Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Goiz Erdi Aroa, Berant Erdi Aroa

Goiz Erdi Aroa, Berant Erdi Aroa

2006-02-22 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Euskal idazle eta irakurle gehienek ez dute agian hitz hauen berri, baina hedatuz doaz, antza, hainbat historialariren artean. Azken bolada honetan bi lagunek komentatu didate oso joskera aldrebesekoak iruditzen zaizkiela. Eta egia esan, ez dago euskararen aldetik ez bata ez bestea zuritzerik.

Has gaitezen berant-ekin. Egia da badirela euskaraz berantarbi, berantardi, berantaro, beranteuri eta besteren bat. Baina bazter hitzak dira nolarebait, hots, Orotariko Euskal Hiztegian ikus daitekeenez, euskara idatzian ia erabili ez direnak. Gainera, berantarbi eta kidekoek ez dute Berant Erdi Aro zilegiztatzen, honetan hitz elkartu bati josten zaiolako delako berant hori, eta jauzi analogiko hori ez da zilegi, gerra aurrean hainbat idazlek saiatu zuten beste jauzi hura, zubi azpian normaletik zubi zahar azpian-erakoa, esaterako, zilegi ez zen bezalaxe. Bestalde, berant eta berantiar izenondoak ongi dokumentatuak daude tradizioan, eta jasotzen ditu Hiztegi Batuak. Horren arabera Erdi Aro Beranta edo Erdi Aro berantiarra da euskarak eskatzen duen joskera.

Gainera berant-ek goiz behar du bikotea osatzeko, eta Goiz Erdi Aroa are desegokiagoa gertatzen da. Izan ere, goiz argi, goiz meza eta abarretako goiz horrek "goizekoa" esan nahi du, ez "goiztiarra". Hortaz, Goiz Erdi Aro, joskera gaiztoa gorabehera, Goizeko Erdi Aro-ren kide izango litzateke. Esan nahi duguna esateko modu bakarra goiztiar izenondoak eskaintzen digu, eta belarrian min egiten ez duen joskera bakarra Erdi Aro Goiztiarra da.

Kontuari beste alde batetik begiraturik, badirudi Goiz eta Berant Erdi Aro horiek, analogiaz-edo sortu nahi izan direla, goi, behe, kanpo, barne eta kidekoek osatzen duten sailean goiz eta berant txertatzen saiatuz. Baina lehenengoak izenak dira, izen elkarketaren lehen osagai gisa mende bat baino gehiagoko tradizioa dutenak; goiz, aldiz, adizlaguna da, eta berant adizlaguna eta izenondoa, eta, hortaz, besteen sailean ezin txertatuzkoak dira. Horregatik onartzen ditugu normal-normal barne ministroa edo goi eskola bezalakoak, baina sentitzen dugu halako ezinegona Goiz Erdi Aroa eta Berant Erdi Aroa entzutean.

Bukatzeko, ez dut Goi Erdi Aroa eta Behe Erdi Aroa baztertzeko arrazoirik ikusten. Ongi eratuak daude, eta tradizio sendo batean txertatzen dira. Bestalde, ez dira espainolezko Alta/Baja Edad Media-ren morroiak: izendatze horiek frantsesezkoak ere badira -Haut/Bas Moyen Âge-; eta Goi Erdi Aroa-ren kideak ingelesez eta alemanez ere erabiltzen dira.

Nolanahi ere, ez du horrek esan nahi ingelesezko The Early/Late Middle Ages-en ordainik ez dugula behar euskaraz. Baina early/late ingeles adjektibo horiei kideko euskal adjektiboak egokiarazi behar dizkiegu, hots, goiztiar eta berantiar. Eta bide beretik eratu behar ditugu, noski, erromantizismo berantiarra eta kidekoak.


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
Beste ikuspegi bat
2006-03-01 / 12:00 / Asier Larrinaga Larrazabal

Gogoan dut EIMA programaren Onomastika batzordeñoa osatzen genuenok zelan hobetsi genituen «Goiz Erdi Aroa» eta «Berant Erdi Aroa» deiturak. Labur-labur azaldu nahi nuke, deituroi begiratzeko beste ikuspegi bat ematearren.

Aro historikoen zerrendari heldu genionean, argitaletxeek «Goiz Erdi Aroa» eta «Berant Erdi Aroa» mahaigaineratu zituzten, biak bide luzea eginak Historiaren gaineko euskarazko testuetan. Batzordeñoan «goiz» / «berant» bikotea soluzio egokia iruditu zitzaigun Historiako aldien barruan bereizketak egiteko, adibidez, «Berant Antzinaroa», beste hizkuntza batzuetan «Antigüedad Tardía», «Antiquité Tardive» eta «Late Antiquity» esaten dena.

Arazoa kronologikoa da, eta iduri du, hartara, «goiz» / «berant» bikotea zentzuzkoagoa dela «goi» / «behe» baino. «Goi Erdi Aroa» eta «Behe Erdi Aroa» ez dira elkarte okerrak, baina «goi» eta «behe» osagaiek ez dute berez denboraren berri ematen, tokiaren berri baizik. Historiaurreari buruz ari bagara, ordea, egoki da «goi» / «behe» bikotea, aldiak bereizteko geruzetan duten tokia baliatzen baita: «Behe Paleolitoa» beherago, sakonago, dago geruzetan «Goi Paleolitoa» baino. Jakina, sistema honen arabera, «behe» diren aldiak zaharragoak dira, eta «goi» direnak berriagoak; hain zuzen, alderantziz izango litzateke, «Goi Erdi Aroa» eta «Behe Erdi Aroa» esanez gero.

Morfosintaxiari dagokionez, euskaraz ez daude behar beste aztertuta «izenondoa + izena» erako elkarketak, baina bai nahikoa dokumentaturik: «laburbide», «luzorga», «mehe-egun»... «Berant» eta «goiz» ere dokumentaturik daude mugatzaile gisa testu honetan ari garen adierarekin, Hiztegi Batuan egiazta dezakegun bezala.

Nire iritziz, hortik aurreko ardurak gustu kontua dira. Niri, esaterako, ez zait gustatzen «barne-ministroa», morfologikoki hain txukuna dena, baina esanguraren aldetik nondik heldu ez daukana. Hain da erabilgarria, ordea! Hizkuntzak daukan baliabide bat ustiatzea edo ez ustiatzea ere, gustu kontua da. Euskaraz «izenondoa + izena» elkarketa aukera bat da hitz-sorkuntzan, eta «ederlan» eta «ondamu» eratu zutenek beraz baliatu bide ziren.

Nire ikuspegitik, ez dago alderik «Behe Erdi Aroa» eta «Berant Erdi Aroa» deituren artean, erabideari dagokionez. Bietan dugu oinarri bera, «Erdi Aroa», hitz elkartua dena. Berrelkarketa debeku bada, bietan izango da. Nik, ostera, esango nuke lexikalizaturiko unitateetan berrelkarketa ez dela debeku. Alegia, erabiltzailearentzat «Erdi Aroa» ez da prozedura morfologiko edo sintaktikoren baten behin-behineko emaitza, «zubi zahar» kate sintaktikoa den bezala. «Sagar» edo beste edozein izen bezain unitate finkoa eta bereizezina da.

Azkenik, uste dut «goiz» elkarketa-mugatzaileak puntu bat gehiago duela bere alde «goiztiar» izenondoarekin konparatuta (gauza bera diot bakoitzaren hitz osagarriari buruz). Mugatzailea erreferentzial hutsa da. «Goiztiar» eta «berantiar» izenondoak, berriz, konnotatiboak dira; burura ekartzen digute (BEHAR BAINO lehenAGO / geroAGO) esangura. Nik, aukeran, jakintza baten terminologiarako elementu konnotatiboak –edo konnotatiboagoak– baztertu egingo nituzke.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus