Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskararen komunitatea bide-ertzean ahaztuta

Euskararen komunitatea bide-ertzean ahaztuta

2006-11-13 / 07:00 / Iņaki Martinez de Luna   HIZKUNTZA

Ezaguna da Bernardo Atxagak ironia halako batez egin zuen euskal herritarren sailkapena, herritarron euskararekiko jarrera eta jarduna oinarri hartuta: patetikoak, sinpatikoak eta antipatikoak.

Badaezpada gogoraraziko dugu euskaldun patetikoak euskaraz bizi nahi duten euskaldunak direla; militanteak, alegia. Sinpatikoek, aldiz, euskarekiko atxikimendua adierazten badute ere, ez dute inongo ahaleginik egiten euskaraz bizitzeko. Antipatikoak, labur esanda, euskararen antipodetan bizi direnak lirateke. Eta banaketa hori askoz mamitsuagoa da idazle batek jolasean-edo lan lezakeen irudi erretoriko hutsa baino.

Atzera begira jarriaz, asko dira XX. mendearen erditik aurrera euskararen egoera oneratzen saiatu zirenak, hiruzpalau hamarkadetan lorpen txalogarriak erdietsiz. Dinamika horren hasierako meritua multzo patetikoarena zen, bertan abangoardia eta herri xehea biltzen zelarik. Egun, aldiz, herri mugimendua izatetik elite baten ahalegina izatera pasa da, ia erabat, euskararen aldeko lana; patetikoak, une honetan, lau euskaltzale eta euskararen inteligentzia baino ez dira. Alegia, XX. mendeko 60-80. hamarkadetan ikastolak sortzeari ekin zioten euskaldun patetiko asko sinpatiko bihurtu zaizkigu; une hartan zuten euskara berreskuratzeko ilusioa, galdu dute. Gaur egun, euskara ez da inondik inora euskal herritarren eguneroko lehentasunen artean sartzen.

Gizartearen zati batean gertatu den bilakaera hori, euskararekiko motibazio eta jarreretan ez ezik, portaeretan ere islatzen da. Horretan datza, adibidez, Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak duela gutxi kaleratu zuen kezkaren gakoa (www.erabili.com); hau da, euskaldunek euskarazko produktu eta zerbitzurik ez kontsumitzearena. Izan ere, euskararen abangoardiak bide egin du, besteak beste, euskarazko eskaintza areagotuz; baina herri xehea bide-ertzean ahaztu zaio. Hartara, gizarteak berak euskarazko produktu/zerbitzu berriren eskaerarik egin ez duenez, merkatuaren legea hautsi da. Alegia, eskaerarik sortu gabe, eskaintza egin da eta, egun, ez dago eskainitakoa kontsumituko duen lagun askorik (merkatu potentziala handiagoa izan arren). Euskaltzalea izanda ere, herritar sinpatikoak uste du euskara berreskuratzea hezkuntza sistema, administrazio publiko eta adituen kontua dela; ez norberarena. Horrexegatik ez ditu bere egin euskalgintzak sortutako eskaintza berriak.

Hala ere, hizkuntza baten hezurdura bere komunitatea da. Lan munduan zein aisialdian, eremu publikoan zein pribatuan, nor ari da eten gabe bilgune eta harreman sare berriak sortzen eta osatzen? Jardun horietan, nork egiten du hizkuntza baten edo bestearen aldeko hautua?: Gizarteak, guk geuk. Izan ere, patetikoak, sinpatikoak edo antipatikoak izanda, denok erabakitzen dugu euskararen geroa, harian-harian eta egunerokoan.

Hortaz, euskararen normalkuntza errealitate bihur dadin, euskararen aitzindaritzak herriaren babesa eta indarra berreskuratu behar ditu. Euskararen abangoardiak herriari itzuli behar dizkio euskararen ardura eta ilusioa, ezinbestez. Horretarako, euskararen abangoardiaren eta komunitatearen arteko etena gaindituko duen zubia eraiki behar da. Nola? Hasteko, bi moduotan:

a) soziolinguistika-ezagutza gizarteratuz, hizkuntza bat normalizatzea zer den jendeak uler dezan;

b) normalkuntzaren inguruko komunikazio-estrategia berri eta eraginkorra abian jarriz, ardura eta ilusio horiek jende xumeak bere egin ditzan.


(IŅAKI MARTINEZ DE LUNA Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Eusko Ikaskuntzaren HIZNET Hizkuntza Plangintza ikastaroaren zuzendaria da)

  • Estreinakoz Argia astekarian argitaratua, 2054. zenbakian.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus