Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Lardizabalen gramatika, bere gizarte-giroan

Lardizabalen gramatika, bere gizarte-giroan

2006-07-14 / 07:00 / Mikel Zalbide   BESTELAKOAK

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz prestatzen ari garen artikulu luzeago baten sintesi modukoa da gaurko aurkezpen hau. Sintesi moduan prestatu dut bera, Lardizabalen omenez eta Zaldibiko udalarekin batera Euskaltzaindiak gaur egiten duen ekitaldi honetarako. Denboraren mugak eta bestelako lanen zamak hartaraturik, beldur naiz bere hainbat puntutan nahi baino hutsarte gehixeago izan dezakeela txosten labur honek. Saiatuko naiz eginahalean, uda honetan bertan, hutsarte horiek zuzentzen. Oraingo idazkuntza honek leuzkakeen okerretan neu naiz, jakina, erantzule bakar.

Zer dugu aztergai?

Zer dugu aztergai?

Ehun eta berrogeita hamar urte betetzen dira aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lardizabalen Gramática Vascongada argitara eman zuela. Donostian inprimatu zen gramatika-liburu hori, Ignacio Ramon Barojarenean, Lardizabal hil eta handik urtebetera. Artean sasoi betean zelarik, 49 urterekin, hil zen Lardizabal izan ere, 1855ean, colera morbo asiatikoak jota.

Izurritez hildako urte horretan bertan, 1855ean alegia, Lardizabalen beste liburu bat argitara emana zen: Testamentu zarreco eta berrico condaira. Herri-diruz ordaindua hori ere, eta Tolosan argitara emana, Gorosabel liburugilearen etxean. Beste liburu horrek egingo zuen Lardizabal zaldibiarra euskal letretan famatu. Zabalkundeari eta ezagutzari dagokionez hori izan zen bere obra nagusia, ez gaur aztergai dugun gramatika. Gipuzkoan eta are hemendik kanpora asko zabaldu zen bere condaira hori, XIX. mendearen bigarren erdialdean batez ere. Zabaltzeaz gainera asko irakurri zen, eta asko entzun. Hori ere kontuan hartu behar baita, idazle baten sonaz eta famaz jarduterakoan. Liburuak ez ziren irakurri bakarrik egiten. Batek irakurri eta familia gehienak entzutea eta adi-adi jarraitzea, hori ere ohikoa zen etxe askotan. Arruek Santa Genovevaren bizitzaz egindako irakurgaiarekin batera Testamentu Zar eta Berrico Condaira hori izan bide da, zenbaiten esanean, XIX. mende horretan eta hegoaldean euskaraz gehien irakurritako liburua. Lardizabalen idazle-maila neurtzeko orduan nekez utz liteke datu hori alde batera(1).

Gaur ez gatoz ordea erlijiozko liburu famatu hartaz hitz egitera, batez ere 1856an argitara emandako euskal gramatikaz eta bere ingurumariaz argitasun bat edo beste eskaintzen saiatzera baizik. Gatozen beraz, besterik gabe, Lardizabalen Gramática Vascongada horretara. Ohiz kanpoko izaera berezia zuen liburu horrek: hots, gure artean eta aldi hartan berezia. Ez zen eliza-liburua, dotrina edo deboziozko irakurgaia, hasteko, eta bazuen horrek bere nobedade punttua. Joan den mendera arte euskarazko liburuen % 88 inguru erlijiozkoak izan direla jakinik(2), "bestelako zerbait"-en aurrean geundela esan nahi zuen horrek. "Bestelako" izate hori ez zetorkion, gainera, literaturazko edo saiakerazko liburua izatetik, ez eta eskola-umeentzako kartilla edo ikasmaterial xume izatetik, hizkuntzaren arrazoi bidezko ezagutza lortze aldera prestaturiko argitalpen jasoa izatetik baizik. Testamentu Zar eta Berrico Condaira-k ez bezala, hizkuntza bera zuen oraingo liburu honek aztergai. Euskararen barne-egitura azaldu nahi zuen liburu berriak: begiz jotako irakurleak ez ziren gainera eskola-ume xumeak, euskaraz irakurtzen eta zuzen idazten ikastera zihoazenak, lehendik halako prestaera-maila eskuratua zuten irakurle euskaldun edo erdaldunak baizik. Zeharo langintza berria izan gabe ere, hortaz, hizkuntzaren gibel-erraiak aztertzen jardute horrek bazuen, gure artean, halako berezitasun punttua.

Berezia izanik ere, ez zen ordea goitik beherako nobedade. Euskara bera aztertze hori ez zen, XIX. mendearen erdialde horretan, erabateko berritasun. Ondotxoz lehenagotik prestatzen (eta hainbatean, ez beti, argitaratzen) hasiak ziren horrelako lanak, gure artean. Euskararen barne-egitura eta hitz-altxorra hainbat euskalariren ikergai bihurtua zen ordurako, ipar eta hego. Gipuzkoan, bereziki, hor zegoen aurreko mendetik Larramendiren testigantza: bere 1729ko Arte edo gramatika batetik, eta 1745eko Diccionario Trilingüe bestetik, mugarri sendoak gertatuak ziren XVIII. mendean. Harrez gero, gramatika-lanari heldu nahi zionak nekez hutsetik jardungo zukeen. Andoaindar handiaren itzala ez zen gainera, hizkuntza kontuan, ohiko corpus-kodeztatze lanera mugatzen. Bai hizkuntzaren gizarte-dimentsioan, eta bai euskaldunon jatortasun etnokulturalaren ikuspegi soziohistorikoan, bide-urratzaile gertatua zen bera. Gidaritza intelektuala eta sozioemotiboa piztua zuen Larramendik, bere bizi-denboran eta are XVIII. mende osoan, gai horien inguruan. XIX. mendearen lehen erdialdeko hainbat euskaldun buru-jantziren artean ere erreferentzia-puntu argia izaten jarraitzen zuen On Manuelek. Hurbil-hurbileko jesulagunen artean izandako maisu-itzalaz gainera oihartzun zabala eskuratu zuen Larramendik, XIX. mendean ere: Segurako Luis Astigarraga, Zaldibiko Juan Inazio Iztueta eta Hernaniko Agustin Pascual Iturriaga ez genituzke, urrundik ere, gidaritza horren lekuko hutsalenak. Bistan da beste zenbaiten artean, Mogelen baitan bereziki, andoaindarraren izaera ausart-trumoitsuak kezka-biderik eta desadostasun-seinalerik azaleratu zuela. Kasu horietan ere asko, izugarri zor diote idazle horiek Larramendiri. Zernahi dela ere, andoaindarrak hegoaldean urratutako ildotik egin zuen zaldibiarrak aurrera, ber Gramática Vascongada paratzerakoan.

Probetxuzkoa genuke noski, Lardizabalen euskal gramatika hori eta bere argi-ilunak aztertu nahi izatekotan, liburuaren edukian bertan zentratzea. Bidezkoa genuke zaldibiarraren liburua linguistikaren aldetik arakatzea eta, besteak beste, 1856ko lan hori Larramendik 127 urte lehenago argitara emandakoarekin konparatzea. Ez noa horretan saiatzera. Lehendik bada, gutxi-asko, horrelako lanik eginik, eta aurrerantzean are gehiago izango dugu eskueran: Beñat Oiharzabalek gaur bertan, eta Jose Antonio Mujikak laster, eskainiko digute ikuspegi gramatikal hori neuk egin dezakedan baino sakonago eta argiago.

Lardizabalen lan honek pizten duen interesa ez da, ordea, azterketa linguistikora mugatzen. Bada bestelako ikuspegirik ere, lantzea merezi duenik. Merezi du bereziki, Lardizabalen omenezko ekitaldi honetan, beste galdera modu hauei ere erantzutea(3): nor genuen Lardizabal?, zergatik eta zertarako idatzi zuen gramatika-liburua?, norentzat idatzi zen liburu hori? Zer gizarte-girotan suertatu zitzaion Lardizabali liburu hori idaztea? Nola zebiltzan giza arteko kontuak, Zaldibian eta Gipuzkoan, XIX. mendearen erdialde hartan? Nola zebiltzan industrializazioa eta urbanizazioa, bidegintza eta teknologiazko aurrerapena, nondik nora zebiltzan ekonomia eta politika, hezkuntza eta literatura?. Zertan ziren euskara-erdaren atzera-aurrerak, gizarte-bizitzan?. Ba ote dago giro hartako jarduna ikuspegi soziohistorikoan edo soziokulturalean txertatzerik, eta era horretan langintza haren perspektiba zabalago bat eskuratzerik? Galdera horiek, eta beste hainbatek, liburuaren edukiaz izan dezakegun jakin-mina osatzen eta aberasten lagun dezakete. Galdera modu horiei erantzuten hasi nahi nieke, labur eta arin izango bada ere, gaurko txosten honekin. Arantzazu Muñoak eta biok eskuartean dugun azterketa-saioak, uda honetan bukatzekoa dugunak, balio izango du agian gaurkoan aipamen soilean utzitako hainbat punturi aurrez aurreko erantzuna ematen saiatzeko. Iñaki Azkuneri eta, bere bidez, hainbat adituri zor diogun laguntza ezin isilpean utz dezaket, lanari ekiterakoan. Ezta Zaldibiko udalean idazkari den Marisol Alkaiagari eta bere bulegokideei eta, nola ez, Zubiaurreko etxekoandre Mariasun Mendizabali, hain eskuzabalik eskaini duten laguntza zintzoagatik. Mila esker guztioi.

Nor genuen Lardizabal?

Zaldibitarra izanik Frantzisko Inazio, has gaitezen bere haurtzaroko herriaz argibideren bat emanaz. Zaldibiko benefizio-plana dela-eta(4) badakigu, neurri batean behintzat badakigu Zaldibiak 1791an zer itxura zuen:

"En la villa de Zaldivia Provincia de Guipuzcoa de este Obispado, hay una iglesia Parroquial de la advocacion de Santa Fé con mil doscientos veinte y siete personas, ochocientos y cuarenta y cuatro de Comunion y las restantes quatrocientas veinte y tres de sola confesion en doscientas setenta y un familias, que habitan en veinte casa sitas en el cuerpo de la villa, y ochenta y ocho Caserios bastante dispersos entre si, á mucha distancia de la Parroquia de camino aspero y costanero".

Badakigu, beraz, Lardizabal jaio baino 15 urte lehenago 1.227 pertsona bizi zirela Zaldibian eta herriak, guztira, 271 familia zituela. Familia horiek, bestalde, ez ziren kaletar. Gutxienak bizi ziren herriko kaskoan: 20 etxe bakarrik zeuden bertan. Inguruan berriz, kaskotik kanpora alegia, 88 baserri zeuden guztira, hainbat muño, hegal edo ibarretan barreiatuak. Uste izatekoa da 1791ko deskribapen demografiko horrek aldaketa xumeak izango zituela, oro har, hurrengo mende-laurdenean. Baserri-giroa zen beraz, kale-bizitzaren ordez, Lardizabalen haurtzaroko Zaldibi hartan nagusi. Urteen joanean, badirudi aurrera ordez atzera egin zuela Zaldibiak, bizilagunei dagokienez, XIX. mendearen lehen erdialdean. Ikus izan ere, 1855eko datuak:

"... pueblo situado en una hondonada llana, rodeada por todos lados de altísimos montes, cuya base llega por los lados á la población. Se compone de 203 vecinos, y de 1.015 almas, que la mayor parte viven en los caserios esparcidos por su jurisdicción. Atraviesa toda la población, en dirección del mediodía al N., el rio Osinverde, que más adelante se junta con el Oria en Villafranca, engrosado con el agua de varios manantiales, y otro arroyo que baja desde Aralar; asi es sumamente húmeda y sombría, la posición de este pueblo. Goza del beneficio de varias fuentes de agua de excelente calidad".(5)


Apaiz eta idazle: Lardizabalen biografia xumea

Herriaren gorabehera horiek alde batera utzita, gatozen herritar famatuaren bizi-zertzeladak agertzera. 1806ko uztailaren 5ean jaio zen Frantzisko Inazio Lardizabal. Zubiaurre etxean jaio zen, elizatik hurbil. Etxeko seme zaharrena zen bera: bederatzi anaia-arrebetan zaharrena(6). Orendaingoa zuen aita, Frantzisko Xabier Lardizabal, eta zaldibiar petoa ama, Maria Antonia Urretabizkaia. Bertako Santa Fe elizan bataiatu zuten haurra, jaio eta hurrengo egunean(7).

Etxean ez ziren aberats: jende xehea zen, oro har, Zubiaurrekoa(8). Aita herriko zirujau izanik, kontraesan bat dirudi horrek. Herriko osagile bakarra izanik aita, nola liteke familia diruz justu ibiltzea? Irudipenak irudipen baliteke, XIX. mendean zirujau izan eta diruz xume bizi izatea hain gauza harrigarria ez gertatzea. Herriko idazkariaren % 10 irabazten zuen zirujauak, izan ere, 1852ko udal-aurrekontuen arabera(9).

Umetan (eta aurrerago, mutikotan) izandako bizimoldeaz ez dugu argibide handirik. Herriko beste hainbat haur eta gazteren hazibidea izango zuen, seguruenik, Fratzisko Inaziok. Egunean sei ordu eskolan eginez, eta aldian behin Aralar aldera edo Ordiziako feriara joan-etorriak eginaz, iritsiko zen mutila bere gaztarora. Osaba apaiz zuenez, eta une batetik aurrera herriko erretore, gainerako haur gehienek baino elizarako joera sendoagoa izango zuen agian. Anaia bat ere (1809an jaiotako Joxemari) apaiz egin zen gero. Beste anaia bat, berriz, zirujau egin zen, eta aitak utzitako postua hartu zuen herrian, 1855ean(10).

Lehen ikasketak herrian bertan egin zituen, eta Lazkaoko karmeldarretara joan zen gero, handik aurrerako estudioekin jarraitzeko asmoz(11). Fr. Lucas de San Antonio Zaldibiko behin-behineko bikarioak (eta komentuko buruak) horren berri eman zuen 1823ko urriaren 29an, Iruñeko gotzaindegiari egindako idazkian(12).

Bertan ikasten ari zela, karmeldarren aita jenerala bisitan etorri zen behin batean eta, Lardizabalek ikasteko ageri zuen gaitasuna ikusita, gaztea bere ardurapean hartu, gastuak ordaindu eta Burgosa eramatea erabaki zuen, filosofia eta teologia ikastera. Eta gero Madrila, karrera han amaitzera.

1824an, artean 18 urte bete gabe zuelarik, apaiz-bideari heldu zion Lardizabalek. Urte horren hasieran eskatu zuen tontsura(13): hurrengo garizuman tontsuratua izatea nahi zuen. Eskabidearen lagungarri, zera zioen apaiz-nahiak: latina ikasia zuela dagoeneko eta une horretan logika ikasten ari zela.

Besterik ere bazioen zaldibiar gazteak, bidenabar, tontsura-eskari horretan: erlijiozale eta erregetiar zela, eta konstituzioaren (atzerriko ehun mila Sanluistarren indarrez ezabatu berria zen konstituzio liberalaren) etsai(14). Aitormen hori egiterakoan baliteke egia osoa esan izana Lardizabal gazteak, eta oso kontuan hartzeko datua genuke hori, bere biografia taxuzkoa prestatzeko orduan. Gizarte-giroa garai hartan zein nahastua zebilen gogoan izatea ere ez da alferrikakoa izango ordea, eta beraz aitormen hori tentuz hartzea. Hasteko, Lazkaoko karmelita eta bere herriko (behin-behineko) apaiz zenak bost bat hilabete lehenago apezpikuari esandakoa ia hitzez hitz errepikatzen du hor Lardizabal gazteak. Besteren hitzak (edota, agian, apaiz-giroko klixe moduko bat) errepikatzen ari da hortaz, bere eske-idazkian. Liberalen hiru urteko (1820tik 23rako) agintaldiaren ondotik boterera itzuli berria zen Fernando VII.a, bestalde, eta liberalen edo liberal-lagunen kontrako zigor-giro gogorra ezarria zuen aginte berriak: hainbat herri-zerbitzari (Tolosako Insue maisu semea, besteak beste) lanik gabe utziko zuen zigor-bidea, ezaguna denez. Kontuak horrela izanik, litekeena da gizarte-giro nahasi hartan aurrera egin nahi zuen gazteak bere burua erregezale eta konstituzioaren etsai aitortzea komenentziazko jokabidea ere izatea, halako neurri batean. Zergatik diot hori? Handik hamar urtera gertatutako gorabeheretan ez dirudielako hain alde batera makurtua zegoenik. Are nabarmenago ageri da moderazio-kontu hori, bere osaba erretorea argi eta garbi karlisten alde atera zela ("mendira joan zela") dakigunean. 1839tik aurrerako agintaritza liberal moderatuarekin ere, dakigun neurri apalean, aski harreman egokiak izan zituela dirudi(15). Esan bezala, gutxiegi da horretaz dakiguna, baieztapen sendorik egiteko. Beste hainbat puntutan bezala, jakite mugatuegia dugu egungo euskaldunok orduko esan-eginez. Hala dut nik, behintzat, eta orduko hainbat euskal idazleren biografia taxuzkoa egiteko orduan eragozpen zorrotza daukat, zoritxarrez. Iztueta baten, Pascual Iturriaga baten, Jose Pablo Ulibarri baten eta Mogelen beraren kokapen intelektual eta ideologikoa neurri handi batean egiteke dago oraindik, nire ustez, eta oso zaila gertatzen zaigu beren uste-sinesmen eta jokamoldeak, jarrerak eta esan-eginak garai hartako Zeitgeist nagusian eta gure arteko gorabehera korapilatuetan behar bezala uztartzea.

Nolanahi ere, eta bere biografia segurura itzuliz, badakigu aurrera egin zuela Frantzisko Inazioren tontsura-eskabideak(16). Bere eskaerari erantzunez, Lardizabalen nahiaren berri eman zitzaion Iruñeko Goitzaindegitik Zaldibiko herriari, eta tontsura eman ahal izateko beharrezko informazioa eskatu: "es necesario que preceda informacion de su naturaleza, legitimidad, edad, vida y costumbres, y de las demas cualidades que el derecho prescribe".(17)

Tontsura noiz lortu zuen eta Lardizabal justu-justu noiz apaiztu zen ez dakigu. Orain arte eskueran izandako paperetan, behintzat, ez da horren berri ematen. Dakiguna zera da, bere herriko benefiziadu izatera iritsi zela, eta hil arte han jardun zuela. Benefiziadu izatera, seguruenik, 1829an edo 1830ean iritsi zen. Izan ere bi benefiziadu-plaza ziren Zaldibian, eta 1829an hutsik gelditu zen plaza horietariko bat. Orduan(18) hil zen eta bakantea utzi zuen benefiziadua ere euskal idazlea dugu: Frantzisko Inazio Jauregi(19). Zaldibian hutsik gelditu zen benefiziadu-plaza hori betetzeko bere burua aurkeztu zuen Lardizabalek, eta irabazi.

Handik aurrerako bere apaiz-langintzaz ez dugu, oro har, zehaztasun handirik. Badirudi gorabehera gogorrik gabeko elizjarduna izan zuela Lardizabalek. Puntu bi izan litezke, gehienera, elizjardun horretan aipatzeko modukoak: karlistadetako ordekotza-lana, batetik, eta obispoaren aginduzko ikuskari-lana bestetik. Ikus ditzagun biak, hurrenez hurren. Esana dugu Lardizabalen osaba erretorea, beste hainbaten moduan, "mendira" joan zela lehenengo karlistadan. Hots, karlisten alde atera zela, eta haiekin gerrara joan. Osaba erretorea herrian falta izan zen urteetan, 1839ra arte beraz, Frantzisko Inazio Lardizabal izan zen erretoreorde. Bestetik, gauza jakina da Iruñeko obispoaren erabakiz monja-komentuen ikuskari izan zela. Hortik aurrera ezer gutxi dakigu, apaiz–lanei dagokienean.

Noiztik ez dakigularik, euskal gauzetarako afizioa hartua zuen Lardizabalek. Han-hemengo euskal liburuak, besteak beste, taxuz eta sakon aztertu zituen. Ez Goierriko euskal idazleenak bakarrik, eta ez gipuzkoarrak soilik ere: Iparraldeko Larregi, alde batetik, badakigu ondo ezagun zuela. Eta uste izatekoa da bizkaitarrik ere (Santa Teresako Fr. Bartolome buru zela) irakurria eta aztertua zuela. Euskalari fin eta fidagarriaren sona ere eskuratu zuen, une batetik aurrera. Gero argitara gabe gelditu diren, edo zabalkunde mugatuagoa (lekuz eta, agian, irakurle motaz mugatuagoa; ez irakurle-kopuruz, ezinbestean) izan duten zenbait lan idatzirik zuela badakigu: Historia de san Miguel en Excelsis de Aralar esate baterako. Belaustegik dioenez liburu lodi samarra zen hori, eta garbian jarrita gerturik zeukan argitara emateko. Elizaren baimena ere aurrez eskuratua zeukan. Belaustegik "otras obritas de menor importancia como son novenas, devocionarios, etc., bien conocidas del público" aipatzen ditu. Maria Santisimaren amodio ederraren novena (1857an Tolosan argitara emana) batetik, eta San Roque zorioneko izurrite edo pestearen contraco bitarteco altsuaren bederatziurrena bestetik: 1855eko izurritearen urte berean argitaratua da azken hori, Tolosako Lalama etxean aurrekoa bezala.

Liburu-zuzentzaile edo orrazketa-arduradun izan zen, bestalde, Zaldibiko benefiziadua. Iztuetaren lanak hizkuntza aldetik orrazten edo txukuntzen ibili zela badakigu, zeharka bada ere. Horretaz ari dela dirudi, behintzat, Lardizabalek Iztuetari bere (hots, azken honen) zenbait lan argitaratzen lagundu ziola dioenean.

Lardizabal ez zen, beraz, euskal liburuen zale huts, ez eta liburuxka batzuen idazle xume ere. Hortik gorako espezialista zen bera, garaiko zenbait idazlerengan berarizko berme-garantia eskaintzen zuena. Horrela bakarrik uler liteke, aurrerago ikusiko dugunez, 1852-3tik 1855era artean Gipuzkoako Batzar Nagusietatik edota Diputaziotik euskalgintzan jarduteko eskaintza, enkargua edo agindua jaso izana. Aurrerago helduko diogu gai horri, dagokion xehetasunez.

1855ean, Lardizabalek 49 urte bete berriak zituelarik eta euskal lanetan buru-belarri murgilduta corpus-plangintza zabalean ari zelarik, kolera morbo iritsi zen Zaldibira. 1855eko udan iritsi zen kolera morbo asiatiko hori Gipuzkoara(20) eta 4.395 hildako utzi zituen. Abuztuaren erdi alderako 32 herritan zabaldua zegoen izurria; amaierarako, berriz, 64 herritara iritsi zen. Herri gehienetara zabaldu bazen ere gaitza, ez zuen herri guztietan neurri bereko kalterik eragin. Zumaian, esate baterako, biztanle guztien % 16 hil zen gaitzak jota, Mutrikun % 14 eta Altzolan % 31. Abuztuaren 11n nabaritu ziren Zaldibian kolera morbo asiatikoaren lehen aztarrenak. Abuztuaren 13tik 22ra gogor zabaldu zen gaitza eta, gutxika-gutxika desagertuz, urriaren 6an erabat aldegin zuen. Arrasto sakon eta mingarria utzi zuen ordea. Ahalegin guztiak eginagatik, 34 lagun hil ziren gaitzak eraginda: zaldibiar guztien % 3,35. Hildakoen artean, Frantzisko Inazio benefiziadu eta euskal idazlea. Euskalgintzaren gurpilean bete-betean ari zela hil zen zaldibiar buruargia. Neurri batean, Mogelen antzeko heriotza izan zuela esan liteke. Ez dakigu herriko gaixoak atenditzen ari izanik kutsatu zen Lardizabal, Mogelen kasuan bezala, baina nolanahi ere antzeko heriotza izan zuten biek. Gazterik hil zen, beraz(21), Frantzisko Inazio. Ez zen bakarra izan, gainera, etxean. Bere arreba bat ere gaitz horrek berak eraman zuen, garai hartako beste agiri batean ikus daitekeenez(22).


Lardizabalen harreman-sarea

Herri txikia eta Aralarren hegalean erdi-izkutatua izanik ere, ez da Zaldibia mundutik aparte egon. Iztuetaren garairako nabarmen da hori, aurrerago aipatuko dugunez, eta herritik edo eskualdetik haraindiko harreman-giro horren lekuko dugu Lardizabal idazlea ere. Bazuen benefiziaduak, euskal letren munduan eta handik kanpora, aski harreman zuzenik hainbat pertsona gailenekin. Eta bazuen gainera, liburuak lagun, leku urruneko eta aldi joanetako euskal idazleen ezagupiderik. Labur beharrez, honako lotura hauek aipa litezke gutxienez.

Herrikoetatik hasita, bere aurretik Zaldibiko benefiziadu izandako Fantzisko Inazio Jauregi, Galbarioko Bidearen idazlea, aipatu beharko genuke. Motiborik ez da falta, bere lanak ondo ezagutuko zituela eta, agian, Jauregi 1829an hil aurretik aurrez aurreko ezaguna izango zuela uste izateko.

Herritik kanpora, berriz, Fr. Bartolome de Santa Teresa eta Juan Inazio Iztueta ezagunak zituen Lardizabalek. Bigarrena seguru, eta lehenengoa ere bai, itxuraz. Berak bezala, baina ondotxoz lehenago, Lazkaon ikasi zuten Fr. Bartolome de Santa Teresak eta Juan Inazio Iztuetak. Azkueren ustez, Fr. Bartolomeren ezagupide horri zor izango litzaioke Lardizabalen euskarak duen Bizkai kutsua. Ez dakit kontu hori hain-hain argia den(23).

Dudarik ez dago, aldiz, bere herritar famatu Juan Inazio Iztueta ezaguna zuela. Ezagun ez ezezik, hainbat aldetatik begiratuta ezagun hurbila eta konfiantzazkoa ere bai. Badakigu Iztuetaren zenbait idazlan (1842ko Gipuzkoako Kondaira?) argitaratzen (zuzenketa-lanean?) berak lagundu zuela(24). Eta badakigu, ororen gainetik, Iztueta hil zenean Lardizabal izan zela bere testamentuaren betearazle edo albazea gisa ari izandako bi lagunetako bat(25).

Bere harreman-sarea ez zen, bestalde, euskalgintzaren esparru meharrera zabaldu. Elizaren alorrean ere izan zuen Zaldibiko benefiziaduak, aitzitik, helduleku argirik: Iruñeko apezpiku Severo Adrianiren konfiantzako gizon ere izan zen Lardizabal(26). Bere geroko erraztasuna, Foru Aldundiko goi-agintariekin harremanetan sartzekoa, baliteke beraz lehenagotik, eliza-agintariak tarteko, osatzen eta sendotzen hasi izana.


Lardizabalen liburutegia eta bere paper galduak

Badakigu Lardizabalen liburutegiarekin, Iztuetarenarekin ez bezala, ez zela inbentario zehatzik egin bera hil ondoren. Bereak izandako liburuen (liburu batzuen?) berri eman izan da gero, baina bere idazlan argitaragabeen eta gutun-sortaren berri zehatzik ez dirudi dagoenik. Surtara bota ziren bere hainbat paper, eta paper-erretze horrek bere biografiarako ate nagusietariko bat itxita utzi digu. Labur bilduz, alde horretatik ezin dugu jakin Lardizabalek zer lan idatzi (eta argitara gabe utzi, edo utzi behar izan) zituen. Pentsatu bai, pentsa dezakegu, esate baterako, gero aipatuko ditugun hiztegia eta euskaratik gaztelaniara itzultzeko obra (Iztuetaren eskola-liburuaren parekoa zitekeena) aurreratu samarrik izango zituela hil zenean. Segurtasunik ez dago, ordea, horretaz.

Zer gizarte-girotan suertatu zitzaion Lardizabali liburu hori idaztea?

Nola zebiltzan kontuak, Zaldibian eta Gipuzkoan, XIX. mendearen erdialde hartan? Nola zebiltzan industrializazioa eta urbanizazioa, bidegintza eta teknologiazko aurrerapena? Nondik nora zebiltzan ekonomia eta politika, hezkuntza eta literatura?


Industrializazioa

Produkzio industriala asko hazi zen Europan, 1830 eta 1870 artean(27). Aurreko mendean egindako zientzia-aurrerapenak langintza jakinetan aplikatzen hasi zen jendea, Europa mendebaldean (Ingalaterran, Frantzian, Alemanian...) bereziki. Industria-iraultza famatu horren garaikide dugu Frantzisko Inazio Lardizabal. Zertxobait atzeratuxeago ere, laster iritsi zen gure artera industria-iraultza hori. Tximiniz betetzen hasi zen Gipuzkoa, 1840tik aurrera. Batez ere Probintziako hiru eskualde hauetan antzeman zen molde berriko industriaren zabalkunde hori: batetik Donostian eta bere inguruan (Errenterian, Lasarten), bestetik Bergara aldean eta, azkenik, Oria ibarrean (batez ere Tolosa inguruan). Papergintza batetik, makina bidezko oihal- eta janzki-prestaera bestetik eta burdingintza berritua azkenik: horiek dira, askogatik, industria-bide berritu horrek Gipuzkoan izan zituen zutabe nagusiak. Kostaldeko kontserbagintza, itxuraz beranduxeago hasi izateaz gainera, ez zen neurriz eta hedaduraz aurreko horien pareko izatera iritsi.

Lardizabalek izan zuen aukera, hortaz, industria-berrikuntza horretaz (berrikuntza horren hasieraz, hobeki esanik) jabetzeko. Umetan eta gaztetan ezagutu zuen Zaldibi eta Goierri aldatzen hasi zen, bertako jendearen lanbideari (eta horri maiz erantsi ohi zaion bizimoduari) zegokionez. Berrikuntza handia ekarriko zuen horrek: hamarkada batzuen buruan, errotik aldatuko zituen industrializazio horrek nekazari-giro tradizionaleko hainbat lanbide eta jarduera, ikusmolde eta balore-sinesmen. Errotik aldatuko zituen aurrez aurreko mintzajardunaren elementu askotxo ere, hiztun arrunten leku-aldatzea eta bestelako harreman-sareetan txertatu eta sare horien bestelako aldaera-sorta zabalagoen (erdarazko jardunbideetara makurtuagoen) baitan murgil egin beharra ekarri zuen zeurrian. Bere begien bistan izan ahal izan zituen hortaz, Lardizabalek, molde berriko langintza horren lehen ondorioak.

Neurri apaleko ondorioak izango ziren, halere, bere bizi-denbora laburrean eta bera bizi zen inguruan, lehen uneko industrialiazio-uhin berri horren ondorio ekonomiko eta soziokulturalak. Bertako jende gehienak, bai Goierrin eta bai, bereziki, Zaldibian, lehengo bizimoduaren arrastotik jarraituko zuen izan ere Lardizabalen garaian. Benefiziaduak bazuen, dudarik gabe, han-hemen indartuz zetorren gizarte molde berriaren berri izateko motiborik: herritik 20 kilometroko jira-bueltan bazuen, alegia, industria-iraultza horren testigantza zuzenik. Baina aldaketa horiek mugatuak izango ziren: "betiko" lan moldea, ohiko baserri-legea eta herri-herrixketako artisautza xehea, izango ziren bere bizi-denboran nagusi.


Bidegintza eta garraioa

1840ko hamarkadan Gipuzkoan zehar (batez ere Oria ibaiaren inguruan) jartzen hasitako industriak, eta ez industriak bakarrik, bide berriak eskatzen zituen. Beharrezkoak ziren horiek, bertako produkzioari irteera emango bazitzaion. Hots, Gipuzkoa osoan errepide-sare egokia behar zuen industriak. Baziren bestelako arrazoiak ere, ordea, bide-berritze horren alde zeudenak(28). Aldaketa handien garaia izan zen Gipuzkoan, motibo bat eta beste zela medio, 1845etik 1865erako hamarkada parea(29).

XVIII. mendeko errege-bidearen ordez karretera jenerala osatzeari ekin zitzaion garaia dugu hori, alde batetik. Gipuzkoa barruko herriak eta herrixkak lehen baino bide sendoagoz lotu zituenekoa, bestetik. Karretera jeneralari dagokionez, herritik herrirako joan-etorria errazteaz gainera erdigunearen eta periferiaren arteko ikuspegi berritua ekarri zuen fase berri horrek: aski gipuzkozentrikoa izatetik estatuzentrikoa izatera pasatu zen karretera jeneralaren ikuspegia. Probintzia barruko bide-bidexkak hobetzen, bestalde saio handia egin zen. Orduan zabaldua da, adibidez, Zaldibitik Ordizirako bide berria (oraingoa). Lardizabalek ez zuen, damurik, herritik tren-geltokira zeraman bide berri hori ikusterik izan. Bera hil eta handik zortzi-bederatzi urtera gertatukoa da bide-berritze hori ere.

Geltokia aipatu dugunez, gatozen trenbide kontura. Orduantxe ari zen Europa, jakina denez, tren-karrilez osatzen eta betetzen. Gurdien eta dilijentzien joan-etorrirako bide-berritze eta bide-zabaltze horiek garrantzitsuak izanik ere, are inportanteagoa gertatu zen noski Gipuzkoan barrena, lehenengo aldiz, trenbidea eratzea. Ordukoa dugu Norteko karrila, Madril eta Paris lotuko zituena. Bere eragina bereziki sendoa gertatu zen Goierrin, alderik alde pasatzen baitzen bertatik trenbide hori. Berrikuntza hori ere ez zuen Lardizabalek bere bizi-denboran ikusterik izan. 1863tik 64ra artean estreinatu zen trenbidea, Gipuzkoa barruko zein Espainiako garraio-bidea erabat birmoldatuz.

Bide-berritzearen lehen emaitzak ikusteko egoeran izan zen beraz, bai berrikuntza horien hasieraz baizik ez zuen jabetzerik izan. Bidegintza amaituaz, eta bere ondorio demografiko, sozioekonomiko eta soziokulturalez (eta horien tartean soziolinguistikoez) jabetzeko aukera handirik ez zuen izan. Handik mende erdira Domingo Agirrek bere Garoan azalduko zituen kezka-beldur eta gaitzespenezko juzkuak nekez Lardizabalek izan zitzakeen, nolanahi ere.


Urbanizazioa

Bistan da industrializazioak eta bide berriak zabaltzeak eragin bizia izan zuela herritarren bizilekuan eta bizimoldean. Bizilekuari dagokionez, baserritik kalera (eta, hainbatetan, herrixketatik herri edo industrialde zabalagoetara) egin zuen jendeak. Hots, urbanizazioa indartu zen nonahi eta, neurri berean, hainbat herrixkatan nagusi izandako baserriko bizia nabarmen ahuldu. Ameriketarako emigrazioak berekin zeraman demografia-galeraz aparte, eskualde mailako nukleazioa eragin zuen industrializazioak eta bide berrien (batez ere trenbidearen) zabalkundeak. Xenpelar bat, urrutirago fabe, baserritik kalerako gizarte-aldakuntza horren lekuko xuxena dugu.

Lardizabalen garaian indartu egin zen, dudarik gabe,urbanizazioaren fenomeno hori. XIX. mendearen lehen erdialde horretan ez dirudi ordea, oro har, fenomeno horrek berebiziko neurririk hartu zuenik Gipuzkoan. Ez behintzat, inola ere, 1860ko hamarkadatik eta, batez ere, bigarren karlistadaren amaieratik aurrera, hartuko zuen abiadaren parekorik. Gogoan izatekoa da, alde horretatik, Donostiako harresiak ez zirela 1863ra arte eraitsi. Lardizabal ez dugu hortaz, beste hitzetan esanik, urbanizazio berri eta bizkor horren testigu zuzen izan. XIX. mendeko industrializazioa eta bide-berritzea (fenomeno bien hasiera) aurrez aurre ezagutu ahal izan zituen, baina urbanizazioaren uhina irisi aurretik hil zen.


Ekonomia eta politika

Urte gogorrak izan ziren, ekonomiaren aldetik, Lardizabalen gazte-garaikoak. Kalamidadea kalamidadearen gain metatu zen urteak, askoren esanean. Bertako industria zaharra, ehunka urtean Probintziari dirubide sendorik ekarri izan ziona, maldan behera zihoan: burdinolak ixten ari ziren, bata bestearen ondoan, hortik ez baitzegoen bizitzerik. Motiboak bat baino gehiago ziren Gipuzkoako burdingintza egoera horretara eraman zutenak: atzerrian egindako berrikuntza teknologikoak kalitate hobeko eta prezio egokiagoko produkzio industriala ekarri zuen, eta hemen ez zen berrikuntza horri parez pare erantzuten jakin. Une batetik aurrera, bestetik eta horrezaz gainera, ohiko bezero gehienak galdu (edo galbidean jarri) ziren: batetik Hego eta Erdi Amerikakoak, Monarkiaren barruan egondako kolonia horiek independentzia-bidea hartu ahala. Eta bestetik, Donostiako merkatarien hitzetan oso nabarmen, aduanak Ebron egoteak (eta penintsulan saltzekoak ziren burdin gauzei Madrilek arantzela jartzeak) are larriagoko krisialdira eraman zuen bertako industria tradizionala. 1840tik aurrera hasiko zen industria molde berria suspertzen, gorago esan denez.

Horri guztiari gerra-giroko eta gerra biziko urtealdi ugariak erantsi behar zaizkio: Frantsesteak ondorio latzak utzi zituen Gipuzkoan: herri-lur asko saldu egin behar izan zuten herrietako udalek, gerrak ekarritako zorrei aurre egiteko, eta herri-lur horieik gabe estuasun larrian gertatu zen baserriko bizibidea: gaztaina eta pagotx, su-egur eta ezkur, hori zuen baserritar-jendeak bere bizibidearen oinarrietako bat. Napoleonen kontrako gerrak eta, zer esanik ez, karlistada luzeak, areagotu baizik ez zuen egin estuasun hori.

Politikazko kontuei dakokienean, orobat, aldaketa handiko urteak izan ziren Lardizabalen bizi-denborakoak. Ohiko aginpide-sistemak mendeetako modus vivendi bat ezarria zuen: lekuan lekuko herrien, Probintziaren eta Monarkiaren artean eskubide- eta eginbehar-markoa, Antiguo Régimen delakoa. Aginpide-sistema hori ondotxoz lehenagotik pitzatzen hasia zegoen. Hiru Probintziei dagokienez nabarmena zen, bereziki, 1766 ingurutik honako bilakaera, erreinuko aginte zentralak gero eta eskumen gehiago bereganatu eta hemengo herrialdeak gero eta marko hispanikoan txertatuagotzera zeramana. XIX. mendearen lehen erdi hori, Lardizabalen bizi-denbora alegia, joera horren aplikazio-saio nabarmenekoa izan zen. Lehengo aginpide absolutuak monarkia konstituzionalari eman zion bide, eta bertako Foru-sistemak atzerakada nabarmena izan zuen zenbait alorretan: batez ere pase foralaren galeran, batetik, eta aduana-mugak (bertako merkatari gehienen gogora, antza) Ebrotik kostara ekartzeaz bat galdutako konpartimentazio-ahalmen operatiboan bestetik.

Egia da ordea, guztiarekin ere, 1839ko Bergarako Besarkada eta handik gutxira erreinuko Aginteak jakinarazitako arau-xedapenak erdibidean utzi zutela "Arreglo foral" delakoa. Batzuentzat lehengo aldean "gutxi edo oso gutxi" zena, "halere gehiegi" zen beste hainbatentzat. Tentsio handiko fasea izan zen, hori dela-eta, 1839tik 1868ra artekoa. Karlistaden gerla kontuetan gehiegi zentraturik bizi garelarik errazegi ahazten dugun bestelako tentsio-giroa: bake-giroko tentsioa, nolabait esan. Baziren noski, eta ez gutxi, tirabira hori termino politiko-operatiboetan planteatzen zutenak: konpententzien eta eskuduntzen alorrean neurtzen zituzten horiek, batez ere, unean uneko atzer-aurrerak. Baziren bestalde, Iztueta zaldibiarrak esaldi argiz esana digunez, tirabiraren muina esfera politiko-operatibotik hainbatean, nahiz ez huts-hutsik, esfera soziokulturalera eraten zutenak. Horiek izango ziren hain zuzen, luzarora, joan den mendeko euskalgintzaren iturburu hurbilenekoak. Euskal herriaren jatortasun etnokulturala eta modernizazioa bertako arauz eta bertako autorregulazioz bideratu nahi zuten protoelite (inoiz gutxitan elite) horiek, batetik. Aitzitik, xede nagusia estatu monoetniko uniformea sortzea zuen beste hainbatek, etxean zein (batez ere) kanpoan. Tirabira horrek era askotako argudioak plazarazi zituen, eta aplikazio-eremu berriak eskuratu. Besteak beste argitalpenetan, eskolagintzan, lan-postu publikoen hizkuntza-eskakizunetan eta, oro har, aldez edo moldez ondorio soziokultural nabariak izan zitzakeen beste hainbat alorretan.

Berak jakin edo ez (eta badago motiborik bera ere tirabira horien jakitun izango zela uste izateko), polarizazio politiko eta soziokultural horren altzoan jardun zuen Lardizabalek, Diputazioaren enkarguz eta ordainez bere euskal liburuak (Testamentua, gramatika, eta bidean zituen beste bi eskola-liburuak) prestatzerakoan.


Hezkuntza eta literatura

Aurreko puntuarekin loturik zetorren, oso loturik ere, hezkuntzaren alorreko bilakaera. Ez da txosten hau Gipuzkoako eskolaketaren ibilbide historikoaren azalpen xehetua egiteko lekua, baina mereziko du halere bilakaera horri buruzko ohar xoil batzuk egitea. Jakina denez, Lehen mailako eskolaketak eboluzio nabarmena izan zuen, gure artean ere, ehun urte horietan. Hots, 1750 ingurutik 1850 ingurura. Horrela,

  • a. Hasieran udal esparruan aski zentratua zegoen konpetentzia Probintziaren eta Madrilen esku egotera pasa zen neurri ohargarrian.
  • b. Elizaren eskola-munduko erabakimen-esparrua, desagertzera iritsi gabe ere, murriztu egin zen orobat.
  • c. Mutilen kontua izatetik mutilen eta nesken kontua izatera pasa zen, halako neurri batean, lehen mailako eskolaketa.
  • d. Irakurketa-idazketaren bestelakotze eta zabalkunde handia gertatu zen, orobat. Letraz letrako irakurtze-bidea gailendu zitzaion ordura arte memorizazio-bidean oinarritutako formula tradizionalari. Aurrerapen nabarmenik gertatu arren esparru horretan, erabateko alfabetatze-tasetatik oso urruti gelditu zen, halere, orduko saioa.
  • e. Euskarak, ikasleen dotrina-kontuan lehen bezalatsu eginkizun garrantzitsua izaten jarraitzeaz gainera, proskripzio-moldetik elebitasun-modu baterako lehen pausoak eman zituen. Xede anitzekoa izanik ere ele biko irakasbide hori zenbaiten buruan (batez ere Pascual Iturriagaren eta bere bidetik zebiltzanen artean), transitional bilingualism-en paradigmara makurtu zen, eskueran ditugun datu mugatuen arabera, hainbat eta hainbat kasutan.

Marko global horretan, aparteko garrantzia eskuratu zuen une batetik aurrera euskarazko testu-liburuen eta euskal irakasleak sortzeko irakasle-eskolen kontuak. Azkenari gagozkionez, 1845etik 48ra eratu zen lehenengo irakasle-eskola, Tolosan(30), eta 1853tik aurrera saio bereziak egin ziren irakasle-eskola handi bat sortzeko. Irakasle-eskola horren xedea, Batzar Nagusien dokumentazioak argi samar dioenez, irakasle euskaldunak sortzea zen: la (Escuela) normal que conviene establecer en esta Provincia es la superior, si ha de atenderse á todas las necesidades y lograrse el fin que se desea, que es el de que haya en todos los pueblos de la hermandad guipuzcoana maestros vascongados, cuya enseñanza sea uniforme. Ikasmaterial bereziak beharko ziren gainera, jakina, ikasketa horiek ondo antolatu eta gutxienezko uniformetasun bat lortu ahal izateko:

Gizarte-giro horretan txertatu behar da, oro har, Lardizabalen euskalgintza-lana. Eta hezkuntza-esparruko politika instituzional horren altzoan esplika liteke ongienik, nire ustez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lardizabali emandako enkargua, hiru (Testamentuarekin lau?) liburu prestatzekoa.

Zergatik, zertarako eta norentzat idatzi zuen Lardizabalek gramatika-liburua?

Gramatikak ez dira eleberriak, olerkiak edo eliza-liburuak. Kazetari-lanak edo dokumentu administratiboak ere ez, normalean. Xede jakin eta berezia izan ohi dute gramatikek. Xede hori zer den zehazteko, esan dezagun zer ez den: gramatikaren asmo nagusia ez da literatura sortzea, fedea zaintzea, informazioa zabaltzea edota dokumentazio ofiziala tramitatzea. Xede garrantzitsuak dira horiek guztiak, dudarik gabe, hizkuntza idatziaren eremuan. Ez dira horiek, ordea, gramatiken helburu nagusi. Hizkuntzaren erabilera zuzena zein den, edota egilearen ustez zein izan behar lukeen, esan nahi izaten dute gramatika-liburuek. Hori da beren asmo nagusia, aurrez aurrekoa. Ez dute literaturaren berezko edertasun-asmorik, ez eta prosa arruntaren funtzionaltasun-beharrik. Gramatikak ez dira hizkuntzaz baliatzen beste zerbait lortzeko: hizkuntza bera da, azal eta mami, gramatika-liburuen xede eta asmo nagusi. Aurrez aurreko xedea hori izanik ere, ezkutuagoko edo sakonagoko bigarren xede bat ere izan ohi du hainbat gramatikak: hizkuntza horren erabilera sendotzea, aberastea edota, gutxien-gutxienez, bizirik irauten laguntzea. Ez dira sakonagoko horiek gramatika askoren sarrerakoan, ez gehienetan behintzat, hitzez hitz aitortzen. Egon hor egon ohi dira ordea sarri, eta erne dabilen irakurleak ez du hain zaila izaten horretaz jabetzea ere.

Hizkuntzak finkapen-beharra duenean, edo behar hori duela uste denean, prestatzen eta argitaratzen dira gramatika-liburuak. Behar hori, berriz, era askotakoa izan liteke. Inoiz gramatika-azalpenik izan ez duen hizkuntza baten barne-egitura aztertu eta jakitera ematea: hori izan ohi da, hainbatetan, gramatiken iturburuan dagoen motibo nagusia. Lehendik gramatikazko azalpenik baden kasuetan, gramatika hori desegokia dela uste izatea izan liteke beste motiboa. Desegokitasunaren kausa, halakoetan, askotarikoa izan liteke: hizkuntza asko aldatu izana eta, egungo egoeran, lehen emandako arauak zaharkiturik egotea, lehengo azalpenaren oinarrian zeuden formulazio teorikoak traketsak direla uste izatea (edota nabarmen hobetu litezkeela uste izatea), lehengo gramatika hori eskuratzeko zaila dela (ale gutxi gelditzen direlako, garestiak direlako...), lehengo gramatika horrek ofizialtasun-bermerik ez izatea eta hori beharrezkoa dela uste izatea, egungo irakurleen tipologia nagusiarekin aurreko gramatika hori ondo ez uztartzea (teorikoegia eta ilunegia delako, xinpleegia delako, beste hizkuntza batean idatzia dagoelako...). Gogoeta horiek guztiak, eta beste hainbat, zilegi dira noski Lardizabalen gramatika zergatik prestatu eta argitara eman zen argiteko orduan. Formulazio generikoak dira horiek, han-hemen berdintsu balio izan dezaketenak. Norahaiko gogoeta-bideaz gainera, ba ote dago gure kasu partikular honetara hurbilago loturikako kontsideraziorik? Baietz uste dugu, eta horretan saiatuko gara hurrengo pasarteetan.


Zergatik idatzi zen gramatika hori?

Bi motibo nagusi ageri dira orduko paperetan: Aginte bidezko erabakia batetik, eta bere kabuzko deliberamendua bestetik. Ikus ditzagun biak:

  • a) Gipuzkoako agintariek egindako enkargua. 1853ko Batzar Nagusien aktetan, hitzez hitz, "obras que por encargo de la Provincia estaba trabajando el Señor D. Francisco Ignacio de Lardizabal" aipatzen dira. Lehen lana bukatutakoan, eskerrak ematen dizkio Aldundiak Lardizabali "por el celo y actividad con que ha procurado y procura evacuar el encargo que le dió la Provincia de escribir una gramática de la lengua bascongada, un diccionario doble y, una obra que sirva de testo para la traduccion".
  • b) Bere deliberamendua. Lardizabalen beraren hitzak dira ondoko hauek: "impulsado únicamente del deseo de mejorar la escasez que se nota de libros de esta clase".

Kronologikoki, eta beste hainbat zehar-aipamenen ildotik, badirudi Gipuzkoako Probintziaren enkargua etorri zela lehenik, eta bere deliberamendua gero. "La Provincia de Guipuzcoa que sabe el afanoso empeño con que por complacerla se ha dedicado V. á este importante trabajo".

Litekeena da, ordea, gauzak beste era batera gertatu izana: Lardizabal bere kabuz, eta lehendik, honelako ikasmaterialak prestatzen ibili izana eta Batzar Nagusiek, lan hori erdi-eginik edo aurreratu xamarrik zegoela jakinik, beren asmoekin bat zetorrela uste izanik enkargua zaldibiar idazleari eman izana. Ez litzateke, harritzeko: antzeko konturik gertatu baitzen lehendik ere Iturriagaren lanekin eta, oso bereziki, Zabalaren aditz-liburuarekin, Diputazioak 1848an bere kontura argitara emandakoarekin.

Besterik frogatzen ez den artean, halere, lehenengo hipotesia da sendoena: herri-aginteen iniziatibaz heldu zion Lardizabalek material horren (eta beste zenbaiten) prestakuntzari. Alde horretatik baluke Arrasateko Batzar Nagusien 1853ko erabaki horrek, hainbat motiborengatik, bide-urratzailerik: aurreko urtean, Tolosako Batzarraldian, Larramendiren hiztegia berrargitaratzea zegoen-zegoenean edota eguneraturik argitaratzea komeni ote zen eztabaidatu zenekoa, hain zuzen. Kontura gaitezen, nolanahi ere, urte batean zein bestean language corpus planning eta language acquisition planning egiten ari direla, bete-betean ari ere, Gipuzkoako Batzar Nagusiak(31).


Zertarako?

Hemen ere bi helburu ageri dira: instituzionala batetik (Gipuzkoako Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren borondatea), eta partikularra bestetik (Lardizabalen beraren gogo-nahia). Ikus ditzagun biak, hurrenez hurren:

  • a) Gipuzkoako Herri Aginteen xedea: Euskara eskola bidez zabaltzea. Lardizabalek Batzar nagusiei idatzitakora bagoaz, aitorpen espresua honako hau da: "los deseos que le animan (Probintziaren Aginteari) de difundir su muy apreciable idioma"*. Diputatu Nagusiak berak honela dio 1853ko irailean, Lardizabali egindako erantzun-idazkian: "siendo su obgeto, imprimir y publicar esta obra, para que por ella pueda un dia llegar á ser conocida de los hombres una lengua tan antigua y tan poco parecida á las demas del mundo".
  • b) Lardizabalen xedea: eskolak testu-libururik gabe (edo testu-liburu gutxirekin) ez edukitzea. Erantzun hori ere, aurrekoa bezala, Lardizabalek berak emana dauka: "en un principio me dedique á la formacion de las tres obras sobredichas, y para los que tengo ya compilados en parte materiales, impulsado únicamente del deseo de mejorar la escasez que se nota de libros de esta clase".

Lardizabali ondo entenditzen bazaio, ordura arteko ikasliburuak (batez ere, Iturriagarenak eta Astigarragarenak) gutxi ziren eta ez ziren nahi bezain erraz eskuratzen. Gogoan izan bedi Iturriaga eta Astigarraga hilik zirela ordurako: deseo de mejorar la escasez que se nota de libros de esta clase(32).

Donostiako Batzar Nagusietara bidalitako 3. puntuak (Puntos remitidos) honela dio: "El establecimiento de una escuela normal en la misma". Ez dugu ahaztu behar laugarren puntuak Lardizabalen "Gramatica Vascongada" lanaz hitz egiten duela. 3. puntuari buruz aurrerago zera erabakitzen dute: "que pase á una comision de instruccion pública". Uztailaren 6ko batzarreko agiriak hauxe dio: "La Comision de instruccion pública encargada de dar su dictámen sobre el punto 3º de los remitidos, presentó el siguiente descargo. (hurrengo lerroan eta bestelako letra batekin) *M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa. – La Comision de instruccion pública, encargada de dar su dictámen sobre el punto 3º de los remitidos, concerniente al establecimiento de una escuela normal en esta Rpovincia, ha examinado con la detencion y madurez que exigen la gravedad é importancia del asunto, el expediente instruido en su razon; y despues de haber tratado y discutido la materia en todas sus partes, tiene la honra de ofrecer á la resolucion de la Junta el resultado de sus trabajos"*.


Norentzat prestatu zen gramatika-liburua?

Aurreko pasartean erantzuna dago, partez, galdera konkretu hori. Xehetasunen bat eranstea komeniko da, agian.

Bistan da, hasteko, irakurtzen eta idazten ikasi behar zuten neska-mutikoentzat pentsatutako liburua ez zela, inondik inora, Lardizabalen gramatika. Ez edukiaren maila aldetik, ez metodo didaktikoarenetik eta ez hizkuntzarenetik zegoen ligurua bezeria horrrentzat pentsatua. Norentzat, hortaz?

  • a) probintziako eskoletara banatzea erabakita zegoenez liburua, bertako irakasleentzat pentsatua zegokeela pentsa liteke, batetik.
  • b) Gorago esan denez Irakasle-eskola normala sortu asmotan ari ziren Batzar Nagusiak, eta irakasle-eskola horren bidez irakasle euskaldunak, beren jakitatean eta irakasbideetan neurri bateko uniformetasunik zuketen irakasleak, sortu nahi ziren, Lardizabali enkargatu zitzaizkion beste lanak bezala, gramatika hori ere Irakasle-eskola horretarako pentsatua zegokeela uste izatea ez zait gehiegizko lizentzia iruditzen.
  • c) Bertan eta atzerrian euskararekin interesaturik zeuden euskalari jakintsuentzat pentsatua zegokeen, azkenik, Gramática Vasca hori. Eskueran dugun dokumentaziotik badago motiborik, bezeria hori ere kontuan izango zela uste izateko.


Nola prestatu eta argitaratu zen Lardizabalen Gramática Vascongada?

Lau puntu hartu litezke hemen kontuan. Batetik enkargua eta testuaren idazkuntza, bestetik onespen-azterketa, hurrena argitalpena eta, azkenik, langintza osoaren ordainketa. Ikus ditzagun lau puntuok, halako xehetasun batez.

  • a) Enkargua eta testuaren idazkuntza

    Fase operatiboari dagokionez Gipuzkoako agintaritzaren enkarguz egin zen, esan bezala, Lardizabalen Gramática Vascongada. Enkargua noiz eman zitzaion ez dago argi. Orain arte ikusitakotik, 1852 inguruan gertatuko zela pentsa liteke. Ikusi dugu bete-betean lanean ari zela 1853an, hiruzpalau liburuekin itxuraz, eta Gramatika 1853ko irailerako bukatua zeukala(33). Handik bi egunera erantzun zion Aldundiak Lardizabali, eskerrak emanaz eta, argitaratu aurretik, bere lan horren onespen-azterketa eginaraztera zihoala iragarriz(34).

  • b) Onespen-azterketa

    Ba al dago testigantzarik, Lardizabalen Euskal Gramatikak halako onespen-azterketarik izan zuela esatera eraman gaitzakeenik? Bai, badago. Onespen-azterketa, eta are azterketa zorrotza, ezarri zion Gipuzkoako Agintaritzak Lardizabalen liburuari, argitaratze-bidean jarri aurretik(35). Ez aztertzaile bat eta ez bi, hiru aztertzaile baizik hartu zituen Foru Aldundiak lan hori egiteko. Beren izenak ere badakizkigu orain: Aldundiko akten hitzetan esateko *Sres Dn. Juan Ignacio de Larrondoburo, vicario de Monjas de Motrico, Dn. Manuel de Zabal-Inchaurrieta – de – a Azcoitia, eta Dn. Sebastian Alejo de Azpeitia, vicario de la parroquial de Cestona*. Laster argitaratzekoa dugun artikulu zabalean emango dugu horren guztiaren berri(36). Gramatica Vascongada-rekin batera, Manuel Larramendiren euskal gramatika ere bidali zien Aldundiak hiru adituei. Hala, Lardizabalen lana Larramendirenarekin alderatu ahal izango zuten eta, bereziki, zaldibiarrak bere gramatika berri horretan hobekuntzarik egin zuen edo ez ikusi.

    Hirurek goraipatu zuten Lardizabalen lana. Euren ustez, aspektu batzuetan Larramendiren lana hobetu egiten zuen, eta irakaslanerako balioko zuela zeritzaten. Onespen-azterketa gainditua zuen, honenbestez, Lardizabalen gramatika-liburuak. Argitaratu eta eskoletara-bidean jar zitekeen. Irakasle-eskolarako ere material egokia izango zen hori, Batzar Nagusien eta Diputazioaren ustean, irakasle-eskola hori martxan jarritakoan. Horretan ari ziren buru-belarri.

  • c) Argitalpena

    Lardizabalen Gramática Vascongada Donostian, Ignacio Ramon Barojaren etxean, eman zuen Foru Aldundiak argitara. Mereziko luke zergatik etxe hori, eta ez besterik (Tolosako Gorosabel adibidez), aukeratu zen argitzea. Oraingoz ez dago argitasunik, ordea, puntu horretaz.

  • d) Lanaren ordainketa

    Enkarguzko lana zenez, gastu guztien ordainketa Batzar Nagusien edo Foru Aldundiaren kontu joan zen: bai egileari sorkuntza-lana ordaintzea, eta bai liburugileari inprimatze-gastuak kitatzea. Lardizabal ordurako hilda zenez, bere oinordekoei egin zitzaien egile-eskubideen ordainketa. Era berean, Donostiako Baroja etxeari inprimatze-gastu guztiak ordaindu zitzaizkion. 1857an, Deban izandako Batzarretan, hartu ziren erabaki horiek(37):

    Gauza garrantzitsua ikusten da hor, Blanka Urgellez aparte oraindainokoan, dakigularik, inork erreparatu ez zuena. Lardizabalen Gramatika ez ezik bere Testamentu zar eta berrico condaira ere Agintaritzaren kontu joan zen, osorik.

Hori guztia, dudarik gabe, Herri Aginteen garai hartako status planning zabalagoaren barruan ulertu behar da. Are gehiago garai hartan lanak inprimatu eta publikatzeko zein diru gutxi ematen zen ikusita. Artikulu zabalean helduko zaio puntu horri ere.

Funtsezkoa da hori argitzea, gramatika horren lekua eta xedea garaiko hizkuntza-politikaren markoan kokatzen asmatu nahi bada. Oraingoz, eta lantxo honi amaiera emateko, langintza hori marko soziolinguistiko zabalean txertatzen saiatuko gara. Gerokoak gero.

Euskara-erdaren egoera eta bilakaera, Gipuzkoako gizarte-bizitzan

Diglosia bai, diglosia ez, diglosiaren purgatorioa eta diglosiaren miseriak: ondo erroturiko kontzeptuak eta argudio-bideak ditugu horiek, gure artean. Mende-laurden luzea daramagu ikuspegi horietan murgilduak. Mende-laurden luzea daramagu eta, egungo egunean nagusi diren hainbat aldarrikapen kontuan izanik, uste izatekoa da kontzeptu-lanketa eta sentiera-bide hori aski etxekotua izango dugula etorkizun hurbilean ere.

Ez dago dudarik oinarri sendoak daudela diglosia-egoera haren mugak eta hipotekak azpimarratzeko. Ez da harritzekoa, horregatik, osabetezko hizkuntza-erabileraren helburuak konpartimetazio soziofuntzional haren murriztapen-baldintzei gaina hartu izana. Ez dago gaixoarentzako xede ederragorik, osasun beteko etorkizunaren ametsa baino. Osasun beteko egoera deskribatzeko orduan, nolanahi ere, aspaldidanik zehaztu eta azpimarratu izan ditugu diglosia molde haren ahuldadeak eta gaixotasun-arriskuak. Ondotxoz gutxiagotan saiatu izan gara guztiok, aldiz, diglosiaren bizi-iraupenerako berme-oinarria, diglosiak hemen eta hainbat lekutan menderik mende berekin izan duen ezaugarri nabarmena, aipatzen eta azpimarratzen. Behar-beharrezkoa da ordea kontzeptu-lanketa hori ere, bai hizkuntzaren oraingo egoera eta bai mende joanetakoa halako zehaztasun batez ulertu nahi badugu.

Orain inor gutxik gogoratu nahi badu ere, Mendebal Europa osoaren fenomeno historiko zabala izana da diglosia. Hizkuntza biren edo gehiagoren konpartimentazioa soziofuntzionala, luze-zabal ezarria eta belaunez belaun nolabaiteko (nekez erabateko) oreka batean mantendua, salbuespen bitxi edo mingarri baino areago arau zabal izana da Europa gehienean. Bai gure artean, bai gu bezalako hiztun-herri txiki-ahulduetan eta bai, are, gurea baino askozaz osasun hobea zuten eta duten Mendebal Europako hizkuntza handietan: besteak beste ingelesean, alemanean eta gaztelanian. Erdi Aro gehienean latina izana dute horiek guztiek H funtzioan, funtzio sakro-klasikoetan eta administrazio-lanean bereziki, etxekotua: Bertako hizkuntza ez da, halakoetan, bere lengua vulgar izaeratik lengua propia, natural, nacional edo dena delakora bat-batean pasa izan. Latinarekin batera, hiztun-elkarte eta are hiztun-herri osoetan, hizkuntza bi edo gehiago erabili izan dira H funtzioetan, are Ernazimentutik hona, high culture delakoan. Gogoan izan dezagun , hurrenez hurren, frantsesak Ingalaterran (Erdi Aroan) eta Alemanian (XVIII. mendean) H funtzioan bete izandako lekua eta, batez ere bertako elite politiko eta intelektualetan berekin izandako bizitasuna.

Bistan da aparteko tasunak izanak dituela diglosiak gure artean, Europako molde horretatik aski bestelakotu izan dutenak. Lehengo H (latina) / L (euskara) dikotomiko hura burubiko bihurtu zen gurean, une batetik aurrera. Hots, goiko atalari zegokionez erdara bi hartu behar izan genituen etxean, XIII. mendetik aurrera itxuraz. Egoera berri horretan, jakina denez, lekuan lekuko erromantzea erantsi zitzaion latinari, H funtziorako. Gero, Ernazimentutik aurrera, atzeraka hasi zen latina eta, horren ondoroz, H (gaztelania, frantsesa) / L (euskara) paradigma berria gailendu zitzaion aurrekoari, gero eta nabarmenago. Litekeena da, oso, Nebrixaren 1492ko gramatika-liburuaren sarreran aipatzen den aginte-esparruko gogo-giroak bilakaera horretan bere eragina izana.

Nolanahi ere, konpartimentazio soziofuntzional hori indar betean zegoen XVI. eta XVII. mendeetan, oro har(38). Badirudi goi-mailako instantzia operatiboetan batez ere 1573ko eta 1682ko Batzar nagusietan hartutako erabakiek(39), inoiz besterik esan izan bada ere, eragin bizia izan zutela luzera begira. Jakina denez diglosiazko gizarte-moldaeraren ildotik (baina ez horretatik soilik) erraz esplika litezke Batzarraldi horietan hartutako erabakiak, herriko alkate edo Probintziako aldun izateko irakurtzen eta idazten jakitea ezinbesteko baldintza bihurtu zutenak. Esan beharrik ez dago irakurtzen eta idazten jakiteak, ingurumen horretan, gaztelaniaz irakurtzen eta idazten jakitea esan nahi zuela.

Garaiko testigantza zuzenei dagokienez, XVIII. mendean hasi zen diglosia tradizional hori indargaltzen, arrailatzen eta zenbait lekutan, Araba gehienean bereziki, erabat galtzen. Araban luze-zabal gertatzen ari zen mintzaldatze hori ez zen ordea beste hainbat lekutan, Ipar Euskal herrian eta Bizkai-Gipuzkoetan bereziki, hainbatera iritsi. Ez hainbatera eta ez ondotxoz gutxiagora. Hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena segurtaturik zegoen bertan, neurri zabalean, herri xehearen eguneroko mintzajardun arruntari zegokionean. XVIII. mendeko gatelaniaren (eta frantsesaren) language spread hori ez zen herrialde atlantikoetan, oro har language shift bihurtu. Mintzajardunaren gizarte-moldaera konpartimentazio soziofuntzional argiz zurkaiztua zegoen aspaldidanik eta, erdarak lehen ez bezalako sarbidea izanik ere azken mendean, euskarak etxeko jaun izaten segitzen zuen ohiko bere eguneroko esparru informal, aurrez aurreko eta ahozkoetan. Konpartimentazio soziofuntzional horrek bere alde zituen gainera, oraindik, aginte-esparruko babes-neurri operatiboak. Apaiz eta maisu izateko, esate baterako, euskalduna izan behar zen ezinbestean. Eskakizun-baldintza hori auziperatzen hasia zen zenbait organo eta estamentutan(40), baina eskakizun-arau hori oro har indarrean gorde zela esan liteke, gaurkoz eskueran ditugun datuen arabera, lan-postu horietan. Indarrean gorde zen eta, XIX. mendearen erdialdean, bere beharra espresuki argudiatu eta hainbat kasutan alderik alde aplikatu egin zen.

Neurri zabalean segurtatua egon arren euskararen belaunez belauneko transmisioa, gero eta agerianago zegoen ordea euskara-erdaren molde berriko language contact delakoa ez zela bertako hizkuntza zaharraren osasunerako arriskurik eta kalterik gabea gertatzen ari. Euskaldun buru-jantzi, merkatari edo profesional kaletar askotxok hautsi eta ezabatu egin nahi zuen diglosia molde hori, beren harreman-sareei zegokien neurrian bederen euskararen erabilera alde batera utziz. Hartara iristen ez zen beste euskaldun ikasi askotxo, Bizkaiko eta Gipuzkoako apaiz gehienak barne, gero eta erdal elebidunago zen. Gero eta erdal elebidunago: jakin bazekien herritar jende horrek euskaraz eta erdaraz, baina erdara zen bere hizkuntza nagusia. Erdara zen bere dominance configuration delakoan gailen: gaztelania hegoan, eta frantsesa iparrean. Diglosia molde tradizionalaren galera-bide zen, bide batez, jende jakituna eta zezakeen jendea, gero eta sarriago, euskaldun garbiaren mintzamoldetik urruti gelditzea.

Diglosia-galtze horri aurre eginaz plazaratu zitzaigun Larramendi, XVIII. mendearen lehen erdian, euskara-erdaren ordura arteko gizarte-perspektiba nagusiari paradigma soziolinguistiko berria erantsiz. Euskararen berezko balioak, bere Abstandsprache izaera eta gizarte berriaren zeregin guztietarako gaitasuna, aditzera eman eta euskaldun-erdaldun buru-jantzien artean onartzeko bidean jarri nahi izan zituen berak, lehenik eta behin. Hori izan zen bere iraultza edo paradigma-aldaketa handiaren xede nagusia.

Jakin badakigu nolahalako arrakasta izan zuela Larramendik, ez erabatekoa, bere ahalegin horretan. Nolahalako arrakasta izanik ere bistan da oihartzun zabala, eta iraupen handiko ikusmolde berria, eskuratu ziela berak handik aurrerako euskalariei eta euskaltzaleei. Paradigma berria ekarri zien berak, onerako eta kalterako, euskararen erabileraz, eta erabilera zuzenaz, gero eta kezkatuago agertzen hasi ziren protoeliteei. Hizkuntza-ideologia eta gure arteko Weltanschauung berri bati eman zion berak hasiera, eta ordura artekoak ez bezalako zenbait ondorio praktiko indartu zuen horrenbestez.

Paradigma horren ondorio praktikoetako bat, ongi ezaguna denez, corpus-plangintza sendoari ekitea izan zen. Hizkuntza atzera zihoala ikusten zen hiru alorretan: lurralde-perspektiban, eskualde osoetan atzeraka ari zen euskara eta zenbait lekutan orduantxe ari zen belaunez belauneko jarraipen-katea eteten; perspektiba soziofuntzionalean, ordura arte euskarak bere mendean izandako zenbait jardun-gune eta harreman-sare eskuz aldatzen ari ziren, funtzio horietan erdara gero eta gailenago ageri zelarik. Perspektiba indibidualetik, azkenik, bertako hiztun elebidun asko, gero eta gehiago, erdal elebidun zen funtsaren funtsean, ez elebidun orekatu eta ez euskal elebidun edo euskaldun garbi.

Hiru fenomeno horietatik bigarrena eta hirugarrena ziren, XVIII. mendeko Gipuzkoan, askogatik nagusi. Donostian eta Hondarribian ere, garai hartan probintziako hiririk erdaldunenetan alegia, bizi-bizirik zegoen euskara kalean, herritar gehienen (eta inguruko baserrietatik kalera jaisten ziren euskaldun elebakarren) artean. Ez zegoen han beraz, Araban bezala, galera espazialik. Bigarren eta hirugarren arriskuak ziren, hortaz, kontuan hartzekoak.

Bigarren eta hirugarren kalte-arrisku horiei aurre egiteko, corpus-plangintzan ikusi uste izan zuen Larramendik konponbide nagusia. Nagusia edo, agian zuzenago, larriena eta egingarriena(41). Corpus-plangintak zuen beretzat lehentasuna. Euskarazko eskolen beharra (nahiago bada, euskarari herrietako eskoletan sarbide zabalagoa ematea) gogoan zuen berak(42), baina ez zen horretan zentratu. Aldiz bere zenbait jarraitzaile acquisition planning delakora lerratu zen, Bizkai-Gipuzkoetan bereziki. Euskara bizirik atera ahal izateko, euskal gramatikak eta hiztegiak ez ziren jarraitzaile horientzat aski. Kardaberazek argi ikusi zuen eskolagintza horren beharra: 1761eko bere Eusqueraren Berri Onac liburua, bereziki, ele biko hezkuntza-proiektu berri baten iturburutzat har liteke(43).

XIX. mendearen hasieratik bete-betean heldu zitzaion gure artean, Bizkai-Gipuzkoetan bereziki, Larramendiren paradigma hura indarberritzeari. Hasiera batean, 1740tik 1750era artean jaiotako protoelite euskaltzalearen baitan, corpus-plangintza berrituari heldu zitzaion zuze-zabal, kodeztatze-lanari cultivation atala erantsiz(44). Aldiz hurrengo belaunaldiak, 1770 urte-inguruan jaiotakoak, eskola bidezko euskalgintza hartu zuen bere saioaren oinarri. Horretan saiatu ziren Luis Astigarraga 1806tik aurrera eta, batez ere, Agustin Pascual Iturriagak 1817tik aurrera. Ikusteko dago, gaurkoz, bere garaikide izandako Mariano Arizmendi baten, eta Tolosako maisu Insue aitaren, jarduerak ele biko eskolagintza horren garapenean zer-nolako eragina izan zuen.

Oro har indarrean zegoen euskara, Gipuzkoan, Lardizabalen bizi-denboran. Indarrean zegoen bertako hizkuntza eguneroko jardun-gune ohikoetan: etxean eta familian, kalean eta lagunartean, lan-esparru arruntetan eta, oro har, herri xehearen bizi-poz eta beldur-kezken oinarri ziren prozesu soziokultural nagusietan. Bere lekuari eusten zion euskarak, erdara biekin batera, elizan ere: sermoi-lanean eta konfesio-esparruan, bereziki, euskara zen jaun eta jabe.

Hori guztia egia izanik ere, begian bistan zegoen gaztelania esparru berriak irabazten ari zela. Aldakuntza ekonoteknikoen eta berrantolakuntza soziokulturalen eskutik, ordura arte euskararena izandako nagusitasuna bereganatzen ari zen gaztelania hiztun-elkartearen espazio soziofuntzionalean. Irabazi horiek hain ziren sendoak non, gero eta azkarrago, euskara galtzera zihoakeelako beldurra zabalduz zihoan, bertakoen eta atzerritarren artean. Wilhelm von Humboldt-en iragarpena, 1801ean egina, XIX. mendeko beste prognosi askoren gidari eta eredu bihurtzekoa zen.

Gogo-giro horretan sortu zen, gero eta argiago, euskara indarberrituko bazen herri-aginteen hizkuntza-politika sendoa behar zeneko iritzi zabala. Ez zen hori euskaltzale tradiziozale erregetiarren berariazko ustea, gehiegitxotan esan edo iradoki izan denez, eta ez liberal-aurrerazaleen aparteko bereizgarria. Sektore batean zein bestean nabarmendu ohi zen, ikusmolde politiko-operatiboaren aldeko formulazio horren oihartzunik. Era berean, euskara alde batera uztearen aldeko formulazioak ere, formulazio aktiboak zein pasiboak, esparru bietan ziren indarrean.

Gizarte-giro horretan eratu eta mamitu ziren, gero eta era esplizituagoan, hzkuntzaren aldeko status-planak. Arrasateko Batzar nagusietan, 1830ean, martxan jarritakoa ez zen bakarra izan. Bere ezaugarriak hain ongi ezagutzen ez ditugun arren, jakina da antzeko ekimenak eratu zituztela bizkaitarrek, 1829tik aurrera, Gernikako Batzar nagusietan. Are gehiago: hizkuntza-politikaren orduko dokumentazio teknikoa, Iturriagarena zein Ulibarrirena, hizkuntza-plangintzarako ikuspegi aski osatu baten erakusgarri dugu.

Karlistadak gauza asko aldatu zituen gure artean, jakina denez, baina euskara-erdaren arteko elkarbizitzari zegozkion ingurumen-baldintza nagusiek lehengo bidetik jarraitu zuen nagusiki. Hizkuntza bataren indartzea eta bestearen ahultzea ez zen geldiarazterik lortu, are gutxiago itzulipurdikatzerik. 1840tik aurrera indartzen hasitako industrializazioa, eta bide berriak sortu edo aurrekoak zabaltzea, badirudi deskonpartimentazio soziofuntzionalaren lagungarri gertatu zirela oro har(45).

Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren protagonismoaren epea da, esparru soziokulturalean eta linguistikoan, bi karlistaden arteko epe hori. Eta epealdi horren erdi-erdian kokatzen da, jakina denez, Lardizabalek Probintziaren erabakiz eta enkarguz euskalguntzari heldu zioneko urtealdia. Ingurumen horretan txertatu behar dira beraz, ezinbestean, Lardizabalen hiztegia eta gramatika, ele biko elkarrizketa-liburua eta Testamentu Zar eta Berrico Condairaren prestaera-saioa.

Hots, bertako Herri Aginte nagusiaren hizkuntza-politikaren ardatz nagusian txertatu behar dira bere Gramática Vascongada eta beste hiru liburuak. Lau liburuetatik bi argitara eman (eta, agian, amaitu) gabe gelditu izanak motibo posible bi ditu: Lardizabalen ustegabeko heriotza goiztiarra batetik, eta une hartako gertaera politikoen (tartean 1854tik 56ra arteko urte biko liberalaren) eta Probintzia barruko indar-korrelazioen joera-aldaketa bestetik. Ikuskizun dago, oraingoz, zer pisu izan zuten faktore batak eta besteak esandako ondorio horretan.


(MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO euskaltzaina da)

  • Txosten hau Zaldibian irakurri zuen Mikel Zalbidek 2006-6-30ean, Zaldibiako Udalak eta Euskaltzaindiak Frantzisko Ignazio Lardizabali eskainitako omenaldiaren barruan.


Oin-oharrak

  • (1) Bost argitaraldi izanak ditu Testamentu Zar eta Berrico Condaira horrek, 1855ean lehenengoz argitara eman zenetik: lau osorik eta bi zatika. Informazio zehatzerako ikus Urgell, 1995: IV-XIV orr.
  • (2) Ikus Ibon Sarasolaren Euskal Literatura numerotan, 109. or.
  • (3) Erantzutea edo, apalago esanik, erantzun-printza batzuk bilatzen hastea: gauza gehiegi dira, bai bere bizian eta bere gramatika honen inguruan, oraingoz argitu ezin direnak. Bere bizi-denbora gehieneko esan-eginak (batez ere 1824tik 1852ra artekoak) lausoegi ditugu oraindik, hainbat galderari erantzun sendoak eman ahal izateko. Gramatika-liburu honek izan zuen zabalkundea eta erabileraz ere, zoritxarrez, ez dakigu ia ezer.
  • (4) Iruñeko Artzapezpikutegiko Artxiboan aurkitutako dokumentu originalen kopia da, hor eskaintzen dena.
  • (5) APUNTES ACERCA DEL CÓLERA MORBO ASIÁTICO QUE SE HA MANIFESTADO EN GUIPÚZCOA EN EL VERANO Y OTOÑO DEL AÑO 1855 ORDENADOS POR EL MÉDICO MAYOR S.M. D. JUAN ANTONIO MONEDERO, CONDECORADO CON LA CRUZ DE EPIDEMIAS POR ASISTENCIA GRATUITA EN LA DE SAN SEBASTIAN, ETC. Probintziaren Inprenta: Donostia, 1885. (50-51 orr.). (4K – 2 – 20. orr.).
  • (6) Donostiako Artxiboan bertan Frantzisko Inazio Lardizabalen bataio agiria ez ezik, anai-arreben bataio agiriak ere badatoz. Hala, badakigu era berean, Frantzisko Inazio Lardizabal eta bederatzi anai-arreba zirela eta bera zela denetan zaharrena. Arrebarik gazteenaren eta bere artean, gainera, dezenteko tartea zegoen: 20 urtekoa, hain zuzen ere. Beste anai-arrebak honako hauek ziren: - 1809-I-21: Jose Maria de Lardizabal (apaiza)
    • 1811???-II-9: Maria Polonia de Lardizabal
    • 1813-IV-29: Joana Francisca de Lardizabal
    • 1815-I-17: Josefa Maria de Lardizabal
    • 1817-XII-7: Maria Concepcion de Lardizabal
    • 1820-III-28: Francisco Xavier de Lardizabal (apaiza)
    • 1823-V-13: Jose Ignacio de Lardizabal (zirujaua)
    • 1826-V-21: Maria Dominica de Lardizabal(1K – 2 – C – 1-19 orr.)
  • (7) Donostiako Elizabarrutiko Seminarioko Artxiboan Lardizabalen bataio agiria dator: "En la villa de Zaldivia á seis de Julio de mil ochocientos y seis, con licencia de mi el infrarcuzo Vicario y Comisario del Santo oficio en la Inquisicion de Navarra, Bautizo D. Juan Bernardo de Echave Pró (párroco) y Beneficiado en esta Parroquia á Franº. Ignacio que nació ayer a las siete y media de la tarde hijo legítimo de Franº. Xavier de Lardizabal natural de la villa de Orendain y Maria Antonia de Urretavizcaya de esta villa. Abuelos paternos Franº. Xavier de Lardizabal natl. de la villa de Idiazabal y Maria Ana de Urquia Iturrioz asi bien natural de esta de Zaldivia. Maternos Jose Martin de Urretavizcaya, y Maria Ingª. de Jauregui también natural de esta, siendo padrinos Franº. Xavier de Lardizabal y Maria Ignacia de Jauregui, a quienes advirtió en parentesco espiritual y la obligacion de enseñar la doctrina cristiana á este niño. Y para que conste firmamos = Dn. Jose Ignacio de Echave = Dn. Juan Bernardo de Echave." (1K – 2 – C – 1-19 orr.)
  • (8) Halaxe dio Belaustegik 1901ean, Euskal-Erria aldizkarian argitara emandako artikulu batean: "hijo de padres modestos y honrados". Ideia bera errepikatu zuen Eduardo de Urrutiak ere 1922an Euskaleriaren Alde aldizkariko XII. alean: "fueron sus padres unos modestos y honrados trabajadores".
  • (9) Zaldibiko udal-artxiboko dokumentuetan herriko haziendaren aurrekontuak ageri dira eta bertan, besteak beste, Udaleko langileek urtean zenbat irabazten zuten zehatz-mehatz esana dator. Zirujauaren soldata, Udaleko langile guztien artean baxuena (edo apalenetakoa) zen. Begira 1852. urteko Zaldibiko aurrekontuei:
    • "El del secretario............................550 reales vellon
    • El del alguacil...............................374
    • El del depositario de fondos..................160
    • El del encargado del reloj....................77
    • El del Cirujano...............................55
    • El de los musicos juglares....................140"

    Bistan da herriko idazkaria eta aguazila zirela, udaleko enplegatuen artean, irabazi handienekoak.

  • (10) Aita-semeen lanbidearen inguruko informazioa Zaldibiko Udal Artxibotik atera ahal izan dugu. 1855eko ekainaren 29an jasotako aktak zera dio: "acordaron nombrar para la Junta municipal de Sanidad a (...) Francisco Ignacio Urretavizcaya Vicario á Francisco Javier Lardizabal y Don Jose Ignacio de Lardizabal Cirujanos (...)". Beraz, aita bakarrik ez, anaia ere zirujau zuen Lardizabalek. 1855eko abenduaren 16an, gainera, Zaldibiko zirujau postua anaiak hartu zuen, aitak uko egin eta gero: "en vista de la solicitud presentada por Don Ignacio de Lardizabal vecino de esta villa, único aspirante que ha pretendido el partido de Cirujano de esta dicha villa, por renuncia hecha por su padre Don Francisco Jabier de Lardizabal, le elejian y nombraban al mismo Don Jose Ignacio de Lardizbal por tal Cirujano para que lo ejerza y desempeñe por las buenas cualidades que le adornan al dicho aspirante Lardizabal y se haria su correspondiente escritura un dia de estos insertando las condiciones que se han de observar".
  • (11) Lazkaoko komentuan beneditarrak badaude ere orain, karmeldarrena izan zen etxe hori garai batean. Desamortizazioan hustu egin zuten komentua, eta 60 bat urtez horrela egon zen, beneditarrak bertara joan arte.
  • (12) "se halla estudiando Gramatica con suma aplicación y siempre ha dado pruebas de buen cristiano, humilde, retirado, obediente a sus Padres y Maiores; ha frecuentado la recepcion de los Santos Sacramentos de Penitencia y Comunion, y siempre decidido por la Causa de la Religion y del Rey, y enemigo del Sistema Constitucional tanto el, como sus Padres, en una Palabra, se halla dotado el mencionado estudiante de todas qualidades que pueda tener un Joben para poder seguir qualesquiera Carrera".
  • (13) Zaldibiko parrokian Fr. Lucas de San Antonio zen, une horretan, behin-behineko bikario. Lardizabalen bataioko eta sendotzako agiriak eskatu zizkioten Iruñeko gotzaindegitik, besteak beste. Fr. Lucas de San Antonio-k 1824ko otsailaren 23an bidali zituen bataio eta sendotza agiriak Iruñeko gotzaitegira.
  • (14) Honela dio bere eske-idazkiak: "Dn Fran.co Ignacio Lardizabal natural de la villa de Zaldivia con el debido respecto expone, que despues de haber estudiado la gramatica latina por impulsos de su vocacional estado Ecco. Se halla matriculado en la aula de logica de este mismo seminario conciliar. En todos tiempos ha observado un porte y conducta correspondiente al estado que aspira, ha frecuentado los Santos Sacramentos y está dotado de las cualidades apreciables que pueden apetecer en un joven como todo consta del certificado que se presenta añadiendo haver estado decidido por la Causa de la Religion y del Rey siendo enemigo del sistema constitucional asi como sus Padres; en cuya atencion y á que se halla constituido en la edad de 18 años Suplica á V.E. se sirva admitirlo para la tonsura en las ordenes de la segunda semana de la proxima Cuaresma. Asi lo espera y en ellos Pamplona 4 de Febrero de 1824" Firma: "Exmo Sr. A nombre del Snp.te Pedro Xamén de Asturias".
  • (15)
  • (16) Otsailaren 4an eskatu bazuen Lardizabalek tontsura, otsailaren 11n hala esaten da: "Dn. Fran.co Ignacio Lardizabal natural de Zaldivia ha de ser examinado para Prima. Pamp.ª 11 de feb.º de 1824". Jarraian hiru sinadura ageri dira: "Alejandro Tellechea", "Dn. Pedro Ignacio Gaseviro" eta "Fran.co Ignacio de Lardizabal".
  • (17) 1824ko otsailaren 23an Fr. Lucas de San Antoniok Lazkaoko komentuko karmelita eta Zaldibiko behin-behineko bikarioak apezpikuaren gutunaren berri eman zuen mezetan, euskaraz. Testiguak, berriz, Zaldibiko Simon Ignazio de Armendariz, Juan Ignazio de Mancisidor, Juan Ramon de Garmendia eta Martin Esteban de Echave izan ziren. Lekuko horiek eskribauaren aurrean Lardizabalen inguruko galderei erantzun zieten. Besteak beste zera azaldu zuten: Frantzisko Inazio Lardizabal ezagutzen zutela, baita haren gurasoak eta aiton-amonak ere; odol garbikoak zirela eta ez zutela inoiz inolako sektatan parte hartu; aita medikua duela Madrilgo Real Proto Medican titulatua (Lardizabalen aitaren lanbidearen inguruko beste datu eta baieztapen bat); zintzoa, sinestuna eta ikasle ona dela, ez dela jokalaria eta ezta biraogilea ere; eta osasuntsu dagoela. Hala, Fr. Lucas de San Antoniok bataio-agiria, sendotza-agiria eta lekukoek aitortutakoa bidali zizkion apezpikuari.
  • (18) 1829ko martxoaren 22an: ikus Blanka Urgell, III. or.
  • (19) GALBARIOCO BIDEA da, konkretuki,Lardizabalek berekin izan zuen Frantzisko Inazio Jauregiren idazlana. Donostiako Baroja liburugilearen etxean argitara emana da ale hori, 1844an. Lardizabalek berak parte hartu ote zuen argitalpen horretan?
  • (20) 1854. urtean Europatik etorri zen gaitza eta berehala –urte hartan bertan, hain zuzen ere– zabaldu zen Espainia osora. www.portaldehistoria.com web orrialdean dioenez, 200.000 pertsona hil ziren Espainian colera morbo asiatikoaren ondorioz. http://www.portaldehistoria.com (4K – 2 – 1-2 orr.).
  • (21) Donostiako Seminarioko Elizbarrutiko Artxiboan aurkitu dugu Lardizabalen heriotzaren berri ematen duen agiria eta honela dio: "Dia veinte de Agosto de mil ochocientos cincuenta y cinco habiendo recibido los Santos Sacramentos de Penitencia y Uncion murio con Colera á los quarenta y nuebe años y un mes de edad en esta villa de Zaldivia D. Francisco Iganacio de Lardizabal Presbitero Beneficiado decano de la Iglesia Parroquial de la misma villa, Notario Ecco. Y natural de la citada Villa, hijo legitimo de D. Francisco Xabier de Lardizabal natural de la villa de Orendain y residente en esta villa, y de Dª Maria Antonia de Urretavizcaya, ya difunta (azken bi hitzak gainaldean datoz idatzita), natural y residente que fue de esta villa. No testó y al mismo día fue conducido su cadaver al Campo Santo, habiendosele echo las funciones de Iglesia cuando ceso el Colera". Agiri hau Jose Maria de Lardizabalek firmatuta dago, Frantzisko Inazio Lardizabalen anaiak, hain zuzen ere. Bertan zera dio: "Benef.do y Vic.º int.º".
  • (22) "Dia ocho de septiembre de mil ochocientos cincuenta y cinco habiendo recibido los Santos Sacramentos murio con Colera á los quarenta años y ocho meses de edad en esta Villa de Zaldidivia Dª Josefa Maria de Lardizabal soltera natural de esta Villa, hija legitima de D. Fran.co Xabier de Lardizabal natural de Orendain y residente de esta villa y D.ª Maria Antonia de Urretavizcaya ya difunta (azken bi hitzak gainaldean datoz idatzita) natural y residente que fue de esta Villa. No testó; y el mismo dia fue conducido su cadaver al Campo Santo habiendosela hecho las funciones de Iglesia cuando ceso el Colera. Y firma = sobre puesto = ya difunta D. Jose Maria de Lardizabal Benef.do y Vic.º int.º".
  • (23) Duda-muda handia eragiten dit lotura-bide aski mekaniko horrek. Batez ere aurrez aurrreko harremanei dagokienean, ez da batere garbi halako loturarik izan zuenik. Besterik litzateke, jakina, liburu bidezko ezagutza.
  • (24) Hala esana du bere berri ondo zekien Jose Garmendiak: bai 1968an, El Diario Vasco-n , eta bai 1996an, Euskera aldizkarian.
  • (25) "Nombro por mis testamentarios y alvaceas al mismo Mancisidor y Dn Frcº Ignacio de Lardizabal Pro. Beneficiado de la Parroquial de esta villa".
  • (26) "Lardizabal fue amigo del ilustre cantor de los bailes vascos, Iztueta, a quien ayudó en la publicación de sus obras y del no menos distinguido don Severo Adriani, obispo de Pamplona, quien le honró con los cargos de notario eclesiástico y visitador de conventos de religiosas..." (Diario Vasco-ko zita).
  • (27) Hala ageri da John D. Bernal autorearen Historia Social de la Ciencia liburuko 419. orrialdean: "En la enorme explosión de actividad productiva que tuvo lugar entre 1830 y 1870 la ciencia desempeñó una función vital pequeña pero creciente".
  • (28) Ikus, bereziki, José Angel Achón Insaustiren Historia de las Vías de Comunicación en Guipuzkoa.
  • (29) Hona hemen 40ko hamarralditik aurrera Diputazioaren eskutik eraiki ziren errepideetako batzuk:
    • "Carretera del río Urola, de Zumaya á Errastiola......................... 1843-1844
    • Carretera de Santa Agueda ............................................... 1846
    • Carretera de Oñate á Ormaiztegui, por Legazpia .......................... 1846-1848
    • Carretera de la costa, por Usúrbil, Orio y Zarauz ....................... 1851-1853
    • Carretera de Oyarzun á Mendiondo de Rentería ............................ 1852-1853
    • Carretera de Salvatore á Errastiola ..................................... 1852-1853
    • Carretera de Segura y Cegama hasta Idia-Kaitz ........................... 1854-1855
    • Carretera del puente de Lazkaibar á Ataun ............................... 1855-1856
    • Carretera de Elgóibar al confín de Vizcaya .............................. 1856-1857
    • Carretera de Motrico al confin de Vizcaya ............................... 1856-1857
    • Carretera de Azcoitia a Villa-Real ...................................... 1860-1862
    • Carretera de Villa-Real á Legazpia ...................................... 1862-1863
    • Carretera de Tolosa á Berrobi ........................................... 1862-1863
    • Carretera de Lasarte á Chiki-erdi ....................................... 1863-1864
    • Carretera de Zarauz á Guetaria .......................................... 1863-1864
    • Carretera de Idia-Kaitz á Arkurutzeta ................................... 1863-1864
    • Carretera de Zaldivia á Villafranca ..................................... 1864-1865
    • Carretera de Elizaberri á Zumarraga ..................................... 1865-1866
    • Carretera de Irún al paso de la estación ................................ 1865-1866
    • Carretera de Fuenterrabía á dicho paso .................................. 1865-1866
    • Carretera de Rekalde á la de Oriamendi .................................. 1865-1866
    • Carretera de Amezqueta á Alegría, cinco de los seis trozos .............. 1865-1866
    • Carretera de Deva á motrico ............................................. 1865-1866
    • Carretera del ramal de Segura á Mutiloa ................................. 1865-1866
    • *...”*
  • (30) Hiru urteko bizialdi labur horren ondoan Tolosako irakasle-eskola zergatik itxi zen ez du inork, dakidalarik, oraindik argitu. Badirudi, nolanahi ere, irakasle-eskola txikia zela Tolosako hori, ez gero eratu nahi izan zen handia.
  • (31) 1852ko Tolosako Batzar Nagusietan zera erabaki zuten: *"Ultimamente se leyó otro oficio que con fecha 4 del corriente dirijia á la Junta D. Pio de Zuazua, elogiando la importancia del Diccionario trilingüe de Larramendi y ofreciendo hacer su reimpresion, siempre que la Provincia le prestase la cooperacion que necesitaba para realizar este proyecto; y penetrada la Junta de la necesidad de reproducir una obra que desgraciadamente va desapareciendo del pais por falta de ejemplares de la antigua impresion, acordó recomendar este asunto á la Diputacion, para que oyendo al referido Zuazua y examinando su proyecto, viese de darle la proteccion que pedia, siempre que conociese que por este medio se podia lograr la reimpresion de dicha obra con la perfeccion posible, cuidando en este caso de mejorarla en cuanto permitan los adelantos del dia y los conocimientos que puedan adquirirse de la lengua vascongada. Al propio tiempo dispuso la Junta, que la Diputacion quedase encargada de recomendar á los Ayuntamientos de los pueblos de esta Provincia, cuando llegase el caso, la adquisicion del referido Diccionario, para que pudiera constar en sus archivos esta apreciable recopilacion de voces vascongadas. Con este motivo el Sr. Corregidor político hizo presente á la Junta que para facilitar á los Ayuntamientos la adquisicion de esta obra, contribuiria por su parte con cuanto estuviese á su alcance, admitiendo en los presupuestos municipales las cantidades que se consignasen al efecto, porque se hallaba persuadido de que interesaba á este pais el que se generalizase en lo posible el conocimiento de su lengua".
  • (32) Astigarragaren kasuan, halere, kontua ez dago hain argi: badakigu bere semea saiatu zela, hain aspaldi ez dela, aitaren lanak berrargitaratzen. Eta badakigu, batez ere, liburu horrek aski salmenta ona zuela Probintziako eskoletan. Uste izateko da Eguren ikuskariak bere testu-liburua 1867an argitara eman arte berori izango zela gehien erabilitako testu-liburua.
  • (33) Lardizabalek honela dio Diputazioari eginikako gutunean: "M.N. y M.L. Provincia de Guipuzcoa" "Deseando llenar los deseos que V.S. en sus ultimas Juntas Generales manifestó de que continuára en la confeccion de la Gramatica Bascongada, Diccionario doble y una obra de testo para la traduccion, cuya operacion se había dignado confiar á mis cortas luces, he proseguido en la de la Gramatica, sin dejarla de la mano; y tengo el honer de presentarla á V.S. terminada ya: y me cobra el mayor placer, en que merezca su aprobacion.) Dios que N.S. muchos años. Zaldivia 17 de Septiembre de 1853. (puntu eta aparte) Fran.co Ignacio de Lardizabal.
  • (34) "Diputacion general de 19 de Setiembre de 1853". Azpian, berriz, zera jartzen du: "Zaldivia: Sr Dn Francisco Ignacio Lardizabal". "Con sumo placer he recibido su atento oficio de 17 del corriente y la gramática que me remite de la lengua bascongada. La Provincia de Guipuzcoa que sabe el afanoso empeño con que por complacerla se ha dedicado V. á este importante trabajo, crée que estará concluido con aquella perfeccion que reclama su naturaleza; pues siendo su obgeto, imprimir y publicar esta obra, para que por ella pueda un dia llegar á ser conocida de los hombres una lengua tan antigua y tan poco parecida á las demas del mundo, debe V. no estrañar que antes de dar este paso, quiera cerciorarse de su merito consultando al efecto el coto de hombres competentes en la materia y conocedores de la lengua bascongada. (puntu eta aparte) Tan pronto como estos examinen la obra y den su censura, tendré cuidado de comunicarsela á V. para su gobierno, debiendo yo entre tanto tributar á V. las gracias mas espresivas por el celo y actividad con que ha procurado y procura evacuar el encargo que le dió la Provincia de escribir una gramática de la lengua bascongada, un diccionario doble y, una obra que sirva de testo para la traduccion".
  • (35) Language Acquisition Planning-en atal bat, hemen eta nonahi, L2 ikasteko eta L2 irakasteko metodogintza izan ohi da. Metodogintza horren atal bat, berriz, onespen-azterketa. Ohiturik gaude, erdal ikasmaterialen aldetik, liburu horren edukiz-azterketaz, onespenaz edo autorizazioaz hitz egitera: hots, liburu hori eskolan erabiltzeko eduki aldetik egokia dela dioen erabaki ofizialaz jardutera. Ez gaude hain ohituak, aldiz, ikasmaterialen hizkuntzazko onespen onespenaz, edota onespen-azterketaz, jardutera. Badakigu jakin biak egin ohi direla, egungo egunean, euskarazko ikasmaterialen kasuan, ez dakigu, aldiz, mende joanetan hizkuntzaz onespen-azterketarik egin izan den, eta noiz-nola. Kontua da liburuek oro har, eta ikasliburuek bereziki, onespen-azterkta jasan izan behar dutela maiz, oso maiz, eta herri-aginteen eraginez eta diru-babesez argitara emandakoak ez direla aparteko salbuespen.
  • (36) Agiriak honela dio: *"Este oficio se pasó aunque en distintas fechas á los Sres Dn. Juan ignacio de Larrondoburo vicario de Monjas de Motrico Dn. Manuel de Zabal-Inchaurrieta – de – a Azcoitia Dn. Sebastian Alejo de Azpeitia, vicario de la parroquial de Cestona". Testuak honela dio: "Hace tiempo que por encargo de esta Provincia se halla ocupado en escribir algunas obras sobre la lengua bascongada D.n Francisco Ignacio de Lardizabal, Beneficiado de la iglesia parroquial de Zaldivia. Una de las que ha terminado primero, es la gramática de la lengua bascongada, y deseando yo asegurarme por el voto de hombres competentes en la materia, si otra obra es digna de ser impresa y publicada, he creido deber remitírsela á V. para que prévio su exámen me diga su censura con aquella imparcialidad que le distingue y que espero de su buen celo. Se remitírsela pues á V. en un cuaderno manuscrito que tiene ciento cuarenta y nueve páginas con tres hojas mas de índice y notas, le remito tambien un ejemplar de la gramática bascongada escrita por el P. Dn. Manuel Larramendi para que pueda cotejarlas y ver las mejoras que sobre ella ha podido introducir el referido Lardizabal en su nueva gramática. Las noticias que tengo de su aficion decidida á esta clase de estudios y de los conocimientos especiales que posee sobre ellos, me corresponde al mérito de ella y al deseo que tiene la Provincia de que una obra escrita bajo sus auspicios, salga con aquella perfeccion y lucimiento que reclama su índole y naturaleza"*.
  • (37) "Id á los herederos del finado D. Francisco Ignacio de Lardizabal Presbitero Beneficiado que fué de la Iglesia parroquial de Zaldivia, como una muestra de reconocimiento al mérito que contrajo, dando á luz la Gramática vascongada y Compendio de la Historia Sagrada en vascuence....................4.000" "Id a don Ignacio Ramón de Baroja por la impresión de dicha gramática bascongada. 5.000 reales vellón" / "Id a don Andrés Gorosabel, impresor de esta Diputación por los jornales de dos auxiliares empleados durante cien días en la impresión de dicha Historia Sagrada, escrita en vascuence por don Francisco Ignacio Lardizabal, con inclusión Rs. Vn. 1000 por via de gratificación al mismo impresor 3.000 reales vellón". Inprimaketarekin lotutako gastu gehiagoren berri ere ematen du.
  • (38) Baina ikus, Nafarroarako, Fermin de Ulzurrun doktorearen 1662ko testigantza goiztiarra.
  • (39) Ez da ordea lehenagoko testigantzarik falta, artikulu zabalean xeheago adieraziko denez.
  • (40) Iruñeko Obispadoaren mendeko epai-instantzietan gertatukoaz, zorionez, aski informazio aberatsa dugu aspalditxodanik. Espero eta desio izatekoa da Kalahorrako eta Gaztelako instantzietan gertatutakoaz ere bihar-etzi antzeko argibideak eskuratu ahal izatea.
  • (41) Bistan da proiektu pertonal hutsa baino zerbait gehiago izan zela, gainera, Larramendiren saio hori: nekez esplika liteke, bestela, bere 1729ko Gramatika eta 1745eko Hiztegia Gipuzkoako Agintaritzak ordaindu izana.
  • (42) Horretaz ez dago duda zipitzik. Artikulu luzean emango da horretaz hainbat azalpen xehe.
  • (43) Proiektu hori ez zen, halere, oso aurrera joan. Espainiako erreinuaren 1767ko hizkuntza-politika ofiziala Arandako kondeak Nafarroako Kontseiluari euskal liburuen debeku-aginduaz jakinarazia, erabakigarria gertatu zen oso. 1771ko Errege-erabakia bera, erreinu osoko eskola-sistemaren arau-emailea, 1767ko politika-bide elebakar horren jarraikile eta garapen kontsidera liteke. Zenbait euskaltzaleren testigantza kontuan hartuko badugu, gainera, badirudi lege-xedapen huts baino ondotxoz gehiago izan zela politika-bide elebakar hori.
  • (44) Mogel baten figura ezin uler liteke, besteak beste, bere cultivation –langintza hori gabe. Bere lanak Bizkaian, batez ere XIX. mendearen erdialdeko testugintza administratibo-juridikoan, izan zuen eraginaz ikus, bereziki, Andres Urrutiak zuzenduriko Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Euskara: 1833-1877.
  • (45) Gutxiegi aztertua dugu hori ere, zoritxarrez, eta litekeena da fenomeno ekonoteknikoek eragindako emaitza soziokultural eta linguistikoen ebaluazio sakon-zehatz batek uste ez bezalako ondoriorik plazaratzea, bihar edo etzi.


Mikel Zalbidek erabili.com-en argitaratuak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus