Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Izan zaitez Mintzakide!!

Izan zaitez Mintzakide!!

2006-10-09 / 07:00 / Oskar Zapata Solano   IRAKASKUNTZA

Urriarekin batera 2006-07. ikasturtea martxan jartzeko garaia heldu da. Mintzapraktika programetan parte hartzeko matrikulazio kanpainak zabalik dira dagoeneko Euskal Herriko hiri eta herrietan. Egitasmoen Dinamizatzaileak egun hauetan jo eta su aritzen dira taldeak diseinatzen, parte hartzaileekin bilerak egiten, egitasmoaren nondik norakoak han-hemenka azaltzen, ekintza osagarriak prestatzen.

Izan ere, Mintzapraktika programak gero eta gehiago hazten ari dira abian dauden tokietan. Sustatzaileak zein parte hartzaileak konturatzen ari baitira, Mintza Praktika programak egitasmoak dituen baloreak ikaragarriak direla herriz herri eta hiriz hiri erabileran eragiteko. Aisialdian garatzen dira programak, ez dute konpromiso handiegirik eskatzen, sortzen den harremana atsegina da, lagun berriak egiten dira…

Mintzapraktika programen hartzaileak euskaldunak dira. Taldetxoak egiterakoan bi hiztun multzoetan bereizten dira: Jariotasuna duten euskaldunak batetik eta ahozko hizkera trebatu beharra dutenak bestetik.

Taldeetan bi hiztun multzoetakoak egoten dira elkar ekintzan. Taldean denek ardura bera dute: euskaraz mintzatu. Jariotasuna dutenak beste taldekideentzako ispilua, makulua, bidelaguna izaten dira, baina ez gaitezen engaina, denok eman eta jaso egiten dute. Eguneroko kezkak, pozak…sentimenduak norekin konpartitu izatea ez baita gauza makala.

Talde txikiak egiten dira hirukoteak, laukoteak, boskoteak. Horrela bermatu egiten baita konfiantzazko giroan denok mintzapraktika egiteko aukera izango dutela.

Ikasturtean zehar, taldetxoak astean behin biltzen dira normalean, gustuko lekuan eta orduan. Hortaz gain, ikasturtean zehar hainbatetan programako gainerako partaideekin biltzen dira antolatzen diren ekintza osagarrietan: hitzaldi, ikastaro, antzerki, ibilaldi…. Horiek balio erantsia daukate tokiko euskaldun gehiago ezagutzeko aukera eman eta beraz harreman sarea zabaltzeko bide ematen baitute.

Harreman sareak ehuntzea, hori da Iruńerriko, Nafarroako eta Euskal Herriko euskaldunei Mintzakidek eskaintzen dien aukera. Berdin da, nola, noiz edo non ikasi duzun hizkuntza. Euskaraz komunikatzeko gai bazara izan zaitez Mintzakide edo Berbalaguna edo Mintzalaguna…, ez zaizu damutuko eta!


(OSKAR ZAPATA SOLANO Topaguneko Mintzapraktika Saileko arduraduna da)


Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak
(irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus