Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ona, polita eta merkea

Ona, polita eta merkea

2006-07-07 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal - EITB   HIZKUNTZA

Urtearen barruan asko dira sasoi seinalatuak, eta albistegietan denei egiten zaie tokia. Antzina, Elizaren egutegiak agintzen zuen zein zen egun berezia eta zein arrunta, baina gaur egun Merkataritzako egutegiaren lehia du: Amaren Eguna, Aitaren Eguna, Maiteminduen Eguna, Gabon osteko merkealdia, udako merkealdia... Horien berri eman behar dutenentzat, orri honetan esapide erabilgarriak batu ditugu.

Merkealdia

Merkealdia

MERKEALDIAN gaude. Uztaileko lehen egunarekin batera datorkigu UDAKO MERKEZAROA. BEHERAPENETAN arropak, oinetakoak, etxetresna elektrikoak eta enparauak prezio hobean eros ditzakegu.

Prezio txikiagoak

Prezioak MERKATU / BEHERATU egiten dituzte dendariek, eta etiketetan biak agertu behar dira: LEHENGO PREZIOA eta PREZIO MERKATUA.

Erakusleihoetan txartel handiak itsasten dituzte, erosgaiak ZENBATEAN / ZEGAN dauden azaltzeko. Denetariko DESKONTU eta BEHERAPENAK ageri dira: % 20, % 30 edo % 40 MERKEAGO, baita ERDI-PREZIOAN ere.

Harrigarria da inon ez dela salneurri biribilik ikusten: zapatak 69,99 EUROAN, bainu-jantzia 29,99 EUROAN...

Aukera onak

Erosle finak merke-merke erostera irteten dira, MERKE-ZUHURREAN ibilita, urteko MAUKA edo PAGOTXA non aurkituko.

Dendak

EURO-DENDEK, DENDA TXIKIEK, SALTOKI HANDIEK, MERKATARITZA-GUNEEK, denek eskaintzen dute zerbait merkezaroan. Sasoi amaieran, gainera, saltzaile batzuek stockean duten JENERO guztia atera ohi dute bigarren merkealdian, eta han izango da bat baino gehiago, salmahaietan aztarrika, EROSGAI merkeenak non topatuko.

Kontsumoa

Edozelan ere, KONTSUMITZAILE-ELKARTEEK urtero ohartarazten dute inork ez duela ezer DOAN ematen, eta aldez aurretik pentsatuta eduki behar dugula zer erosi eta zer ez, merkealdiaren GASTU-OLDEAK harrapatuta ito ez gaitezen.

Dendan arazorik izanez gero, bezeroak ERREKLAMAZIO-ORRIAK eskatu behar ditu, eta, orria bete ondoren, KONTSUMITZAILEAREN INFORMAZIORAKO UDAL-BULEGORA jo behar du.

Gehienetan ez da auzitara heldu beharrik izango, gero eta denda gehiago baitago kontsumoko ARBITRAJE-SISTEMARA atxikita.

(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

 
Interesgarria
2006-07-07 / 13:01 / Borja Ariztimuño López

Oso interesgarriak izan ohi dira mota honetako artikuluak, terminologia asko barneratzen eta ulertzen laguntzen dute/didate.

Kasu honetan kontzeptu gehienak ezagunak zaizkit. Baina zenbait ohar ditut:

EROSGAIAK aipatzen dira, baina JENEROA (garbizalekerietan sartu gabe, erdarakada hutsa deritzodana) horren ordez SALGAIAK idaztea ez litzateke hobe?

Hainbat sinonimo darabiltza testu osoan zehar, baina DOAN bakarrik ageri da, DOHAINIK ere hor dugu.

ERREKLAMAZIO-ORRIAK berriz, KEXA-ORRIAK, KEXAKIZUN-ORRIAK edo KEXA-LIBURU ere esan daiteke, azkenekoa da niretzat, hain zuzen, egokiena.

"ARBITRAJE-SISTEMA" ere ipintzen du. Nik ez dakit zer den zehazki, baina uste dut EBAZPEN-SISTEMA edo TARTEKARITZA-SISTEMA egokiagoak direla (esanahi zehatzaren arabera, bata edo bestea).

Besterik gabe, jarrai oraino bezala!


(BORJA ARIZTIMUÑO LÓPEZ Euskal Filologiako ikaslea da)

 
Merke(tu) edo merka(tu) verbua
2006-07-07 / 17:54 / Erramun Gerrikagoitia

Izkiriatu izan da hemen:

Prezioak MERKATU / BEHERATU egiten dituzte dendariek, eta etiketetan biak agertu behar dira: LEHENGO PREZIOA eta PREZIO MERKATUA.

Ia seguru ezen merkatu eta merketu hitzak datoz -datozke- leku beretik edo behintzat dagoz osoro relationatuak, baina guretzat bat da merkatu substantivoa lekua non saltzen eta erosten da jeneroa merke edo karu eta betea da merketu adverbioa indikaturik zerbait merke edo merkeago saltzen da.

Hortakoz, nik bedere, ez dut ongi ulertzen hori prezio merkatua, zein, nik bedere, izkiriatzen nuke nola esan daroagu, prezio merketua (sic merketua eta ez merkatua).

Kommentarioa eginik alboz (edo tangentzialki) buruz lexikoa -puristago edo mordoiloago, gogoan hartuz esan duena hak Borja Ariztimuño edo esan ahal duena beste edozeinek- esan edo reesan ze hasi ahal gara hitzak eta terminoak jartzen kolokan (eta bidenabar, ere entelegua hon euskalduna). Esaterako, exemplugarri, ere tzat prezio erabili salneurri edo beste mila, nola ere Borjak izentatuak.

Nire ustez nahi bada reklamatu zeozer hobe da reklamatu ezi erreklamatu zeren da euskara realago eta apartatzen gara tik anakhronismoak eta desphase generationalak.

Nola bait dio kopla zaharrak arrazoi handiz eta ere biologikoz, utz dezagun iragana -ere an lexikoa- tzat joan zirenak eta guk darabilgun geure oraikoa, gaitezen bizi begira egungoari eta datorkikegunari harturik kontuan ere iragana.

Sasoian sasoikoa, aurten aurtengoa, neskea nahi dut ama hogei urtekoa.

(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ erretreta hartutako maisua da)

 
Ortografiari buruzko ohartxoa
2006-07-12 / 10:39 / Iñigo Roque

Oso artikulu jakingarria, beti bezala, eta didaktikoa. Dena den, ortografia-kontu bat zuzendu beharra dago: merke-zuhurrean barik merke-zurrean behar du, Hiztegi Batuak hala jaso baitu (labur-zurrean, merke-zurrean...).

Jenero hitzaz, ordea, ez daukat ezelako zalantzarik. Euskaldun askoren ahotan entzuten da, salerosketak tartean direla.

Jenerotan ordaindu zion, dirutan barik

Jenero ona eraman zuen azokara.

eta abar.

 
Argudio razionalak edo irrazionalak
2006-07-21 / 11:31 / Erramun Gerrikagoitia

Logiko izateak -eta ez izatea illogiko- ba dauka bere alderdi ona eta mesedegarria. Halan esan behar bada merke-zuhurrean (edo merke-zurrean) saldu da zeozer komini da edo komeni litzateke ze irakurleak (edo entzuleak) ulertzea hitzak: merke eta zuhur. Beraz nik logikoago kausitzen dut izkiriatzea merke-zuhurrean ezi merke-zurrean.

Ez da argudio bat eta gutiago argudio razionala esatean ze erabaki da hain. Hontaz eta buruz honelatsuko illogikotasunak eta explikatzeko diffikulatateak mintzatu da oraitsu akademiko Xabier Kintana, nire ustez arrazoiz.

Erabaki bat -zein datorren soil tik ebaki verbua- izanik ere hon Akademia bat' egon ahal da ondo edo txarto (ondo ebakia edo txarto ebakia) eta batez ere behar luke egon erabaki horrek ongi eta logikoki erabakia, ebakia. Egoki erabakia, egoki ebakia


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ erretreta hartutako maisua da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus