Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Zertzelada batzuk Plazido Muxikaren bizitzaz

Zertzelada batzuk Plazido Muxikaren bizitzaz

2006-05-03 / 07:00 / Jose Antonio Mujika Casares   BESTELAKOAK

Euskaltzaindiak Plazido Muxika hiztegigileari Urnietan egin berri dion omenaldian Jose Antonio Mujikak, omenduaren ilobak, osabaren bizitzari eta lanari eskainitako hitzak izan zituen. Guk hemen jaso ditugu Mujikak Mujikaz esandakoak.

Honako hitz hauekin hasten da Plazido Mujika gazteak jesuita sartu zenean izenpetu zuen adierazpena:

«Ego Plácidus Mugica Hispanus natus sum die decima sexta mensis Aprilis anni millesimi nongentisimi sexti in oppido Urnieta (barrio de Oria), in diocesi Victoriae, provinciae Guipuzcoae».

Bere burua aurkezten du Plazidok adierazpen horretan eta jesuita sartzean zer asmo eta helburu zituen azaltzen. Eta, ikusten duzuenez, aurren-aurrena, bere burua aurkeztean, Urnietan jaioa dela esaten du, Oria auzoan.

Urnietarrok gogoan izango duzue, noski, Oria auzoan lantegi handi bat bazela, oso ezaguna, Hilados y Tejidos de Algodón Brunet y Cía izenekoa, ehunka langileren lantokia izan zena. Hain zuzen ere, langile haientzat egindako etxeetako batean jaio zen Plazido, haren aita Brunet-tarren lorezaina baitzen. Etxeak "Baratzalde" zuen izena, baina jendeak "Etxegorri" edo "Casa roja" esaten zion. Orain urte gutxi auzoa berritu zutenean etxe hori eta inguruko beste etxe zahar batzuk bota egin zituzten.

Plazido hamar urteko mutikoa zela, Altzara aldatu zen Muxikatarren familia. Berak, hala ere, urte gutxi egin zituen han, hamahiru urterekin Andoaingo seminarioan sartu baitzen interno eta, gero, hamaseirekin Azpeitiko Loiolan jesuita.

Gogoan izan zuen beti, ordea, eta behar zenean baita ageriki aitortu ere, urnietarra zela jaiotzaz. Bere bizitzaren azken aldera, hil baino urtebete lehenago argitaratu zuen Diccionario vasco-castellano-aren hitzaurrean ere honela dio:

«Esta obra planeada en tierras tan lejanas de mi txoko natal (ORIA, barrio de URNIETA) [...]».(1)

Urnietako herriak egun hauetan bere seme hura hain zabal eta gogotsu omendu duenez, bidezkoa iruditu zait neure hitzaldia haren adierazpen horiek gogora ekarrita hastea.


***

Goazen, ordea, aurrera. Zer izan zen eta zer egin zuen bere bizitzan Plazido Muxikak, omenaldi hauek merezi izateko?

Ez dizuet orain, noski, haren bizitza osoa xehetasunetan kontatuko. Ez da hau horretarako lekua (2). Aurkezpen labur bat egingo dut aurrena, eta haren bizitzaren bizpahiru argazki ekarriko ditut gero zuen aurrera, hura nolakoa izan zen erakutsiko digutenak.


***

Ez dakit nik Plazidok bisita txartelik erabili ote zuen inoiz. Ezetz esango nuke, alferrikako gastua irudituko baitzitzaion horrelako txarteltxoak egitea. Baina egin izan balitu, ez da asmatzen zaila zer idatziko zuen izen-abizenen ondoan, nor zen azaltzeko. Bi hitz hauek ipiniko zituen, nik uste: «jesulaguna» eta «hiztegigilea», ordena horretan, gainera, aurrena betiere aurrena dela. Bi horiek izan ziren haren bizitzaren ardatz nagusiak. Jesuita izatea bere bizi guztirako aukeratu zuen bizitza-modua izan zen, eta hiztegia egitea, berriz, bere bizitzaren urte gehienetan lanpetua eduki zuen zaletasuna.

Biak uztartzen jakin zuen Plazidok; ez, ordea, lanik gabe.

Gaztetan sortu zitzaion euskal hitzen zerrendak egiteko zaletasuna. Filosofia ikasle zen artean eta euskararen aldeko joera handia aurkitu zuen ikaskideen artean. Taldetxoa osatu zuten Lauaxetak, Jokin Zaitegik, Andima Ibiñagabeitiak, Iñaki Goenagak, Plazido Mujikak berak eta beste batzuek, euskara lantzeko. Lagunek klasikoak itzultzera, olerkiak idaztera eta horrelakoetara jo zuten; Plazidok, aldiz, esan bezala, hitzak biltzera. Euskararen ‘Leopold’ izatera iritsiko zela esan omen zion behin Zaitegik (3) –Leopold hori asko erabiltzen zuten Lexicon graeco-latinum baten egilea zen (4)–.

Gaztetan zaletasuna izan zena, betebehar bilakatu zitzaion gerora. Gaztelania-euskara hiztegi bat idaztea bere egitekoa, bere ‘misioa’, zela pentsatu zuen.

Gerra ondoko urteetan euskaltzaletasuna ez zen ondo ikusia, ordea, eta nagusiek beste lan batzuetara lotu zuten Plazido. Irakasle, liburuzain, artxiboetako arduradun... bazuen beti bere-berea zuen egiteko hari ekitea galarazten zion lanen bat.

Asmatu zuen, hala ere, bere eginbehar biak uztartzen. Egunez nagusiek agindutako lanak egiten zituen, esaneko jesuita on bati zegokionez, eta atseden orduetan –siesta eta afalorduetan, asteburuetan, oporretan eta horrelakoetan– ‘euskararen Leopold’ bilakatzen zen.

1944an hasi, eta hamabi urte eta gehiagotan aritu zen horrela, atsedenari orduak kenduz, liburuak arakatuz eta hiztegirako fitxak egin eta egin (5).

Plazidok ez zuen, noski, inoiz nagusien kontrako hitzik esan, zintzoegia baitzen horretarako. Baina garai hartako eskutitzetan-eta askotan aipatu zuen egiten ari zen lanaren nekea eta batez ere egin behar izaten zituen etenek sortzen zioten ondoeza. Honela aitortu zion Mitxelenari, honek EGANerako egin zion elkarrizketa batean:

«Nere eginbehar nagusiak [...] bestelakoak ziren eta, nahi eta nahi ez, gaur hartu eta bihar utzi, arteka-marteka hasi nintzen ahal nuen txolarte guzietan nere hiztegi horretarako gaiak biltzen. Ezer aurreratu gabeko tarteak batzutan luzetxoak izan ziren, gainera: lau edo bost hilabete hiru aldiz, beste batean urte t’erdian ez nuen ezertxo ere egin»(6).

1958an, lanean aurrera egin zuela ikusita, lana zertxobait arindu zioten nagusiek. Eskolak ematen jarraitu zuen, baina gainerako lanetatik libre utzi zuten (7).

Azkenean, noizbait!, 1962-63 ikasturtean eskoletatik ere libre utzi zuten, hiztegiaren azken orrazketak eta zabalkunde lanak erosoago egin zitzan. Handik urte bira argitaratu zuen bere Diccionario castellano-vasco lodi eta mardula. Hiru edizio izan zituen eta 17.000 ale saltzera iritsi zen.

Horra, bada, nola uztartu zituen, ez beti erraz, bere bizitzaren ardatz biak, jesuita izatearena eta euskal hiztegigile izatearena.


***

Horrenbestez, bada, etor gaitezke Plazidoren bizitzako argazki batzuk ikusi eta haiei dagozkien gogoeta batzuk egitera.

Lehen argazkia ezaguna da, askotan agertu baitzuen Plazido Muxikak berak bere idatzietan. Argazki horretan ageri den Plazido, 22-23 urteko jesuita gaztea da. Mendi handi batean dago, bakarrik, enbor batean eserita, atsedena hartzen. Entzun Plazidori berari, Santa Cruz apaiza dela-eta EGANen idatzi zuen artikulu batean:

«Alaxe exerita, ukondoak belaunetan eta eskuak buruan nitula, makurtu nintzan zerbait lurrera begira, ta atseden artzeko asmotan. Bat-batean murgildu zan nere irudimena amets zoragarri batean. Irudimena? Ametsa? Ez iñola ere! Nere begiak enborpean ikusten zutena, etzan irudimena, etzan amets zoroa. Egi utsa zan! Nere begien aurrean ARGIA nekusan! Edo obeto esateko, ARGIA gure asterokoaren puska bat. Nola zitekeen ori? ARGIA Andes’ko mendi-bazter urruti aietan!»(8).

Kolonbian dago, izan ere, Plazido argazki horretan, Ekuadorreko mugatik gertu. Hara joana zen, jesuitek ikasketa garaian egin behar izaten zuten hiru urteko maisualdia betetzera. Zergatik bidali ote zuten, ordea, urruti haietara?

Bi azalpen entzun ditut nik kontu horri buruz. Lehena, gogo onez egina, Plazidok berak emana: soldadutzatik libratzeagatik bidali omen zuten Ameriketara.

Beste zenbaitek, ordea, azalpen kritikoagoa eskaini zuten, Joseba Intxaustik Jakin aldizkariko artikulu batean erakutsi zuen moduan (9). Nagusien artean baziren gorago aipatu ditudan jesuita gazte euskaltzale haien aldeko zirenak (10). Baziren, ordea, haien euskaltzaletasuna begi onez ikusten ez zutenak ere. Eta, horregatik, hain zuzen ere, zaletasun horretan epeldu zitezen-edo sakabanatu omen zituzten eta urrutira bidali. Muxika eta Andima Kolonbiako bi muturretara bidali zituzten, eta Zaitegi Venezuelara.

Behin baino gehiagotan entzun ohi den topiko erraza datorkit gogora, orduko gorabehera horiek entzutean: nazionalismoa gaixotasun bat dela, alegia, bidaiatuz sendatzen dena. Baliteke nazionalismo itsuarekin horrela gertatzea. Ez dakit. Baina zergatik izan behar du horrela guztiz naturala eta berezkoa den norberaren hizkuntzarekiko leialtasun eta atxikimenduarekin? Jesuita gazteen urruntzea asmo horrekin egin bazuten, ederra egin zuten nagusi ustez zuhur haiek: epeldu ez, beroagotu egin ziren gazteak beren euskaltzaletasunean!

Ikusi, bestela, nola jarraitzen duen Plazidoren kontakizunak:

«Nere atseden-aldi ura uste baño luzeagoa izan zan. Irakurri nun orri ura, inguruko basoak aitzeko eran. Biotza pilpilka bai’neukan! Beti Euskalerrian bizi izan danak, ezin dezake igarri ere, noraño piztuagotu zitzaidan ordun nere euskaltzaletasuna, eta euskeraren alde lan on bat egiteko asmoa ere»(11).

‘Lan on’ hori, hain zuzen, hiztegia egitea zen (12).

Baina, gerora gabe, Kolonbian bertan ere ez zion erabat utzi euskara lantzeari. Ordu luzetan egoten omen zen han ikasleen begirale eta, denbora alferrik ez galtzeagatik, Noni eta Mani eleberria itzuli zuen alemanetik, tarte horiek baliatuz.

Hori Plazido Muxikari dagokionez. Beste ikaskideekin ere ez zuten asko asmatu nagusi urrunzale haiek. Aski da ikustea Andimak eta Zaitegik gerora izan zuten ibilibidea.


***

Goazen arin bigarren argazkira, hamar urteko saltoa eginda.

Hogeita hamar bat urteko gizona da argazki horretan Plazido. Idazmakina baten aurrean dago, bere gelan, makinaren alboan liburu handi bat irekia duela. Nafarroako Xabierreko ikastetxean egina dago argazkia.

Kolonbiako aldia amaituta Europara etorria zen ostera Plazido. Jesuitak Espainiatik egotziak izanak ziren, ordea, tarte hartan, eta Belgikara joan behar izan zuen teologia ikasketak egitera; Belgikan hasi eta Holandan amaitu zituen ikasketa horiek. Han apaiztu zen (13).

Hango egonaldia amaituta, hona etortzeko aukera irekia zuten berriz jesuitek eta Xabierko ikastetxera bidali zuten nagusiek, gazteen irakasle eta arduradun.

Gauza batek harritzen gaitu begien aurrean dugun argazki honetan: leihoko sareta erabat itxita eta argia piztuta daukala ari da gure gizona lanean. Zergatik? Gaua delako, pentsatuko duzue. Ez, bada, ez nahitaez behintzat. Egunez ere horrela aritzen omen zen askotan lanean, leiho-saretak itxita, kanpoko ezerk arreta galarazi ez ziezaion.

Batxilerreko programa berrian latina sartzekotan zirela-eta, ‘Latin-gaztelania’ hiztegi bat idazteko eskatu zioten nagusiek, eskuko hiztegia, ikasleen mailakoa.

Pozik eta harro esaten zuen, marka bat jarri izan balu bezala, irailaren 29an, San Migel egunean, hasi eta hurrengo urtarrilaren 6an, Erregeen egunean, amaitua zuela lana. Loiolako talde bati grekoko hiztegia egiteko mandatua emana omen zioten, eta berak latinekoa amaitua zuenean haiek artean hasi gabeak zirela esaten zuen irribarrez Plazidok. Gerora editorial handiek hiztegi hobeak argitaratuko zituzten, seguruenik, baina harenak bere garaian harrera ona izan zuen: 50.000 ale saldu omen ziren.

Plazidoren izaera nolakoa zen erakusteko ekarri dut argazki hau zuen aurrera. Langile porrokatua zen, eta baita, hala esan badaiteke, egoskorra ere. Lan bati ekiten zionean eta helburu bat ipini, ez zuen bakerik izaten hura bururatu artean.


***

Hirugarren argazkirako hogeita hamar urteko saltoa egingo dugu. Veruelako monasterioan dago Plazido, hango bibliotekan zutik, apaletako liburuak antolatzen. Berrogeita hamar bat urteko gizon heldua da. Aurpegi alaia du. Leku eder eta lasaian dago, Moncayo mendiaren oinetan, tradizio luzeko monasterioan (14), eta hor emango dio azken bultzada bere lan handiari.

Xabierren ikusi dugunetik itzulinguru asko egin ditu Plazidok batera eta bestera. Aurrena Loiolan pasatu zituen hilabete batzuk, grekoko hiztegia egiten ari zirenei laguntzen. Bilbon, gero, beste hilabete batzuk, gerrakoan desegina geratu zen Mensajero argitaletxearen biblioteka berrantolatzen. Ondoren Burgosko Oñan, zazpi urte, Suarez teologoaren obren edizio kritikorako langaiak prestatzen (15). Han hasi zen, atsedenari orduak kenduz, bere hiztegi handirako fitxak egiten. Hurrengo zazpi urteak Loiolan egin zituen ostera, irakasle eta liburuzain, eta, noiznahi, bestelako lanen arduradun.

Hargatik, pozik zen gizona, 1956an Veruelara bidali zutenean, han bere lanerako asti gehiago izango zuela pentsatzen baitzuen, han ere irakasle eta liburuzain jarri bazuten ere.

Eta halaxe gertatu zen. Hiztegia idazten eta haren zabalkundea egiten urte emankorrak izan zituen Veruelan egindakoak. Nahiko fitxa bildu zuela iritzi zionean –300.000 eta gehiago ba omen zituen–, hiztegia idazteari ekin zion. Informatika aurreko garaiak ziren haiek eta eskuz idatzi zituen aurrena hiztegia osatuko zuten folioak –tomo handitan bilduak–, gero makinaz kopiatzeko. Hiru eskualdi eman zizkion idazketari: lehenean, hiztegiaren gorputza osatuko zuena idatzi zuen; bigarrenean, zenbait zerrenda eta liburutatik hartutako hitzak sartu zituen; eta hirugarrenerako utzi zuen gehien kezkatzen zuen kontua, hitz berriena.

1959an eskutitz bat bidali zion Veruelatik Euskaltzainburu Inazio Maria Etxaideri, bere lanaren berri emanaz. Neologismoen kontua aipatzen dio:

«Itz berriei buruzko arazo au, alde ta alderdi guzietako euskeltzaleen iritziak aztertuaz, ausnarrean darabilt aspaldi ontan [...]. Oiñarri-legean edo lege nagusi batzutan euskeltzale geienak bat etortzea, nere ustez, iritxi diteken gauza da; baño lege nagusi oiek gero itz bakoitzean nola bete, ortan izango dira istilluak. Euskeltzale guziak, zar edo berri itz guzietan iritzi batera ekartzea, izugarrizko miraria izango litzake, eta eztegu mirari orren zai egon bear. Dirudienez, batzuen lanbide bakarra zorioneko arazo ori aserre bizian gora ta bera astintzea besterik ezta, edo or nunbait. Bestela ere, ba’daukagu zeri ekin. Beste iritzikoei aserrea erakustea ta eztenka erasotzea, ezta ezertarako bide egokia. Gure artean, nere ustez, burruka geiegi egin degu elkarren kontra: garbizaleak alde batetik, eta garbizale eztiranak bestetik. Nik gauza oietan, azken erabakia artu baño len, iritzi guziak aztertu nai nituke, eta ortarako beste euskeltzale askorekin itz egin nai nuke, eta batez ere EUSKALTZAIÑ’ekin»(16).

Eta eskutitzaren azkenean hitzordua eskatzen dio euskaltzainekin hitz egiteko, hiztegiari azken eskualdia eman baino lehen haien iritziaren berri jakin nahi duela-eta.

Berehala bidali zion erantzuna euskaltzainburuak. Hiztegiarena jakiteak eman dion poza adierazten dio aurrena:

«Ezta nolabaitekoa zure bizkarraren gañean artu dezun zama»

esaten dio. Eta honela jarraitzen du:

«Alperrik det esatea euskaltzain guziok oso pozik aituko dizugula gai oni buruz. Danokin batera, solas bat nai badezu eduki, etorri zaitez batzarrea degun egunean (ille guztietako azkeneko ostegunean). Askok naiago izaten dute gende gutxiagorekin bildu, askorekin baño, obari aundiagoa lortzen dalako, beren esanez. Nola nai, garaya elduko danean, idatzi zaiguzu, mesedez, kartatxo bat, eta egin bear dan erabakiko degu, zer eta nola»(17).

Ez dakit inoiz egin ote zen bilera hori, baina bere lana Euskaltzaindiari erakutsia ziola esaten zuen Plazidok (18).

Veruelako txoko eder hartan eman zion, bada, bere hiztegiari azken bultzada. Gero, lanik handiena egina zuenean, 1964an, Loiolara ekarri zuten ostera nagusiek. Hartara, inprentako lanak eta zabalkundea gertuagotik segitu ahal izan zituen. Eta azkenean, esan bezala, 1965ean, argitara eman zuen hainbeste urtetako lanaren emaitza zen hiztegia.


***

Iritsiak gara, horrenbestez, azken urratsera. Oraingoan ere argazki bat ekarri behar banu zuen aurrera, egunkari eta aldizkari askotan agertu dena ekarri beharko nuke: fitxaz betetako zapata-kaxaz eta liburuz inguratua ageri da argazki horretan Plazido zaharra, agure buruzuria, Loiolan, bere gelako mahai aurrean lanean, betaurrekoak sudur-puntara eroriak dituela. Argazkia erakutsi beharrean, ordea, Plazidoren esaldi bat entzunaraziko dizuet nire hitzaldia amaitzeko, poz oihu hau: Misión cumplida.

1965ean gailurra jo ondoren, bertan goxo geratzeko aukera bazuen Plazidok, aspaldiko asmoa ondo betea baitzuen. Eta hala bizi izan zen azken urte haietan, alai eta pozik. Gizon apala zen, tolestura handirik gabea, eta erraz nabaritzen zitzaion barruan zeraman poza. Aupada handi hori egin ondoren, ordea, aurrera lanean jarraitzea erabaki zuen, bere burua sasoiko ikusita.

Aurrena, alemanetik itzulitako bi eleberri labur argitaratu zituen 1968an, jadanik 1952an argitaratua zuena bat –gorago aipaturiko Noni eta Mani– eta geroztik itzulitakoa bestea –Mendiko argia–.

Horrez gain, ordea, beste lan handi bati ekin zion urte haietan: bere hiztegia irauli eta Euskara-gaztelania hiztegia prestatzen hasi zen. Horri ekin zionean, ordea, ustekabeko eragozpen batekin egin zuen topo. Ordura arte batik bat hitz berrien kontuak kezkatzen bazuen, handik aurrera idazkera batuarekin egin behar izan zituen kontuak.

Jakina den bezala, ez zuen bat egin Euskaltzaindiak Arantzazun erabaki zuen idazkerarekin, h-ari zegokionarekin batez ere. Haren aurkakotasuna, ordea, ez zen ideologia politikoen edo gisa horretako arrazoien ondorio. Arrazoi praktikoek eragiten zuten haren jarrera. Ahulegia ikusten zuen euskaldunen egoera, idazkeran horrelako zailtasunak sartzen ibiltzeko. Euskararen egoera kezkagarri hartan, euskaldunei erraztasunak ematearen aldekoa zen, eta hala aitortu zuen ageriki.

Bistan da horretan ez zuela asmatu. Ez zen gai izan etorkizunak ekarriko zituen aukerak aurreikusteko. Gure hizkuntza irakaskuntzan sartzeak, hedabideetan erabiltzeak eta, hitz batean esanda, ofizial izateak zer eta nolako aukerak ekarriko zituen ikusteko gauza ez zen izan. Hargatik haren kezka eta beldurra.

Kontua da bere betiko bidean aurrera jarraitzea erabaki zuela, Euskara-gaztelania hiztegirako ere lana gogor eginez. Hain gogor ere: ‘lanpetua-ocupado’ jartzen zuen txarteltxo bat omen zeukan beti gelako atean ipinia. Behin jesuita atzerritar bat etorri omen zen Loiolara egun batzuk igarotzera, eta Plazidoren gelaren ondoko gela bat eman zioten. Gela hartan benetan inor bizi ote zen galdetu omen zuen atzerritarrak, ez baitzuen inoiz inor handik ateratzen ikusi. Bere lan-zulotik gutxi ateratzen zen nonbait Plazido. Eta ateratzen zenean, nora joaten zen? Lana galarazten zioten bisitetatik alde egiteko, lan tresnak hartu eta, ez atezainak ez beste inork ez zekiela, elizako kupula ondoan zegoen gelatxo batera igotzen omen zen zenbaitetan, etenik gabeko lanean aritu ahal izateko.

Hala, bada, 1981ean bere bigarren euskal hiztegia, euskaratik erdararakoa, argitaratu zuen liburuki bitan.

Haren hitzaurreari –Urnieta jaioterria eta Oria auzoa aipatzen dituen hitzaurre hari– izenburu hau ipini zion letra handiz: MISIÓN CUMPLIDA. Barren-barrendik egindako poz oihu ozen bat bezala entzuten dut nik esaldi hori. Plazido Muxikaren azken aupada!


***

Nik ere hemen amaitu beharko nuke neure hitzaldia. Azken orduan, ordea, aurrera jarraitzeko eskatu didate, Plazido Muxikaren lanari buruz iritziren bat azaltzeko. Aurrera egingo dut, bada, hala eskatu didatenez.

Diccionario castellano-vasco handiari buruzko iritzi batzuk azalduko ditut, labur zurrean. Ez naiz, bistan da, kritiko gisa mintzatuko, ez bainaiz hiztegi kontuetan aditua. Erabiltzaile moduan mintzatuko naiz, hiztegiak eragin dizkidan gogoeta batzuk, eta besteri entzundakoak, azalduz.

  • Gorago esan dut hiztegiaren lehen eskualdia amaitua zuenean Euskaltzaindian aurkeztu zuela Plazidok, euskaltzainen iritzia jakin nahirik. Ontzat eman zuten haiek, oro har, haren lana, baina bi ohar egin zizkioten. Lehena hau: erdara-euskara hiztegia idatzi baino lehen euskarakoa egin behar zela, ahalik eta osoena, euskararen hitz guzti-guztiak ez bada, bai gehienak behintzat bilduko zituena. Hori egin eta gero etorriko omen ziren gainerako lanak.

    Bazekien Plazidok egunen batean egin beharko zela euskararen Thesaurus handi bat, gaur dugun Orotariko Euskal Hiztegia-ren gisakoa, alegia. Horrek, ordea, talde lan luzea eskatzen zuen. Eta zer egin behar zen bitartean? Zain egon, euskaldunak beren lanetarako beharrezko zituzten tresnak egin gabe utzita? Ez zen Plazido iritzi horretakoa. Aurrera egin eta argitara eman zuen bere hiztegia.

  • Eta –eransten dut nik orain– balio handikoa izan zen hiztegi hura bere garaian. Besteak beste, mailegatze itsuak ekarriko zigun gaztelaniarekiko morrontzatik libratzeko tresna egokia izan zelako. Itzultzaileentzat batez ere, baina ez haientzat bakarrik. Hemengo euskaldun elebidunak –ia euskaldun guztiak, egia esanda– erdaraz pentsatuta buruan ditugun hitzak eta kontzeptuak euskaraz nola eman gabiltzanean, hitz horiek besterik gabe maileguz hartzea izaten dugu biderik sinpleena eta errazena. Elocuente esan nahi dugula? Elokuentea esan eta kito, horixe dugu biderik motzena. Produkzioa esatea bezala. Horrela, ordea, erdararen erabateko morrontzan eroriko litzateke euskara. Muxikaren hiztegian aurkitzen ditugu morrontza horri izkin egiteko aukerak. Han ikusiko dugu ele-ederra esan daitekeela elokuente-ren lekuan, eta produkzio-z gain ekoizpen hitza ere hor dugula.
  • Balio handikoa ez ezik, harritzeko moduan aberatsa aurkitu zuten kritiko askok hiztegi hori. Honela dio, esate baterako, Mitxelenak:

    «la obra del padre Múgica merece en conjunto un elogio incondicional por la riqueza casi exhaustiva de su documentación»(19).

    Euskaltzainek eskatzen zuten euskal hiztegi handia artean egin gabe bazegoen ere, jakin zuen Plazidok euskal hitzen corpus erraldoia biltzen. Eta ez da hori meritu txikia.

    Erabilitako iturriek lagundu zioten horretan. Ez zen ibili, batzuek hala uste badute ere, euskaldunen ahotik hitzak biltzen. Inoiz, han edo hemen, atentzioa ematen zion hitzen bat entzuten bazuen, idatzi egingo zuen bere fitxetan, noski. Baserritar bati entzun zion behin hegazkin keduna esaten, ‘a reacción’ direlakoak adierazteko. Eta aintzat hartu zuen hitza. Baina ez zuen hori ohiko lan modua. Testu idatziak izan zituen iturri, testu idatzi asko.

    Hiru iturri mota bereziko nituzke nik.

    Batetik, hiztegiak eta gramatiketako hiztegitxoak zeuden. Aurreko hiztegi asko hustu zituen bere fitxetan, batez ere Azkuerena.

    Euskaratutako lanak, bigarren. Hala, besteak beste, Kempisen Jesukristoren imitazioa liburu ezagunaren bost bertsio arakatu zituen. Orixeren lanak ere hustu zituen bere fitxetan. Orixeren mireslea zen Plazido eta arretaz aztertu zituen haren Urte guziko Meza-Bezperak eta San Agustinen Aitorkizunak, non hitz altxor handia aurkitu baitzuen. Eta horrela beste liburu asko.

    Eta, hirugarren, batetik eta bestetik bildu zituen hitz zerrenda bereziak aipa daitezke. Hala, adibide bat emateagatik, Botanika eta Zoologia gaiez jesulagun batek utzitakoak.

  • Aberastasun horrek ez zuen, ordea, dena alde onekoa izan. Hiztegiari jarritako eragozpenen artean hau da bat: hitzak erreferentziarik gabe ematen direla. Ez nondik hartuak diren esaten da hiztegian, ez non, nola eta zenbat aldiz erabiltzen diren. Behin bakarrik agertzen dena izan daiteke hitza, edo idazle batek bakarrak erabilia. Edo barra-barra erabiltzen dena. Ez zaigu esaten. Denetik biltzen duen biltegi baten itxura du hiztegiak.

    Fitxetan idatzita zeuden, bai, hitzen erreferentziak, hasiera-hasierakoetan izan ezik. Aztertutako liburu bakoitzari zenbaki bat ipintzen omen zion, klabe moduan. Klabe hori eta orrialdearen zenbakia ipintzen omen zuen gero fitxetan. Hiztegian, ordea, ez zituen erreferentzia horiek sartu, arrazoi praktikoek aginduta. Izugarri handituko zuen horrek hiztegia, garestiegia eginaz, batetik, eta erabiltzeko traketsagoa bilakatuz, bestetik.

    Horrek ondorio jakingarri bat izan zuen, ordea.

    Mitxelenaren hitzak entzungo ditugu berriro:

    «Un reparo más importante [...] es el carácter demasiado poco selectivo de este diccionario. El autor se ha dejado tentar, como tantos otros, por la aparente riqueza que constituyen las variantes de todo género, formales o semánticas, del léxico vasco y ha tratado de recogerlas todas, sin un criterio normativo que en una obra de esta clase parece estar en su lugar»(20).

    Erabiltzaileari dagokio, bere euskararen ezagutza baliatuz, hiztegian esan gabe geratu dena betetzea eta hitz bakoitzaren ezaugarriak antzematea. Lan egin behar bu, nolabait esan, eskaintzen zaizkion aukeren artean berari komeni zaiona hautatzen.

    «El resultado es –berriro Mitxelena– que... su libro será «peligroso» en manos de personas de escasa formación en nuestra lengua, aunque vaya a ser útil y aun utilísimo para quienes disponen de una buena preparación y son capaces de elegir por su propia cuenta»(21).

  • Azken hitz bat, oraindik, neologismoei buruz. Lehenago esan dudan moduan oso kezkatua zegoen Plazido Muxika auzi horrekin. Gaztelaniako hitzen ordaina ematean bi aukera izaten zituen maiz: edo gaztelaniatik hartutako mailegua hobetsi, edo asmatutako euskal hitz berriari lehentasuna eman.

    Auzi horretan muturretatik ihesi ibili nahi izan zuen. Mailegu zahar etxekotuak onartzeko ez zuen inolako zalantzarik. Hala adierazi zion euskaltzainburuari gorago aipatutako eskutitzean; Euskaltzaindiak egin berria zuen adierazpenean aipatzen ziren hitzak berak ere onartzen zituela, alegia, gehienak behintzat.

    Aukeran, ordea, garbizaletik gehiago zuen. Horrek ez du esan nahi, jakina, bera ibili zenik jo eta ke hitz berriak asmatzen. Baten bat asmatuko zuen, beharbada, baina ez zen horretan bereziki saiatu. Iturrietan aurkitzen zituenei zer leku aitortu behar zitzaien erabakitzea zen haren kezka.

    Hitz berria gardena bazen eta ondo eratua bazegoen, nahiago zuen hura mailegua baino. Halako hitz berriak proposatzearen aldekoa zen. Gero, herriak eta idazle onek erabakiko omen zuten hitz horien etorkizuna: batzuk aukeratu eta beste batzuk bidean utziko zituzten.

    Gaur erabiltzen ditugun irizpideetan bada bat, haren azalpenetan agertzen ez dena: nazioarteko hitza izatearena, alegia. Horiekin ere besteekin bezala jokatzen zuela esango nuke. Triangelu isoszele esan beharrean, konparazio batera, zango-berdin esatea proposatu zuen, grekoko hitz horrek esanahi horixe duelako, hain zuzen ere.

    Kontu horiek gorabehera, esan beharra dago, nik uste, aski zuzena eta neurtua izan zela Plazido bere irizpideetan. Mitxelenaren hitzekin amaituko dut neure hitzaldiaren zati hau:

«Vuelvo a insistir expresamente en que [ la obra del padre Múgica ] me parece excelente y no sólo [ por ] la minuciosidad en la recogida del material y la claridad de su ordenación, sino también por el acierto general con que ha sabido resolver tantos escabrosos problemas»(22).


(JOSE ANTONIO MUJIKA CASARES Urrutiko Batxilergorako Euskal Institutuko -IVBAD/UBEI- euskara-irakasle da. Halaber, euskaltzain urgazle da eta, sorrera-sorreratik, Euskaltzaindiko Gramatika batzordeko kide ere bai)


Oin-oharrak

  • (1) Eta gaur behin eta berriro aipatuko dugun Diccionario castellano-vasco hiztegi handian ere utzi zuen bere jatorriaren aztarna. "Eclesiásticamente" hitza hartzen baduzue, ikusiko duzue besteren artean "elizaz" ordaina ematen duela eta honen erabilera argitzeko honako esaldi hau ipintzen duela, adibide gisa:
    • «legez [...] Urnieta"rra naiz ni, eta elizaz Lasarte"arra».

    Modu orokorrean emana dago esaldia nori dagokion esa gabe. Baina haren berri dakigunok badakigu berari dagokiola bete-betean.

  • (2) Orain urte batzuk idatzi nuen Plazido Muxikaren biografia, Bidegileak bilduman. Han aurkituko du, hala nahi duenak, hari buruzko datu gehiago.
  • (3) Ik. El pensamiento navarro-k egin zion elkarrizketa (1959-02-25).
  • (4) Leopold, E.F., Lexicon graeco-latinum manuale, Leipzig, 1852.
  • (5) Behin, 1956an, San Ignazioren urtea zenez, Koldo Mitxelena zenak San Ignazioren idaztankeraz artikulu bat idatziko ote zuen eskatu zion, EGANen argitaratzeko. Eskutitz luzea egin zion Plazidok, horretarako astirik ez zuela azalduz: «nere unetxo urriak iztegiari ematea, erabakia daukat aspaldi ontan. Zorionez edo zoritxarrez asi ote nun eztakit, baño asi nun ezkero, aurrera eragin nai nioke nere iztegi oni. Naiko atzerapide sortu zaizkit asi nunetik, eta enuke besterik ere iñola ere nai» (KM Kulturguneko funtsetan: "Koldo Mitxelena eta Plazido Mujikaren arteko elkarridazketa").
  • (6) Adiskide berri, "Aita Plazido Mujikak esan digu", EGAN, 1957 (3-4), 127 or.
  • (7) 1961ean, hiztegia aurreratua zuela, lehenez gain zabalkunde lanak ere bere gain hartu zituen. Interesatuen helbideak bilatzen hasi zen eta haien etxeetara harpidetze orriak bidaltzen. Lan handia egin zuen horretan. Dena berak. EGAN aldizkarira ere idatzi zuen, hiztegiaren zabalkundea sartzeko baimena eskatuz: «Zabalkundea era berri ontan egiñaz, nere eginkizun nagusiari (ots, iztegi osoa makiñaz aldatzeari) erosoago ekingo diot. Gogor ekin beharko gaiñera! Bestela beti atzera ibiliko nintzateke nere lan gogor ontan. Luzea ta gogorra da benetan nere lan au, baño (Jaunari eskerrak) osasun ona ta lanerako sasoia ere ba"ditut» (KM Kulturguneko funtsetan: "Koldo Mitxelena eta Plazido Mujikaren arteko elkarridazketa").
  • (8) Muxika"tar Pl,. "¡Berriz Santa Cruz apaiza!", EGAN, 1956, 3-4, 20-25 or. Santa Cruz apaizak Kolonbian bizi izandako gertakari asko kontatzen ditu artikulu horretan Plazido Muxikak. Ikastetxe berean aritu ziren biak, baina ez garai berean. Hura iritsi baino urte batzuk lehenago hila zen Santa Cruz apaiza.
  • (9) Joseba Intxausti, "«Euzko-Gogoa»-ren lankideak", Jakin 12, 1979ko urri-abendua, 120-137 or.
  • (10) Loiolan zirela laguntzaile izan zituzten euskalgintzan Aita Apalategi, Garmendia, Olabide eta Estefania irakasleak (Ik. Joseba Intxausti, ibid., 5. oh.).
  • (11) Gorago aipatu artikulua.
  • (12) Hala dio bere euskal hiztegi bien atarian idatzitako "Génesis de la obra" hitzaurrean: «Al leer y releer varias veces de punta a cabo aquel trozo del semanario donostiarra, brilló en mi mente una idea fulgurante como un chispazo... y aquella idea era ya una decisión: Cuando regresara a España, tenía que escribir un gran diccionario castellano-vasco, para colaborar, según mis fuerzas, al cultivo y fomento del euskera».
  • (13) Teologia ikasten ari zela ere ez zituen erabat utzi euskal lanak. "Euskal-itzak erderan" artikulua idatzi zuen Yakintza aldizkarian, Espainiako Akademiako hiztegiak euskal jatorrikotzat zituen hitzak bilduz (9 zb., 1934, maiatza-ekaina). Handik idatzi zion J. de Urkijori eskutitz bat Hispania hitzaren etimologiaz kontsulta eginaz, eta han idatzi zuen RIEVek argitaratu zion "Reminiscencias de la lengua vasca en el «Diaro» de S. Ignacio" artikulua. Beste batzuek ez bezala, euskararen aztarnak ikusten zituen Plazidok San Ignazioren gaztelaniazko testuetan.

    Urruntzearen gaia dela-eta, honela idatzi zuen artikulu horretan: «A pesar del [ l ]argo espacio de más de treinta años, que transcurrieron desde que Ignacio dejó la casa paterna de Loyola, delataba el santo Fundador en sus conversaciones y en sus escritos su procedencia vasca. Ni el espacio, ni el tiempo fueron capaces de borrar los rasgos atávicos de S. Ignacio, el mayor de los vascos. Es que la lengua que se ha mamado con la leche materna, influye más o menos claramente a través de toda la vida [...].

    Dice una antigua leyenda que vivía la concha marina como en casa propia en medio de las rompientes del mar y fue un día transportada al interior de la tierra firme, a lo alto de las más encumbradas montañas. Pero aún allá conservó en sí la concha, cual inolvidable recuerdo, ese extraño y misterioso rumor como de una lejana rompiente, como eco del inmenso mar! Así también Ignacio, transportado de su casa paterna por la Providencia a lejanas tierras conservó en su acento y en sus escritos el eco dulce y armonioso de la lengua vasca!!» (RIEV XXVII, 1936, 65).

  • (14) Monasterio hori ostatu bilakatua zen Mendizabalen amortizazioaren ondoren. Han igaro zituzten hilabete batzuk G. A. Bécquer espainiar idazleak eta haren anaia Valeriano margolariak (1863-64). Han zegoela idatzi zituen poetak Desde mi celda gutun ezagunak. Gaur egun Zaragozako Gobernuarena da monasterioa eta Bécquer anaien erakusketa iraunkorra ikus daiteke haren geletan.
  • (15) Oñan zegoela inguruko herri batera joaten omen zen igandero meza eman eta sermoia egitera. Sermoiak egiten ohitzeko hartu omen zuen lan hori, baina ez omen zuen inoiz hartara ohitzea lortu. Ez omen zuen predikatzeko balio, eta dar-dar batean egoten omen zen sermoia egin behar zuen bakoitzean.
  • (16) KM Kulturguneko funtsetan: "Koldo Mitxelena eta Plazido Mujikaren arteko elkarridazketa".
  • (17) Ibid.
  • (18) Euskaltzaindiarena aipatzen ari naizela, nahi gabe zabaldu nuen oker bat zuzendu beharrean nago. Loiolako artxiboan osabaren paper zaharrak begiratzen ari nintzela, hura hil ondoren jesuita batek eginiko ohar biografiko batean hau irakurri nuen: «es miembro correspondiente de EUSKALTZAINDIA a partir del año 1977-78». Eta hala esan nien nik elkarrizketa egitera hurbildu zitzaizkidan kazetari batzuei ere. Datu hori, ordea, ez da zuzena: 1957an egin zuten euskaltzain urgazle, Euskaltzaindian berean esan didatenez.
  • (19) Enciclopedia Auñamendi, s.v. "Múgica Berrondo, Plácido".
  • (20) Ibid.
  • (21) Ibid.
  • (22) Ibid.

Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)

Jose Antonio Mujikak erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus