Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Eremu libreak, eremu konpartituak

Eremu libreak, eremu konpartituak

2005-11-25 / 07:00 / Anjel Lertxundi   KULTURA

Anthony Burgess-ek esaten zuena betetzea tokatzen zait gaur: "Idazlea hor dabil beti ez dakienaz hizketan…" Ez naiz ezertan aditua: ikusten duenari eta ikusitakoaz pentsatzen duenari hitzezko forma ematen saiatzen den idazle bat izaki, euskarari eta kulturari buruzko hainbat hausnarketa egiten saiatuko naiz.

Munduaren neurriaz

Munduaren neurriaz

Euskararen inguruan ari den euskaldun batentzat ezinbestekoa baita Koldo Mitxelenaren ekarria, haren aipu bat baliatuko dut gaiari ekiteko: hizkuntzalari handiak zioen euskaldunon berezitasuna ez dela "europartasunaren hezur-mamiei usain eta kolore berexi antzekoa ematen dien larmintz mehea baizik".

Nire orain arteko ibilbideak irakatsi didanez, posible da euskalduntasunaren zirkunstantzia aukera kultural, ekarpen intelektual eta bizi-poz linguistiko gisa bizitzea. Irakatsi dit halaber aukera intelektual horiek ez direla etxean ahitzen, ez daudela kanpoan bakarrik. Miguel Torgak zioen bezala, unibertsaltasuna ez da langarik gabeko partikulartasuna besterik.

Eta Kipling-ek Ingalaterraz zioena geurera ekarriz, "Zer dakite Euskal Herriaz, Euskal Herriaz soilik dakitenek?". Gure identitatea azpimarratzeko premiak ez digu begi-bistatik kendu behar auzoak ditugula, auzo gaituztela. Europan ditugu sustraiak, Europak ere esplikatzen gaitu. Europako arragoan zaildutako kultura eta mundu ikuskera ditugu gure joan-etorri intelektualen iturri. Europaren beharra dut euskarari eta euskararen aukera kulturalei diedan estimu intelektual, artistiko, literarioa sendotzeko. Eta euskararen alde eginez frogatzen dut Europaren eraikuntzan parte hartzeko nire borondatea.

Gainera, gure Europan bizitzeko modua elebiduna da euskaraz egiten dugunon ia kasu guzti-guztietan (gaztelaniak zein frantsesak egin gaitu, historian zehar, elebidun) eta gure Europan bizitzeko modua bada eleanitza ere gero eta modu ugariagoan: elebitasunak zekarren eta eleaniztasunak dakarren talaia baliatu beharra du euskal kulturak.

Gure kulturak mendebaleko kulturarekin bat egiten duen puntuan lortzen da komunikazio kulturala, puntu komun horretan sortzen dira denok ulertzeko moduko efektuak, puntu horretan hasten da Europa etxeratu eta etxea Europaratzearen joan-etorrizko bidaia. Kultura da substantiboa, eta euskalduna, modernoa, kosmopolita, herrikoia, marjinala edo bururatuko litzaigukeen beste edozein adjektibok substantiboa zehazten du eta gizentzen edo argaltzen, baina adjektiboak ezin lezake substantiboaren tokia hartu. Europar kulturaz hitz egiterakoan ere, kulturak garamatza, europartasunak baino gehiago, beste kulturetako gizon-emakumeekin solidarizatu ahal izateko eremu komunetara.

Europa behar dugu, baina Europaren izaera mosaikozkoak ere behar gaitu geure txikian. Bai, Europak ere behar gaitu, bere ezaugarri aberatsenetako bati, mosaikozko izaerari eutsiko baldin badio. Horrek bi lehia garrantzitsuen partaide bihurtzen gaitu besterik gabe. Lehendabizi, Europak bizi duen lehiaren partaide: Erasmok aniztasunean bat amestu zuen herrien Europa eta bere identitatea desberdintasunen suntsiketan oinarritzen duen estatuen Europa jakobinoa lehia bizian daude, eta guk erabaki beharra dugu nola izan Europan. Bigarren lehia ez da patxadatsuagoa: kultur desberdintasunak oro itotzen dituen merkatu itsuaren eta identitate kulturalaren defentsan salbuespen kulturala errebindikatzen duen jarrera protekzionistaren artean jokatzen da. Hona laburbilduta bi lehien muina: europarrok nola eutsi geure identitate aniztasunari merkatu globalaren garaiotan.

Munduko herriek, kulturek, hizkuntzek munduaren beren neurkera propioa zuten Frantziako Iraultza arte: arrobak eta kana erdiak, oinak eta zeleminak, pintak eta koartilloak, librak eta ontzak, goldeak eta arrak… Ugaritasun horri kaltegarri iritzirik, Frantziako Asanblada Nazionalak neurriak batzea erabaki zuen, garai guztiek, lurralde guztiek eta gizaki guztiek mundua neurtzeko modu bera izan zezaten. Baina mundua ez baita neurri bakar batean, hitz batean, ezta libururik ederrenean ere kabitzen, Gabriel Arestik idatzi zuen ez ironiarik gabe: "N're munduaz mintzatzen naiz, naizelako munduaren neurria." Hizkuntza dugu munduaren gure neurria, gure lehen eremu kultural librea, hizkuntzari eutsi nahi soilarekin kontribuzio sekulakoa egiten ari gara kultura unibertsalari.

Halatan, gure hizkuntza txikitua eta arriskuan dagoena kulturalki garatzen ari bagara, geure izaerari eutsi nahi horrek ezinbestean dakar Europaren eredu mosaikodunaren alde egitea, ezinbestean dakar merkatu globalizatuaren aurrean salbuespen kulturalaren alde egitea.

Ohartuta zein oharkabean, lehia bikoitz horretan gaude bete-betean.

Garenaren neurria

Euskaldun izateak, beste edozein zirkunstantziak bezala, problemak ditu, baina problema ez da euskaldun izatea bera. Euskalduna naiz, eta euskaldun izaten jarraitu nahi dut. Ohart naiz, ordea, arriskuan dauden giza errealitate orok bezala, euskarak ere eguneroko jarduna duela irtenbide bakar, eta hala ere, lanak. Euskararen auzia ez dugu sekula konponduko. Izatekotan ere, hobetu egingo ditugu euskararen zirkunstantziak. Eta zirkunstantzia horiek hobetzeko orduan, derrigorrezkoa zaigu euskararen eta kulturaren arteko nondik norakoak eztabaidatzea, zehaztea, bultzatzea.

Ez, ez dago beste panazearik, ez dago ukendu miresgarririk.

Horregatik, esparru urriko hizkuntza bateko hiztun izatearen pedagogia sustatu beharko genuke, zirkunstantzia horren bizipena traumatikoa izan ez dadin. Joseba Sarrionandiak zioen bezala, "txikiak izaten ikasi behar dugu". Etorkizunari buruzko paranoiarik eta izurik gabe, baina baita modernitate gaizki ulertu baten pasotismo antzurik gabe ere.

Esperantza ezagutzaren maila adimentsuena omen: garena onartzeaz gainera, izan gaitezkeenaren alderik onenak kontenplatzen ditu. Halatan ere, esperantzak eta aurrera egiteko borondateak ezin dituzte arreta eta zuhurtasuna baztertu. Desegokitasunak detektatzeko zentzu kritikoa eta haiek salatzeko ausardia makulu ezinbestekoak ditugu bidean: maitasunak ez du dena on bihurtzen, maitasunak itsutu ere egiten du. Hargatik, euskaltzaletasunaren izenean —edo aitzakiaz— egiten den guztia ez da on.

Badakigu zer ez garen, baina jakin behar dugu zer ez dugun izan nahi. Eta baiezkoan formulatuta: badakigu zer garen, baina jakin behar dugu zer izan nahi dugun.

Hizkuntza batek kohesio halako bat ekartzen du hizkuntza horretako hiztunen artean, eta kohesio hori kulturala da batez ere. Erkidego autonomoan bi hizkuntza ditugu, gaztelania eta euskara, Nafarroan bezalaxe. Ipar Euskalerrian, berriz, euskara eta frantsesa. Euskara dugu komuna hegoan eta iparrean, mendebaldean eta ekialdean.

Eremu propioak, eremu partekatuak dauzkagu. Kontua da hizkuntzen arteko harremanez eta bizitzaz hitz egiterakoan, erreferentzia kultural desberdinen arteko bizitzaz ere hitz egin behar dugula. Eremu propioez, eremu konpartituez. Baina politikariek zeharkakotasunaz hitz egiten dutenean, nago ikuspegi soziologikoa edo ideologikoa edo ekonomikoa hartzen dituztela aintzat, inoiz ez kulturala. Gaztelaniaz ari naizenean, nire erreferente kultural zuzen-zuzenak espainolak dira, eta horrek Susoko monasteriotik Pablo Nerudaren Isla Negra-raino narama, Don Kixoteren Mantxan barrena. Euskaraz ari naizenean, erreferenteak euskaldunak dira, eta Eihalarreko plazatik Jon Miranderen Parisa edo Ameriketan dauden euskal artzainek ingelesa eta euskara nahastuz osatzen dituzten bertsoetara. Maria Zambranoren hausnarketa bat parafraseatuz, gure kulturak bere indarra erakusten du ezertan nabarmendu gabeko euskaldun anonimoek natural-natural erakusten dutenean munduan egoteko forma bat, forma horren esklabo izan ordez.

Eliotek, kulturaren oso kontzeptu elitista baldin bazuen ere, herri baten kulturaren deskribapen ez batere elitista eman zuen "Kulturaren definiziorako oharrak" liburuan:

"Kultura terminoak herri baten ekintza eta interes guztiak biltzen ditu: Derbya; Henley-ko errege estropada eta Cowesekoa, abuztuaren hamabiko festa, kopako finala, galgoen lasterketak, apustuak egiteko makinak, dardoak, Wensleidale-ko gazta, aza txikitu egosia, erremolatxa ozpinetan, hemeretzigarren mendeko eliza zaharrak eta Elgarren musika. Irakurleak bere zerrenda propioa osa dezake". Jose Luis Ansorenak bere zerrenda propioa osatu berri du azkeneko Larrunen: "sexu harremanak noiz, nola eta norekin; jateko ohiturak; lagunartekoak; jaiak ospatzeko moduak; eguna partitzeko aukerak; lanari ekitekoak; arazoak konpontzeko usadioak; bizitzari eta heriotzari nola erantzun era kolektiboan; etxeak eta auzoak antolatzeko gisak; hizkuntzan gorderik dauden logika eta sikologia egiturak... Horixe eta gehiago da kultura. Gu, konturatu gabe ere, talde bihurtzen gaituen arau trinko eta isil ugarien egitura".

Eliotek kulturaren izaera elitistan sinesten zuen, baina ohartzekoa da Eliot elitistak kultura-modu elitistaren adibide bakarra eskaintzen digula bere zerrendan: Elgarren musikarena. Ansorenak, ezta hori ere.

Kulturak egiten gaitu, kultura egiten dugu. Kulturaren kalitatea eta kulturari eskaintzen zaion arreta ez dira batere adierazgarri txarrak herri batek duen garapen demokratikoa neurtzeko.

Prestigioa, balore erantsia, dotoreziazko ukitua dakarzkio kulturak euskarari, egia da, baina hori bakarrik? Munduan egoteko eta mundua pentsatzeko modua da kultura eta bada galderak egiteko eta erne egoteko eta bide berriak saiatzeko eta arriskuak prebenitzeko sistema bat ere.

Paradoxikoa badirudi ere, arrazoi kulturalek hobeto eta zehatzago esplikatzen dute gurea bezalako hizkuntza bati eutsi nahi tematia arrazoi politikoek baino. Hizkuntza gure historia da, gure memoria da, gure izaerari buruzko dokumenturik bikainena da. Hizkuntza, definizioz, eraikuntza sozial eta anitza da, kolore desberdinetako jendeak mendeetan osatutako egitate kultural eta komunikatzailea; hizkuntza da gu esplikatzen gaituen eta mundua ikusteko gure modua gehien zehazten duen ekintza kulturala.

Errentagarritasunaren neurriak

Kultura deitzen dugun horrek sare trinko bakar bat josten du partikularrenetik unibertsalenera doan zirkulu zentrokideetan. Partikularrenetik zabalenera doa zirkulu zentrokide horietan kulturaz arduratzen den administrazioen sarea ere: udal, foru aldundi, erkidego, estatu edo europar batasun, administrazioak ere kulturgileak dira. Kultura garestia baita, kultura saldu eta erosi ere egiten baita beste edozein produktu bezala, kulturak bai baititu erabilera-balioa eta truke-balioa ere, diruaren kudeaketak erantzukizun handia ematen die administrazioei, kulturgintzan duten eragina ere handia da beren alde bateko edo besteko erabakiekin.

Amaraun erraldoi baten gisa irudikatu izan dugu administrazioa: itsu-gor-mutua. Kontzientziarik gabea eta aurpegi jakinik ikusten ez zaiona. Administratuok kontrolatu ezin dugun, baina administratuon etorkizuna baldintza dezakeen egitate abstraktuen itxura hartu du mundu guztiko administrazioak, egitate ia metafisiko halako batena. Administrazioaren mekanismoen ulerkuntza ez dago hiritar arrunton esku, hala sinestarazi zaigu: antzua da ulertzeko gai ez garen zerbait ulertzen saiatzea. Esanekoak nahi gaitu administrazioak. Hiritar konkretuen premiak kudeatzen dituen amaraun abstraktu bilakatuta, nori eskatu erantzukizunak? Onenean, esfinge bati. Administratuen iritzi, juzku eta kritiken gainetik, gugandik aparteko eremu abstraktu urruti hotz batean balego bezala jokatzeko jarrera du administrazioak.

Esparru urriko hizkuntzek eta kulturak, ordea, hil ala bizikoa dute, aurrera egingo badute, administrazioaren eta administratuen arteko hurbiltasuna, kolaborazioa eta baita konplizitatea ere: bakoitzak bere nortasunari uko egin gabe, elkarren arteko mugak ondo markatuta, batak bestearen plaza konkistatzeko asmorik gabe eta bi-biek garbi ikusita laissez faire ereduak merkatu itsuaren atzaparretan uzten gaituela, administrazioaren babes gehiegiak administrazioaren kultur irizpideen gidaritza duela nolabaiteko ondorio.

Nolanahi ere den, auzia garrantzitsua da: esparru urriko hizkuntzek eta kulturek beti beharko dute, bertako administrazioek zuzen diseinatutako politikaz gainera, administratuen boluntarismoa. Frantsesa edo gaztelera bezalako hizkuntza hegemonikoetako hainbat jende kezkatuta baldin badago ingelesak dakarren erosioarekin, zer esan esparru urriagoko hizkuntz eta kulturetako hiritar arduratuenei buruz? Beren izaeraz jabetzen diren une berean hartzen dute beren hizkuntzaren eta kulturaren egoera diglosikoaren kontzientzia.

Bai, dosi esanguratsuetan behar dugu boluntarismoa: hizkuntza hegemoniko bateko hiztunari bere hizkuntzan aritzea arnasa hartzea bezain naturala zaion bitartean, hizkuntz urrikoak hil edo bizikoa du arnasaren etengabeko kontzientzia, arnasketa zaindu eta hauspotu beharra: badaki hiztun guztiak guztiz konprometituta ere lanak izango dituela hizkuntza horretan ehundutako kulturak; badaki, halaber, zer dakarkion hiritarren utzikeriak ere. Horren aurrean ba ote dago ezer hoberik hiritarraren inplikazio pertsonal librea baino? Hori gabe, gureak egin du.

Esparru urriko hizkuntza eta kultura kudeatu behar duten Administrazioek, dirudunenak izanda ere, nekez eraman ahal izango dute ezer aurrera iniziatiba partikularrekin kontatu gabe. Gureari begiratuz, dagoen dirua dago, eta horrekin jokatu behar dugu. Ados. Ez naiz inoiz aberats berrien politiken zalea izan. Daukagun diruari ahalik eta etekin gehien ateratzen saiatu behar dugu. Ezin dugu esparru guztietara iritsi. Ezin dugu denera iritsi ezinez garrantzitsuena ito: gure ahulezien jakitun izan; lehentasunak markatu; zuhurtasunez jokatu; zorrotzak eta diziplinatuak izan; sormenari tokia eman; arriskuak neurtu, baina ez arriskuei atea ixteko; ez xahutu dauzkagun diruak eta baliabideak… Uste dut denok ados geundekeela planteamendu horiekin. Baina baldintza batekin: kultur administrazioaren alor guztietan eta administrazio orokorraren sail eta arlo guztietan ere auto-kontrol eta diruarekiko zorroztasun horixe bera sustatzen baldin badira. Bitartean, gerria estutzea guri bakarrik eskatzen digun diskurtso batek beti edukiko gaitu aurrez aurre.

Normala ematen du —normala bihurtu dugu— kateko kate-maila ahulenei gerrikoa estutzeko eskatzea. Normala bihurtu dugu, bai, herri baten garapenerako hain garrantzitsuak diren hizkuntza, irakaskuntza, kultura, zientzia edo ikerketa bezalako esparruak tarta-banaketako koitadutzat jotzea. Diziplina eta gerri-estutzea, bai, ados, baina baita kulturarekin zerikusi zuzenik ez duten sektore guztien inplikazioa ere. Zaila da, inertzia askoren kontra egin beharra dago, badakit, baina kulturaren egiteko nagusia ez da ba utopiaren bideragarritasunean sinestea eta ezinezkoak diruditen lanetan ahalegintzea?

Halako planteamenduen aurrean berehala aipatzen dituzte: batetik, kulturaren elitismoa, luxuzko izaera eta pribatutasuna; eta bestetik eta batez ere, kulturaren errentagarritasun falta. Lehendabiziko argudioari, pribatutasunarenari eta luxuzko izaerarenari helduz: kulturari buruz hitz egiten hasi orduko, egia da gizabanakoon esperientzi pribatua etortzen zaigula burura: sortzailearen lan bakartiak edo kultur emaitzen jasotzeko modu guztiz pertsonalak horretara eramaten gaitu. Baina kultura esperientzia pertsonalen metatze eta partekatze soziala da definizioz. Denok gara, definizioz, kulturadun, eta denok gara, aldez edo moldez, kulturgile, baita kulturaren elitismoa salatzen duten pragmatikoenak ere. Oinordetzan jasotako kultur parametro jakin batzuen arabera espresatzen dugu gure giza esperientzia; ez dugu ezerezaren gainean sortzen, sortutakoaren komunikazioa ere ez dugu ezerezaren gainean eraikitzen; eta guk eraikitakoak ere soziala du emaitza; eta, batez ere, espirituala. Neurgaitza. Parametro ekonomiko hutsetik begiratuta, babestu ezin dena. Baina kontua muturreraino eramango dut: konturatzen ez bagara Oihenarteren eta Boileauren arteko joan-etorria aztertzearen garrantziaz, edo Juan Krisostomo de Arriagaren musikan eredu italiarrek eta etxeko musikak egiten duten uztarketaz, europar espiritua galduko dugu betiko: has gintezke pentsatzen etekina beste helbururik ez duen burokrazia kudeatzaile bati saldu diogula gure bizitza espirituala.

Iraultza frantsesaren ondoren, Fabre kazetari katalana pasatu zen Urdazubitik, hango monasterioko liburutegi famatua ezagutu nahian.

  • Ez dago liburutegirik, iraultzaileek hondatu zuten —esan zioten herrikoek—, eta liburu gehienak zaldien azpitarako erabili genituen.
  • Zergatik diozu gehienak?
  • Arrotz batzuek erosi zituztelako balio zutenak.

Kulturaren kalitatea eta kulturari eskaintzen zaion arreta ez dira batere adierazgarri txarrak herri batek duen garapen demokratikoa neurtzeko. (Hemen bertan Euskal Kulturaren Plana aurkezterakoan esan nituenak berrituko ditut):

“Gizarteak alor guztietan eskatzen duen kalitatea bermatu behar dizkio Administrazioak bai sorkuntzari bai kultur kontsumoari. Horretarako, hiritarrak jasoko dituen kultur produktuen kalitatea eta kultur sortzaileen independentzia bermatu behar ditu Administrazioak. Era berean, hiritarrak —kultur sortzaileak zein kultur kontsumitzaileak— eskubidea du kultur kudeaketaren demanda egiteko, kudeaketa jarraitzeko, kudeaketaren aurretik bere irizpideak emateko eta, ondoren, kudeaketa kritikatzeko zein txalotzeko. Hori guztia Administrazioaren eta administratuaren elkarren arteko hipotekarik gabe eta bien arteko zibiltasunez eramanda”.

Bai, hori dena ondo dago, baina… Kultura ez lehenestearen kontrako argumentu nagusira heldu gara, errentagarritasun ezarenera.

Industria kulturalen neurriak

Errentagarritasuna baitugu bizitzea egokitu zaigun garaiotako neurria, ondare eta ondasun kulturalaz hitz egiten dugu, jarduera ekonomikotik datozkigun hitzekin adierazten dugu gure kulturaren altxorra. Industriaren kontzeptua ere ekarri dugu enpresaren mundutik kulturarenera.

Oximoron bat edo kontraesan bat da ondareaz eta kulturaz, industriaz eta kulturaz hitz egitea? Bai eta ez. Industria kulturala deitzen diogun horri jarriko diot segidan arreta. Eta horretarako, lehenik eta behin: industria kulturala eta aisialdiaren edo entretenimenduaren industria bereiziko bagenitu, hobeto ulertuko genuke elkar, eta lagungarria ere gertatuko litzaiguke bereizketa hori begi-bistan edukitzea printzipioak zehazterakoan, irizpideak erabakitzerakoan eta baita kudeaketa lanetan ere. Ez dut entretenimendua gutxiesten eta ezta horren industria ukatzen ere. Kulturaren eta entretenimenduaren industriak, biak behar ditugu, biek betetzen dute beren funtzioa. Baina desberdinak dira. Dituzten ezaugarriak eta premiak ere desberdinak dira. Etekinei dagokionez, industria kulturalak pentsaezinak ditu etekinak edo, onenean, hutsaren hurrengoak: industria kulturalaren helburu nagusia ere etekin ekonomikoen gainetik dago —edo beste eremu batean—. Materialak ez diren premiei erantzun nahi die materialak diren bitartekoekin. Baina industria kulturalak ezin du, bere ekoizpenen izaera ez materialaren izenean, zein mundu klasetan dagoen ahaztu. Kultura garestia da, kultura merkatuan dago, kulturak ezin dio bizkarrik erakutsi balioaren testari. Ekonomia eta kultura elkarrekin topo egitera derrigortuta daude, bai, baina halatan ere: ekimen kultural serio batek ezin du etekin ekonomikoaren ez maizter, ez esklabo izan.

Entretenimenduaren industriak ere produktu kulturalak ekoizten ditu, baina helburu kulturala eta etekin ekonomikoa elkarren lehian daudenean, etekin ekonomikoa ateratzen da garaile. Entretenimenduaren industriak aurrez kalkula ditzake etekinak, beste edozein aktibitate industrialetan bezala: merkatua aztertu, joerak ikusi, jendeak eskatzen duenari erantzun, arrakasta izan duten produktuen araberakoak ekoiztu…

Artistak, ordea, lanean hasi aurretik eta lanean ari dela zera esango dizu: "ez dakit zer nahi dudan eta zer egingo dudan, ezin dizut ezer aurreratu". Jendearen gustuari eta jendearen apetari baino gehiago, bere baitako jardun beharrari erantzuten dio artistak. Baina kapital bihurtzeko dohainak erakutsi dituen arteaz soilik arduratzen da kapitalismoa, ez arte horretara iritsi bitarteko prozeduraz, zalantzaz eta porrotez. Zaldi irabazlearen alde baino areago, irabaziak ematen dituen zaldiaren alde egiten du.

Ekoizpen kulturalak kulturalki izan behar du, beste ezeren gainetik, lehiakorra. Entretenimenduzkoak, ekonomikoki. Bereizketak oso garbia dirudi eta ondo funtziona dezake biziraupen-arazorik ez duten kulturetan. Esparru urrikoetan, ordea, bien arteko mugak lanbrotsuagoak dira. Nola lortu bere burua ordaindu eta gainera etekinak emango dituzten euskarazko ekoizpen entretenimenduzkoak? Bego. Panorama horren aurrean, nekez egin dezaket baten edo bestearen aldeko apustua, bien egoera baita, gehienetan, defizitarioa. Baina halatan ere, biak desberdinak direla adierazi nahi dut; eta desberdinak badira, ezin direla modu berean tratatu.

Bide beretik, entretenimenduaren industriak industria kulturala du iturri. Baina bertako industria kulturalari jaramon gutxi egin eta entretenimendu kulturala lehenesteak zera esan nahi du: entretenimendu kultural horrek berea ez den beste esparru batzuetan bilatu beharko du non inspiratua; edo, bestela, inportatua izango da entretenimenduzko produktu hori. Antzerkia, zinea, komikiak eta aldizkariak, haur diskoak, telebistako programak… Den-dena kanpoko ereduei begira jartzea da unibertsaltasunari eskain diezaiokegun emaitza bakarra? Tamala da, eta ezer berririk eskaintzea ia ezinezkoa dela esatea egia bada ere, ez da, inondik ere, bide berriak ez saiatzeko aitzakia.

Gure entretenimenduzko industria bat sustatzeko beharrezkoa dugu gure industria kulturala ere sustatzea: gure egile eta artistak, gure itzultzaileak, gure komikigileak, gure dramaturgoak, gure zinegileak, eta artista horiei bai hemen eta bai kanpoan beren lana erakusten lagunduko dieten gure agente artistikoak eta gure distribuzio-sareak.

Lurraldetasuna edo gu gara zortzi probintzi

Alarma-dei ugari entzuten ari gara teknologia berriak direla-eta. Egunotan, azkena: Unescoren ustez, gaur egun munduan hitz egiten diren sei mila hizkuntzetatik ia gehienak hilda egon daitezke mende hau bukatzerako, eta prozesu horretan Internetek eragin sekulakoa izango omen du. Aurreikuspen apokaliptiko horren aurrean nik ez daukat hemen aldarri bat egitea beste biderik: gu gara zortzi probintzi. Edo, beste modu batean esanda, euskarak zazpi lurralde naturalak izateaz gainera, zortzigarren bat konkistatu behar du: teknologia berriena, Internetena.

Orain arte lurraldetasun fisikoak —"gu gara zazpi probintzi" kantatzeak— indar handia zuen, horrekin lurraldetasunari ematen ari gara gure etorkizunaren giltza. Ez naiz auzi horri garrantzia kentzen hasiko, baina lurraldetasun fisikoaz gainera, garrantzi betea du lurraldetasun birtualaren konkistak ziberrespazioan. Hor ez dagoena ez da; hor ez bagaude, gureak egin du. Joanak dira familiak, kaleak eta elizak hizkuntza baten transmisioa guztiz ziurtatzen zituzten garaiak. Aspaldi ikusten ari gara eskolak, eman dezakeen guztiarekin ere, badituela bere mugak transmisioari dagokionez. Badakit teknologia berriak ez direla panazea, baina badakit ziberrespazioan geure zortzigarren lurraldea bilatu gabe ez dugula ezer lortuko.

Euskarari eta euskal kulturari eutsi nahi badiegu, ezin dugu beste hizkuntzen eta beste iniziatiben maizter izan. Iniziatiba partikular askok ikusi du hori eta ezingo diegu sekula behar bezala eskertu gaur egun euskarak eta euskal kulturak Interneten duten tokia. Ez da, ordea, inondik ere aski. Hor gero eta presentzia handiagoz egoteaz gainera, egote horri etekin kulturalak eta etekin ekonomikoak ateratzen jakin behar dugu. Baliabide ekonomikoak behar ditu euskarak, baina, aldi berean, gero eta gaiago da euskara aurrez egindako inbertsioak itzultzeko. Teknologia berriek eta Interneten bide horretan jarri behar dute, Internet, beste gauza askoren artean, bai baita merkatua ere.

Azken solas

Orain gutxi argazki polit bat ikusi nuen Berria egunkarian. 1920 urtearen ingurukoa zen eta bertan hiru artista euskaldun ageri ziren: erdian, idazle bat, Ebaristo Buztintza Kirikińo; haren ezkerrean, Indalezio Ojanguren argazkilaria; eskuinean, berriz, Karlos Elgezu eskultorea. Hiru diziplinetan maila ona erakutsi zuten eta euskararekin konprometiturik zeuden hiru euskal artista. Diziplinen arteko joan-etorria gaur baino askoz ere normalagoa zen garaietako argazkia da.

Agian nostalgikoegia naiz eta pozik ikusiko nuke gaur antzeko argazki bat: bertan jasota Euskal Herriko diziplina artistikoen eta artisten inplikazio argiagoa euskal kulturarekin. Beren izaera autonomoa izan arren, arteak ez dira konpartimendu estankoak. Eta diziplina desberdinen konpromisoak, arteak pribilejiozko izaera baitu, balio erantsi garrantzitsua ekarriko lioke euskarari, eta diskurtso estetikoa ere ekarriko lioke, eta ekarriko lioke munduan egoteko modu jantziago bat ere.

Euskararen bidez jaso nahi dugun / jasotzen ari garen etxeak zabala behar du izan euskaldun guztiak bertan goxo sentitzeraino; erosoa eta erakargarria behar du izan, auzoen arreta eta jakin-mina sortu eta irabazteko; eta aberatsa behar du izan: etxekoei eta auzoei Arestiren begietako mundu hura erakutsiko diena: "Nire munduaz mintzatzen naiz, naizelako munduaren neurria".

Gu guztiok, bakoitza bere alorrean, egiten ari garen lana izan bedi elkarrekin askatasunaren lurralde bat eraikitzen segitzeko ahalegina.

Horren esperantzarekin, mila esker.


(ANJEL LERTXUNDI ESNAL idazlea da)

  • Hitz hauek Bilbon, Euskalduna Jauregian, Kultur Politikei buruzko Nazioarteko I. Biltzarrean eginak dira 2005-11-15ean.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Gai honi buruzko informazioa sakonagoa (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus