Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Fagorrek euskara behar du

Fagorrek euskara behar du

2006-02-13 / 07:00 / Eñaut Apaolaza Amenabar   ENPRESA

Ez da hutsaren hurrena goiko esaldi horrek adierazten duena, eta ez da ezta ere deigarria egite hutsagatik idatzitakoa. Nahiz eta ez den ohikoena Fagorren dimentsioko enpresa batentzat herri edo komunitateekiko halako lotura, Fagorren kasuan denboran zehar ahalegin handia egin da txertatuta dagoen gizartearekiko halako konpromiso bat hartzerakoan. Eta konpromiso hau ez da Fagorrek ahalegin bat egin nahi duelako, eta erantzukizun sozialaren bidetik, lan altruista bat egiten duelako. Edo ez horregatik bakarrik, zerbait gehiago ere bada, Fagorren nahia euskararekiko behar bati emandako erantzuna ere bai baita, filosofia kooperatiboak sortutako behar bati emandako erantzuna batetik, eta bazkideek duten behar baten erantzuna bestetik.

Puntuz puntu arrazoiok garatuko ditugu, eta horrezaz gain euskara planen ibilbide historikoa, emaitzak eta helburuak aztertzen ere ahaleginduko gara.

Euskararen aldeko mugimendua Fagorren

Elbarri xamar gera daiteke euskararen historiaren azalpena Fagor bakarrik aipatzen badugu, eta mugimendu kooperatibo guztiaren berri ematen ez badugu, baina artikulu hau gehitxo luzatuko da ur sakonetan sartuz gero. Horren berri ematen duen lan bat azpimarratzekotan “Kooperatibak eta euskara, historia eta aro berri baten oinarriak”1 liburua begiratzea besterik ez dago. Lan horretan jasotzen dira besteak beste ikastolen mugimenduari kooperatibismoak egindako ekarpenak.


Hasiera

Euskararekiko kezka Fagorren ia hasieratik egon da. Fagorren sorreran parte hartu zuten pertsonak oro har euskaldunak izan ziren, baina kooperatiben sorrera gaztelaniatik egin zen, eta horretarako lau faktore aipatu izan dira:

  • Euskararen prestigio falta 50eko hamarkadan.
  • Langile gehien-gehienak euskal hiztunak bai, baina alfabetaturik ez zen euren artean, eta horrek neurri handi batean eragotzi egiten zuen lana euskaraz egin ahal izatea.
  • Hizkuntzaren transmisio arazoak.
  • Errepresio frankistak ezinezko egiten zituen hainbat aurrerapauso

Garai hartan euskararen erabilera espontaneoaz gain, hainbat eskari egin zituzten bazkideek euskara gehiago erabiltzeko kooperatiben organo nagusienetan batez ere.


70-80 hamarkadak

Lehen interbentzio planifikatua Fagorren 1976 eta 1983 urteen artean eraman zen aurrera, eta ezagutza lantzean zentratu zen batez ere. 1976an antolatu ziren lehen eskolak ULARCOn (gaur egungo Fagor Taldea). Azkar-azkar azalduta, esan daiteke plan hauek ezagutza lortzera bideratuta zeudela, eta euren tresna nagusia eskolak zirela (eskolak, barnetegiak eta abar). Dena dela motibaziora eta komunikaziora begirako lanak ere egin ziren: hitzaldiak, filmak, Euskalan aldizkaria… Bestalde, lehen aldiz euskararen inguruko mugimendua egituratu egin zen: euskara batzordeak sortu ziren Fagorreko kooperatibetan eta bi euskara teknikari hasi ziren lanean mugimendu hori guztia antolatzeko. Batzordeon funtzioak arazoei aurre egitea, ekimenak bultzatzea eta informazioa bideratzea ziren. Bestalde, euskararen erabilerarekin lotutako zenbait neurri ere hartu ziren:

  • Inprimaki eta errotulu guztiak bi hizkuntzetan jartzea
  • Argitalpen guztiak apurka-apurka bi hizkuntzetan jartzea

Baina garai honetako mugimendu beroari etorri zitzaion hoztea, batez ere 80ko hamarkadako krisiak bultzatuta, baina ez hori bakarrik. Hiru arrazoik behartu zuten fase honen amaiera:

  • Arrazoi ekonomikoak: 80ko hamarkadako krisiak errentagarritasunarekin lotuta ez zeuden lanpostu guztiak desagertzea ekarri zuen, zeharkako asko tailerrean hasi ziren lanean, eta erreleboak jarri ziren martxan. Horrek antolaketa asko zailtzeaz gain (inork ez zuelako dedikaziorik horretarako), oso zaila egiten zuen eskolak osatzea, jendea orain goizez eta gero arratsaldez ari baitzen lanean.
  • Arrazoi sozialak: 70 hamarkadaren amaieran eta 80 hamarkadaren hasierako mugimendu sozial bizia moteldu egin zen 80ko hamarkada aurrera joan ahala, eta horrek euskalduntzean ere eragin handia izan zuen.
  • Planaren barne arrazoiak: ezagutzara bideratuegia zegoen plana; helburua ezagutza lortzea zen, baina ezagutza bazutenei erabilerara begira apenas planteatu zen ezer.


1997tik aurrera

Fagorreko langileek euskaraz lan egitearen alde etengabean jardun zuten 80ko hamarkadako planak amaitu ondoren ere. Aurreko gabezien kontzientzia hartu zuten, eta bestetik bultzada berri baterako kamaina prestatu zuen euskararen inguruan artikulatu zen herri mugimendu biziak (AED, Euskalan…).

Aurreko planak etetera bultzatutako arrazoiak desagertzeko oinarriak jarri zituen taldeak, eta honela ekin zion bideari:

  • Euskara planak erabilera bultzatzera bideratu ziren, eta izen hori hartu zuten gainera: euskararen erabilera planak. Baina erabilerarengan eragin zuten beste faktoreak ez ziren uzten alde batean: behar besteko ezagutza ez zutenek ezagutza hori lortu egin behar zuten, motibazioa etengabe landu egin behar zen bai ezagutza bultzatzeko, baina baita erabilera areagotzeko ere. Eta faktore berri bat azaldu zen, kooperatiben ahalegin instituzionala garbien agertzen zuena, planen instituzionalizazioa alegia. Zer da hitz potolo honen atzean dagoena? Hizkuntzaren gaineko kontzientzia hartze bat, enpresak gestionatu beharreko arlo bat gehiago dela hizkuntza aniztasuna (errentagarritasuna, kalitatea eta segurtasuna bezala esate baterako), eta gestionatzerakoan euskararen mesedetan gestionatu behar dela gainera.
  • Krisi egoerak ziklikoak direnez etorriko dira berriro ere, eta egoera horiek ezin dute baldintzatu euskaraz lan egitearen aldeko lan eta ahalegin guztia. Hori dela-eta garai onetako irabazietatik garai txarretarako fondoa osatu zen. Neurri honen atzean etorkizun-sen handia erakutsi zuten plan hauek bultzatu zituztenek, nabarmen ikusi baitzuten prozesu luzea zela, eta esfortzua urte askoz mantendu behar zela.

Gauzak honela, euskara planak diseinatu eta dinamizatzeko hizkuntza zerbitzuak eskaintzen dituen Emun kooperatibarekin jarri zen harremanetan Fagor Taldea, eta horren emaitza izan zen Emun eta Fagorren arteko elkarlan hitzarmena. Hitzarmen hau berritu egin da 2006 urtean beste hiru urtez.

Fagor Ederlanen lehen lan batzuk egin baziren ere, diseinua amaitu eta inplementazioari ekiten lehena Fagor Sistemas izan zen (gaur egun Mondragon Assembly izena duen kooperatiba). Ondoren etorri ziren Fagor Electrodomésticos, Fagor Ederlan, Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Electrónica, Copreci, Fagor Industrial eta Fagor Koop. E. Azken hau 1999 urtearen amaieran sartu zen euskara planean.

Fagor Taldeko euskara planen ezaugarriak

Zazpi urteko ibilbideak bederatzi koopratibatan desberdintasun askorako ematen du, baina desberdintasunok batez ere erritmoan gertatu dira, ez helburuetan ezta metodologian ere. Metodologia bera moldatu egin den arren, modu sinkronizatuan moldatu da. Honetan, eta helburu bera izatean eragina izan du hizkuntza gaietan Emun edukitzea hornitzaile bakartzat.


Helburuak

  • Erabilera:

    Orainago aipatu bezala, erabilerara bideratutako helburuak izan dira iparra fase honetan. Dena dela, denbora aurrera joan ahala zenbait zehaztasun eta ñabardura gehitu dira.

    Une honetan Fagorreko euskara planek finkatuta duten helburua honela laburtu daiteke: euskaraz lan egin nahi duenak euskaraz lan egiteko aukera guztiak edukitzea. Planak horretara bideratuta daude, baina ez horretara bakarrik. Ez dago zalantzarik bidean aurrera egin ahala gero eta aukera gehiago sortzen direla euskaraz lan egiteko, eta aukera horiek aprobetxatu egin behar dira. Horrantz ere jotzen du planaren baitako eragileek egiten duten esfortzuak.

    Laburbilduz, noranzkoa honakoa da: euskaraz lan egiteko aukerak sortzea, eta aukera horiek aprobetxatzeko sustatze lana egitea.

    Bestalde, arestian aipatu ditugu ezagutza, motibazioa eta instituzionalizazioa. Zer egiten da arlo hauetan? Aurreko bi paragrafoetan azaldu dugun helburu nagusiaren mesedetan antolatzen dira arlook.

  • Ezagutza:

    Ezagutzari dagokionez erabilera garantizatzera dago bideratuta ezagutza lortzea. Euskara jakin beharraren garrantzia hiru faktoreren arabera neurtu daiteke: lanpostuaren arabera, lan funtzioen arabera eta norberaren ezagutzaren arabera. Lanpostuari eta lan funtzioei dagokienez, euskaraz lan egin nahi duen langilearen zereginetan eragina duten lanpostuak identifikatuta daude, eta batez ere zerbitzu departamentuetakoak (pertsonala, informatika eta kalitatea batez ere), koordinazio eta ardura lanpostuak (arduradun, buru eta zuzendariak), eta idazkariak dira. Hauek euskaraz ez badakite argi dago lana euskaraz egin nahi duenak ezintasun eta traba handiak topatuko dituela. Beraz ezagutza hartzerakoan berauek dira lehentasunezkoak. Honelako pertsonentzako izan ohi duten lan-karga handia eta ikaste prozesuaren iraupen luzea orekatzeko formazio plan pertsonalak diseinatu ohi dira (barnetegiak, irakasle pertsonalak, laguntza irakasleak eta abar). Norberaren ezagutza hobetzeari dagokionez, lana euskaraz egin nahi duen pertsona alfabetatuak bere baitan topa ditzake mugak, eta nagusiena euskarazko terminologia ez ezagutzea da. Honela, moduluak antolatzen dira, eta lanpostuaren araberako hiztegiak ere egiten dira.

  • Motibazioa:

    Motibazioa gero eta garrantzia handiagoa ari da hartzen Fagorreko planetan. Zergatik hori? Azken urteotako jardunari esker egia da izugarri igo dela euskaraz lan egiteko aukera, baina honek artikulu honetako galdera garrantzitsuenetako batera garamatza. Nahikoa al da hizkuntza aukera ziurtatzea? Ez, noski! Euskarak bere lurralde guztian bizi duen egoerak bultzatzen gaitu ezezko horretara. Aukera berdintasuna izateak ez dakar berdintasunik, erdarara bultzatzen duten kanpo eta barne faktoreek oraindik jarraitzen baitute, eta azkenean erabilerarengan eragiten dute. Barnekoen artean aipatzekoak: lan zeregin guztiak euskaraz egin ahal izateko ezagutza falta, denboran pilatu diren ohitura eta inertziak; kanpokoen artean, fabrikatik kanpora euskaraz bizitzeko aukera falta... Horren ondorioz balantza zenbait egoeratan eta zenbait pertsonengan erdarara jausten da (ziurrenera pertsona guztiengan segun eta zein den egoera). Begi bistakoa da zergatik den beharrezkoa motibazioan eragitea. Motibazioan eraginez langileak ezagutza handiagoa lortzera iritsiko dira, erabiltzeko aukerak aprobetxatuko dituzte, ezagutza handitu egingo da, eta horrek euskara erabiltzeko motibazioa ere igoaraziko du. Zirkuituak bere burua elikatuko du.

    Motibazioari buruz jarduterakoan modu orokor batean tratatu izan dugu motibazioaren gaia, eta ekintza puntualak bideratu izan dira modu nahiko indiskriminatuan (langile kolektibo guztiari gauza bera). Une honetan motibazioaren ikuspegi zabalago bat landu dugu, eta menu baten arabera jarduten dugu. Ohartu gara ezin zaiela hiztun talde desberdinei errezeta bera aplikatu. Honela ekimen batzuk ditugu euskaldun osoentzako, hizkuntza koherentzia lantzera bideratuak, beste batzuk euskaldun oso izatera iritsi ez direnentzako, erabilerara eta neurri apalago batean hizkuntza koherentziara bideratuak, eta beste ekimen batzuk euskaraz (komunikazio normal bat edukitzeko beste) ez dakitenentzat.

    Motibazioa jorratzerakoan izandako bilakaera honako esaldi honen bidez laburbiltzen da: motibazio ekintza solteetatik hiztun talde bakoitzari begira antolatutako motibazio ekintza integralak osatu dira.

  • Instituzionalizazioa:

    Lehentxeago azaldu bezala, instituzionalizazioa hitza erabili dugu hizkuntza aniztasuna enpresaren gai modura kudeatzeari izena jartzerakoan. Zergatik hartu genuen joera hau? Garbi geneukan planak ezin zirela enpresaren periferian geratu, eta langile kopuru handi edo txiki baten nahiaren arabera aurrera egin ala atzeraka jo. Hori dela-eta, enpresaren Fagorren intereseko arloak nola gestionatzen ziren aztertu genuen, eta ezinbestekoa iruditu zitzaigun enpresaren hizkera eta praktiketara moldatzea euskara planak.

    Honela kooperatibaz kooperatiba azken bizpahiru urteetan planen misioa jorratu da, eta kooperatiba bakoitzak bere misioari ukitu pertsonala eman arren, denak irakurri ondoren Fagorren noranzkoa garbi azaltzen da: euskaraz lan egin nahi duenak euskaraz lan egiteko aukera edukitzea.

    Misio horri begira, enpresaren gestio bitartekoak erabili ditugu:

    • Euskara planen helburuen planifikazioa hausnarketa estrategiko eta operatiboetan sartu dugu. Honela, urtez urte erabileraren ratioak neurtzen dira, eta hurrengo urteetarako (edo urterako) helburuak finkatzen dira. Gauza bera egiten da ezagutzarekin eta motibazioarekin. Bilakaera honen berri zabalago ematen da emaitzen atalean.
    • Lan prozeduretan txertatu dugu misioaren beraren garapena. Misioa maila orokor batean geratzen da, baina ezinezkoa izango litzake bere aplikazioa gauza zehatzetan zertan gauzatzen den ezarriko ez balitz. Honela, enpresarentzat funtsezkoenak diren alderdiak lan prozeduretan arautzen direnez, eta hizkuntzen gestioa gero eta gehiago enpresaren interesekoa denez (Fagorren behintzat), lan prozeduretara ere iritsi dira planok. Prozeduren (edo arauen) bidez araututako alderdiak honakoak dira:
      • Komunikazioa: maila orokorrenetik hasita hizkuntza hautua garantizatu behar da. Kooperatiba batzuk pauso bat haratago daramate gai hau, eta elebitasun desberdindua deritzana jarri dute martxan: euskaldunei euskaraz eman, eta bi hizkuntzen presentzia bateratua erdaldunei bakarrik. Hemen sartzen dira lan instrukzioak, informazio soziala, argibideak, arauak, inprimakiak, informazio orokorra eta abar.
      • Irudia: panelak, lekuen identifikazioak, seinaleak, departamentu izenak eta abar euskaraz eta gaztelaniaz jarri behar izaten dira.
      • Lan tresnak: bi mailatan gauzatzen da atal hau.
        • Makinak: botoi, manometro, pantaila, display, eskuliburu eta abar euskaraz ere egon beharko dira.
        • Informatika: erosten edo sortzen diren programa informatikoek hizkuntza hautua eduki beharko dute, gaztelania eta euskararen artean aukeratzeko posibilitatea alegia.
      • Formazioa: formazioa euskaraz emateko taldeak egiteko irizpideak finkatzen dira. Gizartean eragin handi xamarra izan dezake, zenbait formazio emailerengana ekintzok euskaraz emateko eskaria baitakar.
      • Kontratazioa: zenbait lanpostuk harreman asko dauzkate (pertsonala, informatika, ardura lanpostuak, zuzendaritzakoak…), lanpostu hauetan euskaldunak egoteak hizkuntza aukera garantizatzen du. Hori dela-eta zenbait lanposturi hizkuntza maila ezarri zaie.

Emaitzak

Bilakaera handia izan dute Fagor taldeko kooperatibek urte hauetan bai euskararen erabilerari dagokionez, baita gainerako hizkuntza alderdiei dagokienez. Hori pozgarria izanagatik ere, jarri den helburua lortzeko bidea luzea eta konplexua dela ikusteko balio izan du, konstantzia handia behar dela, bai eta irudimen galanta ere bide horretan topatzen diren oztopoak gainditzeko.

Datuei dagokienez, horra deigarrienak:

  • Ahozkoan: %14 gora egin du euskararen erabilerak.
  • Bileretan xumeenetatik solemneenetaraino euskara erabiltzen da gaur egun
    • Batzar Nagusiak euskara hutsez egiten dira Fagor batzuetan (aldibereko itzulpena erdaldunek uler dezaten). Berau da kooperatibaren organo nagusiena.
    • Kontseilu Errektoreak, Zuzendaritzak, Lehendakarien batzarrak, Kontseilu Sozialak… euskaraz egiten dira kooperatiben arabera beti ere. Aginte, gestio eta kontsulta organo nagusienak hurrenez hurren.
  • Ezagutza %10 igo da (batez ere kontratazio berriei esker, belaunaldi berriak euskaldunak dira, eta euskaraz lan egiteko gogoa dute).
  • Arduradunak, buruak, barne zerbitzu emaileak… euskalduntzen ari dira
  • Lan tresnak euskaraz ere: aplikazio informatiko berriek hizkuntza aukera dute, makinetan egindako azken inbertsioetan euskarazko makinak ekarri dira (fresatzeko makinak, mandrinatzekoak, tornuak, prentsak, eta abar)
  • Dokumentazioa: dokumentu eta txosten teknikoak, sozialak, gestioarekin lotutakoak, euskaraz egiten dira.
  • Instituzionalizazio prozesuan aurrerapauso handiak egiten ari gara. Noranzkoa finkatuta (hizkuntza aukera erabat garantizatu), noranzko horretan aurrera egiteko zereginetara bideratu da gure lana (hizkuntza politika eta sistema osatzera)
  • Euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuak ez du Fagorren baitan gatazka egoerarik sortu, ondo asko jakin baita prozesuaren baitan euskalduna zein erdalduna, eta iritzi oso desberdinetako jendea integratzen, eta beren neurriko protagonismoa ematen.

Oro har, euskararen erabilera sekulan izan dena baino handiagoa da Fagorreko kooperatibetan, nahiz eta gorago esan bezala, bidea luzea izango dela jakin.

  • a) Erabilera eta ezagutzaren bilakaera 1999 eta 2004 urteen artean

  • b) Ahozko erabileraren bilakaera 1999 eta 2004 urteen artean

  • c) Batzar nagusietako euskararen ahozko erabilera

    Gorago aipatu dugu batzar nagusietan euskararen erabilerak nabarmen egin duela gora. Kooperatibetako organo nagusiena izanda, bertan euskara erabiltzeak, eta asko erabiltzeak batez ere, balio handia du, bai praktikoa, baita sinbolikoa ere, bertan elkartzen baitira kooperatibako bazkide guztiak.

  • d) Informatika

    Informatika gaur egun lan-tresnarik garrantzitsuenetakoa da. Ez zegoen ezer euskaraz duela 2 urte, gaur egun bai etxean sortutako programetan, bai hornitzaileek emandakoak, baita ofimatikako pakete komertzialak euskaraz daude, eta euskaraz lan egiteko aukera bermatzearen bidean, ibilbidea polita ari da gertatzen.

  • e) Produktua

    Fagorreko kooperatiba batzuetan produktuarekiko hizkuntza jarraibide batzuk jartzea gai zaila izan da. Iritzi desberdinak egon izan dira kontu honekiko. Honela produktuarekiko zenbait tabu egon izan dira kooperatiba batzuetan. Dena dela, hasi dira tabu horiek jausten, eta aurrerapausoak gertatzen

    Fagorreko zenbait kooperatibak beren produktuak euskaraz ateratzen bost urte badaramatzate. Hauen artean aipatzekoak dira honakoak:

    • Fagor Arrasate: prentsetan hizkuntzarekin lotutako elementuak euskaraz eskaintzen urteak daramatza, eta zenbait bezerorentzat euskaraz egin izan ditu prentsak. Zehazki euskaraz egoten dena pantailak, displayak, manometroak, eta ageriko elementuak izan ohi dira.
    • Fagor Automation: duela lau urte atera zuen zenbakizko kontrolaren bertsiotik gaur egunera arte, bertsio guztietan egon da euskarazko atala. Lanbide hezkuntzako ikastetxeetan eta zenbait fabrikatan instalatu dira.
    • Fagor Electrodomésticos-ek duela bi urtetik hona garbigailu, labe eta hozkailuen LCDetan euskara ere ageri da, baita eskuliburuetan ere. Etxetresna txikietan (irabiagailuetan) enbalajeetan ageri da euskara.

    Kontuan izan beharreko datu bat da Fagorren euskara planen orientazioa euskara lan hizkuntza bihurtzea zen. Hala eta guztiz ere, gorago aipatu bezala, zerbitzu hizkuntza izatera iristen ari da baita ere.

  • f) Bestelako lorpenak

    Enpresa ikuspegiaren araberako lorpenak, euskarak enpresei emandakoa

    • Lan giroan eragin positiboa izan du euskaraz lan egiteko aukera sortzeak
    • Komunikazioa hobetu da euskaraz egin eta jaso daitekeen neurrian
    • Euskaraz lan egin nahi dutenek gusturago egiten dute lan
    • Langileen enpresarenganako identifikazioa handitu egiten da. Kooperatibetan oso garrantzitsua, bazkideak beraiek baitira enpresaren jabe
    • Inguruan ondo txertatuta dagoen enpresaren irudia ematen du
    • Enpresa eredu propio baten alde egiten dela erakusten du
    • Aldaketaren kultura barneratua duela erakusten du

    Lorpen sozialak

    • Euskarak lan munduan leku gehiago du
    • Euskara ez da arrotza lan munduan, eta pixkanaka-pixkanaka beharrezkoa bihurtzen ari da

Erronkak

Kooperatibek hausnarketa estrategikoa egin zuten 2004an, eta euskara planen lau urterako bidea finkatu (2005-2008 urteen arterako). Baina aipatu dugu gorago euskara planak maratoiak direla, esfortzu iraunkorra eskatzen dutela luzaroan, eta hori dela-eta urrunera begira ere jarri ziren taldeko euskara batzordeak 2005eko azaroaren 30ean Arantzazun, eta hamar urte barruko egoera zein izan beharko litzakeen eztabaidatu zuten denen artean. Gauzak honela bi erronka arlo bereizi ziren:

  • Barne erronka hauen artean bi alderdi nagusi
    • Hizkuntza aukera erabat garantizatu. Horren ondorioz lan tresnak euskaraz egoteaz gain, une honetan euskaraz ez dakitenek hamar urte barru euskara ulertzeko gaitasuna izan beharko dute.
    • Hizkuntza erabilera handitu. Aukera garantizatzeaz gain, jende gehiena euskalduna izango denez euskara izatea laneko hizkuntza nagusiena maila gehientsuenetan.
  • Kanpo erronkei dagokienez, hiru gauza:
    • Diskurtso euskaltzalea indartu
    • Ospe soziala eman euskarari (lan munduan duen erabilgarritasuna erakutsiz)
    • Gizartearen aurrean euskararen berreskurapenean erreferente gisa agertu

Ahalegina

Deskribatu ditugun plan hauen oinarri metodologikoetako bat parte hartzaile izatea da. Hasiera-hasieratik bilatu da langile guztien inplikazioa, langile euskaldun zein erdaldunena. Parte hartzeari garrantzia handia eman zaionez, langileak beraiek eragile izateko guneak sortu dira (erabilera taldeak). Gune hauetan parte hartu duten pertsona hauek euren denboratik asko jarri dute lantokia euskalduntzeko. 1.000 pertsonatik gora ibili dira taldeotan. Abiapuntua hau izanda, jende gehiagorengana iritsi dira planak, eta pertsona bakoitzak duen lan erantzukizunaren araberako euskararekiko erantzukizuna ere definituta dago gutxi edo gehiago. Modu honetan Fagorreko ia langile guztiengana iritsi gara.

Honek guztiak aholkularitza kualifikatua eskatzen duenez, Emuneko teknikariak Fagorren egoten dira egunero, hemen aipatutakoak antolatu, eta helburuen eta planen egituren dinamizazio lanetan.

Arrazoiak

Zergatik hasi ziren euskara planak Fagorren? Eta honi beste galdera bat erantsiko diogu: zergatik mantentzen dira euskara planak Fagorren? Hainbat arrazoi eman izan dira horretarako, hona horietako batzuk:

  • Nahia: bazkideek nahi dutelako, batzuk arrazoi historikoengatik, beste batzuk sentimenduengatik, beste batzuk hobeto dakitelako euskaraz, azken boladako bazkideek euskaraz ikasi dutelako, eta hauen artean gehienek aipatutako arrazoi guztiengatik…
  • Fagorrek beti izan duelako euskararekiko kezka. Fagorreko bazkide asko eta asko euskaltzaleak dira, eta beren ahalegina hainbat ekimenetan gorpuztu da 50 urteotan, bai etxe barruan baita etxetik kanpora ere
  • Oso garrantzitsua delako euskararentzat lan munduan sartzea, eta hizkuntza oso modura funtzionatzea arlo honetan ere.
  • Kooperatiben inguruarekiko konpromisoa: kooperatibismoak beren inguruan txertatuta egon nahi duen enpresa eredua planteatzen du. Hori nekez uler liteke horrela ez baldin badu euskararen berreskurapenean lan egiten.
  • Mundializazioari oinarri lokala emateko beharrezkoa da hizkuntzarekiko, euskararekiko, begirunea. Begirune hori euskararen berreskurapenean lagunduz gauzatzen da.


(EÑAUT APAOLAZA AMENABAR Fagorreko proiektu arduraduna eta Emun Koop. E.-ko kide da)

Gai honi buruz erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus