Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)

Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)

2006-05-12 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Bikoizketako orri honetan gai bi landu ditugu: testuaren makuluak, eta prezioa adierazteko esapideak. Ikus-entzunezko testuetan ez dira edozelan erabiltzen, ez makuluak, ez esapideak, eta euskarara itzultzeko, beraz, intentzioak, funtzioak eta abar oso aintzat hartu behar dira. Iragarkietan, esate baterako, euskaraz behin ere ez da esan hain autoren prezioa 15.000 euro "baino gehiago" dela.

Erdaretatik euskarara

Erdaretatik euskarara


Makuluak

Makuluak berbaldia antolatzen laguntzen diguten hitzak dira. Ideiak katigatzen zaizkigunean, hitz egokia bururatzen ez zaigunean... makuluak berbaldiaren euskarri dira, hitz-jarioaren lagungarri, edo betegarri hutsak. Euskaraz makulurik unibertsalena «zera» da. Gehiago ere badira: «begira», «aizu»...

Ingelesez oparoa da «so», batik bat hizketari heltzeko, hitz egiten hasteko. Zeregin horretan euskarazko «ba» makuluaren parekoa da. Alegia, ez du «beraz» esan nahi. Bikoizketan, sarri, ez du behar ordainik.

MAX: So, where's the catch?
FIBBES: Hey, what catch?
MAX: Come on, only a hundred readies for the mother of all refrigerators?

MAX: Non dago tranpa?
FIBBES: Ze tranpaz ari zara?
MAX: Ehun billete bakarrik hozkailutzar horrengatik?
(Powder Park 3)

Film eta telesailetan baliteke hitzen bat behar izatea, aktoreak «so» esaten duenean ahoa betetzeko. Gorago «ba» aipatu dugu. «Eta» juntagailuak ere balio dezake. Betiere, aho-mugimenduei begiratu behar zaie, ondoen egokitzen dena aukeratzeko.

Dokumentaletan, ahots gainjarriaz baliatzen garen aldetik, ez dago ahoa bete beharrik, eta alferrik da «so» makuluari ordaina ematea.

Azpidatzietan, mezuaren muinera jo behar den aldetik, makuluak eta betegarriak ez dira itzuli behar.

So once we’re stuck, we just take the time and... of course, if in case... if someone falls into a crevasse or something like that, then we start some kind of rescue.

Arazoak ditugunean, behar adina denbora hartzen dugu gauzak ondo pentsatzeko. Eta, jakina, norbait zulora erori edo antzeko ezbeharrik gertatuz gero, salbamendu lanak hasiko genituzke.
(Ice cap expedition 225)

Ingelesez zabal dabil «basically», eta gidoietan gero eta sarriago agertzen da. Benetako aditzondoa ez denean, hau da, makulu edo betegarri soila denean, okerra da «funtsean» edo antzeko hitzen batez itzultzea.

Hamahiru mamu filmean Arthur protagonistari osaba Cyrusek utzi dion herentziaren berri ematera joan zaio osabaren abokatua. Jauregi moduko etxe bat da, milioika dolar balio duena.

ARTHUR: I'm just a math teacher. The taxes alone must be... I have nothing set aside. To be honest... a fire took away everything.
BEN: Arthur, you don't need to worry. Cyrus was a genius when it came to finances. Basically... you and your family never have to worry about money again.

ARTHUR: Matematikako irakaslea baino ez naiz, eta zergak eurak ere ezingo nituzke ordaindu. Ez daukat aurrezkirik... Sute batek sosik gabe utzi gintuen.
BEN: Arthur, ez izan kezkarik. Cyrus jenioa izan zen finantzen alorrean. Hitz gutxitan esanda, zuk eta zure familiak ez duzue diruaz arduratu beharrik izango.

Egokiago izango zen zera. Beste horrenbeste esan daiteke Sekretu txikiak filmari buruz. Eszena honetan Jenny eta Laurel bideo-gutun bat prestatzen ari dira euren lagun Emilyrentzat. Txandaka egiten dute hitz kameraren aurrean.

JENNY: Dearest Emily.
LAUREL: We thought we’d begin by giving you... an update of the goings on at camp.
JENNY: We’ve been here for about a month now and we realize something. Basically...
LAUREL: ...we rule this place.

JENNY: Emily maitea.
LAUREL: Hasteko, egokiena, aurtengo udalekuen berri ematea iruditu zaigu.
JENNY: Bai,... ia hilabete daramagu hemen, eta gauza batez ohartu gara. Egia esan...
LAUREL: ...guk agintzen dugu hemen!

Igande odoltsua filmeko elkarrizketa hau, berriz, ondo bideratu da euskaraz. Eszena honetan katolikoak manifestazioan datoz, eta poliziaren mugimenduak zelatatu behar dituztenek IRA Probisionaleko gizonak ere atzeman dituzte inguruetan.

MCCORRY: The Provos are down there. They're just sniffing about. Basically I think they must think that the Brits have invaded the place.
COOPER: I've been down William Street. Have you spoken to them yet?

MCCORRY: Proboak hemen dira bai. Inguruak begiratzera etorriko ziren. Ea britainiarrak berriro sartu diren edo...
COOPER: William Street-etik etorri naiz. Hitz egingo dugu eurekin?

Esku-telebista umorezko telesailean ere ondo bideratu da eszena hau. Genetika laborategi batean ikertzaileak beren azken esperimentuen berri ematen ari dira.

BOFFIN: This is one of mine. The Yorkshire pudding. Basically what I’ve done is taken a small dry sponge and crossed it with the DNA of a man from Leeds.

BOFFIN: Honakoa nirea da. Yorkshire budina. Nahiko erraza izan da: esponja bat hartu dut eta Leedseko gizontxo baten DNArekin gurutzatu dut.

Baietza indartzeko, ingelesez sarri baliatzen dira «definitely» aditzondoaz, baina berriro ere makulu soila da. Euskarazko itzulpenetan ez du arazo berezirik sortzen.

MAGGIE: Oh, my God. He definitely looked better.

MAGGIE: Jainko maitea! Lehen ederragoa zen!
(Hamahiru mamu)


CSM: Are you sure of that?
PARA E: Definitely, sir. I took immediate action.

CSM: Ziur zaude horretaz?
PARA E: Bai, jauna. Eta berehala egin dut egin beharrekoa.
(Igande odoltsua)

Hizkerak


Prezioak

Iragarkietan hainbat estrategia erabiltzen dituzte balizko eroslea prezioarekin ez ikaratzeko. Bata da gutxieneko prezioa esatea, gaztelaniaz oso ezagun egin den formula honen bidez: «desde XXX euros». Automobilen iragarkietan, honela darabilgu formula hori euskaraz: «XXX eurotik hasita».

  • Sólo este mes llévate el nuevo Zafira desde 15.900 euros.
    • Zafira berria 15.900 eurotik hasita, hil honetan bakarrik.
  • Kia Carnival 2.9 diesel CRDI, desde 23.350 euros. Kia Carnival, creado para la imaginación.
    • Kia Carnival 2.9 diesel CRDI, 23.350 eurotik hasita. Kia Carnival, irudimenerako sortua.
  • Por y desde, dos preposiciones distinto significado. [ pantailan: Por 16.800 € ] Ford Focus C Max, el monovolumen de Ford.
    • Zenbatean eta zenbatetik ez dira gauza bera. Ford Focus C Max, Ford-en monobolumena.

Prezio zehatza emateko –gaztelaniaz «por» preposizioaren bidez adierazia–, «XXX euroan» formula erabiltzen dugu.

  • Llévate un lavavajillas Bosch de acero inoxidable por 599 €.
    • Eramazu altzairuzko Bosch ontzigarbigailua 599 euroan.

Gaztelaniaz «por sólo» formula enfatikoa erabiltzen dute batzuetan. Euskaraz «truk(e)» postposizioaz baliatu izan gara behin baino gehiagotan, eta beste askotan formula berezirik ez erabiltzea aukeratu dugu.

  • Primera entrega, Caperucita Roja, por sólo 2 euros con cincuenta.
    • Lehen ipuina: Txanogorritxo, bi euro t’erdiren truke.
  • En Digital + tienes toda la Liga por sólo seis euros.
    • Digital +en Liga osoa daukazu, 6 euroren truk.
  • Las seis primeras chapas por sólo 1,95 €.
    • Lehen sei txapak euro bat eta laurogeita hamabost zentimo.

Iragarkietan, testuaren luzera zaindu beharrak dakar formula berezirik ez erabiltzea. Izan ere, «bi euro t’erdiren truke» edo beste esapide batzuk («bi euro t’erdi baino ez», «bi euro t’erdi besterik ez») zuzenak eta egokiak dira, baina luzeegi gerta daitezke.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Txosten hau ETB eta MIXER-eko euskara arduradunek elkarlanean eginikoa da eta erabili.com-en argitaratu dute edonoren ekarpenak jasotzeko. Beraz, hementxe duzu aukera, irakurle, euskaldun guztion etxeetara iristen den Euskal Telebistaren hizkuntza irizpideetan zure aletxoa jartzeko. Zure ekarpena gaur-biharko euskaldun guztion mesederako izango da, zuretzat eta zure ingurukoentzat ere bai.

Orain arte argitaratuak

  1. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
  2. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
  3. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
  4. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
  5. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
  6. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
  7. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
  8. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
  9. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
  10. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
  11. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus