Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)

Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)

2006-01-27 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal - EiTB   HIZKUNTZA

Bikoizketarako itzultzen denean, sarritan ez da hitzez hitz jardun behar. Jatorrizko ikusleari belarrian oihartzun berezia egiten dioten erreferentziak ez genituzke beste barik eman behar euskaraz; euskaldun ikusleari ere nolabaiteko oihartzuna egitea lortu beharko genuke bikoizketaren bidez. Oraingo orri honetan aztertu ditugun hiru gaiak hitzez hitz itzuli behar ez diren erreferentzia horietakoak dira: euskal bertsioa duten testuak; adostasunik eza adierazteko hizkuntza-baliabideak; iragarkien testu-osagaiak.

Erdaretatik euskarara

Erdaretatik euskarara

Itzulpenak eta bertsioak

Filmetan eta telesailetan hainbeste bider azaltzen dira hizkuntzatik hizkuntzara bertsio estandarrak dauzkaten testuak: kantak, otoitzak, aipuak...


ADIBIDEA:


Apaiza: -And now let us rise and each hold a light against the darkness. A tiny ray of hope.
Herria: -Oh come, all ye faithful, joyful and triumphant, oh, come ye, oh come ye, to Bethlehem. [ ... ]

(Eguberriko lapurreta)

Euskaraz emateko, euskaraz finkatu diren bertsioak erabiliko ditugu. Film horretan, adibidez, "Zatozte, kristauak, bihotza pozturik [ ... ]" hitz ezagunak erabili ziren eliztarren kantua azpidazteko.

Batzuetan ez da hain erraza izaten kantu, otoitz edo dena delakoaren euskarazko bertsio "finkatua" aurkitzea. Beste batzuetan euskarazko bertsio bat baino gehiago egongo da. Biblia, esate baterako, hainbeste bider euskaratu da. Bikoizketan, beraz, Elizen arteko Biblia erabiliko dugu erreferentzia nagusi moduan.

National Geographic produkzio-etxeak eginiko dokumental honetan, adibidez, Job 39, 18 txatala erabili dute.


ADIBIDEA


Narrat.: -Antzina, errege-erreginek hegazti honen lumez apaindu ohi zuten burua. Arrautzak, berriz, zilar eta urretan bilduta, kopa gisa erabili ohi zituzten. Eta hegazti handi honen abiadurak Biblian aipamena merezi izan zuen.*
Aipua: Ostrukak, jaiki eta lasterka oldartzen denean, barre egiten die zaldiari eta zaldunari.

(Lurralde Santuko mundu galdua)

Inoiz, euskal bertsioan moldaketaren bat egin behar izaten da, jatorrizko gidoiari guztiz egokitzen ez bazaio. Internazionalaren euskarazko bertsioak, kasurako, "langile tristea" dio, baina Mutil-lagun bulgariarrak filmean ez zen erabat ondo egokitzen.


ADIBIDEA


Daniel: -Estos canapés son finísimos, pero creo que debías haber sacado algo más contundente para el hambre de estos mocetones...
Gildo: -Sí, mucha hambre. Por aquello de la "famélica legión"... ¿Sabéis cantar La internacional? Sí, chicos, La internacional... "¡Arriba, parias de la tierra! ¡En pie, famélica legión!...".

(Los novios búlgaros)


Daniel: Zure kanapeak fin-finak dira, baina morrosko hauek betetzeko, jateko sendoagoa prestatu behar zenuen...
Gildo: Bai, gose dira. Harako "langile gose" haietakoak izango dira... Internazionala kantatuko dugu! Jaitsi musika!... "Zutik, lurrean kondenatu zaren langile gosea!...".

(Mutil-lagun bulgariarrak)

Hizkuntza gaiak

Zelan adierazi adostasunik eza, ez sinestea

Emozioak adierazteko baliabideei buruz egin genuen sarrera orokorrean esanda dago baliabideok hiru eratakoak direla: hotsak, interjekzioak eta esaldi klitxetuak. Denak erabiltzen ditugu elkarrizketetan, ados ez gaudela edo sinesten ez dugula agertzeko.

  • Hotsak

    bu, ba, pf, fa, ka, et, et, et.


ADIBIDEA


Tratul.: -Prezio onean utziko dizut zaldi gazte hau.
Baserr.: -Bu! Bi hagin zahar ere badauzka eta!

  • Interjekzioak

IronikoakIronia, hitzei eurei baino gehiago, esateko moduari dario. Zerrenda honetan, beraz, beste mila interjekzio jaso litezke.
bai, bai
hola
kontuizu
eta nik sinistu
harako bestea
Barregarriakperretxiko zaharra
ezti frijitua
Gordinakbai, putza
txakurraren flauta
txakurraren bibolina
txakurraren buztana
sartuiozu amonari
Besteakbai, zera
bai, zotza
bai, bost
baita zera ere
esatea ere


ADIBIDEA


Periko: -Nire auto berriak larruzko eserlekuak ditu.
Juaniko: -Hola!
Periko: -Egia da-eta! Larruzkoak!
Juaniko: -Eta nik sinistu!


ADIBIDEA

Julia: -Nik asko maite ditut txiroak, eta Eguberri egunean bost jesartzen ditut nire mahaira.
Mari: -Esatea ere!

  • Esaldi klitxetuak
    • Zer ... [ izena ] ... eta zer porru!
      Zer ... [ izena ] ... eta zer zorri beltz!
    • Zer ... [ izena ] ... eta zer ... [ izena ] ... oste!
      Zer ... [ izena ] ... eta zer ... [ izena ] ... ondo!
    • Egon hadi horretan!
      Zaude zu horretan!
      Zaude hori pentsatzen!
    • Ez, ... [ aditza ] ... barik!
      Ez, ... [ aditza ] ... gabe!
    • Ederra bota duk!
      Ederra horixe!
      Ederra zaude!
    • Leku onean!
      Ordu onean!


ADIBIDEA


Sorgina: -Ispilua! Badago erreinuan ni baino emakume ederragorik? Ez naiz, ba, ederretan ederrena?
Ispilua: -Zaude zu horretan! Edurnezuri mila bider politagoa da.


ADIBIDEA


Felix: -Zertan ari haiz, asto hori?
Trifon: -Lo egon haiz eta...
Felix: -Ez nauk lo egon!
Trifon: -Ez, egon barik...!

Hizkerak

"Descubre"

Telebistako iragarki askotan, testua zabaltzeko edo ixteko esaldia "descubre X" erakoa izaten da.

  • Ven a Universal Mediterránea y descubre el primer gran resort de la diversión.

Aginteraren helburua teleikuslea mugiaraztea da, zerbait egitera bultzatzea, akuilatzea. Eta, beste alde batetik, "descubrir" aditzak teleikuslearen parte-hartze aktiboa eskatzen du. Produktua ez zaio aurkezten –pasiboa–, ez zaio begien aurrean ipintzen; teleikusleak berak joan behar du bila.

Esanguraren aldetik, gainera, ikusleari "descubre" esaten zaionean, "kontura zaitez", "jabe zaitez" ere esaten zaio.

Euskaraz "aurkitu" aditza erabil daiteke. Ez du biltzen "konturatu", "jabetu" aditzen esangura, baina, osterantzean, nahiko ondo egokitzen da.

  • Zatoz Universal Mediterranea-ra, eta aurkitu oporlekurik dibertigarriena.

Beste aditz batzuk ere oso ondo egokitzen dira, eta ez dago zertan uko egin.

  • Descubre la nueva gama Peugeot 206, desde sólo 9.200 euros.
    • Ezagutu Peugeot 206aren gama berria, 9.200 eurotik hasita.
  • Ven y descubre la nueva gama Opel de motores diesel CDTI, en la red Opel.
    • Zatoz eta ikusi Opelen gama berriko CDTI diesel motorrak, Opel sarean.
  • Descubre los nuevos Sveltess de frutas. Nuestra mejor fruta con cremoso yoghourt.
    • Proba itzazu frutadun Sveltess berriak. Gure frutarik onena jogurt krematsuarekin.

Inoiz, formula aldatuz gero, euskaraz ordain hobea asma daiteke.

  • Descubre los nuevo Buguis de Oscar Mayer. Carambolas rellenas de tomate o queso.
    • Hona hemen Oscar Mayerren Bugui berriak. Tomatez edo gaztaz beteriko karanbolak.
  • Descubre el Defender Radiocontrol. Con dos potentes motores y control total.
    • Defender Irrati-kontrola! Motor indartsu bi ditu, eta erabateko kontrola.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

Inprimatu

  • Txosten hau ETBko eta Mixerreko euskara arduradunek elkarlanean eginikoa da eta erabili.com-ek argitaratu du edonoren ekarpenak jasotzeko. Beraz, hementxe duzu aukera, irakurle, euskaldun guztion etxeetara iristen den Euskal Telebistaren hizkuntza irizpideetan zure aletxoa jartzeko. Zure ekarpena gaur-biharko euskaldun guztion mesederako izango da, zuretzat eta zure ingurukoentzat ere bai.

Orain arte argitaratuak

  1. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
  2. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
  3. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
  4. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
  5. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
  6. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
  7. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
  8. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
  9. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
  10. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
  11. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus