Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Mintza Eguna, mingaina askatzeko jai eguna

Mintza Eguna, mingaina askatzeko jai eguna

2006-05-22 / 07:00 / Ana Flamarique Goņi   KULTURA

Mintza eguna Euskal Herrian lehenengo aldiz ospatuko da aurten eta hitzordu garrantzitsu honi hasiera emateko Iruņerria aukeratu dugu.

Zergatien artean arrazoi asko topatzen ahal dugu, besteak beste, Mintzakide egitasmoak bere bigarren urtea egin duelako aurten, Iruņerriko lagunen erantzun ona ospatu beharra dagoela uste dugulako eta, finean, egiten duten ahalegina nola edo hala azpimarratu eta nabarmendu nahi dugulako. Iruņerriko euskaldunok euskaraz mintzatzeko izaten diren zailtasunei aurre egitea erabaki dugu, Mintzakide programan izena emanez, lagun taldean bilduz, Iruņeko kaleak euskaraz bustiz.... euskaraz biziz, alegia, eta honakoa modu polita eta txalogarria iruditzen zaigu.

Mintzapraktika programek, Euskal herrian hainbat funtzio betetzen dute: harreman sareak euskaraz eraikitzea da horietako bat, euskaraz norekin hitz egin jakitea ez baita erraza hiri eta herri handietan. Programa hauek harreman hori probokatu egiten dute, modu naturalean sortuko ez zirenak sortuz eta naturalak izan daitezen bideak samurtuz. Ez hori bakarrik, zeren eta kasu aunitzetan tokiko euskaldunentzat bilgune bilakatzen dira programaren inguruan sortzen diren kultur eta aisialdi ekimenak. Ahaztu gabe, euskara ikasten ari diren lagunentzat betetzen dituztenak: tokiko euskal komunitatera erakarriz eta bertako euskaldunen sarean integratuz, alde batetik, eta euskaldunekin hartu emanean jarriz, ikas prozesua azkartzeko eskaintzen dieten laguntzagatik, beste aldetik. Hau da, euskaltegi eta kalearen arteko zubi-lana ere egiten dute Mintzapraktika programek

Badira urte batzuk lehendabiziko programa martxan jarri zela, Donostian 1992. urtean Mintzalaguna izenarekin, hain zuzen ere. Geroztik, poliki-poliki beste herri eta hirietara joan da zabaltzen –guk nahi baino erritmo apalagoan– eta gaur egun 1300 lagun inguru aritzen dira 22tik gorako herri eta hirietan.

Mintza Eguna antolatuz lortu nahi dugun helburuetako bat orain esandakoarekin guztiz lotuta dago. Euskal Herriko herri eta hiri guztietan ezagutarazi nahi ditugu Mintzapraktika programak, beren balioaz, emaitzaz, esperientziaz hitz egin nahi dugu. Herri, hiri eta eskualde guztietara zabaldu nahi ditugu. Azken batean, programa hauetan lan egiten ari garenok gure ilusioaz blaitu nahi ditugu euskaraz hitz egin nahi duten guztiak; zaharrak, berriak, gazteak, ikasleak edo etorkinak izanda. Etorkinak esan dut bai, Euskal Herrian maila horretara oraindik iritsi ez bagara ere, Katalunian aspalditik horretarako erabiltzen baitituzte mintza programok, etorkinak katalan komunitatean integratzeko, alegia. Horra hor programa hauei eman dakiekeen beste aplikazioetako bat. Badago gurasoen arteko taldeak sortu edo mendi taldeak eratu edo sukaldean aritu edo beste edozer egiteko aukera, betiere, aisialdiri lotuta, hori baita programa hauen beste ezaugarrietako bat ongi pasatzea: lagun berriak egitea, egunerokoa aireberritzea, atzokoa komentatzea…

Besterik gabe, etortzeko gonbitea luzatu nahi dizugu Topaguneko Mintzapraktika Batzordeko kideok. Hitzordua ekainaren 3an dugu, 11:30ean, Iruņeko Gaztelu plazan!


(ANA FLAMARIQUE GOŅI Iruņerriko Mintzakide programako teknikaria da.)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus