Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Lekuona euskal poeta sakona gogoan

Lekuona euskal poeta sakona gogoan

2005-12-06 / 07:00 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Juan Mari Lekuonaren heriotzean Euskaltzaindian adiskide eta kide zituen lau euskaltzainek dolumin adierazpenak egin dituzte.

Juan Mari Lekuonaren hileta elizkizuna gaur (2005-12-06), arratsaldeko 19:00etan izango da bere jaioterriko, Oihartzungo, San Esteban parrokian.

Andres Urrutia: Euskarari poetikotasun berria eman zion

"Astelehen goiz honetan (2005-12-05) jakin dut Juan Mari Lekuona hil dela. Berehala etorri zaizkit gogora hark ondutako lanak eta ahaleginak. Izan ere, Juan Mari Lekuona gerra osteko belaunaldi euskaltzalearen partaide da. Belaunaldi horrek bateratu egin behar izan zituen, urte latz eta gordinetan, euskaltzaletasun teorikoa eta praktikoa. Idazle eta olerkari ez ezik, unibertsitateko irakasle eta euskaltzain oso izan da Juan Mari Lekuona. Osaba Manuel Lekuonaren lorratzari jarraituz, Juan Marik asmatu zuen euskarari poetikotasun berria ematea, betidanik euskarak izan duen tradizio poetikoan oinarritua eta mamitua. Haratago ere joan da eta haren Ahozko Euskal Literatura gida-liburu nagusi izan dugu askok. Zer esanik ez, haren jokabide instituzionala azpimarratzekoa da, batez ere, Euskaltzaindian izan dituen ardura handiko zereginen ikuspegitik; hartara, buruorde (19891996) eta Gipuzkoako ordezkari (19892005) izan da, gaur egun Literatura Batzordearen ohorezko buru ere bazela".

Ana Toledo: Portaera etikoak gobernatutako bizitza

Beste guztiaren gainetik, portaera etikoak bideratu zuen Juan Mari Lekuonaren bizitza, Ana Toledo euskaltzain eta Gipuzkoako ordezkariaren ustez: "Giza harremanetan eta bere obran, etika izan zen nagusia".

Toledoren esanetan, Juan Mari Lekuonaren obran bereizi genezake Lekuona herri literaturaren aztertzaile eta Lekuona poeta. "Aztertzaileari, -esan du Toledok- Unibertsitatearen geletara, herri-literaturaren azterketa eramatea egokitu zitzaion. 1960an, Deustuko Unibertsitateak Euskal Filologian lizentziatura jarri zuen, eta hara joan zen irakastera. Azterketa horietan erakusten duen portaera etikoa zorroztasunaz beterik dago, zorroztasunarekin berarekin uztartu zuen". Hala bada, portaera etiko horrek bultzaturik, zerbait berria esan behar zuenean soil-soilik hitz egiten zuen eta esaten zuen hori oso landuta zeukan.

Ana Toledoren esanetan, Juan Mari Lekuona etengabe ari izan zen adierazpen egokiaren bila, hitz zehatzen atzetik ibili zen beti, eta horrek utzi digu XX. mendeko poeta handi bat.

Jean Haritschelhar: "Berea eman du, osoki"

"Eliz-gizona, olerkaria, euskaltzaina". Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiak ederki ezagutu du Juan Mari Lekuona, bai Euskaltzaindiko Literatura Batzordean elkarrekin aritu izan direlako, -Lekuona batzordeburu izana da denbora luzez- baita Haritschelhar euskaltzainburu izan den urteotan, Juan Mari Lekuona bere ondoan izan duelako ere, buruorde bezala. "Gizon umila zen -esaten du Haritschelharrek- eta kontseilu onak ematen zekiena. Asko estimatzen nuen aholkulari gisa, berak esandakoak beti hartzen nituen kontuan".

Euskaltzaindian, "berea eman du osoki", Jean Haritschelharren esanetan. Olerkari bezala, abangoardiaren bidea aukeratu bazuen ere, euskal poeta klasikoak "biziki maite zituen. Zubia markatzen zuen Juan Mari Lekuonak: lehengo olerkariak arakatuz eta ikertuz alde batetik, eta aldi berean punta-puntako poemak idatziz".

Jose Luis Lizundia: Lekuonaren itzal handia Euskaltzaindian

"Urte askotan izan dut harreman estua Juan Mari Lekuonarekin. Idazle handi eta poeta sakon izateaz gain ahozko euskal literaturaren ezagutza eta zabalkunde handia egin zuen irakasle lanean, Deustuko Unibertsitatean. Hala ere, bazuen hain agerikoa ez zen eginkizuna Euskaltzaindiko gidaritzan, izan ere, Euskaltzaindiko buruordea izan baitzen 1989tik 1996ra. Behin baino gehiagotan bere iritzia oso kontuan hartua izan zen, izan ere, hitz egiten zuenean, ez zen hitz ederrekin ibiltzen, Akademiaren independentziaren alde egiten zuen edozeinen aurrean, administrazioa izan, elkarteren bat izan edo presio taldea izan. Gogoan dut behin, oso ataka gaiztoan, Itziarren "bide erdia" egin genuela.

Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkari zenean, bere bulegoan izandako hitzorduak oso gogoan izango dituzte hainbat idazlek eta ikerlek. Azkenik, Literatura batzordeko buru izan zenean, literaturaren euskarazko terminologia egitasmoa amaitu zuen. Hemendik gutxira aterako da argitara eta, zalantzarik gabe, Euskaltzaindian egindako lanari urrezko bukaera emango dio".


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus