Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Errepideak

Errepideak

2006-03-03 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal - EITB   HIZKUNTZA

Irratiko eta telebistako informazio saioen barruan euren tartea egin dute trafikoaren gaineko berriek. Halako berrietan erabiltzen den hizkera bitxia da, zinez, batik bat zehaztasunaren zehaztasunera jotzen delako daturik xumeenean ere.

Errepidearen izena

Errepidearen izena

Trafikoari buruzko berrietan guztiz beharrezkoa izaten da errepidea zein den esatea. Errepideen izenak osatzeko, letrak eta zenbakiak erabiltzen dira. Honela irakurriko ditugu.

  • Letra eta zenbakia emanez:
    • A-8
      • a-zortzia
    • N-1
      • ene-bata
    • BI-635
      • bi-seiheun eta hogeita hamabosta
  • Zenbakia (edo ikur osoa) eta errepide mota adieraziz:
    • A-8
      • a-zortzi autobidea
    • N-1
      • bat errepide nazionala
    • BI-635
      • Bizkaiko seiheun eta hogeita hamabost errepidea

Errepide motak

Berez, hiru mota nagusi aipa ditzakegu: autobideak (eta ez «autopistak»), autobiak eta errepideak. Horretan ez dago arazo handirik.

Errepideak duen garrantzia, erabilera eta betekizuna aintzat hartuz gero, berriz, gauzak korapilatu egiten dira. Alde batetik lehen mailako errepide-sarea, eta bigarren mailakoa bereiz ditzakegu.

Bestetik, trafikoa hirigunetik ateratzen duten errepideei ingurabide edo saihesbide deritzegu. Eskualde bat arin zeharkatzeko modua ematen diguten bideak igarobideak dira, esate beterako, Txorierriko igarobidea. Autobideetan-eta, trazatuari eusten dioten zubiak zubibide deitzen dira. Adibidez, Millauko zubibidea Paris eta Côte d’Azur lotzen dituen errepidearen zatirik ikusgarriena da.

Azkenik, bide bi elkartzen diren tokiari bidegurutze esaten zaio. Bidegurutzeetako trafikoa errazteko asmoz, eraztun itxura ematen zaio errepideek bat egiten duten tokiari, eta biribilgune esaten zaio. Bat egiteko tokian bide asko elkartzen badira, batzuk azpitik, edo batzuk gainetik, edo tartean trenbidea ere bada, lotune esan daiteke.

Errepidearen parteak

Mapa batean begiratuta, errepidea marra bat da, puntuz puntu osatua. Istripuren bat edo gorabeheraren bat kokatzeko, beraz, zein puntutan gertatu den esan dezakegu.

  • Kamioi batek artaziarena egin du A-8 autobideko 36. kilometroan.

Ikus-entzuleei gehiago zehaztu behar izaten zaie gorabeheraren kokapena, errepidearen zein aldetan gertatu den esanez.

  • Istripua izan da Malmasingo tuneletan, Bilboko norabidean.
  • Istripua izan da Malmasingo tuneletan, Bilborako bidean.
  • Istripua izan da Malmasingo tuneletan, Bilbora bidean.

Fisikaren ikuspegitik lehen adibidea okerra litzateke, «noranzko» esan behar genuke eta: «norabide baten bi noranzkoak», Hiztegi Batuak dioen bezala. Nolanahi ere den, hizkera arruntean «Bilboko norabidean» diogunean ez da inor nahastean, eta ez dago ez premiarik, ez lege-agindurik, zientziaren kontzeptuei –eta terminoei– men egiteko.

Errepidearen norabide biak bereizten dituen egiturari erdibitzaile deritzo, eta –gehienetan harresi txiki bat izaten denez– erdiko petrila ere esan daiteke. Norabide bakoitzean bide zerrenda bat baino gehiago egon liteke, alegia, errei edo lerro bat baino gehiago.

Zirkulazio arazoak

Bide bat itxita dagoenean, trafikoa beste leku batetik bideratu behar da («bideratu», ez «desbideratu»).

  • Goizean istripua egon da A-8 autobidean, eta Ertzaintzak N-634 errepidetik bideratu behar izan du trafikoa Zornotzako ordaintokiaren parean.
  • Kamioi batek istripu larria izan du Astigarragako ingurabidean, eta trafiko guztia atera behar izan dute.

Istripurik arruntena auto bik elkar jotzea izaten da, alegia, talka egitea. Kamioiek beste era bateko istripua izaten dute sarri, artaziarena egiten dute.

  • Bi autok aurrez aurre jo dute, eta bi pertsona zauritu dira Atxondon.
  • Furgoneta bat begiratu barik irten da bidegurutzean, eta tupust egin du esnedunarekin.
  • Kamioiak erdiko hesia jo du, eta kamioizaleak zauri larriak egin ditu gorputz osoan.
  • Autobusak bi ahizpa azpian hartu ditu. Bat bertan hil / zendu da.
  • Kamioiak zama handia zeraman, eta bihurgunean irauli egin da.

Trafiko handia egoten denean, ibilgailuak pilatu egiten dira.

  • Auto ilara / andana / errenkada luzeak eratu dira Iruńerrian, Noaineko lotunea itxita egon da eta.
  • Gaur goizean ehundaka ibilgailu multzotu dira Donostiako ingurabidean.
  • Herri Urrats dela eta, Euskal Herri osoko autoak mordotu dira Senpererako bidean.
  • Hondartza sasoiko lehen igandean itogune handiak sortu dira itsasertzeko herri gehienetan.

Arazorik ez egon arren, orduan ere zerbait esan behar da.

  • Oporretako lehen egun honetan beribil asko dabiltza bidean, baina beste ondoriorik gabe.
  • Gaur, Santiago egunean, ez dago gorabeherarik errepideetan.
  • Irteera operazioa amaituta, autoak normal dabiltza Arabako errepideetan.

(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

 
Kazetarientzat
2006-03-05 / 21:49 / Joxe Mari Berasategi

Ohartxo bat, "artaziarena egitearen" inguruan, eta ez zuzenean Asierrentzat, euskal hedabideetan gai hauek jorratzen dituzten kazetarientzat baizik.

Nire ustez, "artaziarena egiteko", kamioiak artikulatua edo atoiduna izan behar du. Beste ibilgailuek ere egin dezakete artaziarena, artikulatuak badira edo atoia atzetik dutela badoaz. Kamioi eta ibilgailu artikulatu gabeek irrist edo laprast egiten dute, ez "artaziarena".

Ondo bizi,

Joxe Mari Berasategi
Gasteiz

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus