Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bitakora kaiera

Bitakora kaiera

2006-06-07 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Hasi da agertzen gure idazleen lanetan esapide hori. Espainolez ongi dakitenek baino ezin dute erabili, eta espainolez ongi dakitenek baino ezin dute "gozatu"; zeren bere itxura tekniko-literarioa gorabehera, espainola baino ez baita.

Bitácora delakoa latinezko habitaculum ("etxebizitza") hitzetik dator, frantsesezko bitacle-ren bitartez, antza, eta hasieratik bertatik hartu zuen itsasketan duen adiera: iparrorratza jartzen den armairua edo kutxa finkoa; frantsesez habitacle da eta ingelesez binnacle.

Cuaderno de bitácora-ri dagokionez, espainolaren barruan sorturiko esapidea da: frantsesez livre de bord da, hots, "itsasontziko liburua" -hobeto agian, "ontziko liburua" Txema Martinez de la Piscinaren erabileran- eta ingelesez logbook edo ship’s log, hots, "itsasketa egunkaria" edo "ontziko egunkaria". Gauzak horrela, ez dut arrazoirik ikusten euskaraz bitakora kaiera edo bitakora koadernoa esapidea mailegatzeko. Askozaz egokiagoa iruditzen zait lehen aipatu dudan ontziko liburua.

Badakit hainbat jende hotz eta motz gelditzen dela horrelako argudioen aurrean. Baina areago idazten dut nik, horrelakoentzat baino, euskararen izaerari hain arrotz gertatzen ez zaizkion espideak nahiago dituztenentzat.

Eta bide batez, bitácora erabiltzen hasi dira espainolez blog nazioartekoaren alternatiba gisa. Ez zait gaizki iruditzen, hizkuntza bakoitza beregaina denez gero nahi duen eran jokatzeko. Baina, jakina, delako bitakora hori ere iritsi da gure artera. Antza denez, jatorragoa iruditzen zaie batzuei, espainola denez gero, nazioarteko hitza baino.


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
Diskulpa irrazionalak hon pseudopropheta pretenditua
2006-06-07 / 11:44 / Erramun Gerrikagoitia

Esaten du guri (digu) hak Ibon Sarasola akademikoa:

Badakit hainbat jende hotz eta motz gelditzen dela horrelako argudioen aurrean. Baina areago idazten dut nik, horrelakoentzat baino, euskararen izaerari hain arrotz gertatzen ez zaizkion espideak nahiago dituztenentzat.

Dirudienez ba daki ze hainbat jende gelditzen da hotz eta motz kin horrelako argudioak; zein ez da guti konturatzea ezen hainbat jende ba da holakoa' geratzen dena -gehiago paratzen duena berak Ibonek- groggy (hau berba ingles boxeokoa da Ibon, ez bazeneki ere). Berak -Ibonek- ere bere burua ipintzen duke dirudienez goiko postutako rankinean hon grogganteak, hau da, euskararen grogganteak. Hori berak ere onhartzen du edo duke, tira zeozer bada.

Gero diskulpa eta ere atxakia bila esaten du -nola ere zeozer esan baleza- ezen baina ...:

Baina areago idazten dut nik, horrelakoentzat baino, euskararen izaerari hain arrotz gertatzen ez zaizkion espideak nahiago dituztenentzat

Hor dioenak antza gehiago dauka kin prophetiak ezen-ez argudio razonatu zientifikoa. Mintzo zaigu gainean hain arrotz gertatzen ez diren esapideak. Hala bedi, phrase hori ea zein portzentaia soziologiko euskarazkori ez zaio arrotz egiten. Dirudienez hori dateke redaktatzeko ereduzko prosea an euskara. Hori, esaterako phraseak horrelatsukoak tzat izan ez dakion euskarldunari arrotz:

Baina areago idazten dut nik, horrelakoentzat baino, euskararen izaerari hain arrotz gertatzen ez zaizkion espideak nahiago dituztenentzat

Nik hartara proposatzen dut akademiko numerario Ibon Sarasola eta professore universitarioa lehenengo kandidato an rankina hon euskararen grogganteak eta euskararen drogosoak. Diskulparik ez Ibon eta ezta atxakiarik edo razonatu argiki -hori bait da zure espezialitatea, antza- diozuna.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ erretreta hartutako maisua da)

 
Arazo larriagoak
2006-06-07 / 12:34 / Inazio Barquero

Zer(k) larritzen ditu gure akademiko jaunak? Sarritan horixe galdetzen diot neure buruari, eta ez dut itxaroten haien erantzunik, bai baitakit (jakin ere) arazo larriagoak dituztela eskuartean eta larritzeko arrazoi handiagoak dituztela beren buruetan.

Izan ere, arazo askoz ere larriagoa da gure hizkuntzaren garbitasuna eta sasi-euskaldunok erabiltzen ditugun hitzen jatortasuna, ezen ez prosa-eredu kultu eta nazioartekoki homologatu bat izatea (ostia, Erramun). Beraz, ezer baino lehen kondena eta gaitzets ditzagun hitz gaizto guztiak, ken ditzagun belar txar guztiak gure baratzetik, eta kondena dezagun aurrena bitakora hori, hitz zatarra inondik ere, espainol-kutsukoa gainera, edo kutsu espainolekoa (nork daki?), zeren eta ez baitiot leku onik aurkitzen gure hizkuntza zerutiarrean edo zerutiar hizkuntzan, berdin da.

Noiz eta hurrengo EGA azterketa egiten dudan, oso kontuan izango dut azken anatema, eta bloga idatziko dut (ahozko proban, berriz, bloja ahoskatuko dut, euskaltzain zintzoek bezala, ezta?). Bide batez, beste galdera bat, zenbat akademikok gaindituko lukete azterketa hori?


Inazio Txalupalari

 
Iritzi xelebrea
2006-06-07 / 15:50 / Asier Uzue

Foro xelebre honetan, zilegi bekit niri ere neure iritzi xelebrea eranstea.

Ez naiz Ibon Sarasola edo bere estiloko euskaltzainen aurka, sistematikoki eta gupidarik gabe, agertu zalea. Ezta euskaltzainek esaten duten orori amen egiten dioten horietakoa ere.

Oraingo honetan, ados nago Ibonek dioenarekin. Beti egin zait bitxia "bitakora kaiera" hitz elkarketa. Alde batetik "kaiera" hitzak frantseseko "cahier" hura dakarkidalako burura; bestetik "bitakora" guztiz bestelakoa den eremu linguistiko batean kokatzen nuelako, gaztelaniarenean alegia. Beraz, naturaz kontrakoa neritzon bi hitz horien ezkontzari, eta ez mestizajearen aurka nagoelako alajaina.

Beraz, nik ere ez dut oso ondo ulertzen bitakora kaierazaletsaun hori, ez bada Sarasolari berriro ere egurra emateko.

PD Bide batez esanda, Ibon, zer dela eta suposatu aditza hitzetik hortzera erabiltzeko joera gaixoti hori?

 
Hiztegi elektronikoa
2006-06-07 / 17:37 / patxi gaztelumendi

Zabaldu.com albisteak hedatzeko gunean jakin dut Sarasolaren artikulu honen berri. Arretaz irakurri ostean, ezjakintasunetik, modagatik, edozer dela kausa ere normalean egiten ditugun akatsen berri izan dut, beste behin.

Blogei buruz, asko eta sarri berba egiten duen horietakoa naiz. Hitzaldiak, ikastaroak... denetarik. Eta aitor dizuet, maiz erabili dudala kuadernoaren erreferentzia, eta baita bitakorarena ere... hain dago eta zabaldua gaztelaniaz. Bloka ere aipatzen dugu.

Bloga bera, arrunta iruditzen zaigu. Ohikoa. Eta nahi badugu, adibide bat jarri... ba bitakorara jotzen dugu, dietariora....

Mila esker beraz, Sarasola. Jarraitu dezazula, blogetan gabiltzanoi horrelako argibideak ematen... akademiak egiten duen bidetik baino, argigarriagoak diren bide hauetatik, adibide hurbiletatik, erreferentziak emanez.

Teknologia berrion garaian, guztiz beharrezkoak ditugu horrelako adibide, bronka eta aholkuak. Hiztegi elektronikoa behar dugu, alegia, garai berrietako berba egokien hiztegia. Formatuak ez dit horrenbeste ardura... egokia bada.

 
ROMANICAn
2006-06-08 / 14:17 / Josu Lavin

ONTZIKO LIBURUA

ROMANICAn, hau da, Hizkuntza erromaniko erkide batuan:

libro/diario/jornal de bordo

Nederlanderaz: scheepsjournaal, logboek; Ingelesez: ship's journal, log, logbook

Euskaraz badirudi ezen

ABORDOKO/ONTZIKO LIBURUA/EGUNKARIA

esan genezakeela.


(JOSU LAVIN, Herri Ikastetxeko Irakaslea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus