Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Zorioneko zenbakiak!

Zorioneko zenbakiak!

2005-12-02 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal - EITB   HIZKUNTZA

Aberats egitea, askoren ametsa. Arin eta erraz aberastuz gero, zer hobe! Euskaldunok diru mordoa jokatzen dugu urtero zozketetan, pilotako apostuetan... eta, Gabonak heltzear daudela, loterian. Orri honetan Eguberrietako zozketarekin eta loteriak banatzen dituen sariekin loturiko hitzak eta adierazpideak bildu ditugu.

Zozketak eta sariak

Zozketak eta sariak

  • Abenduaren 22an: Gabonetako edo Eguberrietako loteria
  • Urtarrilaren 5ean: Haurraren edo Umearen loteria / Erregetako loteria

Lehenengo saria aipatzeko sari nagusia edo sari potoloa esaten dugu. Horren ostean, gainerako sari handiak datoz: bigarrena, hirugarrena eta laugarrena. Sari txikiak ere badaude, jokatutako dirua bost aldiz bidertuta itzultzen digutenak. Gure zenbakiak eta sari potoloak azken zifra berdina badute, dirua atzera ematen digute.

Esapideak

Zori, zorte eta suerte sinonimoekin joka dezakegu loteriaren gazi-gozoak aipatzeko.

  • Zoridunak
    • Zortea alde dute = Suertea lagun dute
    • Zori onean dira = Zori oneko daude
    • Zoriak ukitu ditu
    • Bere zorionerako...
  • Zorigabeak
    • Zortea aurka dute = Suertea etsai dute
    • Zoriak ihes egin die = Zorteak izkin egin die
    • Bere zorigaitzerako...

    Horrez gainera, beste esapide hauek guztiak dauzkagu zorterik ezaren berri emateko.

    • Kukuak makur / oker / gaitz jo dit
    • Balbea daukat
    • Zain txarra daukat
    • Atzekoz aurrera jaio naiz
  • Suertetsuen poza
    • Ezti-bitsetan daude = Eztitan daude
    • Pozak ezin kabituz daude = Pozez gainezka daude
    • Berebiziko pozen jabe dira
    • Poz aparretan daude.
  • Sarien gorabeherak
    • Lehenengo saria loteria administrazio honetan saldu da / saldu dute.
    • Bigarren saria tokatu zaie / egokitu zaie / suertatu zaie.
    • Sari potoloa oso banatuta dago aurten.
    • 200 milioi euro banatu dituzte saritan.
    • Bilboko hirugarren administrazioan irten da sari potoloa.
    • EITBn jausi da aurten sari nagusia.
    • Hemen saldu dute saritutako zenbakia / zenbaki sariduna.
    • Andaluziara joan da sariaren zatirik handiena.

(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus