Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hezitzaileek asko egin dezakete

Hezitzaileek asko egin dezakete

2006-02-23 / 07:00 / Ttakun Kultur Elkartea   KULTURA

Gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko zein urrats eman behar diren eta jarraitu beharreko prozeduren nondik norakoak zehazten ditu txosten honek.

Sarrera

Sarrera

Hezitzaileek asko egin dezakete proiektua Ttakun Kultur Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako eta Euskarako departamentuen eskariz landu duen egitasmo bat da.

Lanaren xede nagusia zehazten hasita, esan dezagun jomuga behinena dela 12 eta 18 urte bitarteko gazteekin eskola-orduz kanpoko jardueretan aritzen diren hezitzaileei euskararen erabilera sustatzeko tresnak eskura jartzea.

Proiektu hau, nolanahi ere, ez da hutsetik abiatua; aitzitik, ondoko beste lan hauei segida ematera dator. Ttakun Kultur Elkarteak, 2003. urtean, Asko egin dezakete begiraleek haurren artean euskararen erabilera bultzatzeko argitalpena kaleratu zuen. Hurrena, 2004an, hastapeneko lan hori osatze aldera, Nahia eta jarrera lantzeko gida eta adibideen txostenak egin zituen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako eta Euskarako departamentuen babesean.

Goiko hiruko sorta horretan, 12 urte bitarteko haurrekin aritzen diren begiraleentzako materiala atondu zen: haurren nahi-jarreretan oin hartuta, euskararen erabilera modu natural batean sustatzeko tresnak landu ziren, hainbat adibidez hornituta.

Behin lan hori amaituta, oso beharrezko jo zen, halaber, 12 eta 18 urte bitarteko gazteekin jarduten diren hezitzaileentzako oinarriak jartzeari ekitea, eta Hezitzaileek asko egin dezakete izeneko txosten hauxe da ahaleginaren uzta.

Jakina denez, han-hemen ez da buruhauste makala euskararen ezagutza eta erabilera uztartzen asmatzea: gero eta gazte gehiagok dakite euskara, baina gutxirentzat da ohiko mintzabidea. Datuek ispilatzen dutenez, gazteen euskararen ezagutzak igoera nabarmena izan du azken urteotan1, eta gaurko Euskal Herrian %40tik gora dira gazte euskaldunak: duela 20 urte baino %20 gehiago, zehazki. Euskararen erabilerak, ordea, aski apal egin du gora, eta %8tik %13ra bakarrik iritsi da denbora berean.

Kontua horrela, hainbat erakundek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote eskola-orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera indartzeari, zeren irizten baitiote arlo horretako aktibitateek ezaugarri aproposak dituztela gazteak euskara mintzatuan aitzinarazteko. Adibidez: gazteek berek hautatutako jarduerak dira; beren gustukoak. gazte gehienek ordu ugari ematen dute eskola orduz kanpoko jardueretan: aisian, kirolean, dantzan, antzerkian...

Alabaina, gazteek eskola-orduz kanpoko jardueretan euskaraz hitz egitea erdiesteko, modu planifikatuan eta eragingarrian lan egitea komeni da, eta, ildo horretan, nahitaezkoa da jardueretako “aktore nagusiak” ongi identifikatzea. Gazteentzako programatutako aktibitateetan, esan gabe doa, gazteak berak dira protagonistak; baina, haiekin batera, jarduera zuzentzen duen pertsona da enbor eta ardatz; hau da, jarduerako hezitzailea.

Enbor edo ardatz nagusi hori bestela izenda bazitekeen ere, generikoki hezitzaile izena baliatzearen alde egin da, honako arrazoi hau tarteko: idazgai dugun arlo honetan, era askotako aktibitateak programatzen dira, baina bakan izan ohi dira dena delako jarduerari lotutako helburu espezifikoak bakarrik lantzera bideratuak, eta, halatan, barne izan ohi dituzte gehientsuenetan irakaskuntza informalarekin ikuskizun duten xedeak, hala nola gizarteratzearekin, balioekin, pertsonen garapenarekin eta abarrekin zerikusia dutenak. Jarduerako enborrak edo ardatzak, beraz, jardunarazi eta hezi egin behar izaten ditu gazteak.

Gure kasura etorrita, aktore nagusi horrek, besteak beste, gazteak euskararen erabileran gidatzea, heztea... izango du eginkizun gehigarri, eta horrexegatik ipini diogu proiektuari Hezitzaileek asko egin dezakete gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko izenburua.

Txosten honetan, beraz, lan horixe aurkezten da, bi ataletan bereizita. Lehenengoan, gazteentzako antolatzen diren jardueretako hizkuntzazko errealitatea, erakunde parte-hartzaileak, hezitzaileak eta gazteak aztertzen dira; bigarrenean, hizkuntzazko helburuak nola finka daitezkeen eta helburuak lortzeko zer estrategia balia daitezkeen proposatzen da.

Hirugarren atal bat ere badu proiektuak. Parte horretan, adibide praktikoak txertatu dira, proposamenak aiseago ulertzen laguntzeko eta tresnak praktikan nola erabil daitezkeen jabetzeko, baina lanaren II. dokumentura eraman da osorik, hezitzaileei erabilerrazago gerta dakien.

Proiektuaren edukia zedarritzeko urratsak

Sarreran adierazi dugun moduan, Ttakun Kultur Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako eta Euskarako departamentuen eskariz landu du Hezitzaileek asko egin dezakete proiektua.

Hasieratik beretik, Ińaki Eizmendi, Aitor Uriarte eta Olatz Zubillaga hirukoari egokitu zaio lana hezurmamitzea, eta prozesu guztian bidelagun izan dute, aholkulari gisa, Marga Iturritza irakaslea. Lehenengo hiru lagunek, bestelako merezimenduak alde batera utzita, esperientzia handia dute gazteen eskola-orduz kanpoko jardueretan, eta azkenak dagoneko bide luzea egina du haurren irakaskuntza formalean, euskararen gorabeherekin borrokan.

Lantaldearen egitekoa izan da proiektua bera definitzea eta egin beharreko urratsak zehaztea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako eta Euskarako departamentuetako teknikariek prozesuaren jarraipena egin dute, eta hainbat informazio lortzeko laguntza ere eman dute. Eskerrak, beraz, Gazteriako Maria Solanari eta Euskarako Joxan Amondaraini eta Izaro Ugalderi.

Hasieran zerrendatutako urratsen artean, gaiari lotutako bibliografia aurkitzeko eta zedarritzeko eginbeharra agertu zen goien-goienean, eta, arlo horretan, Ińaki Arruti Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko teknikariak eman zuen laguntza kualifikatua, eta Nagore Amondarain Ikastolen Konfederazioko Normalkuntzako teknikariak ere egin zuen bere ekarria.

Hurrena, bibliografia zedarritu eta aztertu ondoren, egoki bezain premiazko iritzi zitzaion gaiari buruzko elkarrizketa batzuk egiteari, eta bi esparru hauetako lagunak hautatu ziren gogoetak biltzeko: euskalgintzako pertsona adituak eta gazteen eskola-orduz kanpoko jardueretako hezitzaileak.

Hona hemen elkarrizketatuak izendatuki:

  • Diego Egizabal, Kuadrillategi Elkarteko koordinatzailea.
  • Erramun Osa, Ikastolen Konfederazioko Euskaraz Bizi eta Hizkuntza Proiektua egitasmoen arduraduna.
  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskal Girotze Barnetegiak egitasmoko Alkizako eta Aubixako irakasleak.
  • Jesus Otańo, interbentzio sozioedukatiboaren alorreko teknikari aholkularia.
  • Kike Amonarriz, soziolinguistikan aditua eta Argia aldizkariko sustapeneko arduraduna.
  • Pablo Suberbiola, Soziolinguistika Klusterra erakundeko teknikaria.
  • Pello Jauregi, hezkuntza-zientzietan doktorea eta EHUko irakaslea.
  • Pili Azpeitia, Andoaingo Udaleko kale-hezitzailea.
  • Gazteleku eta gazte-lokaletako hezitzaileak:
    • Andoaingo gazte-lokaleko hezitzaileak.
    • Altzako gazte-lokaleko hezitzaileak.
    • Astigarragako gaztelekuko hezitzaileak.
    • Beasaingo gazte-lokaleko hezitzaileak.
    • Egiako gaztelekuko hezitzaileak.
    • Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteko aisia saileko teknikariak.
    • Intxaurrondoko gazte-lokaleko hezitzaileak.

Idatzizko eta ahozko informazio-andana horren guztiaren analisi ahalik eta osoena egiten ahalegindu ondoren, proiektuaren aurkibidea erabakitzeko tenorea heldu zen, eta, jakina, aurkibidea edukiz betetzekoa ere bai. Ezina ekinez egina, Larramendiren eskolari jarraituz.

Orain, eskuartean duzue Hezitzaileek asko egin dezakete gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko izendatu dugun proiektuaren I. dokumentua, ondoz ondo hizkuntzazko errealitatearen azterketari buruzko atala eta hezitzaileek euskararen erabilera sustatzeko prozesuari dagokiona biltzen dituena.

Horra bitarteko horixe da oskola. Segidan, ikus dezagun barruko fruitua.

Txostenaren antolamendua

Lehenbiziko dokumentu honetan, bi atal hauek landu dira:

  • a) 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako eskola-orduz kanpoko jardueren azterketa. Nolako aktibitateak antolatzen diren, zer ezaugarritakoak diren, zein erakundek antolatzen dituzten, zein eratako hezitzaileek bideratzen dituzten, “gazte-hartzaileak” nolakoak diren... zehaztu nahi izan da batik bat.
  • b) Jardueretako hizkuntza-erabilera aztertzeko bideak. Euskararen erabilerari buruzko diagnosia egiteko moduak; erabilera hobetuko, indartuko, errotuko... bada, markatu beharreko helburuak zehazteko urratsak, dena delako helburuak lortzeko balia daitezkeen estrategiak... deskribatu nahi izan dira bigarren parte horretan.

Bestalde, gazteen jarduerez oro har aritzea lausogarri gerta zitekeela iritzita, bakanaldi bat ematea erabaki zen, eta segidako lau hauek jo ziren begiz:

  • Gaztelekuak
  • Kirola
  • Udalekuak eta auzolandegiak
  • Antzerkia

Bi arrazoi hauek determinatu zuten hautua, batik bat:

  • Lau jarduera horien ezaugarri-blokea ondo aztertuz gero, gazteentzako gainerako aktibitateak ere ispilatuak geratzen dira neurri handi batean. Hau da, denbora aldagaiari erreparatuta, hortxe ditugu ikasturteko osokoak eta oporraldietakoak; jardun-motari begiratuta, hortxe ditugu aisiako aktibitate generikoak eta espezifikoak; bideratzaileen prestakuntzaz den bezainbatean, hortxe ditugu eskakizun izan daitezkeen hezitzaile-profilak, etab.
  • Begiraleek asko egin dezakete proiektuan hautatu ziren jardueren jarraipena dira: gaztelekua uler daiteke ludoteka egitasmoaren jarraipen moduan (ikasturte osoko aisiako jarduera, lokal batean egiten dena...), udalekuak eta auzolandegiak udaleku itxiak egitasmoaren segida dira, etab. Begiraleek asko egin dezakete proiektuan udaleku irekiak egitasmoa ere lantzen zen, baina jarduera hori, jeneralean, haurrei zuzendutakoa izaten da. Gazteen aisiari begirako lan honetan, antzerkia da jarduera berria: nahiz eta, kiroleko jarduna bezala, ikasturte osokoa eta eduki jakin bat lantzea helburu duena izan, berez eskatzen duenez hitza haritzea, trataera berezia eman zaio.

Errealitatearen azterketa

Sarrera

Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuaren atal honetan, 12 eta 18 urte bitarteko gazteei eskaintzen zaizkien eskola-orduz kanpoko jardueretako errealitatea aztertzen da, zeren bidezko baitirudi, hizkuntzazko helburuak eta bestelakoak proposatzen hasi aurretik, gazteentzako aktibitateen goi-barrenak bistara ekartzea.

Ahalegin horretan, eskola-orduz kanpoko jardueretan begiz jotako lau aktibitateen (gaztelekuak, udalekuak eta auzolandegiak, kirola eta antzerkia) ezaugarriak izan dira azterkizun, batetik; baina arreta handia jarri da, berebat, gazteen, hezitzaileen eta erakunde antolatzaileen nolakotasunean.

Dagoneko adierazi dugun gisan, jardueretako hezitzailea aktore nagusia da gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko egitekoan, zeren bera baita zuzen-zuzenean gazteekin hitzezko komunikazio etengabea izaten duena. Kontua horrela, eskola-orduz kanpoko hezitzaileak deskribatzen saiatu gara: formazioa, esperientzia, hizkuntzazko profila eta abar.

Bestalde, ondo bistakoa denez, jarduerak ez dira berez jaiotzen eta ibiltzen. Erakunderen batek antolatzen ditu, eta erakunde antolatzailea da erantzule, baita jardueraren hizkuntzari dagokion gorabeheran ere. Horrenbestez, jardueran bertan euskararen erabilera sustatzearen ardura hezitzailearena bada ere, erakunde antolatzaileari dagokio hizkuntzazko irizpideak ohartuki eta esplizituki markatzea, haiek aurrera ateratzeko baliabideak jartzea, hezitzaileei transmititzea, irizpideen aplikazioa begiratzea eta abar. Bada, hori guztia kontuan izanda, zerrenda batera ekarri dira erakunde antolatzaileak, eta jardueretan dagozkien funtzioak aztertu dira.

“Giza baliabidezko” bi zutabe horiek etsaminatuta, hirugarren bat geratzen zen azterkizun: jardueretan ibiltzen diren gazteena, hain zuzen. Gazteak direnez gero jardueretako hiztunak, berbadunak, eleketariak..., noraezekoa da aldian aldiko belaunaldien nolakotasunen berri izatea, bestela nekez iritsiko baikara haien nahietan, jarreretan... neurri bateko edo besteko itzalen bat izatera. Hortaz, nahitaezko giltzarria da “norengan” eragin nahi den jakitea; hartzaileak “nolakoak” diren ikastea.

Jardueretako antolatzaileen, emaileen eta hartzaileen azterketa bukatutzat eman eta gero, aukeratutako lau jardueren ezaugarriak biltzeko unea heldu zen. Beraz, gaztelekuak, udalekuak eta auzolandegiak, kirola eta antzerkia aktibitateak aztertzeari ekin zitzaion, eta hona hemen lau horietara mugatu izanaren arrazoiak:

  • Gaztelekuak: Begiraleek asko egin dezakete proiektuko ludoteka jardueraren jarraipena da, eta ikasturtearen barruan gazteei eskaintzen zaien aisiako jarduera nagusia.
  • Udalekuak eta Auzolandegiak: Begiraleek asko egin dezakete proiektuko Udaleku Itxiak jardueraren jarraipena dira, eta udako aisiako aktibitate behinenak.
  • Kirola: begiz jotako gazteentzako jarduera hauen artean, hartzaileek gurakoen duten edo maizen aukeratzen duten aktibitatea da; jendetsuenetako bat, beraz.
  • Antzerkia: jeneralean jarduera “berritsua edo berbatsua” izan ohi delako ekarri da ona, eta, jakina, kulturaren arloko aisiako jardunaren adierazpide delako ere bai.

Errealitatea etsaminatzean, bada, jarduera horien ezaugarriak aztertuko dira, bai helburuak eta estrategiak proposatzeko oinarri izan daitezen, bai adibide praktikoak azaltzeko balio dezaten.

Puntu hau bukatutzat emateko, hona hemen beste azalpentxo bat. Nahiz eta azterketa lau jarduera horietara mugatu den, emaitzak besteetara estrapola daitezkeenak dira, zeren, azken batean, jarduera orotako elementu nagusien eta komunen ispilu baitira. Hortaz, euskararen erabilera sustatzeko egin diren proposamenek berdin balio dute gazteentzako antolatzen diren beste jardueratarako.

Gazteentzako jarduerak antolatzen dituzten erakundeak

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn), segidako erakunde hauek antolatzen dituzte gazteentzako eskola-orduz kanpoko jarduerak. Bi multzotan sailkatuko ditugu:

  • Erakunde publikoak
    • Eusko Jaurlaritza
    • Foru-aldundiak
    • Udalak
    • Ikastetxe publikoak
  • Erakunde pribatuak
    • Elkarteak
    • Enpresak
    • Ikastetxe pribatuak

Erakundeen titularitatearen eta agintearen arabera, hainbat eratako antolamoduak ageri dira jardueretan.

Erakunde publikoei gagozkiela, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak agintaritzako organoak dituzten instituzioak direla esan behar dugu, lehenik eta behin. Hurrena, berriz, beren arteko finantza-araudiak eta bestelako korapiloak alde batera utzita, hiru modutan lan egiten dutela edo egin dezaketela esango dugu:

  • a. Beren jarduerei baliabide propioen bidez erantzunez. Kasu horretan, administrazioak zuzenean gestionatzen ditu jarduerak, eta bera da legezko eta berariazko hizkuntzazko eskakizunen eta irizpideen aplikazioaren erantzule.
  • b. Beren jardueren gestioa hirugarrenei esleituz. Administrazioak zerbitzu jakin bati buruzko oinarri edo kondizio administratibo zehatz batzuk idazten ditu, eta, diru-zenbatekoaren arabera, lehiaketara ateratzen du edo zuzenean hitzartzen. Administrazioak, kasu horretan, kondizioetan idatzi behar ditu legezko eta berariazko hizkuntzazko eskakizunak eta irizpideak, baina hirugarrenari dagokio zuzeneko aplikazioa; hau da, zerbitzua kudeatzeko erantzukizuna hartu duen enpresari edo erakundeari.
  • c. Hirugarrenek antolatzen dituzten jarduerak diruz lagunduz. Administrazioak oinarri batzuk idazten ditu egokiak edo onurakoak iruditzen zaizkion gizarteko hainbat jarduera diruz laguntzeko. Honen aurreko azpiatalean bezala, administrazioak oinarrietan idazten ditu hizkuntzazko eskakizunak eta irizpideak, baina eskatzaileak egiten du zuzeneko aplikazioa; hau da, jarduera antolatzen duenak.

Euskal Autonomia Erkidegoan, ikastetxe publikoak Eusko Jaurlaritzaren titularitatekoak dira, eta, berez, Hezkuntza Sailak araututako irakaskuntza formalari erantzutea da haien egiteko nagusia. Halaz guztiz, ikastetxe publiko guztiek antolatzen dituzte eskola-orduz kanpoko jarduerak, eta, sarri askotan, ikastetxeko guraso-elkartearekin batera programatzen dituzte. Kasu horretan, bi erakunde izaten dira jardueraren antolatzaile eta, horrenbestez, jarduerari ezartzen zaizkion “hizkuntzazko eskakizunen” erantzule ere bai. Bestalde, eskola-orduz kanpoko jarduera gehienak administrazioak diruz lagundutakoak izaten dira, eta, beraz, hizkuntzazko eskakizun jakin batzuei lotuak.

Erakunde pribatuen arloan, jabetza pribatuko ikastetxeei erreparatuko diegu lehenbizi. Gaurko EAEn, elizaren titularitatekoak eta publifikatu gabeko ikastolak nabarmentzen dira ugaritasunean, eta, eskola-orduz kanpoko jarduerei dagokienez, bete-betean balio du ikastetxe publikoen paragrafoan jasotakoak.

Gazteen aisiako jarduerak zerbitzu moduan ematen dituzten erakundeak, hau da merkatuko jarduera ekonomiko bat gauzatzen duten enpresak, ezinezkoa da patroi bakarrera biltzea. Gaur egun, badira giza baliabidez nahiz baliabide materialez zerbitzua euskaraz egoki emateko prestatuak daudenak, baina, ondo jakina denez, bestelakoak ugariago. Enpresen kasuan, dena dela, enpresako zuzendaritza da beti aktibitateko hizkuntzazko jardunaren erantzule, eta, baldin bezeroarekin hitzartu duen zerbitzua euskararen ezagutzari eta erabilerari buruzko eskakizunak dituena bada, bidezkoa dirudi profesionalki erantzuteko prestatua egotea.

Azkenik, elkarteak geratzen zaizkigu. Orain arte, kulturako elkarteek, kiroletakoek... pisu handia izan dute gazteen aisiako jardueretan, eta, enpresa zerbitzu-emaileak gaina hartzen ari diren arren, egungo egunean ere presentzia handia dute. Elkarteak, oro har, bazkideek egiteko zehatz baterako sortutako erakundeak izaten dira, eta, jeneralean, txandakako borondatezko zuzendaritza izateaz gainera, borondatezko edo erdi borondatezko giza baliabideen bitartez funtzionatzen dute. Kontua horrela, euskararen aldeko jarrera agertu arren (horrela izaten da arruntean), oso egitura ez egonkorra izaten dute, eta gorabehera horrek zaildu egin ohi du euskararen erabilera sistematikoki aplikatzea.


Nork bere erantzukizuna

Aurrera jarraituz, berriro diogu, eskola orduz kanpoko jardueretan, hezitzailea da haurren eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko bitartekari nagusia, bera baita jarduera zuzentzen duena eta gazteekin erlazionatzen dena. Era berean, hezitzailearena da, neurri handi batean, jarduerak arrakasta izatearen edo ez izatearen ardura, bai eta gazteak euskaraz mintzatzera bideratzekoa ere.

Alabaina, nola hezitzailea erakunde baten barruko egituran aritzen baita lanean, erakundearen helburuen eta lan egiteko moduen arabera arituko da, eta, baldin erakundeak euskarari buruzko gogoetarik egin ez badu eta euskararen erabilera indartzeko helburuak eta irizpideak ohartuki eta esplizituki izendatu gabe badauzka, ezingo dio hezitzaileari jarraibide argirik eman, ezta ganorazko transmisiorik egin ere. Arras premiazkoak dira, ordea, erakundearen aurrelan hori eta hezitzailearen hizkuntzazko jardunaren jarraipena, zeren erakundeak berak jakin eta erabaki behar baitu lehenbizi zer egin nahi duen, nola egin dezakeen eta noraino irits daitekeen.

Erakundeak dagokion erantzukizuna hartzen badu, hezitzaileak aiseago jakingo du jardueran zer eta nola egin behar duen, eta bi ondorio hauek segituko dira:

  • hizkuntzazko helburuak eta haien «esaneko» estrategiak arrazoibidez planteatuak badira, hezitzaileak erakundearen oniritziarekin eta babesarekin aplikatuko ditu erabakiak.
  • hizkuntzazko helburuak alde batera uzten badira edota erakundeak markatutako irizpideekin bat etorri gabe egiten bada lan, erakundeak legitimitate osoa izango du neurri zuzengarriak aztertzeko eta hartzeko.

Hainbat jardueratan, bestalde, erakunde antolatzailea ez da bakarra izaten, edota, zehazkiago esanda, erakunde batek baino gehiagok izaten dute lotura edo zerikusia. Adibidez, eskola-kirolaren kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat irizpide zehazten ditu eta udalei diru-laguntza ematen die, udalek ikastetxeekin egiten dituzte hitzarmenak eta, ikastetxeek, askotan, kirol-elkarteen esku uzten dute jarduera. Kasu horretan, lau erakunde dira jarduerarekin zerikusia dutenak.

Alabaina, hezitzaileari gagozkiola, ikastetxea edo kirol-elkartea izango dira harekin zuzenean erlazionatuko direnak, eta, hizkuntzazko irizpideen edo jarraibideen ikuspegitik, erakunde horiei dagokie hari bidea ongi markatzea, helburuak ongi transmititzea eta betetzen direnentz begiratzea.

Hala ere, gerta daiteke hizkuntzazko helburuak landu nahi dituen erakundea ez izatea hezitzaileak gertuen duena; hau da, jardueraren zuzeneko antolatzailea ez den erakunde bat izatea hizkuntzazko helburuak landu nahi dituena. Kasu horretan, dena delako erakunde asmodunak erakunde antolatzaileak helburuak bere egitea erdietsi behar du, horretarako izan ditzakeen tresnak baliatuz.

  • Laburbilduz,
    • azken batean, hezitzailea erakunderen baten esanera egoten da, eta hark hizkuntza-kontuan ez badu arretarik jartzen eta ardurarik hartzen, axolagabekeria horixe transmitituko dio hezitzaileari. Jokabide horren ondorioz, hezitzaile motibatuena eta prestatuena ere zapuztuz eta arduragabetuz joango da (edo joan daiteke), eta, jakina, erdipurdiko motibazioa eta prestakuntza dituenak ez du aitzakia hoberik aurkituko, erantzukizunari bizkar emateko.
    • nolanahi ere, hainbat erakundek ez dute beti ohartuki eta nahita huts egiten arreta-arduretan edo erantzukizunetan, baizik eta ez dute jakiten hizkuntza gutxitu baten erabilera normalizatuko bada, urrats programatuak, adostuak... egin behar direla. Hala denean, erakundez kanpoko aholkularitzaren laguntzaren bila jo behar du hezitzaileak edo dagokion hizkuntza-arduradunak.

Jardueren azterketa

Aurrez seinalatu dugu gaztelekuak, udalekuak eta auzolandegiak, kirola eta antzerkia jarduerak aukeratu ditugula aztergai izateko, eta erabakiaren funtsa ere azaldu dugu. Hemen eta orain, besterik gabe, banan-banan hartuko ditugu.


Gaztelekuak

Ikasturtean zehar gazteei eskaintzen zaien aisiako egitasmo nagusia da. Gaztelekuak, funtsean, nerabeak elkarrekin erlaziona daitezen berariaz prestatutako gune edo espazio fisikoak dira. Gazteak bi modutan erlazionatzen dira elkarrekin: libreki edota aktibitate programatuen bitartez. Erabiltzaileen adinari dagokionez, 13 eta 18 urte artekoentzat diren arren, batez ere 15 urte bitartekoek baliatzen dituzte. Titularitatez, oro har, publikoak izaten dira; hau da, udalenak eta abarrenak, baina, jeneralean, hirugarrenei esleitzen diete gestioa. Hona hemen ezaugarri komunak:

  • iraupenez, ikasturte osoko jarduna burutzen dute.
  • gazteek arauz erabil ditzakete lokalak; hots, araudi bat errespetatu behar dute.
  • dibertitzeko, atsegin hartzeko... ekipamenduz (musika, billarra...) hornituak egoten dira.
  • bi eratako aktibitateak antolatzen dituzte: ludikoak eta helburu jakin batzuk erdiestera bideratutakoak; besteak beste, euskararen erabilera sustatzekoak ere bai.
  • astegunetan eta larunbatetan bakarrik egoten dira zabalik: arratsaldez, arauzko eskola-orduetatik kanpo.
  • gazteek pare bat ordu eman ditzakete egunero, baina bakoitzak libreki erabakitzen du noiz eta zenbat denborarako joan.
  • beraz, gazte bakoitzaren araberakoa da jardueraren intentsitatea.

Ezaugarri horiek izan behar dira kontuan, bada, hizkuntzazko helburuak eta estrategiak finkatzeko, baina, horiez gainera, jardueraren elementuak eta espazioak ere identifikatu behar dira. Hona hemen zein diren:

  • Finkoak:
    • Aldizkarien txokoa
    • CDak eta musika
    • Bideo-kontsola
    • Mahai-jolasak
    • Eskolako ariketak
    • Ekintzak eta tailerrak
    • Txateatzeko guneak
  • Aldizkakoak:
    • Hitzaldiak edo bideo-forumak
    • Aste Santuko eta udako irteerak
    • Asteburuetako ekintzak


Udalekuak eta auzolandegiak

Udako oporretan, gazte asko joaten da udaleku eta auzolandegietara. Beraz, 12 eta 18 urte bitarteko gazteen kasuan, udako aisiako egitasmo erakargarrienetakoak dira.

Denboraz laburrak izateak ezaugarritzen ditu jarduera bata eta bestea. Hau da, astebete eta hamabost egun bitarteko jardunak izaten dira. Aitzitik, gazteek eta hezitzaileek ordu ugari ematen dute elkarrekin, etenik gabeko harremanean. Hortaz, oso denbora gutxian, arras harreman estua gertatzen da bi talde horien artean.

Udalekuetan, nolanahi ere, haurrei ez bezala, denbora libre asko uzten zaie gazteei, berek horrela eskatzen dutelako. Auzolandegien kasuan, berriz, are beregainago ibiltzen dira gazteak, zeren 16 urtetik gorakoak izaten baitira.

Edozelan ere, egun gutxitan anitz orduko erlazioa gertatzen da izendatu ditugun bi aktibitate horietan, eta, hizkuntzazko estrategiak aplikatzeari begira, ez da izaten espazio, denbora-tarte, ekintza... faltarik, euskararen erabilera sustatzeko nahiari ekiteko. Hona hemen batzuk, izendatuki.

  • Otorduak (jantokia)
  • Jolas librea (egunaren buruan hainbat unetan)
  • Jolas arautuak
  • Denbora librea
  • Txangoak: autobusez edo oinez
  • Eskulanak edo tailerrak
  • Antzerkiak
  • Gaubeletako saioak
  • Logelako denbora
  • Dutxak
  • Igerilekua
  • Zereginak edo betebeharrak
  • ...


Kirola

Jarduera horrek arrakasta handia du eskola-orduz kanpoko aktibitate gisa. Ikasturte osoko egitasmoa izaten da, eta, oro har, kirol zehatz bat praktikatzen dute gazteek. Kirolean, bi eratako ezaugarriak agertzen dira: komunak eta espezifikoak. Hau da, futbolak eta saskibaloiak ezaugarri komun ugari dute (taldekakoak dira, etc.), baina espezifikoak ere bai (terminologia, bereziki). Atletismoa eta igeriketa ere, aurreko biak bezala, badira taldekakoak, baina askoz banakakoagoak ere bai, eta, esan gabe doa, zeinek bere terminologia du.

Hezitzaileek asko egin dezakete proiekturako, jarduera adierazgarri gisa aukeratu da kirola (gazte askok egiten du, taldekako kirol ugari dago, etc.). Beraz, badira beste jarduera espezifiko batzuk, kirolaren antzeko ezaugarriak dituztenak, eta kirolerako zehazten diren estrategiek eta adibideek berdin balio dute haietarako. Multzo horretan sar daitezke, besteak beste, musikako jarduerak, haurren abesbatzak eta dantza taldeak.

Adinari erreparatuz gero, 12 urtetik 18 urte bitarteko adin-tarte osoa hartzen du, baina, adinean aurrera egin ahala, jaitsi egiten da parte-hartzea: agian, konpetizioak gero eta garrantzi handiagoa hartzen duelako eta selekzio bat egiten delako edo zenbait gaztek dinamika hori nahi ez dutelako. Bestalde, neskek aiseago uzten diote kirola egiteari mutilek baino.

Hizkuntzari begiratuta, berriz, aisiako ohiko jardueretan ez bezala, kirolean eta antzekoetan, orain arte behintzat oso leku gutxitan eman izan zaio euskarari behar besteko garrantzia. Jarduerak kirol-helburuak izaten ditu batik bat, eta konpetibitaterako joera gehitu egiten da adinean aurrera egin ahala.

Nolabait esateko, hainbat ikastetxek eta elkartek hizkuntzazko irizpideak markatzen dituzte kirola haurrekin lantzen dutenean, baina, kirol federaturako bidea hartzean, apaldu egiten dira hizkuntzazko eskakizunak eta sarritan ez da inolako ahaleginik egiten. Elkarteen eta entrenatzaileen hizkuntzarekiko konpromisoa erlaxatuagoa izaten da, eta, progresiboki, lehiak hartzen du gaina.

Kirolari dagokionez, ekintza eta gune nagusi hauek identifikatu dira:

  • Berotzeko ariketak eta luzaketak
  • Teknika lantzea
  • Taktika lantzea
  • Tiroak jaurtitzea
  • Ariketa konbinatuak
  • Partida txikiak
  • Beste taldeen kontrako partidak
  • Partidetara joateko bidaiak
  • Aldagelak
  • ...


Antzerkia

Ikasturte osoan gauzatzen den eskola-orduz kanpoko egitasmoa da. Jarduera horrek beste hiruek aldean gazte gutxi biltzen du, baina, nola izatez hitzezko adierazpena baita, ezaugarri bereziak dituela iritzi zaio, eta berariazko tartea hartu du proiektuan. Gainera, oso litekeena da horrelako ikasle gazteak ugalduz joatea, zeren gero eta antzerki-eskola eta antzerki-talde gehiago baitago 12 eta 18 urte bitartekoen eskura.

Jardueraren maiztasuna ez da handia: egun bat edo bi izaten dira asteko, eta ordu bat edo bi ematen dituzte eguneko. Urtean zehar, intentsitate gutxiko jarduna da, baina, antzezlana kaleratzear denean, goratu egiten da jardunaren maiztasuna, eta orobat gertatzen da taldekideen harremanaren intentsitatearekin. Bestalde, publikoarekiko harreman zuzenak bizipen bereziak sortzen ditu.

Ezaugarri horiek hartu behar dira aintzat, bada, hizkuntzazko helburuak eta estrategiak finkatzeko. Antzerkiaren kasuan, ekintza eta espazio nagusi hauek jo dira begiz:

  • Beroketak
  • Arlo teknikoa
  • Gorputz-teknika
  • Entsaioak
  • Tailerreko lanak: Atrezzoa eta eszenografia
  • Musika eta testuen lanketa
  • Zuzeneko antzezlanak
  • Harremanak (kanpora doazenean, ikuskizunetan)

Hezitzaile-tipoak

Aurreko puntuan, gaztelekuak, udalekuak eta auzolandegiak, kirola eta antzerkia jarduerak ezaugarritu ditugu, eta, oraingo honetan, jarduera horietako hezitzaileak tipifikatu nahiko genituzke, adina, ikasketak, esperientzia eta antzeko neurbideen bitartez.


Gaztelekuetako hezitzaileak

Hauxe da, oro har, gaztelekuetako hezitzaileen profila:

  • Adina. 22 urtetik gorakoak dira.
  • Ikasketak. Erdi mailako edo goi mailako titulatuak dira. Eskuarki, irakaskuntzaren arloko ikasketak dituzte burutuak: irakasletza, psikologia, gizarte-hezkuntza, etab.
  • Esperientzia. Haur-gazteen aisiako jardueretan ibiliak dira: udalekuetan, ludoteketan, etab.
  • Kondizio laboralak. Guztiek jasotzen dute lansaria, eta gehienek laneko kontratua ere badute.
  • Egonkortasuna. Nahiko luze irauten dute lanpostuetan; beren jarduna ez dute aldi bateko lanbidetzat hartzen.
  • Profesionaltasuna. Inplikazio handia erakusten dute jardueraren filosofiari eta helburuei buruz.


Udaleku itxietako eta auzolandegietako hezitzaileak

Hauexek dira, oro har, udalekuetako eta auzolandegietako hezitzaileen ezaugarriak:

  • Adina. Batez beste, 20 eta 24 urte bitartekoa.
  • Ikasketak. Gutxi dira titulatuak. Gehienak unibertsitateko ikasleak dira, irakaskuntzarekin ikuskizun duten ikasketetan dihardutenak. Ezagutza espezifikoei dagokienez, aisiako begiraletzako ikastaroko titulua izaten dute.
  • Esperientzia. Haurren aisiako jardueretako esperientzia izaten dute; hau da, haurrentzako udaleku irekietan edo itxietan ibilitakoak izaten dira.
  • Kondizio laboralak. Gehienek jasotzen dute lansaria, baina laneko kontratuak ez dira guztiz ohikoak.
  • Egonkortasuna. Ikasle-garaiko lanbide gisa hartzen dute udalekuetako jarduna.
  • Profesionaltasuna. Inplikazio apala izaten dute erakunde antolatzailearen helburuei buruz, eta, aktibitatea bukatutakoan, gehienek ez dute erakundearekin harremanetan jarraitzen.


Kirolaren arloko hezitzaileak

Ongizateko gizarteak, bistan da, aldaketa handiak ekarri ditu hainbat arlotara, eta kirolarena izan da nabarmen antzaldatu denetako bat. Egungo egunean, ez dago kiroldegirik eta kirol-instalaziorik gabeko udalerririk, kirolak hartzen du tarte handiena hedabideetan, unibertsitateak kirolaren arloko ikasketa espezifikoak dauzka eta abar. Kirola prestigio izugarriko aktibitatea da, eta kontsumoko produktu gailena.

Aurreko horren guztiaren harira, jakina, merkatuko zerbitzu ere bilakatu da kirola, eta hezitzaile-tipoen ugaltzea ekarri du. Guk geuk hirutara bildu ditugu gaur egun aurki daitezkeenak:

  • Lehenengo profila: profesionalak edo erdi profesionalak
    • Adina. 18 urtetik gora.
    • Ikasketak. Kirolarekin ikuskizun duten ikasketa unibertsitarioak edo lanbide-heziketakoak (prestakuntza hori hedatzen ari da) eta kiroletako entrenatzaile izateko ikastaroak.
    • Esperientzia. Kirolean arituak dira; eskuarki, irakasgai duten kirolean ibiliak.
    • Kondizio laboralak. Denek jasotzen dute lansaria, eta asko dira laneko kontratua dutenak. Erdi profesionaletan, batzuek lana eta ikasketak uztartzen dituzte, beste batzuek hezitzaile-lana eta beste bat.
    • Egonkortasuna. Nahiko luze irauten dute lanpostuetan; beren jarduna ez dute aldi bateko lanbidetzat hartzen.
    • Profesionaltasuna. Irakasgai espezifikoari buruz, motibazio handia agertzen dute. Era berean, ikasketen bidezko prestakuntza dela medio, jeneralean kontuan hartzen dute hezitzaile-funtzioa, baina euskararen erabilerak, beren ekimenenez, ez du berebiziko garrantzirik izaten, eskuarki. Gazteentzat, erreferente garrantzitsuak eta eragingarriak dira, baina ez dira egitate horren oso jabe izaten.
  • Bigarren profila: 18 urtez beherako gazteak
    • Adina. 15 eta 18 urte bitartekoa.
    • Ikasketak. Adinari dagokion bezala, ikasleak dira gehienak. Prestakuntza aldetik, jeneralean ez dute kiroletako entrenatzaile izateko formaziorik, edota, gehienez ere, ikastaro laburren bat dute egina.
    • Esperientzia. Entrenatzen duten taldeko kirolariak izanak dira, arruntean.
    • Kondizio laboralak. Sosen bat jasotzen dute, baina ez lansari izenda daitekeenik.
    • Profesionaltasuna. Arretaz eta gogoz aritzen dira kirola irakasten, baina ez dakite hezitzaile izaten eta izan behar dutela ere ez.
  • Hirugarren profila: borondatez lan egiten duten helduak
    • Adina. 40 urtetik gora.
    • Jatorria. Ikastetxeetako gurasoak edo guraso ohiak dira gehientsuenetan.
    • Ikasketak. Prestakuntza aldetik, jeneralean ez dute kiroletako entrenatzaile izateko formaziorik, edota, gehienez ere, ikastaro laburren bat dute egina.
    • Esperientzia. Entrenatzaile luze arituak dira, oro har.
    • Kondizio laboralak. Borondatez egiten dute lana; ez dute sosik jasotzen.
    • Egonkortasuna. Borondateak, gaitasunak, egoera jakinak... dirauten bitartekoa.
    • Profesionaltasuna. Entrenatzaile-funtzioa betetzeaz gainera, hezitzaile-rola ere hartzen dute batzuetan, nahiz eta intuizioz izan: talde-giroa sortzen ahalegintzen dira, gazteei balio batzuk transmititzen dizkiete eta abar, baina hizkuntzazko helburuek ez dute tarterik izaten gehientsuenetan.

Hiru profil horietan, lehena ari da pixkanaka gaina hartzen, merkatuko kiroletako eskaintza handituz doalako.

Oraindik, hirugarren profilak ere badu pisua leku batzuetan, baina borondatez arituko diren helduak urritzen ari dira.

Trantsizio horretan; hots, borondatetik merkatuko legeranzko igarobidean, bigarren profileko jarduleak dira nagusi gaur egun.


Antzerkiaren arloko hezitzaileak

Antzerkiaren kasuan, 12 eta 18 urte bitarteko gazteekin lan egiten duten hezitzaileen profila honako hau da:

  • Adina. Ez dago batez besteko argirik.
  • Ikasketak. Letren sailekoak, oro har; eta ikastaro espezifikoak.
  • Esperientzia. Batzuk antzezle profesionalak dira, eta antzerki-eskolak ogibide nagusiaren osagarri hartzen dituzte. Ez profesionalak ere antzerki amateurrean dabiltzanak izaten dira.
  • Kondizio laboralak. Jeneralean, lan saritua izaten da, baina laneko kontratuak ez dira hain ohikoak.
  • Egonkortasuna. Profesionalen kasuan, bi lanak uztartu behar dituztenez gero, lanbide nagusiak agintzen du. Ez profesionalen kasuan, beren bilakaera profesionalak agintzen du.
  • Profesionaltasuna. Hezitzaileak antzerkigintzan gehien jorratu duen eta ongien menderatzen duen huraxe bihurtu ohi da irakasgai: kale-antzerkia, ahozkotasuna, gorputz-adierazpena. Hezitzaile-rola barneratua duten arren, nekez ohartzen dira eta egiten dituzte bere hizkuntzazko irizpideak. Sentsibilitate handia izaten dute talde-lanerako.

Gazte-tipoak

Puntu honetan, aurrez ezaugarritu diren lau jardueretan parte hartzen duten gazte-tipoak dira aztergai. Lehenik eta behin, lau jardueretako gazteen ezaugarri komunak zehaztuko ditugu, eta, segidan, jarduerakako argazkia aterako dugu.

Hona hemen ezaugarri komunak:

  • kuadrilletan biltzen dira, eta jardueretan ere kuadrillaka parte hartzen dute sarritan. Taldeak markatzen die identitatea eta taldeari ematen diote lehentasuna.
  • helduetatik bereizi nahia azaltzen dute.


Gaztelekuetako gazteak

Eskaintza 12 eta 18 urte bitarteko gazteei egiten zaien arren, batez ere 12 urtetik 15 urte bitarteko gazteak hurbiltzen dira.

Gehienek kuadrillaka hartzen dute parte, eta kuadrillak eskolako lagun-taldeak izaten dira.

Negu-partean sarriago joaten dira gaztelekura, hango aktibitateak eta materialak (ping-pongeko mahaia, bideo-kontsola, etc.) tentagarri zaizkielako. Hezitzaileekin duten konplizitatea ere zerbitzura gerturatzeko lotura izan ohi da.


Udalekuetako eta auzolandegietako gazteak

Udalekuetan, 12 eta 15 urte bitarteko gazte askok hartzen dute parte. Hamasei urtetik aurrera, auzolandegiak jartzen zaizkie aukeran, baina ez dute berebiziko arrakastarik izaten: 16 eta 18 urte bitarteko gazte gutxik egiten dute udalekuen edo auzolandegien hautua.

Parte-hartze puntuala da. Hau da, gehienek ez dute harremanik udalekuak edo auzolandegiak antolatzen dituen erakundearekin, eta udako tarte horretan egitasmo jakin horretarako ematen dute izena.

Haurtzaroan udalekuetan ibilitako gazteak dira asko, eta lagunartean egun batzuk etxetik kanpo igarotzeko gogoa izaten dute. Nola parte-hartzea eskatzen duen jarduna baita, adin bereko beste gazteekin erlazionatzea izaten dute jomuga.


Kirolaren arloko gazteak

Kirola gustukoa duten gazteek hartzen dute parte, eta taldearekin eta jarduerarekin identifikatzen dira. Gazteak zein erakunderekin erlazionatzen diren erreparatuta, kirol-elkarteak dira atxikimendu handiena jasotzen dutenak.

Kiroleko jardunean, mutilak nabarmentzen dira kopuruz. Umetatik kirolean arituak dira, eta taldeari berari ere garrantzia ematen diote. Egungo egunean, neskatila ugari ibiltzen da kirolean 12 urte bitartean, baina hortik aurrera askok uzten diote kirola modu antolatuan egiteari.

Adinean aurrera egin ahala, konpetibitatea areagotzen da, eta taldeek selekzio bat egiten dute. Ondorioz, “onenek” aurrera egitea lortzen dute, eta besteek talde eta liga xumeagoetan jarraitu ohi dute jokatzen. Fase horretan, gazte askok uzten diote kirola modu antolatuan egiteari.


Antzerkiaren arloko gazteak

Antzerkian dabiltzan gazteei iruditzen zaie jarduerak ez diela konpromiso handiegirik eskatzen. Beren ustez, ez da kirola bezain konpetitiboa, eta, gainera, gauzak adierazteko duten beharra asetzen laguntzen die (gorputz-adierazpena, taldeko dinamikak...).

Denboran aurrera egin ahala, ikuspegi horrek indarra galtzen du, eta jarduerarekiko atxikimendua hasten da gaina hartzen, zeren jarduneko teknikek eta adierazpideek liluratzen baitituzte.

Kopuruz, neska gehiago ibiltzen da antzerkiko eskoletan eta taldeetan.

Hiztun-tipoak

Puntu honetan, deskribatu ditugun lau jardueretako hezitzaileen eta gazteen euskara izango dugu aztergai, baina betiere euskara mintzatua (ez izkribuzkoa) hartuko dugu kontuan batik bat.


Atarikoa

Hezitzaileek asko egin dezakete proiektu honen barruan, premiazko jo dugu, berebat, jardueretako hezitzaileetan eta gazteetan zer-nolako hizkuntzazko profilak dauden bistara ekartzea, zeren plantea daitezkeen helburuen eta estrategien kondizionatzaile gertatuko baitira behin baino gehiagotan.

Deskripzio logiko samar bat egitekotan zerbaitetan oin hartu behar eta, Euskararen Kalitatea: zertaz ari garen, zergatik eta zertarako2 argitalpeneko mamian funtsatu gara, hizkuntzazko profilen azterketa egiteko.

Joserra Gartziak, Kike Amonarrizek eta Andoni Egańak idatzi duten dokumentu horretan, kontzeptu hauek ageri dira:

  • EUSKARA KALITATEZKOA. Euskara ona. Euskara egokiaren, zuzenaren eta jatorraren batura.
    • Euskara zuzena. Euskara batuaz den bezainbatean, Euskaltzaindiaren arauak betetzen dituena. Ahoskera, hiztegia, ortografia, sintaxia... hartzen dira kontuan.
    • Euskara jatorra. Euskararen usadioaren eta senaren araberakoa. Euskal hitzen adiera edo esanahi propioak, berezko esapideak, herri-esaerak, esaera zaharrak eta abar baliatzen dituena.
    • Euskara egokia. Hizkuntza, han-hemen, honelatsu definitua agertzen da, oro har: ‘giza talde batek elkarrekin komunikatzeko duen hitzezko adierazpidea’; ildo horretan, liburuaren egileek honela definitzen dute euskara egokia: ‘bere xederako egokia dena da euskara egokia’. Hurrena, zuzentasunaren eta jatortasunaren aldean egokitasunarena kontzeptua aldakorra dela baieztatu ondoren, bi azalpen nagusi hauek ematen dituzte:
      • “Izan ere, komunikazio egoera bakoitzak bere egokitasun propioa behar du, eta du. Egoera jakin baterako ezinago egokia den hizkera zeharo desegokia izan liteke –eta izaten da– beste baterako. Hain zuzen hori eta ez besterik da hiztun –eta hizlari– egokiaren gaitasun bereizgarria: aldian aldiko egoeran hartarakoxe egokia den hizkera erabiltzen jakin eta asmatzea.
      • Asko ez ezik askotarikoak dira egokitasunean daragiten faktoreak, eta hizkuntzaz kanpokoak dira, gainera, den-denak3. (...).”

Segidan, faktore garrantzitsuenak lau multzo nagusi hauetan sailkatuta izendatzen dituzte: xedea, xede-taldea edo audientzia, mezu-bideak eta hiztun edo hizlariaren hizkuntza-gaitasuna.

Egileek azaltzen dutenez, euskararen gaur egungo egoera soziolinguistikoa dela kausa, gaineratu dute laugarren faktore hori:

“-Faktore hau ere kontuan hartu beharrekoa iruditu zaigu euskararen kasuan. Hiztun edo hizlari nor ari den (euskaldun berri-berria den, euskaldun zahar alfabetatu gabea den...) kontuan hartu gabe ez dago darabilen euskara egokia den ala ez erabakitzerik. Gauden egoeran, zuzen-jatortasunean akatsez betetako jarduna egoki izan daiteke, hiztuna euskaldun berri edo euskaldun zahar alfabetatu gabea bada. Nolanahi ere, euskara normaldu ahala desagertu beharreko faktorea litzateke hau.

-Aipatutako faktoreok guztiok –eta aipatu gabe geratuko zaizkigun besteren batzuek– determinatzen dute une bakoitzerako hizkera egokia. Esan beharrik ez dago, baina esan dezagun hala ere, faktoreok guztiok aldi berean daragitela. Egoera jakin baterako hizkera egokia zein den erabakitzea, beraz, aski kalkulu konplexua da, eta horrek badu bere ifrentzua ere: erabili ohi dugun baino kontu handiagoa behar genuke hizkeraren kalitateari buruzko juzkuak egiterakoan.

-Esan dezagun, azkenik, hizkeraren egokitasunarena beti dela konplexua, ez bakarrik gurea bezalako kinka larrian dagoen hizkuntzen kasuan. Zuzentasuna ez bezala, egokitasuna ez dago behin-betiko arautzerik; hiztunek bilatu behar dute egoera bakoitzari dagokion egokitasun modua. Euskararen kasuan, ordea, konplexuagoa da kontua. Egoera diglosiokoa dela eta, hiztunek, egokitasun bila abiaturik, errazegi jotzen dute oraingoz, albo erdaretara, euskararen beraren baliabideetara baino. Zaila bada ere, oreka bilatu beharra dago hor, nahitaez. Egokitasuna goitik ezartzea astakeria latza litzateke noski; egokitasuna albo erdaretan bilatzea normaltzat jo eta joera hori behin-betikotzea, aldiz, utzikeria barkaezina. Gauden egoeran, zuzen-jatortasunean kaxkarrak diren hiztun eta hizlari batzuen euskara egokitzat jo behar dugu, baina seinale txarra litzateke hogei urte barru hori horrela izaten segitzea. Azken batean, kalitate integrala behar luke helburu, euskara ona. Egoki ez ezik, zuzen eta jator hitz egiten duten hiztunak behar ditugu, beraz, eta horrek orain arteko ikusmolde eta jarrerak aldatzea eskatzen du, besteak beste.”

Irakurlea esan gabe jabetuko den arren, diogun matematika gutxi dagoela adigai horietan. Hau da, lau aldiz izendatzen da euskara, eta lau alditan adjektibatuta ageri da; bestela esan, “nolakotasun” bat erantsita, eta segidako azalpenak ere, nahiz eta ongi ulertzen diren, ez dira operazio matematikoen bidez mugarri daitezkeenak.

Beraz, kontu horietan, orain eta hemen, huts-hutsetik hasten dena berebiziko zorabioak edo ikarak har dezake bat-batean. Inori horrelakorik gerta ez dakion eta ez geu ez beste inor behar baino gehiago katramila ez dadin, goiko kontzeptu horien gaineko aholku gisako zertzelada batzuk jasoko ditugu segidan, dagokigun lanean orientatzeko eta lana konfiantza handiagoz egiteko balioko dutelakoan:

  • Ezbairik gabe, helburu nagusietako bat da euskara kalitatezkoa (euskara zuzena, jatorra eta egokia) lantzea. Alabaina, gazteak elkarren artean euskaraz komunikatzera bideratzea da egiteko behinena, ezen elkarren artean euskaraz mintzatzen ez badira eta hartarako gogorik ez badute, ez dago euskararik (ez zuzenik, ez okerrik, ez jatorrik, ez bestelakorik).
  • Eskola-orduz kanpoko jardueren ikuspegitik, euskara egokiak izango du lehentasuna; eragiteko eta komunikatzeko balio duen euskarak; bestela esan, lehenbizi, beren testuinguruan eta beren moldean, euskaraz esaten, hitz egiten, berba egiten, mintzatzen... utzi behar zaie gazteei: elkarrekin euskaraz hitz egiten eta elkarrena euskaraz ulertzen ohitu behar dute.
  • Urrats hori egiten badute, gazteak nekerik gabe (leher gaizto egin gabe) arituko dira euskaraz. Halatan, aise mintzatzen diren neurrian, euskara zuzena eta jatorra lantzeko ahalegina ere egin daiteke; hots, kalitatearen bidea urratsen has daiteke.
  • Hizkuntzazko helburuak lantzen direnean, euskararen kalitateari ere begiratu behar zaio, bai, baina betiere hartzaileen gaitasuna abiapuntu hartuta. Horregatik, mailaka goratu behar dira egokitasuna, zuzentasuna eta jatortasuna; mailaka erdietsi behar da kalitatea.

Lehen azpimarratu dugun gisan, ez da batere lan erraza euskarari buruzko nolakotasun horiek mugarritzea, zientzia askotako jakitatearen jabe izatea eskatzen baitu. Beraz, ez bidezko, ez zilegi dirudi esku artean dugun langintzako hezitzaileei bederen –hezitzaileen gida izango direnei bai, agian– neurri horretako ahalegina eskatzea. Horrenbestez, oraingoz konforme ginateke batzuengan jakin-minaren harra sortzearekin; aipatu dugun lan horren eta aurreko beste batzuen edukia miatzeko nahia piztearekin. Horretara iritsiz gero, zerbait erneko da.

Horregatik guztiagatik, hizkuntzazko helburuak zehaztean, komunikatzeko gaitasuna lehenetsiko dugu proiektu honetan: gazteak euskaraz erraz, erdizka, nekez... komunikatzen diren izango dugu neurgailu batik bat, eta gazteak elkarrekin euskaraz nekerik gabe, gogaitu gabe eta gustura komunikatzera heltzea helburu behinen.


Hezitzaileen hizkuntzazko profila

Aurrera jarraituz, gazteen hezitzaile izendatu ditugunen hizkuntzazko profil ohikoenak azaleratzen saiatuko gara ondoko puntuetan barrena.

  • Hizkuntzaren kalitatea

    12-18 urte bitarteko gazteekin jarduten duten hezitzaile euskaldunetan, hizkuntzazko ezaugarri hauek izango ditugu:

    • Euskara egokiari dagokionez. Jarduerako hartzaileak eta komunikazio-egoerak kontuan izanda, euskara egokian aritzeko gai izango dira gehienak, pertsona ikasiak eta prestatuak direlako.
    • Euskara zuzenari dagokionez. Euskaraz alfabetatuak izango dira gehienak, eta, horrenbestez, teorikoki euskara estandar zuzenaren jabe direnak.
    • Euskara jatorrari dagokionez. Ingurune euskaldunetako hezitzaileek, oro har, usadiozko euskararen eta euskal hiztun-senaren ekarri handiagoa izango dute ingurune erdaldunetakoek baino.

    GAITASUNAK GAITASUN,

    Hezitzaileek jokaera desegokiak ere erakusten dituzte euskara erabiltzean:

    • lagunarteko hizkera kolokiala ez menderatzearen ondorioz, hainbat esamolde erdaraz erabiltzen dituzte, eta, are gehiago, hainbat elkarrizketa erdaraz izaten dituzte.
    • euskarazko kalitate ona izan arren, gazteek ulertzen ez dituzten aitzakiarekin edo gazteak jardueratik urrunduko diren beldur, erdara erabiltzen dute.
    • batzuetan, ez dute beren euskara gazteen komunikazio-beharretara egokitzeko ahaleginik egiten.
    • zenbaitetan, ez dute euskarazko hiztegi teknikoa ikasteko arretarik jartzen, eta erdarakoa baliatzen dute.

    Edozein kasutan, hizkuntzazko helburuak landu nahi badira, oinarrizko baldintza bat izan behar da kontuan: hezitzaileek gazteek baino hizkuntzazko kalitate hobea izan behar dute.

  • Hizkuntzarekiko jarrera

    Jarreraz den bezainbatean, ezaugarri hauek dituzten hezitzaileak dira egokienak:

    • eguneroko bizimoduan euskaraz aritzeko ohitura dutenak.
    • euskararen normalizazioa lantzeko bidean hezitzaileak egin dezakeen lanaren garrantziaz kontziente direnak eta, ondorioz, beren lanean helburu hori lortzea bultzatuko dutenak.

    Desegokienak, berriz, beste hauek:

    • eguneroko bizimoduan erdaraz aritzen direnak.
    • hezitzaile moduan hizkuntzaren erabilera sustatzea beren jardunaren parte bezala ikusten ez dutenak. Jarduera aurrera ateratzea dute helburu bakar, eta heziketako esparruak alde batera uzten dituzte; tartean, euskararen erabilera sustatzea.
    • badira, bestalde, hizkuntzarekiko sentsibilitatea baduten hezitzaileak, baina hezitzaile moduan izan duten ibilbideagatik berek egin dezaketen lanean eta lor ditzaketen emaitzetan sinesten ez dutenak; hau da, hizkuntzazko helburuekin nekatuta eta etsita daudenak.

    Jarrera egokia duten hezitzaileak prest egongo dira hizkuntzazko helburuak lantzeko eta planifikatzeko.

    Jarrera desegokia dutenen kasuan, jarrera landu beharko da lehenik eta behin. Beraz, jarreran eragin osteko kontua izango da hizkuntzazko helburuak eta estrategiak zehaztea eta aurrera eramatea.

  • Hizkuntzazko bilakaera

    Hezitzaileen hizkuntzazko bilakaera etxean jasotako hizkuntzak, ingurunean nagusi duten hizkuntzak eta eskolako ikastereduek determinatuko dute.

    Halaz guztiz, eskola-orduz kanpoko jardueren kasuan, interesgarria izango da bi kontu jakitea: hezitzaile izan aurretik zuzentzen duten jardueran arituak diren eta jarduna euskaraz ala erdaraz gauzatu duten. Jarduna euskaraz gauzatu dutenek naturalki jarraituko dute bide berean; jarduna erdaraz gauzatu dutenek, ordea, hizkuntzaz aldatzeaz gainera, landu egin beharko dituzte hiztegi teknikoa, esamoldeak eta abar.


Gazteen hizkuntzazko profila

Segidan, jardueretako gazteen hizkuntzazko profil ohikoenak azaleratzen saiatuko gara, hezitzaileenak zedarritzeko baliatu ditugun neurbide berak aplikatuz.

  • Hizkuntzaren kalitatea

    Eskola-orduz kanpoko jardueretan, euskaraz kalitate oso ezberdina duten gazteak egokituko zaizkigu.

    Dena dela, 6.1. puntuan aski zehatz adierazi dugun moduan, gazteek euskara erabiltzea da Hezitzaileek asko egin dezakete egitasmoko helburu nagusia. Erabilera sustatze horretan, berez, hiru kontzeptuak hartu behar lirateke kontuan; hots, hizkuntza egokia, jatorra eta zuzena; eta, gazteen benetako euskara mailatik abiatuta, hiru oinarri horietan eragin beharko litzateke.

    Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuan, dena dela, komunikatzeko gaitasunari erreparatuko diogu bereziki. Euskaraz oso nekez komunikatzen diren gazteak, nekez komunikatzen direnak, motel komunikatzen direnak eta erraz komunikatzen direnak bereiziko ditugu. Komunikatzeko gaitasunaren barruan, jarioa, aberastasun lexikoa, esaldien osamodua eta beste zenbait kontzeptu baloratuko dira.

    Horrenbestez, komunikatzeko gaitasunaren arabera, hizkuntzazko helburuak eta estrategiak ere ez dira bat eta bera izango. Gazteen komunikatzeko gaitasuna kontuan hartuta landuko ditugu erabilera sustatzeko estrategiak. Gerora, erabiltzen duten neurrian irabaziko dute komunikatzeko erraztasunean, eta, beraz, hizkuntzazko kalitatean ere aurrera egingo dute.

  • Hizkuntzarekiko jarrera

    Gazteen euskararekiko jarrera, euskararekin izan duten harremanaren eta ibilbidearen araberakoa izango da.

    Oro har, hizkuntzarekiko jarrera kontzientea bereganatuz joaten dira gazteak, eta are nabarmenago gertatzen da adinean aitzinatu ahala. Bilakaera hori dela eta, euskarari buruz jarrera positiboa dutenak, negatiboa dutenak eta indiferentea dutenak aurkituko ditugu.

    Halatan, dena delako jarrerak eragina izango du euskararen erabileran, baina jarrera eta erabilera ez dira beti paraleloan ibiliko; adibidez, euskararekiko jarrera ona izatetik ez da beti segituko, besterik gabe, bor-bor euskaraz aritzea. Izan ere, bizimoduko beste kontu askorekin jazo ohi den bezala, nahiz eta euskararen aldeko jarrera izan eta ohartuki jakin erabili ezean4 erreka joko duela, “bihartik aurrera”, “etzitik aurrera”, “etzidamu”... intentzioen korapiloan galtzen dira behin eta berrizko nahiak. Kontua horrela, ardurakoa den arren hizkuntzaz hitz egitea eta arrazoitzea, are axolazkoagoa da jarduerak gauzatzean euskara jardunean jartzea; hots, jarduna euskaraz gauzatzea.

    Horregatik, garrantzitsua izango da, hizkuntzazko helburuak lantzerakoan, gazteek helburuen berri izatea, eta are gehiago gazteak helburuen eta prozesuen parte bihurtzea. Horretara iritsiz gero, gazteek, eskola-orduz kanpoko jardueretan euskara erabiltzeaz gain, euskararekiko jarrera aktiboa hartuko dute. Jardueran lortu nahi diren helburuekin gazteek bat egiteko, helburuen arrazoia azaldu beharko zaie, eta, zenbait kasutan, helburuak negoziatu ere egin beharko dira: modu horretan, gazteek helburuekin bat egitea lortuko da, edota errespetatzea gutxienez.

    Azaldutako horren guztiorren ildotik, Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuan garrantzi handiagoa ematen zaio jarduerarekiko motibazioari propioki, hizkuntzarekiko jarrerei eta motibazioei baino. Aurrerago azalduko den bezala, gazteen jarduerarekiko motibazioa euskararen erabileran eragiteko tresna bat izan daiteke, eta, jakina denez, hizkuntza erabiltzen den neurrian, aldatu egiten dira hizkuntzarekiko jarrerak, zeren aldatu egiten baitira, halaber, hizkuntzarekiko harremana eta ibilbidea.

  • Hizkuntzazko bilakaera

    Eskola-orduz kanpoko jardueretan parte hartzen duten gazteen hizkuntzazko bilakaera segidan zerrendatzen diren esparruetan jaso dutenaren edo jasotzen dutenaren araberakoa izango da.

    • Eskola:

      Euskarazko ereduetan ikasten duten gazteak izango dira gehienak. Eskolak, gaur egun, zuzentasuna lantzen du batez ere, eta erabilerari ez dio arreta handiegirik jartzen.

    • Familia:

      Oso garrantzitsua izango da amaren hizkuntza zein den jakitea. Amaren hizkuntza euskara duten gazteen euskararekiko atxikimendua handia izaten da, eta hizkuntzaren kalitatea ere bai.

    • Lagunartea eta bikotea:

      Berebiziko garrantzia dute adin-tarte horretan kuadrillek eta bikoteek, bai esparru horietan ematen duten denboragatik, bai eta betetzen duten erreferentzialtasunagatik (batik bat horregatik). Eremu horietan erlazionatzeko erabiltzen duten hizkuntzak gazteen hizkuntzazko bilakaera ispilatzen du batetik; eta, bestetik, jarreran eragina du eta erabilera-ohiturak finkatzen laguntzen du.

    • Ingurunea:

      Kalean eta eskola-orduz kanpoko jardueretan zein hizkuntza erabiltzen duten oso garrantzitsua da. Bi eremu horietan euskara erabiltzen badute nagusiki, gazteek euskara erabiltzeko aukera handia izango dute, eta egitate horrek eragina izango du lagunartean eta bikotean erabiliko den hizkuntzan.

  • Taldearen hizkuntzazko joera

    Gazteentzako erreferente nagusienetako bat taldea edo kuadrilla izaten da. Eskola-orduz kanpoko jarduera gehienetan taldea izaten da gune nagusia (kirolean, antzerkian...), eta, kasu batzuetan, kuadrillaka ere parte hartzen da (gaztelekuetan...). Taldeak hizkuntzarekiko hartzen duen joerak garrantzi handia izaten du norbanakoarengan.

    Horregatik, oso kontuan izan behar dira honako puntu hauek:

    • Taldeko gehienek erdararako joera duten ala euskaraz aritzeko joera duten. Gerta daiteke taldeko hizkuntzazko ohitura oso finkatua ez egotea eta euskara eta erdara biak erabiltzea taldeko gehienek. Kontuan izan behar da egoera hori ez dela bere horretan mantenduko denbora luzez, eta, euskararen egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, ez bada euskararen erabilera indartzeko ahaleginik egiten erdara nagusituko dela gehienetan.
    • Taldeko liderrak erdararako joera duen ala euskaraz aritzeko joera duen. Taldeko liderrak eragin handia izaten du taldekideengan, eta haren hizkuntzazko ohiturak pisu handia har dezake taldean.
    • Talde-izaera indartsua den ala ez. Talde-izaera indartsua bada, hizkuntzazko ohitura bat finkatuko dute, baina talde-izaera ez bada indartsua joera ezberdinak izango ditugu talde berean (euskaraz aritzeko ohitura duten batzuk, erdaraz aritzeko ohitura duten beste batzuk, bietara aritzen direnak...).

Hezitzaileek euskararen erabilera sustatzeko prozesua

Sarrera

Dokumentu honen lehen atalean, gazteentzako antolatzen diren eskola-orduz kanpoko jardueren ezaugarriak jaso dira. Bigarren honetan, berriz, proposatzen da, zehazki, hezitzaileek zer prozesu jarraitu behar duten jardueretako gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko.

Prozesu horrek ondoko urrats hauek hartzen ditu:

  • Gazte-taldearen hizkuntzazko diagnosia. Hizkuntzazko gaitasuna aztertzean eta euskara erabiltzeko iniziatiba hezitzaileek ala gazteek duten jakitean datza.
  • Hizkuntzazko diagnosiaren arabera, euskararen erabilera-urrats jakin batean kokatzea. Euskararen erabilera hiru urrats hauetako batean koka daiteke: erabilera atseginaren urratsean, erabilera zuzenduaren urratsean edo erabilera naturalera hurbiltzeko urratsean.
  • Erabilera-urratsari zein interbentzio-eremu dagokion zehaztea. Segidako bi multzo hauetako noren hizkuntza-erabileran interbenitu behar den zehaztean datza: gazteen eta hezitzaileen artekoan ala gazteen artekoan.
  • Interbenitzeko eremuan eragiteko estrategiak aukeratzea eta zehaztea. Begiraleak taldean zein leku hartzen duen, elebakartasuna, erabilera arautua edo negoziatua... erabakitzean datza.
  • Interbenitzeko eremuetan eragin ahal izateko kontuan izan behar diren gainerako faktoreak aztertzea eta lantzea: jardueraren intentsitatea eta gazteen eta hezitzaileen arteko erlazioa hartzen dira aintzat.

Gazte-talde batean hizkuntzazko helburuak landu nahi badira, errealitate bat aldatzeko ahalegina egin behar da, eta, beraz, desoreka bat sortu behar da taldean. Alegia, hasierako errealitatea etenez beste errealitate batera iristea da kontua, eta bien bitartean desoreka bat sortu behar da. Desoreka eragiteko, oso argi izan behar dira abiapuntua eta helmuga eta oso ondo aztertu behar dira, hala bidea egiteko eskura izango diren baliabideak, nola bidea egiten lagun dezaketen edo oztopa dezaketen faktoreak.

Horregatik, Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuan, gazteen artean euskararen erabileran eragiteari begira, diagnositik abiatuta tresna praktikoetaraino iristen den prozesu bat proposatzen da, eta, euskararen erabilera sustatzen egiten den lana eragingarria izan dadin, axolakoa da prozesu osoa behar bezala lantzea.

Jarraian datorrena prozesuaren eskema da. Haren ondotik, berriz, hainbat kontzeptu azaltzen dira eta erabileran eragiteko egin beharreko urratsak proposatzen.

Oinarrizko zenbait kontzepturen azalpena

Sarreran eta eskeman hainbat kontzeptu jaso direnez gero, horietako batzuen azalpena doa ondoko azpipuntuetan.


Erabilera-urratsak

Begiraleek asko egin dezakete argitalpeneko Nahia eta jarrera lantzeko gida dokumentuan zehaztutakoaren ildotik, proiektu honetan ere arreta berezia jarri zaie erabilera-urratsei, eta han bereizi ziren hirurak bereizi dira oraingoan ere; hots, erabilera atseginaren urratsa, erabilera zuzenduaren urratsa eta erabilera naturalera hurbiltzeko urratsa. Taldeak, errealitate linguistikoaren arabera (euskararen erabilera eta komunikatzeko gaitasuna), erabilerako urrats jakin batean kokatu beharko dira, eta kokapena izango da helburuak zehazteko, interbenitzeko eremuak identifikatzeko eta estrategiak erabakitzeko abiapuntua.

Urratsetik urratsera, gora egingo du gazteen hizkuntza-erabilerak, eta aldatu egingo dira helburuak, interbenitzeko eremuak eta haietan eragiteko estrategiak.

  • Erabilera atseginaren urratsa

    Euskaraz gutxien mintzatzen diren taldeei dagokie kokapen hori. Hezitzaileak izango du euskaraz berba egiteko iniziatiba, eta gazteek aski automatikoki erantzungo diote euskaraz. Aitzitik, gazteek hezitzaileari iniziatiba propioz berba egitean, gerta liteke erdara baliatzea. Gazteen arteko harremana, berriz, erdaraz izango da.

    Urrats horretako gazte-talde gehienek hizkuntzazko ezaugarri hauek dituzte:

    • zail edo oso zail gertatzen zaie euskaraz hitz egitea; hau da, nekez komunikatzen edo espresatzen dira euskaraz.
    • ez dute elkarrekin euskaraz hitz egiteko ohiturarik.
  • Erabilera zuzenduaren urratsa

    Jarduerako hainbat unetan euskaraz mintzatzen diren taldeei dagokie kokapen hori. Hezitzailearekin euskaraz erlazionatzen dira erabat; hau da, hezitzaileari naturalki hitz egiten diote euskaraz. Gazteen arteko erlazioa, aldiz, erdaraz izaten da jeneralean.

    Urrats horretako gazte-talde gehienek hizkuntzazko ezaugarri hauek dituzte:

    • nekez edota aski motel komunikatzen dira euskaraz.
    • gazteen arteko harremana batez ere erdaraz den arren, hezitzailearekin euskaraz erlazionatzen dira, eta jarduerako hainbat unetan ere euskaraz mintzatzen dira.
  • Erabilera naturalera hurbiltzeko urratsa

    Elkarrekin euskaraz askotxo mintzatzen diren arren erdarako joera ere baduten taldeei dagokie kokapen hori. Hezitzailearekin euskaraz aritzen dira beti, jarduerako hainbat espazio eta unetan ere bai, baina erdarak presentzia handi samarra izaten du elkarren arteko erlazioan.

    Urrats horretako gazte-talde gehienek hizkuntzazko ezaugarri hauek dituzte:

    • motel komunikatzen dira euskaraz edota erraz.
    • hezitzailearekin euskaraz mintzatzen dira beti eta jarduerako hainbat espazio eta unetan ere euskaraz bakarrik mintzatzen dira. Beren arteko erlazioan, aldiz, euskara eta erdara baliatzen dituzte. Ildo horretan, esan gabe doa, euskarak erdarari gaina hartu ahala helduko dira erabilera naturalera.

    Erabilera-urratsei dagokienez, kontuan izan behar da ezen, nahiz eta eskola-orduz kanpoko jarduerako errealitate linguistikoak erabilera-urrats batean kokatuko gaituen, zenbait kondiziok erraztuko edo zailduko dutela edota bizkortuko edo motelduko urratsetik urratserako igarobidea. Adibidez,

    • gazteen ingurunean euskararen erabilera handia bada edota eskola-orduz kanpoko jarduera guztietan euskararen erabilera sistematikoki lantzen bada, aiseago igaroko dira urrats batetik bestera.
    • gazteen ingurunean euskararen erabilera apala bada edota eskola-orduz kanpoko jarduera gehienetan hizkuntzazko helbururik lantzen ez bada, prozesua motelagoa izango da. Hau da, gazteek eskola-orduz kanpoko jarduera bakar batean erabili behar badute euskara eta gainerakoetan horrelako eskakizunik ez badaukate, epe nahiko luzeko helburutzat jo beharko da urratsetik urratserako igarobidea.
    • gazteen hizkuntzazko gaitasuna ona bada eta erabileran eragiten duten faktoreak aldekoak edo aski aldekoak badira, errazagoa izango da urratsetik urratserako igarobidea.
    • gazteen hizkuntzazko gaitasuna apala bada eta erabileran eragiten duten faktoreak kontrakoak edo aski kontrakoak badira, oso zaila izango da urratsetik urratserako igarobidea gainditzea.


Hizkuntzazko helburuetan eragiten duten faktoreak

Eskola-orduz kanpoko jardueretan hizkuntzazko helburuak landu gura izatekotan, lau faktore hauek hartu behar dira aintzat: komunikatzeko gaitasuna, euskara erabiltzeko iniziatiba, jardueraren intentsitatea eta gazteen eta hezitzailearen arteko harremana.

Jardueretako gazte parte-hartzaileak, bistan da, hizkuntzazko ohitura batzuen jabe izango dira, eta aktibitatean ere hizkuntzazko ohitura batzuk hartuko dituzte.

Hizkuntzazko helburuak abiaburuko ohiturak aldatzeko gurariz ipintzen dira; hots, hasierako errealitatea mudatuz beste errealitate bat erdietsi nahi delako. Horretarako, ordea, desoreka sortu behar da taldean, aurrez aipatutako lau faktoreak oso kontuan hartuz.

Lau faktore horietan, bi hizkuntzarekin zerikusia dutenak dira: komunikatzeko gaitasuna eta euskara erabiltzeko iniziatiba, hain zuzen. Bi faktore horien azterketak kokatuko du taldea erabilera-urrats zehatz batean.

Beste bi faktoreak, hots, jardueraren intentsitatea eta gazteen eta hezitzaileen arteko harremana, ez dira berez hizkuntzaren parte, baina bai oso kontuan hartu beharrekoak, hizkuntzazko helburuak lortzeko sortu behar den desoreka dela kausa.

  • Komunikatzeko gaitasuna

    Hizkuntzazko helburuak definitzeko eta lantzeko tenorean, gazteen komunikatzeko gaitasuna izango da aldagai nagusietako bat.

    *Begiraleek asko egin dezakete haurren artean euskararen erabilera sustatzeko proiektuan, lau maila hauek ezarri ziren haurren gaitasun linguistikoan: gaitasun txikia, gaitasun nahikoa, gaitasun ona eta gaitasun oso ona.

    Hezitzaileek asko egin dezakete gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko* izendatu dugun honetan, aldiz, hizkuntza-maila kontzeptuaren ordez komunikatzeko gaitasuna adigaia baliatuko dugu, zeren euskara erabiltzeko posibilitate errealaz aritu nahi baitugu, eta komunikatzeko gaitasuna bost mailatan bereiziko dugu, gazteak gaitasunaren arabera kualifikatzeko: euskaraz komunikatzeko gaitasun gabeak, euskaraz oso nekez komunikatzen direnak, euskaraz nekez komunikatzen direnak, euskaraz motel komunikatzen direnak eta euskaraz erraz komunikatzen direnak.

    Komunikatzeko gaitasuna, beraz, aztertu eta landu beharreko elementua da, erabilerari buruzko helburuak zuzen jarriko badira. Ikus ditzagun, bada, gazteen komunikatzeko gaitasunak.

    • Euskaraz komunikatzeko gaitasun gabeak

      Horrelako gazteek ez dakite euskaraz; ez dira euskaraz espresatzeko gai. Oro har, gainera, ulertu ere ez dute egiten.

    • Euskaraz oso nekez komunikatzen direnak

      Horrelako gazteak zailtasun handiz espresatzen dira euskaraz. Hau da, hitz eta esaldi bakan batzuk esaten asmatzen dute, baina gaitu gabe daude gutxieneko diskurtso bat taxutzeko, elkarrizketa xumeak burutzeko eta abar. Ez dute aski baliabide nahi dutena adierazteko: euskararen oinarrizko morfologia, lexikoa, sintaxia... bereganatu gabe dauzkate.

      Ulermenari dagokionez, azaldu beharrekoa argi eta astiro samar azalduz gero eta beren arreta lortuz gero, asmatzen dute gauzak testuinguruan aski ongi ulertzen.

    • Euskaraz nekez komunikatzen direnak

      Aurrekoak ez bezala, gai dira gutxieneko diskurtsoak osatzeko eta hizketaldiko hariari jarraitzeko, baina, euskaraz ari direnean, oraindik pisua hartzen dute beren jatorrizko hizkuntzako egiturek, ahoskerak, semantikak eta abarrek. Hainbatetan, kodeak nahasten dituzte: ongien menderatzen duten hizkuntzako arauak erabiltzen dituzte euskarara aldatuta.

      Ulermenaren aldetik, oro har, aski ongi moldatzen dira testuinguruan bizkor ulertzeko.

    • Euskaraz motel komunikatzen direnak

      Ongi komunikatzen dira euskaraz, baina arintasun gutxirekin. Oro har, ahozko euskarari baino idatziari lotuagoa dagoen mintzamoldea erabiltzen dute; formalegia-edo. Ez dakite hizkuntzako erregistroak bereizten; beren jatorrizko hizkuntzako makulurik baliatu ezean, kale egiten die espresibitateak eta abar.

    • Euskaraz erraz komunikatzen direnak

      Ongi komunikatzen dira euskaraz, eta erraz aritzen dira hizkuntza horretan. Era horretako hiztun gazteek egoki baliatzen dute hizkuntza egoera formaletan eta informaletan, nahiz eta, euskararen egoera soziolinguistikoa dela bide, albo erdaren eragina igartzen zaien (egoera informaletan, batik bat).

  • Euskara erabiltzeko iniziatiba

    Hizkuntzazko helburuak eta estrategiak zehaztu eta landu ahal izateko, euskara erabiltzeko iniziatiba da kontuan izan beharreko faktore oso garrantzitsu bat. Komunikatzeko gaitasuna eta euskara erabiltzeko ekimena faktoreek taldearen hizkuntzazko egoera definitzen dute eta taldea erabilera-urrats batean kokatzen dute.

    Euskararen erabileraren iniziatibari buruz, sailkapen hau egin daiteke:

    • Hezitzaileak hartzen du

      Euskara erabiltzeko iniziatiba hezitzaileak hartzen duela diogunean, honako hau adierazi nahi dugu: gazteek ez dutela hartzen euskaraz aritzeko iniziatibarik eta hezitzaileak euskaraz hitz egiten dienean hari erantzuteko bakarrik baliatzen dutela euskara.

    • Gazteak hartzen du

      Euskara erabiltzeko iniziatiba gazteak hartzen duela diogunean, honako hau adierazi nahi dugu: gazteek, hezitzaileari euskaraz erantzuteaz gainera, beren kabuz ere hartzen dutela euskaraz aritzeko iniziatiba.

      Halaz guztiz, bi egoera bereizten dira:

      • gazteek hezitzailearekin euskaraz hitz egiteko soilik hartzen dute iniziatiba: gazteak beti euskaraz erlazionatzen dira hezitzailearekin; hau da, euskaraz erantzuteaz gainera, euskaraz hitz egiten diote.
      • gazteek taldekideekin euskaraz hitz egiteko ere hartzen dute iniziatiba: gazteak, hezitzailearekin euskaraz erlazionatzeaz gainera, taldekideekin ere mintzatzen dira euskaraz.
    • Inork ez du hartzen

      Ez hezitzaileak, ez gazteek hartzen dute euskaraz aritzeko iniziatiba; hau da, jarduera erdaraz gauzatzen da. Kasu batzuetan, gazteek edo hezitzaileek euskaraz ez jakiteagatik gertatzen da, baina jazo daiteke, halaber, gazteek nahiz hezitzaileak euskaraz komunikatzeko gaitasuna izatea eta jarduera erdaraz gauzatzea.

      Lehen argitu dugun gisan, gazteen komunikatzeko gaitasuna eta euskara erabiltzeko iniziatiba faktoreek diagnostikatzen dute taldearen errealitate linguistikoa eta kokatzen dute hura erabilera-urrats jakin batean.

  • Jardueraren intentsitatea eta jarduerari buruzko motibazioak

    Hizkuntzazko helburuak landu ahal izateko eta euskararen erabileran aurrerapausoak emateko, desoreka bat sortu behar da taldean, zeren zeinahi taldek hizkuntzazko ohitura beretuak izaten baititu eta haiek aldatzea baita helburu. Aldaketak, gainera, taldearen izaeran, jokaeretan eta abarretan eragiten du; taldeko bakoitzak betetzen duen rolean... Horregatik, desoreka bat sortzea erabakitzen denean, ondorioak ondo neurtzeko ahalegina egin behar da, ezen, kontua behar bezala planteatzen ez bada, kinkan jarriko da helburuen lorpena, eta, are okerrago dena, ondorio kaltegarriak ere segi daitezke.

    Hizkuntzazko helburuak lantzean, jardueraren intentsitatea da kontuan izan beharreko beste faktore nagusietako bat. Jardueraren intentsitatea handia bada (edota desoreka sortu nahi delako intentsitatea indartzen bada), errazagoa izango da desoreka sortzea eta ondorio onak ateratzea. Jardueraren intentsitatea txikia bada, aldiz, oso zail gerta daiteke helburuak lantzea, eta, gainera, kontrako eragina ere izan dezake ahaleginak: gazteek gal dezakete jarduerarekiko interesa, ekar dezake hezitzaileak jardueran hizkuntzazko helbururik landu nahi ez izatea eta abar. Jardueraren intentsitatea, beraz, oso faktore garrantzitsua da hizkuntzazko helburuak lantzean, eta, nola intentsitatean eragitea erakunde antolatzailearen eta hezitzailearen esku baitago, maiz baliatzeko faktorea izan daiteke.

    Jardueraren intentsitatea hiru mailatan banatzea proposatzen da:

    • Intentsitate handia
    • Intentsitate ertaina
    • Intentsitate txikia

    Hizkuntzazko helburuak landu aurretik neurtu behar da jardueraren intentsitatea. Horretarako, denborazko bi neurgailu balia daitezke, besteak beste: asistentzia eta puntualitatea. Jarduerako intentsitatea handia izango da, baldin gazteen asistentzia handia bada (saio guztietara joaten badira) eta puntualitatea ere handia bada (jarduera hasteko ordua baino lehenago heltzen badira eta amaitutakoan alde egiteko presarik ez badute). Aldiz, jarduerako intentsitatea txikia izango da asistentzia ona ez bada eta puntualitatean ere huts egiten badute.

    Gazteen jarduerari buruzko motibazioetan funtsatzen da jarduerako intentsitatea. Jarduerarekiko motibazioak aztertzeko garaian, Gardner eta Lamberten teoria hartu da oinarri. Teoria hori, izatez, bigarren hizkuntza ikasteko motibazioei buruzkoa da, baina gazteen jarduerei buruzko motibazioak aztertzeko ere oso balioko jo da. Teoria horren arabera, hiru dira jarduera bati buruzko motibazioak: instrumentala, integratzailea eta komunikatiboa.

    Jarduerako intentsitatea indartu gura denean, motibazio horietan (edo horietakoren batean) eragin behar da. Zail gertatuko da motibazio bakoitzaren indarra objektiboki neurtzea, baina, obserbazioaren bitartez eta motibazio bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz, ebaluatu ahalko da motibazio bakoitzaren indarra. Beraz, jarduerako intentsitatea indartu gura bada, motibazioetan eragin behar da, eta, horretarako, behin motibazioen indarra ebaluatuta, helburua erdiesteko non eragin nahi den erabaki behar da.

    • Motibazioen azalpena
      • Motibazio instrumentala

        Jarduerako parte-hartzaileak atsegin bat hartzen du aktibitatetik; hots, parte-hartzaileari pozbide edo gogobetegarri gertatzen zaio aktibitatea. Bestalde, hainbat eratakoa izan daiteke atseginaren iturria: ekonomikoa, materiala, soziala (aitormena...) eta abar.

        Jarduera bat aukeratzerakoan, garrantzi handia izaten du motibazio instrumentalak, baina ez da eragingarriena izaten jarduerarekiko motibazioari luze iraunarazteko. Arrakasta-beharrari eta porrot egiteko beldurrari atxikia dago motibazio instrumentala, eta, jardunaren intentsitatea indartzeari begira, zenbaitetan oso egokia izan daitekeen arren, berez ez da nahikoa izaten intentsitate handi bat luzaro mantentzeko.

      • Motibazio integratzailea

        Motibazio integratzailea harreman-sareari dagokion motibazioa da; hau da, pertsonak taldeetan integratzeko eta taldekide sentitzeko izaten duen beharrari buruzkoa. Beraz, motibazio integratzailea izaten da gazte batek jarduera batean parte hartzeko beste motibazioetako bat, hots, talde baten parte sentitzeko beharra asetzeko nahia.

        Gazteen kasuan, talderen batean integratuak sentitzeko beharra oso handia izaten da, eta, horrenbestez, ardurako arrazoia izaten da, hala jarduera hautatzeko, nola jardueran luze irauteko.

      • Motibazio komunikatiboa

        Gizakiak, bestalde, gauzak adierazteko eta komunikatzeko beharra ere izaten du; hots, bizipenak, esperientziak eta beharrak komunikatzekoa eta konpartitzekoa.

        Bada, behar horixe izaten da eskola-orduz kanpoko jarduera batean parte hartzeko beste motibazioetako bat, ezen, taldekideekin komunikatzeko paradaz gainera, erreferentziazko beste banako batzuekin erlazionatzekoa ere ematen baitie, hala nola, jardueraren inguruko beste pertsonekin eta hezitzaileekin (batik bat).

        Jarduera bat aukeratzeko garaian, pisu gutxieneko motibazioa izango da agian, zeren zalantzazkoa izaten baita beharra asetzeko balioko duen, baina, nolako harremanak garatzen diren, berebiziko indarra har dezakeen motibazioa da.

        Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuan, motibazio komunikatiboa hezitzailearen ikuspegitik erabiliko da batez ere. Berez, esparru zabalagoa hartzen duen arren, hezitzailearen eta gazteen arteko harremanei buruz aritzea erabaki da, honako arrazoi hauengatik:

        • gazteek helduagoekin komunikatzeko beharra izaten dute; berentzat erreferente izan daitezkeen pertsonekin erlazionatzekoa. Eskola-orduz kanpoko jardueretan, hezitzaileak izan daitezke pertsona helduagoak, eta zenbait kasutan, jarduerarekin zerikusia duten beste batzuk ere bai (jarduera bera egiten duten gazte helduagoak, erakunde antolatzaileko kideak...).
        • eskola-orduz kanpoko jardueretan motibazio komunikatiboa taldekideen artean ere agitzen da; talde bereko beste gazteekin, alegia. Motibazio garrantzitsua den arren, nola motibazio integratzailean taldea hartzen baita oinarri, nahasgarria gerta daiteke; bestela esan, zaila izan daiteke, kasu askotan, motibazio integratzailea eta komunikatiboa bereiztea. Horregatik, motibazio integratzailean taldea eta taldekideak hartuko dira oinarri, eta, motibazio komunikatiboan, hezitzaileak eta erreferente izan daitezkeen eta jarduerarekin zerikusia duten helduak.
    • Intentsitatearen garrantzia

      Aurretik adierazi den bezala, eskola-orduz kanpoko jarduera batean hizkuntzazko erabileran aurrerapausoren bat egin nahi bada, normaltzat jotzen den egoera bat eteteko eta beste bat sortzeko erabakia hartu behar da. Beraz, taldean eta taldearen izaeran aldaketaren bat egitea eskatzen badu, taldearen ohituretan desoreka bat sortuz egin behar da.

      Desoreka sortzekotan, oso kontuan izan beharko dugu jardunaren intentsitatea. Jardunaren intentsitatea txikia bada, zaila izango da desoreka sortzea, zeren txikia izango baita gazteen jardunarekiko atxikimendua eta ez baitute onartuko ahalegina eskatzen dien aldaketarik.

      Gazteek jardunean parte hartzeko dituzten motibazioek erakusten dute jardunaren intentsitatea; hots, motibazio instrumentalak, komunikatiboak eta integratzaileak. Gazteek hiru motibazio horiek indartsu badituzte, errazagoa izango da desoreka sortzea, zeren prest egongo baitira eskatzen dien ahalegina onartzeko.

      Bestalde, jarduera guztietan agertuko dira hiru motibazioak, baina ez beti gradu berean; hau da, litekeena da motibazioren bat indartsua izatea eta besteak apalak. Zenbaitetan, beraz, hizkuntzazko helburuak landu ahal izateko, beharrezkoa izango da motibazioetako bat indartzea.

      Hizkuntzako helburuak lantzeko –eta, finkatzeko, bereziki–, jarduerari buruzko motibazioak indartsuak izatea komeni da. Dena dela, helburu berriak lantzeko garaian (desoreka sortzeko garaian), egokia izan daiteke motibazio instrumentala indartzea. Motibazio instrumentalaren bitartez, denbora jakin batean, indar daiteke jardueraren intentsitatea, desoreka aiseago sortze aldera, eta, halatan, jardueraren intentsitatea indartsua bada, landutakoa finkatzeak ez du horrenbesteko intentsitaterik eskatuko; hau da, jardueraren ohiko erritmoan finkatu ahalko dira hizkuntzazko ohiturak.

      Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuan, gazteek jarduerarekiko dituzten motibazioak baliatzea proposatzen da; bestela esan, motibazioak instrumentalizatzea. Gazteek hizkuntzari buruz izan ditzaketen motibazioak garrantzitsuak diren arren, batik bat jarduerarekiko dituzten motibazioak hartuko dira kontuan estrategiak lantzeko garaian, eta, hizkuntzazko estrategiak aplikatzean, jarduerari buruzko motibazioak baliatu beharko dira. Azken buruan, motibagarri zaizkien gauzak lortuko badituzte, euskara tratatzeko eran egin beharreko aldaketak onar ditzaten lortu behar da.

  • Hizkuntzari eta jarduerari buruzko motibazioak

    Hezitzaileek asko egin dezakete egitasmoaren helburu nagusia da, zehazki, eskola-orduz kanpoko jardueretan gazteekin lan egiten duten hezitzaileei euskararen erabilera sustatzeko estrategiak eta tresnak eskaintzea.

    Jarduera batean hizkuntzazko helburuak landu ahal izateko, baliagarria da parte hartzen duten gazteek euskararekiko motibazio indartsua izatea (euskarari buruzko jarrera ona izatea), zeren aiseago parte hartuko baitute hizkuntzazko ohiturak aldatzeko ahaleginean. Edozelan ere, euskarari buruzko jarrera onak ez du ziurtatzen euskara erabiliko dutenik, eta, jardueran beti erdaraz aritu izan badira, lehengoan jarraituko dute.

    Horregatik, Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuan, garrantzi handiagoa ematen zaio jarduerako intentsitateari. Bestela esan, jarduerari buruzko motibazioak lehenesten dira, ezen nahiz eta, berez, hizkuntzarekin zerikusirik ez izan, arras eragingarriak izan daitezke hizkuntzazko ohiturak aldatzeko.

    Abiaburuko ohitura linguistikoak aldatzeko prozesuan eta jomugako ohiturak finkatzean landu behar dira euskarari buruzko motibazioak, ezen, gazteek euskararekiko motibazio ona baldin badute, aiseago aldatuko dira hizkuntzazko ohiturak.

    Hizkuntzari buruzko motibazioa lantzeko, gazteak informatzea eta helburuetan inplikatzea da aproposena. Motibazioa bereganatuko badute, helburuen berri izan behar dute (erakundearen helburuen eta jardueraren hizkuntzazko helburuen berri): helburu horien arrazoiak ezagutu behar dituzte, eta, ahal den neurrian behintzat, berekin adostu behar da helburuak lortzeko prozesua. Gazteak, prozesuan inplikatuz gero, helburuen hartzaile izatetik eragile izatera pasatzen dira, eta, helburuak lortzea errazagoa izateaz gain, jomugako ohiturak ere sendoago errotzen dira.

    Ondoko bi faktore hauek garrantzi handia izango dute gazteak hizkuntzazko helburuei buruz informatzean eta prozesuan inplikatzean:

    • gazteen adina edo heldutasuna: adinean aurrera egin ahala, samurragoa izango da hizkuntzazko helburuez aritzea, informatzea eta prozesuan inplikatzea.
    • gazteen eta hezitzailearen arteko harremana: gazteen eta hezitzaileen arteko harremana zenbat eta hobea izan, errazagoa izango da informazioa ematea, lortu beharrekoa adostea eta gazteak prozesuan inplikatzea.

    Beraz, jarduerari buruzko motibazioak aztertzeak eta azterketako ondorioak baliatzeak du lehentasuna, hizkuntzazko helburuak lantzeko prozesuan. Halaz guztiz, bidezko bezain baliagarri da gazteak helburuen jakitun izatea, haiekin bat etortzea eta prozesuan inplikatzea.

  • Gazteen eta hezitzailearen arteko harremana

    Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuaren izenburuak adierazten duen bezala, hezitzailea da euskararen erabilera sustatzeko oinarrizko elementua. Hezitzailearen esku dago helburuak zehaztea, estrategiak aplikatzea, lorpenak ebaluatzea eta abar. Horretan guztian, ordea, berebiziko garrantzia du gazteen eta hezitzailearen arteko harremanak.

    Proiektu honetan, 12 eta 18 urte bitarteko gazteen jarduerez ari gara. Adin-tarte horretan, gazteak identitate batez janzten ari dira. Identitatez janzteko edo jabetzeko bide horretan, familiak pisua galtzen du: urrundu egiten dira gurasoengandik, eta lagun-taldeak hartzen du gaina. Dena dela, beren parekoekin integratzeko duten beharraz gain, bestelako erreferentziak ere behar izaten dituzte; gurasoak ez diren helduagoen erreferentziak, alegia.

    Ikuspegi horretatik, hezitzaileak oso itzal axolakoa izan dezake gazteengan; izan ere, helduagoa da, baina ez gurasoa. Bestela esan, ez da beren pareko norbait, baina bada erreferentzia. Hezitzaileak erreferentzia positiboa izan behar du gaztearentzat. Erakargarri eta egoki gertatu behar zaizkio gazteari, bai bien arteko harremana, bai hezitzaileak transmititzen dizkion balioak.

    Hezitzailea erreferentzia positiboa izango bada, nahitaezko gorabehera da hurbiltasuna. Hezitzailearen prestasunaren bitartez lor daiteke hurbiltasuna: aldez edo moldez, gazteek konturatu behar dute hezitzailea “busti” egiten dela haiekiko erlazioan.

    Jardueretan, jardunak berak eskatzen dituen espazioak (jardun zuzendurako lekuak) daude batetik, baina baita gazteenak direnak ere (egoera informaletarakoak). Hezitzaileak gazteen espazioan integratu behar du, baina argi izan behar du bera dagoela gazteen espazio naturalean, eta, han parte hartzeko, onartu egin behar dutela gazteek. Onartua izatea lortuz gero, espazio horiek baliabide oso aproposak dira heziketarako, eta, beraz, hizkuntzazko helburuak lantzeko ere bai.

    Hezitzaileek gazteekin duten harremana ebaluatzeko, hiru maila bereiz daitezke:

    • hezitzailea ez dago onartua.
    • hezitzailea onartua dago.
    • hezitzailea erreferentea da.

    Hezitzailea onartua ez egoteak ez du esan nahi jarduera ezin denik aurrera atera. Jarduera arautua gauzatuko da, baina gazteek jarduerarekiko atxikimendu handia izan beharko dute, zeren osterantzean oso zaila baita berentzat balekoa ez den hezitzaile batekin aritzea.

    Hezitzaile onartuaren kasuan, jarduera normaltasunez gauzatuko da, baina gazteek ez dute hezitzailearengan berentzat baliokoa den pertsona bat ikusiko, jarduera aurrera ateratzeko beharrezkoa den norbait baizik.

    Hezitzailea erreferentea bada, ordea, hezitzaileak balio handia izango du gazteentzat, eta harremana aberatsa izango da. Hezitzaileak oso leku egokia beteko du taldean, jardueran hainbat helburu proposatu ahal izateko.

    Erreferentziazko gorabehera horretan, bada, dena dela, erreferente bakarrik izatetik haratagoko gradu bat: aszendentziazko erreferentea izatea, hain zuzen. Baldin hezitzaileak aszendentziazko, influentziazko edo eraginezko erreferentea izatea lortzen badu, gazteek aintzat hartuko dituzte haren iritzia eta eginahala. Alabaina, gazteengan aszendentzia izatea erdiesteko, hezitzaileak inplikatu egin behar du elkarrekiko erlazioan, eta egiteko hori ez du burutuko gazteen jokamoldeak behin eta berriro helduen ikuspegitik epaituz.

    Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuan markatzen diren helburuak lortze aldera, esan beharrik ez da, erreferentzia diren eta aszendentzia duten hezitzaileak dira egokienak. Izan ere, hizkuntzazko helburuak landuko badira, desoreka sortu behar da taldean, eta eginkizun horretan erabakigarria da, besteak beste, hezitzailearen eta gazteen arteko erlazioaren nolakotasuna.

    Azken buruan, hezitzailea erreferente ez denean, ezina gertatuko da zenbait helburu lantzea eta dagozkien hainbat estrategia aplikatzea, ezen gazteen eta hezitzailearen arteko erlazioa arras atxikia dago gazteen motibazio komunikatiboari, eta, txikia denean, ez da batere erraza hizkuntzazko helburuak behar bezala lantzea. Kontua horrela, zenbait kasutan, hizkuntzazko helburuak lantzeari ekin aurretik, gazteen eta hezitzailearen arteko harremana landu eta bideratu behar da, eta erlazioa orekatu ostean proposatu behar dira hizkuntzako helburuak.


Interbentzio-eremuak

Euskararen erabileran eragiteko garaian, behin taldearen hizkuntzazko diagnosia egindakoan eta taldea erabilera-urratsean kokatutakoan, axolako gorabehera da interbentzio-eremua erabakitzea.

Eskola-orduz kanpoko jardueretan, bi dira interbentzio-eremu nagusiak:

  • hezitzailearen eta gazteen arteko hizkuntzazko harremana.
  • gazteen arteko hizkuntzazko harremana.

Hezitzaileen eta gazteen arteko hizkuntzazko harremana interbentzioko eremutzat hartzeak adierazi nahi du ezen euskararen erabilera sustatu nahi dela erlazioan eta hizkuntzazko beste ohitura zehatz batzuk finkatu nahi direla. Ondorioz, estrategiak erabakitzeko eta aplikatzeko tenorean, hezitzailea eta gazteak elkarrekin erlazionatzen diren uneak eta espazioak hartuko dira aintzat, eta alde batera utziko dira gainerakoak. Era horretako interbentzio-eremuak, dena dela, barne hartzen ditu, halaber, jardueran gazteekin erlazionatzen diren osterantzeko erreferenteak, hala nola erakunde antolatzaileetako arduradunak, epaileak, jarduerako gazte helduagoak eta abar.

Gazteen arteko hizkuntzazko harremana interbentzioko eremutzat hartzeak adierazi nahi du ezen euskararen erabilera sustatu nahi dela erlazioan eta hizkuntzazko beste ohitura zehatz batzuk finkatu nahi direla. Helburu nagusia jardun osoan euskaraz ari daitezen izango den arren, honela ere bana daiteke interbentzioko eremua: gazte-hiztunen erlazioa denboran eta gazte-hiztunen erlazioa espazioan.

Izan ere, jomuga behinena edo behin betiko helmuga gazteak elkarrekin etengabe euskaraz aritzea izan arren, ia nahitaezkoa da, abiapuntuko zenbait egoeraren arabera, tarteko helburu batzuk ere jartzea; helburuak mailaka planteatzea. Eginahal horretan, oso lagungarria da espazioa eta denbora interbenitzeko eremu gisa hartzea; hau da, gazteek euskarazko erlazioa jarduerako espazio jakin batzuetan eta une edo denbora-bitarte zehatz batzuetan izan dezaten begiz jotzea.

Proiektu honetan, bi interbentzio-eremu proposatzen dira erabilera-urrats bakoitzerako:

  • Erabilera atseginaren urratseko interbentzio-eremuak:
    • hezitzailearen eta gazteen arteko hizkuntzazko harremana.
    • gazteen eta jarduerarekin zerikusia duten beste erreferenteen arteko hizkuntzazko harremana.
  • Erabilera zuzenduaren urratseko interbentzio-eremuak:
    • gazteek jarduerako hezitzailearekin eta gainerako erreferenteekin duten hizkuntzazko harremana.
    • taldekideen arteko harremana jarduerako espazio jakin batzuetan.
  • Erabilera naturalera hurbiltzeko urratseko interbentzio-eremuak:
    • taldekideen arteko harremana jarduerako une edo denbora-bitarte jakin batzuetan.
    • taldekideen arteko harremana jarduera guztian.

Interbentzio-eremu horietan, progresiboki lan egin behar da. Lehenbizi, erabilera atseginaren urratsekoetan aritu behar da; hurrena, fase hori gainditutzat jotzen denean, erabilera zuzenduaren urratsekoetan, eta, azkenik, erabilera naturalera hurbiltzekoetan.

Euskararen erabilera sustatzeko prozedura

Eskola-orduz kanpoko jardueretan, euskararen erabilerari dagokionez, hainbat eratako gazteak egokituko zaizkigu: inoiz erabiltzen ez dutenak; hezitzaileari euskaraz egin arren, elkarrekin erdaraz aritzen direnak; beti euskaraz hitz egiten dutenak eta abar.

Taldearen hizkuntzazko diagnosiari gagozkiola, lehen azaldu dugun moduan, euskaraz komunikatzeko gaitasuna eta euskara erabiltzeko iniziatiba erabaki ditugu neurbide nagusi, eta, azalpenean aurreratu dugun gisan, diagnosi horretatik segitzen dira, bai taldea erabilera-urrats batean kokatzea, bai erabilera-urratseko interbentzio-eremuak definitzea.

Orain eta hemen, txosteneko edukian aitzinatzeko, interbentzio-eremuetan euskararen erabilera irabazian jartzeko zer-nolako estrategiak balia daitezkeen zedarritzen eta definitzen ahaleginduko gara. Segidako puntuetan, beraz, gazte-taldeetan euskararen erabilera indartzeko eta erroarazteko prozedura azalduko dugu.


Gazteak erabilera-urratsetan kokatzea

Eskola-orduz kanpoko jardueretako gazte-taldeak erabilera urratsetan kokatzeko, bi irizpide baliatuko dira: euskaraz komunikatzeko gaitasuna eta euskara erabiltzeko iniziatiba.

Komunikatzeko gaitasunak erakusten du taldeari zein erabilera-urrats legokiokeen, baina erabiltzeko iniziatibak determinatzen du benetako kokapena. Hau da,

  • baldin taldeko gazteak euskaraz oso nekez komunikatzen badira, erabilera atseginaren urratsean kokatu behar dira.
  • baldin taldeko gazteak euskaraz nekez komunikatzen badira, kasu batzuetan erabilera atseginaren urratsean eta bestetzuetan erabilera zuzenduaren urratsean kokatu behar dira.
  • baldin taldeko gazteak euskaraz motel komunikatzen badira, kasu batzuetan erabilera zuzenduaren urratsean eta bestetzuetan erabilera naturalera hurbiltzeko urratsean kokatu behar dira.
  • baldin taldeko gazteak euskaraz erraz komunikatzen badira, erabilera naturalera hurbiltzeko urratsean kokatu behar dira.

Horixe da komunikatzeko gaitasunen eta erabilera-urratsen arteko komunztadura, baina komunikatzeko gaitasuna faktorea bere bakarrean ez da aski erabilera-urratsak determinatzeko, eta euskara erabiltzeko iniziatiba faktorea emendatu behar zaio. Hortaz, komunikatzeko gaitasuna zeinahi dela ere, baldin

  • euskara erabiltzeko iniziatiba hezitzailearen esku badago, erabilera atseginaren urratsean kokatu behar da taldea.
  • euskara erabiltzeko iniziatiba gazteen esku badago, iniziatiba jardun osoan, une jakin batean, espazio jakin batzuetan edo soilik hezitzaileekin duten aztertu beharko da, eta, ondorioaren arabera, berezko erabilerara hurbiltzeko urratsean edo erabilera zuzenduarenean kokatu behar da taldea.

ESATE BATERAKO,

  • taldekideak euskaraz erraz komunikatzen badira eta jarduerako une eta espazio gehienetan euskaraz aritzen badira, berezko erabilerara hurbiltzeko urratsa dagokio taldeari.
  • taldekideak euskaraz erraz komunikatzen badira, baina hezitzaileari bakarrik hitz egiten badiote hizkuntza horretan, iniziatibak determinatuko du taldearen kokapena: erabilera iniziatiba propioz denean, erabilera zuzenduaren urratsa dagokio; aitzitik, hezitzaileak probokatua denean (hark euskaraz egin dielako hari euskaraz egin beharra), erabilera atseginaren urratsa dagokio.
  • taldekideak euskaraz oso nekez komunikatzen badira eta hezitzaileari erantzuteko bakarrik baliatzen badute euskara, erabilera atseginaren urratsa dagokio taldeari.
  • taldekideak euskaraz oso nekez komunikatzen badira, baina jarduerako tarte gehienetan hezitzailearen eta elkarren artean euskaraz badihardute, erabilera naturalerako urratsa dagokio taldeari. Horrelako talde bat berezko erabilerara hurbiltzeko urratsean kokatuko litzateke printzipioz, zeren elkarren artean euskara erabiltzeko iniziatibaren jabe baitira. Ordea, euskaraz nekez komunikatzen direnez gero, ezina dirudi era horretako talderen bat suertatzea.

Ikusten denez, komunikatzeko gaitasunak eta erabiltzeko iniziatiba faktoreek erabilera-urrats batean kokatzen dute taldea.


Erabilera-urratsetan eta erabileran eragiten duten faktoreen arteko lotura

Hona artekoan, prozedura oso bat azaltzen saiatu gara, eta ondoz ondoko urrats hauek zerrendatu eta definitu ditugu:

  • lehen urratsa: taldearen hizkuntzazko diagnosia egitea.
  • bigarren urratsa: taldea erabilera-urrats batean kokatzea.
  • hirugarren urratsa: erabilera-urratsari interbentzio-eremua izendatzea.
  • bosgarren urratsa: interbentzio-eremuetan eragiteko estrategiak erabakitzea.

Esana dugu, bestalde, erabilera-urratsetan aitzinatuko bada, noraezekoa dela taldearen abiaburuko ohitura linguistikoetan desoreka bat sortzea, eta adierazi ere dugu oso aintzat hartu beharrekoak direla erabileran eragiten duten beste faktore hauek: jardueraren intentsitatea, gazteen eta hezitzailearen arteko harremana, euskaraz komunikatzeko gaitasuna eta euskara erabiltzeko iniziatiba.

Hurrengo taulan, erabilera-urratsen eta erabileran eragiten duten faktoreen arteko loturak azaltzen dira; hau da, erabilera-urratsetan aitzinatzeari begira, faktore bakoitzaren gradu egokia zein izan daitekeen proposatzen da.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

  • Erabilera atseginaren urratsean, bi interbentzio-eremu daude:
    • gazteen eta hezitzailearen arteko hizkuntzazko harremana.
    • gazteen eta jarduerarekin zerikusia duten beste erreferenteen arteko hizkuntzazko harremana.
  • Lehenengo interbentzio-eremuaren kasuan:
    • helburua bigarren interbentzio-eremura iristea izango da; hau da, erabilera atseginaren urratsean bertan aurrera egitea.
    • horrelako taldeetan, gazteek elkarrekin erdaraz egiteko ohitura izango dute, eta, ziur aski, hezitzailearengana erdaraz zuzentzekoa. Horregatik, hezitzaileak izango du euskara erabiltzeko iniziatiba.
    • hezitzailearekiko harreman horretan euskaraz egiten badute, aitzinatuko dira komunikatzeko gaitasunean, eta bigarren interbentzio-eremuan kokatu ahalko dira.
    • aurrerapauso hori ez da oso nekeza eta gazteei ez die ahalegin handiegirik eskatzen; beraz, hezitzailearekiko harremanean ere nahikoa da hezitzailea onartua izatea, eta, orobat, aski da jardueraren intentsitatea ertaina izatea.
  • Bigarren interbentzio-eremuaren kasuan:
    • erabilera zuzenduaren urratsera pasatzea izango da jomuga.
    • horrelako taldeetan, gazteek elkarrekin erdaraz aritzeko ohitura izango dute, eta ez da harritzekoa izango hezitzaileari hainbatetan erdaraz hitz egitea. Horregatik, hezitzaileak izango du usuen euskara erabiltzeko iniziatiba. Ordea, nola beharrezkoa baita gazteek euskara eremu zabalagoan erabiltzea, euskarazko erlazioa bideratu behar da jarduerarekin ikuskizun duten beste hezitzaile edo kide helduagoekin.
    • urrats horretako taldeek aurrera egiteko ahalegina ez da horrenbestekoa edo, bestela esan, intentsitate ertainekoa da. Izan ere, erabilera atseginaren urratsean daudenez gero, hezitzailearekin eta beste erreferenteekin erlazionatu behar dute euskaraz, baita iniziatiba propioz denean ere; hau da, printzipioz ez zaie eskatzen taldekideekin euskaraz egitea.
  • Erabilera zuzenduaren urratsean bi interbentzio-eremu daude:
    • gazteek jarduerako hezitzailearekin eta gainerako erreferenteekin duten hizkuntzazko harremana.
    • gazteen arteko hizkuntzazko harremana, jardueraren espazio batzuetan.
  • Lehenengo interbentzio-eremuaren kasuan:
    • helburua bigarren interbentzio-eremura iristea izango da; hau da, erabilera zuzenduaren urratsean bertan aurrera egitea.
    • horrelako taldeetan, gazteek hezitzailearekin beti euskaraz aritzeko ohitura izango dute; hau da, euskaraz hitz egingo diote hezitzaileari, eta berdin jokatuko dute jarduerarekin zerikusia duten beste erreferenteekin. Taldean, ordea, erdaraz jardungo dute jeneralean. Halaz guztiz, taldekide batzuekin, hizkuntza aldetik erreferente direnekin, euskaraz egingo dute espazio batzuetan.
    • hezitzailearekin eta taldekide batzuekin euskaraz mintzatzen badira, gora egingo dute komunikatzeko gaitasunean, eta bigarren interbentzio-eremura iritsiko dira.
    • aurrerapauso hori ez da arras handia, baina oso samurra ere ez. Euskaraz nekez mintzatu arren, taldekide batzuekin jardungo dute euskaraz, baina hezitzaileak lagundu beharko die ohitura hori finkatzen. Kontua horrela, beharrezkoa da jardueraren intentsitatea aski handia izatea eta hezitzailea gazteentzat erreferente izatea.
  • Bigarren interbentzio-eremuaren kasuan:
    • berezko erabilerara hurbiltzeko urratsera iristea izango da jomuga.
    • horrelako taldeetan, gazteek, erdararako joera izan arren, euskaraz egingo dute taldeko beste kideekin, jarduerako hainbat espaziotan.
    • urrats horretatik berezko erabilerara hurbiltzeko urratserako igarobidea nahiko handia da, eta, horrenbestez, axolakoa da hezitzailea taldekideentzat erreferente izatea eta jardueraren intentsitatea handia.
  • Berezko erabilerara hurbiltzeko urratsean bi interbentzio-eremu daude:
    • taldekideen arteko harremana jarduerako une edo bitarte batzuetan.
    • taldekideen arteko harremana jardun osoan.
  • Lehenengo interbentzio-eremuaren kasuan:
    • bigarren interbentzio-eremura heltzea izango da xedea; hots, erabilera naturaleko urratsean bertan aurrera egitea.
    • era horretako taldeetan, gazteek euskaraz egingo dute elkarrekin jarduerako zenbait espaziotan edo unetan, baina erdararako joera ere izango dute beste hainbatetan.
    • aurrerapausoa handia da kualitatiboki, eta aldaketa aski larria da gazteentzat. Azken buruan, batzuetan euskaraz eta besteetan erdaraz aritzetik beti euskaraz aritzera igaro behar dute. Puntu horretan, ardurakoagoa da hezitzailearekiko harremana jardueraren intentsitatea baino, zeren hezitzaileak lagundu behar baitie salto egiten. Horrenbestez, hezitzailea aszendentziazko erreferentea izatea komeni da.
  • Bigarren interbentzio-eremuaren kasuan:
    • berezko erabilerara heltzea da xedea; hau da, taldearen hizkuntzazko harremana beti euskaraz izatea.
    • era horretako taldeetan, nola interbenitzen hasi aurretik ere euskara izango baita maizen baliatzen den hizkuntza, ohitura errotzea izango da egitekoa.
    • ohitura finkatu ahal izateko, nola berebiziko faktorea izango baita hezitzailearekiko harremana, hezitzailea erreferente izatea lortu behar da. Jardueraren intentsitatea ere handia izatea komeni da, ohitura behar bezala errotu ahal izateko.


Erabilera-urratsetako faktoreen arteko oreka

Honainokoan adierazten ari garen gisan, hizkuntzazko helburuak erabilera-urratsen ikuspegitik lantzea proposatzen da; hau da, erabilera-urratsetan aitzinatzea lortu behar da, euskararen erabilera goratzeko.

Erabilera-urratsetan aurrera egin ahal izateko, erabileran eragina duten faktoreak izan behar dira kontuan (ikusi aurreko puntua), eta, aurrera egin ahal izateko, nahitaezkoa izango da kasuan kasuko abiapuntura heltzea. Adibidez, urrats batetik bestera igaro ahal izateko, hezitzailea erreferente izatea bada beharrezko eta gertatzen bada hura taldeak onartua ez izatea, egoera hori aldatzen saiatu beharko da, hizkuntzazko helburuak lantzeari ekin aurretik; era berean, aurrerapausoak intentsitate handia badu eskakizun eta hura apala bada, indartzea izango da egiteko behinena, etab.

Hezitzailearekiko harremana eta jardueraren intentsitatea, bata nahiz bestea, aurrera egin ahal izateko ezinbestekoak diren arren, ez dute erabilera-urratsa zertan baldintzatu. Hau da, taldea erabilera zuzenduaren urratsean kokatu behar da besterik gabe, baldin taldeko kideak euskaraz nekez edo motel mintzatzen badira, baina hezitzaileari euskaraz hitz egiten badiote ohituraz, eta, orobat, horrez gainera hainbat espaziotan euskaraz aritzen badira.

Aitzitik, hizkuntzarekin ikuskizun duten faktoreek kondizionatu egiten dituzte erabilera-urratsak. Esate baterako, euskaraz erraz komunikatzen den talde batean, nahiz eta begiralea erreferentea izan eta jardueraren intentsitatea handia, gazteek hezitzailearekin soilik egiten badute euskaraz, taldea ezin da berezko erabilerara hurbiltzeko urratsean kokatu, baizik eta erabilera atseginaren urratsean edo erabilera zuzenduarenean. Beraz, komunikatzeko gaitasunak eta euskara erabiltzeko iniziatibak kondizionatzen dute erabilerako urratsa.

  • Erabilera-urratsetako faktoreetan eragiteko estrategiak

    Taldea erabilera-urratsez edo kokagunez aurreratzeko, oreka-gradu egokian egon behar dute jomugako erabilera-urratsari dagozkion faktoreak. Horrela ez bada, faktoreak “graduatzea” da egiteko behinena.

    Erabilera-urratsetan aitzinatzeko faktoreak lantzea nahitaezkoa den arren, egitate horretatik ez da segitzen faktoreak behar bezala graduatu bitartean hizkuntzazko helburuak landu ezinak direnik. Alderantziz, on eta bidezko da hizkuntzazko helburuak lantzea. Apika, zail gertatuko da erabilera-urratsez aldatzea, baina, horrela denean, taldearen unean uneko erabilera-urrats errealean saiatu behar da aitzinatzen eta ohiturak errotzen, eta, bien bitartean faktoreak neurriratzen asmatzen bada, bidea zabalik izango da erabilera-urratsetan aurreratzen ahalegintzeko.

    Gainera, kontuan izan behar da ezen proiektu honetan proposamen bat egiten dela –norabide bat markatzen dela–, eta, horrenbestez, taldearen eta jardueraren ezaugarrien arabera, faktoreek ez dutela zertan izan proiektu honetan proposatzen direnen pare-parekoak.

    Segidako taulan, faktoreetan eragiteko estrategiak proposatzen dira.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

  • Hezitzailea taldean: estrategien azalpena

    Hezitzaileak gazteekin duen harremana indartzeko balia daitezkeen estrategia guztiak norabide bakarrekoak dira: «hezitzaileak taldean integratu behar du» esaldiak laburbiltzen du printzipioa.

    Talde guztiek izaten dute beren izaera, eta hezitzaileak leku garrantzitsua hartu behar du dena delako izaeraren barruan. Itzal hori edo presentzia hori erdiesteko, hezitzaileak argi izan behar du bera ez dela taldekidea, baina axolako erreferentea izan daitekeela gazteentzat.

    Hezitzaileak gazteekin duen harremanak erabateko zerikusia du jarduerari buruzko motibazioekin; zehazkiago adierazita, hezitzailearekiko motibazio komunikatiboarekin. Gazteek helduekin komunikatzeko beharra dute, erreferenteen beharra..., baina helduek zenbait baldintza bete behar dituzte erreferente izateko:

    • hezitzaileak gazteekin duen harremana ezin da mugatu jarduerako ekintza arautuetara; hezitzaileak gune informaletan ere erlazionatu behar du gazteekin. Jarduera orok berez izaten ditu tarte informalak, eta hezitzaileak dena delako tarteak baliatu behar ditu gazteekin erlazionatzeko (partidak jokatzeko egiten diren bidaiak, saioak hasi aurretik eta amaitu ondoren suertatzen diren etenak...). Ildo horretan, baldin hezitzaileak gazteekin duen harremana garatzea lehentasunezkoa bada, sortu ere egin daitezke tarte informalak (jardueran egoera ez arautuak gehituz; egoera informalak ugaltzeko bidaia bereziren bat programatuz...).
    • hezitzaileak oso kontuan hartu behar du gazteek egoera informaletan esaten diotena, eta balioa eman behar dio jasotakoari. Gainera, gazte guztiek onar dezaten eta guztiak baloratuak senti daitezen, ororekin saiatu behar du harremana lantzen. Arriskutsua da gazteen iritziak eta jokaerak behin eta berriro epaitzea (jarduerako arauekin zerikusirik ez dutenean, behintzat): konfiantza lortu nahi badu, hezitzaileak entzun egin behar du eta iritzia eman, baina, ahal den neurrian, jokabideak epaitu gabe.
    • motibazio instrumentala oso aproposa izan daiteke hezitzailearen taldeko lekua indartzeko. Gazteek, baldin lortu duten sariren bat edo abantailaren bat hezitzailearen lanarekin identifikatzen badute, errazago onartuko dute taldean, zeren lana baloratuko baitiote.
    • jarduerako lehenengo egunek garrantzi handia dute. Hezitzaileak hasieratik lortzen badu taldean integratzea, aurrerapauso handia emango du. Horretarako, oso onuragarria da izenak bizkor ikastea eta erabiltzea, denei denbora apur bat eskaintzea, bakoitzari buruz zerbait jakitea... Modu horretan, hezitzaileak baloratu egiten duela jabetuko da gaztea, eta harremana garatzeko interesa izango du.

    Hezitzailearen taldeko gaitzespenari aterabidea emateko, aurreko estrategia guztiek balio dute, baina, nolanahi ere, ez onartua izatearen arrazoiak aztertu behar dira lehenik eta behin. Ondorioen arabera, hiru modutara joka daiteke:

    • Hezitzailea aldatzea. Erakundea konturatzen bada hezitzailea taldean ez dagoela onartua eta ondorioztatzen badu arrazoia haren jokabidea dela (jarduerarekiko interes eza, gazteekin harremanak ez lantzea...), hezitzailea alda dezake. Erabaki zaila den arren, aintzat hartzeko aterabidea da.
    • Hezitzaileari laguntzaile bat jartzea. Taldearen gaitzespena ez bada hezitzailearen jokabidearen ondorio, erakundeak jar diezaioke laguntzaile bat, hasieratik gazteekin harreman hobea lor dezakeena eta hezitzailea taldean integratzeko ahalegina egingo duena. Taldeak hezitzailea arbuiatzeko arrazoiak hainbat izan daitezke, eta, zenbait kasutan, erakundeak ezin du gazteen jokabidea besterik gabe ontzat eman: gazteek hezitzailearen itxura edo janzkera arbuiatzea, adibidez.
    • Taldeko pertsona jakin batzuekiko harremana lantzea, taldean onartua izateko. Liderrak ez onartzearen ondorioa bada taldeak ez onartzea, liderraren iritzia aldatzea lortu beharko du: horretarako, harekin hitz egin, arrazoitu eta abar egin beharko du.
  • Jardueraren intentsitatea: estrategien azalpena

    Jardueraren intentsitatean, hiru motibaziok eragiten dute: motibazio instrumentalak, motibazio integratzaileak eta hezitzailearekiko motibazio komunikatiboak.

    Hezitzaileari buruzko motibazio komunikatiboak erlazio hertsia du hezitzailearen eta gazteen arteko harremanarekin; hezitzailea taldean onartua edo erreferentea izateko gorabeherarekin. Horregatik, taulako «taldeko hezitzailea» laukian jasotako estrategiak baliatu behar dira hezitzaileari buruzko motibazio komunikatiboa lantzeko.

    Motibazio instrumentala indartzeko, estrategia hauek balia daitezke:

    • Ekintza erakargarriak txertatzea. Jardueran ekintza erakargarriak txertatzea bide aproposa da motibazio instrumentala indartzeko. Bidaiek, kanpoko ekitaldiak ikusteak, gazteen gogoko tailerrek eta beste hainbat ekintzek lagun dezakete motibazio instrumentala indartzen. Bestela esan, jardueraren ohiko erritmoa hausten duten eta gazteentzat erakargarriak diren ekintzek goititzen dute motibazio instrumentala.
    • Sariak banatzea. Saritzea da motibazio instrumentala indartzeko beste bide bat. Euskararen erabilera indartzeko prozesuan, hizkuntzarekin ikuskizun duten lorpenen ordainetan eman behar dira sariak. Bide hori baliatzekotan, dena dela, printzipio hau bete behar da: «sariak lorpena du eskakizun; lorpenik gabe, ez dago saririk». Arau hori hautsiz gero, sariak instrumentaltasuna galduko du. Bestalde, gazteak saria lortzen benetan saia daitezen eta bidean zaputz ez daitezen, nahitaezkoa da erdietsi beharreko helburua neurtua eta erreala izatea. Hona hemen zein eratakoak izan daitezkeen:
      • Taldea saritzekoak. Bidaiak, afariak, ekitaldi berezietarako txartelak, pertsonaia ezagunen bisitak eta beste hainbat ekintza berezi balia daitezke sari gisa. Taldeko euskararen erabilera indartu gura denez gero, taldeko ohiturak aldatu behar dira, eta lorpenak eta sariak ere taldekoak izan behar dute.
      • Maiz edo oso tarteka banatzekoak. Helburu xumeak eta lorpen txikiak azpimarratu nahi badira, maiz eman daitezke sari txikiak. Helburuen gradua zaildu ahala, motibazio indartsuagoa beharko dute gazteek helmugara iristeko, eta ahalegina berdintzeko moduko saria eskatuko dute. Kasu horretan, sari bakarra erabaki daiteke “nekea” ordaintzeko, baina betiere helmugara heldutakoan banatzekoa izango da.
      • Sariak adostua eta iragarria izan behar du. Gazteek adostutako helburu bat lortzearen ordainetan jaso behar dute saria, eta hasiera-hasieratik jakin behar dute zer erdiets dezaketen.

    Motibazio integratzailea indartzeko, estrategia hauek balia daitezke:

    • Gazteen arteko harremana indartzeko ekintzak txertatzea. Gazteentzat erakargarriak eta intentsitate handikoak izan daitezkeen ekintzak programatuz gero, posible da talde-izaera eta motibazio integratzailea indartzea. Adibidez, bidaietan nabarmen hariltzen dira gazteen arteko harremana eta talde-izaera.
    • Talde osoak erantzun beharreko erronka edo helburua jartzea. Saritu beharreko erronka edo helburua izango da oro har, baina, nolanahi ere, talde osoak erantzun beharrekoa, zeren talde-lana eta talde-izaera indartzea baita jomuga.
    • Talde-dinamikak baliatzea. Talde-dinamikak oso onuragarriak dira talde-izaera indartzeko eta taldekideen arteko zenbait arazo argitzeko eta konpontzeko. Jardueretan, beti aurki daitezke talde-dinamikei probetxua ateratzeko tarteak: gaztelekuetan eta udalekuetan, adibidez, programazioan txerta daitezke, antzerkian ere jardueraren parte bihur daitezke, eta, kiroletako jardueretan, entrenamenduetan txertatzea zaila gertatzen denez gero, egun batzuetako bidaietako programan gainera daitezke.
  • Komunikatzeko gaitasuna: estrategien azalpena

    Gaitasun hori hobetze aldera, hezitzaileak taldea eta banakoa bereizirik hartu behar ditu aintzat, baina, aldi berean, batera edo “osotasunean” erantzun behar die, zeren taldea baitu “jardungune”.

    Banakoari dagokionez, hezitzaileak gazteari baliabideak eskaintzea da gaitasuna hobetzeko bidea. Horretarako, gaztearen gaitasuna eta erabilera-urratsa ebaluatu behar ditu, zeren erlazioa trabatu gabe –berez bezala– bete behar baitu egitekoa. Hezitzaileak gaztearekin erlazionatu ahala hornitu behar du hura tresna linguistikoez, baina betiere ezarian, oharkabean... jokatu behar du, elkarren arteko harremana kalte ez dadin. Gazteari nahiz hezitzaileari berari erabat akigarria, gogaikarria... gertatuko zaie behin eta berriz hizketaldia eteten aritzea, eta, gainera, jardun horretatik ez dute batere irabazirik aterako.

    Kontua horrela, hezitzaileak beti gogoan izan behar du, eskolaz kanpoko jardueren testuinguruan, gaztearen «euskarazko kapital linguistiko» handiena bere buruarekiko konfiantza dela; hots, hezitzailea eta taldekideak gorabehera, libreki eta oker edo zuzen, nahi duen huraxe nahi duenean eta mintzaideen arreta duela espresatzeko parada izatean datzala gakoa. Gaztea lasaitasunezko, patxadazko... giro horretan murgiltzen bada, berez hasiko da, jeneralean, galderak egiten, besteen moldeak bereganatzen (onak eta txarrak), bere makurrak (edo makur ustekoak) zuzentzeko eginahalean eta abar. Orduan, gaztea fase horretara heldutakoan, bete dezake hezitzaileak, nekerik gabe eta bestela bezala, dagokion erreferentziazko lana.

    Taldearen kasuan ere, prozesua berdina da. Taldeko erlazioa ona bada, hizkuntzaz kanpoko faktoreak ongi «graduatuak» badaude eta aparteko arazorik ez badago, taldean euskaraz aritzeko konfiantza lortzea izango da hezitzailearen lehentasunezko lana. Ildo horretan, erabilera-urratsa zenbat eta apalagoa eta interbentzio-eremuak zenbat eta urriagoak, hainbat eta denbora gehiago inbertitu beharko du fase horretan, zuzen-makurrak alde batera utzita. Horretaz aparte, eta ongi bistakoa denez, hizketarako tartea taldeko guztiek izan dezaten (batzuek bakarrik ez), taldean euskaraz aritzeko beldurrik inork izan ez dezan... eta antzeko alderdiak zaintzen aritu beharko du, jarduerako beste hainbat aspektutan egin beharko duen bezala.

    Azkenik, ekar dezagun gogora hezitzaileen hizkuntzazko profilei buruzko atalean azpimarratu dugun hau. Gazteak euskararen erabileran aitzina daitezen, hezitzaileak koherenteki, naturalki eta ohartuki baliatu behar du euskara haiekiko harremanean, hizkuntzen nahas-mahasak eta alferrikako «errietak» alde batera utzita. Hasieratik beretik eredu horren arabera jokatzen badu, aiseago lortuko du gazteek euskara mintzabidetzat hartzea eta mintzabide gisa baliatzen hastea, eta eredu horrek pisua handia izango du euskaraz aritzeko konfiantza hartu bitarteko fasean.


Interbentzio-eremuetan eragiteko estrategiak

Erabilerako urratsak eta faktoreak deituriko taulan agertzen den moduan, erabilera-urrats bakoitzean bi interbentzio-eremu lantzea proposatzen da:

  • Erabilera atseginaren urratsean, hezitzailearen eta gazteen arteko harremana eta gazteen eta jarduerako beste erreferenteen arteko harremana.
  • Erabilera zuzenduaren urratsean, gazteen eta jarduerako hezitzailearen eta beste erreferenteen arteko harremana eta taldekideen arteko harremana jardueraren espazio jakin batzuetan.
  • Berezko erabilerara hurbiltzeko urratsean, taldekideen arteko harremana jardueraren une edo denbora-bitarte jakin batzuetan eta taldekideen arteko harremana jarduera guztian.

Interbenitzeko eremu horietan aritzeko, ondoko elementu hauek jo dira estrategikotzat:

  • hezitzailearen taldeko kokapena.
  • produkzio elebakarra eta ulermen elebakarra.
  • erabilera arautuak eta erabilera hitzartuak.
  • Hezitzailearen taldeko kokapena

    Eskola-orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera sustatzeko proposamenetara heltzeko, nahitaezkoa da, halaber, hezitzaileak taldean zer leku hartzen duen aztertzea eta helburuak lortzeko bidean zer egiteko izan dezakeen ondorioztatzea.

    Begiraleek asko egin dezakete haurren artean euskararen erabilera sustatzeko proiektuan, hiru kokapen hauek izendatu zitzaizkion begiraleari: taldeko zentroa izan daiteke, partaide izan daiteke edo taldetik kanpo egon daiteke.

    Oraingo lan honetan, puntu horretara iritsita, orduko planteamendu hura hezitzaileen funtzioetara guztiz estrapolatzekoa dela kontsideratu da.

    • Hezitzailea taldeko zentroa izatea

      Hezitzailea taldeko zentroa izango da, baldin ekintza bat aurrera ateratzeko haren gidaritza ezinbestekoa bada. Jarduera baten barruan, anitz ekintza gauzatzen dira, eta batzuk hezitzaileak arautu eta zuzendu ohi ditu: horrela denean, hezitzailea taldeko zentroa dela esango dugu. Adibidez, kiroletako entrenamendu batean, teknika jakin bat lantzeko tenorea heltzen denean, entrenatzaileak hartzen du hitza eta hark agintzen du zer, nola eta noiz egin; gaztelekuko eskulanetako tailerrean ere, une jakin batzuetan, hezitzaileak hartzen du hitza eta hark ematen ditu argibideak, etc.

      Hezitzaileak, taldeko zentroa denean, eragin handia du gazteengan eta taldearengan. Erdian kokatua dagoenean, hizkuntza aldetik ere influentzia handia du, zeren harreman handia izan behar baitu gazteekin eta haientzat ezinbestekoa baita hezitzailearekin komunikatzea.

      Erdiko kokapen horretan, hezitzaileak dena hitz bihurtzen saiatu behar du, eta gazteekin etengabe sortu behar ditu hizketaldiak. Nahi dutena esateko aukera eman behar die gazteei, baina, gaitasunez iristen badira, ez nahi duten moduan esatekoa. Posible denean, egokitasuna zaintzen ahalegindu behar du, eta, egiteko horretan, baliabideak eman behar dizkie: errepikapenak, galde-erantzun bideratuak (zuzenak edo zeharkakoak)... baliatu behar ditu.

    • Hezitzailea taldeko partaide izatea

      Hezitzailea jarduerako ekintza batean gazteekin batera aritzen denean; hots, taldekide gertatzen denean; taldeko partaidea dela esango dugu. Jardueraren barruko ekintzetan, badira hezitzailea arautzen eta zuzentzen aritu ordez, parte hartzen aritzen den tarteak. Esate baterako, demagun entrenamendu batean partida bat antolatu dela eta entrenatzaileak gazteekin batera jokatu duela edo epaile jardun duela, gazteleku batean hezitzailea gazteekin batera aritu dela mahai-jolasen batean, eta abar.

      Hezitzaileak, taldeko partaidea denean, nahiko eragin handia izan dezake gazteengan eta taldearengan. Izan ere, zuzeneko erlazioa izango du, eta, oro har, egoera nahiko informaletan, gainera. Partaide den kasuetan, hizkuntza bideratzen saiatu behar du hizketaldiak sortuz, gidatuz, osatuz, etc. Hezitzailearen presentziak euskararen erabilera bermatzeko akuilu izan behar du, eta jarduera ez arautuetan gazteak apurka-apurka erabilera naturalera eramango dituen mekanismo automatikoaren indargarri.

    • Hezitzailea taldetik kanpo egotea

      Hezitzailea taldetik kanpo egongo da, baldin, gazteak gauzatzen ari diren ekintza batean, zentroan ez badago eta partaide ere ez bada. Adibidez, jo dezagun antzerkiko taldea esketx bat antzezten ari dela bere kasa eta hezitzaileak beste zerbaitetan diharduela, edota udalekuko gazte-taldea uretan murgildu dela txoroarena egitera eta hezitzailea kanpoan gelditu dela begira, besoak antxumatuta, etc.

      Hezitzaileak gutxi eragin dezake taldetik kanpo, ez baitago gazteekin harremanetan. Kasu horretan, hezitzaileak jakin behar du nekez eragingo duela erdaraz mintzatzen ari den gaztearengan, baina belarria erne izan behar du gazteak nola mintzatzen diren entzuteko. Egoera horretan, taldekideen euskararen erabilera neurtu behar du, eta taldeko zentro eta parte izan denean erabilera sustatzeko egindako ahaleginek ondoriorik izan ote duten ebaluatu behar du.

  • Hezitzailearen kokapenaren garrantzia

    Lehen azaldu bezala, behin taldearen hizkuntzazko ezaugarriak aztertuta, erabilera-urrats bat eta interbentzio-eremu bat erabakitzen dira. Interbentzioko eremuak determinatzen du non eragin, eta, eragitean, oso kontuan izan behar da hezitzaileak taldean zer leku duen.

    • Hezitzailearen eta gazteen arteko harremanean eragitea xede

      Hezitzailea zentroa edo partaidea denean eragin behar da, orduan baitago hezitzailea gazteekin harremanetan eta orduan lan baititzake helburuak. Beraz, hezitzailea jarduerako zentroa eta partaidea noiz den aztertu behar da, baldin, hurrengo puntuetan zehazten diren estrategiak baliatuz, hizkuntzazko helburuak lantzeko ahalegin egokia egin nahi bada. Hezitzailea zentroa edo partaidea gutxitan bada, sortu egin beharko dira horretarako egoerak. Alabaina, arretaz erreparatu beharko zaio, halaber, hezitzaileak gazteekin duen harremanari, zeren, gazteek ez badute hezitzailea taldean onartzen, ez diote partaide izaten utziko, eta taldeko zentroa denean bakarrik eragin ahalko du. Aldiz, baldin erreferentea bada, hizkuntzazko helburuetan eragin ahalko du egoera informaletan taldeko partaide izanez.

    • Gazteen arteko harremanean eragin xede

      Hezitzaileak hiru kokapenetatik eragin dezake: zentrotik, barrutik eta kanpotik. Erabilera-urratsetan aurrera egin ahala, gero eta garrantzi handiagoa izan behar du hezitzailea kanpoan dagoenean ere gazteak euskaraz aritzeak. Ildo horretan, aztertu egin behar da jarduerako hezitzailea noiz dagoen zentroan, barruan eta kanpoan, eta, taldeari dagokion erabilera-urratsaren arabera, kokapen bakoitzetik nola eragin erabaki behar da.

      Une jakin batzuetan, jardueraren intentsitatea indartzeko ere balia daiteke hezitzailearen kokapena; gero, intentsitate erdietsia hizkuntzazko helburuak lantzeko baliatzeko. Hau da, hizkuntzazko helburu berri bat lantzeko taldean desoreka bat sortu nahi bada, jardueraren intentsitatea alda daiteke saio batzuetan, hezitzailea taldeko zentroa den ekintza gehiago programatuz. Modu horretan, hezitzaileak askoz eragin handiagoa izango du jarduerako hizkuntzan, eta, helburuak lortuz doazen neurrian, lehengo erritmora itzul daiteke. Hezitzailea zentroa den ekintza-kopurua ugaltzea, beraz, oso tresna erabilgarria izan daiteke, baina betiere indarrak eta baliabideak ondo neurtzen badira. Izan ere, hezitzailea zentroa den jarduera asko luzaroan antolatzea oso nekagarria izan daiteke hezitzailearentzat eta gazteentzat.

  • Elebakartasuna

    Hezitzaileak euskara soilik –hizkuntza hori bakarrik– erabiltzeko hautua egin dezake, estrategia gisa. Hona hemen nola joka dezakeen:

    • Produkzio elebakarra

      Hezitzaileak beti euskaraz egingo du, eta gazteek erdaraz egiten diotenean ere euskaraz segituko du. Halaz guztiz, gaztelaniaz esaten diotena ulertu egingo du eta ulertu duenaren harira erantzungo du. Gazteak euskaraz nekez komunikatzen badira, berari euskaraz egin ahal izateko baliabideak eskainiko dizkie: galderetan erantzunak emanez, hitzen bat esan ezinik geratzen direnean aukerak eskainiz, etc.

      Gerta liteke, beraz, gazteek hezitzaileari erdaraz egitea eta hezitzaileak haiei euskaraz. Hezitzaileak ez die gazteei euskaraz hitz egiteko eskatuko, eta, hala ere, hezitzaileak hautatutako hizkuntza bakar horretan espresatzen segitzen badu, gazteek berari euskaraz egitea lortuko du. Salto hori, gainera, errazago lortuko du gazteekiko harremanean erreferentea baldin bada.

    • Ulermen elebakarra

      Kasu horretan, ulermenean ere elebakar moduan jokatuko du hezitzaileak. Hau da, beti euskaraz hitz egingo du, eta, horrez gainera, gazteek zerbait erdaraz esaten diotenean, ez duela ulertu adieraziko die eta euskaraz adieraztera behartuko ditu.

      Estrategia hori, oso eragingarria den arren, nekezago balia daiteke. Batetik, hezitzaileak une oro erne egon behar du koherentziaz jokatzeko eta erdaraz ezer ez onartzeko, eta, bestetik, gazteek jokaera hori onartzea zaila izan daiteke, baldin hezitzaileak beren erdara ulertzen duela badakite. Beraz, oso ondo neurtu behar da estrategia hori zein taldetan eta nola erabili, eta hezitzaileak gazteentzat erreferentea izan behar du gutxienez, jokabide hori ondo onartzeko. Erabilera zuzenduaren urratsetik aurrera erabil daitekeen estrategia moduan proposatzen da proiektu honetan, ordurako gazteak gai izango baitira euskaraz zailtasun handiegirik gabe komunikatzeko.

      Ildo horretan, baldin gertatuko balitz hezitzailearen eta gazteen arteko hizkuntza komun bakarra euskara izatea, estrategia hori egoera guztiz naturala litzateke. Adibidez, jo dezagun Iparraldeko hezitzaile bat hartu dutela Hegoaldeko gazteleku bateko tailer bat zuzentzeko, eta ez gaztelaniaz, ez ingelesez dakiela. Ziur aski, euskara izango litzateke hizkuntza komun bakarra, eta gazteek berez egingo lukete euskaraz komunikatzeko ahalegina. Alabaina, nekez gerta daiteke horrelakorik euskararen eremuan, eta gazteek ohartuki dakite hezitzaileak eta berek badutela, nahi izatera, elkar aise aditzeko hizkuntza komuna. Eta, hain zuzen ere, horregatik da hain ardurakoa hezitzaileak euskara arrazoiz baliatzea, negoziatuz planteatzea eta abar.

  • Erabilera arautuak eta erabilera hitzartuak

    Eskola-orduz kanpoko jardueretan, arautu edo hitzartu egin daiteke euskararen erabilera, edota sistema biak balia daitezke. Hau da, jardueran bertan araututako gai bat izan daiteke euskara erabiltzea, edota hitzartua ere izan daiteke, posible baita gazteekin negoziatzea jardueran euskara noiz eta non erabili, eta, jakina, bi alderdiak hartzen dituena ere izan daiteke.

    • Erabilera arautua

      Eskola-orduz kanpoko jarduerak antolatzen dituzten erakundeek jardueren hainbat arlo arautzen dituzte: ordutegiak, azpiegituren erabilera eta abar. Arautzen hasita, noski, euskararen erabilera ere arau dezakete. Euskararen erabilera arautzeko, adibidez, aktibitatearen hainbat espaziotako edo jardungunetako hizkuntza-erabilera arau dezakete, errealitatea eta baliabideak aintzat hartuta.

      Euskararen erabilera aginduzkoa denean, nahitaezkoa izango da arautua betetzea; hots, euskara aktibitatearen espazio jakin batzuetan erabiltzea arautu bada, nahitaezkoa izango da horrela gauzatzea. Alabaina, arauak exijentziak ere berezko ditu, eta gerta liteke arau-hausleen kontrako neurriak hartu beharra egokitzea. Hortaz, bada, arauak jartzean erakundeek arrazoituta erabaki behar dute arauak nola betearaziko dituzten.

      Erakundea nahitaezko maila bat erabakitzeko prest baldin badago –eta betearazteko neurriak hartzeko prest baldin badago–, araubidea oso tresna aproposa da erabilera sustatzeko. Nolanahi ere, komeni da gazteek jakitea, jardueran izena eman aurretik, nahitaezko maila zein den, zeren, neurriak hartu behar izatera, jakitun jartze horrek babestuko baititu erakundea eta hezitzailea.

      Hauexek izan daitezke erabilera arautua bideratzeko adibide batzuk:

      • Aktibitatearen hainbat espaziotan erabili behar da euskara. Erakundeak aktibitatearen hainbat espaziotako mintzabidea euskara izatea nahi du eta horrela eskatzen die gazteei. Kasu horretan, kiroletako ekintza batean, adibidez, aldagelan, gimnasioan edo araututako espazioan euskaraz egiten ez duten gazteek partidak jokatzeko lehentasunik ez izatea izan daiteke har dezakeen neurrietako bat, edota, okerrenean, jarduera bertan behera uztea.
      • Gazteek jarduerako hezitzaileekin eta beste erreferenteekin behintzat euskaraz hitz egin behar dute. Kasu horretan, hezitzaileek eta beste erreferenteek elebakar moduan jokatu behar dute, eta, arau horri eman nahi zaion garrantziaren arabera, produkzio elebakarra bakarrik edo produkzio eta ulermen elebakarrak baliatu behar dituzte.
    • Erabilera hitzartua

      Esan bezala, jardueretako euskararen erabilera izan daiteke arautua, baina baita gazteekin hitzartua ere, eta posible da, halaber, bi moduak konbinatzea.

      Gazteen arteko erabilera sustatu nahi bada, haiek ados egotea da egokiena, ezen, jardueran euskara erabiltzea arauzkoa bada, jardueran bertan euskaraz egingo dute ziur aski, baina gainerakoan erdaraz egiten jarraitzea oso normala izango da. Aitzitik, erabilera hitzartzen bada, emaitzak askoz positiboagoak izan daitezke. Erabilera hitzartzeko, gazteek helburuen berri izan behar dute, eta helburuen arrazoien berri ere bai. Helburuekin bat egitea lortzen baldin bada, edo errespetatzea gutxienez, irabaziak askoz sendoagoak izango dira. Era horretan, gazteek euskara erabiltzea lortuko da, eta, gainera, ohartuki baliatuko dute; zertan ari diren jakinda.

      Erabilera adostura iristeko, noraezekoa da hezitzailea gazte-taldeak onartua izatea, eta, lortu nahi den helburuaren zailtasunaren arabera, erreferente izatea ere beharrezko izan daiteke. Faktore horiek behar bezala «graduatu» ezean, zail gertatuko da gazteek helburua onartzea eta hezitzaileari jomugara heltzen laguntzen uztea.

      Hezitzaileak edozein erabilera-urratsetan eman diezaieke gazteei hizkuntzazko helburuen berri, eta interesgarria da haiek helburuekin bat egitea. Dena dela, erabilera zuzenduaren urratsetik aurrera baliatu behar da erabilera hitzartua, bereziki; hots, taldekideen harremanetan euskararen erabilera sustatu nahi denean eta espazioa eta denbora interbentzio-eremuetan agertzen direnean. Gazteen eta hezitzaileen arteko harremana erabilera arautuaren parte izatea komeni da, eta, gazteek helburu horren berri izatea ona den arren, erakundeak finkatutako araua izatea proposatzen da.

      Hauexek izan daitezke erabilera hitzartua bideratzeko adibide batzuk:

      • Begiralea taldeko zentroa den tarte guztietan, gazteek beti euskaraz hitz egitea. Helburu hori gazteekin adostea egokia da, eta, gainera, hezitzailearentzat erraza da jarraipena egitea eta gazteei helburu hori hitzartu dutela gogoraraztea. Erabilera zuzenduaren urratsean erabiltzeko moduko estrategia da.
      • Jarduera osoan euskaraz egitea; jardueraren iraupen osoan eta espazio guztietan euskaraz mintzatzea. Helburu hori adostea ere egokia da, baina ezin da edozein talderekin adostu, ezen gazte askorentzat oso zaila da hori betetzea eta ez da egokia ezin lortuzko helburua jartzea. Azken batean, lorpenak azpimarratzea garrantzitsua da, baita lortzen ez dutena gogoraraztea ere, baina, ezin lortuzko jomuga batekin gora eta behera ibiltzea oso nekagarria izaten denez gero, etsi egin dezakete gazteek eta hezitzaileak. Berezko erabilerara hurbiltzeko urratseko taldeekin erabiltzeko moduko estrategia da.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


Ebaluazioak

Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko plangintza bat abian jarri bada, nola berekin izango baititu helburu eta estrategia jakinak, ezinbestekoa da aldian-aldian ebaluazioak egitea, bai helburuetan zer lortu den jakiteko, bai estrategiak ongi planteatu diren aztertzeko.

Ebaluazioak ondo egin ahal izateko, prozesua abiarazi aurretik erabaki behar da zer, noiz eta nola ebaluatuko den; bestela esan, ebaluazioak planifikazioaren parte izan behar du.

Ebaluazioak ondo egiten ez badira, oso zaila izango da zer lortu den jakitea eta segidako helburu-estrategiak finkatzea. Helburuak lortzeko ahalegina egin bada eta estrategiak aplikatu badira, merezi du horren guztiaren benetako ondorioak zein diren ikustea, eta horretarako ebaluazioak egin behar dira.

Ebaluazioak egin ahal izateko, zehatz definitu behar dira helburuak: ondo definitutako helburuak berak determinatzen du ebaluazioa nola egin. Proiektu honetako prozesua betez gero, posible da, talde bakoitzaren errealitatera egokituz, helburuak eta estrategiak ondo zehaztea eta nola ebaluatu jakitea.

Ondoko paragrafoetan, ebaluazioetan hainbat puntu kontuan hartzea proposatzen da. Ebaluazioetan, dena dela, ez dira puntu horiek guztiak jaso beharko, baizik eta, jarritako helburuen arabera, batzuk edo besteak aztertu beharko dira.

  • Zer eta nork ebaluatu
    • Gazteek ebaluatu beharrekoa
      • Hizkuntzazko helburuekiko izan duten jarrera.
      • Nola sentitu diren prozesuan aplikatu diren estrategiekin.
      • Hezitzailearekin nolako harremana duten (onartzen duten, erreferente moduan ikusten duten...).
      • Euskararen erabileran aurrerako urratsak gertatu diren.
      • Hezitzaileak taldearekiko agertu duen inplikazioa nolakoa izan den.
      • ...
    • Hezitzaileak ebaluatu beharrekoa
      • Gazteen helburuekiko jarrera nolakoa izan den.
      • Gazteen komunikatzeko gaitasuna hobetu den.
      • Euskararen erabileran aurrerako urratsak gertatu diren.
      • Hezitzaileari jarduera aurrera eramateko metodoa egokia iruditu zaion.
      • Hezitzailearen eta erakundearen arteko koordinazioa egokia izan den, hizkuntzazko helburuei dagokienez.
      • Helburuak ondo zehaztu diren eta jarraipena ondo egin den.
      • Helburuak lortzeko baliabideak aski izan diren.
      • Hizkuntzazko diagnosia, erabilera-urratsetan kokatzea eta erabileran eragiten duten faktoreen diagnosia ondo egin ziren.
      • Estrategiak ongi aplikatu diren.
      • Estrategiak egokiak diren.
      • ...
    • Erakundeak ebaluatu beharrekoa:
      • Hezitzaileak taldearekiko agertu duen inplikazio-maila zenbatekoa izan den.
      • Helburuen definizioa eta jarraipena egokiak izan diren.
      • Helburuak lortzeko baliabideak aski izan diren.
      • Proiektua aurrera eramateko prozedurak barneratuak dauden.
      • Hezitzailearen eta gazteen arteko harremana nolakoa den (onartzen duten, erreferentea den...).
      • Hezitzailearen hizkuntza-gaitasuna nahikoa den, proiektua aurrera eraman ahal izateko.
      • Hezitzailearen hizkuntzazko gaitasuna gazteena baino hobea den.
      • Hizkuntzazko diagnosia, erabilera-urratsetan kokatzea eta erabileran eragiten duten faktoreen diagnosia ondo egin ziren.
      • Estrategiak ongi aplikatu diren.
      • Estrategiak egokiak diren.
      • ...
  • Noiz eta nola ebaluatu

    Ebaluatzen denaren arabera, maiz edo tarteka egin beharko dira ebaluazioak. Kasu batzuetan, hezitzaileak berak egin beharko ditu; bestetzuetan, gazteekin batera egin beharko dira; eta, hainbatetan, erakunde antolatzaileak ere hartu beharko du parte.

    • Tarteka egiteko ebaluazioak

      Ikasturtearen hasieran edo jardueraren hasieran zehazten diren erabilera-urratsak eta interbentzio-eremuak ebaluatu behar dira tartean behin. Ikasturte osoko jarduera batean, zehaztu prozesua bizkorra izango dela espero bada, hilero ebalua daiteke. Alabaina, prozesuak jeneralean aitaren batekoak izango ez direnez gero eta egoki ebaluatzeak denbora jaten duenez gero, nahikoa izango da hiru hilabetez behin egitea.

      Ebaluazioetan, interbentzio-eremuak ondo aukeratu diren, estrategiak egokiak diren eta aurrerapausorik ikusten den baloratu behar da, eta, jakina, aldaketarik planteatu behar den ondorioztatu. Ebaluazioak hezitzaileak egin behar ditu, baina gazteek ere parte har dezakete, batez ere berezko erabilerara hurbiltzeko urratsean dabiltzanak badira eta epe luzeko helburuak hitzartuak badituzte. Erakundeak ebaluazioen berri izan behar du, eta jardueraren amaian ebaluazio propioa egin behar du.

    • Maiz egiteko ebaluazioak

      Interbentzioko eremuak eta estrategiak tartean behin ebaluatuko diren arren, beste zenbait gai maiz ebaluatzea komeni da:

      • Helburua erabileran eragiten duen faktoreren bat orekatzea denean. Ez dira oso epe luzeko helburuak izaten, baina bai interbentzio-eremuan behar bezala eragin ahal izateko lortu beharrekoak. Hezitzaileak egin beharko du ebaluazio hori, helburuak eskatzen dion maiztasunaren arabera: egunero udalekuen kasuan, astero edo hilero ikasturte osoko jardueren kasuan...
      • Erabilera zuzenduaren urratsetik aurrera, hau da, interbentzio-eremuan espazioa eta denbora agertzen direnean, ebaluazioak maiz egitea komeni da. Hasiera batean behintzat, aldaketa nahiko handia denez gero, ahalegin handia eskatuko baitie gazteei. Horregatik, hezitzaileak maiz ebaluatu beharko ditu lorpenak, zailtasunak eta abarrak. Gainera, adostutako erabilera baldin bada, ebaluazioak gazteekin egin beharko dira, eta horrelakoak gutxienez astero egitea komeni da.


Estrategiak erabiltzeko tresnak eta hainbat adibide

Hezitzaileek asko egin dezakete proiektua bi dokumentutan bildu dugu. Lehenengo honetan, eskola-orduz kanpoko jardueretan gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko hainbat oinarri aurkezten dira eta zenbait estrategia proposatzen.

Dokumentuan barrena, eskola-orduz kanpoko jardueren errealitatearen azterketa bat egin da, taldeetan hizkuntzako diagnosia egiteko moduak proposatu dira, erabileran eragiten duten zenbait faktoreren garrantzia azpimarratu da eta euskararen erabilera sustatzeko balia daitezkeen hainbat estrategia proposatu dira.

Oinarri eta ideia nagusi guztiak dokumentu honetan agertzen diren arren, bigarrenerako utzi dira estrategiei buruzko adibideak. Praktikoagoa ikusi da adibideen bilduma beste txosten batean jasotzea. Bi dokumentuak uztarri berekoak dira, eta bigarrenean proposatzen dena ezin da behar bezala ulertu lehenengoko oinarriak aztertu gabe, eta, alderantziz, aski zaila da lehenengokoan agertzen diren oinarriak praktikan jartzea bigarrenean proposatzen diren tresnak eta adibideak aztertu gabe.

Bestalde, Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuko bi dokumentuetako edukia abiapuntu bat da. Gazteen artean eskola-orduz kanpoko jardueretan eragiteko gutxieneko metodo edo sistema bat eraiki nahi izan dugu. Abiatzeko bide sendo samarra izatea nahiko genuke. Horrela gertatzen bada, berak eskatuko digu segida guztioi.

Bibliografia

  • Alberdi, A. (1996): Eskola Gramatika, Elkar, Donostia.
  • Amonarriz, K., Arruti, I., Osa, E. Ahozkotasuna eremu ez-kurrikularrean. www.erabili.com
  • Amonarriz, K., Egańa, A., Gartzia, J. (2004): Euskararen kalitatea: zertaz ari garen, zergatik eta zertarako. Euskararen Aholku Batzordea, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
  • Arratibel, N., Azurmendi, M.J., Garcia, I. (2001): Menpeko Hizkuntzaren Bizi-Kemena, UEU, Bilbo.
  • Azpiroz, A. Nerabeek erdararen makulua erabil ez dezaten. www.erabili.com
  • Egizabal, D. (2004): Koadriletan euskararen erabilera suspertzeko egitasmoaren emaitzak, Euskadiko Kutxa.
  • Egizabal, D. Kuadrillategi: Lagunarteko harremana euskalduntzen. www.erabili.com
  • Erramun, O. (2005): Euskararen erabilera areagotzeko, ikastetxeen eta udalen arteko lankidetzaz, BAT soziolinguistika aldizkaria, 54. zenbakia.
  • Garate, G. Zergatik egiten dute erdaraz euskal gazteek. www.erabili.com
  • Gorostidi, J.L. (1991): Euskaraz Bizi, Euskal Herriko Ikastolan Elkartea, Donostia.
  • Gutiérrez, F.J. (2004): Euskadiko gazteak 2004, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz.
  • Hainbaten artean (1997): Gipuzkoako Gazteei Buruzko Txostena 1996, Gazteria eta Kirol Departamentua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia.
  • Hainbaten artean (2001): Adingabe eta gazteekin kale heziketan esku hartzeko plangintza eta haren garapena, Gipuzkoako heziketa konpentsatorioko eta prestakuntza okupazionaleko kontsortzioa, Donostia.
  • Hainbaten artean (2002): IX. Jardunaldi pedagogikoak. Euskararen erabilera, Ikastolen Elkartea, Nafarroa.
  • Hainbaten artean (2003): X. Jardunaldi pedagogikoak. Ahozkotasuna ikasgelan, Ikastolen Elkartea, Donostia.
  • Hainbaten artean (2004): XI. Jardunaldi pedagogikoak. Ahozkotasuna: testuingurua eta esperientziak, Ikastolen Elkartea, Donostia.
  • Hainbaten artean (2005): XII. Jardunaldi pedagogikoak. Murgiltze ereduen ekarpena europar hiritartasunaren eraikuntzan, Ikastolen Elkartea, Donostia.
  • Intxausti, J. (1998): Euskararen aldeko motibazioak, EHU, Bilbo.
  • Iraola, J.M. (1994): Euskara eta gazteak Lasarte-Orian (I), Lasarte-Oriako Udala.
  • Jauregi, P. (1998): Berezko Taldeak Euskalduntzeko Ikas Estrategia, EHUko Argitalpen Zerbitzua, Bilbo.
  • Jauregi, P. (2003): Euskara eta gazteak Lasarte-Orian (II), Lasarte-Oriako Udala, Donostia.
  • Joly, L. Errepresentazioen garrantzia Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren azterketan. www.erabili.com
  • Lizardi, I ... et al. (1999): Euskal girotze barnetegiak, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz.
  • Martinez de Luna, I., Berrio-Otxoa, K. (2001): Etorkizuna aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara, EHU-EKE-NUP, Bilbo.
  • Martinez, Z., Hernandez, J.M., Berri-Otxoa, K. (2000): Haur eta nerabeen aisialdi antolatua Gipuzkoan, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia.
  • Palacios, J., Marchese A., Collen, C. (1999): Garapen psikologikoa eta hezkuntza-I, EHU, Bilbo.
  • Perales, J. (2001): Euskara-ikasle helduen ikas-prozesua: ikaslearen baitako zenbait aldagairen eta arrakastaren arteko erlazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua, Bilbo.
  • Sánchez, C. (1991): Un futuro para nuestro pasado, Elkar, Lizarra.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus