu edo ez; konturatu edo ez. Jendartea erabat aldatzeko gai diren tresna berri eta indartsuak ditugu eskura. Eta aldaketa ematen ari da, etengabe, ezeren edo inoren zain egon gabe.

Web 2.0

2.0 kontzeptua Internetetik dator. Tim 0’Reilly irlandarrak Web 2.0 edo Internet 2.0 definitu zuen 2005. urtean. Internetek bere sorreratik (1991) jasandako aldaketaren ondorio da kontzeptu berria. Eta aldaketa sakona jasan du sareak. 15 urteotan, hasieran informazio iturri huts zen Internet, jendartearen parte hartzea eta elkarlana ahalbidetzen eta sustatzen dituen tresna bilakatu da. Erabiltzaileak sarearen eraikuntzan inplikatzen dituen fenomenoa da Web 2.0. Interneten lehen urteetan, webguneak estatikoak ziren: atzitu eta irakurri egiten genituen. Erabiltzaileok ez genuen ezer sortzen, ez ematen. Hartzera mugatzen ginen. Egun, horrek guztiak izugarrizko itzulia eman du. Erabiltzaileok edukiak modu azkar eta erraz batean sortzeko tresna andana dugu sarean. Gutxieneko informatika ezagutzekin Interneten parte hartzaile aktibo eta kolaboratzaile bihur gaitezke. Espazio birtual kolektiboaren parte izan gaitezke. Hartzeaz gain, eman egin dezakegu, nahi badugu. Tresnak eta teknologiak baditugu horretarako. Ezagunenak blogak izan daitezke. Blogak modu sinplean eta arin sor daitezkeen webguneak dira. Interesgarri suerta dakiguken edozer jar dezakegu: artikulu, gogoeta eta hausnarketak biltzen dituzten webguneak dira. Blogen munduan, adierazpen askatasuna berezkoa da. Gehientsuenetan pertsonalak izaten dira. Norberarenak. Baina Web 2.0ren ezaugarri garrantzitsu bat partekatzen du: elkarrizketa ahalbidetzen duen teknologia da. Blog batean idatzitakoari erantzun egin diezaiokegu. Gure iritzia eman, ekarpenak egin, elkarlanean edukiak sortuz eta elkarrengandik ikasiz: sare sozial birtual, eta era berean erreal bat sortuz. Erabiltzaileok sortu eta munduko txokorik ezkutuenean ere Internet bidez atzitu daitezkeen webguneak dira (blogak sortzeko euskarazko tresna bat: www.blogari.net). Beraz, Web 2.0 errealitatea da: ikusi, entzun eta irakurtzeaz gain, eduki propioak sor baititzakegu. Sarearen lehen aldaketa sakona adierazten du Web 2.0 kontzeptuak. Lehen itzulia. Lehen eraldaketa. Baina ez azkena. 2.0 iraultza teknologikoaren urrats txiki bat besterik ez da. 2.5 eta 3.0 ere etor daitezke. Eta uste baino lehen ezagutuko ditugu.

Euskara 2.0

Euskara 2.0 ere errealitatea da. Edo izan behar du. Euskarak eta Euskal Herriak eraberritze etengabea barneratu behar dute. Euskarak ere teknologiak behar ditu egun. Teknologiak euskaratu behar ditugu. Eta euskara teknologien bidez munduratu. Euskarazko tresna propioak garatu eta erabili behar ditugu. Eta Interneten euskarazko edukiak sortu eta irakurri. Garatu eta erabili. Sortu eta irakurri. Teknologiak, berez, hutsalak dira. Ez dira ezer gu gabe, erabiltzaileon indarrik gabe. Euskarazko tresnak eta edukiak sortze hutsak ez digu etorkizun teknologikoa bermatuko. Euskarazko tresnak erabili eta euskarazko edukiak irakurriz egingo baitiegu aurre Internet oinarri duen globalizazioaren eragin kaltegarriei. Euskarak gure bizitzako esparru guztiak bete behar ditu. Teknologia berriak eta Internet beste kanal bat gehiago dira egun. Ahaztu ezin ditugun eta geure egin behar ditugun espazioak dira. Euskarak teknologiaren munduan erronka berriak ditu. Informazioaren jendartean parte hartu behar du, berritzailea izan behar du: bere txokoa egin behar diogu. Euskara «globalizatu» behar dugu. Euskara distantziarik gabeko espazio birtualean mundu guztiko hizkuntza bihurtu behar dugu. Hori da Euskara 2.0: euskararen egungo erronka teknologikoa. (euskarazko software katalogoa)

Bizitza 2.0

Inork ez zuen Internet 1.0 kontzeptua definitu. Baina Internet 2.0 hemen dugu. Aldaketak geldiezinak eta saihestezinak dira. Eta ez daude gure esku. Mundua globalizatu egin da, guk hala desiratu gabe. Baina halaxe da. Ez dago besterik. Euskarak eta Euskal Herriak beren txikitasunetik abiatuta handi izan behar dute munduan. Eta teknologiak lagungarriak izan daitezke, ondo erabiltzen baditugu. Guk uste baino aukera gehiago ematen dituzte eta guk uste baino eskuragarriago ditugu. Gustatu edo ez, konturatu edo ez: Bizitza 2.0 bizitzen ari gara, Maitasuna 2.0 ezagutu dugu, Lagunak 2.0 ditugu inguruan, eta Egunkariak 2.0 irakurtzen ditugu egunero. Barneratu egin behar dugu. 2.0 hemen da. Eta badoa. Eta beste bat etorriko da. Aldaketa horiek guztiak kudeatu eta euskararen eta Euskal Herriaren etorkizun teknologikoa bermatu behar ditugu. Eta guk egin behar dugu, euskaldunok. Horretarako ezinbestekoa zaigu Jarrera 2.0 barneratzea. Garatu eta eraberritu, ezustean Jarrera 3.0 beharko baitugu. Bizi 2.0.


(IRATXE ESNAOLA ARRIBILLAGA Informatikan ingeniaria da)

  • Estreinakoz, Gara egunkarian argitaratua, 2006-11-03an.


Iratxe Esnaolak erabili.com-en orain arte argitaratuak
(irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus