Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskal Inauteriak

Euskal Inauteriak

2006-02-20 / 07:00 / Nerea Arregi Urriolabeitia   KULTURA

"Durante el Carnaval es imposible hacer en el País Vasco otra cosa que bailar" Conde de Guiche (1.671).

Inauteria hartu dugu gaitzat oraingo honetan. Zenbat eta zenbat urtetako ikerlanak ote dauden lotan liburutegietako apaletan! Zenbat eta zenbat ohitura, euskaldunok ezagutzen ez ditugunak!

Inauteria ez da soilik euskaldunon ondarea, hori ez, baina badu hemengo Inauteriak bere-berea duen nortasuna. Ez ote dugu kanpokoa etxekoa baino hobeto ezagutzen? Ekin diezaiogun, bada, geurea aztertzeari.

Ondoan doazkizun orriek festa misteriotsu eta ikusgarri hau apur bat hobeto ezagutzeko idatzi ditugu. Ez dute Inauteriei buruzko lan sakona izan nahi, lehendabiziko hurbilketa baino.

Atorrak, Miel Otxin, Ziripot, Zanpantzar... Nortzuk dira? Zer ohitura dago bere inguruan? Zer konta diezaiekegu geure ikasle edo haurrei Euskal Inauteriaz? Ea ondoko orriok lagungarri gertatzen zaizkizun pertsonaia hauek ezagutzera emateko!

Izen aunitz

Iñauteri, Inauteri, Aratuzte... izan da deitua Inauteria. Zanpantzart ere esan izan zaio.

Inauteriek abendutik martxoa arte egiten diren festa ugari hartzen dituzte. Hausterre egunean (Miercoles de Ceniza) izaten dute amaiera.

Inauterien esanahiaz jabetzea zaila egiten bazaigu ere, badira zenbait elementu, bere-bereak dituenak, aipatzekoak direnak: jana eta edana ugari, monigoteak, mozorroak, maskarak, musika eta, nola ez, dantza.

Inauteriei lotuta, egutegia aipatu beharra dago. Garai bateko gizonak ilargia hartzen zuen oinarritzat bere egutegia eratzeko. Egutegi horren arabera, udaberrian izaten zen urtearen hasiera, eta ez orain bezala, urtarrilean. Egutegia aldatzeak ohiturak dataz aldatzea ekarri zuen, inola ere ez ohitura galtzea.

Hiru aldi, hiru esanahi

Inauteriek ez dute esanahi edo zentzu bera eduki historian zehar. Hiru momentu desberdinetan beste horrenbeste izan dira esanahiak:

Lehenengo une batean, denboran oso urrun, urtearen hasiera ospatzen zuen gizakiak festa honetan. Gaur egun udaberria den garaian ospatzen zen eta, esan bezala, urte zaharra amaitu eta berria hastea zen festaren funtsa. Olentzero, Miel Otxin, Zanpantzar... erretzen diren pertsonaia horiek guztiak gauza bera dira: amaitu den urte zaharra. Urte zahar honen kutsadura kendu egin behar da, erre, garbitu.

Une honetan gizakiak ez du Natura ulertzen, ez du berak mugitzen, gizakiaren gainetik dauden indarrek mugiarazten dute. Garai hartako gizakiak bat egiten du Naturako indarrekin jai hauetan. Nolabait, badago esaterik jai erlijiosoa dela, garai hartako erlijioa eta erritoak baitira.

Bigarren aldia Erdi Aroan kokatu behar dugu. Gizakiak ez du bere burua Naturako indarren mende ikusten, Elizaren indarren mende baino. Inauteriaren lehendabiziko esanahia galdua du gizakiak.

Garai hartan, Elizak Pazkoari eman nahi izan zion garrantzia; zehatzago esatearren, Kristoren Pizkundeari. Horregatik da Pazko eguna udaberrian, antzinako egutegian garai hortantxe baitzegoen urtearen muga.. Elizak bere arauetara moldatu zuen festa, eta Garizuma aurrera pasatu zuen Inauteria, eta jaien amaiera Hausterre egunean jarri zuen. Hori dela eta, gaur egun Inauteriak ez dira urte hasieran ospatzen, ez eguzkiaren ezta ilargiaren egutegian ere, bi egutegien tarteko garai batean baizik.

Elizak lege gogorrak jarri zituen, eta, nolabait, Inauteriaren kontrako zerbait bihurtu zen.. Elizak festaren kontra egin zuenez, Eliza bera satirizatu zuen Inauteriak une hartan.

Gaur egun ere baditu gizakiak hamaika errepresioa: izena, ofizioa, lagunak, harremanak... Gizarteak mugatuta dugu geure burua, ez gara eguneroko bizitzan benetan garen modukoak agertzen.

Inauterietan, maskara edo karatula jartzerakoan, urtean zehar jantzi ditugun karatula guztiak eranzten ditugu. Hauxe litzateke gaur egun Inauteriek duten esanahia: liberazioa.

Iturria: Jose Maria Satrustegi

Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.
Atorrak

Mundakan, Igande Inauterian, gizon eta mutil talde handi bat kaleratzen da, musika jo eta abesten.

Zuri-zuri jantzita joaten dira guztiak, musika bandaren zuzendaria izan ezik; frak beltza eta kolore bereko kapela eramaten ditu soinean. Musikariek burko-azala janzten dute buruan, batzuetan aurpegia bistan utzita eta beste batzuetan aurpegia estalita; burko-azalean farfailek eratzen duten zirrikituetatik begiratzen dute aurpegia estalirik daramatenean. Aurpegia bistan daramatenek bibote eta papilote handiak pintatzen dituzte beren aurpegietan.

Antzina, kirruz egiten zituzten soineko zuriak, gaur egun, berriz, edozein oihal zurik balio du. Soinekoa aipatu arren, gona daramate soinean; eta ez bakarra, bi baizik. Bata ohi bezala jarrita, eta, bestea, burutik sartuta, atorra balitz legez. Horrexegatik esaten diete atorrak.

Herriko kaleetan ibili ondoren, kantatu eta kantatu, portura abiatzen dira zuzendariaren gidaritzapean. Portuan, petril gainera igo eta banan-banan ilaran jartzen dira guztiak. Han egiten dute ekitaldirik ederrena. Urtean-urtean kantu berri bat asmatzen dute egun honetarako, eta, kantatzeko orduan, kantu berri honetaz gainera aurreko urteetako abestiak ere izaten dituzte kantatzeko gai. Abesti zahar gehienen letra bitxia da; gehienetan letrak ulertezinak dira. Hona hemen zatitxo bat, adibide gisa:

"Moja budi tajua
Artatxorio lakua
Samurri rhudiantar
O cualquier txori zantar".

Egun honetan, Mundakan, beste herri batzuetan bezala, tostadak jateko ohitura dago. Antzina, atorrak balkoietatik sukaldeetara sartu eta etxeko andreak prestatutako tostadak lapurtzeko ohitura zegoen.

Azken urteotan ohitura berria sortu da Mundakan: lamiena. Lamia jantzita kaleratzen da neska koadrila bat egun berean. Gutxika-gutxika ohiturak aldatuz doaz, eta emakumeek izan dute azken urteotan beren lekua Inauterietan.

Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.
Marquitos

Zalduondoko (Araba) Inauterietako pertsonaia dugu berau. Traje beltzez jantzitako “panpina” da, gorbata darama eta lorea botoi-zuloan. Arrautza-oskolez egindako idunekoa darama. Pertsonaia berezi eta misteriotsua da.

Igande Inauteri goizean, goizeko hamaikak eta erdietan agertzen da herriko kale nagusian, asto baten gainean. Herriko mutil edo gizon bat joaten da asto gainean, Marquitosen atzean, berari eutsiz, jausi ez dadin. Astoa gidatzen dute aurrez prestatutako tokiraino, jauregi baten aurreraino, eta, han, Marquitos astotik jaitsi eta sei metroko luzerako makila baten puntan jartzen dute. Makila zutik jartzen da, lurrean sartuta, eta han goian geratzen da Marquitos hainbat orduz.

Arratsaldean prozesio zaratatsua abiatzen da Marquitos dagoen tokiraino, Predikadorea izenekoa da buru. Talde horretan Kale-garbitzailea eta errauts-zabaltzailea doaz lehenbizi, biak bata beltzak jantzita. Hurrengo musikariak, eta, hauen ondoren, behor batek tiratutako gurdia, Predikadorea barruan dela. Ondoren Atsoa eta Agurea . Marquitosen aita eta ama omen dira, eta pertsona bakar batek egiten du biena: bata bestearen gainean jarrita. Hartza eta ardia datoz hurrengo, eta Porreroak azken. Porrero hauek beren buruak lurrera botatzen eta pertikak erabiliz teilatuetatik zintzilikatutako kandela izoztuak apurtzen dituzte. Zaku-telaz jantzita egoten dira, beren buruak lurrera botatzen eta pertikak erabiliz teilatuetatik zintzilikatutako kandela izoztuak apurtzen dituzte. Zaku-oihalez jantzita egoten dira, barruan belar sikua edo beste zerbait sartuta, janzkera harrotzearren.

Marquitos jaitsi eta gurdian jartzen dute. Predikadoreak ez dio une batez ere jaregiten. Frontoira heltzen direnean epaia irakurtzen dio Predikadoreak Marquitosi: hil egin behar du. Jendeak txalo egiten du. Panpina lurrean jarri eta su ematen diote. Taldeko guztiek egiten dute dantza haren inguruan.

Antzina, Astearte Inauterian izaten zen Marquitosen hilketa.

Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.
Kotilungorriak

Lau egunetan ospatzen dituzte Uztaritzen Inauteriak. Lehenengo hiruretan eskaerak egiten dira. Pertsonaia batzuk, beti berdinak, joaten dira etxez etxe dantza egin eta etxekoek emandakoa jasotzen. Hiru egun hauek Igande Inauteria orduko Igandea, Igande Inauteria bera eta egun honen bezpera izaten dira.

Astearte Inautean, Zanpantzar paseatzen dute, eta ondoren, erre..

Aipatutako lehen hiru egunotan dantzariak desfilean joaten dira batetik bestera.

Desfile honetan Kaskarot, Ponpiera eta Kotilungorrek hartzen dute parte. Kaskarotak dira izatez dantzariak. Alkandora eta praka zuriak dituzte, txapel brodatua, gerriko zabal morea eta fraken bi alboetan koloreetako zintak josita, irudiak eginez. Eskuetan bina makilatxo. Mutilak izaten dira, hamarren bat. Talde hau joaten da lehen martxan, musikariak dituztela atzean.

Ondoren Ponpiera eta Kotilungarriak doaz. Ponpiera antzinako bufoien antzera dago jantzita, aurpegian karatula gorria darama, eta eskuetan sorgin-artaziak.

Kotilungorriak dira guztien artean ikusgarrienak, bi izaten dira. Gona gorria dute soinean, praka zurien gainetik, artilezko jaka zuria eta koloreetako amantala, zeinaren poltsikoan errautsa daramaten, airera eta jendeari botatzeko; eskuan, ostera, makila daramate, bertatik zintzilik behi-buztana; buruan kapela luze piramidala eta gerrian zintzarri ugari eskegita; aurpegia ehun gorrizko maskara batez estalia, aho eta begiak bistan dituztela. Pertsonaia hauek umeak izutzen ibiltzen dira. Honez gain, etxekoek emandako eskudirua batzen dute.

Sei edo zazpi orduz etxez etxe ibili ondoren, guztiak batera abiatzen dira txokoren batera, jatera.

Antzina, herri hauetan, bi talde kaleratzen ziren. Batzuek,arropa zahar eta zarpailez jantzita, barre eragiteko dantzak egiten zituzten. Algaraka, garrasika edo abesten ibiltzen ziren. "Zirtzilak" zuten izena. Besteak itxura garbi eta dotoreko jantziz mozorrotzen ziren. Talde honetakoak ziren Kotilungorriak eta Ponpiera, beste batzuen artean. Jaun, Anderea eta Hartza ere izaten ziren talde honetan.

Astearte Inautean Zanpantzar (Saint Pansart) agertzen da, gurdi gainean, Uztaritzeko kaleetan zehar. Lastoz betetako panpina handia da, herrian zehar ibili ondoren epaitua, kondenatua, fusilatua eta errea izaten dena.

Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.
Zamaltzain

Zuberoako Maskarada -hala da deitua- urtearen hasieratik Astearte Inaute arte ospatzen da. Ez du data zehatzik izaten. Maskaradetan dantza izaten da elementu nagusia.

Dantzariek hainbat egun eta agertokitan egiten dituzte beren ekitaldiak, eta dantzarien herrian bertan Astearte Inauterian egiten den "antzezpena" izan ohi da maskaradetako azkena.

Maskaradako pertsonaiak bi taldetan daude banatuta: gorriak eta beltzak. Lehenengoak, gorriak, garbi eta dotore jantzita daude, eta, jakina, gorria nagusitzen da haien arropetan. Talde horretakoak dira Txerrero, Artzaina, Gatuzain, Kantiniersa, Zamaltzain, Zikiratzaileak, Ferratzaileak, Kukulleroak, Jaun eta Anderea, Laboraria eta Etxekoanderea.

Gorrien ondoren musikariak doaz, eta, hurrengo, maskarada beltza. Talde honetakoak dira Ijitoak, Berzkinak, Zorrotzaileak, Eskaleak...

Antzezpena hasteko, herrira heltzean, barrikadak aurkitu eta gainditu behar dituzte gure pertsonaiok, gorriek dantzatzen, eta, beltzek, berriz, batere ordenarik gabe. Herriko kaleetan zehar ibili ohi dira guztiak, desfilean, pertsonarik garrantzitsu edo ospetsuenak bisitatuz. Bitartean, beltzak Zamaltzain izorratzen ari dira; Zikiratzaileek ere harrapatu nahi dute Zamaltzain, baina ez dute lortzen.

Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.
Erraldoitxoak

Nafarroa Beherean Inauteriek Maiatzaren amaiera arte irauten dute, eta ez dira herri bakar batetan ospatzen, gehiagotan baino.

Inauteri hauetan egiten den desfileari Kabalkada esaten zaio. Kabalkadetan parte hartzen dutenen artean Bolantak dira ezagunenak eta ikusgarrienak. Dantzariei deitzen zaie honela, lepotik zetazko koloreetako zintak zintzilikatuta daramatzaten dantzariei, alegia.

Kabalkadan parte hartzen duen pertsonaia gehiago ere badago. Zaldikoak joaten dira lehenen: bizpahiru mutil izaten dira, izenak adierazten duen moduan, zaldi gainean joaten direnak; Zapurrak hurrengo, bizar beltz eta betaurreko beltzak dituztela. Bat, bi edo hiru Makilari doaz ondoren, muturrean bola bat duen makila luzea daramate eskuan; Erraldoitxoak bi izaten dira, emakume argal, luze eta fin bi errepresentatzen duten panpinak dira eta dantzari bik eramaten dituzte sorbalda gainean. Gorriak dantzarietariko bi izaten dira; apur bat desberdin jantzita, besteen nagusi edo gidari dira. Ondoren, Banderariak doaz, bat edo bi, eskuan banderak dituztela. Basandereak doaz hurrengo, eta, azkenez, Bolantak. Bi ilaratan joaten dira dantzari hauek dantza, salto eta oihu egiten.

Dantza dugu Kabalkadan elementu nagusia. Hogeita hiru omen dira Kabalkadetan egiten diren dantzak, eta hamazortziren bat, pausuak.

Antzina, beste Kabalkada batek jarraitzen zion hemen azaldutakoari. Bigarren hau jende zarpail, zikin, eskale eta emagalduz osatua zen. Zirtzikak ziren talde honetakoak; aurrekoen plantak egiten eta hauek irrigarri uzten joaten ziren.

Enparantzara heldutakoan dantza nagusiak hasi ohi dira. Gorriak dira dantzan egiten dutenak. Branlia eta Gobalet-dantza (baso ardoaren gainera salto egiten dena) egiten dituzte.

Dantzaren ondoren datoz "funtzioak" izenekoak. Zati honetan, pertsonaia bakoitzak bere lanbide edo ofizioa antzezten du: Ferratzaileek Zamaltzain eta Txerrero ferratzen dituzte, gogoz kontra; Zikiratzaileek Zamaltzain harrapatu eta irendu egiten dute; Zorroztaileek Jaunaren ezpata zorroztu ohi dute behin eta berriro, Jauna gustura gelditu arte; ijitoek istorio luze eta entretenigarriak kontatzen dituzte, eta, azkenez, Berzkinek Jaunak konpontzeko emandako dupina ezin konponduta utziko dute. Halere, Jauna engainatu eta dirua ateratzen diote... Azkenean, medikua ekarri eta honek salbatzen du Jaunak emandako dirua lapurtu duen langilea, patroi eta ijitoen artean harrapatu eta erdi hilda utzi dutena.

Antzezpena amaitzeko, dantza egin ohi dute denek batera.

Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.
Hartza

Arizkun-eko Inauterietako pertsonaia nagusia dugu Hartza. Herri honetan Korpus egunean bi damuñ (etxazain) nagusi eta beste bi damuñ laguntzaile aukeratu ohi dituzte. Baita beste damuñ etxekoandre bi ere.

Korpus asteko Igandean lau damuñek egiten zuten dantzan enparantzan, damuñ nagusi eta laguntzaileek. Gauza bera egiten zuten Igande eta Astelehen Inauterian ere.

Igande Inauterian, gazteak herriko ostatuan gosaldu eta "puska biltzera", etxez etxe eskatzera joaten ziren. Gaur egun ere jan, edan eta zarata ugari egiten dute etxe guztietan. Antzina, neskaren bat zegoen etxera helduz gero dantza egiten zuten. Arratsaldeko lauretan bildutakoa jaten zuten ostatuan, eta gero, berriro enparantzara joan ohi ziren, dantzara. Iluntzean, neskak etxera eta mutilak berriro ostatura, afaltzera. Damuñ nagusi eta laguntzaileek damuñ etxekoandre bataren etxean afaltzen zuten, eta bestearenean Astelehen Inauteri gauean.

Astelehen Inauterian aurreko egunekoa errepikatzen zen, pausuz pausu.

Asteartean, ostera, gazteak mozorrotuta kaleratzen ziren, kareta eta guzti batzuk. Zazpi zortzi erraldoi ere agertzen ziren. Baina egun honetako ardatz nagusia, gaur egun ere, Hartza da. Gizon edo mutilen batek egiten du hartzarena, gorputz osoa artilez estalita. Batera eta bestera mugitzen da hartza, ihes egin eta jendea izutzen du. Hartz-zaintzaileak darama lotuta, bere ondoan edukitzea asko kostatzen bazaio ere. Taket handia darama eskuan zaintzaileak, hartza menderatzen laguntzeko.

Inauterietan, egun honetan baino ez dute dantzatzen Sagar-dantza . Toki gehienetan nesken dantzatu ohi dute sagar-dantza, baina hemen, mutilek dantzatzen dute. Antzina, goizean ibilaldia hartzarekin egin ondoren, bazkaltzera joaten ziren aldran, eta, gero, arratsaldean, damuñ nagusi eta laguntzaileek dantzatzen zuten Sagar-dantza herriko kaleetan.

Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.
Mamoxarroak

Unanuako Inauterietako pertsonaia nagusiak dira. Herri honetan, Igande eta Astearte Inauterian ospatzen dira "Ijoteak".

Igande Inauteria Mamoxarro txikien eguna da: herriko hamabost-hamazazpi urte bitarteko mutil guztiak kaleratzen dira mamoxarro jantzita. Kamiseta eta galtza luze zuriak daramatzate soinean. Buruan zetazko koloreetako zapia eta gerrian gerriko gorri edo beltza. Kaskabiloz jositako larruzko zinta gurutzatzen dute paparrean. Eta mozorroa are ikusgarriago egiteko, elementu harrigarriena: burdinazko karatula jartzen dute aurpegia estaltzeko. Ez daki inork noiz eginak diren karatulok. Zazpi geratzen dira herrian, antzina zeuden sei pareetatik.

Etxez-etxe ibiltzen dira oles eginez eskuan daramaten makilaren puntan lukainka eta urdai zatitxo bat jarrita. Etxeetan arrautza, urdai, lukainka eta abarrak oparitzen dizkiete, eta zortziak bueltan herriko tabernara bueltatu eta han afaltzen dute bildutakoa.

Hamazazpi urtetik gorakoen eguna Astearte Inauteria da, Mamoxarro handien eguna. Txikien moduan mozorrotzen dira, eta arratsaldean oles egitera joaten dira, musikarien laguntzarekin, mozorrotu gabe azken hauek. Mamoxarro handien atzetik beste gazte batzuk doaz , nor bere gisara mozorroturik. "Muttuak" dira, Mamoxorroen moduko makila daramate eskuan - 2m eta erdikoa izaten da -. Abestu bai baina hitzik ezin dute egin, horregatik dute Muttuak izena.

Batera eta bestera ibiltzen dira Mamoxarroak, beti harrapakinen baten bila. Ume edo neskatilaren bat ikusiz gero korrika abiatzen dira ea harrapatzen duten. Herritarrek honako hau esaten diete pasatzen ikustean:

"Mamoxarro xirri xarro, keteriako,
zazpiña uzkera apariako .
Zata begi gorri, urten behin etorri"

Herriari buelta eginda, ostatura itzultzen dira afaltzera. Afalostean Mamuxarro handiek eta Muttuek enparantza edo Udaletxe aurrean dantza egiten dute.

Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.
Miel Otxin

Astelehen eta Astearte Inauterian izaten da festa Lantz-en. Egun bakoitzean antzezpen jakin bat jokatzen dute, eta egun bakoitzak bere ibilbidea du.

Pertsonaia nagusiak Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko, Txatxoak eta Ferratzaileak dira.

Miel Otxin lastoz egindako hiru bat metroko panpina da, txantxo batek eramaten du sorbalda gainean festak dirauen bitartean. Ziripot Lesakako Zakuzaharren antzerakoa da itxuraz. Zaldiko zentauroa da, gizon batek, armazoi bat jarrita, zaldiaren itxura hartzen du. Armazoiak aurrealdean dauka zaldiaren buruarena egiten duena , eta zaldibuztana atzealdean. Txatxoek hainbat eratako janzkera daukate, baina, hori bai, guztiena da oso koloretsua. Eskuan erratza edo makila daramate. Aurpegia estalita eta buruan kapela konikoak, kolore askotakoak horiek ere. Ferratzaileak hiruzpalau izaten dira. Zakuzko telaz izaten dute estalia gorputza eta beren lanbideari dagokion tresneria daramate eskuan.

Astelehenean hasten da festa. Miel Otxin doa jendetzaren buruan. Ziripot traketsa, oinez egin ezinik dabil. Makila baten laguntza du oinez egiteko. Txatxoek oihu eta dantza egiten dute. Zaldiko saiatzen da Ziripot lurreratzen etengabe, eta Ziripot, traketsa bera, behin eta berriro erortzen da .. Zaldiko Ziripotengana hurbiltzen den bakoitzean, Txatxoek defenditu egiten dute gure gizon Zaldiko, eta Ziripot lurrera botatzen saiatzen da. Halako batean, Zaldiko harrapatzen dute Txatxoek. Ferratzaileek Zaldiko ferratzen dute.

Astearte Inautean ez dira ez Ziripot ez Zaldiko kaleratzen. Miel Otxin da egun honetan nagusi. Enparantzara eramaten dute Txatxoez inguraturik, eta han epaitu egiten dute. Tiroz hil eta lurrera botatzen dute erraldoia. Zatitu eta sua egiten dute haren gorpuarekin. Zortzikoa dantzatzen da suaren inguruan.

Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.
Joaldunak

Ituren eta Zubietako Inauterietan agertzen dira. Urtarrileko azken asteko edo otsaileko lehenengo asteko astelehen eta asteartean ospatzen dituzte Inauteriak, bi herrietako mutilak ados jarrita, aukeratzen duten egunean.

Joaldunak bi herri hauetako mutil taldeak dira; euren ezaugarri nagusia da gerrian zintzarri handi parea lotuta eramatea. Zintzarria da Inauteri hauetako elementu nagusia. Mutilok, gerria astinduz, izugarrizko hotsa ateratzen diete zintzarrioi. Binaka joaten dira, ilara banatan, Joaldunak.

Astelehen eguerdian Zubietako Joaldunak joaten dira Itureneraino, hogei, hogeita hamar edo gehiago ere, beren dantzarekin zintzarrotsa sortzen.

Asteartean Iturengoak joaten dira Zubietara. Bide erdian egoten zaizkie zain Zubietakoak, eta, honela, elkarrekin egiten dute hortik aurrerako bidea. Bide hau egiten ere, etengabe entzuten da zintzarrotsa. Bidean, beste lagun batzuk elkartzen zaizkie: karroxak, mozorrorik sinesgaitzenak, sorginak, ijitoak... Ordu biak bueltan heltzen dira Joaldunak Zubietara eta hango kaleak eta enparantza korritzen dituzte, beren dantzan kontzentraturik, serio-serio.

Aitzina, bizpahiru egun irauten zuen festak. Garai hartan, ahuspez egiten zuten lo eta ezin izaten zuten salda baino hartu, hain izaten zituzten estu zintzarriak gerrian. Oihal beltz batez estaltzen zuten aurpegia.

Ituren eta Zubietako Joaldunen janzkera desberdina da. Iturengoek ardi-larru doblea eta painelu gorriak daramatzate soinean; Zubietakoek, ordea, ardi-larru bakarra eta zapi urdina. Guztiek eramaten dute isipua eskuineko eskuan eta kapela dotorea buruan. Txano honi "Ttuntturroa" esaten zaio; horregatik dute joaldunek “Ttuntturroak” izena.

Zintzarriek "joare" dute izena ; horregatik dira Joaldunak tresna horiek astintzen dituztenak. Badago beste era bat ere talde hauek izendatzeko: Zanpantzarrak.

Irudia hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.
Zakuzaharrak

Lesakako Inauterietan agertzen dira. Igande Inauterian, arratsaldeko zazpietan kaleratzen dira, hogei edo hogeita bost, guztiak batera.

Gizon hauek gorputza zakukiz (zakuzko oihalez) izaten dute estalita . "Jantzi' honen azpian lasto edo sarale ugari eramaten dute, eta hori esker itxura harrigarria daukate. Aurpegia zapi batez dute estalita, begi eta ahoaren parean zuloak dituzten zapiak. Puxika bana daramate eskuan. Banan-banan joaten ilaran, le, ie, ie oihuka.

Herriko kale guztiak korritzen dituzte honela. Kalez kaleko ibilaldi honetan Mairuen laguntza izaten dute. Mairuek kolorezko ehun zatitxoz izaten dute estalita gorputza.

Gaueko hamarretan heltzen dira herriko enparantzara zakuzaharrak. Enparantza erdian burdinazko barra bat dago albo batetik bestera, eta hari eusten diote. Une hortantxe herriko ume eta neska-mutikoek gainera egiten diete salto, zakuzaharrok lurrera botatzeko. Zakuetatik ere tira egiten diete eta hauetariko askok eta askok beren zaku jantziak galtzen dituzte, eta, ondorioz, saralea zabaltzen da alderdi guztietara. Umeak, orduan, hasten dira saraleaz jolasten, elkarri botatzen diotela.


(NEREA ARREGI URRIOLABEITIA Ikastolen Elkarteko Jokogintza arduraduna)

  • Marrazkiak: Enrike Morente
  • Kolorea: Ines Cárcoba

Inprimatu


Erantzun

 
Durangoko aratosteak
2006-02-21 / 09:39 / Gaizka Uriarte Lizundia

Hemen aurkezten dituzuen pertsonaiak ezagutzea garrantzitsua eta interesgarria dela baderitzot ere, pertsonaia hauek jadanik oso ezagunak direla uste dut. Eta badela garaia beste herri batzuetan dauden pertsonaia batzuk ezagutzeko, esaterako: Durangoko Surrandiak, Altsatsuko inauterikoak, etab...

DURANGOKO ARATOSTEAK

Durango Uriko Karnabalak antzinakoak dira. XVII. Mendeko udaletxeko akta eta kontu liburuetan horren berri jasotzen da. “Carnestolendas” eta egun horietako sokamuturrean soltatzen zen bigantxaren berri ematen zen hauetan.

Jai honekin zerikusia duen lehenengo eguna “basokoipetsu” edo “Txitxiburduntzi” da. Egun honetan, karnabal aurreko igandean, mendira joan eta urdaia, txorizoa edo beste txerrikiren bat burduntzian erreta familia eta lagun artean merendatzeko ohitura izaten da.

Karnabal egunak hauek izaten ziren: “Eguenzuri”, “bariku argi”, “zapatu erregular”, “domeka karnabal”, “astelen karnabal” eta “martitzen karnabal”.

Karnabal jaiak eguenzuri egunean hasten zen. Egun honetan danborileroak, erromeria eta sokamuturraz gain, eskolaumeak eguenzuri koplak kantatzera irtetzen ziren, merienda goxo bat egiteko janaria eta dirua lortzeko asmoz.

Hurrengo jaieguna domeka karnabal izaten zen. Egun horretan konpartsak ateratzen ziren alkatearen baimenarekin.

Astelen karnabal egunean hartzaren konpartsa ateratzen zen.

Martitzen karnabal, lekuko guztien arabera, Durangoko karnabalen egun nagusia izaten zen. Egun honetan goizean estudiantinak irtetzen ziren. Oso ezaguna zen egun horretan irtetzen zen konpartsa “Surrandien konpartsa”.

Surrandiak kalez kale arineketan ibiltzen ziren jendea beldurtzen. Oinetan abarkak, mahoizko prakak, alkandora, gerrian zintzarriak eta aurpegian sudur handiko maskara edo kareta bat eramaten zuten.

Eskuan txaleko zahar bat eramaten zuten eta kaletik zebiltzan ume eta emakumeak txaleko honekin joten zituzten. Putzuetan salto eginez inguruan zeuden guztiak busti egiten zituzten. Bihurrikeriak egiten pasatzen zuten eguna.

Hala ere, Andra Mariko elizpea errespetatzen zuten eta bertan gordetzen zirenak lasai uzten zituzten.


(GAIZKA URIARTE LIZUNDIA Kurutziaga ikastolako Hizkuntza Normalizaziorako Teknikaria da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus