Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ezjakinentzat euskara hutsaren hurrengo

Ezjakinentzat euskara hutsaren hurrengo

2006-10-30 / 07:00 / Gotzon Garate   BESTELAKOAK

Azken berrogei urteotan Bilbon bizi izan naiz. Hemen berton eta bestela ere Euskal Herrian sarri gertatu zait, harekin edo honekin hizketan hasi eta hitzok entzutea: «Gure gurasoek bazekiten euskaraz baina nik ez».

Merezi du hitzok aztertzea. Gurasoek ez zioten euskaraz erakutsi. Zergatik? Ez zuela balio uste zutelako. Gurasook milioi bat pezeta izan bazuten ez ote zioten semeari edo alabari emango? Bai horixe. Pozik emango zioten.

Ezjakin batzuentzat, ordea, euskara kaka zaharraren parekoa da. Zergatik emango diogu inori ezertxo ere balio ez duen gauza?

Ni umetatik izan naiz pilotazale amorratua. Jokatu ere sarri jokatu izan dut. Pilota mundu horretaz oso arduratua ibiltzen naiz orain ere. Pilotari guztiak oso maite ditut, tartean kuttun batzuk baditut ere.

Azken aldi honetan atsekabe handia izan dut bi pilotarirekin. Bi pilotari horien aitak oso pilotari bikainak izan dira. Euskaraz oso ederki dakite. Bi semeok, ordea, ez dakite euskaraz. Pilota partida bukatu eta galderak gaztelaniaz egin behar dizkiete, Extremadurakoak balira bezala.

Orain urte batzuk, Deustuan Filologia ikasi zuen neska jator bat Itziarko autopistako Restopean horietako aita batekin elkartu zen, ustekabean.

Hurbildu egin zitzaion eta hauxe esan zion: «Egia al da zure semeak euskaraz ez dakiela?». Aitak erantzun: «Bai, nire emazteak euskaraz ez dakielako».

Neskatxak orduan: «Zure emazteak badaki pilotan jokatzen?». Besteak: «Ez».

Neskatxak: «Baina zuk erakutsi egin diozu pilotan jokatzen, ez da?».

Pilotaria lotsatuta gelditu omen zen.

Estimatzen dena erakusten da. Hutsaren hurrengotzat jotzen dena ez.

Hiru ondorio atera litezke hemendik. Bata, bi gauza direla, euskaldun izatea eta euskaltzale izatea. Euskaltzaleak euskaraz jakiteaz gainera, euskara zinez maite du. Seme alabei euskaraz irakatsiko die. Badira euskaldun izan eta euskarari maitasunik ez diotenak. Ez dira euskaltzale.

Bigarrenik. Zergatik holako estimazio eza ezjakinen artean? Euskara beharrezkoa ez delako. Beharrezkoa balitz estimatuko lukete. Gaztelania estimatzen dute.

Hirugarrena: guraso askoren kultura eza. Euskara gutxiesten dutenak edo gorrotoa diotenak gehienetan nahiko ezjakinak dira. Eskuarki ez dituzte ikasketa oso handiak egin. Ez dituzte euskararen alderdi onak ongi ezagutzen. Ezagutzen ez dena, berriz, ez da aintzakotzat hartzen. Zenbat eta gehiago ikasi, gauzen balioa hobeki jakiten da.

Euskal Herrian bertokotzeko, burua argitzeko, beste hizkuntzak ikasteko, lana errazago harrapatzeko... euskara oso baliagarria da.

Baserrietan lehenago kutxa zaharrak, zoragarriak, erre, errekara bota edo ijitoei hutsean saldu egiten zizkieten, zaharrak zirelako. Ez zuten kutxa horien balio handia ezagutzen. Gaurko egunean alferrik joango zara baserrietara kutxa zahar merkeren eske. Ongi dakite oso estimagarriak direla.

Euskararekin ere gauza bera. Gaurko egunean jendeak ikasketa gero eta handiagoak egiten dituelako, euskararen balioak ezagutzen ditu. Euskara ez daukate saltzeko.

Onena opa diet bi pilotari gazte horiei, bihotz-bihotzez. Dena dela, oso jatorrak dira. Beraientzako ez dut onginahia baizik sentitzen. Ez da beren esku egon euskaraz ikastea ala ez. Beste askoren kasua azaltzeko ekarri ditut lerrootara.

Ezin dugu ahaztu, ordea, gurasoek kalte handia egin dietela haurrei euskaraz ez erakutsita. Eskubide osoa dute hori egiteko, dudarik gabe. Ez dira ohartzen, baina, euskaraz jakiteak burua argitzeko egiten duen mesedeaz gainera, euskaldundu egiten duela.

Euskal Herrian euskaraz ez dakiena motz gelditzen da, ez da bertokotzen, kanpotar, arrotz, extranjero da alde handiz. Ez da euskaldun. Espainol bai, bada.

Eta vasco ere izango da, beharbada. Vasco izen horrekin ikusten da, bestalde, euskarak duen balio eskasa. Frantsesa edo espainola izateko, ez ote da beharrezkoa frantsesez edo espainolez jakitea? Benetako espainola al da, espainolez tutik jakin ez eta txinoz bakarrik dakiena? Vasco izateko ordea, nahiko omen da espainolez oso ederki jakitea, euskaraz tutik ere jakin ez arren.

«La lengua vasca no tiene ninguna importancia para ser vasco». Horrelaxe idatzi zuen batek. Beharbada zuzen zebilen.


(GOTZON GARATE OIHARTZUN hizkuntzalaria, euskal literaturan katedraduna Deustuko Unibertsitatean eta idazlea da)

  • Estreinakoz Garan argitaratua, 2006-10-24an.

Gontzon Garatek erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Deigarria
2006-10-30 / 22:44 / Nahikari Ayo

Bi pilotari horien kasua deigarria da, zertarako ukatu.

Nire aitak euskaraz badaki, amak ez. Agian horregatik ikastolara bidali ninduten, euskaraz ikasi nezan.

Askori gertatu zaigu, aitak edo amak euskaraz jakitea, baina horregatik ez digute euskara "debekatu", kontrakoa, erreztasun ugari eman dizkigute.

Aurrerantzean, zuk aipatutako ideia hori aldatzea espero dut. Behintzat, ume/gazte guztiek gure hizkuntzaren oinarri bat izango dute.


(NAHIKARI AYO Bertsolaritza irakaslea Getxoko eskola eta ikastoletan, Euskal Filologiako ikaslea Deustuko Unibertsitatean)

 
Zorte handia
2006-10-31 / 09:10 / Gotzon Garate

Nahikari jator hori:

Zorte handia izan duzu guraso jator eta euskaltzaleak izanda. Guztiak horrela izan balira, euskararen egoera askoz hobea izango litzateke egungo egunean.

Aurrera bertsolaritzan eta euskal filologian!

Gotzon Garate

 
Ez lar harritu. Begiratu eta observatu, mesedez.
2006-10-31 / 10:13 / Erramun Gerrikagoitia

Pelotari horien kasua ez da harrigarria ezpada ze da exponente bat gertatzen denarena an euskal sozietatea (expoentea ere hon euskararen ezintasunak, zeintzu ez dira desaparezituko ezer egiten ez badugu, hasirik lehenengo responsableenak) . Hori esan ahal izateko ez da izan behar lar jantzia soziologian, ez, soil izan behar da pitin bat observadore zer pasatzen da gure inguruan.

Nork ez ditu ezagutzen -nik bai bedere- gazteak ikasi ez dutenak euskara nahiz ahalegina egin gurasoak ikas dezaten edo zezaten? Nork ez ditu ezagutzen euskaldunak dakitenak euskaraz ederto eta ez dutenak egiten (egin nahi izaten?) euskaraz?

Analysiak izan behar du osoago eta zabalago eta ez partzial eta tangentziala eta eskapista, ia kasik anekdotiko hutsa. Hartu problemea osotasunean eta serio, ez anekdotikoki.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ erretreta hartutako maisua da)

 
Hausnarketaren beharra
2006-10-31 / 13:00 / Nahikari Ayo

Zergatik ez gara hasten hausnartzen. Agian honen errua ez dute izango hezitzaileek? Oso polita da errua botatzea goikoei, baina herria behetik eraikitzen hasten da.

Hausnarketa egin beharko lukete eskola eta ikastoletan ia zer gertatzen den, zer egiten den txarto, konponbideak bilatu, ...


(NAHIKARI AYO Bertsolaritza irakaslea Getxoko eskola eta ikastoletan, Euskal Filologiako ikaslea Deustuko Unibertsitatean)

 
Responsabilitateak gradu, rango eta arlo differentetan. Individualak eta kollektivoak
2006-10-31 / 15:00 / Erramun Gerrikagoitia

Gogoeta egin beharko litzateke duda barik sektore askotan eta gogoetaz aparte baita ere analysis razionalak. Hausnarrean hastera nik ez nuke inor bultzatuko ezpada ze ari bitez hausnarrean bakarrik hausnarkariak, behintzat ni ez.

Gogoeta eta analysis eremu hortan edozelan ere ba dagoz entitate, professione eta ere persona individual batzuk direnak responsableago eta relevanteago ezi beste "edozein" batzuk. Esaterako lehenago dagokio arlo hau irakasleei ezi taxistei; esan nahi dudana da dagozela eremu eta persona implikatuagoak hontan ezi beste batzuk nola esaterako elektrizistak. Uste dut konforme zatozela hontan behintzat Nahikari.

Nire ustez ondo diozu ze beharko litzateke pensatu zer pasatzen da irakaskuntzan. Galdetzen duzu "Agian honen errua ez dute izango hezitzaileek?" eta ondo da hori galdetzea baina ez uste izan "horren errua" daukatenik irakasleak. Gainera nik uste dut gehiago da bilatzea nola zuk diozu konponbideak edo sozutioneak ezi bilatu eta aurkitu (eta zigortu?) errudunak.

Ondo diozun lez bilatzeko konponbideak daukate importantzia handia propioki esaterako Akademiak, akademikoek, philologoek, itzultzaileek, professore universitario euskaldunek, ... bakoitzak bere graduan eta rangoan. Ala ez? Zuk ezetz uste al duzu? Nola ikusten duzu zuk hau ranking hau?


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ erretreta hartutako maisua da)

 
Eremu desberdinak
2006-11-01 / 12:27 / Nahikari Ayo

Nik ez nioke ranking deituko, baina beno.

Ados eremu desberdinak daudela eta agian hezitzaileek ez dutela guztiaren errua. Taxistek hasi beharko lukete euskaraz egiten, nire etxe ondoko okinak eta litxarkeriak saltzen dituen andreak ere.

Baina nola konpondu? Batzuk nahikoa egin dute euren dendetako kartelak euskaraz jartzen. Badakit azterketa soziologikoak ez dituzula gustoko, baina erreparatzen badiogu adinari, zein izango zen emaitza? Ez dut pentsatu nahi.

Akademikoak, filologoak, ... agian gu izan beharko ginateke "hausnartzaileak". Baina berriro diot, bueltatu gaitezen eskolara eta ikastolara.

Ikastola kumea naiz, 18 urte arteko heziketa ikastolan egin dut. Gogoratuko dituzu Euskaraz Bizi kanpainak. Nire ustez ez ziren hezitzaileak izaten. Derrigortuta zeuden euskaraz egitera, bestela ez zenuen asmatuko zein zen hormako argazki hura. Eta hortxe, gurasoak ezezik, hasten ziren batzuk gorrotatzen euskara. Gaur egun, horietariko askok ez dira gai euskaraz aritzeko.


(HAHIKARI AYO Bertsolaritza irakaslea Getxoko eskola eta ikastoletan, Euskal Filologiako ikaslea Deustuko Unibertsitatean)

 
Saltoka batetik bestera.
2006-11-02 / 19:36 / Erramun Gerrikagoitia

Nahi nuke zeozer erantzun izkiriatu duzunari baina ez zait erraz ze saltoak egiten dituzu gai batetik bestera sartu gabe gaietan. Nik behintzat holan ikusten dut eta sentitzen, gainera ez dut uste hori egin duzunik nahitara expres, maltzurki. Ez dakit.

Hasten zara esanez zuk ez zenduke deituko ranking, tira izan ahal da baina zuk nola deituko zenduke. Eta hori baldin zelan deitzeak balu importantziarik.

Gero segituan sartzen zara saltoa eginez, dzanga eginez erabilirik Lekeitioko modua, esatera daudela eremu differenteak eta responsabilitatea (zuk errua diozu) ez datekeela soil irakasleena. Agertzen duzu ere gogoa euskaraz egin dezaten taxistek, okinek, litxarreroek, ... eta guziek. Hortan ni nola persona asko konforme gauzkazu, baita egiten ez duten euskaldunak ere topatuko dituzu mordo bat.

Hurrengoan galdetzen duzu: nola konpondu?, aipatzen dituzula dendariak eta kartelak. Eta agertzen duzu bildur bat, perzeptione bat esaterakoan "Ez dut pentsatu nahi".

Berriro dzanga eginez diozula ezen akademikoak eta philologoak eta ... beste utzirik alde batera guk geuk gihaurk behar dugula "hausnartu". Hemen uste nuen zinela sartzen eta sartuko zeozer konkretatzera eta zeure ustea agertzera buruz konponketa possibleak edo beste zeozer baina, itzuri eginez, diozu ze "Baina berriro diot, bueltatu gaitezen eskolara eta ikastolara.".

Azken parraphoan diozuna ez dut ulertzen argiro.

Orduan ba ezin zeozer lar konkreturik esan edo kommentatu.

Edozelan ere nola azeptatzen dukezu ba dagoz batzuk zuzenago implikatuak ezi beste batzuk, ze halan diozu "Ados eremu desberdinak" dagoz eta nik diot eremuekin batera dagoz responsabilitateak, responsableak eta gehiago responsableak. Ala ez? Logikoa ezta, logiko hutsa, ez?


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ erretreta hartutako maisua da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus