Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Oraindik ez dituzte argitu istripuaren arrazoiak

Oraindik ez dituzte argitu istripuaren arrazoiak

2006-11-03 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Eta ez dituzte sekula ere argituko, istripuek ez baitute arrazoirik. Pertsonok izaten ditugu hola edo hala jokatzeko arrazoiak, baina gauzek eta gertakariek ez. Albiste testu batzuetan, hala eta guztiz ere, guztiz klixetuta dago «arrazoi» hitzaz baliatzea, kausa adierazteko beste modurik ez balego bezala.

Istripua zergatik gertatu den argitzeke dagoela adierazteko, adibidez, beste albiste testu batzuetan honelakoak esaten ditugu:

  • BAI:
    • Oraindik ez dute argitu zer dela eta / nolatan / zergatik / zelan gertatu den istripua.

Edo, informazioa beste era batera antolatuta:

  • BAI:
    • Istripua gertatu da, nola ez dakitela.

Izan ere, kausa fisikoak tartean direnean ez da egokia «arrazoi» hitza sartzea. Hona beste adibide bat.

  • EZ:
    • Bularreko minbizia da heriotzaren arrazoi nagusia emakumeetan.
  • BAI:
    • Bularreko minbizia da heriotza-eragile nagusia emakumeetan.

Halako informazioak ematean ezinbesteko gertatzen zaigu esapide formaletara jotzea («eragile», «kausa», «zergati»...). Beste era bateko informazioetan, esapide naturalagoak ditugu aukeran, hurrengo esaldian bezala.

  • EZ:
    • Topatu dute matxuraren arrazoia: txori bat sartu da motorrean.
  • BAI:
    • Topatu dute zerk eragin / ekarri duen matxura: txori [ ... ].
    • Topatu dute matxuraren kausa / eragilea: txori [ ... ].

Beraz, ezbeharrek, hondamendiek, gaixotasunek, kirol-lorpen eta porrotek "ez dute arrazoirik". Baina kazetaritzan esapideak klixetzeko joera izaten da, eta, neurri batean, hori gertatu da «egiTEKO / egiTEAREN arrazoia» esapidearekin. Lekua kendu die beste esateko modu batzuei, eta sarritan ezlekuan sartu da.

  • EZ:
    • Eguraldi txarra izan da espedizioak huts egitearen arrazoia.
  • BAI:
    • Eguraldi txarragatik egin du huts espedizioak.
    • Eguraldi txarra dela kausa / medio egin du huts espedizioak.
    • Eguraldi txarra tarteko (dela) egin du huts espedizioak.
    • Eguraldi txarraren kausaz (1) / ondorioz / eraginez egin du huts espedizioak.
    • Eguraldi txarrak eraginda / behartuta / ... egin du huts espedizioak.

Izan ere, arrazoia edo zioa gizakien erabakiekin lotuta dago, ez kausa fisikoekin. Horregatik, beste esaldi honetan egoki erabili da «arrazoi», aurreko esaldiaren antzekoa izan arren.

  • BAI:
    • Eguraldi txarra izan da ekinaldian atzera egiteko arrazoia.

«Arrazoi» hitzak hartu duen indarragatik edo, badirudi baliabide arruntenak ahaztu ditugula, eta honelako esaldi bitxiak entzuten dira batzuetan:

  • EZ:
    • Ekaitzak desagertarazitako bi lagunen bila ari dira.
  • BAI:
    • Ekaitzagatik desagertutako / galdutako bi lagunen bila ari dira.
    • Ekaitzaren eraginez desagertutako / galdutako bi lagunen bila ari dira.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN

______________________________________


Oin-oharrak

  • (1) Ez da oso arrunta, baina bai erabilgarria.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus