Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Komunitateak eta mankomunitateak

Komunitateak eta mankomunitateak

2006-02-01 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Xabier Mendiguren Elizegiren desadostasun mezua, "Autonomia Erkidego" esapidea dela eta, osasungarria iruditzen zait batez ere; Hegoaldean mankomunitate delakoak duen arrakasta, aldiz, kezkagarria; eta kezkagarria Xabierrena osasungarria iruditzen zaidan arrazoi berberengatik.

Xabierrek eskubide osoa du "Euskal Komunitate Autonomoa" erabiltzeko. Eta Euskaltzaindiaren arauarekiko desadostasuna, arrazoitua denez gero, eta ez zabarkeriaren ondorioa, osasungarria iruditzen zait, bai Euskara Batuarentzat eta baita Euskaltzaindiarentzat ere. Euskaltzaindiak ezin du beti asmatu –dohain hori, antza, Aita Santuak baino ez du– eta ezer gutxi laguntzen diote bere zereginean amatxo arazo-konpontzailetzat hartzen dutenen jarrera akritikoek. Arrazoibideak behar ditu proposamenak aldatzeko nahiz atxikitzeko. Nire ustez Xabierrek ez du arrazoirik Komunitate Autonomoaren puntu horretan –ezta autonomia/autonomo puntuan ere, erabat behintzat–, baina hori, jakina, beste kontu bat da.

Euskaraz ongi egiteko ez dago alemanez jakin beharrik. Ezta espainolez jakin beharrik ere; hala behar luke, bederen. Euskaraz ongi egiteko ez dago alemanez jakin beharrik. Baina komeni da, espainolaren uholdeari aurre egiteko, inguruko beste hizkuntzetan zer hitz erabiltzen dituzten ikustea, espainol hutsezkoak eta frantses hutsezkoak markatzeko eta saihesten ahalegintzeko. Hala jokatu du bederen Euskaltzaindiak Hiztegi Batua moldatzean, Hitzaurrean ikus daitekeenez. Eta kontua ez da "amatxo Euskaltzaindia"ri begira egotea. Nork bere erantzukizuna hartu behar du uholde horren aurrean. Bat nator ezin direla euskal idazleak erdarakada salaketen atergabeko presiopean aritu. Baina nolanahi ere badaude jarrerak ezin ulertu ditudanak.

Esaterako, mankomunitate-ren arrakasta. Nolatan pentsatu dute Hegoaldeko udaletako euskara teknikariek, inongo zalantzarik gabe antza denez, gaztelaniazko mancomunidad-en euskal ordainak mankomunitate behar duela izan? Nolatan ez zaio teknikari horietako bakar bati ere burutik pasatu, delako mancomunidad hori, agian, espainolaren kontu bat besterik ez dela? Ez al dakite badela Euskaltzaindiaren gomendio bat hori egiaztatzea bederen eskatzen diena?

Izan ere, mancomunidad ez da espainolaren kontu bat besterik: ez dago horrelakorik frantsesez, ez ingelesez; eta ez dator latinetik: mano-tik sortua da, de mancomún esapidearen bitartez. Bestalde, mancomunidad ez da inoiz hitz teknikoa izan; gaur egun ere esanahi lausoa du berez: esaterako, mancomunidad nahiz mancomunidad de municipios erabiltzen dira espainolez gauza bera izendatzeko. Frantsesez union, association erabili ohi dute, eta ingelesez community, association, zer elkarte mota den.

Frantzian ere badaude "mankomunitateak". Orobat Ipar Euskal Herrian, Donibane Lohitzunen eskualdean eratu berri dena, adibidez, Herria astekariak hainbatetan aipatu duena azken azaro-abenduetan. Eta ez dute euskal teknikaririk behar izan "mankomunitate" horiek herri erkidego –erkidego, Xabier– izendatzeko. Inoiz edo behin herri elkarte ere ikusi dut Herrian; baina Hegoaldean beste elkarte batzuetarako erabiltzen dugu hori. Herri elkarte-ren ildotik udal elkarte ez-anbiguoa ere proposa daiteke, baina uste dut zentzuzkoagoa dela dagoen esapide txukuna bultzatzea beste bat "hobea" asmatzen hastea baino. Gainera herri erkidego-k Iparraldeko eta Hegoaldeko terminologia batuko luke puntu honetan, eta hori ez da kontu baztergarria. Zeren Euskal Herri batua delakoa ez da eslogan erretoriko huts bat, ezta?


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
Herri elkargo
2006-02-01 / 08:45 / xme

Ipar Euskal Herriko zer berri horretarako "herri elkargo" darabiltela esan zidan Eneko Bidegainek. Ez dakit zuzen edo oker.


(XABIER MENDIGUREN ELIZEGI idazlea eta ELKARLANEAN argitaletxeko editorea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus