Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Komatxo artean

Komatxo artean

2006-05-10 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Lehengo egunean, euskal elkarte baten agerkarian "komatxo artean" esapidea ikusi nuen. Ez zen lehen aldia, jakina. Baina beti harritu nau zer dela eta esaten zaien "komatxo" komen tamaina ber-bereko diren zer horiei. Kontua areago aldrebesten da ikustean orobat "komatxo" erabiltzen dutela batzuek angelu moduko bikoitzak izendatzeko.

Frantsesez ez dago horrelakorik, bi ikur mota horiei guillemets esaten zaie. Ezta ingelesez ere: ingelesez quotations marks dira.

Iparraldekoen artean, Hegoaldeko oraingo hainbatek baino errespetu handiagoz erabiltzen baitute jeneralean hizkuntza, ez dut inoiz gillemetak edo antzekorik ikusi. Ezta hiztegietan ere: horietan kako, mako agertzen da batez ere. Hegoaldekoetan P. Mujikarenak kakotx ematen du.

Argi dago, alde batetik, bai kako-k eta bai mako-k adiera aski finkatuak dituztela, eta bestetik adiera horien izaeragatik beragatik nekez egokitu litzaikeela "komatxo"en adiera berria; kakotx askozaz ere gutxiago erabiltzen da, baina lausoegia da, agian, adiera hori hartzeko.

Eta erdal hitz bat klonatzekotan, nik ingelesezkoa klonatuko nuke dudarik gabe, eta aipu markak proposatuko: aipu markak ez da gillemetak bezala bitxia gertatzen, eta ez da aldrebesa eta arbitrarioa komatxoen gisa. Gainera, ongi egokitzen da harridura marka, galdera marka sailean. Eta aipu markak bereizteko, bakunak markatuko nituzke, ingelesaren bidetik orain ere, aipu marka bakunak erabiliaz ikur banakoak direnak adierazteko, eta aipu markak baliatuz, besterik gabe, bina ikurrekoak izendatzeko.

Bide batez, iruzkin bat egin nahi nuke kiroltasunez artikulua dela-eta Antton Elosegik idatzi zuenari buruz. Ez dut lehenago idazterik izan, gaixoaldi bat dela medio, eta, beldur naiz dagokion lekuan erantzuten badiot Anttonek berak ere ez duela irakurriko.

Esan dezadan lehenik Elosegirena dela, hain zuzen, artikulu bat idazten dudanean eragin nahi dudan erantzun mota. Kontu pare bat, dena dela:

  • a) Iruditzen zait legelari lanbideak lausotu diola Elosegiri bista gizalege-ko -lege-ri buruz diharduenean. Bi hitzetan esateko, uste dut hurbilago dagoela gizalege-ko -lege hori afari-lege-ko lege-tik, berak aipatzen dituen lege guztietatik baino.
  • b) Lurraldetasun hitzak, Euskal Herria lurraldea da –lurralde bereizia, esan beharrik ez dago– esapidea du, nire ustez, azpian. Hortaz, xake jokoaren kiroltasunaz eztabaidatu zuten esaldiko kiroltasun-aren kidea da, ez kiroltasunez jokatu zuten eta kidekoena.

Eta delako artikulua idatzi aurretik pare bat euskaldun petori –aipu marken artean– galdetu nien kiroltasun hitzaz; biei itxuragabea iruditzen zaie kiroltasunez jokatu zuten bezalako esaldietan.


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
kirolaritasuna
2006-05-10 / 11:53 / Txomin Peillen

Ibon:

  1. Ez dakit erantzun nizun baina frantsesez ezpada *sportité hitzik, kiroltasun antzeko hitza badago sportivité, hots itzultzekotan kirolaritasuna.
  2. Iparraldean parnethèse: kako/gako eta guillemets kakotx, zurekin ados.


(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

 
Aipatu beharrekoak
2006-05-11 / 09:24 / Alfontso Mujika

Zilegi du, noski, Ibon Sarasolak harritzea "komatxo" hitza ikusten duenean, eta zilegia eta osasungarria da, nola ez, proposamenak egitea.

Baina ni harritu egin naiz Ibon Sarasolarena irakurri dudanean, "komatxo" hitzaren nondik norakoaz aritzean ez baitu aipatu datu bat, nire ustez erabakigarria eta aipatu gabe ezin utz daitekeena:

"komatxo" hitza Euskaltzaindiak erabaki du, hau da, Hiztegi Batuan agertzen den hitza da (eta, bestalde, "kakotx hobe koma" dio Hiztegi Batuak).

Ez dakit erabaki hori hartu zenean zer eztabaidatu zuten edo ez zuten euskaltzainek, eta ez dakit Ibon Sarasolak zerbait esan ote zuen orduan, ezta Iparraldeko euskaltzainek zer esan zuten ere (Ibonek, bere artikuluxkan, ez digu argitzen nola esaten duten Iparraldekoek; eta berak, datu asko baititu, hori ez badaki, uste izatekoa da ez dela datu askorik izango inon). Nolanahi ere, zerbait esan edo eztabaidatu bazen edo ez bazen ere, kontua da Euskaltzaindiak "komatxo" onetsi eta erabaki duela euskara baturako.

Nik ere ez dakit zer erabiltzen duten Iparraldekoek, baina, Hegoaldean, datuek erakusten dute aski zabaldua dagoela "komatxo" hitzaren erabilera. Adibidez, idazle hauek erabili dute beren liburuetan (Ereduzko prosa):

Iñaki Segurola, Bernardo Atxaga, Itziar Laka, Patxi Zubizarreta, Joxerra Garzia, Aingeru Epaltza, Joxemari Urteaga, Hasier Etxeberria, Santi Iruretagoiena (eta Patxi Altunak "kako artean" erabili zuen).

Eta, horiek baino lehenago ere, hainbat aldiz erabili da, azken 20 urteotan behintzat, hala nola Euskaldunon Egunkariaren Estilo liburuan bertan, XX. mendeko corpus estatistikoan ikus daitekeenez. Eta, erabilera kuantitatiboari eta kualitatiboari dagokionez, Googlek hainbat datu ematen dizkigu. Adibidez:

  • Mila agerralditik gora dituela "komatxo" hitzak Interneten.
  • Euskaltzaindiak berak, Hiztegi Batuaren argibideetan beretan, honela idatzi duela: «Adiera bakoitza ezaugarritzeko, definizio xumeez eta hitz adierazgarriez baliatu gara: definizioak KOMATXO ARTEAN eta adierazgarriak parentesi artean eman ditugu» (letra larriak nik jarri ditut).
  • Komatxo artean izeneko literatura-irratsaioa izan dela Herri Irratian, Euskal Idazleen Elkartearen zuzendaritzapean.
  • Eta "komatxo artean" erabiltzen duela IVAPek bere Administrazioa euskaraz aldizkarian; edo Senez itzultzaileen aldizkarian hala agertu dela, edo Berria egunkarian hainbat aldiz, Elhuyaren, Argian, HABEn, EHUren Azpidazkin (euskaraz lan egiten laguntzeko tresna), UEUren Uztaro aldizkarian eta hainbat aldizkari ofizialetan.

Hitz bat finkatutzat noiz jo behar den, horra hor eztabaidagai polita. Hiztegigileak zer egin behar du, hizkuntza asmatu edo hiztunek erabiltzen dutena jaso? Galdera aproposa beste eztabaida baterako. Eta gaztelaniatik klonatutako hitzak onargarri bihurtzen noiz hasten diren ere oso eztabaidagai interesgarria da, zalantzarik gabe.


(ALFONTSO MUJIKA ETXEBERRIA Elhuyar Fundazioko zuzentzaile-taldeko kidea da)

 
Ni ere harritu naiz
2006-05-13 / 10:03 / Ibon Sarasola

Ni ere harritu naiz, Mujika adiskidearen bitartez jakin dudanean komatxo Hiztegi Batuan dagoela, eta, antza denez, ez naiz Euskaltzaindian harritu den bakarra.

Dena dela, argi dago lapsus bat dela, ez baititu Hitegi Batua ontzeko arauak betetzen: ez dago tradizioan eta ez du erdaratiko hitzen minimoa betetzen. Eta ez du Heg. marka, horrelako hitzak nahitaezkoa dutena: horrek berak garbi adierazten du kontrolei itzuri eginik sartu den hitz bat dela komatxo delakoa. Ez da horrelako bakarra Hiztegi Batuan.

Dena dela, komatxo agertzeak ez du esan nahi besterik ezin proposa daitekeenik. Hortxe dugu gaztelaniaz, idazkeraren mundutik atera gabe, cursiva hitza, bastardilla Espainol Akademiaren hiztegian egonagatik bere bidea egin duena, eta zaharrari nagusitu zaiona, antza.

Ildo beretik, ez da ahaztu behar Hiztegi Batuan komatxo agertzeak ez duela inor behartzen hitz hori erabiltzera. Eta -ohar bedi irakurlea Mujikaren lekukotasunen artean ez dagoela bakar bar Iparraldekoa- nik Euskal Herri osorako balio duen hitz bat proposatzen dut, besterik gabe; eta erdaraz cursivak izan duen arrakasta opa diet aipu markei.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus