Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Baitan

Baitan

2006-03-08 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

baitan formaren erabilera tradiziotik bestelakoetako joskeretara hedatu da euskara batuan. Horietako batzuk "Xk artista hasiberrien erakusketaren baitan aurkeztu zituen bere margolanak" motakoak dira; beste batzuk "Euroligako partiden baitan egongo da magazina asteko zer egunetan eman" tankerakoak.

Lehen motakoak gaitzetsi egin ditu Euskaltzaindiak, Euskara Batuaren bigarren itzulian. Izan ere, baitan eta -gan guztiz kidekoak dira euskaraz, eta artista hasiberrien erakusketarengan aurkeztu zituen bere margolanak euskara gaiztoa denez gero, artista hasiberrien erakusketaren baitan aurkeztu zituen bere margolanak ere euskara gaiztoa da, nahiz eta baitan horrek, geurea ez dugunoi -eta geurea ez dugulako hain zuzen- belarriko minik eragiten ez digun. Aipagarria da baitan berezkoa -eta ez (gaizki) ikasia- dutenen artean ez dudala horrelako erabilerarik ikusi. Hortaz, erakusketaren barruan/barnean erabili behar dugu horrelakoetan, orain arte egin dugun bezalaxe.

Bigarren motakoak korapilatsuagoak dira. Euskaraz, Hegoaldean bederen, badugu halako eragozpen bat gaztelaniazko según/depende (de) esapideen kideak emateko. Horrelakoetarako konponbide gisa baitan hasi da zenbait idazle erabiltzen Euroligako partiden baitan egongo da magazina asteko zer egunetan eman bezalako esaldietan. Beste batzuek arabera erabiltzen dute. OEHren datuen arabera, baitan horrek oso badaezpadako tradizioa du; arabera-ri dagokionez, ez du ongi ematen hainbat testuingurutan. Ez ditut nik gaitzetsiko erabilera horiek, baina gogoratu nahi dut badugula tradizioan aterabide hoberik.

Izan ere, bada joskera bat Hegoaldean nahiz Iparraldean aski erabilia dena eta idazle gehiagok ezagutu beharko luketena. Bereziki gomendagarria da erantzunetan, según/depende (de) horren ondoan galdetzaile bat gertatzen denean, hots depende de quién lo compre edo según cuándo sea bezalakoetan: aterabidea mendeko perpaus galdekatzailea da, nork erosten duen eta noiz den, aipatu dugun kasuetan. Baina orobat irtenbide onena da, nire ustez, bestelako joskeretan: lauko amua behar duzu, edo bostekoa, haria nolakoa den, edo ardoa edo whiskia hartzen dut, nork pagatzen duen edo zer esaten duten, erabakiko dugu. Gorago aipatu dugun adibidea, Euroligako partiden baitan egongo da magazina asteko zer egunetan eman perpausa ere eman daiteke, aski eroso nik uste, joskera hau erabiliaz: Euroligako partidak noiz diren, erabakiko da magazina asteko zer egunetan eman.


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
Petotasun osoko adiera
2006-03-08 / 10:53 / Andoni Sarriegi Eskisabel

BAITAN hori bere bigarren adieran, erabilpen zabalekoa izan da orain arte Goierrin (orain ohitura asko ari dira aldatzen) eguneroko ahozkotasunean.

Ni Ibon zure adinkidea naiz gutxi gorabehera eta gogoan dut gure aurrekoek, aittejaun-amandreek, gurasoek, osaba-izebek, euskaraz belarriz ikasiek, ugari eta lasai erabiltzen zutela:

  • HORREN BAITTAN BALEO...
  • NEE BAIITAN BALEO, LAISTER KONPONDUKO NOKE.
  • EGOALDIE EZ DAO GUE BAITTAN DA...
  • HOI JAINKOON BAITTAN DAO.

eta abar, eta abar.

Nire ustez, bigarren adiera hori zilegitasun eta petotasun osokoa izan da Gipuzkoako Goierriko lehengo hiztunetan. Nire familiartean eta ezagunen artean, batez ere Ataun, Beasain, Olaberria, Idiazabal, Lazkao eta Ordiziako jendearekin harremanak izana naiz.


(ANDONI SARRIEGI ESKISABEL Beasaingo Udalaren Euskara Zerbitzuburua)

 
Redaktatzen ikasi behar hobeto eta gabe syllogismo faltsuak
2006-03-13 / 23:39 / Erramun Gerrikagoitia

Hak akademiko Ibon Saraloa izkiriatzen du ondoko syllogismoa [syllogism: a way of arguing in which two statements are used to prove that a third statement is true, for example: "All humans must die; I am a human; therefore I must die"]

Izan ere, baitan eta -gan guztiz kidekoak dira euskaraz, eta artista hasiberrien erakusketarengan aurkeztu zituen bere margolanak euskara gaiztoa denez gero, artista hasiberrien erakusketaren baitan aurkeztu zituen bere margolanak ere euskara gaiztoa da.

Hori syllogismoa edo hobeki hori pseudosyllogismoa edo syllogismonahi hori ez da egiazko syllogismoa zeren dago basatua premisa okerretan, esan nahi bait da, ze resultatua ez da ondorioztatzen ahal tik lehendabiziko bi premisak. Horrez gainera ez legoke gaizki ikasten balitz redaktatzen klarkiago, zeren nork ukatzen ahal du ulertzen da hobeki -asko hobeto- hontara:

... eta nola euskara gaiztoa da artista hasiberrien erakusketarengan aurkeztu zituen bere margolanak halan ere da euskara gaiztoa artista hasiberrien erakusketaren baitan aurkeztu zituen bere margolanak.

Redaktatzen ikastea pasableki ez logoke gaizki batez ere tzat irakurlea. Eta gainera ez dagoke ongi arduratzea kin gorabehera peripherikoak eta kasik intranszendentalak noiz alboan uzten dira negligenteki ardura epizentrikoak eta transzendentalak.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus