Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bizidunak

Bizidunak

2006-06-02 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal - EITB   HIZKUNTZA

Euskararen tradizio idatzian hainbat bider aurki daitezke izen bizigabeak bizidunen erara deklinatuta. Bazterreko fenomenotzat jo daiteke, baina sasoi batean albistegietako testuetan asko zabaldu zen, estilo zainduaren ezaugarria izango balitz bezala.

Manu Arrasatek Euskarazko albistegietarako esku-liburua-n (1992) oso garbiro detektatu zuen arazoa: «gizartearengan konfidantza izan», «taldearengandik hurbil», «kulturarenganako joera»... Berriki, erabili.com-en aztertu dituzte arazoaren zenbait adar Ibon Sarasolak eta Saroi Jauregik eta Alfontso Mujikak.

Izen bizidunak pertsonak eta animaliak aipatzeko erabiltzen ditugun izenak dira («gozogilea», «astoa»...). Izen bizidunak -gan atzizkiaren bidez edo -ren baitan postposizioaren bidez deklinatzen dira leku-denborazko kasuetan. Nolanahi ere, ohar hauek hartu behar dira aintzat.

  • Superlatiboan ez da bizidunen moldea erabiltzen.
    • Athleticeko jokalaririk / jokalarietan onena Kuko Ziganda da.
  • Biziduna “leku”-tzat hartzen denean, deklinabide arrunta erabiltzen da:
    • Behia zezenera eraman.
    • Helmugara heltzeko zegoela, zalditik erori zen jockeya.
    • Agur, bihar segituko dugu hizketan, mediku(ta)ra noa eta.
  • Medikuntzaren, soziologiaren edo beste zientzia baten ikuspegia hartzen denean, ez da bizidunen moldea erabiltzen:
    • Mongolian ere izan dira hegazti-gripearen agerraldiak. Gehienak gizakietara igarotzen den motakoak dira.
  • «Elkar» bizidunen antzera deklinatzen da beti.
    • Banan itzazu liburu horiek elkarrengandik.

Bizidunen moldea erabiltzeko murriztapenak hainbeste izanda ere, albiste-testuetan arrakasta handia izan du. Batzuetan, hitz garrantzitsuak hanpatu edo nabarmendu nahi izateagatik jotzen da horrelako moldera. Jokabide hau baztertu egin beharko genuke.

  • EZ
    • Herrizaingo sailburuak baikor ikusten du Alderdien Legearengandik aldenduta PSOEk hartu duen jarrera.
  • BAI
    • Herrizaingo sailburuak baikor ikusten du Alderdien Legetik aldenduta PSOEk hartu duen jarrera.

Izen jakin batzuen atzean, hiztunek pertsonak daudela igartzen bide dute, Manu Arrasatek iradoki bezala. Berriro ere, jokabide hau baztertu egin beharko genuke.

  • EZ
    • Getafe Atheticengandik hiru puntura jarri da azken partidan.
  • BAI
    • Getafe Atheticetik hiru puntura jarri da azken partidan.
  • EZ
    • Garraioetako grebak eragin oso handia izan du eskolengan.
  • BAI
    • Garraioetako grebak eragin oso handia izan du eskoletan.

Amaitzeko, ohar bat. Azkenaldian klixe bihurtu zaigu «-rengan eragina izan». Berezkoagoak dira beste batzuk: «grebak eskola-ume guztiei eragin die», «grebak eskola-ume guztiak ukitu ditu».

(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

 
Zehaztasunak
2006-06-02 / 14:27 / Alfontso Mujika

Kontu jakingarria plazaratu du Asierrek. Berak esan duen bezala, aspalditik detektatua eta ohartarazia izanagatik, hor dabil akatsa oraindik. Nonbait, jaso edo dotore irizten diote batzuek bizigabea biziduntzat deklinatzeari.

Asierrek aipatu duen puntu batean badut eragozpen bat, dena den. Hona hemen:

«"Elkar" bizidunen antzera deklinatzen da beti: Banan itzazu liburu horiek elkarrengandik.»

Oso uste zabaldua da "elkar" beti bizidunen antzera deklinatzen dena. Niri ere halaxe erakutsi zidaten aspaldi, eta, nire inguruan ere, ohartua naiz zabal dabilela uste hori. Baina ustea baino ez da (hori da, behintzat, nire ustea), "elkar" izenordeak bizigabeen deklinabidea ere har baitezake –"elkarretatik", "elkarretara"...–; hau da, ez du nahitaez bizidunen deklinabidea behar. Eta ez bakarrik Iparraldean. Hona hemen Hegoaldeko adibide batzuk (lehenengoa "etxekoa" da, Pello Salaburuk berak erabili.com atarian argitaratua):

... dizkigu plazaratzen uzten, publikoki eta agerian bederen, beste mota hauetako galderak, eta ez gara elkarretara biltzen erantzun egokiak aurkitu nahian. ...

eta gaurko era herrikoia elkarretatik asko urrundu baitira. Kasu bietan deituren ... Gaur egun auzoko etxe guztiek izen bera daramate, elkarretatik ...
www.euskara.euskadi.net

Hala ere, azken urteotan, ikuspegi ezberdin horiek elkarretara hurbiltzeko joera erakusten dute, gero eta korapilatsuagoa den eta erakunde asko barne ...
www1.euskadi.net -

aurkakoa den joera ezartzea, elkarretatik urruntzekoa, alegia, komenigarri deritzon ... elkarretatik bereiz ditzagun. Ikus 27. atala. ...
www.klasikoak.com

iritziak aldatu eta elkarretara hurbiltzen dira pertsonak aldatzen direlako, eta, pertsonengan. aldaketarik gertatzen ez bada, elkarrizketarako gertutasuna ...
www.bizkaia.net

Esan ohi denez, "ur ttipiek elkarretara bilduz egiten dute ur handia". Energiazko ur ttipiak onuragarriak dira. Baina, aski al ditugu? ...
www.sc.ehu.es

euskal Diputazioak elkarretara hurbildu eta elkarren artean lan egitearen aldekoa. Lau probintzien batasuna aldarrikatzen zuen Laurac-Bat goiburua ...
www.ehu.es

Tarifan ezarritako mailak elkarretatik apartekoak dira; beraz, zerga oinarriaren zati. bakoitza dagokion mailarako ezarritako tasaren pean zergapetuko da. ...
www.euskadi.net

eskalan elkarretatik distantzia berera agertzen diren maila guztiak. Horren arrazoia da gero eta jarduera,. trebetasun eta hizkuntz elementu gehiago sartzen ...
www.habe.euskadi.net

Gainerakoan, guztiz ados nago Asierrekin.


(ALFONTSO MUJIKA ETXEBERRIA Testu-zuzentzaile, hiztegigile eta itzultzailea, Elhuyar Fundazioan)

 
Faltan
2006-06-03 / 18:02 / Borja Ariztimuńo López

Oso interesgarria artikulua. Gauza bakarra falta duela iruditu zait, beharbada ez horren garrantzizkoa, baina asko interesatzen zaidana. Bizigabeak izan arren bizidun bezala deklinatzen direnak (edo zirenak esan beharko?). Besteak beste eguzkia...

Agur


(BORJA ARIZTIMUŃO LÓPEZ Euskal Filologiako ikaslea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus