Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Patxi Ondarra Erdozia, 1925-2005

Patxi Ondarra Erdozia, 1925-2005

2006-02-09 / 07:00 / Andres Iñigo Ariztegi   BESTELAKOAK

Sakanako Bakaiku herrian jaio zen 1925eko maiatzaren 19an. Feliziano Ondarra eta Maria Erdozia, bere gurasoak ere bakaikuarrak ziren. Izan zituzten sei seme-alaben artean Patxi zen zaharrena.

1937an, 12 urte zituelarik eta Espainiako Gerra Zibila puri-purian zegoela, sartu zen Kaputxinoek Altsasun duten seminarioan, eta, garai hartako bere ikaskide batek jakinarazi digunez, karlisten umeek eraman ohi zuten pelayo trajez jantzia agertu omen zen.

Apez ikasketak burutu arte ikas ibilbide hau egin zuen: Altsasun Humanitate ikasketako bost urteak, Hondarribian Filosofiako bi lehenbizikoak, ondoren Zangozan nobiziadu urtea, handik Lizarrara joan zen Filosofiako hirugarrena eta Teologiako lehendabizikoa egitera, eta azkenik Iruñean amaitu zituen Teologiako hiru hurrengoak. 1949ko abenduan apeztu eta meza berria Altsasuko komentuan eman zuen Eguberri aurretik.

Hasiera-hasieratik nabaritu omen zitzaion historia eta hizkuntzak ikasteko joera berezia. Euskaraz gain latina, greziera, frantsesa eta alemana ikasi zituen eta bere kabuz eskatzen zuten baino maila altuagoa lortzen saiatzen omen zen eta, Teologia egiten aritu zen urteetan, hebreera ere nahiko ongi ikasi omen zuen. Hala aitortzen du berak, meza eman eta hurrengo urtean Kaputxinoen Probintzialak igorritako gutun baten erantzunean: "En Pamplona estudié mucho hebreo y leía casi sin diccionario los libros históricos. Leí el Pentateuco, Josué, Jueces, Samuel, Reyes, etc. Aspiraba a traducir con el tiempo la Biblia de las lenguas originales al vascuence... En cuanto al griego, he leído casi todo el Nuevo Testamento. El alemán, una de las lenguas más necesarias en punto a Escritura, me parece que lo entiendo con bastante facilidad. Vascuence también he estudiado mucho, aparte de ser mi lengua materna. Mi centro está aquí".

Zergatik adierazten zion bere lekua hemen zegoela? Bada, Probintzialak Txilera joateko proposamena egin ziolako eta Patxik bere burua zertarako ikusten zuen gai eta zertarako ez jakinarazteaz gain, guztiaren gainetik hemen geratu nahi zuelako. Badaezpada ere, Probintzialari zalantzarik geldi ez ziezaion, honela laburbildu zuen erantzun gutun hori: "En resumen, yo no me siento ni con aptitudes, ni con entusiasmo para los ministerios a los que me destinan y, en consecuencia, desearía no contasen con un servidor". Hala ere, Probintzialak tinko eutsi zion bere proposamenari eta Patxik hurrengo gutun batean honela erantzun zion: "Me dice que acepte sin titubeos mi destino. Digo, pues, que me resigno, nada más, a ir a Chile. No siento nunguna ilusión por ir allá. Si voy, será únicamente porque me mandan" (1).

Hamahiru urtez aritu zen Santiago hiriburutik 25 kilometrora dagoen Paine izeneko hirian kaputxinoek zeukaten seminario txikian irakasle, hizkuntza irakasle batik bat; baina, aldi berean, batere bere gustuko ez ziren zenbait ardura ere hartu behar izan zituen ikastetxe hartan, bertzeak bertze, ikasketaburu izan baitzen zazpi urtez eta zuzendariorde eta diziplina prefektu bertze hiru urtez. Hala ere, Txilen emandako urte haiek aprobetxatu zituen ingelesa ikasteko, eta maila ona lortu zuen nonbait, Michigan Unibertsitateko Proficiency in English titulua eskuratu baitzuen 1961ean.

1964an, hamahiru urte jarraituak han egin ondoren, merezitako oporrak hartu eta hona etortzeko aprobetxatu zuen. Hasiera batean oporraldi garai horretan bere familia bisitatzera etorri bazen ere, behin betiko hemen gelditu zen.

Hurrengo hiru urteetan Tuteran eta Zangozan aritu zen irakasle, eta bertze bi urtez Donostian. Azken hiri honetan bere ama-hizkuntza sakontzen hasteko aukera ona izanagatik, urte bat geroago, 1968an –apeztu zenetik 19 urte pasatu ondoren–, Lekarozera igorri zutenean, hasi zitzaion Patxi Ondarrari bere betiko asmo eta ametsak asetzeko bidea irekitzen. Orduan bai erran ahal izan zuen "mi centro está aquí". Ematen duenez, oraingo honetan aurkitu zuen leku eta gune aproposa bera gai sentitzen zen lanetan murgiltzeko, ikasten segitzeko eta ikerketan trebatzen hasteko. Lekarozko komentua, euskal kulturarekin lotura handikoa izateaz gain, zenbait euskaltzainen bizilekua ere izan baitzen, bertzeak bertze, Damaso Intzakoa eta Polikarpo Iraizozkoa eukaltzain osoena eta Arrigarai, Eusebio Etxalarkoa eta Jurgi Errezukoa urgazleena. 19 urte lehenago Biblia euskaratzeko asmoak urrutixko gelditu zitzaizkion nonbait eta Lekarozko ikastetxean, irakasle aritzearekin batera, alor berriak jorratzen hasi zen. Euskararen ikerketarako bere burua hobeki jantzi nahian, UNEDn matrikulatu eta lau urteren buruan, 1980an, 55 urte zituela, filologian lizentziatura lortu zuen.

Ikasketa hauek amaitzear zituela izendatu zuten euskaltzain urgazle, 1979ko abenduaren 20an, eta zazpi hilabete geroago, 1980ko uztailaren 31n, euskaltzain oso, Jose Mari Satrustegi, Jean Haritschelhar eta Henrike Knörr euskaltzainek proposatuta, bertze kaputxino batek, Aita Polikarpo Iraizozkoak, hutsik utzitako aulkia betetzeko. Sarrera ekitaldia Altsasuko kaputxinoen komentuan egin zen, 1981eko martxoaren 22an, eta hitzaldian "Polikarpo Aitak zituen euskal esku-idatzi zaharren aurkezpena" izenburuko gaia garatu zuen. Erantzule J. M. Satrustegi izan zen.

25 urte egin zituen Patxik Lekarozen, baina fraideek ikastetxe hura Nafarroako Gobernuari saldu ziotenetik, bakaikuarrak Iruñera joan nahi izan zuen eta 1993az geroztik bere azkeneko 12 urteak, Altsasun egindako egonaldi batzuk salbu, Iruñeko San Pedro auzoko kaputxinoen komentuan pasatu zituen. Urte hauetan buru-belarri aritu zen ikerketa lanetan eta bere bibliografian ikusten ahal den bezala, euskarazko testuak argitaratzea izan zuen ia-ia helburu bakarra, idatzi zituen liburu gehienak eta artikulu franko garai honetakoak baitira.

Patxi Ondarraren lanak

Aipatu dugu Lekarozen hasi zela alor berriak lantzen, eta hilberri txosten honekin batera Euskera aldizkarian argitara emanen dugun bere bibliografian ikusten ahalko den bezala, nahiz eta bertze zenbait gai ere landu, bi izan ziren gehien jorratu zituenak: Arkeologia (Megalitika berezibi) eta Euskara.

  • 1) Megalitika.

    Patxi, alde batetik, pertsona isila, langilea eta gauza guztiei zuhurki erreparatzen ziena zen; eta bertzetik, beti agertu izan zuen naturarekiko maitasuna eta mendizaletasuna. Bere jai eta opor egunetako atseden eta gozamenik handiena mendian ibilbide luzeak egitea izaten zen, zer ikusi eta ikasi, zer berri aurkitu bere fitxategia osatzen joateko. Mendizale ibiltari nekaezin honek, bai Baztandik hasi eta Bertizarana, Malerreka, Bortzerriak, Artesiaga, Kintoa, Lantz, Belate, Ultzama, Anue... eremuetako bidexka eta xoko guztiak, bai bere sorterri inguruko Aralar, Urbasa, Altzania, Lizarrusti... mendietakoak ere pausuz pausu ezagutzen zituen eta trikuharri, oroitarri, mugarri, monolito, cromlech, tumulu, etab. ugari aurkitu zituen. Nafarroan urte haietan megalitikan aditu zirenekin harremanak izan zituen, bertzeak bertze, Tomas López Sellés jaunarekin eta, hain zuzen ere, 1977an López Sellés zendu zenean Nafarroako Foru Diputazioak Príncipe de Viana Erakundearen Indusketa eta Arkeologia batzordekide berria Patxi Ondarra izendatu zuen.

    Alor honetan egindako aurkikuntzen lekuko dira aldizkari espezializatuetan argitara eman zituen zenbait artikulu, bost Príncipe de Vianan eta hiruna Cuadernos de Etnologia y Etnografia de Navarran, Trabajos de Arqueología de Navarran eta KOBIEn. Guztien gainetik aipagarria, izan duen oihartzunagatik, 1973an Baztango Soalar mendian aurkitu eta izen hori daraman menhir neolitikoa, 4 metro eta 30 zentimetroko altuera, 3’5 tona, eta gizon eta emakumearen grabatuak dituena. Gaur den egunean Elizondoko J. Oteitza Etnografia Museoan dago ikusgai.

  • 2) Euskara.

    Euskaltzain izendatu berri hartan egin zitzaion elkarrizketa batean zioen euskal gauzetarako izugarrizko grina izan zuela beti eta, euskalduna eta nafarra zen aldetik, bere xede nagusia Nafarroako euskalduntasunaren erakusketa egitea zela, alegia, Nafarroan non, noiz eta nola hitz egiten zen ezagutzera ematea, ondoren hartu beharreko erabakiak hartzeko.

Argitara eman dituen lanak hiru zati nagusitan sailkatzen ahal dira: a) Joakin Lizarraga, b) Aita Polikarpo Iraizozkoa eta c) euskal testuak.

  • a) Joakin Lizarraga Elkanokoa. Lekarozko hasierako urteetan Megalitikan murgildu bazen ere, ikusten ahal da berehala ekin ziela euskararen inguruko gaiei eta hauen artean lehendabizikoak Fontes aldizkarian argitara emandako "Producción literaria de Joaquín Lizarraga" (1972), "La Escuela de gramática de Joaquín Lizarraga, en Elkano" (1978) eta "Joaquín Lizarraga en el Diccionario de Azkue" (1980) izan ziren. Berehala etorri ziren hurrenez hurren lan mardulagoak, Elkanokoari buruz publikatu zituen liburuak, Ongui iltzen laguntzeko itzgaiac eta Urteko igande guzietarako prediku laburrak, Euskaltzaindiaren Euskararen Lekukoak bildumaren 10. eta 16. aleak, eta Jesukristo, Maria eta Santuen Bizitzak, Juan Apechearekin batera prestatu eta Nafarroako Gobernuak argitaratua. Bazuen oraindik material gehiago eta bere azken egunak arte aritu zen prestatzen Elkanokoaz laugarren liburua izatea espero duguna, De Decalogo eta Aitagurean azalpena izenburukoa.
  • b) Aita Polikarpo. Euskaltzaindiko aulkian ordezkatu zuen Iraizozkoaz ere lan ugari utzi dizkigu. Euskera aldizkarian lau artikulu, horietako bat sarrera hitzaldian garatu zuen gaia eta bertze bat Iraizotz herrian 1997an Euskaltzaindiak ospatu zuen Aita Polikarporen mendeurrenean azaldu zuen txostena "Aita Polikarpo Iraizozkoaren bizitza eta obrak" izenekoa. Mendeurren honen ondorioz, Euskaltzaindiak proposatuta, Nafarroako Gobernuak hiru liburutan eman zituen argitara Iraizozkoaren lanak, Hitz neurtuzko lanak batean eta Hitz lauzko lanak bertze bitan, hirurak Patxi Ondarrak prestatuak.
  • c) Euskal testuak. Aipatutako bi egile horien liburuez gain, Karmel-en bertze bat ere idatzi zuen, Arakistain eta Zuzaeta karmeldarren idazlanak biltzen dituena. Baina gehiago dira artikulu modura argitara eman zituen testuak, Nafarroakoak eta XVIII-XIX. mendekoak batik bat, ASJU, Euskera, Fontes eta bertze aldizkari batzuetan, baita euskaltzainei egindako zenbait omenaldi liburutan ere ageri direnak. Kontuan izanik testu horien lekukotasun geografikoak, hala nola, Urdazubi, Baztan, Bertizarana, Bortzerriak, Bidasoa Beherea, Eguesibar, Txulapain, Itzarbeibar, Oltza, Olloibar, Iguzkitza, Goñerri, etab. direla, oso material interesgarria da Nafarroako euskara ikertu eta ezagutzeko. Iñaki Caminok orain dela urte pare bat argitaratutako Hego-nafarrera liburuan dio Ondarra euskaltzainaren ikerketak baliabide paregabea izan direla Goñerriko euskaraz fruitu gehiago lortu ahal izateko.

Euskaltzaindian izandako ardura

Hiru batzordetan aritu zen batik bat:

  • 1) Dialektologia. Batzorde honetan sarrera hitzaldia egin zuen urte beretik hasi eta hamabi urtez aritu zen; horietako hamarretan, 1981-1987 eta 1989-1993 bitartean, batzordeburu izan zen, eta bertze bitan, 1987-1989, buruorde. Batzorde arduraz gain Maileguzko hitz berrien azpibatzordean eta Lexiko Irizpideen Finkatze lanetan parte hartze zuzena izan zuen, baita Dialektologiarako Nafarroan egin ziren inkestetan ere. Hiztegia biltzeko zuen zaletasunaz jabetzeko aski da bere lanak ikustea, eta adierazgarria da 1965ean argitara eman zuen bere lehendabiziko lana Voces vascas de Bacaicoa izan zela eta 40 urteren buruan inprimategira eraman zuen azkenekoa lan hura osatua izan zela, oraingoan euskaraz emana, Bakaikuko euskal hitzak, esaerak etab. izenekoa, Fontes aldizkariaren 100. alean plazaratu berri dena.
  • 2) Gramatika. Batzorde honetako kide bertze hamabi urtez izan da, 1993an Dialektologiakoa utzi zuenetik bere azken egunak arte. Batzordeko idazkariak jakinarazi digunez, Patxi Ondarrak eginbehar guztiak zintzoki betetzeaz gain, oso gustuko zuen EGLUko materialetan gramatika-fenomeno bitxi samarrak aztertzen zirenean bereziki, berak prestatu eta argitara eman zituen Nafarroako hainbertze testutatik jaso zituen lekukotasunak proposatzea.
  • 3) Onomastika. Batzorde hau eratu baino bi urte lehenago, 1981ean osatu zen behin-behineko Herri Izendegia lantaldeko kide izan zen. 2001az geroztik, berak hala eskatuta, kide-aholkulari genuen. Atal honetan hurbilagotik ezagutu nuen, Euskaltzaindiko bileretarako joan-etorrietan gai honen inguruan aritzen baikinen solasean erregularki. Gustukoa zuen. Lekarozen egon zenean datu asko bildu zituen ongi miatu zuen Baztango udal artxiboan. Lan horren lekuko dugu, erraterako, 1984an argitara eman zuen "Apeo de Baztan", Baztango XVIII. mendeko etxe izenen dokumentua; eta artxibo hartan egin zuen lanaren lekuko izan nintzen neu orain dela hogei bat urte, tesia egiten ari nintzela jakin zuenean, Malerreka inguruko datuak bildurik zituen lauzpabost karpeta eman zizkidanean, eta berriro joan den uztailean, bere azken egunetan, Paskual Rekalderi eta bioi iritsarazi zigunean artxibo beretik hartuak zituen gainerako materialak, Baztango herriei dagozkienak batik bat.

    Erran beharrik ez dago zein zehatza zen, bai agirietatik hartzen zituen datuetan, bai bere mendi ibilaldietan entzuten zituen forma biziak jasotzean. Bere ustez oker jarriak ziren zenbait izenen salaketa egin zuen; erraterako, arkeologoek Abauntz izenarekin bataiatu zuten Arraizko kobazuloa Lamiñzulo zela zioen; Aralar mendian Atlantiko eta Mediterraneorako urak banantzen diren puntuan dagoen trikuharria, J. M. Barandiaranek, Ataungo ahoskeraren arabera, Argonitz izendatu zuena Arginaroz dela; eta Barandiaranek Mailarreta izenaz bataiatutako Arraiozko trikuharria, Baztango dokumentazioaren arabera Mairuilarrieta dela.

Patxi Ondarra euskaltzain nafarra

Nafarroan euskararen arrastoak aurkitzen aritzeak liluratzen zuen Patxi eta, gorago aipatu dugun bezala, euskalduna eta nafarra zen aldetik, euskaltzain izendatzean bere buruari jarri zion helburu nagusia Nafarroako euskalduntasun historikoa erakustea zen, non eta noiz hitz egiten zen eta nolakoa zen euskara hori, horren ondorioz euskara baturako behar ziren erabakiak hartzeko.

Aipatu ere egin dugu, azkeneko bospasei urteetan Euskaltzaindiko bileretarako joan-etorrietan ordu franko egin genituela elkarrekin eta egiaztatzen ahal dugu bere kezka nagusiak euskararen egungo egoera eta etorkizuna zirela, baina Nafarroako ikuspuntutik. Bertze modu batera errateko, bere kezkak euskara batua eta euskara Nafarroan ziren. Pertsona isila, hitz gutikoa baina zehatza, behar baino gehiago hitz bat ere egiten ez zuena, eta hitz bat bertzea baino altuago ere ahoskatzen ez zuena. Hala ere, ohi ez bezala, erabat asaldatua eta haserre bizian mintzatzen ikusi izan nuen pare bat aldiz. Behin, euskararen munduaren barrenetik batuari buruzko kritika gogorrak plazaratu ziren batean, hizkuntza berria, asmatua, artifiziala, Martekoa, etab. zela zioten zenbait adierazpen eta iritzi kritiko zirela eta; bertze batean, Nafarroan azkeneko 30-40 urte hauetan loratzen ari den hizkuntza itotzeko hartu ziren neurri gogorrak ikusita eta, bereziki, bertako hizkuntza propioari egunkarietako iritzi artikuluek erakusten zioten errespeturik ezak minduta.

Patxi Ondarra, izateko moduagatik, ez zen bere burua inola ere agerian jartzen zutenetakoa; hala ere, euskararekiko zuen kontzientzia eta konpromiso pertsonalak behin edo bertze bulkatu zuen nafar gizartearen aurrean aurpegia ematera. Lingua navarrorum inoiz ez zela nafarren hizkuntza izan, nafar batzuena baizik, eta Nafarroa, Euskal Herria eta Vasconia izenak nazionalisten asmakizun berriak bertzerik ez zirela zioten artikulu egileen aurrean agertu zuen bere iritzia. Datu zehatz eta ongi dokumentatuak emateaz gain, bazekien ironia puntu bat ere erabiltzen bere erantzunetan. Adibidez, horietako batean, Lingua navarrorum artikuluaren egileari "un incansable soldado de la pluma" deitzen dio, eta Nafarroa, Vasconia eta Euskal Herria izenez ari den batean, hainbat aipu historiko eman ondoren, erraten du bere azkeneko kontsulta bibliografikoa Nafarroako Kutxak 1990ean 11 aletan argitara emandako Gran Enciclopedia navarra obra izan zela eta aurkitutakoa ikusi ondoren iruzkin honekin ematen dio amaiera artikuluari: "Vasconia es un banco y Euskal Herria no tiene entrada: no ha existido nunca".

Patxi Ondarra, eroriko batek eragindako zaurien ondorioz, 2005eko uztailaren 30ean hil zen, euskaltzain oso zeneko 25 urte bete behar zituen bezperan, hain zuzen. Isil-isilik, bizi izan zen bezalaxe, eta, itxuraz, espero gabean joan zitzaigun. Berarentzat, ordea, azken ordu hori ez zen espero gabekoa eta bat-batekoa izan. Zendu zenean konturatu nintzen hilabete batzuk lehenagotik erabat jabetua zegoela bere amaieraren hurbiltasunaz, adierazgarriak izan baitziren bere bizitzaren hondarreko hilabeteetako bizpahiru detaile. Azkenaldian, Euskaltzaindiaren osoko bilkuretara joaten ez zenean, erregularki igortzen zidan bere ahala posta elektronikoaz, baina joan den ekainean, komentuko eritegira pasatu ondotik, Gema Iruñeko ordezkaritzako bulegariari deitu zion komentura joateko eskatuz. Niri zuzendutako eskutitz azalaren barruko kuartilla tamainuko paperak zera zioen "Andres Iñigori beti nire ahala". Sinatua P. Ondarra. Uztailean gisa bereko deia jaso zuen Gemak. Azken honetan lehen aipatu dudan Baztango artxiboan jasotako materialaren zenbait karpeta Paskual Rekalderi eta niri emateko izan zen. Oraindik adierazgarriagoa kaputxinoek bere gelan aurkitu zuten paper bat, eritegira pasatu aurretik, ematen duenez martxoan edo apirilean idatzia, non gorago aipatu bezala, zehatz-mehatz adierazten zuen zer lan zituen eginak edo amaitzeko puntuan, bere gelako zein karpeta eta apaletan zegoen horietako bakoitza, eta zein pasahitz edo klaberi emanda aurkitzen ahal ziren bere gelako ordenagailuan. Argi adierazi nahi izan zuen nonbait, depresioak jota komentuko eritegian sartu zenean ez zuela bere burua gai ikusten ez Euskaltzaindiko bilkuretara etortzeko, ez lanean segitzeko. Nolabait errateko, testamentu baten modura utzi zuen idatzirik esku artean zituen lan eta arduren berri.

Lehenago aipatu dugu euskaltzain izendatu berri hartan, euskalduna eta nafarra zen aldetik, zertan saiatu nahi zuen argi eta garbi adierazi zuela. 25 urteen buruan, bere bizitzaren helmugan, Patxi Ondarra langile nekaezinak uzta oparoa utzi dio euskarari eta Nafarroari. Uzta baliagarria Euskaltzaindiaren lanetarako eta kultura ekarpen interesgarria Nafarroarako, bai historiaurreko megalitika aurkikuntzengatik, bai paper zahar ezkutatuetatik aterata ezagutzera eman dituen bertako hizkuntzaren ezaugarriengatik. Espero dezagun merezimendu horiek balioztatuak ikustea eta espero dezagun, halaber, Nafarroako Entziklopedia hori berrargitaratzen denean, Vasconia eta Euskal Herria izenen sarrerak agertzea, eta hauek agertuko ez balira ere, Ondarra Erdozia, Patxi sarrera berria ikustea, Nafarroaren alde egin duen lanaren errekonozimenduaren seinale.


(ANDRES IÑIGO ARIZTEGI euskaltzaina, Euskaltzaindiaren Jagon sailburu eta Nafarroako ordezkaria da)

Oin-oharrak

(1) Informazio hau eta bertze zenbait datu eskura jarri dizkigun Tarsicio Azcona kaputxinoari eskerrak eman nahi dizkiogu.

Gai honi buruz erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)

Andres Iñigok erabili.com-en argitaratuak (ikusteko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus