Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Software librea eta euskararen herria

Software librea eta euskararen herria

2006-01-20 / 07:00 / Iratxe Esnaola Arribillaga   INFORMATIKA

Softwaregintzak eta, oro har, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek (IKT) egungo gizartea aztoratzen jarraitzen dute: Informazioaren Gizartea. Kode irekiaren garaia, bizi omen garena. Bizi behar duguna. Eta kode irekiaren garaia, biziko garena.

Gartner-eko adituek diotenez [http://www.gartner.com], "2010 urterako erakunde guztietan software katalogoaren gehiengoa kode irekiko produktuetan oinarrituko da". Software libreak, ezbairik gabe, teknologia berrien trenbide sarean galdu ezinezko geltokiak eraiki ditu hizkuntza gutxiagotuentzat. Galdu ezin diren, ditugun aukerak. Ezinbestekoa zaigun askatasuna bermatzen du. Software libreak ateak zabalik ditu euskararentzat, sartzeko eta irtetzeko, deus ordaindu eta inori inolako baimenik eskatu gabe. Informazioaren kapitalismoan software librea iraultza da!. Software librea askatasuna da!. Askatasuna erabiltzeko, kopiak egiteko, beste hizkuntzetara itzultzeko, kodea aztertu, hobetu, eman, hartu eta zabaltzeko. Librea = askea. Eta software librea elkartasuna ere bada!.

Oinarrizko kontzeptuak

Softwarea programa informatiko bat da. Eta programa informatikoa agindu multzo bat. Agindu multzo horri iturburu-kodea esaten zaio. Programa garatzen duenak iturburu-kodea babesteko neurriak hartzen baditu, kode jabedunaz ari gara: software jabeduna. Iturburu-kodea irekia bada berriz, egileak bere eskubideei eta horren kontura aberasteko aukerei uko egiten die: software librea. Bi kontzeptu ezberdin, bi lankidetza eredu, bi garapen filosofia:

Baga, Software jabeduna. Mugak ezartzen ditu: lizentzien kostua, muga teknikoak [programaren iturburu-kodea ezin aztertu eta aldatzea, kasu] eta enpresa ezberdinek garatutako programen arteko bateragarritasun eza [formatu irekiak ez eraibiltzeak eta estandarrak ez betetzeak programen eta sistemen arteko elkar ezin ulertua dakar], besteak beste. Honek programa saldu digun enpresaren menpean jartzen gaitu: informazioaren kapitalismoa. Produktua saldu, eta erosi egiten gaituzte gu: beraiengana jo behar dugu edozein arazo edo hobekuntza dela, beraien zain bertsio berri bat kaleratu arte; edota inbertsio ikaragarriak egin beste hizkuntza batetara itzuli nahi badugu. Kode itxiko software ezagun eta hedatuenetakoak Microsoft Windows sistema eragilea, bulegoko lanetarako Microsoft Office paketea [Word, Excel, Power Point, etb.] eta Internet Explorer nabigatzailea dira.

Biga, Software librea. Erabiltzaileon askatasuna du harroin. Kode librea oinarri. Eskuragarri dugu. Guztiok ikus dezakegu iturburu-kodea. Aldatu, hobetu. Eta hobekuntza hauek guztiak publiko egin, behar dituenarentzat libre, aske mantenduz: sormena bizkortuz. Inork ezin du kolaborazio prozesua itxi: garapenak ez du mugarik. Lankidetza eredu honekin sortuak dira Linux sistema eragilea eta bere banaketarako pakete ezberdinak [Mandrake 8.2-ren euskarazko bertsioa UEUren euskarazko software katalogoan: http://softkat.ueu.org/], bulegoko lanetarako aplikazioak biltzen dituen openOffice paketea [euskarazko bertsioa: http://softkat.ueu.org/] eta Firefox nabigatzailea [euskarazko bertsioa: http://www.librezale.org/mozilla/] .

"Software librea etorkizuna da. Jabeduna baino fidagarriagoa: kodea irekia da, eta edonork bila ditzake akatsak" [Paul Graham. http://www.paulgraham.com]. Baina software librea kodea irekia baino gehiago da: elkarlana eta kooperazioa. Lankidetza eredua da. Askatasunean elkar trukerako espazio komun eta kolektibo bat sortzen duen lankidetza eredua. Langileria mailako tresna kolektiboa. Eta are gehiago: software librearen borrokak dimentsio politikoa du, eta ekonomikoa. Informazioaren kapitalismoan, ezkertiarron aukera bakarra da: kobre zaporeko matxinada, isila. Software librea tokian tokiko errealitate eta hizkuntzetara moldagarria da. Berebiziko aukera herri eta hizkuntza gutxiagotuen garapenerako. Eta aukera hau ez galtzea, hein handi batean, hezkuntzaren eta administrazio eta instituzioen erantzunkizuna da.

Software Librea Administrazioan eta Instituzioetan

Administrazio publikoa IKT hornitzaileen bezerorik desiratuena da. Diru-sarrerarik erakargarriena. Irrikatuena, borrokatuena. Administrazioak teknologia mota bat edo bestea erabiltzea, herrialdearen industriaren aldaketa eragin dezakeen erabakia da. Software librearen pixkanakako ezartzeak ondorio, emaitza garrantzitsuak ekarriko lituzke. Ezarri beharreko softwarea librea izaki, garapena tokian tokikoa izango litzateke, sare ekonomiko lokal potentea sortuz, atzerriko edo bestelako enpresen txontxongilo izan gabe. Honek Euskararen Herriko ezagutza teknologikoko sare sozialaren indartzea, sendotzea ekarriko luke!. Software librea da informazioaren kapitalismoari aurre egiteko ezkertiarron arma eraginkor bakarra. Euskararen Herrian errealitate administratiboak lausotzen duen erronka, software libreak argitzen digu: tresna kolektibotik haratago, egungo egoera politikoak ezarritako mugak teknologikoki gainditzeko aukera eskaintzen digu. Frantziar Estatuko administrazioan teknologia sustatzeko agentzia ofizial bat eratu zuten, bi lan-ildo nagusirekin: estandarrak eta software librea. Espainiar Estatuan abian dira iniziatiba eredugarriak: Extremaduran eta Andaluzian. Orain Euskararen Herriaren momentua da. Orain da garaia, lehenago ez bazen. Administrazioan euskarazko software librearen aldeko mugimendua ezinbestekoa da!, benetako bultzada, jarrera estetikoetatik at.

Software librea hezkuntzan

Hezkuntza mundua izango da, oro har, software librean oinarritutako teknologiak ezartzen lehena. Formazioa beharrezkoa da erabiltzaileak sortzeko. Beharrezkoa garapenerako. Eta elkarlanean egin behar dute lan: eskola, ikastola, ikastetxe, unibertsitate eta gainerakoek. Hizkuntza aniztasunerako teknologiak sortu behar ditugu, euskaratik abiatuz. Unibertsitate ezberdinek apustu estrategikoak abiarazi dituzte, Asturias eta Herrialde Katalanetan, esaterako. Euskararen Herrian ere baditugu adibideak, baina unibertsitateek, publiko zein pribatuek, eta oro har, hezkuntza-sistemak, erantzunkizunak hartzen hasteko garaia du: askatasunean eta elkarlanean oinarritutako euskal hezkuntza-eredu euskalduna garatzeko beharrezkoa baita software librea.

Software librea eta jendartea, gu

Guztiok profitatu behar ditugu software librearen aukerak, gure erara, gure iraultza partikularrean. Ahal eta nahi dutenek garapenean lagunduz; animatzen diren erabiltzaileek Linux sistema eragilea instalatuz; eta gainontzekoek, ahal duten neurrian, kode itxiko programarik aurruntenak software librekoez ordezkatuz, Windows edo dena delako sistema eragilearen gainean: ofimatikarako openOffice paketea [http://softkat.ueu.org/] eta Firefox nabigatzailea [http://www.librezale.org/mozilla/]. Tresna libreak eta dokumentazioa lortzeko interesgarriak dira http://softkat.ueu.org, http://www.librezale.org eta http://www.euskalgnu.org webguneak.

Teknologia berrien uretan naufragoak gara gu, euskaldunok. Eta software librearen olatu alternatiboak askatasun aukerak urazalaratzen dizkigu: hizkuntza gutxiagotuen normalizazioan laguntzen du, gainontzeko hizkuntzen maila berean kokatuz, eta egoera diglosikoei aurre eginez; monopolioak deuseztatu nahi ditu; hornitzaileekiko independentzia bultzatzen du; eta elkartasun urez aske aurrera doa. Olatua hor dago, gu noiz igoko zain. Busti, ausartu.


(IRATXE ESNAOLA ARRIBILLAGA Informatikan ingeniaria da)


Gai honi buruz erabili.com-en argitaratuak
(irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

 
Estrategia orokorra behar da
2006-01-22 / 17:23 / Sergio Monge

Zurekin erabat adoz egotea gustatuko litzaidakeen arren, ni kontu handiz ibiliko nitzateke baieztapen batzuk egiten. Bai, argi dago software librea aukera eta tresna hobezina dela, bai hizkuntza gutxiagotuentzat, bai herrialde atzerritarren atzapar ekonomikoen menpean erori nahi ez dutenentzat.

Baina software librearen estrategia ez dator arazorik gabe. Momentu honetan ez daude aplikazioak edozein helbururako eta, sarritan, daudenak ez dira heltzen jabedunen mailaraino. Noski, Mozilla Firefox Internet Explorer baino mila aldiz hobea da eta OpenOffice, Microsoft Office-rekin konpatibilititate mugatua badauka ere, nahiko txukun konpondu ditzake erabiltzaile arruntaren premiak. Baina ez daude aplikazio egokiak helburu ezpezifikoagoetarako.

Administrazioa software librearen estrategian bete-betean sartuko balitz, aplikazio propio eginda sortuko lituzke bere beharrak asetzeko. Baina gure administrazioak ezin ditu aplikazio guztiak garatu. Software librearen estrategiak Metcalferen legeari jarraitzen dio: zenbat eta software libreren aldeko erakunde gehiago, hainbat eta arrakatatsuagoa izango da estrategia hau. Herrialde guztien administrazioak software librea garatzen egongo balira, seguruenez edozein gauza egiteko software aproposa egongo litzateke. Baina estatu mailan errealitatea da, Extremadura izan ezik, administrazioen artean ez dagoela software librearen aldeko benetako ekimenik. Beraz, software librearen estrategia, interesgarria bada ere, ez dator arriskurik gabe.

Beste aldetik, gure administrazioetik software librea ez da behar bezala bultzatzen. Open Office euskaratuta edukita, lelokeri sinestezinak egiten ditu Eusko Jaurlaritzak (http://www.cybereuskadi.com/articulos/n0002000.htm). Baina hori beste kontu bat da.

Software librearen estrategiak eraginkorra izan nahi badu, estrategia orokorra bezala martxan jarri behar da. Eta horrelako apustuak bere arriskua dakar, software jabeduna normalean aurreratuagoa, eragingorragoa eta potenteagoa izaten delako. Inork ez du nahi atzean geratu IKTei garrantzia hain handia ematen dien mundu honetan. Denak dauka bere alde ona eta bere alde txarra, software libreak barne.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus