Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Segurtasun tartea zaindu

Segurtasun tartea zaindu

2006-04-12 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Gure autobideetako paneletan ikusten den esapidea da "Segurtasun tartea zaindu" hori. Esango nuke mantendu saihesteko ezarri dela hor zaindu.

Ez dago esan beharrik panel horretan ez dela zaindu bere lehen adieran erabiltzen, ezta bigarrenean ere. Nolanahi ere, Orotariko Euskal Hiztegian ikus daitekeenez, tradizio zabala eta segurua du zainduk "mantendu" adieran, eta ez diot nik ezer aitzakiatuko erabilera horri; bihurriegia panel baterako agian, besterik ez.

Mantendu-ri dagokionez, nahiz Hegoaldekoa baino ez den, tradizio sendoa du; baina tradizio sendo hori abereak, familia eta kidekoak mantentzeari dagokio batez ere; badu hitzak bigarren adiera bat, "eduki, iraunarazi"-ren ingurukoa, ez hain tradizio onekoa baina ezta baztertzekoa ere. Hortik bestalde baditu mantendu-k erabilera klonikoak, akusatuak garondotik heldu zion biktimari hizketaldi labur bat mantendu ostean esaldikoa adibidez, niretzat ezin onartuzkoak direnak.

Dena dela, aski da euskal hiztegi elebidunetan gaztelaniazko "mantener" sarrera aztertzea, ikusteko dagokigun adieran mantendu ez dela ongi hartua: Elhuyar Hiztegiak, adibidez mantener-en 3. adieran eutsi, atxiki, iraunarazi baino ez ditu ematen. Ordain hauen artean eutsi-k eta iraunarazi-k ez dute gaztelaniazko mantener-en alor hori erabat betetzen: adibidez, nekez onartuko genuke lehen aipaturiko panelean "Segurtasun tarteari eutsi", eta are nekezago "Segurtasun tartea iraunarazi".

Elhuyarrek aipatzen duen atxiki-k, berriz, abantaila daramakie gainerako horiei mantener-en adiera honen ordain gisa. Berez sortaldeko tradizioko hitza da atxiki, baina Euskara Batuak hasieratik bertatik bereganatu zuen "itsatsi, erantsi, heldu" adieran, zaio aditz gisa.

Nolanahi ere, atxiki-k badu beste adiera bat, du aditza dena, gaur egun Iparraldean atxiki-ren adiera nagusia dena. Adiera hori ere jasotzen du Hiztegi Batuak, euskalki markarik gabe gainera. Bestalde, atxiki hau aipatzen ari garen "mantener"-en ia erabateko kidea da: hitza atxiki, zerbait gorderik atxiki, bihotza garbi atxiki, atxiki behar diren ohiturak, atxiki dezagun oso gure euskalduntasuna...

Uste dut atxiki-ren bigarren adiera hau aukera ona dela mantendu aditza abereak eta familia mantentzeko baino gogoko ez dutenentzat. Baina uste dut orobat egokia dela "Segurtasun tartea mantendu" bezalakoak onartu arren, beren hiztegi baliabideak aberastu nahi dituztenentzat, "Segurtasun tartea atxiki" eta kidekoak erabiliz, maila jasoan bederen.


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
Eta gorde?
2006-04-12 / 08:54 / Pello Huizi

Eta zergatik ez "Segurtasun tartea gorde"?


(PELLO HUIZI PETRIKORENA Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)

 
Testuingurua baliatzea
2006-04-12 / 10:22 / Asier Agirre

Ni ados nago Sarasolak esan duenarekin. Pilotan "atxiki" (gaztelaniako "retener" edo) hitza erabiltzen dugunean ere, pilotari eskuan behar baino gehiago iraunarazten diogulako da; hots, kolpea tira beharrean, eskuan behar baino denbora gehiago edukitzen dugulako. "Atxiki"-k, beraz, oso ongi ispilatzen du, nire ustez, segurtasun tarteari mementoero begiratzea edo kontu egitea.

Bide batez, ordea, beste zerbait ere esan nahi nuke. Nik ere hausnartu izan dut autobideetan ikusten dugun esaldi horren gainean eta zera pentsatu izan dut beti: "segurtasun" hori ez dela beharrezkoa, eta euskararen aliaturik onenetakoak testuingurua eta elipsia direla. Mezuak laburtu eta erraztera jo behar dugula iruditzen zait, eta testuinguruarekin jokatu behar dugula: "Utzi beharrezko tartea", "atxiki tartea" "egin kontu tarteari" bezalako mezuak batere arazorik gabe ulertuko genituzkeela iruditzen zait. Beti, agian, ez da balekoa izango testuingurua baliatzea, baina gaurko adibide honetan "segurtasun" hitza ez zait nahitaezkoa iruditzen.

 
Printzipala dena lehenengo, gero gerokoak
2006-04-12 / 13:07 / Erramun Gerrikagoitia

Iruditzen zait ezen tzat txofer bat (edo edozein) hobeto da izkiriatzea zaindu segurtasun tartea edo zaindu seguritate tartea ezi izkiriatu Segurtasun tartea zaindu.

Era berean hartzen dut effektivoagotzat haurek formak:

eutsi segurtasun tarteari edo eutsi seguritate tarteari

matendu seguritate tartea

atxiki seguritate tartea

Beti ere aurretik doala verbua -aditza, adierazten duena, adi erazten duena-

zaindu ...

eutsi ...

iraunarazi ...

mantendu ...

atxiki ...

jan ...

ikusi ...

Edo ere beste edozein mezutan.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 
Bai, poztu nau ikusteak verbua aurretik
2006-04-12 / 17:41 / Erramun Gerrikagoitia

Poztu nau ikusteak zelan hak Asier Agirre ipini dituen exempluetan' ezarri du verbua aurretik beste geroko guzia. Halan, "Utzi beharrezko tartea", "atxiki tartea" "egin kontu tarteari", hau da,

Utzi .........

Atxiki .........

Egin kontu .........

Modu hori da diskursivoago, informativoago eta sozialki realago ezi bestea, klarki.

 
Aditza aurretik behar du
2006-04-18 / 07:50 / Andoni Sarriegi Eskisabel

Arrazoi osoa dute Agirrek eta Gerrikagoitiak. ADITZA AURRETIK BEHAR DU, AGINDU IZAERAKOA DA ETA. Gainerakoan nire ustez egokienak hauek dira:

  • UTZI SEGURTASUN-TARTEA
  • GORDE SEGURTASUN-TARTEA
  • ATXIKI SEGURTASUN-TARTEA


(ANDONI SARRIEGI ESKISABEL Beasaingo Udalaren Euskara Zerbitzuburua)

 
Mezu gehiago ere bai an trafiko panelak
2006-04-21 / 03:11 / Erramun Gerrikagoitia

Jakin ahal izan dut zelan ze agertzen da an trafiko panel elektronikoak segurtasun tartea zaindu mezuaz gainera baita ere beste honakoak baita horrekin batera, beti ere bi hizkuntzetan euskaraz eta kin korrespondienteak erdaraz.

segurtasun uhala erabili

abiadura egokitu

Non horien ordez hobeto legoke baleude hontara:

erabili segurtasun uhala

egokitu abiadurea

erabili ...

egokitu ...

Ikusi eta observatu ahal den lez strukturea hon phraseak beti da berbera, dagoenik zurrunena. Ez dute esthetika informativorik egokiena eta effektivoena hartu nahi buruz trafikoa, nola litzateke responsabilitate hain munta handikoa. Sklerosizatuak hartua du mendean mentalitatea hon erabilerea hon euskara, tamalez.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus